Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

27. zk., 2023ko otsailaren 8a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LURRALDE PLANGINTZA, ETXEBIZITZA ETA GARRAIO SAILA
657

EBAZPENA, 2023ko urtarrilaren 24koa, Garraio Azpiegituren zuzendariarena, zeinaren bidez jendaurrean jartzen baita «Easo Geltokia (Osasun Iturria kalea) San Roke kalearekin lotzeko igogailua eraikitzeko proiektuak» ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda.

2022ko azaroaren 22ko ebazpenaren bidez, «Easo Geltokia (Osasun Iturria kalea) San Roke kalearekin lotzeko igogailua eraikitzeko proiektua» onetsi zen.

Proiektuaren xedea da Aieteko auzoa eta Donostialdeko Metroaren Miraconcha-Easo zatiaren eraikuntza-proiektuan zehaztutako trenbide-azpiegitura berria lotzea.

Donostialdeko Metroaren proiektuan diseinatutako kanoiak gainazalerako oinezkoentzako irteera bikoitza aurreikusten du Autonomia eta Osasun Iturria kaleetan. Alabaina, Aieteko bizilagunak azpiegitura berritik urrun samar geratzen dira. Proiektu honek arazoari konponbidea ematen dio igogailu baten bidez. Igogailu horrek Osasun Iturria kalera irteten den kanoira ematen du, eta bat egiten du mendi-mazela berean kokatutako San Roke kalearekin. Bien artean ia 30 metroko kota-aldea dago.

Alternatiben azterketan egindako analisiaren ondoren, eraikuntza-proiektuan Easo geltokiaren eta San Roke kalearen arteko konexio-soluzioa garatzearen aldeko hautua egin da, Osasun Iturria kalean bitarteko geraleku bat sartuta, pasabide baten bidez San Roke kalearekin konektatzen den igogailu bakar bat eraikita.

Azpiegitura berria erabilgarria izango da bai metroaren erabiltzaileentzat bai Autonomia kaletik San Roke kalera edo alderantziz joan nahi duten inguruko bizilagunentzat.

Lursailak lortzeko eta ukitutako ondasun eta eskubideak kudeatzeko, proiektuak ondasun eta eskubide horien identifikazioa biltzen du. Horretarako, desjabetzeen eranskinean ageri dira lurzatien zerrenda eta planoak.

Organo honek eskumena du garraio-azpiegituraren arloko jarduerak betearazteko beharrezkoak diren desjabetze-espedienteak izapidetzeko, Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urtarrilaren 19ko 11/2021 Dekretuaren 16.2.c) artikuluak xedatzen duenaren arabera.

Trenbide Sektorearen irailaren 29ko 38/2015 Legearen 6.2 artikuluan xedatutakoaren arabera (Lege hori abenduaren 19ko 26/2022 Legeak aldatu zuen, Trenbide Sektorearen irailaren 29ko 38/2015 Legea aldatzen duenak), beste lursail batzuk erabili beharra dakarten trenbide-lineen proiektuak, horien tarteak edo tren azpiegituraren beste elementu batzuk eraikitzeko proiektuak edo lehendik zeuden azpiegiturak aldatzeko proiektuak onartzen direnean, onespenak berekin ekarriko du onura publikoaren edo gizarte-interesaren deklarazioa, lursail horiek okupatu beharra izatea eta okupazio hori premiazkotzat deklaratzea, ukitutako eta identifikatutako ondasun eta eskubideen nahitaezko desjabetzearen ondorioetarako.

Nolanahi ere, proiektua onartzeak inplizituki berarekin dakarren arren proiektuak ukitutako ondasunak eta eskubideak okupatu beharra, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko 1954ko abenduaren 16ko Legearen 17.2, 18 eta 19.2 artikuluek ondasun eta eskubide horien xehetasunak jasoko dituen zerrenda egin eta jendaurrean jarri behar dela ezartzen dute, nahi duenak alegazioak eta datuak aurkeztu ahal izan ditzan, okerrak zuzentzeko eta interesdunak zeintzuk diren ondo zehazteko.

Hortaz, aipatutako xedapenak, horiekin bat datozenak eta aplikatu beharreko gainerakoak ikusirik, honako hau

EBAZTEN DUT:

Jendaurrean jartzea «Easo Geltokia (Osasun Iturria kalea) San Roke kalearekin lotzeko igogailua eraikitzeko proiektuak» ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda, ebazpen hau azken aldiz argitaratu eta hurrengo hamabost (15) egun balioduneko epean alegazioak aurkeztu ahal izan daitezen, okerrik baldin badago zuzentzeko, hala ezartzen baitute Nahitaezko Desjabetzeari buruzko 1954ko abenduaren 16ko Legearen 19.2 artikuluak eta horrekin bat datozenek. Alegazioak Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saileko Garraio Azpiegituraren Zuzendaritzan aurkeztu beharko dira (Donostia kalea, 1 – Lakua 1, 01010 Vitoria-Gasteiz).

Aipatutako epean, ondasun eta eskubideen zerrenda Donostiako udaletxeko iragarki-taulan ere erakutsiko da jendaurrean.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko urtarrilaren 24a.

Garraio Azpiegituren zuzendaria,

MARÍA DOLORES DE JUAN DE MIGUEL.

eranskina
(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala