Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

34. zk., 2023ko otsailaren 17a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
853

27/2023 EBAZPENA, otsailaren 14koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, Euskal Autonomia Erkidegoko hezkuntza-konplexutasun bereziko itunpeko ikastetxeei 2022-2023 ikasturtean zuzeneko dirulaguntzak emateko erabakia argitaratzeko dena.

Gobernu Kontseiluak, 2023ko otsailaren 7an egindako bilkuran, Euskal Autonomia Erkidegoko hezkuntza-konplexutasun bereziko itunpeko ikastetxeei 2022-2023 ikasturtean zuzeneko dirulaguntzak emateko Erabakia onartu zuen, eta behar bezalako publizitatea emateko, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Euskal Autonomia Erkidegoko hezkuntza-konplexutasun bereziko itunpeko ikastetxeei 2022-2023 ikasturtean zuzeneko dirulaguntzak emateko Erabakiaren testua (ebazpen honi erantsi zaio Erabakia).

Vitoria-Gasteiz, 2023ko otsailaren 14a.

Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,

JON IÑAKI URBINA GARCÍA DE VICUÑA.

ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN OTSAILAREN 14KO 27/2023 EBAZPENARENA
ERABAKIA, EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO HEZKUNTZA-ZAILTASUN BEREZIKO ITUNPEKO IKASTETXEEI 2022-2023 IKASTURTEAN ZUZENEKO DIRULAGUNTZAK EMATEKOA

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 71. artikuluak ezartzen duenez, hezkuntza-administrazioek beharrezkoak diren baliabideak izango dituzte ikasle guztiek ahalik eta garapen pertsonal, intelektual, sozial eta emozional handiena lor dezaten, bai eta lege horretan oro har ezarritako helburuak lor ditzaten ere. Halaber, hezkuntza-administrazioei dagokie beharrezko baliabideak bermatzea hezkuntza-premia bereziak izateagatik arruntaz bestelako hezkuntza-arreta behar duten ikasleek ahalik eta gehien garatu ditzaten beren gaitasun pertsonalak, eta, betiere, ikasle guztientzat oro har ezarritako helburuak lor ditzaten.

Irailaren 6ko 18/2020 Dekretuaren 10.1 artikuluaren arabera, Hezkuntza Sailari dagozkio, besteak beste, Autonomia Estatutuaren ondoriozko ahalmenak araubide orokorreko zein bereziko irakaskuntzei dagokienez, haien etapa eta maila guztiak barne; halaber, Hezkuntza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 71/2021 Dekretuari jarraikiz, Hezkuntza Sailari dagokio unibertsitateaz kanpoko ikastetxe pribatuak finantzatzeko itunen eta akordioen arloko era guztietako espedienteak aztertu, proposatu eta kudeatzea, hargatik eragotzi gabe sistemaren plangintzara egokitzea.

Testuinguru horretan, Hezkuntza Sailak konpromisoa hartu du, bereziki, gizarte-hezkuntzako kalteberatasun-egoera nabarmenean dauden gazteen ehuneko handia biltzen duten eta funts publikoekin sostengatzen diren ikastetxe guztiei laguntzeko. Hori dela eta, erabaki honen bidez, laguntza-lerro bat antolatu nahi du hezkuntza-konplexutasun handiena duten itunpeko ikastetxeentzat, ikastetxe horiek indartzeko eta, hartara, ikasle kalteberen eskola-emaitzak hobetzera eta ikastetxean jarraitzeko ehunekoa handitzera bideratutako jarduerak laguntzeko.

Aipatutako itunpeko ikastetxe horien artetik, laguntzen hartzaile izan daitezen, 1. mailako hezkuntza-konplexutasunaren indizea dutenak hautatu dira (20 puntu baino gehiago 2020ko eskalan). Indize horren helburua ikastetxeak bere ikasleekiko duen egoera baloratzea da, eta, horretarako, hainbat adierazle erabiltzen dira, hala nola ikaskuntza-emaitzak, hezkuntza-laguntzaren beharrak, egokitasuna, jatorria, jarraitutasuna eta maila sozioekonomikoa.

Sailak konpromisoa hartzen du hautatutako ikastetxeei baliabide gehigarri ez-finkagarriak emateko, horretarako bideratutako aurrekontu-zuzkiduraren arabera. Horretarako, irakasleak kontratatuko ditu, eta, hartara, ikasle kalteberei arreta emateak dakartzan erronka akademikoetara hobeto egokitzen lagunduko du.

2022-2023 ikasturtea trantsizio-ikasturtea da, hain zuzen, hezkuntza-konplexutasunaren indize altua kontuan hartuta, hurrengoan (2023-2024 ikasturtea) hezkuntza-konplexutasun handiena duten ikastetxeentzat egokitzat jotzen diren irakasle-baliabide gehigarriak ituntzeko.

Kasu honetan, ezinezkoa da dirulaguntza horien konkurrentzia publikoa sustatzea, garatu beharreko jarduketen berezitasuna eta espezifikotasuna eta laguntzen onuradun izan daitezkeen ikastetxeen tipologia aintzat hartuta. Halaber, interes publikoko arrazoiak eta gizartean duten eragina direla-eta, justifikatuta dago dirulaguntzok zuzenean ematea hezkuntza-konplexutasun berezia duten eta ikasle kalteberen ehuneko handia duten itunpeko 21 ikastetxeei.

1/1997 Legegintzako Dekretuaren 49.7 artikuluan ezarritakoaren arabera jardungo da (azaroaren 11ko Legegintzako Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena). Artikulu horretan ezartzen denez, laguntzak edo dirulaguntzak zuzenean ematea Jaurlaritzaren eskumena izango da, interesa duen saileko sailburuak proposatuta. Gainera, zuzeneko dirulaguntza horiek salbuespenezkoak izango dira, eta justifikazio arrazoituaren eta memoria dokumentalaren bidez egiaztatu beharko dira dirulaguntza justifikatzen duten interes publiko, sozial, ekonomiko edo humanitarioko arrazoiak.

Azaldutako guztiagatik, Hezkuntzako sailburuaren proposamenez eta gaia eztabaidatu ostean, Gobernu Kontseiluak erabaki hau hartzen du:

ERABAKIA

Lehenengoa.– Xedea eta helburua.

1.– Erabaki honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoko hezkuntza-konplexutasun handieneko itunpeko ikastetxe pribatuei (I. eranskina) dirulaguntzak ematea 2022-2023 ikasturtean, salbuespenez eta erabaki honetan ezarritako estipulazioen arabera.

2.– Dirulaguntzaren helburua da hezkuntza-konplexutasun berezia duten itunpeko ikastetxe pribatuak indartzea, Lehen Hezkuntzan eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan errefortzuko irakasle bat izan dezaten hezkuntza-lerro bakoitzeko, hezkuntza-laguntzako premia espezifikoak dituzten ikasleen arreta hobetze aldera eta, azken batean, hezkuntza-aukeretan ekitatea lortzen laguntze aldera.

Bigarrena.– Onuradunak.

1.– Erabaki honen onuradun izango dira 1. mailako hezkuntza-konplexutasunaren indizea (20 puntu baino gehiago 2020ko eskalan) duten Euskal Autonomia Erkidegoko itunpeko ikastetxe pribatuak (I. eranskinean daude zerrendatuta).

Hezkuntza-konplexutasunaren indizea Irakas Sistema Ebaluatu eta Ikertzeko Erakundeak kalkulatzen du.

Hirugarrena.– Diruz lagundutako gastua.

2022-2023 ikasturtean errefortzuko irakasleak kontratatzeko gastua baino da diruz lagunduko, hau da, 2022ko irailaren 1etik 2023ko abuztuaren 31ra bitartean (biak barne) egindako gastua.

Laugarrena.– Dirulaguntzaren zenbatekoa.

1.– 2022-2023 ikasturtean, 2.268.613,11 euro bideratuko dira hezkuntza-lerro bakoitzeko errefortzuko irakasle gehigarri bat kontratatzearen ondoriozko gastua ordaintzera.

Dirulaguntzaren zenbatekoa Zuzendaritzaren aurrekontu-aplikazioetako kontabilitatean egotziko da (11), Euskal Autonomia Erkidegoko 2023ko Aurrekontu Orokorretako partida, 42210 programa, 453.00 kontzeptua.

2.– Lehen Hezkuntzako etapan hezkuntza-lerro bakoitzeko errefortzuko irakasle bat kontratatzera bideratutako zenbatekoa kalkulatzeko, honako hau hartu da kontuan: 2022ko eta 2023ko aurrekontu-legeen IV. eranskinean 2022ko iraila-abendua eta 2023ko urtarrila-abuztua aldietarako, hurrenez hurren, jasotako indarreko modulu ekonomikoen zenbatekoa.

Bigarren Hezkuntzako etapan hezkuntza-lerro bakoitzeko errefortzuko irakasle bat kontratatzera bideratutako zenbatekoa kalkulatzeko, Lehen Hezkuntzako irakasle gehigarriaren moduluaren zenbatekoa zehazteko erabili ziren kalkulu-irizpide berberak erabili dira (2023ko Aurrekontuen Legearen IV. eranskinean jasota dago).

Eta ateratzen den zenbatekoa I. eranskinean finkatutakoa da.

Bosgarrena.– Diruz lagundu daitekeen gastua.

1.– Erabaki honetan aurreikusitako ondorioetarako, emandako dirulaguntzaren xede den gastua irakasle berriak kontratatzearen ondoriozkoa izango da, eta dirulaguntzaren xede zehatzerako erabiliko da.

2.– Kontratazio horretan bermatu beharko da kontratatutako langileak ez direla epai irmoz kondenatu sexu-askatasunaren eta sexu-ukigabetasunaren aurkako delituren batengatik. Horretarako, ikastetxeak bermatu egingo du Adingabearen Babes Juridikoari buruzko urtarrilaren 15eko 1/1996 Lege Organikoaren 13. artikuluaren 5. apartatuan ezarritakoa betetzen dela.

Halaber, bermatu egin beharko da kontratatutako irakasleek honako hauek dituztela:

a) Kontratuaren xede diren irakaskuntzak emateko behar den titulazioa.

b) Kontratatu diren irakaskuntzen hizkuntza-ereduarekin edo ereduekin bat datorren hizkuntza-eskakizuna izatea.

3.– Diruz lagundutako gastuak 2022ko irailaren 1etik 2023ko abuztuaren 31ra bitartean egin beharko dira. Alde horretatik, diruz lagundutako gastutzat hartuko da benetan ordaindu dena, gastu mota bakoitzerako emandako zenbatekoaren mugarekin.

Epez kanpo egindako gastuak ez dira diruz laguntzeko moduko gastutzat hartuko.

4.– Ezin da diruz lagundutako jarduera azpikontratatu, irakaskuntza emateari dagokionez.

Seigarrena.– Izapidetze elektronikoa.

1.– Emandako dirulaguntzen onuradunek Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren bitarteko elektronikoak erabiliz egingo dituzte kontsultak eta dirulaguntza horiek kudeatzeko izapide guztiak.

2.– Izapidetze elektronikoa arautzen dute Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuak eta Informatika eta Telekomunikazioetako zuzendariaren 2006ko otsailaren 9ko Ebazpenak; ebazpen horren bidez PLATEA E-Administrazioko Plataforma Teknologikoa onartu zen.

3.– Izapideak bide elektronikoz nola egin, zer dokumentazio-eredu erantsi behar diren eta horren inguruko gainerako argibideak honako helbide elektroniko honetan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/servicios/1230801

4.– Justifikazioa Nire karpeta atalaren bidez egingo da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/

Zazpigarrena.– Emateko prozedura eta organo eskudunak.

1.– Erabaki honen bidez, dirulaguntza hauek zuzenean emango zaizkie I. eranskinean zerrendatutako pertsona juridiko guztiei.

2.– Kudeaketa Ekonomikoaren Zuzendaritza izango da dirulaguntzak kudeatzeko organo eskuduna.

Zortzigarrena.– Bateragarritasun-araubidea.

Emandako dirulaguntzak bateragarriak dira helburu bererako beste edozein erakunde publikok edo pribatuk emandako beste batzuekin, betiere finantzaketa bikoitzik eragiten ez badute. Beste dirulaguntza edo laguntza batzuk jasoz gero, horren berri eman beharko da.

Diruz lagundutako gastua gainfinantzatuz gero, diruz lagundutako jardueraren kostuaren gainean lortutako soberakina itzuli beharko da, eta dagokion berandutze-interesa ere eskatuko da (Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorra, 37.3).

Bederatzigarrena.– Ordainketak.

Dirulaguntza bi alditan ordainduko da:

– Lehenengo zatia emandako guztizkoaren % 50 izango da, eta Gobernu Kontseiluak erabaki hau onartu ondoren ordainduko da.

– Bigarren zatia, gainerako % 50a, egiaztagiria aurkeztu ondoren ordainduko da.

Hamargarrena.– Justifikazioa.

1.– Zuzeneko dirulaguntzak emateko erabakia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik 2023ko irailaren 30era bitartean, onuradunek II. eranskina bidali beharko dute, ikastetxearen titularrak edo ordezkariak sinatuta, Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikora, Nire karpeta atalaren bidez (helbidea: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta), aurkeztutako justifikazio-dokumentazioarekin batera.

2.– Honako dokumentazio hau aurkeztu beharko da, formatu elektronikoan edo kopia digitalizatuetan:

a) Kontratatutako irakasle berrien zerrenda. III. eranskinean jasotako informazioa eman beharko da.

b) Irakasle berrien lan-kontratuak.

c) Kontratatutako irakasleen nominak.

d) Erantzukizunpeko adierazpena, non jasoko den kontratatutako langileek titulazioen eta hizkuntza-eskakizunen baldintzak betetzen dituztela eta ez dituztela epai irmoz kondenatu sexu-askatasunaren eta sexu-ukigabetasunaren aurkako delituren batengatik (IV. eranskina).

e) Irakasleen Gizarte Segurantzako kotizazio-buletinak.

f) Erantzukizunpeko adierazpena, helburu bererako beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuk eskatu edo lortu izanari buruzkoa, edozein administraziotatik edo erakunde publiko zein pribatutatik etorriak direla ere; baiezkoa izanez gero, zenbatekoa eta erakunde emailearen izena adierazi beharko dira (IV. eranskina).

2.– Kudeaketa Ekonomikoaren Zuzendaritzak egokitzat jotzen dituen eta dirulaguntza behar bezala aplikatu dela egiaztatzeko aukera ematen duten frogagiriak egiaztatuko ditu diruz lagundutako jardueraren guztizko zenbatekoari dagokionez, eta onuradunari eskatu ahal izango dio hasieran eskatu ez diren frogagiriak aurkezteko. Egiaztagiri horiek zaintzapean eta eskura eduki beharko ditu.

3.– Aurkeztutako justifikazioaren ondorioz egiaztatzen bada dirulaguntzak gainditu egiten dituela benetan egindako gastuak, dirua itzultzeko egoki den prozedura abiaraziko da.

Hamaikagarrena.– Onuradunen betebeharrak.

1.– Onuradunek berehala jakinarazi beharko diote Kudeaketa Ekonomikoaren Zuzendaritzari dirulaguntza emateko baldintzetan izandako edozein aldaketa. Aldaketa horien berri ez ematea nahikoa arrazoi izango da laguntza errebokatzeko.

2.– Laguntza zertarako eman den, hartarako erabili beharko da, ez beste ezertarako.

3.– Era berean, dirulaguntza ematen duen administrazioak, Herri Kontuen Euskal Epaitegiak eta Administrazioaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoak egindako egiaztatze-jarduerak onartu beharko ditu onuradunak, halaxe ezartzen baitu Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.2 artikuluak.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak, sail eskudunaren bitartez, auditoriak egin ahal izango ditu ikastetxeetan, emandako datuak egiazkoak direla egiaztatzeko.

Hamabigarrena.– Dirulaguntza emateko erabakia aldatzea.

Dirulaguntza emateko aintzat hartutako baldintzak aldatzen badira, eta, nolanahi ere, aldi berean beste ekarpen batzuk lortzen badira arauetan baimendutako kasuetatik kanpo, aldatu egin daiteke dirulaguntza emateko erabakia, dirulaguntzei buruzko legerian ezarritakoaren arabera.

Hamahirugarrena.– Laguntza itzultzea eta balizko ez-betetzeak mailakatzeko irizpideak.

1.– Erabaki honen bidez emandako dirulaguntza jasotzeko ezarritako edozein baldintza edo betebeharrak betetzen ez badira, edo azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 37. artikuluan ezarritako kasuren bat gertatzen bada (besteak beste, laguntza ez erabiltzea diruz lagundu daitezkeen gastuetarako), arrazoi nahikoa izango da laguntza kobratzeko eskubidea galdu dela eta/edo itzuli behar dela erabakitzeko, lege horretan ezarritako prozedurarekin bat etorriz.

2.– Laguntza itzultzeko, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 42. artikuluan horretarako ezarritako prozedurari jarraituko zaio, hargatik eragotzi gabe bidezkoak diren gainerako ekintzak.

AZKEN APARTATUETAKO LEHENENGOA

Erabaki honetan ematen diren dirulaguntzak honako hauetan xedatutakoaren mende egongo dira: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea; Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legea; azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren VI. tituluan eta VII. tituluaren III. kapitulua; Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorrean adierazitako oinarrizko araudia, eta azken horren erregelamendua onartzen duen 887/2006 Errege Dekretua.

AZKEN APARTATUETAKO BIGARRENA

Erabaki honek onartzen den egunetik aurrera izango ditu ondorioak, eta emandako dirulaguntzak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira, zenbatekoa, xedea eta ikastetxea adierazita.

AZKEN APARTATUETAKO HIRUGARRENA

Erabaki honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Gobernu Kontseiluari, hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala