
39. zk., 2023ko otsailaren 24a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (140 KB - 3 orri.)
- EPUB (105 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
XEDAPEN OROKORRAK
OSASUN SAILA
1026
AGINDUA, 2023ko otsailaren 17koa, Osasuneko sailburuarena, zeinaren bidez arautzen baita eguneko eta gaueko guardietan farmazialariak lokalizatzeko prozedura.
Farmazia-bulegoen jendaurreko ordutegia zehazten duen uztailaren 29ko 188/1997 Dekretuaren V. kapituluak, alde batetik, ezartzen du zein kasutan egon behar duten nahitaez profesionalek farmazia-bulegoan, eta, bestetik, jasotzen du ordu-tarte jakin batzuetan, farmazialari arduraduna lokalizatzeko sistema eraginkor batek ordezkatu ahal izatea presentzia fisikoa. Horrela, aipatutako dekretuaren 16.2.b.2, 17.2.b.2 eta 18.2.b.2 artikuluek aukera hori aurreikusten dute, baldin eta 7 farmazia-bulego baino gutxiago baditu botika kokatuta dagoen farmazia-eskualdeak, betiere.
Dekretu beraren 19. artikuluak aurreikuspen hori jaso zuen. Hala ere, ondorengo erregelamendu-garapen bidez zehazteko utzi zuen lokalizatzeko modua, hau da, lokalizatzeko sistema edo prozedura efikaz bat ezartzea. Zera xedatzen du aipatutako 19. artikuluak: «Osasun sailburuaren agindu bidez ezarriko dira, eguneko guardian eta gaueko larrialdietan, lokalizazio-prozedura eraginkorrek bete behar dituzten baldintzak; dena dela, eskatutakoa emateko behar den denbora ezin izango da 20 minututik pasa».
Egia esan, aipatu dugun erregelamendu-garapena, nolabait, ez zen beharrezkoa izan, farmazia-eskualdeak bateratzeko prozesuak orokortu zirelako, Osasuneko sailburuaren 1996ko irailaren 16ko Aginduak, bateratze horretarako prozedura ezarri zuenak, ezarritakoaren arabera. Farmazia-eskualde bateratu guztietan (ugari dira), farmazia-bulegoen kopurua seitik gorakoa da; beraz, legez ezin da guardia-zerbitzua lokalizatzeko moduan egin. Dena den, eta urte hauetan zehar izan diten bateratze-prozesuak amaituta, oraindik badira zenbait farmazia-eskualde, arrazoi geografikoak direla-eta, bateratzeko aukerarik izan ez dutenak, ez eta 19. artikuluan aurreikusitako lokalizazio-sistema baliatzeko ere, hain zuzen ere, artikulu horren erregelamendu-garapenik ez dagoelako.
Egoera hori kontuan hartuta, garapen horri lehenbailehen heldu nahi zaio.
Hori dela eta, bat etorriz Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 26.4 artikuluan, Osasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen martxoaren 23ko 116/2021 Dekretuaren 4.1 artikuluan eta Farmazia-bulegoen jendaurreko ordutegia zehazten duen uztailaren 29ko 188/1997 Dekretuaren 19. artikuluan xedatutakoarekin, eta elkargo-erakundeei eta elkarte profesionalei entzun ondoren, Osasuneko sailburuak honako hau
XEDATZEN DUT:
1. artikulua.– Xedea.
Agindu honen xedea da farmazialari arduraduna eguneko eta gaueko guardietan lokalizatzeko prozedura arautzea, bat etorriz Farmazia-bulegoen jendaurreko ordutegia zehazten duen uztailaren 29ko 188/1997 Dekretuaren 19. artikuluan jasotako aurreikuspenarekin.
2. artikulua.– Aplikazio-eremua.
1.– Agindu honetan arautzen den guardia lokalizatuak ahalbidetzen du farmazialari arduraduna ez bertaratzea, presentzia fisiko horren ordez lokalizazio-sistema eraginkor bat ezarriz ordu-tarte hauetan:
– Astelehenetik ostiralerako ordutegi arrunteko ordu-tarteetan eta larunbat arratsaldeko ordutegian (188/1997 Dekretuaren 16.2.b.2 artikulua).
– Jaiegunetan (188/1997 Dekretuaren 17.2.b.2 artikulua).
– Gaueko larrialdi-ordutegian (188/1997 Dekretuaren 18.2.b.2 artikulua).
2.– Farmazia-bulegoa 7 farmazia-bulego baino gutxiagoko farmazia-eremu batean badago bakarrik izango dute aukera farmazia-bulegoaren titularrek guardia lokalizatuak egiteko, aurreko paragrafoan aipatutako ordu-tarteen barruan.
3. artikulua.– Guardia lokalizatuaren gutxieneko baldintzak.
Guardia lokalizatuaren bidezko farmazia-prestazioa honako premisa hauek kontuan hartuta egingo da:
a) Guardia lokalizatuaren bidez egindako banaketa farmazia-bulegoak egindakotzat joko da, eta farmazialari titularraren ardurapean egingo da.
b) Farmazia-bulegoaren titularrari dagokio lokalizazio-sistema eraginkor bat aukeratzea eta herritarrei zerbitzua eskuratzeko moduari buruzko informazio nahikoa bermatzea (informazio hori farmazian bertan, udaletxean, hurbilen dagoen osasun-zentroan eta dagokion farmazialarien elkargo ofizialaren webgunean agertuko da).
c) Abisua jasotzen denetik eskatutako zerbitzua ematera ez dira 20 minututik gora igaroko.
4. artikulua.– Baimena emateko prozedura.
1.– Eskaera.
Farmazia-bulegoaren titularrak agindu honek arautzen duen guardia lokalizatuen sistemari heldu nahi badio, eskaera egin beharko du, eta titular horiek urtero egin behar duten ordutegi-proposamenean sartu beharko du, urte bakoitzeko urriaren lehena baino lehen, bat etorriz Farmazia-bulegoen jendaurreko ordutegia zehazten duen uztailaren 29ko 188/1997 Dekretuaren 25. artikuluan ezarritakoarekin.
Eskaerak hirugarren artikuluaren b) apartatuan eskatzen diren zehaztapenak jaso beharko ditu, artikulu bereko a) eta c) letretan aurreikusitakoa kontuan hartuta.
2.– Bat etorriz 188/1997 Dekretuaren 26. artikuluan aurreikusitakoarekin, aurreko paragrafoan aipatzen den eskaera hurrengo urterako jendeari arreta emateko ordutegi-proposamenak kontuan hartu beharreko parametroetako bat bezala sartu beharko da, hau da, urte bakoitzeko azaroaren 15a baino lehen «farmazialarien elkargo ofizialek» osasun-agintaritzari aurkezten dizkioten parametroetako bat bezala.
3.– Euskal Autonomia Erkidegoko farmazia-bulegoen urte jakin baterako jendaurreko ordutegia zehazten duen Farmazia Zuzendaritzaren ebazpenak ebatziko du agindu honetan araututako guardia lokalizatuen eskaerari buruzko ebazpena.
Guardia lokalizatuak egiteko baimena urte osoan egongo da indarrean.
AZKEN XEDAPENA
Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteiz, 2023ko otsailaren 17a.
Osasuneko sailburua,
MIREN GOTZONE SAGARDUI GOIKOETXEA.
RSS