
45. zk., 2023ko martxoaren 6a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (131 KB - 3 orri.)
- EPUB (107 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
ENERGIAREN EUSKAL ERAKUNDEA
1199
EBAZPENA, 2023ko otsailaren 21ekoa, Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez aurrekontu-zuzkidura murriztea eta epeak luzatzea erabakitzen baita Euskadiko toki-administrazio publikoaren energia-jasangarritasuna hobetzeko azterlanak eta auditoriak egiteko laguntzen programan.
AURREKARIAK
I.– EEEko zuzendari nagusiaren 2021eko apirilaren 28ko Ebazpenaren bidez, zeina Euskal Herriko Agintaritza Aldizkariaren 2021eko maiatzaren 18ko alean (96. zk.) argitaratu baitzen, Euskadiko toki-administrazio publikoaren energia-jasangarritasuna hobetzeko azterlanak eta auditoriak egiteko laguntzen programaren oinarri arautzaileak onartu, deitu eta argitaratu ziren.
II.– Laguntzen deialdiaren 3. oinarriak ezartzen duenez, laguntza-programarako diru-zuzkidura hamar milioi (10.000.000) eurokoa da, EEEren 2021-2023 aldirako aurrekontuetan beren-beregi horretarako ezarritako kredituaren arabera.
III.– Horrez gain, laguntzen programaren 3. oinarriak adierazten du laguntza eskaerak aurkezteko epea oinarriak EHAAn argitaratu eta hurrengo egunean hasiko dela, eta xede horretarako aurrekontua agortzen den unean bukatuko dela. Nolanahi ere, aurrekontuetan dirurik baldin badago, laguntza eskaerak aurkezteko epea 2023ko ekainaren 30ean bukatuko da.
Era berean, laguntzen programaren 4. oinarriak ezartzen duenez, dirulaguntzaren xede diren proiektuek gehienez ere hamabi (12) hilabeteko epean burututa, fakturatuta eta ordainduta egon beharko dute, laguntza emateko ebazpena jakinarazten den egunetik kontatzen hasita, eta, betiere, 2023ko urriaren 16a baino lehen.
IV.–Laguntza-programaren bilakaera-datuen arabera, ikusi da oso urrun daudela laguntza-programaren bidez lortu nahi ziren helburuak, bai jasotako laguntza-eskaeren kopuruari, bai diruz lagundutako proiektuen kopuruari, bai konprometitutako aurrekontuari dagokienez.
V.– Horregatik guztiagatik, erakunde honek komenigarritzat eta justifikatutzat jo du oinarriak aldatzea, honetarako:
(i) Euskadiko toki-administrazio publikoaren energia-jasangarritasuna hobetzeko azterlanak eta auditoriak egiteko laguntza-programarako hasieran aurreikusitako diru-zuzkidura (hamar milioi euro) bost milioi (5.000.000) euro murriztea. Horrela, erabiltzeke dagoen eta kontsumitzeko aparteko asmorik ez duen diru-kopuru hori liberatu ahal izango da, 2023. urtean zehar, EEEk deituta, energia-jasangarritasuna hobetzeko azterlanak eta auditoriak egiteko beste laguntza-programa batzuetan erabiltzeko.
(ii) 3. eta 4. oinarriak aldatzea, laguntza-programan hasieran aurreikusitako epeak luzatzeko. Horrela, epeak luzatzeari buruzko ebazpena EHAAn argitaratzen den egunetik aurrera, eskatzaile izan daitezkeenei jarraipena eta ikusgarritasuna emango zaie EEEk 2023rako dituen laguntzen esparruan, eta, era berean, eta bide batez, EEEren Dirulaguntzen Plan Estrategikoan jasotako helburuak hobeto beteko dira.
VI.– Energiaren Euskal Erakundearen (EEE) zuzendaritza-organoen eginkizunak arautzen dituen Dekretua bigarren aldiz aldatzen duen otsailaren 3ko 10/2015 Dekretuarekin bat etorriz, Zuzendaritza Kontseiluak hartutako erabakiak betetzeko eskumena, alde batetik, eta, bestetik, Zuzendaritza Kontseiluak baimendutako dirulaguntzen eta laguntzen deialdiak onartzeko eta kudeatzeko eskumena EEEko zuzendari nagusiari dagokio, eta oinarri horiek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko direla bermatu behar da.
Horrenbestez, hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Euskadiko toki-administrazio publikoaren energia-jasangarritasuna hobetzeko azterlanak eta auditoriak egiteko laguntzen programaren 3. oinarria aldatzea. Honela geratuko da idatzita:
«3. Aurrekontuaren zenbatekoa eta eskabideak aurkezteko epea.
Laguntza-programa honetarako zuzkidura ekonomikoa bost milioi (5.000.000) eurokoa da, 2021-2024 aldirako EEEren aurrekontuetan horretarako ezarritako kredituaren arabera.
Laguntza-programa honetarako laguntza-eskabideak aurkezteko epea oinarri hauek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (aurrerantzean, EHAA) argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da, eta xede horretarako aurrekontua bukatzen edo agortzen den unean amaituko da.
Nolanahi ere, aurrekontuetan dirurik baden kontuan hartu gabe, laguntza-eskaerak aurkezteko epea 2023ko abenduaren 29an bukatuko da.
Epeak kontatzeko, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 30. artikuluak (aurrerantzean, 39/2015 Legea) agintzen du.
Aurrekontu erabilgarria amaitu dela jakinaraziko da, bai EHAAn, bai EEEren Interneteko helbide honetan: www.eve.eus
Zuzenak, osoak eta izapidetzen ari direnak izanik, esleitutako aurrekontu-zuzkidura bukatzearen ondorioz onartu ezin diren eskaerak EEEko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez ukatuko dira, salbu eta aurrekontu-zuzkidura handitzea erabakitzen bada ukatu aurretik. Kasu horretan, eskaerak izapidetzen jarraituko da».
Bigarrena.– Euskadiko toki-administrazio publikoaren energia-jasangarritasuna hobetzeko azterlanak eta auditoriak egiteko laguntzen programaren 4. oinarriko lehen apartatuko b) epigrafea aldatzea. Honela geratuko da idatzita:
«4. Diruz lagunduko diren jarduerak.
Laguntza-programa honen esparruan, 4. oinarri honetan deskribatzen diren jarduerak baizik ez dira diruz lagunduko, baldin eta eskatzaileek EAEn egiten badituzte, baldintza hauek betez:
a) Jarduera 2021eko urtarrilaren 1aren ondoren egin bada, hau da, kontratistarekin sinatutako kontratua 2021eko urtarrilaren 1ean edo geroago sinatu bada, eta
b) Jarduera hamabi (12) hilabeteko epean gauzatu, fakturatu, ordaindu eta justifikatu bada, laguntza emateko ebazpena jakinarazten den egunetik kontatzen hasita, eta, betiere 2024ko apirilaren 14a baino lehen».
Hirugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (EHAA) argitaratzeko agintzea.
Laugarrena.– Ebazpen honek administrazio-bidea amaitzen du, eta, beronen aurka, nahi izanez gero, berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio EEEko zuzendari nagusiari, hilabeteko epean, ebazpena EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik hasita, edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke, Bilboko administrazioarekiko auzien epaitegietan, bi hilabeteko epean, ebazpena EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.
Bilbao, 2023ko otsailaren 21a.
Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari nagusia,
IÑIGO ANSOLA KAREAGA.
RSS