Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

27. zk., 2023ko otsailaren 8a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA SAILA
656

AGINDUA, 2023ko urtarrilaren 31koa, Hezkuntzako sailburuarena, zeinaren bidez aldatzen baita 2022ko ekainaren 21eko Agindua, zeinaren bidez deialdia egiten baita, batetik, 2022-2023 ikasturtean unibertsitateko eta goi-mailako ikasketak egiteko dirulaguntzetarako, eta, bestetik, desgaitasun fisiko edo psikikoa eta mugitzeko zailtasun bereziak dituzten ikasleen garraio-gastuak ordaintzeko dirulaguntzetarako (uztailaren 5eko EHAA).

Abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Estatutuaren 16. artikuluak ezartzen duenez, «Konstituzioaren lehenengo xedapen gehigarrian ezarritakoa betetze aldera, Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumenekoa da irakaskuntza bere luze-zabalean, maila eta gradu guztietan, molde eta espezialitate orotan, Konstituzioaren 27. artikuluari eta berau garatzen duten lege organikoei kalterik egin gabe, Konstituzioaren 149.1.30 artikuluak Estatuari aitortzen dizkion ahalmenei kalterik egin gabe, eta hori betearazteko eta bermatzeko beharrezkoa den goi-ikuskaritzari kalterik egin gabe».

Halaber, herritar guztiek dute hezkuntzarako eskubidea eta irakaskuntzako askatasuna, eta botere publikoen zeregina da dauden mugak edo desorekak berdintzera bideratutako neurriak hartzea, hezkuntzara berdintasun egoeran iritsi ahal izateko.

Hori dela eta, 2022ko uztailaren 5ean, EHAAn argitaratu zen Hezkuntzako sailburuaren 2022ko ekainaren 21eko Agindua; agindu horren bidez, deialdia egin zen 2022-2023 ikasturtean unibertsitateko eta goi-mailako ikasketak egiteko dirulaguntzetarako, eta desgaitasun fisiko edo psikikoa eta mugitzeko zailtasun bereziak dituzten ikasleen garraio-gastuak ordaintzeko dirulaguntzetarako.

Agindu horren I. eranskinean daude adierazita 2022-2023 ikasturtean unibertsitateko eta goi-mailako ikasketak egiteko bekak.

Garraioaren alorreko eta ikasketetarako beka eta laguntzen alorreko jasangarritasun ekonomikoko neurrien eta aurrezpena eta energia-efizientzia lortzeko eta gas naturalaren mendekotasun energetikoa murrizteko neurrien abuztuaren 1eko 14/2022 Errege Lege Dekretuak, ikasketetarako beka eta laguntzen alorrari buruzko IV. tituluan, zenbateko osagarri bat ezartzen du, hileko ehun eurorena, lau hilerako, hau da, 2022ko irailetik abendura; beraz, guztira, laurehun euro. Zenbateko hori hartuko dute 2022-2023ko ikasturterako beka, laguntza eta sorospenen onuradunek, hau da, derrigorrezko hezkuntzaren ondoko ikasketak egiten dituzten ikasleek.

Errege-dekretu horren azken xedapenetako hamalaugarrenaren 9. apartatuan ezarrita dago IV. titulua oinarrizkoa dela; beraz, aldatu egin behar da, neurri horiek sartuz, 2022ko ekainaren 21eko Agindua (agindu horren bidez, deialdia egin zen 2022-2023 ikasturtean unibertsitateko eta goi-mailako ikasketak egiteko dirulaguntzetarako, eta desgaitasun fisiko edo psikikoa eta mugitzeko zailtasun bereziak dituzten ikasleen garraio-gastuak ordaintzeko dirulaguntzetarako).

Horregatik, aintzat hartuta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legea; Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onesten duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua; dirulaguntzei buruz indarrean dauden legeak, hain zuzen ere azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onesten duen Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategineko VI. titulua eta VII. tituluko III. kapitulua, honako hau

EBAZTEN DUT:

I.– 2022-2023 ikasturtean unibertsitateko eta goi-mailako ikasketak egiteko dirulaguntzetarako, eta desgaitasun fisiko edo psikikoa eta mugitzeko zailtasun bereziak dituzten ikasleen garraio-gastuak ordaintzeko dirulaguntzetarako deialdia egiten duen 2022ko ekainaren 21eko Aginduaren 2.1 artikulua aldatzea (uztailaren 5eko EHAA), eduki hau duen azken paragrafo bat sartuta:

«2.1 artikuluan adierazitako zenbatekora, beste 4.772.680 euro gehiago bideratuko dira, Garraioaren alorreko eta ikasketetarako beka eta laguntzen alorreko jasangarritasun ekonomikoko neurrien eta aurrezpena eta energia-efizientzia lortzeko eta gas naturalaren mendekotasun energetikoa murrizteko neurrien abuztuaren 1eko 14/2022 Errege Lege Dekretuaren IV. tituluan jasota dagoena aplikatuz.»

II.– 2022-2023 ikasturtean unibertsitateko eta goi-mailako ikasketak egiteko dirulaguntzetarako, eta desgaitasun fisiko edo psikikoa eta mugitzeko zailtasun bereziak dituzten ikasleen garraio-gastuak ordaintzeko dirulaguntzetarako deialdia egiten duen 2022ko ekainaren 21eko Agindua aldatzea (uztailaren 5eko EHAA), eduki hau duen xedapen gehigarri bat sartuta:

«XEDAPEN GEHIGARRIA

Beste zenbateko osagarri gehigarri bat, derrigorrezko hezkuntzaren ondoko irakaskuntzetarako beketarako.

1.– Derrigorrezko hezkuntzaren ondoko ikasketak egiten dituzten pertsona guztiek, eranskin honetan araututako beka, laguntza eta sorospenen onuradunak badira, eskubidea izango dute 400 euroko zenbateko osagarri bat jasotzeko.

2.– Artikulu honetan araututako zenbateko osagarria bateratu ahal izango da deialdi honetan araututako gainerako zenbatekoekin, osagarriekin eta sorospenekin.

3.– Deialdi honen arabera ikasleei dagozkien beka, laguntza eta sorospenen gainerako osagarriekin batera ordainduko da zenbateko gehigarri berri hori.

4.– Artikulu honetan adierazitako zenbateko osagarria hartu ahal izateko, beka, laguntza edo sorospenen onuradunek ez dute egin beharko inolako izapide gehigarririk, beka, laguntza edo sorospen horiek jasotzeko eskubidea badute.»

III.– Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa jarri ahal izango diote interesdunek Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango dute Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean, agindua aipatutako aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko urtarrilaren 31.

Hezkuntzako sailburua,

JOKIN BILDARRATZ SORRON.


Azterketa dokumentala