
45. zk., 2023ko martxoaren 6a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (202 KB - 11 orri.)
- EPUB (128 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
1189
33/2023 EBAZPENA, otsailaren 27koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, arreta soziosanitarioa emateko Bizkaiko Foru Aldundiarekin izenpetutako finantza-lankidetzarako hitzarmena argitaratzea xedatzen duena.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak sinatu du hitzarmen hori, eta, behar duen publikotasuna emateko, honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea arreta soziosanitarioa emateko Bizkaiko Foru Aldundiarekin izenpetutako finantza-lankidetzarako hitzarmenaren testua. Eranskin gisa dago jasota.
Vitoria-Gasteiz, 2023ko otsailaren 27a.
Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,
JON IÑAKI URBINA GARCÍA DE VICUÑA.
ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN OTSAILAREN 27KO 33/2023 EBAZPENARENA
BIZKAIKO FORU ALDUNDIAREN ETA EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIO OROKORRAREN ARTEKO LANKIDETZA-HITZARMENA, ARRETA SOZIOSANITARIOARI BURUZKOA
HONAKO HAUEK BILDU DIRA:
Alde batetik, Unai Rementeria Maiz jauna, Bizkaiko ahaldun nagusia, Bizkaiko Foru Aldundiaren izenean eta hura ordezkatuz, Bizkaiko Lurralde Historikoko Foru Erakundeen Hautapen, Antolaketa, Araubide eta Funtzionamenduari buruzko otsailaren 13ko 3/1987 Foru Arauaren 23.1 artikuluan xedatutakoaren arabera.
Eta bestetik, Miren Gotzone Sagardui Goikoetxea andrea, Eusko Jaurlaritzaren Osasuneko sailburua, 2022ko urriaren 18ko Gobernu Kontseiluaren erabakiaren bidez egintza honetarako eskumena duena.
Alderdiek hitzarmena sinatzeko behar den gaitasun juridikoa onartzen diote elkarri, eta hori dela bide, honako hau.
ADIERAZI DUTE:
Lehenengoa.– Gizarte Zerbitzuei buruzko Legeak (abenduaren 5eko 12/2008 Legea) honela dio bere 46.1 artikuluan: «Osasun-arazo larriak direla eta, edo eginkizunen arloko mugak direla eta, eta/edo gizartetik bazterturik geratzeko arriskua dela eta, pertsona batzuek behar dituzten zainketek osatzen dute arreta soziosanitarioa, osasun-arreta eta gizarte-arreta aldi berean biltzen dituena, koordinatua eta egonkorra, arreta jarraituaren printzipioarekin bat datorrena».
Bigarrena.– Euskal Autonomia Erkidego osorako erakundeen eta bertako lurralde historikoetako foru-erakundeen arteko harremanei buruzko Legeak (azaroaren 25eko 27/1983 Legea) 6. eta 7. artikuluetan ezartzen duenez, lehenengoei dagokie asistentzia sanitarioarekin zerikusia duten gaien gaineko eskumen esklusiboa, eta bigarrenei, erakunde komunen asistentzia sozialaren arloko legedia betearaztea beren lurraldearen barruan.
Euskadiko Antolamendu Sanitarioari buruzko 8/1997 Legean xedatutakoaren arabera, euskal administrazio sanitarioari dagokio osasun publikoaren babes orokorra bermatzea prebentzio-neurrien, osasun-sustapenaren eta banakako prestazio sanitarioen bidez, bai eta prestazio horiek emateko bitarteko egokiak bermatzea ere.
Bestalde, Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legearen arabera (Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren prestazio eta zerbitzuen zorroari buruzko urriaren 6ko 185/2015 Dekretuaren bidez garatua), foru-aldundiei dagokie bazterkeria-, mendetasun- edo babesgabetasun-egoerek eragindako gizarte-premiei erantzuteko bigarren mailako arretako gizarte-zerbitzuak ematea.
Hirugarrena.– Arreta soziosanitarioari dagokionez, 12/2008 Legearen 56.3 artikuluak finantza-arloko lankidetza-formulak ezartzen ditu, eta besteak beste zehazten du arreta soziosanitario orokorraren finantzaketa batera egin ahal izango dela eraginpeko administrazio publiko guztien artean, horretarako adosten dituzten hitzarmenen bitartez.
Halaber, 56. artikuluko 5. apartatuak xedatzen duenez, Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoek elkarren artean eta beste erakunde publiko batzuekin duten lankidetza, besteak beste, lankidetza-hitzarmenen bidez gauzatuko da.
Laugarrena.– Gizarte Zerbitzuei buruzko 12/2008 Legearen argitalpenak eta EAEko arreta soziosanitarioaren ildoak prestatzeko esparru-dokumentuaren onarpenak (2011) Euskadin arreta soziosanitarioa emateko jarduketa-esparrua zehaztu zuten, eta, ondoren, Arreta Soziosanitarioko Euskal Kontseiluak berretsitako dokumentu estrategikoetan garatu da: Euskadiko Arreta Soziosanitarioko Ildo Estrategikoak (2013-2016); Euskadiko Arreta Soziosanitarioaren Lehentasun Estrategikoak (2017-2020), eta Euskadiko Arreta Soziosanitariorako Estrategia (2021-2024).
Bosgarrena.– Gizarte Zerbitzuei buruzko 12/2008 Legearen 46.1 artikuluak zera dio zehatz-mehatz: «Osasun-arazo larriak direla eta, edo eginkizunen arloko mugak direla eta, eta/edo gizartetik bazterturik geratzeko arriskua dela eta, pertsona batzuek behar dituzten zainketek osatzen dute arreta soziosanitarioa, osasun-arreta eta gizarte-arreta aldi berean biltzen dituena, koordinatua eta egonkorra, arreta jarraituaren printzipioarekin bat datorrena».
Gizarte Zerbitzuei buruzko 12/2008 Legearen 46.2 artikuluak barne hartzen ditu arreta soziosanitarioa gehien behar duten taldeak; horien artean, honako hauek:
– Mendetasun-egoeran dauden adinekoak eta desgaitasunen bat duten pertsonak.
– Gaixotasun mentalak dituzten pertsonak eta, bereziki, gaixotasun mental larriak eta kronikoak dituztenak eta droga-mendekotasuneko arazoak dituztenak.
– Gaixotasun somatiko kronikoak eta/edo ezintasuna sortzen dutenak dituztenak.
– Ospitaleko alta jaso izanagatik ere oraindik beren buruak zaintzeko nahikoa autonomia ez duten eriondoak, eta gaixotasun terminalak dituzten pertsonak.
– Gizartetik bazterturik geratzeko arriskua duten beste talde batzuetako pertsonak, eta, bereziki, babesik gabe dauden edo babesik gabe geratzeko arriskua duten edo jokabide-arazoak dituzten adingabeak, genero-indarkeria jasaten duten emakumeak eta arreta sanitarioko eta sozialeko laguntza behar duten immigranteak.
Hortaz, azaldutakoaren arabera, alderdiek hitzarmen hau sinatzea erabaki dute, eta ondorengo klausulek arautuko dute.
KLAUSULAK
Lehenengoa.– Hitzarmenaren xedea.
Hitzarmen honen xedea lankidetzan aritzea da, osasun-prestazioa duten gizarte-zerbitzuak garatzeko gizarte-zerbitzuen sistemako baliabide hauetan:
– Egoitza-unitate soziosanitarioak (aurrerantzean, EUSS), hitzarmen honen I. eranskinean jasotako zehaztapenen arabera.
– Mendetasun-egoeran dauden adinekoentzako eta desgaitasunen bat duten pertsonentzako egoitzak.
Bigarrena.– Sarbidea eta alta.
Hitzarmen honetan barne hartzen diren unitateetan sartzeko eta alta emateko irizpideek eta prozedurek Bizkaiko Foru Aldundiaren araudian ezarritakoari jarraituko diote, Bizkaiko lurralde historikoko baliabideetan sartzeko eta horiek erabiltzeko sistema arautzen baitu.
Gainera, Balorazio eta Orientazio Soziosanitarioko Batzorde Teknikoak –hitzarmen honen laugarren klausulan dago arautua– aldeko irizpena eman beharko du honako baliabide hauetako bakoitzerako:
– Egoitza-unitate soziosanitarioak (aurrerantzean, EUSS).
Hirugarrena.– Alderdien betebeharrak.
a) Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren betebeharrak eta erantzukizunak.
1.– Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailari dagokio bosgarren klausulan ezarritako kopurua ordaintzeko betebeharra, han ezarritako moduan.
2.– Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak sistema sanitario publiko osorako ezarritako jarduera klinikoaren gidak eta protokoloak jarriko ditu Bizkaiko Foru Aldundiaren eskura, zentroetan egiten den osasun arloko laguntza-prestazioan aplika ditzan.
3.– Osasun Sailak erreferentziako pertsonak izendatuko ditu asistentzia-mailetan, sistema sanitarioaren eta gizarte-zerbitzuen sistemaren arteko koordinazioan eta lankidetzan aurrera egiteko.
4.– Asistentzia sanitario arrunta emateko, hitzarmenaren aplikazio-esparruan barne hartzen diren gizarte-zerbitzuetan emandakoaz kanpo, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuak aintzat hartuko ditu egoiliarren zainketa sanitarioen premiak (nola zainketa medikoak hala erizaintzakoak). Horretarako, egoitza bakoitzeko erabiltzaileen osasun-txartel indibidual guztiak (OTI) kupo batean sartuko dira, Lehen Mailako Arretako taldearen (medikua/erizaina) ardurapean, betiere antolaketaren aldetik posible bada eta interesdunak horren aurka agertzen ez badira, askatasunez hautatzeko eskubidea erabilita.
b) Bizkaiko Foru Aldundiaren betebeharrak eta erantzukizunak.
1.– Bizkaiko Foru Aldundiak hartzaileen eskura jarriko du hitzarmen honen II. eranskinean adierazten den lehen klausulan azaldutako baliabideetako plaza kopurua.
2.– Bizkaiko Foru Aldundiari baliabide horiek kudeatzea eta antolatzea dagokio, baita erakunde laguntzaileekin kudeatzea ere.
3.– Bizkaiko Foru Aldundiak, legez ezarritako prozedura izapidetu aurretik, plaza esleitzeko eta prezio publikoa emateko ebazpena/foru-agindua emango du, dagokion foru-dekretu arautzailean ezarritako baldintzen arabera.
4.– Bizkaiko Foru Aldundiak urteko jarduerari buruzko memoria bat aurkeztu beharko du. Memoria horretan, hitzarmenean aurreikusitako betebeharrak betetzen direla egiaztatzeko behar beste informazio jaso beharko da, plazen kopuruari, okupazioari eta erabilgarritasunari dagokienez, bai eta plazen okupazioa-txandakatzeari, batez besteko egonaldiari, unitate bakoitzean sartzeko batez besteko itxarote-denborari eta abarri buruzko informazioa ere. Halaber, hitzarmena gauzatzeak eragindako gastuen eta diru-sarreren datu zehatzak jasoko dira.
5.– Edonola ere, zentroetan egiten den osasun arloko laguntza-prestazioak Eusko Jaurlaritzako Osasun Sistemak sistema sanitario publiko osorako ezarritako praktika klinikoaren gida eta protokoloei jarraituko die.
6.– Bizkaiko Foru Aldundiak zerbitzua ikuskatu, kontrolatu, jarraipena egin eta etengabe ebaluatuko du, haren kalitatea bermatzeko eta aurreikusitako emaitzak lortzeko.
7.– Asistentzia sanitarioa ematen duten gizarte-zerbitzuetako zentroek dagokien baimen sanitarioa izango dute, abian jartzeko eta ibiltzeko.
c) Laguntzeko betebeharra.
1.– Bizkaiko Foru Aldundiak eta Osasun Sailak batera lan egingo dute eremu sanitarioan hitzarmenaren aplikazio-eremuan barne hartzen diren erabiltzaileentzat ezartzen diren interes bereziko programa eta jardueretan bi sareetako profesionalen arteko lankidetza eraginkorra eta koordinazio egokia susta dadin.
2.– Arreta medikoa eta/edo erizaintzako zainketak egoitzetako langileek ematen badituzte, Osabide Integra aplikazioan erregistratuko da eguneroko asistentzia-jarduera, zentroetako langileen eta Osakidetzako laguntza-sarearen arteko lankidetzaren eta asistentzia-koordinazioaren mesedetan.
Laugarrena.– Bizkaiko lurralde historikoko Balorazio eta Orientazio Soziosanitarioko Batzorde Teknikoa.
Bigarren klausulako bigarren apartatuan adierazitako zerbitzuen ondorioetarako, Bizkaiko lurralde historikoko Balorazio eta Orientazio Soziosanitarioko Batzorde Teknikoaren esparruan, Bizkaiko Foru Aldundiko Gizarte Ekintza Saila eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Saila elkarlanean arituko dira eta koordinatuko dira kudeaketa tekniko-asistentziala eta funtzionamenduari dagokiona egiteko (plazak lortzea, plazak esleitzea, ingresuak, itxaron-zerrendak eta abar). Halaber, unitate bakoitzean sartzeko aukera duten kasuak baloratuko dituzte, eta unitate horietan sartzen diren pertsonen egoeraren jarraipena egin, horretarako ezarritako araudia betetzen dela bermatzeko.
Bosgarrena.– Finantza-lankidetza.
1.– 2022tik 2023ra bitarteko ekitaldian, Osasun Sailak hitzarmen honen III. eranskinean adierazitako zenbatekoak erabiliko ditu hitzarmen honen xedea betetzeko.
2.– Osasun Sailak ekitaldi bakoitzerako finkatutako zenbatekoaren % 90 ordainduko du 12 hileroko berdinetan. Ordainketa hilaren lehen 15 egunen barruan egingo da.
3.– Osasun Sailak hurrengo ekitaldiko lehen seihilekoan jakinaraziko dio Bizkaiko Foru Aldundiari urteko behin betiko likidazioaren emaitza.
Ordaindutako zenbatekoaren balioa azken likidazioa baino txikiagoa bada, Osasun Sailak ordainduko du aldea, III. eranskinean finkatutako zenbatekoraino, jakinarazpena egiten denetik hilabeteko epean.
Ordaindutako zenbatekoaren balioa azken likidazioa baino handiagoa bada, Bizkaiko Foru Aldundiak itzuli beharreko zenbatekoa Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusian sartuko da hilabeteko epean, jakinarazten denetik zenbatzen hasita.
Seigarrena.– Jarraipen Batzorde Mistoa.
Batzorde Misto bat sortuko da, paritarioa, eta lankidetza-hitzarmen hau garatzean behar bezala koordinatzeaz eta exekuzioa kontrolatzeaz arduratuko da.
Batzordea sei pertsonaz osatuta egongo da. Horietatik, hiru, alderdi bakoitzak izendatuko ditu.
Bizkaiko Foru Aldundiaren aldetik, gizarte-zerbitzuen arloan eskumena duen saileko titularrak egingo ditu izendapenak.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren aldetik, osasun arloan eskumena duen saileko titularrak egingo ditu izendatzeak.
Kideek egoki baderitzote, hitzarmenean barne hartzen diren gizarte- edo osasun-zerbitzuetako edo beste erakunde batzuetako ordezkariak sartu ahalko dira, kontsulta-eginkizunetarako. Beraz, hitza izango dute, baina botorik ez.
Batzordeak urtean behin egingo ditu ohiko bilerak, eta, horrez gain, ezohikoak ere egin ditzake, bi aldeetako batek hala eskatuz gero. Hitzarmen honetan aurreikusita ez dagoen guztiari dagokionez, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren 40/2015 Legeak eta Euskal Sektore Publikoaren maiatzaren 12ko 3/2022 Legeak arautuko dute haren funtzionamendua.
Batzordearen erabakiak alderdien arteko adostasunez hartuko dira.
Hauek izango dira batzordearen eginkizun orokorrak:
a) Hitzarmena interpretatzea eta betetzen dela bermatzea, baita egon daitezkeen ez-betetzeen mailakatzea zehazteko irizpideak ezartzea ere.
b) Bere funtzionamenduaren jarraipena eta ebaluazioa egitea, eta egokitzat jotzen dituzten aldaketa-proposamenak egitea.
c) Baliabideen okupazio-indizearen jarraipena eta ebaluazioa egitea, baita baliabide mota bakoitzari dagokion itxaron-zerrendarena ere, oinarri hartuta Bizkaiko Foru Aldundiak urteko memorian emandako datuak.
d) Plaza kopurua egokitzeko proposamenak egitea, eta, hala badagokio, urteko zenbatekoa eguneratzea.
e) Urteko jardueraren txostena eta behin betiko likidazioa onartzea. Horretarako, kontuan hartuko da ekitaldi bakoitzean benetan erabilgarri dauden plazak (II. eranskinean daude zerrendatuta).
Zazpigarrena.– Ez-betetzea.
Alderdi batek betetzen ez baditu hitzarmen honetan jasotako preskripzioak, ez-betetzea dagoela adierazten duen alderdiak modu frogagarrian emango dio horren berri beste alderdiari. Gero, Batzorde Mistoari helaraziko dio, ez-betetzea alderdietako bati egotz dakiokeen ala ez erabaki dezan, eta, hala bada, seigarren klausulan aurreikusitakoaren arabera hartu beharreko erabakiak har ditzan. Alderdiek ahalegina egingo dute egoera bideratzeko irtenbide bat adosteko. Adostasuna lortzea ezinezkoa bada, hitzarmena indargabetu ahal izango da.
Ez-betetzea Bizkaiko Foru Aldundiari egotzi ahal bazaio, 30 eguneko epean, itzuli egin beharko ditu ez-betetzea gertatzen den ekitaldiari dagozkion kopuru guztiak edo haien zati bat, eta, hala badagokio, jaso gabe dauden kopuruak kobratzeko eskubidea galduko du. Kopuruaren zati bat itzuli ahal izateko, ia hitzarmen osoa beteta egon beharko da, eta Bizkaiko Foru Aldundiak dauzkan konpromisoak betetzeko nahi argia duela egiaztatu beharko du.
Zortzigarrena.– Hitzarmena aldatzea.
Alderdiek hitzarmenaren baldintzak aldatu ahalko dituzte, noiznahi, ados jarriz gero, eta, horretarako, hitzarmenari erantsitako gehigarri bat sinatu beharko dute.
Bederatzigarrena.– Indarraldia eta luzapena.
Hitzarmen hau sinatzen denetik 2023ko abenduaren 31ra bitartean egongo da indarrean. Hitzarmena berariaz luzatu ahal izango da bi aldeak ados jartzen badira, baina ezin izango da ez Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren 40/2015 Legean ez Euskal Sektore Publikoaren maiatzaren 12ko 3/2022 Legean aurreikusitako iraupena gainditu.
Hamargarrena.– Hitzarmena azkentzeko arrazoiak.
Hitzarmen honen azkentzea, indargabetzea, ondorioak eta han berariaz arautzen ez den guztian, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen atariko tituluaren VI. kapituluan eta Euskal Sektore Publikoaren maiatzaren 12ko 3/2022 Legean xedatutakoa aplikatuko da.
Hamaikagarrena.– Datuen babesa.
Hitzarmen hau betetzearen ondorioz ikusten diren informazioa eta datu pertsonalak honako hauek babestuko dituzte: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamendua, datu pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsona fisikoen babesari eta datu horien zirkulazio askeari buruzkoa (DBEO); 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa; eta aplikatzekoak diren gainerako arauak. Tratatzen diren datu pertsonalak hitzarmen honen xederako bakarrik erabiliko dira, eta ez dira inola ere erabiliko norberaren helburuetarako.
Eta aurretik azaldutako guztiarekin ados daudela adierazteko, alderdiek hitzarmen honen bi kopia sinatu dituzte, Bilbon 2023ko otsailaren 1ean.
Bizkaiko Ahaldun Nagusia,
UNAI REMENTERIA MAIZ.
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailburua,
MIREN GOTZONE SAGARDUI GOIKOETXEA.
I. ERANSKINA
ZERBITZUEN ZEHAZTAPENAK
1.– Egoitza-unitate soziosanitarioak.
Definizioa:
Egoitza-unitate soziosanitarioak aldi baterako laguntza-baliabideak dira. Konplexutasun txikiko eta intentsitate handiko zainketa sanitarioak behar dituzten pertsonei prestazioak emateko diseinatuta daude, baldin eta haien egoera soziofamiliarra dela medio ezin bada bermatu etxean edo adinekoen egoitza batean zainketak behar bezala aplikatuko zaizkiela eta gainbegiratu egingo direla, eta, edozein baldintza edo titulu juridikoren pean, Bizkaiko Foru Aldundiaren mende badaude, EAEko Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legearen Zerbitzu eta Prestazioen Katalogoaren esparruan.
Gizarte-zerbitzu horiek Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren prestazio eta zerbitzuen zorroari buruzko urriaren 5eko 185/2015 Dekretuaren esparruan gauzatuko dira, eta eskumenak esleituko zaizkie foru-aldundiei, gizarte-zerbitzuak, zerbitzu osagarriak eta osasun-zerbitzuak emateko.
Trantsizio-baliabide gisa, egoitza-unitate soziosanitarioek aldi baterako bizilekua emango diete (berariazko baimenik ezean eta salbuespenezko kasuetan) premia sozialak eta sanitarioak aldi berean dituzten pertsonei.
Helburu hauek dituzte egoitza-unitate soziosanitarioek: gaitasun funtzionalen hobekuntza sustatzea; ahal den neurrian, mesede egitea bizitzaren azken fasean dauden pertsonen bizi-kalitateari; arreta ematea ospitaleratutako pazienteei, baldin eta, alta klinikoko egoeran egon arren, hainbat motatako arrazoi soziosanitarioengatik eman ezin bazaie; eta arreta soziosanitario bizia ematea etxean edo adinekoen egoitzetan geratzeko zailtasunak dituzten pertsonei, ospitaleratu beharrik ez badute ere, arreta soziosanitarioko premiak dituztelako.
Hartzaileak:
Profil sanitarioaren ikuspegitik, honako pertsona hauei zuzenduta daude egoitza-unitate soziosanitarioak:
– Gaixotasun akutu batetik suspertzen ari diren pertsonak, narriadura funtzionala eta/edo kognitiboa jasan dutenak eta autonomia funtzionala galdu arren hobetzeko aukerak dituztenak.
– Bizitzaren amaieran zainketak behar dituzten pertsonak, laguntza soziofamiliar egokirik ez dutelako beren etxean geratu ezin direnak eta ospitaleratzeko moduan ez daudenak.
– Tratamendu-pautak dituzten eta laguntza egokia ez dutelako beren etxean geratu ezin diren pertsonak.
– Jokabide-nahasmenduak dituzten pertsonak: narriadura kognitibo larriko prozesuak dituzten adinekoak, portaeraren nahasmenduak dituztenak eta, horregatik, egoitza-zentroaren ohiko jarduera larriki eraldatzeko arriskua dutenak; era berean, baliteke beren etxean geratu ezin diren eta zentro psikiatriko batean ere laguntzarik behar ez duten pertsonak izatea.
– Gaixotasun infekzioso-kutsakor bat duten pertsonak, patologia infekzioso baten ondorioz edo erresistentzia anitzeko mikroorganismoek kolonizatuta daudelako, kontrol- edo isolamendu-neurri bereziak behar dituztenak, baldin eta neurri horiek ezin badira egoitza-ingurune batean eman baina ez badute ospitaleko unitate espezifiko batean ere ingresatu beharrik.
– Tratamendua bertan behera uzteagatik osasun publikoko arazoak izango lituzketen pertsonak.
2.– Mendetasun-egoeran dauden pertsonentzako eta desgaitasunen bat dutenentzako egoitzak.
Definizioa:
Mendekotasuna duten pertsonentzako eta desgaitasuna duten pertsonentzako egoitza-zentroak laguntza-baliabideak dira. Mendetasun-egoeran dauden adinekoentzako –II. Eta III. Mailakoak, eta, salbuespen gisa, I. mailakoak– eta desgaitasuna duten pertsonentzako etxebizitza gisa erabiltzen dira, nola ohiko etxebizitza gisa hala aldi baterako gisa, betiere beren ohiko ingurunean –norberaren bizilekua edo familiarena– beren beharrizan sozialak eta sanitarioak behar bezala ase ezin badituzte, zainketa handiak eta arreta integrala, jarraitua eta aldizkako laguntza-mailak behar dituztelako.
Edonola ere, hitzarmen honek barnean hartzen ditu Bizkaiko Foru Aldundiaren mendeko izaera edo titulu juridikoa duten zentroak, EAEko Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legearen Zerbitzu eta Prestazioen Katalogoaren 22. Artikuluaren esparruan.
Hartzaileak:
Profil sanitarioaren ikuspegitik, honako pertsona hauei zuzenduta daude egoitzak:
– 65 urte edo gehiago dituzten eta mendetasun-egoeran dauden pertsonak; zehazki, II. Eta III. Mailakoak, eta, salbuespen gisa, I. mailakoak, betiere Bizkaiko Foru Aldundiak hala aurreikusten badu eta salbuespen hori behar bezala justifikatzen bada preskripzio teknikoan. Aipatu adin-muga ez zaie aplikatuko erabiltzaileen laguntzaile gisa sartzen diren ezkontideei edo senideei.
Salbuespen gisa, eta bizikidetza-unitateari eusteko, honako hauek ere sartu ahal izango dira haiekin batera, erregelamendu bidez zehaztutako baldintzetan:
a) Ezkontidea edo izatezko bikotekidea, baldin eta haiekin ohiko bizikidetza-harremana badute.
b) Erabiltzaileekin bigarren mailarainoko odol- edo ezkontza-ahaidetasuna dutela egiaztatzen duten pertsonak, baldin eta erabiltzaileekin ohiko bizikidetza-harremana badute.
– Sartzeko unean desgaitasunen bat duten eta mendetasuna-aitorpena daukaten 18 eta 64 urte bitarteko pertsonak.
Salbuespen gisa, adingabeak sartu ahal izango dira: a) beren premiek edo egoera soziofamiliarraren larritasunak hala gomendatzen badute; b) babesgabetasun edo babesgabeziako arrisku larriko kasuetan, egoera horietara berariaz zuzendutako babes-dispositiboetan arreta egokia bermatzea ezinezkoa bada.
Bi kasuetan, salbuespenezko erabilera bermatzeko, zerbitzua egokitzeko arrazoiak eman beharko dira.
RSS