Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

34. zk., 2023ko otsailaren 17a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILERIA

Prestatu eta trebatzeko ikastaroak

SEGURTASUN SAILA
852

EBAZPENA, 2023ko otsailaren 8koa, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez Ertzaintzaren Oinarrizko Eskalako agente eta agente lehena kategoriako karrerako funtzionarioentzat Bide Segurtasunean Espezializatzeko Ikastaroan sartzeko hautaketa-prozedurarako deialdia egiten den.

Euskadiko Segurtasun Publikoaren Sistema Antolatzeko ekainaren 28ko 15/2012 Legearen 23. artikuluan eta Euskal Herriko Poliziaren Hautespen eta Prestakuntza Araudia onartzen duen uztailaren 19ko 315/1994 Dekretuaren 52. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoarekin bat etorriz, Segurtasun sailburuordeak egindako eskaera aintzat hartuta, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako Zuzendaritza Nagusiak Ertzaintzaren Oinarrizko Eskalako agente eta agente lehena kategoriako karrerako funtzionarioentzat Bide Segurtasunean Espezializatzeko Ikastaroan sartzeko hautaketa-prozedurarako deialdia egiten du, honako hauen arabera:

OINARRIAK

Lehenengoa.– Deialdiaren xedea.

1.– Ertzaintzaren Oinarrizko Eskalako funtzionarioentzat Bide Segurtasunean Espezializatzeko Ikastaroan sartzeko, lehiaketa sistema bitartez, hautaketa-prozedurarako deia egiten da.

Deitutako ikastaroak espezializazio-ikastaro izaera du, Euskal Herriko Poliziaren Hautespen eta Prestakuntza Araudia onesten duen uztailaren 19ko 315/1994 Dekretuko 54 eta ondorengo artikuluetan ezarritakoaren arabera.

2.– Deitutako plazak 60 dira, jarraian xehatuko denaren arabera:

– 40 plaza, agente kategoriako karrerako funtzionarioentzat.

– 20 plaza, agente lehena kategoriako karrerako funtzionarioentzat.

Deitutako plazen kopurua handitu ahal izango da Bide Segurtasuneko espezialitateari atxikitako kategoria desberdinetan hutsik dauden lanpostuen arabera, hautaketa-prozesu honen garapenean zehar gerta daitekeen edozein arrazoirengatik. Kopurua handituz gero, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako Iragarki taulan argitaratuko da Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiaren Ebazpenaren bidez, Euskal Herriko Poliziaren Hautespen eta Prestakuntza Araudia onartzen duen uztailaren 19ko 315/1994 Dekretuaren 40.2 artikuluan aurreikusitakoaren arabera.

Plaza-gehikuntza oinarri hauen bidez arautuko da eta, betiere, bederatzigarren oinarriko 3. puntuan aurreikusitako izapidearen aurretik ezarri beharko da.

Bigarrena.– Izangaien betekizunak.

1.– Hautaketa-prozeduran parte hartu nahi duen pertsona onartua izateko, ondoren zehazten diren baldintzak bete beharko ditu:

a) Aldez aurretik eskabidea betetzea.

b) Ondoko egoeretako batean izatea:

b.1.– Agente Kategoriako 40 plazetako hautaketa-prozeduran parte hartzeko, kategoria horretan karrerako funtzionario izendatuta egotea eta kategoria horretako administrazio-egoera aktiboan izatea.

b.2.– Agente lehena Kategoriako 20 plazetako hautaketa-prozeduran parte hartzeko, kategoria horretan karrerako funtzionario izendatuta egotea eta kategoria horretako administrazio-egoera aktiboan izatea.

c) Ebazpen hau argitaratzen denean izangaiak ezin izango du bere lanpostuan gutxieneko denbora batez egon beharra eduki (atxikita dagoen lanpostuan), non eta obligazio-aldi hori beteta ez dagoen, edo eskudun organoak errenuntzia onartu ez dion, edo atxikipen bera eskatzen duen beste lanpostu baterako parte hartu nahi ez duen, uztailaren 22ko 1/2020 Legegintzako Dekretuaren 97.3 eta abenduaren 22ko 388/1998 Dekretuaren azken paragrafoko 5.3 artikuluetan ezarritakoarekin bat etorriz.

d) Bide publikoetatik edozein potentzia eta pisutako motozikletak (A motako gidabaimena) gidatzeko administrazio-baimenaren titularra izatea, Gidarien Erregelamendu Orokorra onartzen duen maiatzaren 8ko 818/2009 Errege Dekretuarekin bat etorriz.

e) Bide Segurtasunean Espezializatzeko ikastaroetan sartzeko hiru deialdi edo gehiagotan parte hartu gabe egotea. Deialdi bat agortutzat emango da, eta zenbatgarritzat joko da, funtzionarioa ikastaroan parte hartzeko ontzat ematen den kasuan. Ez ordea, deia egiten duen organoak ikusten badu, nahi gabeko kausa dela-eta, izangaia ikastarora ez dela bertaratu edo ikastaroa ez duela amaitu. Hala denean, behar bezala justifikatuta egon beharko du.

f) Bide Segurtasuneko espezialitatea ez edukitzea.

2.– Hautaketa-prozeduran parte hartu nahi dutenek, eskaerak aurkezteko epea amaitzen den egunean bete beharko dituzte aurreko atalean ezarritako betekizun guztiak.

3.– Izangaia hautaketa-prozeduran onar dadin eta horretan parte har dezan, nahikoa izango da eskaeran baldintza guztiak betetzen dituela adieraztea, betiere eskabideak aurkezteko epea amaitzen denean. Organo deitzaileak ofizioz egiaztatuko du hori, eta, horretarako, Giza Baliabideen Zuzendaritzaren ziurtagiria eskatuko du, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren agiritegietan jasota ez dauden datuei dagokienez.

4.– Aurrekoa hala bada ere, hautaketa-prozeduraren edo prestakuntza ikastaroaren edota praktika-aldiaren uneren batean, onartutako eta baztertzeko zerrenda egiten duen eskudun organoak jakingo balu izangaietako bati deialdian parte hartzeko eskatutako baldintzen bat falta zaiola, hautaketa prozeduratik kanpo utziko luke, eta hala badagokio, prestakuntza ikastarotik baztertu egingo luke, beti ere, interesdunari entzun ondoren.

Hirugarrena.– Eskabideak.

1.– Hautaketa prozeduran parte hartu nahi dutenek eskabide-orria bete beharko dute saileko Intranetaren –Gurenet– bitartez, helbide horretan eskuragarri dagoen eskabide-eredua betez.

2.– Eskabideak aurkezteko epea, Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita 20 egun baliodunekoa izango da.

Laugarrena.– Izangaiak onartzea.

1.– Eskabideak aurkezteko epea bukatu ondoren, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiak hautaketa-prozeduran onartutakoen eta baztertutakoen behin-behineko zerrenda onartuko du, eta zerrenda hori hamabigarren oinarrian adierazi bezala argitaratuko da.

2.– Bazter utzitako izangai bakoitzari buruz, bazter utzi izanaren arrazoiak eman beharko dira aditzera behin-behineko zerrenda horretan. Erreklamazioak aurkezteko eta eskaerak izan ditzakeen akatsak zuzentzeko 10 egun balioduneko epea izango dute interesdunek.

3.– Aurkeztutako erreklamazioak Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiaren Ebazpen bidez onartu edo baztertuko dira, eta horren bitartez egingo da behin betiko onartutakoen eta baztertutakoen behin-behineko zerrenda, zeina hamabigarren oinarrian adierazi bezala argitaratuko den.

Bosgarrena.– Epaimahai Kalifikatzailea.

1.– Uztailaren 19ko 315/1994 Dekretuaren eta Euskal Herriko Poliziari buruzko Legearen testu bategina onartzen den 1/2020 Legegintzako Dekretuan aurreikusitakoen arabera, oposizio probak erabakitzeko, garatzeko eta ebaluatzeko Epaimahai Kalifikatzaile bat izendatuko da. Epaimahai hori mahaiburu batek, bi bokalek eta idazkari batek osatuko dute.

Epaimahai Kalifikatzailea osatzen duten kideen eta haien ordezkoen izendapena Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiaren Ebazpen bitartez argitaratuko da, hamabigarren oinarrian adierazi bezala.

Epaimahai kalifikatzailearen osaera orekatua izango da gizonen eta emakumeen artean, justifikatutako ezintasunik ezean. Ordezkaritza orekatutzat joko da sexu bakoitza gutxienez % 40an ordezkatuta dagoenean.

2.– Epaimahai Kalifikatzailearen jardunak organo kolegiatuen funtzionamenduko araudi erregulatzailean indarrean diren xedapenak aintzat hartuko ditu.

Epaimahai kalifikatzailearen kideei, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren 23. eta 24. artikuluetan jasotako errekusatze- edo abstentzio-zioak aplikatuko zaizkie.

3.– Hautaketa sistemaren lehiaketaren garapena eta ebaluazioa Epaimahai Kalifikatzaileari dagozkio, autonomia osoz jokatuz. Epaimahai hori prozeduraren objektibotasunez arduratuko da eta deialdiaren oinarriak betetzen direla bermatuko du.

4.– Epaimahai Kalifikatzaileak hautaketa-sistema aurrera eramateko behar diren neurriak hartu ahal izango ditu oinarri hauetan aurreikusi ez den guztian, eta haren interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren arazo guztiak ebatzi ahal izango ditu, bai eta bere eginkizunak betetzeko ere.

5.– Epaimahaiak ezin izango du deklaratu honako hau: onartutako izangaien kopuruak gai izango diren lanpostuen zenbatekoa gainditzen duela, alegia. Muga horretaz kanpo leudekeen proposamenak erabat legez kanpo egongo lirateke.

6.– Epaimahai Kalifikatzailearen Akordioak Hamabigarren Oinarrian adierazi bezala argitaratuko dira.

7.– Aipatutako Epaimahai Kalifikatzailean parte hartzen duenak, legez aurreikusitako ordainsaria izango du.

8.– Epaimahai Kalifikatzaileari helbide elektroniko honetara bidaliko zaizkio idazkiak: 2023seguridadvial@seg.euskadi.eus

Epaimahaiak bide berberaz, hots, posta elektronikoz, erantzungo die jasotzen dituen idazkiei, beti Ertzaintzako funtzionarioen banakako helbide elektroniko korporatiboa erabiliz.

Seigarrena.– Hautaketa-prozedura.

1.– Hautaketa-sistema lehiaketa izango da eta, Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren hautaketa- eta prestakuntza-erregelamenduaren 7. eta 55. artikuluetan xedatutakoaren babesean.

2.– Hautaketa-prozeduraren guztirako puntuazioa lehiaketa-fasean lortutakoen batura izango da, eta, hala badagokio, euskararen ezagutzaren merezimendu gisa ebaluatzetik ateratzen den puntuazioa gehituko zaio. Puntuazio horrek zehaztuko du hautaketa-sisteman parte hartzen dutenen lehentasun-ordena.

Zazpigarrena.– Lehiaketa.

1.– Bakarrik ebaluatu ahal izango dira eskaerak aurkezteko epea amaitu baino lehenago lortutako merezimenduak.

2.– Euskal Herriko Poliziaren Hautespen eta Prestakuntza araudia onartu zuen uztailaren 19ko 315/1994 Dekretuaren 13.3 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, merezimendutzat ezin izango dira hartu deialdian parte hartzeko eskatutako eskakizunak eta baldintzak.

3.– Ez da beharrezkoa izango merezimenduak alegatzea edo egiaztatzea. Epaimahai Kalifikatzaileak Giza Baliabideen Zuzendaritzari eta Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako Zuzendaritzari eskatuko die hautaketa-prozeduran onartu diren pertsonen merezimenduak ziurta ditzaten.

Epaimahai Kalifikatzaileak 4.2. atalari dagozkion merezimenduak egiaztatzeari buruzko Akordioa argitaratuko du Administrazioan dauden merezimenduen zerrendarekin, eta hirugarren atalean aipatutako zuzendaritzen datu-basean agertzen ez diren merezimenduak egiaztatzeko epea eta modua ezarriko ditu.

4.– Lehiaketa fasean merezimenduak guztira 40 punturaino baloratuko dira, baremo honen arabera:

4.1.– Historia profesionala aintzat hartuko da, eta, horren barruan, Trafikoko Lurralde Unitateei atxikitako lanpostuak bete izana, bai Ikerketa Kriminalaren espezialitatekoak, bai Bide Segurtasunekoak, baldin eta Euskal Herriko Polizia Kidegoetako funtzionarioen lanpostuak betetzeko araudia onartzen duen 388/1998 Dekretuaren II., III. eta IV. kapituluetan lanpostuak betetzeko aurreikusitako moduetako edozeinen bidez lortu badira.

Lanpostu bakoitza Ertzaintzako lanpostuen zerrendan jasotako lanpostu-kodearen bidez identifikatuko da. Ez dira lanpostu desberdintzat hartuko lanpostu-kode bereko dotazio desberdinak.

Atal honi gehienez 25 puntu emango zaizkio, 0,30 puntu zerbitzuetako hilabete oso bakoitzeko (unitatea baino zatiki txikiagoak baztertu egingo dira).

4.2.– Errepideko Motozikletak Gidatzeko Hobekuntza Ikastaroa egin eta gainditu izanagatik 5 puntu emango dira. Irizpide beraren arabera, balorazio bera esleituko da Bide Segurtasuneko Espezializazio-ikastaroko «Dotazioko ibilgailuak gidatzea» izeneko 3. moduluko «Motozikleta gidatzea» ikasgaia ikasi eta gainditzeagatik.

4.3.– Europar Batasuneko hizkuntza ofizialak jakitea merezimendu gisa baloratuko da, eta atal honetan gehienez lor daitekeen puntuazioa ez da inoiz 5 puntutik gorakoa izango. Hizkuntza bakoitzeko 2,50 puntu emango zaizkie B-2 mailako edo maila handiagoko ezagutzak dituztela egiaztatu dutenei, Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuko mailen gainean ezarritakoaren arabera, eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean.

Merezimendu horiek titulu ofizialen bidez egiaztatzea baino ez da onartuko. Ez da probarik egingo Europar Batasuneko hizkuntza ofizialen ezagutza egiaztatzeko.

4.4.– Antzinatasun-merezimendua Segurtasun Saileko Giza Baliabideen Zuzendaritzan dauden datuen arabera baloratuko da, eta 0,5 puntu emango dira Ertzaintzan emandako antzinatasun-urte oso bakoitzeko (unitatea baino zatiki txikiagoak baztertu egingo dira); gehieneko puntuazioa ez da inoiz 5 puntutik gorakoa izango.

Ertzaintzako antzinatasuna zenbatzeko, kontuan hartuko da zerbitzu aktiboko eta bigarren jarduerako egoeretan pertsonak igarotako denbora, praktiketako funtzionario gisa igarotako denbora barne. Era berean, honako egoera hauetan emandako denbora ere zenbatuko da: seme-alabak edo senideak zaintzeko eszedentzia; ordezkaritza-organo publikoetarako hauteskundeetan hautagai gisa parte hartzeagatiko borondatezko eszedentzia; genero-indarkeriagatiko eszedentzia; nahitaezko eszedentzia; zerbitzu bereziak; eta beste administrazio publiko batzuetako zerbitzuen administrazio-egoera. Zerbitzu aktiboaren edo bigarren jardueraren egoera aldatzen ez duten lizentziek eta baimenek ere ez dute antzinatasunaren zenbaketa etengo.

Antzinatasuna zenbatzen hasteko data praktiketako funtzionario izendapenak ondorioak dituen eguna izango da (Ertzaintzan sartzeko prozeduran), Ertzaintzako karrerako funtzionario izatera iritsi denean.

Falta arinagatiko eginkizun-gabetzeak ez du antzinatasunaren zenbaketa eteten. Era berean, ez da antzinatasun-denbora murriztuko hutsegite larrien kasuetan, etete-zehapena uztailaren 22ko 1/2020 Legegintzako Dekretuaren (Euskal Herriko Poliziaren Legearen testu bategina onartzen duena) 146. artikuluaren bosgarren idatz-zatian ezarritako modalitatearen bidez bete denean.

Zortzigarrena.– Euskararen ezagutza maila baloratzea.

Euskararen ezagutza agirien bidez egiaztatuko da. Hautaketa-prozesuan ez da euskararen ezagutza egiaztatzeko probarik egingo.

Eskabideak aurkezteko epea amaitzen den eguna hartuko da kontuan baloratzerakoan, zehaztapen hauen arabera:

Euskararen ezagutza merezimendu gisa baloratuko da, eta 4 puntu emango zaizkie Ertzaintzaren 2. hizkuntza-eskakizuna egiaztatuta dutenei, edo azaroaren 9ko 297/2010 Dekretuak ezarritakoaren arabera aitortu edo parekatu zaienei, haren bidez baliokidetzen baitira euskararen jakite-maila egiaztatzen duten tituluak eta ziurtagiriak eta orobat haren bidez parekatzen baitira titulu horiek Hizkuntzen Europako Erreferentzia Esparru Bateratuko mailekin (2010eko azaroaren 15eko EHAA, 219. zk.).

Ertzaintzaren 1. hizkuntza-eskakizuna egiaztatuta dutenei 2 puntu emango zaizkie, baita azaroaren 9ko 297/2010 Dekretuaren arabera aitortuta edo baliokidetuta daukatenei ere, euskararen jakite-maila egiaztatzen duten tituluak eta ziurtagiriak baliokidetu, haren bidez baliokidetzen baitira euskararen jakite-maila egiaztatzen duten tituluak eta ziurtagiriak eta orobat haren bidez parekatzen baitira titulu horiek Hizkuntzen Europako Erreferentzia Esparru Bateratuko mailekin (2010eko azaroaren 15eko EHAA, 219. zk.).

Bederatzigarrena.– Lehiaketako azken kalifikazioa.

1.– Lehiaketaren azken puntuazioa fase honetan lortutakoen batura izango da, eta, hala badagokio, euskara jakitea merezimendu gisa baloratzetik ateratzen den puntuazioa gehituko zaio. Halaber, hautaketa-prozeduran parte hartuko duten pertsonen lehentasun-ordena zehaztuko du.

2.– Sailkapenean puntuazio-berdinketarik baldin badago, irizpide hauen arabera ebatziko dira, hurrenkera hau bera erabiliz:

a) Otsailaren 18ko 4/2005 Legea, Gizonen eta Emakumeen arteko Berdintasunerakoa.

b) Euskararen ezagutzan lortutako puntuazio handiena.

3.– Hautaketa-prozeduraren kalifikazioa amaitu ondoren, Epaimahai Kalifikatzaileak hamabigarren oinarrian ezarritakoaren arabera onartu eta argitaratuko du ondorengoa, eta datu hauek bidaliko dizkio Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren Zuzendaritzari:

a) Lehiaketa-fasean punturik lortu duten eta hautaketa-prozeduran jarraitzen dutenen behin betiko zerrenda, kategoriatan eta puntuazio altuenetik baxuenera sailkaturik.

b) Sailkapen-hurrenkeraren, hurrenkerari jarraituz, kategoriaka hautatutako eta deitutako plaza-kopuruan tokia duten pertsonen zerrenda. Kategoria desberdinetako plazetara aurkezten diren pertsonen emaitzak bereiziko dira.

c) Hautatu ez diren pertsonen zerrenda, sailkapen-ordenaren lehentasunari jarraituz hautapen-sistema gainditu dutenek, baina deitutako plaza-kopuruaren barruan sartu ez direnek osatzen dutena. Kategoria desberdinetako plazetan parte hartzen duten pertsonen emaitzak bereiziko dira.

4.– Aurreko puntuan ezarritako argitalpenaren eta Bide Segurtasuneko Espezializazio Ikastarora sartzearen artean aldaketarik gertatzen bada hautatutako pertsonen zerrendan, Hamalaugarren Oinarrian aurreikusitako moduan argitaratuko da aldaketa hori zehaztuko duen Erabakia edo Ebazpena.

Hamargarrena.– Bide Segurtasunean Espezializatzeko Ikastaroa.

1.– Hautatutakoak, 9.3.b) Oinarrian xedatutakoaren arabera, Bide Segurtasunean Espezializatzeko Ikastaroa egiteko Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiak deituko ditu bere Ebazpenaren bitartez.

2.– Horrela hautatutakoak Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiak banatu ahal izango ditu, irakaskuntza-beharren eta Ertzaintzaren zerbitzuaren eta haren antolaketaren beharren arabera.

3.– 9 3.b) Oinarrian aipatutako pertsonen zerrenda amaituta dagoelako plazak ezin badira bete, 9.3.c) Oinarrian aipatutako zerrenda osatzen duten pertsonekin osatuko dira, Oinarri honen bigarren puntuan ezarritako esleipen-ordenaren arabera.

4.– Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiak izapidetuko die hautatutako pertsonei lanean hasteko jakinarazpena, Giza Baliabideen Zuzendaritzaren bitartez.

5.– Bide Segurtasunean Espezializatzeko Ikastaroa Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademian edo Akademiako zuzendariak izendatuko duen zentroan egingo da, eta ikastaro edota txanda batzuetan egin ahal izango da.

6.– Ikastaroaren azken kalifikazioa hamabigarren oinarriak ezarritako moduan argitaratuko da.

7.– Prestakuntza-ikastaroa ikastaroa amaitu baino lehen nahita uzteak aukera emango dio Administrazioari uko egiten dion pertsonari bere prestakuntzan inbertitutako zenbatekoak itzul ditzan.

Ondorio horietarako, jarduketa hauen ondoriozko zenbatekoak erreklamatu ahal izango dira:

– Prestakuntza-ikastaroaren zenbatekoa (indarrean dagoen prezio publikoei buruzko araudiaren arabera).

– Prestakuntza-ikastaroan entregatutako ekipamendu pertsonalaren zenbatekoa.

Hamaikagarrena.– Araubide Juridikoa.

1.– Prestakuntza-ikastaroak dirauen bitartean, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako Barne-araubidearen eta diziplina-araubidearen mende egongo dira ikasleak, eta, osagarri gisa, eta dena delako falta irakaskuntzako diziplina-huts soila ez den kasuetan, Euskal Autonomia Erkidegoko Polizia Kidegoen Diziplina Araubideko arauen mende.

Euskal Herriko Poliziaren Hautapen eta Prestakuntza Araudia onartzen duen uztailaren 19ko 315/1994 Dekretuaren 38.2 artikulua aplikatuz, betiere, hautaketa-prozesutik kanpo uzteko arrazoia izango da aurreko puntuan adierazitako bi arauetako edozeinetan arau-hauste astun edo oso astun bat egiteagatik zehapena ezartzea.

Era berean, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademia izango da eskola-jardueretara joatetik salbuesten duen edozein lizentzia edo baimen emateko organo eskuduna.

Prestakuntza-ikasturtean nahitaez joan behar da eskola-jardueretara, eta zerbitzu-premiatzat hartuko da edozein baimen-eskaera egiteko.

2.– Hautatutako pertsonei, ikastaroak egiten ari diren bitartean, betetzen ari diren lanpostuari buruzko lizentzia emango zaie.

3.– Bide Segurtasuneko espezializazio-ikastaroak gainditzeak ez du berez eskubiderik emango lanpostu jakin bati atxikitzeko, ezta espezialitate hori eskatzen duten lanpostuei esleitutako eginkizunak betetzeko ere. Hala eta guztiz ere, gainditzen duten pertsonak behartuta egongo dira, sortzen den lehen deialdian, 94. artikuluan aurreikusitako sistema arrunten bidez edo uztailaren 22ko 1/2020 Legegintzako Dekretuaren 105. artikuluko salbuespenezko sistemaren bidez, eta lehentasunez, lanpostu huts guztiak eskatzera, baldin eta, lanpostu horiek betetzeko, eskuratutako prestakuntza eta ezagutzak behar badira. Hala egin ezean, horietako edozeinetara atxiki edo esleitu ahal izango dira nahitaez. Azken kasu horretan, ez da inolako konpentsazio ekonomikorik jasotzeko eskubiderik izango.

Ikastaroa edo ikastaroak gainditu ondoren, gainditu duten pertsonak behin-behinean atxikiko ditu Giza Baliabideen Zuzendaritzak Bide Segurtasuneko espezialitatea behar duten plazetara.

4.– Prestakuntza-ikastaroak nahitaezkoak eta baztertzaileak izango dira, eta ez sartzeak edo ez gainditzeak pertsona hautaketa-prozesutik kanpo uztea ekarriko du, bai eta egon dakizkiokeen eskubide guztiak galtzea ere. Baztertzea Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiak deklaratuko du.

Aurreko lerrokadan xedatutakoa gorabehera, ezinbesteko arrazoiren bat dela-eta ikastaroan parte hartzen ez duten edo ikastaroa amaitzen ez duten pertsonek hurrengo ikastaroan parte hartu ahal izango dute, inguruabar eragozleak desagertu ondoren, baina horretarako eskaera egin beharko dute aldez aurretik.

Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiari dagokio auzia aztertzea, eta hari dagokio eman beharreko ebazpena egitea.

Hamabigarrena.– Argitalpenak.

Berariaz besterik xedatzen ez bada, argitalpenak Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako iragarki-taulan egingo dira, hargatik eragotzi gabe Gurenet intranet korporatiboan kontsultatu ahal izatea. Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako iragarki-taulan argitaratuko den data erabakigarria izango da epeak zenbatzeko.

Hamahirugarrena.– Deialdiaren zenbaketa.

Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren Hautapen eta Prestakuntza Araudia onartzen duen uztailaren 19ko 315/1994 Dekretuaren 56. artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako, funtzionarioa parte hartzeko onartzen denean, deialdi hau agortutzat eta, beraz, konputagarritzat joko da, salbu eta nahi gabeko arrazoi baten ondorio bada hautaketa-prozesura ez agertzea edo hura ez amaitzea. Arrazoi hori behar bezala justifikatu beharko da, eta deialdia egin duen organoak libreki balioetsiko du.

Azken kasu horretan, eraginpeko pertsonak eskaera egin beharko du, 9.3.b) oinarrian aurreikusitako izapidearen aurretik Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiari zuzendutako idazki baten bidez deialdia zenbatu ez dadin.

Hamalaugarrena.– Errekurtsoak.

Ebazpen honen kontra, administrazio-bideari amaiera ematen diona, interesdunek Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendariari Aukerako Berraztertzeko Errekurtsoa jarri ahal izango diote argitaratzen den biharamunetik hasita hilabeteko epean, edota zuzenean aurkaratu administrazioarekiko auzietarako orden jurisdikzionalean, argitaratzen den biharamunetik hasita bi hilabeteko epean. Azkeneko bide hori aukeratuz gero, administrazioarekiko auzietarako epaitegien lurralde-eskumenen arauak errespetatu beharko dira, Administrazioarekiko Auzigaietako Jurisdikzioari buruzko uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 14. artikuluan jasotakoak.

Deialdi honetatik, Epaimahai Kalifikatzaileen jardueratik edo Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako organoetatik ondorioztatzen diren egintza administratibo guztiak aurkaratu ahal izango dituzte interesdunek, administrazio-prozedura erkideari buruzko arautegian ezarritako era eta kasuetan.

Arkauti, 2023ko otsailaren 8a.

Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusia,

ANDRÉS ZEARRETA OTAZUA.


Azterketa dokumentala