Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

37. zk., 2023ko otsailaren 22a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
916

AGINDUA, 2023ko otsailaren 3koa, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuarena, zeinaren bidez Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzen baita «Fundación Tutelar Beroa para enfermos mentales de Álava» izeneko fundazioaren estatutuetan egindako aldaketa eta «Fundación Beroa para personas con enfermedad mental de Álava» izateko izen-aldaketa.

2022ko abenduaren 28an, Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailean eskabide bat jaso zen, fundazioaren estatutuetan egindako aldaketa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko. Aldaketa hori fundazioaren patronatuak erabaki zuen 2022ko abenduaren 15ean.

Eskabidearekin batera, estatutuen aldaketari buruzko eskritura publikoa aurkeztu zen, zeina 2022ko abenduaren 27an egiletsi baitzen, María del Camino López de Heredia San Julián Vitoria-Gasteizko notario andrearen aurrean (protokolo-zenbakia: 1.640).

Eskritura publiko horrekin batera Begoña Fernández Ruiz de Azua andreak –patronatuko idazkari gisa, eta presidentearen oniritziarekin– 2022ko abenduaren 15ean emandako ziurtagiria aurkeztu zen. Horretan, 2022ko abenduaren 15ean patronatuak egindako bileraren berri eman zen, non bertaratutakoek aho batez onartu zuten estatutuen artikulu hauek aldatzea: 1. artikulua (izenari buruzkoa); 5. artikulua (fundazioaren helburuei buruzkoa); 8. artikulua (onuradunei buruzkoa); 15. artikulua (idazkariari buruzkoa); eta 17. artikulua (Patronatuaren eginkizunei buruzkoa). Hori guztia, desgaitasuna duten pertsonei beren gaitasun juridikoa baliatuz laguntzeko legeria zibil eta prozesala aldatzen duen ekainaren 2ko 8/2021 Legera egokitzeko.

Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren zerbitzu teknikoek espedientea aztertu dute.

Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak eman behar du, agindu bidez, estatutuak aldatzeko espediente honi buruzko ebazpena, honako arau hauetan xedatutakoarekin bat etorriz: Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzaren eta Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 23ko 115/2019 Dekretuaren 3.1.a) artikulua; Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzeko eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzeko lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuaren 7.1.n) artikulua; eta Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urtarrilaren 19ko 8/2021 Dekretuaren 3.1 artikulua.

Espedientearekin batera, funtsezkotzat jotzen diren dokumentu eta datu guztiak aurkeztu dira. Horrela, bereziki betetzen dira Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legearen 37. eta 51.2 artikuluetan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzaren eta Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 23ko 115/2019 Dekretuaren 42. artikuluan eskatutako betekizunak. Gainera, estatutuetan egindako aldaketak bat datoz aplikatzekoak diren lege eta erregelamenduetan xedatutakoarekin.

Hori guztia kontuan hartuta, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzea, «Fundación Tutelar Beroa para Enfermos Mentales de Álava» izeneko fundazioaren estatutuen 1. artikuluaren aldaketa eta izena aldatzea: «Fundación Beroa para Personas con enfermedad mental de Álava» izena edukitzeko; bai eta beste artikulu hauek ere: 55. artikulua (fundazioaren helburuei buruzkoa); 8. artikulua (onuradunei buruzkoa); 15. artikulua (idazkariari buruzkoa); eta 17. artikulua, (Patronatuaren eginkizunei buruzkoa), desgaitasuna duten pertsonei beren gaitasun juridikoa baliatuz laguntzeko legeria zibil eta prozesala aldatzen duen ekainaren 2ko 8/2021 Legera egokitzeko, Fundazioaren Patronatuak erabaki duena, agindu honen datarekin, 2022ko abenduaren 27an María del Camino López de Heredia San Julián Vitoria-Gasteizko notario andrearen aurrean egiletsitako eskritura publikoaren zehaztapenekin bat etorriz (protokolo-zenbakia: 1.640).

XEDAPEN GEHIGARRIA

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea eta interesdunei bidaltzea.

AZKEN XEDAPENA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari eta haren aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez daiteke Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburu honen aurrean, hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko otsailaren 3a.

Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua,

OLATZ GARAMENDI LANDA.


Azterketa dokumentala