Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

30. zk., 2023ko otsailaren 13a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

LURRALDE PLANGINTZA, ETXEBIZITZA ETA GARRAIO SAILA
725

17/2023 DEKRETUA, urtarrilaren 31koa, Igorreko Eremu Funtzionalaren Lurralde Plan Partzialaren aldaketa, paisaiaren zehaztapenei buruzkoa, behin betiko onartzen duena.

1.– Irailaren 14ko 239/2010 Dekretuaren bidez, behin betiko onartu zen Igorreko Eremu Funtzionalaren Lurralde Plan Partziala. Lurralde Plan Partzial horrek antolamendu integrala ezartzen du Eremu Funtzional osoan, hau da, Arantzazu, Areatza, Artea, Bedia, Dima, Igorre, Lemoa eta Zeanuriko udalerrietan.

2.– Aldaketa honek, 2018an Bizkaiko Foru Aldundiko orduko Garraio, Mugikortasun eta Lurralde Kohesio Sailak sustatu zuenak, Igorreko Eremu Funtzionalaren Lurralde Plan Partzialean paisaiaren zehaztapenak sartzea du helburu.

3.– Aldaketa hau ez-funtsezkotzat jo zen eta hasierako onarpena eman zitzaion Bizkaiko Foru Aldundiaren Gobernu Kontseiluaren 2018ko abenduaren 26ko eta 2019ko apirilaren 16ko Erabakien bidez hurrenez hurren, garai hartan indarrean zegoen irailaren 9ko 206/2003 Dekretuan aurreikusitako izapideekin bat etorriz. Dekretu horren bidez arautzen da Lurraldearen Antolamendurako Gidalerroen eta Lurraldearen Arloko Planen funtsezkoak ez diren aldaketak onartzeko prozedura.

4.– Bizkaiko Foru Aldundiko Gobernu Kontseiluak 2021eko martxoaren 2an hartutako Erabakiaren bidez, aldaketa hori behin-behinean onartu zen, indarrean dagoen martxoaren 24ko 46/2020 Dekretuak, lurralde-antolamenduko planak eta hirigintza-antolamenduko tresnak onartzeko prozedurak arautzen dituenak, xedatutakoaren arabera.

5.– Ingurumen-ebaluazioaren prozedurari dagokionez, Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorrean, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean eta Plan eta programen ingurumen-ebaluazio estrategikoaren prozedura arautzen duen urriaren 16ko 211/2012 Dekretuan xedatutakoari jarraikiz, Ingurumen Administrazioaren zuzendariaren 2020ko irailaren 16ko Ebazpenaren bidez egin zen Lurralde Plan Partzialaren aldaketaren ingurumen-adierazpen estrategikoa, zeinaren edukia Planaren aldaketa honi erantsi baitzaio.

6.– Lurralde-antolamenduko planak eta hirigintza-antolamenduko tresnak onartzeko prozedurak arautzen dituen martxoaren 24ko 46/2020 Dekretuaren 7. artikuluan xedatutakoaren arabera, Lurralde Plan Partzialaren aldaketak I. eranskinean jasotzen ditu antolamendu-arauak eta II. eranskinean ingurumen-alderdiak txertatzeari buruzko laburpena, planaren aldaketa honen aplikazioak ingurumenean izango dituen eraginen jarraipen-neurriak barne.

7.– Gobernu Kontseiluak Planaren aldaketa honi behin betiko onarpena eman diezaion, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak du hari helarazteko eskumena, martxoaren 24ko 46/2020 Dekretuak, lurralde-antolamenduko planak eta hirigintza-antolamenduko tresnak onartzeko prozedurak arautzen dituenak, 22.6 artikuluan xedatutakoaren arabera.

Beraz, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuaren proposamenez eta Gobernuaren Kontseiluak 2023ko urtarrilaren 31n egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

Artikulu bakarra.– 1.– Behin betiko onartzea Igorreko Eremu Funtzionalaren Lurralde Plan Partzialaren aldaketa, paisaiaren zehaztapenei buruzkoa. Plan horren antolamendu-arauak dekretu honen I. eranskinean daude jasota, eta II. eranskinean, berriz, ingurumen-alderdiak txertatzeari buruzko laburpena, planaren aldaketa hau aplikatzeak ingurumenean dituen ondorioen jarraipen-neurriak barne.

2.– Lurralde Plan Partzialaren aldaketa osatzen duten dokumentuak eskuragarri daude Bizkaiko Foru Aldundiaren helbide elektronikoan: https://www.bizkaia.eus/hirigintza/lurraldekozatiegitasmoa/areas.asp?idarea=6&Tem_Codigo=3726&Idioma=EU

AZKEN XEDAPENA

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2023ko urtarrilaren 31n.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburua,

IGNACIO MARÍA ARRIOLA LÓPEZ.

I. ERANSKINA, URTARRILAREN 31KO 17/2023 DEKRETUARENA
ANTOLAMENDU ARAUAK

1. artikulua.– Paisaiaren zehaztapenen helburua.

1.– Paisaiaren zehaztapen hauek gomendiozko izaera duten xedapenak dira eta beren xedea Igorreko Eremu Funtzionaleko Paisaia Kalitateko Helburuak (PKH) garatzea da.

2.– Paisaiaren Zehaztapenak Igorreko Eremu Funtzionaleko Paisaiaren Katalogoan daude oinarrituta.

3.– Trenbidearen arloko araudiari buruzko eranskina erantsi zaie antolamendu-arauei.

2. artikulua.– Paisaia-domeinuak eta paisaia-unitateak.

1.– Igorreko eremu funtzionalean hamar paisaia-unitate ezberdin batzen dituzten hiru paisaia-domeinu bereizi dira. Unitate hauek, paisaiaren aldetik koherenteak izanik, paisaia babestu, kudeatu eta antolatzeko araubide espezifiko bat hartzeko gai diren eremuak dira.

2.– Hauek dira hiru paisaia-domeinuak:

a) Isurialdeak banatzen dituzten mendiak

b) Baso-nekazaritza mosaiko atlantiarra

c) Ibar-hondo atlantiarra

3.– Eremu Funtzionaleko hamar paisaia-unitateak hauek dira:

a) Isurialdeak banatzen dituzten mendiak

Gorbeia

Urkiola

b) Baso-nekazaritza mosaiko atlantiarra

Barazar-Lapurriketa

Indusiren goi-ibarra

Arratiaren goi-ibarra

Dima

Basoa

Lemoatxa

c) Ibar-hondo atlantiarra

Arratia ibaia

Ibaizabal ibaia

4.– Paisaia-domeinuen eta paisaia-unitateen mugak Igorreko Eremu Funtzionaleko Paisaiaren Katalogoko 10. mapan «Paisaia Unitateak» jaso dira.

3. artikulua.– Paisaia-interes bereziko eremuak.

1.– Igorreko Eremu Funtzionalean paisaia-interes bereziko 42 eremu (PIBE) identifikatu dira. Babes-figurarik ez duten PIBEetan, paisaia babestu, kudeatu eta antolatzeko jarduketak zehaztuko dituzten Paisaiaren Ekintza Planak egitea gomendatzen da.

Paisaiaren Ekintza Plan hauek Igorreko Eremu Funtzionaleko Katalogoan PIBE bakoitzarentzat ezarritako argibideak hartuko dituzte kontuan.

2.– Igorreko Eremu Funtzionaleko paisaia-interes bereziko eremuak honako hauek dira:

1.– Paisaia naturalak:

– 1.1. PIBE. Gorbeiako Parke Naturala

– 1.2. PIBE. Urkiolako Parke Naturala

– 1.3. PIBE. Indusiko karsta

– 1.4. PIBE. Aramotzeko artadi kantauriarra

– 1.5. PIBE. Ilunbeko artadi kantauriarra eta karsta

– 1.6. PIBE. Arlanpeko harkaitzak

2.– Uraren paisaiak:

– 2.1. PIBE. Ondo kontserbatutako ibaiertzak

– 2.2. PIBE. Narriatutako ibaiertzak

– 2.2.A. PIBE. Undurragako urtegiaren atzealdea

– 2.2.B. PIBE. Arratia Areatzan

– 2.2.C. PIBE. Arratia Igorren

– 2.2.D. PIBE. Arratia Urkizun (Igorre)

– 2.2.E. PIBE. Indusi Ugaranan (Dima)

– 2.2.F. PIBE. Ibaizabal Lemoan

– 2.3. PIBE. Urtegiak

– 2.3.A. PIBE. Undurraga

– 2.3.B. PIBE. Lekubaso

3.– Nekazaritza paisaiak:

– 3.1. PIBE. Ondare kulturalari lotutako paisaia

– 3.1.A. PIBE. Ipiña-Lanbreabe (Zeanuri)

– 3.1.B. PIBE. Altzuste (Zeanuri)

– 3.1.C. PIBE. Zulaibar (Zeanuri)

– 3.1.D. PIBE. Artaun-Oba (Dima)

– 3.1.E. PIBE. Igartza-Ibarretxe (Artea)

– 3.1.F. PIBE. Elorriaga (Lemoa)

– 3.1.G. PIBE. Arraño (Lemoa)

– 3.1.H. PIBE. Utxarain (Bedia)

– 3.2. PIBE. Nekazaritzako ibar-hondoa:

– 3.2.A. PIBE. Arratiako ibar-hondoa

– 3.2.B. PIBE. Indusiko ibar-hondoa

– 3.2.C. PIBE. Ibaizabaleko ibar-hondoa Lemoan

– 3.2.D. PIBE. Ibaizabaleko ibar-hondoa Bedian

– 3.3. PIBE. Bildosolako larreak

4.– Hiri-kokalekuei eta jarduerei lotutako paisaiak:

– 4.1. PIBE. Areatzako Herrigune Historikoa

– 4.2. PIBE. Herri eta herri-ingurune jarraia (Bedia-Lemoa)

– 4.3. PIBE. Narriatutako industria-guneak

– 4.3.A. PIBE. Bolunburu (Lemoa)

– 4.3.B. PIBE. Urkizu (Igorre)

– 4.4. PIBE. Harrobiak, zabortegiak eta betelanak

– 4.4.A.1. PIBE. Peña Lemona harrobia (zaharberritzen)

– 4.4.A.2. PIBE. Murgia harrobia (Lemoa)

– 4.4.A.3. PIBE. Apario zabortegia eta harrobia (Igorre-Lemoa)

– 4.4.A.4. PIBE. Bildosolako betelanak

– 4.4.A.5. PIBE. Bidestubieta zabortegia

– 4.4.B. PIBE. Bertan-behera utzitako harrobiak (Igorre eta Dima)

– 4.5. PIBE. Etorkizuneko garapenak Igorren

5.– Ageriko paisaiak.

– 5.1. PIBE. Errepide inguruak

– 5.1.A. PIBE. N-240 ingurua Areatzan

– 5.1.B. PIBE. Barazar portua (handitu liteke)

– 5.2. PIBE. Oso agerian dauden lekuak

3.– Paisaia-interes bereziko eremuen mugak Igorreko Eremu Funtzionaleko Paisaiaren Katalogoko 11. mapan «Paisaia Interes Bereziko Eremuak» jaso dira.

4. artikulua.– Paisaia Kalitateko Helburuak (PKH).

1.– Igorreko Eremu Funtzionaleko paisaiaren babesa eta kontserbazioa sustatzeko paisaia-kalitateko helburuak hauek dira:

1.PKH.– Egoitzarako hiri-garapen berriak paisaian integratu, trinkoak, dimentsio egokikoak eta beti ere finkatu gabeko, narriatutako edota erabilerarik ez duten lurzoruak bete eta berroneratu ondoren, inguruarekin bat datozen eta ikusizko inpaktu baxua duten eraikin motak sustatuz.

2.PKH.– Jarduera ekonomikoetarako eremuak hiri eta hiri-inguruko paisaian integratu, paisaia-hauskortasun txikiko eremuetan kokatuz, paisaia-intrusio handiko elementuen sarrera saihestuz (formak, koloreak, materialak...).

3.PKH.– Herrigunetako sarbideen zaharberritzea eta hobekuntza landa paisaia eta hiri eta hiri-inguruko paisaiaren arteko trantsizio harmonikoa ahalbidetuz, eta giza kokaguneak inguruko paisaian integratu eta artikulatu kalitatezko paisaiak emango dituzten parke eta espazio publiko sare baten bidez.

4.PKH.– Azpiegitura linealen (energetikoak, errepideak eta trenbideak) eta telekomunikazio-azpiegituren paisaia-integrazioa.

5.PKH.– Hondakinen kudeaketarako azpiegituren (zabortegiak eta betelanak, hondakin-uren araztegiak, garbiguneak, etab.) eta erauzketa jardueren paisaia-integrazioa, jatorrizko paisaia berreskuratuz edo, hau ezinezkoa denean, behin jarduerak etendakoan paisaia berriak sortuz.

6.PKH.– Landa-guneak eta barreiatutako eraikinak inguruan integratu nekazaritza-kultura eta nortasun-paisaiak babestu eta balioan jarriz.

7.PKH.– Nekazaritza eta abeltzantza erabilerei lotutako paisaiak babestu (belardi mosaikoak, larreak, zuhaixka heskaiak, abelbideak, harrizko hesiak, laborantza tradizionalak, hostozabalen basoak...), nekazaritza eta abeltzantza jardueran mantendu eta sustatuz.

8.PKH.– Paisaia dibertsitatea eta dibertsitate biologiko handiagoa, azalera handiko espezie bakarreko landaketak mugatuz landaketa mistoen bidez eta bertako baso orbanak eta nekazal paisaiak tartekatuz.

9.PKH.– Hezegune, ibai, erreka eta ibaiertzen kontserbazioa edota birnaturalizazioa, izan hiri edo hiri kanpoaldeko eremuetan zein landa eremuetan, herritarren erabilera eta gozamenarekin bateragarria.

10.PKH.– Paisaia naturalen babesa eta kontserbazioa, baliabide naturalen erabilera eta ustiapenarekin eta baita hauetarako sarrera, pertzepzioa eta gozamenarekin ere bateragarria izango dena. Era berean, ikusmen eta nortasun erreferentzia diren hondo-eszenikoen babesa.

11.PKH.– Lurraldean dauden eta Eremu Funtzionalarentzat erreferentzia diren ondare-elementuak kontserbatu, berriztu eta balioan jarri, erabilera berriak edota turismoari lotutako jarduerak baimenduz.

12.PKH Eremu Funtzionaleko paisaia esanguratsuenak balioan jarriko dituen paisaia-ibilbide, ekipamendu eta begiratokien sarea mantendu eta hobetu.

13.PKH.– Eskumena duten administrazioen arteko lankidetza indartu eta paisaiaren kontserbazio eta hobekuntzari buruzko dibulgazioa, heziketa, sentsibilizazioa eta herritarren erantzunkidetasuna sustatu.

2.– Paisaia-kalitateko helburu hauek Paisaiaren Zehaztapenetan garatu dira eta, edozein kasutan, hirigintza-plangintza eta sektoreko lurralde plangintzarentzat oinarrizko iradokizunak izango dira.

3.– Paisaia-kalitateko helburuak Igorreko Eremu Funtzionaleko Paisaiaren Katalogoko 12. mapan «Paisaia-Kalitateko Helburuak» mugatu dira.

5. artikulua.– Egoitzarako hiri-garapen berrien paisaia-integrazioari buruzko zehaztapenak (1 PKH).

A) Hiri-garapen berriak natura eta paisaia balio eta ikusizko hauskortasun txikiena duten eremuetan kokatzea, narriadura maila handiena dutenak lehenetsiz eta herriguneen hazkunde trinkoak sustatuz.

B) Erabilera, eraikin eta espazio libreak inguruan duten integrazio maila kontuan hartuz kokatzea, hondo eszenikoetaranzko eta nortasunezko eta ondare diren eremuetaranzko ikuspegiak errespetatu eta balioan jarriz.

C) Interes handiko herriguneen profila babestu [Ugarana (Dima), Areatza eta Zeanuri], ikuspegiak behin-betiko oztopatu eta jatorrizko paisaiaz, paisaia gogoangarriez eta ondare elementuez gozatzea zailduko duten jarduerak saihestuz.

D) Hiri garapen berrien plangintza egiterako garaian edo oraindik garatu gabeko kokaguneen egokitasuna berraztertzerakoan aukeren analisian paisaia irizpideak txertatzea. Era berean, eremu hauen paisaia integraziorako neurri eraginkorrak ezartzea, ikusizko eragina txikituz eta itxurari berezko nortasuna emanez.

Zehaztapen hau ondorengo eremuetan edo etorkizunean ager daitezkeen beste batzuetan erabiliko da:

Arantzazu: UER-23 Hiri Lurzorua eta LPPko proposamena (B1)

Areatza: Erdialdeko sektore urbanizagarria eta LPPko proposamenak (B1 eta C1)

Artea: SAPU Gaztelu eta SAPU Centro-Errotabarri sektore urbanizagarriak eta LPPko proposamena (B1)

Bedia: Elexalde 2 Lurzoru urbanizagarria eta LPPko proposamenak (B1, B2 eta B3)

Dima: Lurzoru urbanizagarria (1 Ugarana-Ibarra sektorea) eta LPPko proposamenak (B1, B2 eta B3)

Igorre: Z-e eta Z-23 lurzoru urbanizagarri zonak eta LPPko proposamenak (A1, B1, B2, C1 eta C2)

Lemoa: SR-1 Arantxe eta SR-2 San Inazio lurzoru urbanizagarriak eta LPPko proposamenak (B1 eta B2)

Zeanuri: Egikaritza unitateak (UE 3.3 eta UE 2.1), lurzoru urbanizagarria (3.5 Area) eta LPPko proposamenak (A1, B1 eta B2)

E) Narriatutako hiri-ehundurak balioan jarriko dituzten hiri-birgaitze eta hiri-berrikuntza prozesuak martxan jartzea, hiri-irudia zuzenean hobetuz.

F) Hiri garapen eta azpiegitura berrien paisaia-integrazioari buruzko hirigintza-araudi zehatza definitzea.

6. artikulua.– Jarduera ekonomikoetako eremuak hiri eta hiri kanpoaldeko paisaian integratzeari buruzko zehaztapenak (2 PKH).

A) Egungo jarduera ekonomikoetako lurzoruen okupazioa optimizatzea, daudenak bete arte lurzoru berrien kolonizazioa saihestuz eta gutxiegi erabilitako edo lurzoru kutsatuen arazoak dituzten eremuak berroneratuz.

B) Jarduera ekonomikoetarako garapen berrien balizko kokapenak aukeratzerakoan, edota oraindik garatu gabeko kokaguneen egokitasuna berraztertzerakoan, paisaia-inpaktua ebaluatu.

Zehaztapen hau ondorengo eremuetan edo etorkizunean ager daitezkeen beste batzuetan erabiliko da:

Areatza: Zubizarra-Asterria sektore urbanizagarri industriala

Dima: Ziarrusta sektore urbanizagarri industriala

Igorre: Z-26 sektore urbanizagarri industriala

Lemoa: Bolunburu 2 eta S.I.1 Apario sektore urbanizagarri industrialak

Zeanuri: UE 4.1 Lezeaga Egikaritze Unitatea

C) Errepideen inguruan (Murtaza eta San Lorenzo Bedian; Mendieta, Cementera eta Bolunburu Lemoan; Urkizu eta Basauntz Igorren eta Ziarrusta Igorre eta Dima artean) eta trenbide inguruan (Bolunburu, Cementera eta Zubieta Lemoan) egonagatik oso agerikoak diren industria eta industrialde zaharren berroneratzea eta paisaia-integrazioa sustatzea.

D) Paisaia-kalitatean eragin nabarmena duten industria eta jarduera ekonomikoetarako eremuak bisualki hobetzea (espazio publikoa eta herrigunetako sarrerekin duten harremana hobetzea, ur ibilgu eta ibaiertzeko landarediarekin duten harremana orekatzea, etab.)

Zehaztapen hau ondorengo eremuetan erabiliko da:

Zeanuri: Olabarri industrialdea

Lemoa: Bolunburu industrialdea

Igorre: Urkizu industrialdea

Dima: Ziarrusta (BI-2542) industrialdearen ingurua

E) Ahal den heinean, lagapen azalerak jarduera ekonomikoetako eremuen perimetrora eramatea landare hesiak edo bestelako neurriak jartzea ahalbidetzeko, lehendik dauden elementuen ikus-inpaktua murriztea beharrezkoa bada.

F) Dauden industria-ondare elementuak balioan jarri. Udal mailan identifikatu daitezkeen beste elementu batzuez gain, honakoak aipatu dira:

Barazargo zentral hidroelektrikoa

Dimako zentral hidroelektrikoak (Atremin 2 eta Errotazar)

Cementos Portland Lemoan

Areatzako hiltegia

G) Seinale eta publizitate-panelak arautu eta harmonizatu, ahal dela, estetika bateratu bat mantenduz eta bat ez datozen elementuak sartzea saihestuz.

H) Jarduera ekonomikoetako eremuen paisaia-integrazioari buruzko hirigintza-araudi zehatza definitzea.

7. artikulua.– Herriguneetako sarbideak zaharberritu eta hobetzeari, eta era berean, inguruko paisaietan integratu eta artikulatzeari buruzko zehaztapenak (3 PKH).

A) Igorreko Eremu Funtzionala osatzen duten herri bakoitzaren izaera eta nortasuna indartzen lagunduko duen herri eta landa eremuen arteko trantsizio orekatua bultzatzea, hiri-jarraitu berriak sortzea ekidinez.

B) Herriguneetako sarbide eta herri kanpoaldeko eremuen paisaia hobetzeko neurriak ezartzea, besteren artean, urbanizazioaren kalitatea hobetuz eta, beharrezkoa izanez gero, paisaian eragina duten ortu eta hauei lotutako eraikinak berroneratuz (itxidurak, txabolak, etab.).

Zehaztapen hau bereziki interesgarria izan daiteke Igorretik Lemoarako sarbidean, Lemoatik Igorrerako sarbidean eta Usansolotik Bediarako sarbidean.

C) Trenetik ikus daitezkeen paisaia-kalitate baxuko hiri-atzealdeak hobetzea, batez ere, Lemoako geltokiaren inguruan (Zubieta).

D) Elkarrekin eta landa paisaiekin lotutako pasealeku eta espazio publikoen sarea artikulatu, hiri- eta hiri-kanpoaldeko paisaiari balioa erantsiko dioten elementu sinboliko, historiko edo naturalak barneratuz, herritarren gozamenerako balioko duten trantsizio eremu erakargarriak sortuz eta herrietako sarbide bakoitza besteengandik bereiziz.

Zehaztapen hau aurrera eramateko balizko neurriak Bedia eta Lemoa artean, Mendieta industrialdearen atzealdetik, kalitatezko espazio libre bat diseinatzea eta ibaiertzeko eremuak pixkanaka libratzea izan daitezke.

E) Herriko espazio publiko berdeekin lotuta egongo liratekeen eta zuhaitzez hornitutako bide, pasealeku eta eremuak txertatu edo dauden tokietan indartu, azpiegitura berde moduko bat eratuz.

Zehaztapen hau aurrera eramateak garrantzia dauka Bedia-Lemoa trantsizioan.

F) Herriguneetako sarbideetako argiteria hiri-argiteriatik bereizita diseinatzea, herrietako sarrerak identifikatzeko balio arren landa eremuko gau paisaia eraldatu eta argi kutsadura eragin gabe.

G) Herriguneetarako sarbide eta hiri-kanpoaldeko eremuetako publizitate-seinaleen diseinua arautuko duten udal-ordenantzak idaztea sustatzea.

8. artikulua.– Azpiegitura lineal eta telekomunikazio azpiegituren paisaia-integrazioari buruzko zehaztapenak (4 PKH).

A) Eremu Funtzionala zeharkatuko duten energia eta garraio azpiegitura berrien paisaia-integrazio hobeak sustatzea, paisaia eragina ahalik eta txikiena izatea eta nagusiki hauskortasun txikiena duten eremuetatik pasatzeko beharra azpimarratuz.

Zehaztapen hau Gueñes - Ezkio-Itxaso Tentsio Altuko Linea eta Lemoako saihesbidearen kasuan erabiltzea interesgarria litzateke.

B) Ahal den neurrian, atzera bueltarik ez duten paisaia-inpaktu berriak sortuko dituzten elementuen sarrera saihestea (errepikagailuak, aerosorgailuak, etab.), batez ere, paisaia balio handieneko bisualetan, ahal denean, hauetako elementu ezberdinak elkartzea edota partekatzea ahalbidetuz.

Balizko neurri gisa paisaia linea elektrikorik gabe mantentzea proposatzen da, baita lerro elektriko berriek kalitate handieneko hondo-eszenikoei eragitea saihestea ere.

C) Komunikabide nagusien paisaia-integrazioa, ondorengo azpiegituren Paisaiaren Integratzearen Azterlanei esker: Igorreko saihesbidea, Zeanuriko saihesbidea, Aparioko harrobi eta zabortegirako sarbideak, Bildosolako industrialderako sarbideak (Artea/Arantzazu). Era berean, Lemoako transformazio elektrikorako zentrala bezalako azpiegitura elektrikoen paisaia-integrazioa sustatzea.

D) Egindako saihesbideen ondorioz gaur egun trafiko gutxiago duten bigarren mailako errepide tarteak paisaia hauteman eta gozatzea erraztuko duten ekobulebar bilakatzea Igorre-Arantzazu eta Artea-Zeanuri udalerrien artean.

E) Eragingo luketen paisaia-inpaktua kontuan hartuz planteatuta dauden azpiegitura berrien beharra berraztertzea (Dimako saihesbidea eta N-240 errepidearen egokitzapena Bedian, adibidez).

F) Energia eta telekomunikazio azpiegiturak lehendik dauden azpiegituren inguruan kokatzeari lehentasuna eman edo, beharrezkoa izanez gero, azpiegiturak kontzentratzeko korridoreak sortzea, beti ere ikusgaitasun txikiko eremuetan. Paisaia-inpaktu handia duten kasuetan, azpiegitura lurrazpian sartzeko aukera aztertzea.

G) Linea elektrikoen Paisaian Integratzearen Azterlanen garapena sustatzea, besteak beste, ondorengo neurriak dituztenak:

Natura edota paisaia-balio handiko eremuetan eragiten duten linea elektrikoak lurrazpian sartzearen bideragarritasun tekniko eta ekonomikoaren azterketa.

Bertan behera utzi edo dagoeneko erabiltzen ez diren azpiegitura elektrikoak kentzea.

Azpiestazio elektrikoak paisaian integratzeko neurriak.

H) Azpiegitura hauek ezartzea arautuko duten udal-ordenantzak idaztea euren paisaia eragina txikitzeko helburuarekin.

9. artikulua.– Narriatutako eremuen lehengoratzeari, eta era berean, hondakinen kudeaketarako azpiegitura eta erauzketa jardueren paisaia-integrazioari buruzko zehaztapenak (5 PKH).

A) Harrobi, zabortegi eta betelan jarduerak amaitutakoan aurrera eraman beharreko lehengoratze planak eraginkortasunez betetzea (adibidez, Lemoatxa, Apario eta Azurreka harrobietan Lemoan).

B) Harrobi zaharrak paisaian integratzea, ahal denean jatorrizko paisaia berreskuratuz edo erabilera zehatz batzuekin bateragarriak izango diren paisaia berriak sortuz (aisialdi jarduerak, ekipamenduak...).

Eremu funtzionalean honako hauek aurkitu dira (baliteke gehiago egotea): Garakoi eta Urkizu Igorren, Iruiturri Lemoan, Bargondia, Bernaola eta Ilunbe Diman eta Angoitia eta Xorokil Zeanurin.

C) Dauden zabortegi, hondakindegi edota betelanen paisaia lehengoratzea; baita hondakinen kudeaketarako bestelako azpiegituretan ere (transferentzia instalazioak, gaikako bilketa puntuak, hondakin-uren araztegiak, etab.), egungo funtzioarekin bateragarriak diren neurrien bidez landare hesiak, sarbideen paisaia-integrazioa etab.

Zehaztapen hau, hasiera batean, hurrengo eremuetan erabiliko da:

– Bidestubieta zabortegia Lemoan

– Zeanuriko ur-araztegia (eraitsia ez bada)

– Bildosolako betelanak (Arantzazu)

– Aparioko zabortegia (Igorre)

D) Balizko azpiegitura berrien kokapena ikusgaitasun txikiko eta aurrez narriatutako eremuetan lehenestea, paisaia pisuzko aldagai gisa izan duen aukeren azterketa baten ondoren.

E) Hondakinen kudeaketarako azpiegituretatik eta erauzketa jardueretatik datozen zarata mailak, hautsen emisioa eta usainen kontrola ziurtatzea, azpiegituretan bertan eta baita sarbideetan ere, inguruko paisaiaren pertzepzioan eragin nabarmena duten faktoreak dira eta.

Zehaztapen hau Aparioko zabortegian (4.4.A.3 PIBE), Bildosolako betelanetan (4.4.A.4 PIBE) eta Bidestubieta zabortegian (4.4.A.5 PIBE) aplikatu daiteke.

10. artikulua.– Landa-guneak eta barreiatutako eraikinak integratzeari buruzko zehaztapenak (6 PKH).

A) Jatorrizko arkitektura kontserbatzea eta, behar izanez gero berreskuratzea, nekazal paisaiei lotutako ondare arkitektonikoa distortsionatu dezaketen eraikin berriak saihestuz eta landa inguruneari lotutako ekipamendu edo azpiegitura berriak martxan jartzerakoan dauden eraikinak berrerabiliz edo birgaituz. Bestalde, euskal baserriaren arkitekturari buruzko azterketa orokorrek, Arratiako baserriei buruzko informazio nahikoa ematen ez badute, Eremu Funtzionaleko baserrien azterketa tipologiko bat egitea gomendatzen da dagokien udal-plangintzetan irizpideak finkatzeko.

B) Kontserbazio neurriak ezartzerakoan intereseko jatorrizko eraikin ugari duten, oso agerikoak diren eta paisaia interes handia duten auzo eta landa-guneak lehenestea.

Zehaztapen hau ondorengo eremuetan erabiliko da:

Artea: Esparta eta Uribarri-Ugarte

Bedia: Eroso-Ugarte

Dima: Oba eta Artaun

Igorre: Santa Lucía

Lemoa: Elorriaga eta Arraño

Zeanuri: Altzuste, Kalearte, Ipiña eta Ipiñaburu

C) Landa-guneak eta inguruan integratutako eraikinak nekazaritza sektoreari lotutako jarduera ekonomikoaren sorrerarekin eta arkitektura eta nortasun balioak babestu, berreskuratu eta indartzearekin uztartzea.

D) Inbentariatutako landa-guneetan, araudi xehatuak elkarretaratzea, eraikuntza dentsitateak, bolumen zehaztapenak eta gune bakoitzari berezkoak zaizkion lursailen baldintzak mantenduko ditu.

Eremu funtzionalean inbentariatutako landa-guneak ondorengoak dira:

Artea: Esparta eta Uribarri-Ugarte

Bedia: Eroso-Ugarte, Berroeta eta Utxarain

Dima: Ziarrusta, Biteriño, Bikarregi, Amantegi, Artabe, Oba Goikoa, Oba Bekoa, Bargondia, Olazabal eta Aroztegieta

Lemoa: Arraño, Errekalde eta Elorriaga

Zeanuri: Asterria, Emaldia, Uribe-Zelai, Arzuaga, Ortuzar, Kalearte, Urrukutxi, San Pedro, Ipiña eta Ipiñaburu

E) Nekazaritza eta abeltzantzarako pabilioi handiak edota industria-negutegiak ipintzerakoan paisaia-eragina kontuan hartzea, oso agerikoak diren eremuetan edo paisaia-zedarriak edo hondo eszenikoak oztopatuz kokatzea saihestuz.

F) Ahal den neurrian paisaiarekin bat ez datozen elementuak sartzea saihestea (landa-paisaiaren naturaltasuna hondatzen duten edonolako lursailen itxidura trinkoak, eremuaren jatorrizko topografia aldatzen duten inausketa handiak, hormigoiz prefabrikatutako elementuak, metalezko estaldurak, etab.).

G) Landa-arkitektura ondarea kontserbatu eta berreskuratzeko udal-plangintza berezia definitzea, baita balizko eraikin berriak eta hauei lotutako itxidurak paisaian integratzeko ere. Duten ekarpen estetiko eta basoko faunarentzat babesleku gisa duten eragin positiboa dela eta, itxidura gisa zuhaixka ezberdinekin sortutako heskai biziak lehenetsiko dira. Alanbrezko itxidurak ganadua kontrolatzeko erabiliko dira bereziki.

11. artikulua.– Nekazari eta abeltzantza erabilerei lotutako paisaiak mantentzeari buruzko zehaztapenak (7 PKH).

A) Jatorrizko landa paisaiak mantentzea, nekazal baliabideak balioan jartzea oinarri hartuz, landa inguruneko biztanlegoa mantendu eta lana, ongizatea eta bizi kalitatea sustatuko dituen jarduera ekonomiko eraginkor batekin uztartuz.

B) Ondo kontserbatutako nekazaritza paisaiak eraginkorki kudeatzea, baliabideen ustiaketa paisaiaren babesa, turismoa eta herritarren gozamenarekin uztartuz.

C) Agerikoenak diren eta herritarren errotzea indartzen duten nekazaritza paisaia eta paisaia-zedarri esanguratsuenak kontserbatzea, berezko nortasuna ematen dioten elementuen aniztasuna mantenduz.

Zehaztapen hau ondorengo eremuetan erabiltzea interesgarria litzateke:

– 3.1.A. PIBE. Ipiña-Lanbreabe nekazaritza paisaia (Zeanuri)

– 3.1.B. PIBE. Altzuste nekazaritza paisaia (Zeanuri)

– 3.1.C. PIBE. Zulaibar nekazaritza paisaia (Zeanuri)

– 3.1.D. PIBE. Artaun-Oba nekazaritza paisaia (Dima)

– 3.1.E. PIBE. Igartza-Ibarretxe nekazaritza paisaia (Artea)

– 3.1.F. PIBE. Elorriaga nekazaritza paisaia (Lemoa)

– 3.1.G. PIBE. Arraño nekazaritza paisaia (Lemoa)

– 3.1.H. PIBE. Utxarain nekazaritza paisaia (Bedia)

– Santa Lucia nekazaritza paisaia (Igorre)

– 3.2.A. PIBE. Arratiako ibar-hondoa Zeanurin

– 3.2.A. PIBE. Arratiako ibar-hondoa Artea eta Areatza artean

– 3.2.B. PIBE. Indusiko ibar-hondoa Diman

– 3.2.C. PIBE. Ibaizabaleko ibar-hondoa Lemoan, Arratia ibaiarekin lotzen den eremuan (Larrabeiti auzoa)

– 3.2.D. PIBE. Ibaizabaleko ibar-hondoa Bedian

– 3.3. PIBE. Bildosolako larreak eta Arratiako ibar-hondoa (Arantzazu)

D) Lurzoru urbanizaezinean egon behar diren nekazaritza eta abeltzantza baliabideen ustiaketari lotutako elementuak paisaian integratzea, diseinu eta kokapen egokien bidez (pabilioiak eta nekazaritza eta abeltzantza industriak, industria-negutegiak, etab.), ahal den guztietan ageriko lekuetan kokatzea saihestuz. Inpaktua gutxitzeko, lehendik dauden elementuen pertzepzioa murriztera laguntzen duten landare-pantailak edo bestelako neurriak erabili ahalko dira.

E) Nekazal lursailen okupazioa saihestea dentsitate baxuko egoitza erabilerentzat.

F) Paisaia osatzen duten partzela-egiturak kontserbatu edota berreskuratu, herri-bideak, lursailen arteko heskaia biziak, harrizko hormak, zuhaitz eta zuhaixka orbanak eta abar mantenduz.

G) Intentsibitate txikiagoa duten eta jasangarriagoak diren nekazaritza eta abeltzantza tekniken erabilera sustatu, jatorrizko nekazaritza paisaiak babesten lagunduz (laborantza anitzagoak eta espezie bakarreko landaketen azalera txikitzea, landa-zabaleko abeltzantzarako belardi eta larreak, etab.).

12. artikulua.– Paisaia dibertsitatea eta dibertsitate biologikoa handitzen lagunduko duten produkziorako landaketen baso kudeaketari buruzko zehaztapenak (8 PKH).

A) Produkziorako baso-landaketen itxura hobetu, arraseko mozketarik gabeko eta baso-espezie ezberdinak (produkziokoak edota babesekoak) tartekatuko dituen baso-kudeaketa batekin, batez ere, oso agerikoak diren edo paisaia- edota natura-zedarri esanguratsuenen inguruko eremuetan.

Balizko neurri gisa mozketa progresiboko metodoak sustatzea, hala nola, entresaka-mozketak, zuhaiztika egindako birsorkuntza edo bakanketa jarraiak, eskuzko landaketak mekanikoen aurretik jartzea eta gutxienez, jabari publiko hidraulikoari dagokion eremua baso ustiapenetatik babestea proposatzen da.

B) Higadura arazo nabarmenak dituzten edo arrisku natural nagusiak jaso ditzaketen eremu guztietan birlandaketa eta lehengoratzeak burutzea.

Hasiera batean arazo hau daukaten ondorengo eremuak identifikatu dira, Mandoia ingurua Bedian, Apario ingurua Lemoan, Aldoia, Arkaola eta Bargondiko Atxa Diman eta Upate ingurua Zeanurin.

C) Bertako hostozabalen baso orbanen azalera handitzea, batez ere, ibarretan eta naturgune nagusien arteko lotura eremuetan, korridore ekologiko moduan duten ahalmena handituz eta paisaia zatiketa ekidinez. Arreta berezia jarriko da Mendi Publiko eta Ondare Mendietan. Zehaztapen hau erabiltzea bereziki interesgarria izango da 2.1. PU Barazar –Lapurriketa, 2.2. PU Arratiaren goi-ibarra eta 2.3. PU Indusiren goi-ibarra Paisaia-Unitateetan.

D) Batez ere Zeanuri, Dima eta Bedian dauden baso-kortek osatzen duten partzela-egitura berezia balioan jarri.

Aurrera eraman daitezkeen neurrien artean honakoak proposatzen dira:

– Erdiko munarria dagoen kasuetan (haustarria), munarri hauek babestuko dira.

– Baso-kortako eta inguruko eremuetako erabilerak bereiztuko dituzten arau-irizpideak ezarri.

– Era berean, lursailaren perimetroan zuhaitz espezie ezberdinak landatu edota bestelako elementuak ezarriko dira trazadura agerikoa eginez.

13. artikulua.– Hezegune, ibai, erreka eta erreka-ertzen kontserbazio edota birnaturalizazioari buruzko zehaztapenak, herritarren erabilera eta gozamenarekin bateragarriak (9 PKH).

A) Ondo kontserbatutako ibai-paisaiak zaintzea Eremu Funtzionaleko paisaia egituratzen duten elementu gisa, ibai eta erreken balio ekologiko eta paisaia-balioen babesa eta ingurumen hezkuntza, aisialdia eta gozamenari lotutako jarduerak uztartuz (paisaiari loturiko ibai-ibilbidea, atsedenlekuak, udako igerilekuak, etab.).

B) Ur-xafla nagusien (Undurraga eta Lekubaso urtegiak) eta hezeguneen (Zeanuri, Urkiola, Areatza eta Altunganako zingirak, Mendizabal edo Iondegortako presa Zeanurin eta Saldropoko zohikaztegi zaharra) paisaiak babestu, baita hauekin lotutako landaredia ere.

C) Bioingeniaritza tekniken bidez funtzio ekologikoa galdu duten ibaiertzak birnaturalizatu edota lehengoratuz ibai-paisaiak hobetzea.

Zehaztapen hau erabiltzea bereziki interesgarria izango da ondorengo eremuetan: Undurragako urtegiaren atzealdea (Zeanuri) (2.2.A. PIBE.), Arratia ibai herrigune ezberdinetan, Areatzan (2.2.B. PIBE.), Igorren (2.2.C. PIBE.) eta Urkizuko industrialdean (2.2.D. PIBE.), Indusi erreka Ugaranan (Dima) (2.2.E. PIBE.) eta Ziarrusta industrialdean eta Ibaizabal erreka Lemoako herrigunean (2.2.F. PIBE.).

D) Ibaien presentzia berreskuratzea herriguneetan, ahal den guztietan estaldurak kenduz eta honela uraren paisaia ezkutuak agerian utziz.

E) Uren kalitatea mantendu edota hobetzeaz arduratu, kontrolik gabeko isurketarik edota araztu gabeko hondakin-uren isurketarik ez dagoela egiaztatuz.

F) Ur-ibilguei lotutako eraikin edo industria tradizionalak berriztu eta balioan jarri (errotak, burdinolak, zubiak, presak, etab.), duten balio sozial eta historikoa azpimarratuz.

Zehaztapen hau erabilgarria izan daiteke ondorengo eremuetan:

Arantzazu: Bildosola

Areatza: Ugunaga

Artea: Errotazarra, Ugarte

Bedia: Lekue errota, Astietxe, Ibarra, Bediakolea ubidea eta presa

Dima: Zamakola errota, Arzubia, Ziarrusta errota-burdinola, Ibarra

Igorre: Errotabarri, Ubokoerrota, Olabarri

Zeanuri: Arrabalde, Goikoerrota, Olabarri, Errotabarri, Ibergutxi, Lanbreabe

G) Herriguneetako ibai-fatxadak balioan jartzea sustatzea (Lemoa, Igorre, Arantzazu, Areatza eta Zeanuri), eraikinen aurrealdeen eta ur-ibilguen artean kalitatezko eremuak sortuz.

14. artikulua.– Paisaia natural eta hondo eszenikoen babesa eta kontserbazioari buruzko zehaztapenak (10 PKH).

A) Aparteko balioa duten paisaia naturalak eta mendi eta gailur bikainak kudeatu, dituzten balioak babesteaz gain sarbidea, erabilera eta gozamena baimenduz.

Neurri zehatz gisa mendietako larre eta bertako zuhaitzen (pagoak, besteak beste) mantenua ahalbidetuko duen abeltzantza kudeaketa sustatzea proposatzen da, batez ere, Arimekorta, Arraba, Eskuaga eta Artaunganako landetan.

B) Arreta bereziki presio handiena jasaten edota narriatuak izateko arrisku handiena duten paisaien babes eta kudeaketa egokian jartzea.

C) Izaera inbaditzailea duten landare exotikoen sarrera eta ugaltzea modu eraginkorrean kontrolatzea.

D) Higadura edota degradazio arazo nabarmenak dituzten eta aipagarriak eta oso agerikoak diren paisaietan birlandaketa eta lehengoratzeak burutzea.

E) Bertako basoak kontserbatzea eta lehengoratzea tokian tokiko ezaugarrietara egokitutako espezieak erabiliz.

Alde batetik, balio handia dutela iritzita, ondorengo bertako basoak kontserbatzea proposatzen da.

Aramotz, Ilunbe, Arlanpe eta Lemoatxako artadiak

Otzarreta eta Iondegortako pagadiak

Hariztiak eta baso mistoa: Zerradurako Atxa (Dima), Garai (Igorre), Upo eta Galdosegigana arteko ibarra (Artea), Ganekozabalako magalak (Zeanuri), Bildosola, beste batzuk.

Ibar-basoa: Lekubaso (Bedia), Ugunaga (Zeanuri), Indusiren iturburua (Dima), Zabale eta Arraibi artean (Lemoa), Arantzazu eta Igorre artean, Ugunaga (Areatza) eta Zulaibar artean, Durandio (Lemoa) eta Barroeta (Bedia) artean, Ziarrusta eta Ugarana (Dima) artean eta Torrea (Igorre). Era berean, eremu funtzionalean dauden aparteko zuhaitzak kontserbatu beharko lirateke, Aginalde eta Aginarteko haginak hain zuzen ere.

F) Multzo geomorfologiko esanguratsuak eta erreferentzia bisual eta nortasunezkoak diren hondo-eszenikoak, era berean Eremu Funtzionaleko paisaiaren egituratzaileak ere badirenak, babestu eta balioan jartzea.

Hasiera batean, eremu hauek antzeman dira:

– Itxinako karsta

– Indusi-Baltzolako karsta

– Ilunbe karsta

– Aldamin karsta

– Arralde karsta

– Aramotz karsta

– Zanburuko karsta eta kareharrizko aurrealdea

– Arlanpeko harkaitzak

– Barazarreko lautada

– Ereñoko kareharri-txapela

– Mandoiako askagunea

G) Eraikinek edo azpiegiturek hondatu dituzten hondo-eszeniko eta paisaia-zedarrien berreskurapena sustatzea.

Besteak beste, hondo-eszeniko esanguratsu hauek aurkitu dira: Lemoatxa, Aramotz, Artagaun, Murga Urrekoatxa, Zanburu, Lekanda, Aldamin eta Gorbeia.

H) Paisaia hauskortasun handiko eremuetan paisaia-intrusio handia eragin dezaketen elementuak jartzea saihestea (formagatik, bolumenagatik, materialengatik, koloreagatik, etab.). Eraikin eta azpiegitura berriak egitea beharrezkoa den kasuetan promotoreari paisaia-eraginaren ebaluaketa egitea eskatuko zaio.

I) Interes Geologikodun Tokiak balioan jartzea eta jendarteratzea, EAEko Geodibertsitatearen Estrategian jasotakoak bereziki (Arteako Weald beltzeko seriea, Itxinako kasta y Indusiko kasta).

J) Inolako babes figurarik ez duten natura elementu eta intereseko paisaiak hirigintza-plangintzaren bidez babestea.

15. artikulua.– Ondarea kontserbatu, zaharberritu eta balioan jartzeari buruzko zehaztapenak (11 PKH).

A) Ondare elementu (historiko, artistiko, arkitektoniko, kultural, arkeologiko, etnografiko, sinboliko, etab.) garrantzitsuenak eta paisaiaren ikuspegitik esanguratsuenak direnak kontserbatu, behar izanez gero zaharberritu eta balioan jartzea, erabilera berriak edota adibidez turismoarekin lotutako jarduerak baimenduz.

B) Ondare-zedarri aipagarrienetara (eliza, ermita, eraikin bereziak, etab.) dauden ikuspegi-zuzenak kontserbatzeko babes-neurriak ezartzea.

C) Kultura-ondare elementuak dituzten paisaiak kontserbatu, zaharberritu, seinaleztatu eta balioan jartzeko jarduketak sustatzea bereziki ikusgarri edo agerikoenak direnak (paisaia-ibilbide, proposatutako begiratoki edo gehien erabiltzen diren errepideetatik gertu dauden edo ikusgarriak direnak, etab.), balizko erabileren aldaketa edo eraikin berriek balio hauek desitxuratzea saihestuz.

D) Kasko historikoen estetikari buruzko hirigintza-araudia betetzen dela sustatzea eta kontrolatzea (Zeanuri, Areatza eta Ugaranan, adibidez).

16. artikulua.– Paisaia esanguratsuenen pertzepzioa balioan jarriko duten paisaia-ibilbide, ekipamendu eta begiratokiek osatutako sarea mantendu eta hobetzeari buruzko zehaztapenak (12 PKH).

A) Bide historiko eta abelbideak kontserbatu eta sustatu paisaia egituratzen duten ardatz gisa.

B) Eremu Funtzionaleko paisaia esanguratsu eta berezienak balioan jarriko dituzten begiratoki eta paisaia-ibilbideen sarea mantendu.

Balizko neurri zehatzen artean ondorengoak proposatzen dira:

– Ibilbideen seinaleztapena mantendu eta, behar izanez gero, hobetu.

PR-BI-09 Areatza-Pagomakurre

PR-BI-41 Baltzola, ibilbide mitologikoa

PR-BI-81 Galdarako bira

PR-BI-82 Ikazkinen bidea

PR-BI-83 Legarmendiko ibilbide handia

GR-282 Artzaintza naturbidea

GR-123 Bizkaiko bira

– Gaur egun homologatu gabe dauden ibilbideak egokitu:

PR-BI-1 Erroten arteko ibilbidea

PR-BI-2 Ermiten arteko ibilbidea

– Ibilbide historikoak egokitu: Erromatar bidea (ferra bidea).

– LPPko paisaiari loturiko ibai-ibilbidea egokitu.

– Egungo begiratokiak mantendu: Arraba, Gorbeia, Lemoatx, Bikotzgane eta Larreder

– Urragikoatxan begiratoki bat egokitu eta Dima, Areatza eta Zeanuritik iristeko ibilbideak seinaleztatu.

C) Paisaiaren aniztasun eta ñabardurak eta, era berean, ikuspegi zabalak dituzten eremuetan dauden ondare-elementuak, balioan jarri eta hauetaz gozatzea baimenduko duen seinaleztapena sortzea, bide batez, herritarrak paisaia errespetatzera eta bere kontserbazioaren balioaz sentsibilizatzera bultzatuz.

D) Paisaia esanguratsu hauetarako sarbideak erraztea baliabidearen balio galera ekarri gabe. Hau da, duen hauskortasuna eta harrera gaitasuna kontuan hartuz, balio handiko paisaiak kontserbatzeko helburuaz.

Zentzu honetan, bisitarien sarbidea kontrolatzea proposatzen da Pagomakurren. Jendetza gehien hurbiltzen den egunetan Areatzatik ibilgailuen sarrera mugatu daiteke autobus zerbitzua eskainiz.

E) Landa ingurunean dauden begiratoki eta ibilbideetan altzari egokiak erabiltzea (jesarlekuak, paperontziak edo bestelako elementuak), hiri inguruneari dagozkion material, diseinu eta koloreak eraldatuago dauden eremuetara mugatuz.

17. artikulua.– Administrazioen arteko lankidetza, paisaia baloreen dibulgazioa eta paisaiaren kontserbazio eta hobekuntzan biztanleen sentsibilizazioa sustatzeari buruzko zehaztapenak (13 PKH).

A) Igorreko Eremu Funtzionalari berezko nortasuna ematen dion oinarrizko balio bezala, paisaiari buruzko heziketa, dibulgazioa, sentsibilizazioa, pertzepzioa eta zainketa sustatzea, beste neurri batzuen artean Arratia bailarako paisaiei buruzko Komunikazio Plana diseinatuz. Paisaiaren kudeatzaile gisa duten garrantzia dela eta, sentsibilizazio, heziketa eta formazio jarduerak nekazaritza eta abeltzantzan dabiltzan pertsona, baso-administrazioko teknikari eta baso-jabeei zuzentzea lehentasunez.

B) Paisaia, bizirik eta etengabe aldatzen eta ingurunean historian zehar garatu diren erabilerek eta egungo herritarrek lurraldea okupatu, bizi eta sentitzeko duten moduak baldintzatuta dagoen elementu gisa hartu eta transmititzea. Testuinguru honetan, bereziki garrantzitsua da ondare-historikoa eta honek paisaiarekin duen erlazioa zabaldu eta interpretatzea.

C) Eremu Funtzionaleko paisaien kontserbazio eta hobekuntzan herritarrak inplikatuko dituzten parte-hartze mekanismoak bultzatzea.

D) Eskola Agenda 21eko jardueren barruan paisaia nabarmenen eta eguneroko paisaien irakaskuntza sartzea sustatu.

E) Euskara kontuan hartu lurraldeko hizkuntza-paisaian, elementu eta bazterrak izendatzerakoan bertako toponimia errespetatuz.

18. artikulua.– Paisaiaren Zehaztapenen ezarpena eta garapena.

Paisaiaren Zehaztapenak dagozkien lurralde- eta hirigintza-plangintzako tresnen bidez ezarri eta garatuko dira.

II. ERANSKINA, URTARRILAREN 31KO 17/2023 DEKRETUARENA.
PLANAREN ALDAKETAN INGURUMEN-ALDERDIAK TXERTATZEARI BURUZKO LABURPENA, INGURUMEN-EBALUAZIOARI BURUZKO ABENDUAREN 9KO 2013/21 LEGEAREN 26.2 ARTIKULUAN XEDATUTAKOARI JARRAITUZ.

1.– INGURUMEN-ALDERDIEI BURUZKO LABURPENA.

Ingurumen-alderdiak planaren aldaketan nola txertatu diren adieraztea.

Igorreko Lurralde Plan Partzialaren (LPP) aldaketaren helburua da paisaiaren arloko zehaztapenak LPParen Antolamendurako Arauetan sartzea, gomendio gisa.

Aldaketa hori Bizkaiko Foru Aldundiak sustatu du, Paisaiaren Europako Hitzarmenaren eta Paisaiaren babesari, kudeaketari eta antolamenduari buruzko ekainaren 3ko 90/2014 Dekretuaren akordioak garatzeko eta bertako lurralde-plangintzan islatzeko.

Eremu Funtzionaleko paisaia aztertu, karakterizatu eta baloratu ondoren, Paisaia Unitateak, Paisaiaren Interes Bereziko Eremuak eta Paisaiaren Kalitate Helburuak osatu ziren. Hori guztia eremu funtzionaleko Paisaiaren Katalogoan jasota dago, eta zehaztapen hauen oinarri izan da.

Aldaketak paisaia guztiak hartzen ditu kontuan, eta, beraz, eremu funtzional osoa hartzen du. Esparru bakoitzari buruzko balorazioaren eta azterketa- eta partaidetza-prozesuaren ondoriozko helburuen arabera, gomendio batzuk ematen dira eremu bakoitzarentzat, haien babesa, lehengoratzea edo kudeatzea oinarri hartuta. Horregatik, paisaiaren zehaztapenen helburua izan daiteke hautemandako balio bikain eta bereziei eustea, bai eta narriatutako eremuak lehengoratzea edo garatu beharreko eremuak kudeatzea ere.

Natura-ondarearekin bat datozen helburu nagusiak honako hauek dira: kultura-, natura- eta paisaia-ondare garrantzitsua kontserbatzea, hobetzea, lehengoratzea eta/edo balioestea, bai eta herritarrek paisaia eskuratzea eta horretaz gozatzea ere. Aldaketaren helburu guztiak bat datoz ingurumen-helburuekin.

Ingurumen Administrazioaren zuzendariaren 2018ko uztailaren 10eko Ebazpenaren bidez, aldaketaren irismen-dokumentua eman zen.

LPParen aldaketan nola jaso diren honakoak: ingurumen-azterketa estrategikoa, informazio publikoaren eta kontsulten emaitzak (ingurumen-adierazpen estrategikoa barne) eta, hala badagokio, prozesuan zehar sortutako desadostasunak..

LPParen aldaketak barne hartzen ditu ingurumen-azterketa estrategikotik (IAE) eratorritako alderdiak, bai eta informazio publikoaren emaitzatik zein egindako kontsultetatik eratorritakoak, eta horiek nola hartu diren kontuan ere. Honela jasotzen ditu:

b.1.– IAEtik eratorritako alderdiak txertatzea.

LPParen aldaketa egiteko prozesuarekin batera, zegokion ingurumen-azterketa estrategikoa idatzi zen. Azterlan horrek irismen-dokumentuaren ingurumen-irizpideak txertatzea justifikatzen du, aipatutako irismen-dokumentuaren araberako helburu estrategikoak erlazionatuz haiekin bat datozen aldaketaren helburuekin, eta helburu bakoitzaren banakako ebaluazioa eginez. Hauek izan ziren irismen-dokumentuaren helburuak: garapen jasangarria bermatzea; klima-aldaketaren eragina mugatzea; natura-ingurunea babestea, kontserbatzea eta lehengoratzea; eta airearen, lurzoruaren eta uraren osasungarritasuna bermatzea. Planaren aldaketaren helburu guztiak aipatutako helburu estrategiko batekin edo batzuekin lerrokatuta daude.

Gainera, aztertu ziren ingurumenaren egungo egoera, aldaketaren ondorio esanguratsuak eta prebentzio-, zuzenketa- eta gomendio-neurriak.

Bi aukera ere aztertu ziren: 0 (aldaketa ez aplikatzea) eta 1 (aldaketa aplikatzea), alternatibak baloratzeko irizpideen laburpen bat barne; ondorioztatu zen ingurumenarentzat 1 aukera 0 aukera baino positiboagoa dela.

Paisaiaren kalitate-helburuak betetzen direla bermatzeko, ingurumen-ebaluazio estrategikoaren azterlanak ezartzen ditu ingurumen-faktoreetan izan daitezkeen eraginak minimizatzeko hainbat neurri babesle eta/edo zuzentzaile, bai eta garatzen diren proiektuen garapenaren jarraipena egiteko adierazleak ere. Azkenik, IAEk ingurumena zaintzeko programa batekin amaitzen du.

Ingurumen Administrazioaren zuzendariaren 2020ko irailaren 16ko Ebazpenaren bidez, ingurumen-dokumentu estrategikoa formulatu zen. Dokumentu horrek adierazten duen bezala, a priori, zehaztapenek ezin dute eragin negatibo esanguratsurik izan ingurumenean. Ingurumen-dokumentu estrategikoaren arabera, ingurumen-azterketa estrategikoan ezarritako neurriei hainbat puntu gehitu behar zaizkie nahitaez: dibertsitate biologikoa hobetzea edo kontserbatzea; ukitutako lurzoruen ezaugarri edafikoei eustea; landare-espezieak arretaz hautatzea paisaian integratzeko; ibai-paisaiak lehengoratzea eta kontserbatzea; ibaiak eta errekak babestea; isuriak eta ur- hartzeak kudeatzea eta uholde-arriskua aurreikustea; konektagarritasun ekologikoari eustea; arriskuan dauden espezieak kudeatzeko planak kontuan hartzea; eta kultura-ondareari buruzko araudia betetzea. Puntu horiek Ingurumen Azterketa Estrategikoan sartu dira.

b.2.– Informazio publikoaren eta kontsulten emaitzak txertatzea.

Jendaurrean jarri ondoren, alegazioak ez dira baietsi edo jasotakotzat jo dira, eta, beraz, ez da aldaketarik egin hasieran onetsitako dokumentuan. Hautatutako alternatiba aukeratzeko arrazoiak azaltzea, kontuan hartutako beste alternatibeekin alderatuta.

Esan bezala, hauek dira alternatibak:

0 alternatiba: zehaztapenen dokumentua ez idaztea.

1 alternatiba: paisaiaren zehaztapenak LPPn sartzea.

1.alternatibak paisaiaren eta, beraz, natura- eta kultura-ondarearen aldeko estrategiak abiaraztea dakar. Zehaztapenek inpaktu positiboak sortzen dituzte geologian, geomorfologian, nekazaritza-produktibitatean, ur eta ibai-ibilguetan, landaredian eta lurzoruaren erabileretan, intereseko faunan, Natura 2000 Sarean eta, jakina, paisaian, aipatutako alderdi bakar batean ere eragin negatibo nabarmenik sorrarazi gabe.

Bestalde, 0 alternatiban, lurraldea antolatzeko tresna hori ez egoteak paisaia naturala eta kulturala pixkanaka hondatzeko joerari jarraipena emango lioke, eta ez lituzke bermatuko lurraldea hobetzeko ekintzak ezartzea, zehaztapenek inplizituki daramatzatenak.

2.– PLANAREN ALDAKETA APLIKATZEAK INGURUMENEAN IZANGO DITUEN ONDORIOEN JARRAIPENA EGITEKO HARTUTAKO NEURRIAK.

Ingurumen-adierazpen estrategikoak aldeko iritzia ematen dio Planaren proposamenean ingurumen-alderdiak sartzeari. Era berean, egokitzat jotzen du planaren aplikazioa eta, hala badagokio, aurreikusitakoez bestelako ingurumen-ondorioak hautematea bermatuko dituen ikuskapen-programa.

Igorreko LPParen aldaketaren jarraipena egiteko aurreikusitako neurriak dira, zehazki, ezarritako paisaia-kalitatearen helburuen lorpen-maila ezagutzea, eta proposamenen garapena honako premisa hauen bidez ikuskatzea:

– Neurri babesle eta zuzentzaileak behar bezala ezartzen direla bermatzea, bai obra-fasean, bai ondorengo erabileran.

– Ezarritako neurrien eraginkortasunaren jarraipena egitea.

– Zehaztea ezarritako betebeharretan ez-betetzeak antzemanez gero, edo ingurumen-aldagaietarako ezarritako atalaseak gaindituz gero, egingo diren jarduketak.

Oro har, Zaintza Programaren edukia eta ikuskatu beharreko alderdiak honako hauek izango dira:

– Igorreko LPParen araudian eta ingurumen-adierazpen estrategikoan paisaiari buruz jasotako zehaztapenak betetzen direla zaintzea.

– Landarediaren gaineko eragina kontrolatzea, bereziki balio handienekoa.

– Egingo diren obrek, hala badagokio, okupatzen dituzten azalerak gainbegiratzea.

– Isurketen kontrola.

– Zarata kontrolatzea proposamenak gauzatzeko fasean.

– Landare-lurra kudeatzea.

– Proposamenak gauzatzeko fasean hondakinak kudeatzea.

– Egingo diren landareztatze-lanak eta paisaian integratzeko lanak gainbegiratzea.

Ingurumenaren jarraipena egiteko -eta asko zehaztu nahi gabe ere-, adierazgarritzat jotzen diren adierazleak ezartzen dira, ingurumena zaintzeko programaren aplikazio-mailari buruzko erreferentzia gisa balio dezaten. Adierazle posibleen zerrenda honako hau da:

– Hiri-lurzoruaren eta lurzoru urbanizagarriaren (bizitegitarakoa, jarduera ekonomikoak) azalera osoa, udalerriaren azalera osoarekin eta egungo eta etorkizuneko biztanleekin alderatuta.

– Urbanizazioak eraldatutako lurzoruaren urteko azalera.

– Paisaian integratutako eremu degradatuen azalera.

– Gauzatutako Paisaiaren Ekintza Planen kopurua.

– Paisaian integratzeko egindako azterlanen kopurua, azpiegituretarako eta paisaian eragina duten jarduera ekonomikoen eremuetarako.

– Baso-monolaborantzen azalera murriztea.

– Hirigintza-planetan eta/edo plan sektorialetan azpiegiturekin lotutako paisaia egokitzeko neurriak ezartzea.

– Azpiegituren eta industrialdeen ikus-eragina minimizatzeko jarduketen kopurua.

– Eremu higatuetan landareztatutako azalera.

– Egokitutako edo balioan jarritako begiratokien kopurua.

– Egindako pasealekuen eta paisaia-ibilbideen luzera.

– Dauden eta desegindako antenen kopurua.

– Udal-plangintzak babestutako eremuen kopurua.

– Balioan jarritako ondare-elementuen kopurua.

– Mantentze egokia duten bidexken kopurua.

– Gorbeiako eta Urkiolako parke naturalak eta KBEak kudeatzeko dokumentuetan proposatutako neurriak hartzea.

– Paisaia lehengoratzeko eta integratzeko gauzatutako proiektuen kopurua.

– Landa-ondare arkitektonikoa kontserbatzeko eta zaharberritzeko berariazko hirigintza-araudia duten udalerrien kopurua.

– Degradatutako eremuak paisaian integratzeko berariazko hirigintza-araudia duten udalerrien kopurua.

– Jarduera ekonomikoen eta azpiegituren eremuak paisaian integratzeko berariazko hirigintza-araudia duten udalerrien kopurua.

– Paisaia babesteko berariazko hirigintza-araudia duten udalerrien kopurua.

– Balioan jarritako errota eta burdinolen kopurua.

– Birnaturalizatutako ibai-zatien luzera.

– Lurperatutako edo paisaian integratutako aireko lineak.

– Hiri-inguruko eremuetan egokitutako espazio libreen azalera.

– Alternatiben azterketan paisaiaren aldagaia txertatzen duten planen kopurua.

Ingurumena Zaintzeko Programa txertatu beharko da LPPa garatuko duten proiektu zehatzen ingurumen-inpaktuaren azterketaren xehetasun handiagoko zaintza-programan.

Egingo dituen aldizkako txostenetan, obraren jarraipena egiteko izendatzen den Ingurumen Zuzendaritzak jasoko ditu ingurumen-azterketa estrategiko honetan ezarritako adierazleen emaitzak, proiektuaren ingurumen-inpaktuaren azterketan ezartzen diren adierazle espezifikoekin batera.

III. ERANSKINA, URTARRILAREN 31KO 17/2023 DEKRETUARENA.
TRENBIDEAREN ARLOKO ARAUDIA

Lurralde Plan Partzialaren Aldaketa aplikatzeko eta garatzeko tresnek errespetatu beharko dute, Estatuaren eskumen-eremuan, trenbidearen arloko araudian ezarritakoa, hau da, irailaren 29ko 38/2015 Trenbide Sektorearen Legean (aurrerantzean, TSL) eta abenduaren 30eko 2387/2004 Errege Dekretuaren bidez Trenbide Sektorearen Erregelamenduan onartutakoa. Eskumena duen sektore-organoak berariaz eskatuta, Trenbide Sektoreari buruzko Legearen xedapen hauek jasotzen dira:

A) TSLaren 5.2 artikuluak adierazten du Sustapen Ministerioari dagokiola, Sustapen Aholku Batzordeari eta eragindako autonomia-erkidegoei entzun ondoren, Interes Orokorreko Trenbide Sarea osatzen duten azpiegituren plangintza egitea eta trenbide-lineak edo horien tarteak, bidaiarien garraiorako geltokiak eta salgaien garraiorako terminalak ezartzea edo aldatzea. Era berean, Interes Orokorreko Trenbide Sarea osatu behar duten beste elementu batzuk ezartzeari edo aldatzeari buruz hark ezartzen dituen arauak beteko dira.

B) TSLaren 7.1 artikuluak ezartzen duenez, hirigintza-antolamenduko plan orokorrek eta gainerako tresna orokorrek kalifikatuko dituzte Interes Orokorreko Trenbide Sarea osatzen duten trenbide-azpiegiturek okupatzen dituzten lursailak, bai eta xede horretarako okupatu behar direnak ere. Kalifikazio horiek behin betiko onetsitako informazio-azterlanen araberakoak izango dira, Estatuaren titulartasuneko tren-sistema orokor edo baliokide gisa, eta ez dute jasoko tren-administratzaileari esleitutako eskumenez baliatzea galarazten edo eragozten duen zehaztapenik.

C) TSLaren 7.2 artikuluak adierazten duenez, hirigintza-plangintzako tresna bat idatzi, berrikusi edo aldatzea erabakitzen bada, eta tresna horrek trenbide-lineei, trenbide-zatiei, trenbide-azpiegiturako beste elementu batzuei edo 9. artikuluan araututako zerbitzuguneei eragiten badie, hasierako onespena emateko ahalmena duen organoak, aurretik, proiektuaren edukia bidali beharko dio Sustapen Ministerioari. Organo horrek egoki iritzitako oharrak jasoko dituen txosten bat egingo du, proiektuaren edukia jaso eta bi hilabeteko epean, eta txosten hori loteslea izango da bere eskumeneko gaiei dagokienez. Epe hori igaro eta aipatutako ministerioak txostena egin ez badu, hirigintza-proiektuarekin ados dagoela ulertuko da.

D) TSLaren 12. artikulutik 18.era bitartekoek jabari publikoko eremuak, babes-eremuak eta eraikuntza-mugak definitzen dituzte, baita trenbidearen ondoko lurrei dagokienez jabetzari mugak ezartzen ere. Gainera, adierazten dute, alde batetik, jabari publikoko eremua Interes Orokorreko Trenbide Sarea osatzen duten trenbide-lineek okupatzen dituzten lursailek eta plataformaren alde banatan dagoen lur-zerrenda batek osatuko dutela; eta, bestetik, trenbide-lineak babesteko eremua horien alde banatan dagoen lur-zerrenda bat dela, eta, barrutik, jabari publikoko eremuak mugatuko duela, eta, kanpoaldetik, bi kanpo-lineek. Zerrenden distantziak honela zehazten dira:

– Oro har:

1.– Jabari publikoko eremua: 8 metro plataformaren alde banatan, lur-berdinketaren kanpoko ertzetik neurtuta. TSLak honela definitzen du ertz hori: ezpondaren (lur-erauzketa edo lubetaren) edo eustormaren arteko elkargunea, lur naturalaren mugakide dena.

2.– Babes-eremua: 70 metro, zelaigunearen kanpoko ertzetik neurtuta.

3.– Eraikuntzako muga-lerroa: 50 metro, plataformaren kanpoaldeko ertzik hurbilenetik neurtuta. Plataformaren kanpoko erztzat hartzen da lur-berdinketaren gainean eraikitako egituraren kanpoko ertza, trenbideari eta trenen funtzionamendurako elementuei eusten diena.

(Ikus .PDF)

– Hirigintza-plangintzak hiri-lurzoru edo lurzoru urbanizagarri gisa sailkatutako lurzoruan, baldin eta hura egikaritzen hasteko aplikatu beharreko hirigintza-legeriak eskatzen duen planeamendu zehatzena badu:

1.– Jabari publikoko eremua: 5 metro, lur-berdinketaren kanpoko ertzetik neurtuta.

2.– Babes-eremua: 8 metro, lur-berdinketaren kanpoko ertzetik neurtuta.

– Hirigunearen kasuan:

1.– Eraikuntzako muga-lerroa: 20 metro, plataformaren kanpoaldeko ertzik hurbilenetik neurtuta.

– Jabari publikoko eremuari dagokion distantzia ez da inola ere bi metrotik beherakoa izango.

Hirigintza-antolamenduko tresnek aipatutako mugak jaso beharko dituzte.

E) TSLaren 16.1 artikuluak ezartzen duenez, trenbide-lineak babesteko eremuetan indarrean dagoen legeria sektorialak baimendutako edozein jarduera, obra edo instalazio gauzatzeko, aldez aurretik, trenbide-azpiegituren administratzailearen dagokion baimena beharko da. Administratzaile hori trenbide-azpiegitura, haren babes-eremuak eta trenbide-zirkulazioa kontrolatu, zaindu eta ikuskatzeaz arduratuko da. Gainera, adierazten du jabari publikoko eremuan eta babes-eremuan egiten diren obrak, paisaiak edo eraikuntzak babestea edo trenbide-lineetatik igarotzeak eragiten duen zarata mugatzea helburu dutenak, sustatzaileek ordainduko dituztela, trenbide-azpiegituren administratzaileak (ADIF) aldez aurretik baimena emanda eta indarrean dagoen legeria sektorialak hala baimentzen duenean.

F) Euskal Autonomia Erkidegoko trenbide-sare berriaren proiektuaren ingurumen-inpaktuari buruzko adierazpenarekin (Ingurumeneko Idazkaritza Nagusiaren 2000ko urriaren 22ko Ebazpena, 2000ko azaroaren 6ko BOEn argitaratua) bateragarriak ez diren Planaren arau-xedapenak ez dira aplikatuko adierazpen horrek ukitutako eremuetan.


Azterketa dokumentala