Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

21. zk., 2023ko urtarrilaren 31, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EUSKO TRENBIDEAK SAU
508

EBAZPENA, 2023ko urtarrilaren 19koa, Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sarearen Kontratazio Batzorde Delegatuko presidentearena, zeinaren bidez onartzen baitira espediente hau eta haren gastua: «Trenbide-jabari publikoaren erabilera pribatiboa, Euskal Trenbide Sarea-Red Ferroviaria Vascaren trenbide-geltokietako publizitate-ustiapenerako» (Geltokietako publizitaterako 2023ko emakida).

AURREKARIAK

Lehenengoa.– ETSren Zirkulazioko eta Zerbitzuaren Kudeaketako Sailak trenbide-jabari publikoaren erabilera pribatiborako jabari publikoaren emakida izapidetzeari ekin zion, Euskal Trenbide Sarea-Red Ferroviaria Vascaren trenbide-geltokietako publizitate-ustiapenerako, honako publizitate-euskarri hauen publizitate-ustiapen estatikoa kudeatzeko, esklusibotasun-araubidean: tren-geltokietako publizitate-objektu argidunak (238 aurpegi, 4 multimedia-pantaila, eta formatu handiko pantaila digital bat Zazpi Kaleak geltokian).

Bigarrena.– Lizitazioaren oinarrizko aurrekontua 1.225.000 euro da urteko gutxieneko kanonerako, eta gorantz hobetu daiteke. Gauzatzeko epea zazpi (7) urte da, eta hiru (3) urte gehiago luza daitezke.

OINARRI JURIDIKOAK

Lehenengoa.– Baldintza Partikularren Agiriaren xedea da trenbide-jabari publikoaren erabilera pribatiborako jabari publikoko emakida bat ematea arautzea, Euskadiko Ondareari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 6ko 2/2007 Legegintzako Dekretuaren 68.b artikuluan aurreikusitakoaren arabera, Euskal Trenbide Sarea-Red Ferroviaria Vascaren trenbide-geltokietako publizitate-ustiapenerako; hori guztia, agiri honetan eta Preskripzio Teknikoen Agirian ezarritakoaren arabera.

Bigarrena.– Azpiegitura horiek jabari publikoko ondasunak dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren titulartasunekoak, eta haien kudeaketa Euskal Trenbide Sarea-Red Ferroviaria Vasca (aurrerantzean, ETS) ente publikoari atxikita dago. Azpiegiturok publizitate-ustiapenerako erabiliko dira, eta, horretarako, emakidadunak behar diren espedienteak izapidetu beharko ditu, emakida ustiatzeko eta bere jarduera gauzatzeko eskatzen zaizkion mota guztietako baimenak eta lizentziak lortzeko, bere kontura eta berak arriskua hartuta.

Hirugarrena.– Aipatutako kontratuaren Baldintza Partikularren Agiria aztertuta, behar bezala betetzen da Euskadiko Ondareari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 6ko 2/2007 Legegintzako Dekretuak jabari publikoko emakidei buruz aurreikusten duena.

Laugarrena.– Euskadiko Ondareari buruzko Legearen testu bateginak 70.3 artikuluan xedatutakoaren arabera, ETSri dagokio, ondasuna atxikita duen erakundea den aldetik, administrazio-emakidei buruzko espedienteak izapidetzea.

Bosgarrena.– Baldintza orokorretan sartu beharreko edukiari dagokionez, hauek jasotzen dira agirian:

– Ondasuna edo eskubidea erabiltzeko araubidea.

– Baimenak edo emakidak bete behar duen araubide ekonomikoa.

– Jarri beharreko bermea, hala badagokio.

– Kontserbazio- eta mantentze-gastuak, zergak, tasak eta gainerako tributuak ordaindu beharra, bai eta, orobat, ondasuna bere izaeraren arabera erabiltzeko eta zer egoeratan jaso den halaxe entregatzeko konpromisoa ere.

– Ondasuna erabiltzeko edo ondasunaren gainean egin beharreko jarduera egiteko behar diren lizentziak eta baimenak bere kontura eskuratzeko konpromisoa.

– Okupazioaren ondoriozko erantzukizuna hartu beharra. Horrez gain, dagokion aseguru-poliza formalizatzeko betebeharra ere aipatuko da, hala badagokio.

– Lagatzaileak baimenaren xede den ondasuna ikuskatzeko ahalmena gordetzea, baimeneko baldintzen arabera erabiltzen dela bermatzeko.

– Luzapen- eta subrogazio-epea, eta, hala badagokio, baita luzapen- eta subrogazio-araubidea ere. Luzapen eta subrogaziorako, aldez aurreko baimena beharko da.

– Azkentzeko arrazoiak.

Seigarrena.– Hautatutako esleipen-prozedura izapidetze ireki bidezko konkurrentzia da, eta, hori zehazteko, modu osagarrian, SPKLaren 156.etik 158.era bitarteko artikuluetan ezarritakoari jarraituko zaio.

Iragarkia EHAAn argitaratu beharko da, kontratazio-araudian finkatutako epean edo epe luzeagoan.

Interesdunek 30 eguneko epea izango dute eskaintzak aurkezteko.

Zazpigarrena.– Baldintza Partikularren Agirian, emakidaren indarraldia eta luzapena arautzen dira. Iraupenak, luzapena barne, ez ditu gainditzen Administrazio Publikoen Ondareari buruzko azaroaren 3ko 33/2003 Legearen 93. artikuluan ezarritako epeak.

Zortzigarrena.– Balorazio-irizpideei dagokienez, Baldintza Partikularren Agirian, emakida esleitzeko irizpideak zehazten dira, eta horien artean ezartzen dira bai automatikoki edo formulak aplikatuz kuantifika daitezkeen irizpideak bai balio-iritzien bidez ebalua daitezkeenak.

Horiek horrela, ETSren Kontratazio Batzorde Delegatuak honako hau

EBAZTEN DU:

Lehenengoa.– Espediente hau eta haren gastua onartzea: «Trenbide-jabari publikoaren erabilera pribatiboa, Euskal Trenbide Sarea-Red Ferroviaria Vascaren trenbide-geltokietako publizitate-ustiapenerako».

Bigarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Euskadiko kontratatzailearen profilean argitaratzeko agintzea.

Bilbao, 2023ko urtarrilaren 19a.

Kontratazio Batzordeko presidentea,

ERNESTO MARTINEZ DE CABREDO ARRIETA.


Azterketa dokumentala