Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

11. zk., 2023ko urtarrilaren 17a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILERIA

Oposaketak eta lehiaketak

EUSKO LEGEBILTZARRA
252

ERABAKIA, 2022ko abenduaren 20koa, Eusko Legebiltzarreko Mahaiarena, zeinaren bidez onesten baitira Eusko Legebiltzarreko Goi Mailako Teknikarien kidegoko karrerako funtzionario gisa sartuz enplegua finkatzeko hautaketa-prozesu bereziaren deialdia eta prozesu hori arautuko duten oinarri espezifikoak, Dokumentalista-plaza bat betetzeko, oposizio-lehiaketa sistemaren bidez, barne-promozioko txandan, sarbide orokorraren bidez.

Eusko Legebiltzarreko Mahaiaren 2022ko abenduaren 20ko erabakia betez, honako hau

AGINTZEN DUT:

Lehenengoa.– Konbokatzea Eusko Legebiltzarreko Goi Mailako Teknikarien Kidegoan karrerako funtzionario gisa sartzeko oposizio-lehiaketa sistemaren bidez enplegua finkatzeko hautaketa-prozesu berezia, dokumentalista-plaza bat barne-promozioko txandan betetzeko, sarbide orokorraren bidez. Hautaketa-prozesu hau Eusko Legebiltzarreko Mahaiak 2022ko maiatzaren 31n hartutako erabakiaren ondoriozkoa da, zeinaren bidez onesten baita Eusko Legebiltzarreko lanpostuak aldi baterako betetzen ari diren langileak egonkortzeko 2022ko enplegu publikoaren eskaintza, Langileen estatutuaren eta Legebiltzarreko Administrazioaren araubide juridikoaren seigarren xedapen gehigarrian aurreikusita dauden enplegua finkatzeko prozesu berezien eta salbuespenezkoen baitan.

Bigarrena.– Onestea eta argitaratzea erabaki honen eranskinean agertzen diren oinarri espezifikoak.

Oinarriak Eusko Legebiltzarraren webgunean daude eskuragarri.

Eskabideak aurkezteko epea Eusko Legebiltzarreko Mahaiaren erabaki bidez zehaztuko da, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Eusko Legebiltzarraren Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

Eusko Legebiltzarreko Mahaiaren 2022ko abenduaren 20ko erabaki honen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa jarri ahal izango da, organo horretan bertan, hilabeteko epean, erabakia Eusko Legebiltzarraren Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, edo zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean, erabakia Eusko Legebiltzarraren Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko abenduaren 20a.

Eusko Legebiltzarreko lehendakaria,

BAKARTXO TEJERIA OTERMIN.

ERANSKINA
OINARRI ESPEZIFIKOAK, EUSKO LEGEBILTZARREKO GOI-MAILAKO TEKNIKARIEN KIDEGOKO KARRERAKO FUNTZIONARIO GISA SARTZEKO OPOSIZIO-LEHIAKETA SISTEMAREN BIDEZKO HAUTAKETA-PROZESUARENAK, DOKUMENTALISTA-PLAZA BAT BARNE-PROMOZIOKO TXANDAN BETETZEKO, SARBIDE OROKORRAREN BIDEZ

1.– Xedea.

Oinarri hauen xedea da arauak ezartzea oposizio-lehiaketa sistemaren bidez Eusko Legebiltzarreko Goi Mailako Teknikarien Kidegoko dokumentalista-plaza bat barne-promozioko txandan betetzeko, sarbide orokorraren bidez. Honako hauek dira arauak:

1.1.– Deialdiko plaza: dokumentalista-plaza bat, barne-promozioko txandan, sarrera orokorraren bidez.

1.2.– Administrazio parlamentarioko kidegoa: Goi Mailako Teknikariak.

1.3.– Betetzeko sistema: oposizio-lehiaketa.

1.4.– Eskatutako titulazioa: unibertsitate-gradua, bai eta haren baliokideak ere.

1.5.– Euskararen hizkuntza-eskakizuna: 3.a, nahitaezkoa.

1.6.– Lanpostuaren eginkizun nagusiak: II. eranskinean ezarritakoak.

2.– Eskabideak aurkezteko epea.

Eskabideak aurkezteko epea Eusko Legebiltzarreko Mahaiaren erabaki bidez zehaztuko da, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Eusko Legebiltzarraren Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

3.– Hautaketa-prozesuaren oinarriak.

Hautaketa-prozesuan jarraitu beharrekoak izango dira Langileen estatutuaren eta Legebiltzarreko Administrazioaren araubide juridikoaren seigarren xedapen gehigarria; Eusko Legebiltzarrean karrerako funtzionario gisa sartuz enplegua finkatzeko hautaketa-prozesuen oinarri orokorrak, Mahaiak 2022ko abenduaren 20an onetsiak eta Eusko Legebiltzarraren Aldizkari Ofizialaren 2022ko abenduaren 30eko 119. zenbakian argitaratuak, eta oinarri espezifiko hauek.

4.– Parte hartzeko eskakizunak, hautaketa-prozesuaren bilakaera eta plazaren esleipena.

4.1.– Plazarako lehiatzaileek finkatze-prozesuen oinarri orokorretako 5.1 apartatuan orokorki ezartzen diren eskakizunak bete behar dituzte.

4.2.– Eskabidea finkatze-prozesuen oinarri orokorretako 7. apartatuan xedatutakoaren arabera bete beharko da, Eusko Legebiltzarraren helbide elektronikoaren bidez (www.legebiltzarra.eus edo Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen helbide elektronikoaren bidez (www.ivap.euskadi.eus), bai eta azterketa-eskubideak ordaindu ere.

Internet bidezko eskaera egin ahal izango da KZgune publikoen bidez. KZguneen zerrenda eta kokapena helbide elektroniko honetan eskura daiteke: www.kzgunea.net

Halaber, eskaera bete ahal izango da Eusko Legebiltzarreko Antolaketa eta Giza Baliabideen Zuzendaritzaren bulegoetan (Becerro de Bengoa kalea z.g., Vitoria-Gasteiz; eraikin administratiboa), astelehenetik ostiralera, 09:00ak eta 13:00ak bitartean.

4.3.– Goi Mailako Teknikarien Kidegorako azterketa-eskubideen zenbatekoa 20 euro da.

Ordainketa egin ahal izango da oinarri orokorretako 7. apartatuan aurreikusitako moduan.

4.4.– Hautaketa-prozesua eta plazaren esleipena arestian aipatutako oinarri orokorretako aginduen arabera egingo dira, eta, orobat, lehiaketa- eta oposizio-aldien ebaluazioari buruz oinarri espezifiko hauetan aurreikusitako arauen arabera.

4.5.– Antolaketa eta Giza Baliabideen Zuzendaritzak lan-poltsa bat sortuko du, norekin eta, hautaketa-prozesuan plazarik lortu ez, baina hautaketa-prozesua gainditu dutenekin.

5.– Epaimahaia.

Eusko Legebiltzarreko Mahaiak izendatuko ditu kalifikazio-epaimahaiko kideak, oinarri orokorretako 9. apartatuan xedatutakoaren arabera.

Nolanahi ere, hauek izango dira epaimahaiko kideak:

– Epaimahaiburua, Mahaiak bere kideen artean aukeratua.

– Legelari nagusia edo hark eskuordetzen duen pertsona.

– Konbokatutako plazari dagokion kidegoko pertsona bat. Pertsona hori langileen ordezkaritza-organoak proposatuko du, kidego horretako langileen artetik.

6.– Euskararen hizkuntza-eskakizuna egiaztatzea.

Euskararen hizkuntza-eskakizuna egiaztatzeko, Euskara Tituluen eta Ziurtagirien Erregistro Bateratua (ETZEB) kontsultatuko da. Egiaztatutzat joko dira aipatutako erregistroan inskribatuta dauden eta deialdi bakoitzeko oinarri espezifikoetan ondorio horietarako ezartzen dena baino lehenagoko egiaztatze-data duten hizkuntza-eskakizunak.

Aipatutako erregistroan jasota ez dauden euskararen jakite-mailari buruzko ziurtagiriak edo tituluak dituztenek horiek egiaztatzen dituzten agiriak aurkeztu beharko dituzte, deialdi bakoitzaren oinarri espezifikoetan hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko ezartzen den eguna baino lehen.

Administrazio parlamentarioaren hizkuntza-eskakizunen ziurtagiri eta titulu baliokideak bi dekretu hauen arabera zehaztuko dira: 297/2010 Dekretua, azaroaren 9koa, euskararen jakite-maila egiaztatzen duten tituluak eta ziurtagiriak baliokidetu, eta Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuko mailekin parekatzeko dena, eta 47/2012 Dekretua, apirilaren 3koa, euskaraz egindako ikasketa ofizialak aintzat hartzeko eta euskara-maila hizkuntza-tituluen eta ziurtagirien bidez egiaztatzetik salbuesteko dena.

7.– Oposizio-aldiko ariketari dagozkion arauak.

Oposizio-aldia.

Aldi honi dagokion ariketa egingo da. Proba saio berean egingo da, eta deialdi bakarrean.

Proba bat izango da, eta proba hori lau erantzun-aukera izango dituzten galdetegi bat. Erantzun okerrek penalizazioa izango dute: erantzun zuzen baten balioaren herena kenduko zaie. Galderak I. eranskinean erantsitako gai-zerrendari buruzkoak izango dira.

Galdetegiak 60 puntuko balioa izango du, gehienez.

Izangaiek lortutako puntuazioa erantzun zuzenen kopurua izango da, behin erantzun okerren kenketa eginda, goian azaldutako proportzioan.

Epaimahaiak, dagokion erabakia hartuta, zuzentzat jotako erantzunak argitaratuko ditu Eusko Legebiltzarraren helbide elektronikoan (www.legebiltzarra.eus eta Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearenean (www.ivap.euskadi.eus).

Epaimahaiak, kontuan hartuta eska daitekeen gutxieneko maila eta aurkeztu direnen ezagutza-maila, erabakiko du, betiere izangaien nortasuna jakin aurretik, zein den oposizio-aldia gainditzeko gutxieneko puntuazioa, eta aditzera emango du hartutako erabakia.

8.– Lehiaketa-aldiaren ebaluazioari buruzko arauak.

Lehiaketa-aldia: 40 puntu.

Merezimenduak justifikatzeko agiriak aurkezteko 10 egun balioduneko epea ireki ondoren egingo da. Merezimenduak alegatu eta egiaztatuko dira finkatze-prozesuen oinarri orokorretako 11. apartatuan xedatutakoaren arabera.

Alegatutako merezimenduak eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunerako eduki beharko dira, informatika, ofimatika eta hizkuntzak izan ezik, zeinak merezimenduak aurkezteko azken egunean eduki beharko baitira.

Hauek izango dira epaimahaiak baloratu beharreko merezimenduak:

8.1.– Lortu nahi den postuaren eginkizunak egin diren lanpostuetan benetan aritzeagatik lortutako esperientzia.

Esperientziatzat hartzen dira Administrazio publikoan, erakunde autonomoetan edo zuzenbide pribatuko erakunde publikoetan goi-mailako teknikarien kidegoko edo kidego edo lanbide-talde baliokideetako lanpostuetan emandako zerbitzuak.

Esperientzia horregatik gehienez ere 31 puntu emango dira.

Zenbaketa egiteko, batu egingo dira azken 100 hilabeteetan lan egindako aldiak, eskatutako baldintzak betetzen dituztenak, eta, behin batuketa hori eginda, ez dira aintzat hartuko hilabetetik beherako zatiak. Ondorio horietarako, 30 eguneko multzoa joko da hilabetetzat.

Erabat ezinbestekoa izango da aurkeztea erakundearen ziurtagiri bat, non azalduko den postuaren izena eta egindako lan zehatzak, eta, orobat, lan horien iraupena. Era horretan, epaimahaiak egiaztatu ahal izango du baloratu beharreko funtzioetan benetan aritu izana.

Zerbitzuak Eusko Legebiltzarrean eman dituzten lehiatzaileek ez dute ziurtagiri hori aurkeztu beharko.

Balorazioa baremo honen arabera egingo da:

a) Esperientzia orokorra.

Esperientzia orokortzat jotzen dira edozein Administrazio publikotan emandako zerbitzuak, baita Eusko Legebiltzarreko Administrazioan emandakoak ere.

Esperientzia horregatik gehienez ere 5 puntu emango dira, 0,05 puntu lan egindako hilabete bakoitzeko.

b) Esperientzia espezifikoa.

Esperientzia orokorraren baloraziotik bereiz baloratuko da, modu espezifiko eta osagarrian, esperientzia espezifikoa, hau da, Eusko Legebiltzarrean emandako zerbitzuak. Esperientzia horregatik gehienez ere 26 puntu emango dira, 0,26 puntu lan egindako hilabete bakoitzeko.

8.2.– Titulazioak; probak gainditzea karrerako funtzionario izateko prozeduretan, eta lan-poltsetan egotea.

Gehienez ere 6 puntu emango dira honako merezimendu hauengatik:

8.2.1.– Titulazioak, gehienez ere 5 puntu.

– 5 puntu titulu bakoitzeko, gehienez ere 5 puntu, honako ikasketa-eremu hauetako gradu, lizentzia eta diplomaturetako titulu edo baliokideengatik:

• 032201 Informazioa eta dokumentazioa.

– 2,5 puntu titulu bakoitzeko, gehienez ere 5 puntu, titulu edo baliokide hauengatik:

• Dokumentazio, liburutegi eta artxibo arloetako graduondokoak.

8.2.2.– Eusko Legebiltzarreko dokumentalista-lanpostuetan Goi Mailako Teknikarien Kidegoko karrerako funtzionario izateko prozeduretan probak gainditzeagatik, gehienez ere 5 puntu emango dira:

– Oposizio-aldia gainditzea: 5 puntu.

– Oposizio-aldiko lehen ariketa gainditzea: 2,5 puntu, eta hori da azpiatal honetan lor daitekeen gehieneko puntuazioa.

8.2.3.– Eusko Legebiltzarreko Goi Mailako Teknikarien Kidegoko dokumentalista-lanpostuetarako lan-poltsetan egoteagatik, 2,5 puntu emango dira, eta hori da azpiatal honetan lor daitekeen gehieneko puntuazioa.

8.3.– Informatikako ezagutzak.

Informatikako ezagutzengatik gehienez ere 2 puntu emango dira, 0,29 puntu ziurtagiri hauetako bakoitzeko:

– Microsoft Outlook 2010, maila bakarra.

– Microsoft PowerPoint 2010, maila bakarra.

– Microsoft Word 2010, maila aurreratua.

– Microsoft Excel 2010, maila aurreratua.

– Microsoft Access 2010, maila bakarra.

– Internet aurreratua.

– Windows 7.

IT Txartela egiaztatze-sistema erabiliko da moduluak gainditu direla egiaztatzeko, oinarri orokorretan adierazi denaren arabera.

Lehiatzaileek ez dute frogagiririk aurkeztu beharko; izan ere, Eusko Legebiltzarrak zuzenean egiaztatuko du, Tecnalia Research & Innovation Fundazioaren bitartez, txartel horiek dituztela eta zein egunetan lortu dituzten.

Txartel horiek lortzeko, horretarako egindako proba bat gainditu behar da Tecnalia Research & Innovation Fundazioak egiaztatu eta ebaluatutako zentroetan.

8.4.– Hizkuntzak.

Gehienez ere puntu 1, honako baremo honen arabera:

Ingelesa, frantsesa eta alemana jakiteagatik, honako puntu hauek:

C2 edo baliokidea: 0,5 puntu.

C1 edo baliokidea: 0,375 puntu.

B2 edo baliokidea: 0,25 puntu.

Horretarako, titulu eta ziurtagiri hauek bakarrik hartuko dira aintzat: Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta haren erakunde autonomoetako lanpostuen hautatze- eta hornitze-prozesuetarako hizkuntza-titulu eta -ziurtagirien baliokidetasuna ezartzeko ekainaren 30eko 117/2015 Dekretuaren «Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren mailen baliokide diren titulu eta ziurtagiriak» eranskinean agertzen direnak.

Hizkuntza beraren maila bat baino gehiagoren ziurtagiria izanez gero, maila altuenekoa bakarrik baloratuko da.

9.– Azken kalifikazioa, eta berdinketa hausteko irizpideak.

9.1.– Azken kalifikazioa.

9.1.1.– Oinarri orokorretan xedatutakoaren arabera, lehiatzaile bakoitzaren azken kalifikazioa oposizio-aldian eta merituen balorazioan lortutako puntuazioen batura izango da.

9.1.2.– Emaitza eta kalifikazio guztiak Eusko Legebiltzarraren helbide elektronikoan (www.legebiltzarra.eus eta Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen helbide elektronikoan (www.ivap.euskadi.eus) argitaratuko dira. Webgune horien bitartez sartu beharko dira kontsultak egiteko, NANaren zenbakia eta eskabidearen erreferentzia-zenbakia.

9.2.– Berdinketa hausteko irizpideak.

9.2.1.– Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 20.1.a artikulua aplikatuz, 1/2022 Legeak emandako idazkeraren arabera, joko da lehiatzaileek gaitasun bera dutela berdinketa ateratzen bada hautaketa-prozesuaren azken puntuazioan, hau da, oposizio-aldian lortutako puntuazioa eta dagozkion merezimenduak batu ondoren.

9.2.2.– Berdinketa gertatuz gero, lehentasun-ordena ezarriko da honako irizpideei jarraikiz, bata bestearen ondotik:

1.a Nork lortu duen puntuaziorik handiena esperientzia espezifikoagatik.

2.a Nork lortu duen puntuaziorik handiena esperientziagatik.

3.a Nork lortu duen puntuaziorik handiena titulazioengatik, probak gainditzeagatik karrerako funtzionario edo langile lan-kontratudun izateko prozeduretan, eta lan-poltsetan egoteagatik.

4.a Nork lortu duen puntuaziorik handiena titulazioengatik.

5.a Nork lortu duen puntuaziorik handiena informatikako ezagutzengatik.

I. ERANSKINA
GAI-ZERRENDA

1.– Markatzeko lengoaiak eta eduki digitalen kodifikazioa artxiboen eta liburutegien esparruan.

Informazioaren eta komunikazioaren teknologiak.

Liburutegi eta artxiboetan aplikatzea.

XML formatua (Extensible Markup Language): definizioa eta ezaugarriak.

Records in context: eredu kontzeptuala eta bere ontologia.

XML eta deskribapen artxibistikoa: EAD (Encoded Archival Description) eta EAC-CPF (Encod Archival Context-Corporate).

XML eta deskribapen bibliografikoa. Dublin Core: definizioa eta ezaugarriak.

XML eta deskribapen bibliografikoa. MARC: definizioa eta ezaugarriak.

METS (Metadata Encoding and Transmission Standards): definizioa eta ezaugarriak.

Web semantikoa: helburua, ezaugarriak.

Linked Open Vocabularies eta Linked Open Data.

OAI-PMH datu-biltzaileak (Open Archives Initiative-Protocol for Metadata Harvesting): definizioa eta ezaugarriak.

2.– Artxibo eta liburutegietako kontserbazio digitala.

Objektu digitalak kontserbatzeko teknikak eta metadatuak.

OAIS eredua.

PREMIS ekimena (Preservation Metadata: Implementation Strategies): metadatu-entitateak.

Sinadura elektronikoa eta formatuak artxiboetan kontserbatzeko prozesuak.

Kontserbaziorako estrategia teknikoak.

ISO 11799: Information and documentation: document storage requirements for archive and library materials. Geneva: ISO, [2003].

e-Ark proiektua (European Archival Records and Knowledge Preservation).

3.– Artxibistika: definizioa eta printzipioak.

Definizioa.

Artxibistikaren zientzia eta teknika osagarriak.

Etorkiaren printzipioa.

Dokumentuen jatorrizko ordena edo ordena naturala errespetatzearen printzipioa.

Dokumentuen bizi-zikloa eta «records management» delakoa.

Dokumentuen jarraipen edo «continuum» kontzeptua.

4.– Dokumentuak eta artxiboak. Kontzeptu orokorrak, definizioa.

Dokumentuaren kontzeptua.

Dokumentuaren balioak.

Dokumentuen tipologia. Diplomatika.

Administrazio-laguntzako dokumentuak.

Artxiboaren kontzeptua.

Artxibo motak eta funtzioak: publikoak eta pribatuak.

Artxiboaren mailak. Funtzioak.

5.– Dokumentu elektronikoa.

Definizioa eta ezaugarri espezifikoak.

Metadatuak: definizioa. Dokumentu elektronikoak kudeatzeko metadatuen eskema (e-EMGDE).

Sinadura elektronikoa: sinadura motak.

Elkarreragingarritasuna: definizioa.

Dokumentu Elektronikoaren Elkarreragingarritasunerako Arau Teknikoa.

Dokumentuaren kopia kautoa.

Paperezko dokumentuen ordez kopia elektroniko kautoa jartzea.

Dokumentu elektronikoak epe luzera gordetzea.

6.– Espedientea.

Definizioa, eta hura osatzen duten zatiak.

Prestakuntza eta antolamendua.

Espediente elektronikoa.

Espediente elektronikoaren elkarreragingarritasunerako arau teknikoa.

Aurkibide elektronikoa.

7.– Dokumentu-funtsen sailkapena.

Sailkapeneko printzipio teorikoak.

Sailkapen-koadroen tipologia.

Dokumentu-taldekatzeen mailak (funtsa, azpifuntsa, sekzioa, azpisekzioa, seriea, azpiseriea, bilduma, dokumentu-unitate sinplea eta konplexua).

8.– Dokumentu-kudeaketa.

Printzipio nagusiak.

Artxiboko prozesu teknikoak: antolamendua, instalazioa, sarrera eta transferentzia.

Dokumentu elektronikoen kudeaketa.

Dokumentu elektronikoen kudeaketa politikaren elkarreragingarritasunerako arau teknikoa.

MoReq: artxiboko dokumentu elektronikoak kudeatzeko eskakizunen eredu europarra. ISO 15489 eta 23081.

Dokumentu elektronikoak kudeatzeko politikari buruzko auditoriak.

9.– Artxibo-informazioaren deskribapena eta trukaketa.

Deskribapen-tresnak: gidak, katalogoak, inbentarioak, erroldak.

Deskribapen artxibistikorako nazioarteko araua (ISAD (G)): zer den, zertarako balio duen, zein diren haren arauak, zein diren informazio-arloak.

ISAAR (CPF) erakundeen, pertsonen eta familien goiburuko artxibistiko baimenduei buruzko nazioarteko araua: zer den, zertarako balio duen, zein diren informazio-arloak.

Funtsak zaintzen dituzten erakundeak eta haien funtzioak deskribatzeko nazioarteko araua (ISDF): zer den, zertarako balio duen, zein diren informazio-arloak.

Artxibo-funtsak gordetzen dituzten erakundeak deskribatzeko nazioarteko araua (ISDIAH): zer den, zertarako balio duen, zein diren informazio-arloak.

Deskribapen artxibistikoari buruzko arau espainiarra. Deskribapen artxibistikoaren eredu kontzeptuala: NEDA-MC: zer den, zein den haren aplikazio-eremua.

Dokumentu elektronikoen deskribapena. Encoded Archival Description (EAD).

ICA-Atom ekimena.

10.– Administrazio elektronikoa eta haren aplikazioa Euskadiko sektore publikoan. Araudia eta antolamendua.

Estatuko arau erregulatzailea: 39/2015 eta 40/2015 legeak, eta haien erregelamendua.

Elkarreragingarritasunaren eskema nazionala eta haren arau teknikoak.

Segurtasuneko eskema nazionala.

Araudi autonomikoa.

11.– Dokumentuen balorazioa eta hautapena.

Balorazio-irizpideak.

Dokumentuen balioak.

Funtsezko dokumentuak.

Kontserbazio-egutegiak eta haien egitura.

Hautatzeko eta espurgatzeko irizpideak; motak eta gauzatzeko moduak.

Balorazio-batzordeak. Prozedura.

EAEko Artxiboen Sistemako prozedura (Covasede).

Dokumentu-ondarea. Ezaugarriak, babes- eta sustapen-neurriak, kontrol-tresnak: dokumentu-ondarearen inbentarioa.

12.– Artxiboetako dokumentuetara eta informazio publikora irispidea izatea.

Araudi erregulatzailea.

Informazio publikoa berrerabiltzea.

Artxibo-dokumentuetara eta artxiboetan bildutako informaziora irispidea izateko muga batzuk.

Artxiboetan irispidea izateko prozedurak.

Haztapena. Gardentasun aktiboa: sektore publikoaren informazioa eskuragarri jartzea.

13.– Liburutegia eta dokumentazio-zentroa: definizioa, ezaugarriak, motak eta funtzioak.

Liburutegiaren definizioa.

Dokumentazio-zentroaren definizioa.

Liburutegi motak eta haien funtzioak. Liburutegi hibridoa: definizioa eta ezaugarriak.

Liburutegi digitala: definizioa eta ezaugarriak.

Errepositorio instituzionalak.

Alderdi teknikoak: metadatuak, elkarreragingarritasuna, kontserbazioa eta digitalizazioa.

14.– Bilduma bibliografikoaren kudeaketa.

Bilduma: edukiak hautatzeko irizpideak, eskuratze motak (erosketa, dohaintza, gordailua, trukea, lege-gordailua) eta eskuratzea.

Funtsen antolamendua.

Bildumaren tratamendu fisikoa: erregistratzea, zigilatzea eta topografiatzea.

Bildumaren kontrola: aldizkako zenbaketa edo inbentarioa. Espurgatzeko irizpideak. Bikoiztuen kudeaketa.

15.– Material bibliografikoak sailkatzea eta normalizatzea.

SHUa: sailkapen hamartar unibertsala.

Gaien arloko goiburukoak eta autoritate-kontrola.

Kontzeptua, helburuak, araudia, nazioarteko joerak eta proiektu nagusiak (FRAD, FRSAD, VIAF YSKOS).

Autoritate-kontrola.

ISBN (International Standard Book Number).

ISSN (International Standard Serial Number).

DOI (Digital Object Identifier).

16.– Material bibliografikoak katalogatzea: arauak, estandarrak, formatuak eta sistemak.

Deskribapenaren nazioarteko printzipioak.

Nazioarteko deskribapen bibliografiko normalizatua (ISBD).

Katalogazio-arauak.

RDA estandarra (Resource Description and Access).

Entitate-erlazio ereduaren oinarriak.

Erregistro bibliografikoen MARC21 formatua.

Autoritateen MARC21 formatua.

IBERMARC formatua.

Katalogazio kooperatiboa eta katalogazio zentralizatua.

Katalogo kolektiboa.

Liburutegiak kudeatzeko sistema integratuak. Ezaugarriak eta prestazioak.

17.– Baliabide elektronikoen kudeaketa.

Eskurapena.

Katalogazioa.

Liburu eta aldizkari elektronikoen datu-baseak.

Harpidetza motak.

IP helbide bidez ezagutzea.

Erabiltzaile konkurrenteak.

Erabilera-estatistikak.

18.– Liburutegi-zerbitzuak.

Erabiltzaileentzako informazio-zerbitzua.

Dokumentu primarioa eskuratzeko zerbitzua.

Irakurketa-aretoaren antolaketa.

Mailegu indibiduala, kolektiboa eta liburutegien artekoa.

Informazioaren hedapen selektiboa (IHD) eta alerta-sistemak.

Hedapena: OPAC direlakoak.

Kultura-zerbitzuak liburutegien bidez sustatzea eta bultzatzea.

19.– Liburutegietako dokumentuetara eta informazio publikora irispidea izatea.

Araudi erregulatzailea.

Datu pertsonalak babestea liburutegietan.

Jabetza intelektuala, copyright-a eta copyleft-a, lan zurtzak, jabari publikoa.

Objektu digitalen gaineko erabiltzaile-lizentzia orokorrak. Material bibliografikoetara irispidea izateko muga batzuk.

Egile-eskubideak kudeatzen dituzten erakundeak: zer diren, zer egiten duten, nola funtzionatzen duten.

Kopiatze-kanona.

20.– Informazio juridikoaren iturriak.

EBren dokumentazio juridikoa.

Espainiaren dokumentazioa.

Autonomia-erkidegoen dokumentazio juridikoa.

Giza eskubideen arloko dokumentazioa.

II. ERANSKINA
LANPOSTUAREN EGINKIZUN NAGUSIAK

– Bilduma kudeatzea: hautatu, eskuratu, erregistratu, katalogatu, ordenatu, zirkulatu, kontserbatu, espurgatu eta ebaluatu.

– Erakundearen beharrizan eta eginkizun propioei dagozkien baliabideak, zerbitzuak eta informazio-sistemak planifikatu, kudeatu eta ebaluatzea.

– Bilduman dagoen edo kanpotik eskuratu daitekeen informaziorako sarbidea erraztea.

– Informazioa beste datu-base batzuetan bilatzea eta haietatik hartzea, Interneten bidez eta sareko parte-hartzearen bidez.

– Erabiltzaileen beharrizanak, itxaropenak, eskariak eta asebetetzea ebaluatzea.

– Prestakuntza-jarduerak diseinatu eta ematea, erabiltzaileek informazio-trebeziak eskura ditzaten sustatzeko.

– Funtsaren zabalkundea egitea eta haren erabilera sustatzea.

– Sarearen bidez eskaintzen diren tresna teknologikoak eta funtzionalitateak erabili eta aplikatzea: software librea, 2.0 web-aplikazioak eta abar.

– Erakundeko dokumentuak kudeatzeko prozesuak planifikatzen eta kudeatzen parte hartzea: sorrera, sailkapena, deskribapena, kontserbazioa eta sarbidea.

– Eduki digitalak planifikatzen eta kudeatzen parte hartzea, webgunean argitaratu daitezen.


Azterketa dokumentala