Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

21. zk., 2023ko urtarrilaren 31, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA SAILA
507

AGINDUA, 2023ko urtarrilaren 12koa, Hezkuntzako sailburuarena, zeinaren bidez aldatzen baita hiru lanbide-espezializazio ezartzen dituen 2020ko ekainaren 15eko Agindua.

Hezkuntzako sailburuaren 2020ko ekainaren 15eko Aginduaren bidez (EHAA, 2020ko uztailaren 20ko 141. zk.), eranskinetan dauden hiru lanbide-espezializazio programaren egitura ezarri nahi da, Euskal Autonomia Erkidegoko hezkuntza-sistemako lanbide-heziketaren antolamendu orokorra ezartzen duen otsailaren 26ko 32/2008 Dekretuaren 12 ter artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.

Programa horiek Euskal Autonomia Erkidegoko zenbait produkzio-sektore estrategikok eskatzen dituzten kualifikazio bereziko beharrak asetzera bideratuta daude, haien lehiakortasuna hobetu ahal izateko.

Era berean, programa horiei esker, lanbide-heziketa jasotzen duten pertsonen enplegagarritasuna hobetu ahal izango da, bai eta tituludunena eta profesional kualifikatuena ere, eta aukera emango da ezagutzetan sakontzeko eta produkzio-sektore jakin batzuek eskatzen dituzten konpetentzia profesionalak zabaltzeko.

Egungo ingurune lehiakorrera egokitzen diren prestakuntza eta konpetentziak dituzten langileen eskaerak aurreko eskemak haustea eskatzen du, eta «lanpostura» bideratutako prestakuntza-eredu batetik «eremu profesionalean» zentratutako beste batera eboluzionatzea. Paradigma-aldaketa horrek pertsona erdigunean jartzen du, gaitasun teknikoak, pertsonalak eta sozialak eskuratzea edo sendotzea sustatuz, beharrezko balio-aniztasuna eta funtzionaltasuna bermatzeko.

Horren ondorioz, bere egitura definitzen den eta aipatutako Aginduari eransten zaizkion espezializazio-programetako bat, II. eranskinean retail sektoreko produktu freskoak esaten zaiona, aldatu egiten da jada indarrean dagoen programari lotutako titulazioei dagokienez.

Horregatik guztiagatik, indarrean dagoen legeriak emandako ahalmenez baliatuz, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Lanbide-espezializazioko hiru programa ezartzen dituen Hezkuntzako sailburuaren 2020ko ekainaren 15eko Agindua aldatzea.

Aldatu egiten da lanbide-espezializazioko hiru programa ezartzen dituen 2020ko ekainaren 15eko Aginduaren II. eranskinaren d) apartatua, «Retail sektoreko produktu freskoak espezializatzeko programa». Hona hemen apartatu horren edukia:

«d) PROGRAMAREKIN LOTUTAKO TITULUAK.

• Sukaldaritza eta gastronomiako teknikaria.

• Elikagaiak Merkaturatzeko teknikaria.

• Okintzako, Gozogintzako eta Konfiteriako teknikaria.

• Merkataritza jardueretako teknikaria.

Halaber, salbuespen gisa, eta Lanbide Heziketako Sailburuordetzak baimena eman badu, hiru urtetik gorako esperientzia duten profesionalek ere parte hartu ahal izango dute espezializazio programa horietan, baldin eta enpresa laguntzaileren batek langile horren hautagaitza proposatzen badu.»

AZKEN XEDAPENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko urtarrilaren 12a.

Hezkuntzako sailburua,

JOKIN BILDARRATZ SORRON.


Azterketa dokumentala