Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

34. zk., 2023ko otsailaren 17a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
836

19/2023 DEKRETUA, otsailaren 7koa, Kulturaren Euskal Kontseiluaren antolaketari eta funtzionamenduari buruzkoa.

Azaroaren 7ko 219/2000 Dekretuak, Kulturaren Euskal Kontseilua sortu eta arautzen duenak, Eusko Jaurlaritzan Kulturaren arloko eskumenak dituen sailari atxiki zion aipatutako Kontseilua, baina horrek ez du esan nahi haren egitura hierarkikoan sartuko denik. Kulturaren Euskal Kontseilua kulturaren alorreko partaidetza, lankidetza eta aholkularitzarako kide anitzeko organo gorena da.

Aipatutako dekretuak zenbait aldaketa izan ditu bere funtzionamendu-araubidea hobeto egokitu zedin 2004. urtean Kulturaren Euskal Plana onartu eta garatu zenetik egin diren kultura-politikaren forma berrietara.

Gauzak horrela, gaur egun indarrean dago Kulturaren Euskal Kontseiluaren antolaketa- eta funtzionamendu-araudia aldatu eta bateratzen duen otsailaren 5eko 27/2008 Dekretua (2008ko otsailaren 15eko EHAA, 33. zk.).

XXI. mendean sartuta gaudenez, egokitzat jotzen da aipatutako xedapen guztiak bateratzea eta dagoen araudia testu bakar batean jasotzea, Kulturaren Euskal Kontseiluaren antolaketa eta funtzionamendua egungo garaietara egokitzeko.

Aldaketa horien artean, Kulturaren Euskal Kontseiluaren Erakundearteko Batzordearen izenaren aldaketa aipatu behar da; hain zuzen ere, dekretu honen arabera, Herri Administrazioen Kultura eta Ondare Batzordea (Hakoba Kultura) deituko da aurrerantzean.

Horrenbestez, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren proposamenez, Gobernu Kontseiluak 2023ko otsailaren 7ko bilkuran eztabaidatu eta onartu ondoren, hauxe

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Dekretu honen xedea da Kulturaren Euskal Kontseiluaren antolaketa eta funtzionamendua arautzea, eta Kontseiluaren organoak, osaera, eginkizunak eta izendapen-sistema zehaztea.

2. artikulua.– Izaera eta atxikipena.

1.– Kulturaren Euskal Kontseilua kulturaren alorreko partaidetza, lankidetza eta aholkularitzarako tresna da, eta arlo horretan eskumena duten Euskal Autonomia Erkidegoko erakundeek eta kulturaren sektoreko azpisektoreek osatzen dute. Arlo horretan, besteak beste, zeharkako jarduera-ildoak jasotzen dira, bai eta garapen sektorialak ere kultura-ondarearen, museoen, artxiboen, liburuen eta liburutegien, arte eszenikoen, ikus-entzunezkoen, musikaren eta arte plastikoen esparruan.

2.– Kulturaren Euskal Kontseilua Eusko Jaurlaritzan kulturaren arloko eskumena duen sailari atxikita dago, baina ez da haren egitura hierarkikoan sartzen.

3. artikulua.– Organoak.

Hauek dira Kulturaren Euskal Kontseiluak jarduteko izango dituen kide anitzeko organoak:

a) Osoko Bilkura.

b) Herri Administrazioen Kultura eta Ondare Batzordea (aurrerantzean, Hakoba Kultura, hori baita izen horren euskarazko laburdura).

c) Batzorde Bereziak.

4. artikulua.– Osoko Bilkuraren osaera.

1.– Honela egongo da osatuta Kulturaren Euskal Kontseiluaren Osoko Bilkura:

a) Kontseiluburua: Eusko Jaurlaritzan kulturaren arloko eskumena duen sailaren titularra.

b) Eusko Jaurlaritzan kulturaren arloko eskumena duen sailburuordetzaren titularra.

c) Eusko Jaurlaritzan kultura-ondarearen arloko eskumena duen zuzendaritzaren titularra.

d) Eusko Jaurlaritzan kultura sustatzearen arloko eskumena duen zuzendaritzaren titularra.

e) EITBren zuzendari nagusia edo hark eskuordetutako goi-karguduna.

f) Etxepare Institutuaren zuzendaria.

g) Gutxienez zuzendari-maila duen pertsona bat, Eusko Jaurlaritzan ekonomiaren sustapenaren, turismoaren, hezkuntzaren eta ogasunaren arloetan eskumena duen sail bakoitzaren ordezkari gisa.

h) Lurralde Historikoetako foru-aldundietan kulturaren arloko eskumenak dituzten sailen titularrak, edo, bestela, eskuordetza bidez, Kulturako zuzendari nagusia.

i) Euskal Autonomia Erkidegoko hiru Lurralde Historikoetako hiriburuetan kulturaren arloko eskumenak dituzten zuzendaritzen edo gobernu-esparruen titularrak, edo, bestela, eskuordetza bidez, Kulturako zuzendaria.

j) Euskadiko Udalen Elkartearen (EUDEL) ordezkari bat.

k) Euskal Autonomia Erkidegoan euskal kulturaren sektore profesionala osatzen duten eragileen ordezkari gisa, gehienez ere 35 pertsona, Eusko Jaurlaritzan kulturaren arloko eskumena duen sailaren titularrak izendatuta.

l) Eusko Legebiltzarreko Kultura Batzordeko batzordeburua.

m) Kulturaren Euskal Kontseiluko idazkaria, Eusko Jaurlaritzan kulturaren arloko eskumena duen sailaren titularrak izendatua. Halaxe jardungo du Osoko Bilkuretan, hitzarekin baina botorik gabe.

2.– Jorratuko diren gaietan adituak diren pertsonei parte hartzeko eskatu ahal izango die Osoko Bilkurak. Pertsona horiek hitz egiteko aukera izango dute, baina ez dute botorik izango.

5. artikulua.– Osoko Bilkurako kideak izendatzea.

1.– Eusko Jaurlaritzan kulturaren arloko eskumena duen sailaren titularrak izendatutako kideen agintaldiak lau urteko iraupena izango du, eta, hori amaitzerakoan, berriz ere izendatu ahal izango dituzte beste agintaldi baterako. Epe hori igarota, beren eginkizunak betetzen jarraituko dute, ordezkoen izendapenak ondorioak izan arte.

2.– Kulturaren Euskal Kontseiluko kideren bat bere karguagatik baldin bada kide, automatikoki utziko dio kide izateari, baldin eta izendatua izateko kontuan hartutako ezaugarri hori galtzen badu.

3.– Heriotzagatik, ezgaitasunagatik, uko egiteagatik edo antzeko arrazoiren bategatik hutsik geratzen diren postuak hilabeteko epean beteko dira (egoera hori Kontseiluko Idazkaritzari jakinarazten zaionetik aurrera), ordeztutako kideari geratzen zaion agintaldi-tarterako.

4.– Osoko Bilkura osatuko duten edo bertan parte hartuko duten pertsonak izendatzerakoan, kontuan hartuko da Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetan duten hizkuntza-gaitasuna, bai eta trebakuntza, gaitasun eta prestakuntza egokia duten emakumeen eta gizonen presentzia orekatua ere.

6. artikulua.– Osoko Bilkurako kontseiluburua.

1.– Kulturaren Euskal Kontseiluaren Osoko Bilkurako kontseiluburuak zeregin hauek izango ditu:

a) Kulturaren Euskal Kontseiluaren ordezkari izatea,

b) bilkuretarako deia egitea, Idazkaritzaren bidez,

c) bilkuren gai-zerrenda finkatzea,

d) bilkurei hasiera eta amaiera ematea,

e) eztabaidak bideratzea, parte-hartzaile bakoitzari hitza emanez, mintzaldiak moderatuz eta, hala badagokio, horien iraupena mugatuz, guztien parte-hartzea ahalbidetzeko eta bilkuren martxa ona bermatzeko,

f) erabakiak hartzerakoan berdinketarik bada, bere botoaren bitartez erabakitzea.

g) gai-zerrendan sartu ez diren gaien tratamendua proposatzea, hori egitea justifikatzen duten premiazko arrazoiak daudenean,

h) Kulturaren Euskal Kontseiluaren eta hirugarrenen arteko harremanetan solaskide gisa aritzea edo solaskidea nor izango den erabakitzea, esleitutako zereginak betetzeko; eta

i) kontseiluburuari dagozkion gainerako zeregin guztiak.

2.– Kulturaren Euskal Kontseiluaren Osoko Bilkurako kontseiluburu kargua hutsik geratuz gero, edo bera ez badago, gaixorik badago edo legezko beste arrazoiren bat gertatzen bada, kulturaren arloan eskumena duen sailburuordetzaren titularrak ordeztuko du, edo, bestela, azken horrek eskuordetuko du zeregin hori Kulturaren Euskal Kontseiluaren Osoko Bilkurako kideen artean.

7. artikulua.– Osoko Bilkurako idazkaria.

1.– Kulturaren Euskal Kontseiluaren Osoko Bilkurako idazkariak eginkizun hauek izango ditu:

a) Kontseiluko bilkuretara joatea, hitz egiteko eskubidearekin baina botorik gabe.

b) Osoko Bilkurako saioetako gai-zerrenda eta eztabaidatu beharreko gaiei buruzko dokumentazioa prestatu eta bideratzea.

c) Kontseiluburuaren aginduz, Osoko Bilkurako saioetarako deia egitea.

d) Kideek Osoko Bilkurari egindako komunikazioak eta, beraz, jakinarazpenak, datu-eskaerak, zuzenketak, edo Osoko Bilkuraren ardurapean egon behar duten bestelako idazkiak jasotzea.

e) Bileretako aktak idaztea eta baimentzea.

f) Onartutako akta, irizpen eta erabakien ziurtagiriak egitea, kontseiluburuak hala aginduta eta oniritzia emanda.

g) Kulturaren Erakundearteko Batzordea eta batzorde bereziak koordinatzea eta idazkaritza-lanak egitea.

h) Kide anitzeko organo bateko idazkari izateak berez dakartzan gainerako eginkizun guztiak betetzea.

2.– Kulturaren Euskal Kontseiluaren Osoko Bilkurako idazkari kargua hutsik geratuz gero, edo bera ez badago, gaixorik badago edo legezko beste arrazoiren bat gertatzen bada, kulturaren arloko eskumena duen sailaren titularrak izendatutako pertsona batek beteko du kargu hori, eta izendatutakoa sail horretako teknikarien artean hautatu beharko da.

8. artikulua.– Osoko Bilkuraren eginkizunak.

Hauek dira Kulturaren Euskal Kontseiluaren Osoko Bilkuraren eginkizunak:

a) Kulturaren arloko kudeaketa koordinatua ahalbidetzen duten neurriak proposatzea.

b) Kulturaren arloko jardunbide egokiak ezartzeko ekintzak proposatzea.

c) Informazioa eta ezagutza partekatzea eta, hala badagokio, horiei balioa ematea.

d) Euskal Autonomia Erkidegoarentzat erreferente diren eredu, proiektu edo esperientzia arrakastatsuak aurkeztea eta ezagutaraztea.

e) Hobekuntza- eta garapen-esparruak proposatzea, honako gai hauen inguruan: kulturaren arloko sorkuntza, prestakuntza, ekoizpena, zabalkundea, sozializazioa, kudeaketa, kultura-ondarea eta kultura- eta sormen-industriak.

f) Kudeaketari buruzko memoria bat idaztea, Euskal Sektore Publikoari buruzko maiatzaren 12ko 3/2022 Legearen 18.5 artikuluan aurreikusitakoaren arabera.

g) Bere xede eta eskumenen esparruan agintzen zaion beste edozein eginkizun.

9. artikulua.– Hakoba Kultura.

1.– Hakoba Kultura erakundearteko koordinazio-organo gisa eratu da, bai eta euskal administrazio publikoek kulturaren arloan ezagutzak trukatzeko gune gisa ere.

2.– Honako hauek dira Hakoba Kulturako kideak:

a) Batzordeburua: Eusko Jaurlaritzan kulturaren arloko eskumena duen sailaren titularra.

b) Eusko Jaurlaritzan kulturaren arloko eskumena duen sailburuordetzaren titularra.

c) Hiru Lurralde Historikoetako foru-aldundietan kulturaren arloko eskumenak dituzten sailen titularrak, edo, bestela, haiek eskuordetutako pertsonak.

d) Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen zuzendaria eta Kultura Sustatzeko zuzendaria.

e) Euskal Autonomia Erkidegoko hiru Lurralde Historikoetako hiriburuetan kulturaren arloko eskumenak dituzten zinegotziak, edo, bestela, haiek eskuordetutako pertsonak.

f) Euskadiko Udalen Elkartearen (EUDEL) ordezkari bat.

3.– Hakoba Kulturako idazkariaren eginkizunak Osoko Bilkurako pertsona berak beteko ditu, eta bileretan hitza izango du, baina botorik ez.

4.– Hakoba Kulturako batzordeburuak baimendu ahal izango du eztabaidatzekoak diren gaiei buruzko adituak egotea bileretan edo bileren zati batzuetan. Edonola ere, aditu horiek eurei dagokien gaian edo gaietan izango dute hitza, eta ez dute boto-eskubiderik izango.

5.– Hakoba Kultura osatuko duten edo bertan parte hartuko duten pertsonak izendatu eta hautatzerakoan, kontuan hartuko da Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetan duten hizkuntza-gaitasuna, bai eta trebakuntza, gaitasun eta prestakuntza egokia duten emakumeen eta gizonen presentzia orekatua ere.

10. artikulua.– Hakoba Kulturaren eginkizunak.

Hauek dira Hakoba Kulturaren eginkizunak:

a) Inplikatutako erakunde publikoen politikak koordinatzea, bakoitza bere jarduera- eta eskumen-eremuan.

b) Kulturaren arloko datuak, informazioak, esperientziak eta ezagutzak partekatzea.

c) Ildo estrategikoak eta ekintzak modu koordinatuan kudeatzea, eta, behar izanez gero, jarduerak hobetzeko proposamenak egitea.

d) Legeek edo erregelamenduek esleitzen dizkioten beste edozein funtzio.

11. artikulua.– Osoko Bilkuraren eta Hakoba Kulturaren ohiko eta ezohiko bilkurak.

1.– Osoko Bilkurak eta Hakoba Kulturak urtean ohiko bi bilkura egingo dituzte, gutxienez.

2.– Osoko Bilkurak zein Hakoba Kulturak ezohiko bilkurak egin ahal izango dituzte, kontseiluburuaren edo batzordeburuaren ekimenez, edo organo horietako bakoitzeko kideen bi herenak hala eskatuta.

Azken kasu horretan, eskaera idatziz egin beharko da, eta bileran aztertu beharreko gaia edo gaiak adierazi beharko dira idazki horretan. Ondoren, organo bakoitzeko kontseiluburuak edo batzordeburuak bilerarako deia egingo du 15 eguneko epean, eskaera jaso eta hurrengo egunetik aurrera.

Kontseiluburuak edo batzordeburuak beste zenbait aztergai sartu ahal izango ditu gai-zerrendan, organo bakoitzeko kideen eskabidean jasotakoekin batera.

12. artikulua.– Batzorde Bereziak.

1.– Osoko Bilkurak zein Hakoba Kulturak izaera teknikoko batzorde bereziak sortu eta izenda ditzakete. Batzorde horien zeregina laguntza eta babesa ematea izango da, modu iraunkorrean edo puntualean.

Batzorde horiek kulturaren inguruko alderdi eta gai espezifikoak jorratu ahal izango dituzte, Osoko Bilkurak eta Hakoba Kulturak eztabaidatu eta onar ditzaten.

2.– Kulturaren arloko eskumenak dituen sailaren titularrak finkatuko du sortzen den batzorde bereziaren funtzionamendu-araubidea, batzordea sortzeko akordioan jasotako jarraibideen arabera. Funtzionamendu-araubide hori modu orokorrean ezarri ahal izango da zenbait batzorde berezirentzat, edo, bestela, modu zehatzean ezarri ahal izango da batzorde horietako bakoitzarentzat. Nolanahi ere, zehaztu egin beharko dira batzordeburuaren eta idazkariaren eginkizunak.

3.– Honako hauek izan daitezke batzorde berezietako kide: Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoetako langileak eta kulturaren sektoreko profesionalak, betiere batzorde bakoitzaren helburuetarako egokienak direla uste bada.

4.– Batzorde berezietan parte hartuko duten pertsonak izendatu eta hautatzerakoan, lehentasuna emango zaio pertsona horien profil teknikoari edo aditu-profilari, baina ahalegina egingo da kontuan hartzeko Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetan duten hizkuntza-gaitasuna, bai eta emakumeen eta gizonen presentzia orekatua ere.

5.– Kulturaren Euskal Kontseiluko batzorde bereziek Kulturaren Euskal Kontseiluaren Osoko Bilkurako Idazkaritzaren laguntza izango dute.

13. artikulua.– Kulturaren Euskal Kontseiluko kide anitzeko organoen bilerak, eraketa eta erabakiak hartzeko modua.

1.– Kulturaren Euskal Kontseiluko kide anitzeko organoen deialdiak kontseiluburuek egingo dituzte, bileraren eguna baino zazpi egun natural lehenago, gutxienez. Deialdi bakoitzean, aztergaien zerrenda ezarriko da, bai eta bilkuraren eguna, tokia eta ordua ere.

2.– Kulturaren Euskal Kontseiluko kide anitzeko organoen kontseiluburuak premiazko bileren deialdiak egin ahal izango ditu, eta deialdi horiek ez ditu gutxieneko aurrerapen jakin batez egin beharko.

Premiazko bileren gai-zerrendako lehen puntuan, bilera premiazkoa dela berretsi beharko da. Berresteko erabakia organo horretako kideen botoen gehiengo soilez hartu beharko da. Berresteko erabakirik hartzen ez bada, kontseiluburuak amaitutzat emango du bilera.

3.– Kulturaren Euskal Kontseiluko kide anitzeko organoren bateko edozein kidek organo horretako kontseiluburuari proposatu ahal izango dio gairen bat sartzeko gai-zerrendan, betiere bilera egin baino 48 ordu lehenago, gutxienez. Proposamenarekin batera, memoria labur bat aurkeztu beharko du.

4.– Kulturaren Euskal Kontseiluko kide anitzeko organoak lehenengo deialdian eratuko dira modu baliagarrian, eta, horretarako, kontseiluburua eta idazkaria bertaratu beharko dira, edo, bestela, haien ordezkoak, eta gutxienez kideen erdiak.

Bertaratze-quorum hori lortzen ez bada, bigarren deialdian eratu ahal izango da modu baliagarrian, lehenengo deialdia egin eta 30 minutura. Horretarako, kideen herena bertaratu beharko da, betiere kide anitzeko organoko kontseiluburua eta idazkaria bertan direla.

5.– Kulturaren Euskal Kontseiluko kide anitzeko organoetan bozkatu beharreko txostenei, gomendioei eta gainerako dokumentazioari buruzko erabakiak kideen gehiengo soilez hartuko dira. Berdinketa gertatuz gero, kontseiluburuaren kalitatezko botoak erabakiko du.

6.– Bozketa-sistemak printzipio hauek beteko ditu: botoa zuzena, pertsonala eta eskuordeezina izango da. Era berean, organoko edozein kidek kontseiluburuari hala eskatzen badio, botoa isilpekoa izango da.

7.– Kide anitzeko organo horretako edozein kidek, baldin eta bilkuran badago, boto partikularra eman ahal izango du hartzen den edozein erabakiren aurka, betiere honako baldintza hauek betetzen baditu:

a) Bilkura amaitu baino lehen, boto partikularra emateko asmoa duela adieraztea.

b) Organoko idazkariari bere boto partikularra jasotzen duen agiria bidaltzea, 5 egun naturaleko epean, bilkura egin eta hurrengo egunetik aurrera.

Boto partikular horiek gehiengoak hartutako erabakiaren testuari erantsiko zaizkio, eta gehiengoaren iritziaren ondoren agertuko dira.

8.– Kulturaren Euskal Kontseiluko kide anitzeko organoen bilkuretan hartutako erabakiak aktan jasoko dira, eta, hain zuzen ere, organo bakoitzeko idazkariak idatziko du aipatutako akta hori.

Aktaren edukiari eta berau onartzeari dagokionez, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 18. artikuluan ezarritakoaren arabera jokatuko da. Nolanahi ere, idazkariak egiten den bilkura bakoitzaren akta idatziko du, eta kontseiluburuaren oniritziarekin sinatuko du. Aktak, gutxienez, informazio hau izango du:

a) Bertaratu diren kideak eta adituak.

b) Lekua, eguna eta ordua.

c) Gai-zerrendako zein puntu aztertu diren.

d) Bozketen forma eta emaitzak.

e) Hartutako erabakien edukia.

Aktak bilkura berean edo hurrengoan onartu ahal izango dira.

9.– Kulturaren Euskal Kontseiluak sareko lana sustatuko du Kontseiluaren Osoko Bilkuraren, Hakoba Kulturaren eta batzorde berezien mailan. Horretarako, informazioaren eta komunikazioaren teknologia berriak erabiliko dira barne-mailan, bai eta herritarren parte-hartzea sustatzeko eta gizarteak arlo horretan egiten dituen eskaerak entzuteko ere.

14. artikulua.– Kulturaren Euskal Kontseiluko kide anitzeko funtzionamendu-organoetako kideek egindako lanari egotz dakizkiokeen gastuengatiko konpentsazioa.

1.– Kulturaren Euskal Kontseiluko kide anitzeko funtzionamendu-organoetako kide izateak ez du horren truke ordainsaririk jasotzeko eskubiderik ematen.

Hala ere, kideek konpentsazio ekonomiko bat jasotzeko eskubidea izango dute kide anitzeko organo horien bilkuretara joateagatik, bai eta kalte-ordain bat ere, bilera horiek egiten diren tokira joateko joan-etorrien gastuengatik.

2.– Kulturaren Euskal Kontseiluko kide anitzeko organoen bileretara joateagatik ez da inola ere konpentsazio ekonomikorik jasotzeko eskubiderik egongo, baldin eta kide horiek Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoren batean betetzen duten karguagatik edo lanpostuagatik badira organoko kide, edo arrazoi horregatik parte hartzen badute organoan.

3.– Bileretara joateagatiko konpentsazio ekonomikoak eta joan-etorrien gastuengatiko kalte-ordainak kalkulatzeko, zerbitzuen ondoriozko kalte-ordainei buruzko otsailaren 2ko 16/1993 Dekretuan edo hura ordezten duen arauan xedatutakoaren arabera jokatuko da.

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA.– Kulturaren Euskal Kontseiluko kideak izendatzea.

Dekretu honen 5.1 artikuluan aurreikusitako ondorioetarako, dekretu hau indarrean jarri eta hurrengo egunetik aurrera, hilabeteko epean, Eusko Jaurlaritzan kulturaren arloko eskumena duen sailaren titularrak euskal kulturako erakunde eta organismo adierazgarrienetara joko du, eta Kulturaren Euskal Kontseiluko kide izango diren pertsonei eskatuko die izendapena eta kargua onar ditzatela.

Era berean, epe horretan, pertsona fisiko jakin batzuengana joko du; hain zuzen ere, euskal kulturaren munduan duten izenagatik, organo horretan parte hartzeko interesgarriak direla uste duenengana, izendapena eta kargua onar ditzaten.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Lankidetza.

Kulturaren Euskal Kontseiluak sustatu egingo du Euskal Autonomia Erkidegokoak ez diren euskal kulturako lurraldeetako erakunde publikoekiko eta ekimen pribatuekiko lankidetza.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indargabetuta geratzen da Kulturaren Euskal Kontseiluaren antolaketa- eta funtzionamendu-araudia aldatu eta bateratzen duen otsailaren 5eko 27/2008 Dekretua, bai eta dekretu honetan ezarritakoaren aurka dauden maila bereko edo txikiagoko xedapenak ere.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Ordezko araubidea.

Dekretu honetan ezarri ez direnetan eta Kulturaren Euskal Kontseiluak onartzen dituen funtzionamendu-arauetan, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legean eta Euskal Sektore Publikoari buruzko maiatzaren 12ko 3/2022 Legean kide anitzeko organoei buruz ezarritakoa aplikatuko da.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Dekretua garatu eta betearaztea.

Eusko Jaurlaritzan kulturaren arloko eskumena duen sailaren titularrari eskumena ematen zaio dekretu hau garatu eta betearazteko beharrezkoak diren xedapen guztiak eman ditzan.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA.– Indarrean jartzea.

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean dekretu hau.

Vitoria-Gasteizen, 2023ko otsailaren 7an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,

BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.


Azterketa dokumentala