Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

11. zk., 2023ko urtarrilaren 17a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILERIA

Oposaketak eta lehiaketak

EUSKO LEGEBILTZARRA
251

ERABAKIA, 2022ko abenduaren 20koa, Eusko Legebiltzarreko Mahaiarena, zeinaren bidez onartzen baitira Eusko Legebiltzarrean oposizio-lehiaketa eta lehiaketa sistemen bidez enplegua finkatzeko prozesu bereziak eta salbuespenezkoak arautuko dituzten oinarri orokorrak.

Eusko Legebiltzarreko Erregelamendu eta Gobernu Batzordeak 2022ko ekainaren 17an onetsitako Langileen estatutuaren eta Legebiltzarreko Administrazioaren araubide juridikoaren seigarren xedapen gehigarriak (Eusko Legebiltzarraren Aldizkari Ofiziala, 2022ko ekainaren 24koa, 96. zenbakia) zehazten du, Eusko Legebiltzarrean enplegua finkatzeko prozesu bereziei eta salbuespenezkoei dagokienez, Eusko Legebiltzarreko Mahaiak oposizio-lehiaketa sistemaren bidezko deialdiak egin ahal izango dituela aurrekontu-zuzkidura duten eta aldi baterako beteta dauden Legebiltzarreko Administrazioko lanpostuetarako. Lehiaketa-fasean, honako hauek baloratuko dira gehienbat: deialdiaren xede diren lanpostuetan izandako esperientzia eta administrazio publikoetan antzeko lanpostuetan emandako zerbitzu-denbora, besteak beste, antzekotasun hori ezar badaiteke, betiere. Deialdian sartuko dira xedapen gehigarri hau indarrean jarri aurreko hiru urteetan aldi baterako eta etenik gabe beteta egon diren lanpostu edo plazak.

Halaber, xedapenak ezartzen du, salbuespenez, lehiaketa-sistema bidez konbokatu ahal izango direla honako lanpostu hauek: enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurrien abenduaren 28ko 20/2021 Legearen 2.1 artikuluan ezarritako baldintzak beterik, 2016ko urtarrilaren 1a baino lehen aldi baterako eta etenik gabe beteta egon direnak. Prozesu hori behin bakarrik egingo da, eta aipatutako legean ezarritako epeak errespetatuko dira.

Bestalde, aurreikusten du egonkortze-prozesu horietan egiturazko izaera duten plaza hutsak sartu ahal izango direla, baldin eta aldi baterako bete badituzte 2016ko urtarrilaren 1a baino lehenagotik izaera horretako harremana eduki duten langileek.

Horrekin batera, xedatzen du Eusko Legebiltzarreko langileen enplegua egonkortzeko prozesuak arautuko dituzten oinarri orokorrek eta oinarri espezifikoek parte hartzeko eta lanpostuak esleitzeko baldintzak eta oposizio- eta lehiaketa-faseak prozesu horien helburura egokitu ahal izango dituztela.

Beste alde batetik, Eusko Legebiltzarreko Erregelamendu eta Gobernu Batzordeak 2022ko ekainaren 17an onetsi zuen arauaren bigarren xedapen iragankorrak ezartzen du seigarren xedapen gehigarrian adierazitakoa oinarri orokorrei eta oinarri espezifikoei aplikatuko zaiela. Oinarri orokor eta espezifiko horiek Eusko Legebiltzarreko langileen enplegua egonkortzeko prozesu bereziak eta salbuespenezko prozesuak arautuko dituzte, eta prozesu horiek, berriz, Eusko Legebiltzarreko lanpostuak aldi baterako betetzen ari diren langileak egonkortzeko enplegu publikoaren eskaintza garatuko dute –eskaintza hori Eusko Legebiltzarreko Mahaiak onetsi zuen 2022ko maiatzaren 31n (Eusko Legebiltzarraren Aldizkari Ofiziala, 2022ko maiatzaren 31koa, 92. zenbakia)–.

Era berean, Eusko Legebiltzarreko Mahaiaren 2022ko ekainaren 28ko erabaki bidez (Eusko Legebiltzarraren Aldizkari Ofiziala, 2022ko uztailaren 1ekoa, 98. zenbakia) onetsi ziren oinarri orokorrek, Eusko Legebiltzarrean karrerako funtzionario gisa sartzeko hautaketa-prozesuenek, honako hau ezartzen dute xedapen gehigarrian: enplegua finkatzeko prozesu berezien eta salbuespenezkoen baitan Eusko Legebiltzarreko lanpostuak aldi baterako betetzen ari diren langileak egonkortzeko 2022ko maiatzaren 31n onetsi zen enplegu publikoaren eskaintzako hautaketa-prozesuen deialdiak beren oinarri orokor eta espezifiko propioek arautuko dituzte.

Azkenik, Langileen estatutuaren eta Legebiltzarreko Administrazioaren araubide juridikoaren 22.1 artikuluak xedatzen duenez, hautaprobetarako deialdien oinarriak legelari nagusiak proposatu eta Legebiltzarreko Mahaiak onetsiko ditu.

Horren arabera, Eusko Legebiltzarreko Mahaiak, Euskal Herriko Autonomia Estatutuaren 27.1 artikuluan aurreikusitako autonomia parlamentarioa baliatuz, legelari nagusiaren proposamenarekin bat etorriz, eta Langileen Batzordeak aldeko iritzia emanik, honako hau erabaki du:

Lehenengoa.– Eusko Legebiltzarreko langileen enplegua egonkortzeko prozesu bereziak eta enplegua egonkortzeko salbuespenezko prozesuak arautuko dituzten oinarri orokorrak onestea –erabaki honen eranskinean daude jasota–.

Bigarrena.– Eusko Legebiltzarraren Aldizkari Ofizialean eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Eusko Legebiltzarrean enplegua finkatzeko prozesuak arautuko dituzten oinarri orokorrak, Mahaiak 2022ko abenduaren 20an onetsi zituenak.

Eusko Legebiltzarreko Mahaiaren erabaki honen aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa jarri ahal izango da, organo horretan bertan, hilabeteko epean, erabakia Eusko Legebiltzarraren Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita, edo zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean, erabakia Eusko Legebiltzarraren Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita.

Oinarri orokor hauek ondorioak sortuko dituzte Eusko Legebiltzarraren Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko abenduaren 20a.

Eusko Legebiltzarreko lehendakaria,

BAKARTXO TEJERIA OTERMIN.

ERANSKINA
EUSKO LEGEBILTZARREAN ENPLEGUA FINKATZEKO PROZESUEN OINARRI OROKORRAK

1.– Xedea.

1.1.– Oinarri hauen xedea da Eusko Legebiltzarrean enplegua finkatzeko hautaketa-prozesu berezi eta salbuespenezkoen arau orokorrak ezartzea.

1.2.– Hautaketa-prozesu bakoitzaren berezitasunak kasuan kasuko deialdien oinarri espezifikoetan arautuko dira, oinarri orokor hauei jarraikiz eta Langileen Batzordearekin negoziatu ondoren.

I.– ENPLEGUA FINKATZEKO PROZESUEN ARAU KOMUNAK.

2.– Tratu-berdintasunaren printzipioa.

Hautaketa-prozesuek tratu-berdintasunaren printzipioa bete behar dute, eta ezin izango da inolako diskriminaziorik egin jaiotza, arraza, sexua, erlijioa, iritzia nahiz bestelako inguruabar edo egoera pertsonal zein sozialak aintzat hartuta. Salbuespen izango dira pertsonen eta kolektiboen berdintasunerako eta integraziorako ekintza positiboak edo irizpide bereziak, baldin eta lege-mailako arauren batek babesten badu haiek desberdin tratatzea, kasu arrazoitu, arrazoizko, neurrizko eta egokietan.

3.– Argitalpenak.

Hautaketa-prozesuen deialdiak, Eusko Legebiltzarraren Aldizkari Ofizialean eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian ez ezik, Eusko Legebiltzarraren eta Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen helbide elektronikoetan ere argitaratuko dira, edo, hala badagokio, oinarri espezifikoetan jasotzen diren helbide elektronikoetan.

Halaber, jakinarazpenetarako, Eusko Legebiltzarreko Mahaiak eta epaimahaiek oinarri orokor hauen eta dagozkion oinarri espezifikoen babesean egindako deialdiei buruz hartzen dituzten erabakiak, bai eta agertzen diren komunikazioak, emaitzak eta kalifikazioak ere, aurreko paragrafoan aipatutako helbide elektronikoetan argitaratuko dira, ezartzen den sarbide pertsonaleko sistemaren bidez, eta hargatik eragotzi gabe epaimahaiek informazioa publiko egiteko egokitzat jotzen duten beste edozein modu.

Gainera, telefono mugikorraren zenbaki bat edo posta elektronikoaren helbide bat eman duten parte-hartzaileei abisu bat bidaliko zaie, dela SMS bidez, dela posta elektronikoz. Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 41.6 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, abisu hori ez emanagatik ere, jakinarazpena guztiz baliozkoa izango da.

4.– Plazen deskribapena.

Prozesu bakoitzaren oinarri espezifikoetan, honako hauek adieraziko dira: lanpostuaren izena, atxikipena, lanpostu hutsen kopurua, horiek betetzeko sistema, eskatutako titulua, euskararen hizkuntza-eskakizuna, plazaren eginkizun nagusiak eta hartan jarduteko baldintza psikofisikoak.

Plazak lortzeko txanda ere zehaztuko da: irekia edo barne-promoziokoa.

Txanda irekian eta, kasua bada, barne-promozioko txandan eskainitako plaza guztietatik lanpostu hutsen kupo bat gorde ahal izango da desgaitasuna duten pertsonek bete dezaten. Oinarri espezifikoetan adieraziko da zenbat plazatarako deia egiten den txanda eta modalitate bakoitzean.

Gainera, oinarri espezifikoetan jaso eta arautu ahal izango dira plazak gordetzeko legez ezartzen den beste edozein kupotan parte hartzeko eta sartzeko eskakizunak.

5.– Parte hartzeko eskakizunak.

5.1.– Eskakizun orokorrak.

Konbokatutako hautaprobetan onartua izateko, eskakizun orokor hauek bete behar dira:

a) Espainiako nazionalitatea edo Europar Batasuneko estatu batekoa edukitzea, edo Europar Batasunak egin eta Espainiak izenpetutako nazioarteko itunen arabera langileen zirkulazio askea aplikagarri zaion estatu bateko nazionalitatea edukitzea, Europar Batasunaren Itunean zehaztu den baldintzetan.

Halaber, Europar Batasuneko estatuetako nazionalitatea duten pertsonen ezkontideek ere parte hartu ahal izango dute, baldin eta zuzenbidearen arabera banatuta ez badaude, bai eta haien ondorengoek eta ezkontideen ondorengoek ere, baldin eta, halaber, inguruabar hauetakoren bat gertatzen ez bada:

– Zuzenbidearen arabera banatuta egotea,

– Ondorengoak 21 urtetik beherakoak izatea, edo

– Adin horretatik gorakoak izanda ere, menpekoak izatea.

b) 16 urte beteak izatea eta nahitaezko erretirorako adinera heldu gabe egotea.

c) Oinarri espezifikoetan eskatzen den titulazioa izatea, izaera ofizialekoa eta organo eskudunak igorria, edo hura eskuratzeko eskubideak ordainduta edukitzea. Atzerrian lortutako titulu akademikoei dagokienez, haien homologazioa egiaztatuko duen egiaztagiria eduki beharko da.

d) Dagozkion eginkizunetan jarduteko behar diren baldintza psikofisikoak betetzea.

e) Diziplina-espediente batez edozein administrazio publikoren zerbitzutik bereizita edo kaleratuta ez egotea, eta enplegu edo kargu publikoetarako desgaikuntza absolutua edo berezia ez izatea. Beste estatu bateko herritarra izanez gero, ez edukitzea desgaikuntzarik edo egoera baliokiderik, eta ez jaso izana diziplina-zehapenik edo zigor-kondenarik, jatorriko herrialdean funtzio publikora iristea eragozten duenik.

f) Administrazio publikoetako langileen bateraezintasunei buruz indarrean dagoen legedian aurreikusitako inolako ezgaitasun edo bateraezintasunik ez izatea. Hala ere, dagoeneko kargu publikoren bat edo jarduera pribatu bateraezinen bat dutenak lege-arau horietan aipatzen den aukeratzeko eskubideaz baliatu ahal izango dira.

g) Zer kidegotan sartzeko lehiatuko den, kidego horri dagozkion azterketa-eskubideak ordaintzea. Azterketa-eskubide horien zenbatekoa dagozkion oinarri espezifikoetan zehaztuko da, deialdian hala eskatzen bada.

h) Oinarri espezifikoetan eskatzen den beste edozein eskakizun, 20. oinarrikoak barne, hala badagokio.

5.2.– Eskakizunak betetzeko datak.

Lehiatzaileek eskabideak aurkezteko epea amaitu baino lehen bete beharko dituzte oinarri orokorretan eta espezifikoetan ezarritako eskakizunak, 11.1 oinarrian edo, hala badagokio, oinarri espezifikoetan jasotako salbuespenak izan ezik, eta eskakizun horiek betetzen jarraitu behar dute esleitzen zaien plaza –esleitzen bazaie– hartzen duten arte.

5.3.– Eskakizunak egiaztatzeko garaia eta modua.

Eskakizunak behin betiko egiaztatzeko garaia eta modua 11.1 oinarrian eta oinarri espezifikoetan ezarritakoaren araberakoak izango dira.

6.– Desgaitasuna duten pertsonen parte-hartzea.

Desgaitasunen bat duten pertsonak gainerako lehiatzaileen baldintza beretan onartuko dira hautaketa-prozesuan, betiere lanpostuaren eginkizunetan jarduteko behar den gaitasun psikofisikoa –aurreko 5.1.d oinarrian aipatua– badute. Gaitasun psikofisiko hori dagozkion oinarri espezifikoen eranskinean zehaztuko da.

Desgaitasuna duten langileentzat gordetako plazetarako lehiatzeko, betiere 5. oinarrian ezarritako eskakizunak betetzen badira, desgaitasuna aitortuta eduki behar da, zeinak % 33koa edo handiagoa izan behar baitu, eta administrazio-organo eskudunak igorritako ziurtagiri bidez egiaztatu behar da.

7.– Eskabideak.

7.1.– Eskabidea.

Konbokatzen diren hautaketa-prozesuetako batean parte hartu nahi dutenek eskabide bat aurkeztu beharko dute parte hartu nahi duten prozedura bakoitzeko, kasuan kasuko oinarri espezifikoei jarraikiz.

Onartua izateko eta, hala bada, dagozkion hautaprobetan parte hartzeko, zera egin behar da:

a) Eskabidearen atal guztiak bete.

b) Eskabidea epe barruan aurkeztu.

c) Ezarritako azterketa-eskubideak ordaindu, oinarri espezifikoetan hala eskatzen bada, eskabideak aurkezteko epearen barruan.

Halaber, adierazi beharko da betetzen direla, eskabideak aurkezteko adierazitako epea amaitzen den egunean, eskatzen diren eskakizun guzti-guztiak, baita oinarri espezifikoetan ezartzen den beharrezko gaitasun psikofisikoa ere –gaitasun psikofisiko horren profilak erakunde espezializatu baten oniritzia izan behar du–. Betekizun horretatik salbuetsita dago eskakizun espezifikoak eta euskararen hizkuntza-eskakizuna egiaztatzea, zeinak 10., 11.6 eta 11.7 oinarrietan eta oinarri espezifikoetan ezarritakoaren arabera egiaztatuko baitira.

Deialdi batean txanda irekiko eta barne-promozioko txandako plazak baldin badaude, txanda bietako batean bakarrik hartu ahal izango da parte. Horrek ez du eragozten, ordea, desgaitasun-modalitatea erabili ahal izatea, horretarako ezarritako baldintzak betetzen badira.

7.2.– Eskabideak aurkezteko eta azterketa-eskubideak ordaintzeko epea.

Hautaketa-prozesuetan parte hartzeko eskabideak oinarri espezifikoetan ezarritako epean aurkeztu beharko dira. Hor agertuko da zein den epe horren azken eguna eta ordua. Gutxienez, 20 egun naturalekoa izan behar du, kasuan kasuko deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita.

7.3.– Eskabideak aurkezteko modua.

Hautaketa-prozesuetan parte hartu nahi dutenek bide elektronikoz aurkeztu beharko dute, lehentasunez, eskabidea, 3. oinarriaren lehenengo paragrafoan adierazten diren helbide elektronikoetan ematen den eredua betez.

Eskabidea bide elektronikoz egiteko, KZgunea zentro publikoetan ere egin daiteke, edo oinarri espezifikoetan aurreikusten diren lekuetan.

7.4.– Eskabidearen edukia.

Eskabidearen atal hauek bete behar dira:

a) Eskatzen diren datu pertsonalak, prozesua behar bezala kudeatzeko.

b) Harremanetarako datuak: posta-helbidea, telefono mugikorraren zenbakia eta posta elektronikoaren helbidea.

c) Zein hizkuntza ofizialetan, euskaraz edo gaztelaniaz, egin nahi diren oposizio-aldiko hautaprobak.

d) Hala badagokio, zein txandatan hartu nahi den parte (txanda irekia edo barne-promoziokoa).

Ez bada espresuki adierazten zer aukera hautatzen den, edo behar bezala formulatutako aukera bat baino gehiago egiten bada kidego bakoitzerako, txanda irekia hautatzen dela joko da.

e) Desgaitasuna duten pertsonentzat gordetako modalitatearen bidez parte hartzeko aukera, kasua bada.

f) Hautaprobak egiteko beharrezkotzat jotzen diren denbora- edo bitarteko-egokitzapenak egiteko eskaera, kasua bada.

g) Titulazio akademikoa.

h) Egiaztatzen den euskararen hizkuntza-eskakizuna.

7.5.– Azterketa-eskubideak ordaintzeko modua.

7.1.c oinarrian ezartzen den eskakizuna betetzeko, ordainketa modu hauetara egin daiteke, oinarri espezifikoetan ezartzen denaren arabera:

Eskabidea bide elektronikoz egiten bada, ordainketa bide hori bera erabiliz egiteko aukera emango da, banku-sukurtsalera joan beharrik gabe. Modalitate hori eguneko 24 orduetan egongo da erabilgarri.

Ordainketa edozein Visa edo Mastercard txartelekin egin ahal izango da, edo honako entitate hauen banka elektronikoaren zerbitzuaren bidez: Kutxabank eta Laboral Kutxa.

Ordainketa presentziala entitate hauen sukurtsaletan egin ahal izango da: Kutxabank eta Laboral Kutxa. Horretarako, joan ahal izango da 7.3 oinarrian agertzen den eskabideak izapidetzeko sistemak emango duen ordainketa-gutuna inprimatuta, eta irakurgailu optikoa duten edo datuak eskuz sar daitezkeen kutxazain automatikoetan ere ordaindu ahal izango da.

7.6.– Azterketa-eskubideak ez ordaintzearen ondorioak.

Azterketa-eskubideak ez badira ordaintzen eskabideak aurkezteko epearen barruan, betiere oinarri espezifikoetan nahitaezkotzat jotzen bada azterketa-eskubideak ordaintzea, prozesutik kanpo geratzea eragingo du. Hala eta guztiz ere, okerreko zenbatekoa ordaindu bada, errekerimendu bat egingo da, okerra 10 egun balioduneko epean zuzendu dadin.

Azterketa-eskubideak aurkeztu eta ordaintzea ez da inola ere eskabidea garaiz eta behar bezala aurkeztearen ordezko izango, 7.1 eta 7.2 oinarrietan adierazitakoaren arabera.

8.– Lehiatzaileen onarpena.

8.1.– Prozesuan onartu direnen zerrenda.

Eskabideak aurkezteko epea amaituta, Eusko Legebiltzarreko Mahaiak onartutakoen eta baztertutakoen behin-behineko zerrenda onetsiko du, eta 3. oinarriaren bigarren paragrafoan ezarritakoaren arabera argitaratuko da. Zerrenda horretan, adieraziko da bazterturiko izangai bakoitza, halakorik bada, zergatik utzi den kanpoan. Aipatutako helbide elektronikoetan argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera, konbokatutako plazetarako lehiatzaileek 10 eguneko epea izango dute bazterketa eragin duen okerra edo hutsa zuzentzeko edo zerrendaren aurkako erreklamazioak aurkezteko, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68.1 artikuluan xedatutakoari jarraituz.

Erreklamaziorik ez badago, behin-behineko zerrendak behin betikotzat joko dira. Aurkezten diren erreklamazioak onartu edo baztertuko dira onartutako eta baztertutako lehiatzaileen behin-behineko zerrenda behin betiko egiten duen erabakian, eta erabaki hori aurreko paragrafoan aipatutako helbide elektronikoetan argitaratuko da.

8.2.– Egitatezko okerren zuzenketa.

Egitatezko okerrak prozeduraren edozein unetan zuzendu ahal izango dira, ofizioz edo interesdunak eskatuta.

9.– Kalifikazio-epaimahaia.

9.1.– Izendapena eta osaera.

Eusko Legebiltzarreko Mahaiak izendatuko ditu kalifikazio-epaimahaiko kideak. Betiere, kide kopuru bakoitia izango du kalifikazio-epaimahaiak: gutxienez, hiru, eta, gehienez, bost.

Kalifikazio-epaimahaiaren lehendakaria Eusko Legebiltzarreko Mahaiko kide bat izango da, eta idazkaria, berriz, Ganberako Legelarien Kidegoko pertsona bat edo Goi Mailako Teknikarien Kidegoko bat.

Epaimahaian, konbokatutako plazari dagokion kidegoko edo maila altuagoko kidegoko pertsona bat egongo da. Pertsona hori langileen ordezkaritza-organoak proposatuko du. Oro har, oposizio-lehiaketa edo lehiaketa bidezko finkatze-prozesuetako epaimahaiak pertsona berek osatu ahal izango dituzte.

Epaimahaia osatzean, kontuan hartuko da eskaintzen diren plazak kokatzen diren esparru profesionalean ezagutza zabala duten eta epaimahaiaren parte izateak eskatzen dituen zereginak egiteko prestakuntza egokia duten emakumeen eta gizonen ordezkaritza orekatua izatea.

Onartutako eta baztertutako lehiatzaileen zerrendarekin batera argitaratuko da nor izendatu dituen Eusko Legebiltzarreko Mahaiak epaimahaiko titular.

Nolanahi ere, Eusko Legebiltzarreko Mahaiak noiznahi izendatu ahal izango ditu titularren ordezko epaimahaikideak, titularrek modu arrazoituan uko egiten badiote edo ezinezkoa bazaie zeregin horretan jardutea.

Epaimahaiak, hautaprobetako edozeinetarako, beharrezko iruditzen zaizkion aholkulariak eskatu ahal izango ditu, zeinak kasuan kasuko espezialitatean laguntza teknikoa ematera mugatuko baitira.

9.2.– Epaimahaikideak izendatzeko baldintzak aldatzea.

Epaimahaikideak izendatzeko ezarri diren baldintzak aldatu arren, aldaketa hori izendapena egin ondoren etorri bada, izendapenak baliozkoa izaten jarraituko du. Hala ere, inguruabarrak kontuan hartuta epaimahaikide izaten jarraitzeak kalte egin badiezaioke epaimahaiaren funtzionamendu egokiari, Eusko Legebiltzarreko Mahaiak ezeztatu ahal izango du dagozkion epaimahaikideen izendapena, eta, ondoren, haiek ordeztu. Ezeztapen eta ordezkapen horiek Eusko Legebiltzarraren Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira.

9.3.– Abstentzioa eta errekusazioa.

Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legeak 23. eta 24. artikuluetan aurreikusitako inguruabarren bat gertatzen bada, epaimahaikideek ezingo dute esku hartu, eta hala jakinarazi beharko diote Eusko Legebiltzarreko Mahaiari. Konbokatutako plazetarako lehiatzaileek, berriz, errekusatu ahal izango dituzte haiek.

9.4.– Epaimahaiaren jarduteko arauak eta ahalmenak.

Epaimahaiak Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 15.– 18. artikuluetan xedatutakoaren arabera jardungo du. Nolanahi ere, epaimahaia bildu egingo da, lehendakariaren aginduari jarraituz eta idazkariak aldez aurretik deituta, hautaproben hasiera baino lehen, aurrerapen nahikoarekin; eta, bilera behar bezala eratuta egoteko, beharrezkoa izango da bertan izatea lehendakaria eta idazkaria eta epaimahaikideen gehiengoa.

Epaimahaikideek hitza eta botoa izango dituzte. Epaimahaiaren erabakiak bertaratutakoen botoen gehiengoz hartuko dira. Berdinketa gertatuz gero, epaimahaiaren lehendakariaren botoak ebatziko du.

Lehendakari titularraren eta ordezkoaren postua hutsik badago, bietako inor ez badago, gaixo badaude edo bestelako lege-arrazoiren bat badago, lehendakaria kide batek ordeztuko du, hierarkia, antzinatasun eta adin handiena duenetik hasitako hurrenkeran.

Idazkariaren postua hutsik badago, hura ez badago, gaixo badago edo bestelako lege-arrazoiren bat badago, edozein epaimahaikidek egingo ditu idazkari-lanak, epaimahaiaren gehiengoak hala erabakita.

Epaimahaiak, oinarri orokorretan eta espezifikoetan aurreikusi gabeko gaietan, hautaketa-prozesua burutu ahal izateko beharrezkotzat jotzen dituen neurriak hartu ahal izango ditu, bai eta oinarrien interpretazioari eta aplikazioari dagokienez sortzen diren gorabehera guztiak ebatzi ere.

Epaimahaiaren erabakiak, oinarri hauetan aurreikusi gabeko gaietan, 3. oinarriaren bigarren paragrafoan ezarritakoari jarraikiz argitaratuko dira.

12.2 oinarrian aipatzen diren plazak gehitu ondoren, epaimahaiak ezin izango du hautatu konbokatutako plaza kopurua baino pertsona kopuru handiagoa. Erabat deusezak izango dira muga hori urratzen duten proposamenak.

Epaimahaiaren ebazpenak lotesleak izango dira izendapenak egiteko eskumena duen organoarentzat, baina organo horrek berrikusi ahal izango ditu izendapenak administrazio-prozedura arautzen duten arauen arabera.

Jakinarazpenetarako eta gainerako gorabeheretarako, epaimahaiak Eusko Legebiltzarrean izango du egoitza.

9.5.– Zerbitzuagatiko ordainak.

Epaimahaikideek eta haiei aholkua ematen dietenek, epaimahaiak eskatuta, jaso ahal izango dituzte zerbitzuagatiko dagozkien ordainak, baita bertaratzeenak ere, horri buruz indarrean dagoen araudiarekin bat etorriz.

Era berean, probetan zaintze- eta kontrol-lanetan aritzen direnek ere indarrean dagoen araudiaren arabera dagokien ordaina jaso ahal izango dute.

10.– Euskararen hizkuntza-eskakizuna egiaztatzea.

Egiaztatze-erregimen orokorra.

Euskararen hizkuntza-eskakizuna egiaztatzeko, Euskara Tituluen eta Ziurtagirien Erregistro Bateratua (ETZEB) kontsultatu beharko da. Egiaztatutzat joko dira aipatutako erregistroan inskribatuta dauden eta deialdi bakoitzeko oinarri espezifikoetan ondorio horietarako ezartzen dena baino lehenagoko egiaztatze-data duten hizkuntza-eskakizunak.

Aipatutako erregistroan jasota ez dauden euskararen jakite-mailari buruzko ziurtagiriak edo tituluak dituztenek horiek egiaztatzen dituzten agiriak aurkeztu beharko dituzte, deialdi bakoitzaren oinarri espezifikoetan hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko ezartzen den eguna baino lehen.

Administrazio parlamentarioaren hizkuntza-eskakizunen ziurtagiri eta titulu baliokideak bi dekretu hauen arabera zehaztuko dira: 297/2010 Dekretua, azaroaren 9koa, euskararen jakite-maila egiaztatzen duten tituluak eta ziurtagiriak baliokidetu, eta Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuko mailekin parekatzeko dena, eta 47/2012 Dekretua, apirilaren 3koa, euskaraz egindako ikasketa ofizialak aintzat hartzeko eta euskara-maila hizkuntza-tituluen eta ziurtagirien bidez egiaztatzetik salbuesteko dena.

11.– Merezimenduak eta eskakizunak alegatu eta egiaztatzea.

11.1.– Epea eta modua.

Epaimahai bakoitzak 10 egun balioduneko epea ezarriko du merezimenduak eta, hala badagokio, eskakizunak alegatu eta egiaztatzeko. Lehiaketa-sistemaren bidezko deialdietan, epe hori onartutakoen eta/edo baztertuen behin betiko zerrenda argitaratzen denean hasiko da. Oposizio-lehiaketa sistemaren bidezko deialdietan, berriz, epe hori oposizio-fasea bukatzean hasiko da.

Oinarri espezifikoetan ezarriko da zer merezimendu baloratuko dituen epaimahaiak deialdi bakoitzean eta zer baremo erabiliko duen.

Merezimenduak egiaztatzeko, oinarri espezifikoetan aurreikusitako helbide elektronikoetan gainditu dutenen eskura egongo den inprimakia bete beharko da. Horrekin batera, alegatutako merezimenduak egiaztatzen dituzten agirien kopiak bidali behar dira, oinarri orokorretan eta espezifikoetan ezarritakoari jarraituz.

Ezein kasutan ez dira baloratuko hautaketa-prozesu bakoitzaren oinarrietan aurreikusitako eskakizun espezifikoak betetzen dituela egiaztatu ez duen inoren merezimenduak.

11.2.– Merezimenduen jabe izateko eta eskakizunak betetzeko erreferentziazko datak.

Alegatzen diren merezimenduen jabe izateko eta eskakizunak betetzeko erreferentzia-data, oro har, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denekoa izango da, salbu utzita oinarri espezifikoetan euskara, informatika eta ofimatika, hizkuntzak eta beste gai batzuetarako espresuki ezartzen diren kasuak.

11.3.– Esperientzia.

Administrazio publikoetan emandako zerbitzuengatiko esperientzia honela egiaztatuko da:

a) Eusko Legebiltzarrean emandako zerbitzuak alegatu egin behar dira, eta Administrazioak ofizioz zenbatuko ditu.

b) Gainerako administrazio publikoetan emandako zerbitzuak alegatu eta egiaztatu egin behar dira, betiere zerbitzu horiek zerikusia badute lanpostuarekin. Administrazio bakoitzak erabakiko du zer eredu erabili horretarako, baina ziurtagiriak jatorrizkoa izan beharko du, eta lan egindako aldiak, kidegoa, aukera, eskala, klasea edo kategoria, lanpostuaren izena eta lan-aldi bakoitzean betetako eginkizunak zehaztu beharko ditu.

c) Oinarri espezifikoek ezarri ahal izango dute % 33ko edo gehiagoko desgaitasun-maila duten pertsonen kasuan esperientzia gisa baloratzea praktikak, bekak eta antzeko tresna juridikoen bidez administrazio publikoetan egindako aldiak, baldin eta emandako zerbitzuek zerikusia badute lanpostuarekin, lan egindako aldiak banakatzen badira, eta kidegoa, aukera, eskala, mota edo kategoria, lanpostuaren izena eta aldi horietan betetako eginkizunak zehazten badira.

11.4.– Titulu akademikoak edo lanbide-titulu baliokideak.

Parte hartzeko eskakizun gisa ezarritako titulazio akademikoak eskaera egiteko unean alegatu behar dira.

Oinarri espezifikoen arabera merezimendu gisa baloratuko diren titulazio akademikoak merezimenduak aurkezteko ezarritako 10 eguneko epean alegatu beharko dira (11.1 oinarria). Epe horretan, titulazioaren edo titulua eskuratzeko tasak ordaindu izanaren fotokopia soila aurkeztu beharko da.

Ez dira baloratuko goragoko maila bateko titulazio bat lortzeko beharrezkoak diren titulazioak, baldin eta lehiatzaileari jada baloratu bazaio goragoko mailako titulazio hori.

Eusko Legebiltzarreko langileen erregistroan titulazio akademikoak erregistratuta dauzkatenek horren berri eman beharko dute merezimenduak aurkezteko epean, baina ez dute ziurtagiririk aurkeztu beharko. Titulazioak erregistratuta egon arren ez badira epe barruan alegatu, epaimahaiak ez ditu baloratuko.

Tituluen homologazioa Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratua badago, tituluak baliokidetzat joko dira.

11.5.– Euskara.

Hizkuntza-eskakizuna merezimendutzat hartzen bada, 10. oinarriaren arabera egiaztatuko da.

11.6.– Hizkuntzak.

Oinarri espezifikoen arabera oposizio-aldia gainditzeko betekizun diren hizkuntza-titulazioak oinarri espezifikoetan adierazitako eguna baino lehen egiaztatu beharko dira.

Oinarri espezifikoen arabera merezimendu gisa baloratuko diren hizkuntza-titulazioak merezimenduak aurkezteko ezarritako 10 eguneko epean alegatu beharko dira (11.1 oinarria). Epe horretan, titulazioaren edo titulua eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren fotokopia soila aurkeztu beharko da. Hizkuntza baten goragoko maila bateko ezagutzen egiaztapenak barne hartzen ditu, automatikoki, maila baxuagokoak; beraz, ez da beharrezkoa azken horiek egiaztatzea.

Eusko Legebiltzarreko langileen erregistroan hizkuntza-titulazioak erregistratuta dauzkatenek horren berri eman beharko dute merezimenduak aurkezteko 10 eguneko epean (11.1 oinarria), baina ez dute ziurtagiririk aurkeztu beharko. Titulua erregistratuta eduki arren ez bada merezimenduak aurkezteko epearen barruan alegatzen, titulua ez da baloratuko.

Honako arau hauetan maila eta hizkuntza bakoitzerako jasotako titulu eta ziurtagiriak baino ez dira baloratuko: 117/2015 Dekretua, ekainaren 30ekoa, hizkuntza-titulu eta -ziurtagirien baliokidetasuna ezartzekoa, Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio orokorreko eta haren erakunde autonomoetako lanpostuen hautatze- eta hornitze-prozesuetarako (eranskina), eta 1041/2017 Errege Dekretua, abenduaren 22koa, zeinaren bidez, oinarrizko izaerarekin, zenbait ikasketa-planetan araututako erregimen bereziko hizkuntza-irakaskuntzen eta errege-dekretukoen arteko baliokidetzak ezartzen diren.

11.7.– Informatika eta ofimatika.

Informatika- eta ofimatika-ezagutzak IT Txartelaren egiaztatze-sistemaren bidez egiaztatuko dira, salbu eta hautaketa-prozesuetako oinarri espezifikoek kontrakoa ezartzen badute edo IT Txartelaren egiaztatze-sistema horretan sartu gabeko informatikako eta ofimatikako ezagutzak eta programak badira; kasu horietan, oinarri espezifikoetan ezarritako moduan egiaztatuko dira.

Informatikako eta ofimatikako goragoko maila bateko ezagutzen egiaztapenak barne hartzen ditu, automatikoki, maila baxuagokoak; beraz, ez da beharrezkoa azken horiek egiaztatzea, eta ez du esan nahi maila baxuagoko ezagutzak bi aldiz baloratzen direnik.

Oposizio-aldia gainditzeko betekizun gisa ezarritako informatika- eta ofimatika-ezagutzak oinarri espezifikoetan adierazitako data baino lehen egiaztatu beharko dira.

Deialdi espezifiko bakoitzean merezimendutzat jotako informatika- eta ofimatika-ezagutzak merezimenduak aurkezteko epean alegatu eta egiaztatu beharko dira (11.1 oinarria).

Oinarri espezifikoetan jasoko da IT Txartelak lortzeko prozedura eta, hala badagokio, Eusko Legebiltzarrari jo beharreko erregistroetara jotzeko baimena ematea ere.

Probak egin eta kalifikatzeko, ziurtagiria ematen duen organoak ezarritako arau orokorrei jarraituko zaie.

12.– Hautatuen zerrenda.

12.1.– Azken kalifikazioen behin betiko zerrenda eta sailkapena.

Erreklamazioak aurkezteko epea eta merezimenduen zuzenketa egiteko epea bukatu eta, erreklamaziorik egon bada, horiek ebatzi ondoren, epaimahaiak sailkapen-ordena erabakiko du kasu bakoitzean, lorturiko puntuazioaren arabera. Sailkapen-ordena horrek hautaketa-prozesuan lehiatu diren eta probak gainditu eta eskakizun espezifikoak egiaztatu dituzten guztiak bilduko ditu.

Puntuazio-berdinketarik izanez gero, oinarri espezifikoetan berdinketa hausteko ezarritako irizpideen arabera ebatziko da.

Euskal administrazio publikoetan aplikatzekoa den legeria orokorrean emakumeen eta gizonen berdintasunari buruz xedatutakoaren arabera, gaitasun-berdintasuna badago, emakumeei emango zaie lehentasuna emakumeak % 40 baino gutxiago diren Administrazioaren kidego, eskala, maila eta kategorietan, salbu eta lanposturako beste hautagaiak neurri hori ez aplikatzea justifikatzen duten ezaugarriak betetzen baditu –betiere ezaugarriok sexua dela-eta diskriminatzaileak ez badira–, hala nola laneratzeko edo lanbide-sustapenerako zailtasunak dituzten beste kolektibo batzuetako kide izatea.

Horretarako, lehiatzaileek gaitasun bera dutela joko da berdinketa ateratzen bada hautaketa-prozesuaren azken puntuazioan, hau da, behin proba guztiak egin eta baloratu eta dagozkion merezimenduak batu ondoren.

12.2.– Eskainitako plazen kopurua handitzea.

Deialdi bakoitzaren bidez egiten den eskaintzan jasotako plaza kopurua handitu ahal izango da titularraren promozio, erretiro, heriotza edo lanpostu-erreserba gabeko eszedentziagatik, edo lanpostu-zerrendan enplegua finkatzearen ondorioz lanpostu berriak sortzeagatik, prozedurak bukatu aurretik hutsik dauden plazekin.

Bai epaimahaiaren eskariz, bai bere ekimenez, Antolaketa eta Giza Baliabideen Zuzendaritzak, aldez aurretik Langileen Batzordearekin negoziatuta, hutsik dauden lanpostuei buruzko txostena egingo du, zeinaren bidez handituko baita hautaketa-prozesuan esleituko diren plazen kopurua. Eusko Legebiltzarreko Mahaiak zehaztuko du hautaketa-prozesuetan sartzeko zer modalitate esleituko zaizkien lanpostu huts horiei.

12.3.– Lanpostuak esleitzea.

Bete beharreko eskakizun batzuk dituzten lanpostuak ez dira beteko, inola ere, eskakizun horiek bete dituztela frogatu ez dutenekin.

Barne-promozioko txandaren bidez sartzen direnek lehentasuna izango dute lanpostua aukeratzeko. Txanda bakoitzaren barruan, desgaitasuna dutenentzat gordetako modalitatearen bidez sartzen denak izango du lehentasuna lanpostua aukeratzeko, betiere aukeratu nahi duen lanpostu zehatzaren eginkizun espezifikoak betetzeko gaitasun psikofisiko nahikoa badu eta horretan jardutea eragozten dion desgaitasunik ez badu.

Gainera, epaimahaiak ezingo du proposatu bete beharreko plaza kopurua baino pertsona kopuru handiagoaren izendapena, salbu kasu hauetan:

a) Hautatuek, izendatuak izan baino lehen edo lanpostua hartu baino lehen, lanpostuari uko egiten badiote.

b) Lanpostua hartzeko unean lanpostu-erreserbarako eskubiderik gabeko eszedentzia eskatzen badute.

Kasu horietan, esleitu egingo dira hutsik gelditutako plazak, dagokien txandan eta, behar bada, dagokien modalitatean ere bai; eta, horretarako, epaimahaiak probak gainditu dituzten baina plazarik eskuratu ez duten lehiatzaileen zerrenda ordenatuarekin egindako zerrendaren lehentasuna erabiliko da.

12.4.– Euskararen nahitaezko hizkuntza-eskakizuna duten lanpostuak.

Lehentasuna izango du nahitaezko hizkuntza-eskakizuna duten lanpostuei dagozkien plazak betetzeak, eta kalifikazio onenak lortu dituztelako karrerako funtzionario izendatzeko proposatzen diren eta eskatutako hizkuntza-eskakizuna egiaztatua duten lehiatzaileek beteko dituzte.

Hizkuntza-eskakizun desberdineko plazak badaude, hizkuntza-eskakizun handiena dutenak esleituko dira lehenengo.

12.5.– Bete gabeko plazak.

Desgaitasuna dutenentzat gordetako plazaren bat edo batzuk bete gabe geratuz gero, gehitu egingo lituzkete, hizkuntza-eskakizun berekin, deialdi bereko txanda irekian bete beharreko plazak. Era berean, barne-promoziorako gordetakoetatik bete gabe geratutakoek gehitu egingo lukete txanda librea deialdi berean.

12.6.– Hautatutako lehiatzaileen zerrenda argitaratzea.

Behin betiko sailkapen-ordena eta hautatutako lehiatzaileen zerrenda argitaratuko dira 3. oinarriaren lehenengo paragrafoan adierazitako helbide elektronikoetan.

Desgaitasuna duten pertsonen aukera-berdintasuna lortzeko asmoan aurrera egiteko helburuz, baldin eta haientzat gordetako modalitatetik aurkeztutako desgaitasundun lehiatzaileren batek dagozkion ariketak gainditzen baditu baina plazarik lortzen ez badu, eta, halaber, sarbide-sistema orokorreko beste lehiatzaile batzuek baino puntuazio handiagoa ateratzen badu, sarbide-sistema orokorrean sartuko da puntuazio-ordenaren arabera.

13.– Dokumentuak aurkeztea.

13.1.– Dokumentuen zerrenda.

Hautatutako pertsonen behin betiko zerrenda argitara eman ondoren, argitaratu eta hurrengo egunetik gehienez ere 15 egun balioduneko epean aurkeztu beharko dituzte Antolaketa eta Giza Baliabideen Zuzendaritzak eskatzen dizkien dokumentuak. Prozeduran zehar modu frogagarrian egiaztatu ez den dokumentazioa baino ez da aurkeztu beharko, edo eskatzaileek prozedura osoan zehar bete beharreko baldintza pertsonalei buruzkoa.

Aurkeztu beharreko dokumentuek jatorrizkoak izan behar dute, edo, bestela, lokalizatzailea edo sinadura elektronikoa eduki; hau da, dokumentu aldaezinak izan behar dute.

13.2.– Osasun-azterketa.

Eusko Legebiltzarreko Prebentzio Zerbitzuak osasun-azterketa egingo dio lehiatzaile bakoitzari, egiaztatzeko ezen dagozkion eginkizunak normal betetzea eragotziko duen eritasunik edo akats fisiko edo psikikorik ez duela eta lanerako gai dela.

Desgaitasuna duten pertsonentzat gordetako modalitatetik sartuz gero, Eusko Legebiltzarreko Prebentzio Zerbitzuak osasun-azterketa egingo dio lehiatzaileari, zehazteko ea lanpostuaren eta desgaitasunaren arabera gai den edo ez den. Behin betiko erabakia eman ahal izateko, Eusko Legebiltzarreko Prebentzio Zerbitzuak eskatu ahal izango du lehiatzaileari probaldia egin dakion lanpostua jabetzan hartu aurretik.

13.3.– Dokumentuak ez aurkeztearen ondorioak.

Ezingo dira izendatu aipatutako dokumentuak aurkeztu beharreko epearen barruan aurkezten ez dituztenak, ezinbesteko arrazoiren bat izan ez bada behintzat, ezta aurkeztutako dokumentuek erakusten dutenaren arabera oinarri orokor eta espezifikoetako eskakizunen bat betetzen ez dutenak ere. Horrenbestez, lehiatzaile horiei dagokienez, jarduketa guztiak baliogabetuta eta eraginik gabe geldituko dira, eta izendapenerako izan ditzaketen eskubide guztiak galduta. Halakoetan, dagokion sailkapen-ordenan ezarritako lehentasunari jarraituz eta deialdian parte hartzeko exijitzen diren eskakizunak egiaztatu ondoren, aurreko baliogabetze horren ondorioz, deialdiko lanpostu kopuruaren barruan sartzerik duen lehiatzaileak jasoko du izendapena.

14.– Izendatzea.

Dokumentuak aurkezteko epea bukatuta, epaimahaiak praktiketako funtzionario izendatzeko proposamena egingo dio Eusko Legebiltzarreko Mahaiari, Langileen estatutuaren eta Legebiltzarreko Administrazioaren araubide juridikoaren 24. artikuluan ezarritakoaren arabera.

Legebiltzarreko Mahaiaren erabakiaren bidez, hautatuak karrerako funtzionario izendatuko dira. Erabaki hori Eusko Legebiltzarraren Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

15.– Lanpostuaz jabetzea.

20. oinarriaren arabera izendatua denak izendatze-argitalpenean adierazitako egunean jabetu beharko du lanpostuaz, edo, argitalpen horretan zehaztu ez baldin bada, gehienez 15 egun naturaleko epean, izendapena Eusko Legebiltzarraren Aldizkari Ofizialean argitaratu zen egunetik kontatzen hasita. Epe hori beste 10 egun natural luzatu ahal izango da, izendatua izan denak eskatuta eta betiere arrazoi justifikaturik baldin badago.

Argitalpenean adierazitako datan edo, halakorik ez badago, ezarritako epearen barruan lanpostuaz jabetzen ez direnek beren eskubidea galduko dute besterik gabe. Halakoetan, 13.3 oinarrian adierazi bezala jokatuko da.

16.– Lan-poltsak.

Kidego bakoitzaren oposizio-lehiaketa bidezko hautaketa-prozesuak bukatu ondoren, kidego horiei dagozkien lan-poltsak berrantolatuko dira, eta, horietan, enplegua finkatzeko prozesuak gainditu dituzten baina hautatuak izan ez diren lehiatzaileak sartuko dira.

Berrantolaketa hori Mahaiaren erabaki baten bidez zehazten diren irizpideen arabera gauzatuko da, langileen ordezkariekin negoziatu ondoren.

Lehiaketa-sistema bidez enplegua finkatzeko salbuespenezko prozesuek ez dute lan-poltsarik eratuko.

17.– Datuen babesa eta kudeaketa.

Eskabideetan emandako datu pertsonalak datu horiek emateak dituen helburuetarako bakarrik erabiliko dira: hautaketa-prozesua kudeatzea eta langileak aldi baterako kontratatzeko eta bitarteko funtzionarioak izendatzeko eratzen diren lan-poltsak kudeatzea. Datu pertsonalen tratamendua bat etorriko da honako arauek ezarritakoarekin: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016/679 Erregelamendua (EB), 2016ko apirilaren 27koa, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa, eta 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa. Datu pertsonalen babesari buruzko informazio gehiago eskatu ahal izango da honako helbide elektroniko honetan: datuenbabesa@legebiltzarra.eus.

Joko da deialdiko plazak lortu ahal izateko eskabidea egiten dutenek baimena ematen dutela segurtasun-neurriak behar dituzten eta hautaketa-prozesurako beharrezkoak diren datuak tratatzeko. Bestalde, baimena berariaz eman beharko da hautaketa-prozesuan sortutako poltsetan dauden datuak beste administrazio publiko batzuei lagatzeko, azken horien bitarteko langileak hautatzeko prozesuetarako.

Hautaketa-prozesuetan parte hartzen dutenen informazio-eskubideak bermatzeko, prozesuko zerrenden kontsulta Interneten bidez egin ahal izango da, 3. oinarrian adierazitako helbide elektronikoetan.

Eskabidean agertzen diren helbidea, telefono-zenbakiak eta posta elektronikoa baliozkotzat joko dira. Idatziz jartzean egindako akatsak eta edozein aldaketa epaimahaiari jakinaraztea eskabidea egiten duenaren erantzukizuna izango dira.

Egin beharko liratekeen jakinarazpenetarako, eskabide-orrian adierazten dena hartuko da helbidetzat, salbu eta geroago espresuki eta modu frogagarrian besteren bat adierazten bazaio deialdia egin duen agintaritzari. Alabaina, Eusko Legebiltzarreko langileen kasuan, ez badute eragozpenik, lantokia hartu ahal izango da helbidetzat.

18.– Azken arauak.

18.1.– Hautaketa-prozesuei aplikatzeko araubide juridikoa.

Enplegua finkatzeko prozesuen oinarri orokorretan eta oinarri espezifikoetan aurreikusi gabekoetarako, hautaprobak honako arau hauek betez egingo dira: Eusko Legebiltzarrean karrerako funtzionario gisa sartzeko hautaketa-prozesuen oinarri orokorrak, eta Langileen estatutua eta Legebiltzarreko Administrazioaren araubide juridikoa, 1990eko ekainaren 22koa, eta hura garatzeko arauak; osagarririk behar izanez gero, euskal funtzio publikoari buruzko legeria eta araudi osagarria, eta, halakorik ezean, enplegatu publikoei buruzko legeria orokorra, Legebiltzarreko funtzio publikoarekin bateraezina ez den neurrian.

18.2.– Aurkaratze eta errekurtsoen araubidea.

Deialdia, haren oinarriak nahiz horietatik eta epaimahaiaren jardunetik sortzen diren administrazio-egintzak eta Eusko Legebiltzarreko Mahaiaren erabakiak aurkaratu ahal izango dira honako lege hauetan aurreikusitako kasuetan eta eran: 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena, eta 29/1998 Legea, uztailaren 13koa, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duena.

II.– OPOSIZIO-LEHIAKETAKO PROZESUEN ARAU ESPEZIFIKOAK.

19.– Hautaketa-prozedura.

19.1.– Hautaketa-prozedura.

Hautaketa-prozedura oposizio-lehiaketa izango da, dagozkion txandetan: irekia eta barne-promozioa.

Hautaketa-prozesuetan, ezarri ahal izango da praktikaldi bat edo prestakuntza-ikastaro bat, deialdiaren oinarri espezifikoetan ezartzen denaren arabera eta indarrean dagoen araudian adierazitako gehieneko iraupenarekin.

Eusko Legebiltzarrean konbokatzen diren hautaketa-prozesuetan aldi berean egin ezin den probarik badago, lehiatzaileek proba zer hurrenkeratan egingo duten zehazteko, legelari nagusiak zozketa publiko bat egingo du, eta zozketan ateratzen den hizkiak ezarriko du hurrenkera. Zozketaren emaitza Eusko Legebiltzarraren Aldizkari Ofizialean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Eusko Legebiltzarraren eta Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen helbide elektronikoetan argitaratuko da.

Desgaitasuna duten pertsonek denbora- edo bitarteko-egokitzapenak behar badituzte oposizio-aldiko ariketaren bat egiteko, eskabidean jakinarazi beharko dute, zer neurri zehatz behar dituzten adierazita.

Epaimahaiak ahalmena izango du eskatu diren denbora- eta bitarteko-egokitzapenak egiteko.

Halaber, hautaprobak garatu bitartean aukera- eta tratu-berdintasuna bermatzeko, kalifikazio-epaimahaiak egokitu ahal izango ditu probak egiteko denbora- edo leku-baldintzak eta -inguruabarrak lehiatzaileak ezin badu proba egingo den lekura joan haurdunaldi, erditze, edoskitze, eriondo edo epaimahaiak askatasunez balioetsitako beste osasun-eragozpen larri batzuengatik. Inguruabar hori kalifikazio-epaimahaiari jakinarazi beharko zaio, proba egin baino lehenago, eta ziurtagiri mediko baten bitartez egiaztatu beharko da. Aldaketa-eskaerak kontuan hartzean, beharrezkotzat eta egokitzat jotako antolamendu-neurriak hartuko dira hautagai guztien lehia-berdintasunaren printzipioa bermatzeko.

19.2.– Oposizio-aldia.

Oposizio-aldia deialdi bakoitzaren oinarri espezifikoetan adierazten diren hautaprobez osatuta egongo da. Nolanahi ere, hautaproba horien helburua izango da eskaintzen diren plazei dagozkien eginkizun eta zereginetan jarduteko behar diren ezagutzak eta trebetasunak ebaluatzea.

Gai-zerrenda orokorrean nahitaez sartu beharko dira genero-berdintasunari buruzko gaiak, bai eta indarrean dagoen legediaren arabera nahitaezkotzat jotzen diren beste gai batzuk ere.

Hautaprobak nahitaezkoak izango dira. Hautaproba bat baino gehiago baldin badago, izaera baztertzaileak hautaproba guztien puntuazioaren baturari eragingo dio. Hautaproba bakarra baldin bada, berriz, berau baztertzailea izango da.

19.3.– Eskakizun espezifikoak.

Langileen estatutuarekin eta Legebiltzarreko Administrazioaren araubide juridikoarekin bat etorriz, sartu ahal izango da oinarrietan ezen, oposizio-aldia gainditzeko, eskakizun espezifiko batzuk egiaztatu beharko direla; hain zuzen ere, zerikusi objektiboa eta neurrizkoa dutenak eskaintzen diren plazetan egin beharreko eginkizun eta zereginekin, eta beharrezkotzat jotzen direnak lehiatzaileek eginkizun eta zeregin horietan jarduteko behar dituzten ezagutzak eta trebetasunak ebaluatzeko. Eskakizun horiek informatika eta ofimatikari, hizkuntzei eta beste gai batzuei buruzkoak izan daitezke.

Halako eskakizunik badago, oinarri espezifikoetan zehaztuko da eskakizun espezifiko horiek egiaztatzeko epea.

19.4.– Lehiaketa-aldia.

Lehiaketa-aldian, oposizio-aldia gainditu dutenek alegatu eta egiaztatu dituzten merezimenduak baloratuko dira.

Deialdi bakoitzaren oinarri espezifikoetan zehaztuko da zer merezimendu baloratuko diren, eta zer baremoren arabera. Besteak beste, merezimendu hauek baloratu ahal izango dira: esperientzia eta antzinatasuna, titulazioak, hizkuntzak, eta informatika- eta ofimatika-ezagutzak.

Langileen estatutuaren eta Legebiltzarreko Administrazioaren araubide juridikoaren arabera, emandako zerbitzuengatiko esperientziaren barruan, baloratu ahal izango da, gehienbat, deialdiaren xede diren Eusko Legebiltzarreko lanpostuetan –barne hartzen direla Arartekoaren erakundeari atxikitakoak– edo Legebiltzarreko Administrazioko beste lanpostu batzuetan izandakoa, eta esperientzia hori orokorra eta espezifikoa izan daiteke.

Lanbide-esperientzia eta antzinatasuna baloratzeko, honako hauek hartuko dira kontuan: zenbat denbora egon den lehiatzailea eszedentzia-egoeran, senideak zaintzeagatik edo genero-indarkeriagatik; zenbat denbora eman duen lehiatzaileak amatasuna eta aitatasuna babesteko edo bizitza pertsonala, familia eta lana erantzukidetasunez kontziliatzeko lanaldi-murrizketetan edo baimenetan; eta emakumezko enplegatu publikoek zenbat denbora eman duten genero-indarkeriagatik baimenak baliatzen.

Euskara ez bada lanpostuan jarduteko eskakizun, merezimendu gisa baloratuko da lehiaketa-aldian.

Organismo ofizialek edo homologatuek igorritako titulazioak eta ziurtagiriak baino ez dira baloratuko.

Nolanahi ere, merezimenduen balorazioaren pisua neurrizkoa izango da, eta ez da baztertzailea izango.

Epaimahaiak oinarri espezifikoetan ezartzen den baremoaren arabera baloratuko ditu merezimenduak.

20.– Barne-promozioko txandan parte hartzeko eskakizun espezifikoak.

Barne-promozioko txandatik aurkezten direnek, 5. oinarrian aipatzen diren parte hartzeko eskakizunak betetzeaz gain, eskakizun espezifiko hauek ere bete behar dituzte:

a) Deialdia argitaratzen den egunean, Eusko Legebiltzarrean jarduneko zerbitzuan edo pareko egoeran izatea, edo zerbitzu berezietan, edo eszedentzian lanpostua gordeta, edo seme-alabak zaintzeko eszedentzian.

b) Legebiltzarrean beheragoko hurrengo funtzionario-kidegokoa izatea, edo, deialdiko plazei dagokien kidego berekoa izanez gero, beheragoko kategoriako lanpostu batean aritzea.

c) Bi urteko zerbitzaldi jarraikia buruturik izatea karrerako funtzionario gisa aurreko kidegoan edo postuan. Epe hori ez zaie aplikatuko genero-indarkeriaren biktimei, edo sexu-jazarpenarenei, edo sexuagatiko edo sexu-orientazioagatiko jazarpenarenei, edo lan-jazarpenarenei, baldin eta lan-mugikortasuneko neurriak ezarri bazaizkie haiek babesteko edo gizarte-laguntza integralerako eskubidea egikaritzeko.

Txanda honetatik parte hartzeko eskakizunak bete ezean, eskabidea txanda irekitik aurkeztu dela joko da ofizioz.

Sarbide irekiko sistema orokorrarekiko prozesu komunetan parte hartzen badute, oinarri espezifikoek aske utzi ahal izango dituzte oposizio-aldiko probak egitetik edo oposizio-aldia gainditzeko eskakizuna den informatika- edo ofimatika-ezagutzaren batetik.

Nolanahi ere, tratu- eta aukera-berdintasuna bermatzearren, ziurtatuko da Eusko Legebiltzarreko funtzionario guztiek, edozein dela ere haien administrazio-egoera, dagozkion komunikazio eta jakinarazpen guztiak jasotzen dituztela hornikuntza-prozedurei dagokienez, bereziki aldi baterako ezintasun-aldietan edo baimen-aldietan (amatasuna/aitatasuna, eta abar).

21.– Oposizio-aldia.

21.1.– Hasiera.

Oposizio-aldia osatzen duten ariketak ezin izango dira hasi harik eta hiru hilabete igaro arte Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian deialdia argitaratzen denetik.

21.2.– Argitaratzea.

Lehenengo ariketa egiteko data, ordua eta tokia 3. oinarriaren lehenengo paragrafoan ezarritako helbide elektronikoetan argitaratuko dira, ariketa-eguna baino bost egun lehenago gutxienez ere. Argitaratu ordez, lehiatzaileei zuzenean eta modu frogagarrian jakinarazi ahal izango zaizkie datuok, aurreko epe berean. Hurrengo ariketak lehen aipatu diren helbide elektronikoetan iragarriko dira, gutxienez 48 ordu lehenagotik bakoitza.

21.3.– Deialdia.

Deialdiko plazak lortu nahi dituzten pertsonei dei bakarra egingo zaie ariketa bakoitzerako. Ariketara ez agertzea prozesutik kanpora uzteko arrazoi nahikoa izango da, non eta ezinbesteko arrazoiren bat izaten ez den; arrazoi hori behar bezala egiaztatuko da eta epaimahaiak askatasunez erabakiko du aintzat hartu ala ez.

Prozesuan onartutakoek egin ditzakete hautaprobak, eta baztertu gisa azaldu arren gora jotzeko errekurtsoa jarri dutenek ere bai, proba egiteko unean oraindik ebazpenik jaso ez dutela egiaztatzen badute. Lehiatzaile bakoitzak, nork bere burua identifikatzeko, nortasun-agiri nazionala, pasaportea edo gidabaimena eraman beharko du probetara.

21.4.– Oposizio-aldiko ariketak.

Ariketak test motako galdera sorta baten bidez egingo dira.

21.5.– Berdintasuna eta hizkuntza aukeratzeko askatasuna.

Hautaketa-prozesuan parte hartzen dutenen berdintasuna eta hizkuntza aukeratzeko askatasuna bermatze aldera, Eusko Legebiltzarreko zerbitzuek ariketen hizkuntza-bertsioen baliokidetasuna eta idazketaren kalitatea bermatuko dituzte.

21.6.– Ariketen arteko tartea.

Arau orokor gisa, ariketa bat amaitzen denetik hurrengoa hasi arte 72 ordu igaro beharko dira gutxienez; alabaina, oinarri espezifikoetan, edo epaimahaiak egoki irizten badio, ezarri ahal izango da ekitaldi berean ariketa bat baino gehiago egitea. Epaimahaia bada neurri hori hartzea egokitzat jotzen duena, kasu horretan ere 72 ordu lehenago eman beharko du horren berri.

21.7.– Anonimotasuna.

Probak zuzentzean, ahal denean, deialdiko plazak lortu nahi dituzten pertsonen anonimotasuna bermatzeko behar diren neurriak hartuko ditu epaimahaiak; gauza bera egingo du merezimenduak baloratzean, hala dagokionean.

22.– Oposizio-aldiko puntuazioen zerrenda.

Oposizio-aldiko proba bakoitza bukatutakoan, epaimahaiak lehenbailehen argitaratuko ditu probaren behin-behineko emaitzak eta gehienez ere 10 egun balioduneko epea ezarriko du erreklamazioak egiteko, epaimahaiaren ebazpena argitaratzen den egunetik kontatzen hasita.

Epe hori bukatu eta, erreklamaziorik egon bada, horiek ebatzi ondoren, gainditu dutenen puntuazioen behin betiko zerrenda argitaratzeko aginduko du epaimahaiak, betiere kontuan hartuta txanda (irekia edo barne-promoziokoa) eta parte hartzeko modalitatea (orokorra edo desgaitasuna dutenentzat gordetakoa).

23.– Lehiaketa-aldia.

Oposizio-aldia gainditu dutenen behin betiko zerrenda argitaratzearekin batera, gutxienez 10 egun balioduneko epea ezarriko da merezimenduak eta, hala badagokio, eskakizunak alegatu eta egiaztatzeko; horretarako, 11. oinarrian xedatutakoari jarraituko zaio.

Merezimenduen erreferentzia-datak 11. oinarrian daude araututa.

Epaimahaiak oinarri espezifikoetan ezartzen den baremoaren arabera baloratuko ditu merezimenduak.

Aldi hau ez da baztertzailea izango.

24.– Lehiaketa-aldiko puntuazioen zerrenda.

Alegatu eta egiaztatutako merezimenduen balorazioa egin ondoren, epaimahaiak kalifikazioen behin-behineko zerrendak argitaratuko ditu, kontuan hartuta deialdiko plazen txanda (irekia edo barne-promoziokoa), parte hartzeko modalitatea (orokorra edo desgaitasuna dutenentzat gordetakoa) eta hizkuntza-eskakizuna.

Dokumentazioa zuzendu behar duten lehiatzaileen zerrenda ere argitaratuko da, zehazki aipatuta zer merezimendu egiaztatu behar den ondo.

Zerrendak argitaratu eta hurrengo egunetik 10 egun balioduneko epea izango dute interesdunek okerrak zuzentzeko eta egin nahi dituzten erreklamazioak egiteko.

25.– Azken kalifikazioa.

Lehiatzaile bakoitzaren azken kalifikazioa honako hauetan lortutako puntuen batura izango da: oposizio-aldian eta lehiaketa-aldian, bai eta egiaztatutako hizkuntza-eskakizunaren balorazioan ere (azken hori eskakizuna ez, baizik eta merezimendua bada).

Emaitza eta kalifikazio guztiak 3. oinarrian adierazitako helbide elektronikoetan emango dira argitara.

III.– LEHIAKETA-PROZESUEN ARAU ESPEZIFIKOAK.

26.– Hautaketa-prozedura.

Hautaketa-prozedura lehiaketa izango da, eta txanda ireki bakarra aurreikusten da, eta, hala badagokio, desgaitasuna duten pertsonentzako kupoak edo bestelako kupoak izan ditzake, deialdiaren oinarri espezifikoetan ezartzen duenaren arabera.

Hautaketa-prozesuetan, ezarri ahal izango da praktikaldi bat edo prestakuntza-ikastaro bat, deialdiaren oinarri espezifikoetan ezartzen denaren arabera, eta indarrean dagoen araudian adierazitako gehieneko iraupenarekin.

27.– Lehiaketa-aldia.

Lehiaketa-aldian, onartuak izan direnek alegatu eta egiaztatu dituzten merezimenduak baloratuko dira.

Deialdi bakoitzaren oinarri espezifikoetan zehaztuko da zer merezimendu baloratuko diren, eta zer baremoren arabera. Besteak beste, merezimendu hauek baloratu ahal izango dira: esperientzia eta antzinatasuna, titulazioak, hizkuntzak, eta informatika- eta ofimatika-ezagutzak.

Langileen estatutuaren eta Legebiltzarreko Administrazioaren araubide juridikoaren arabera, emandako zerbitzuengatiko esperientziaren barruan, baloratu ahal izango da, gehienbat, deialdiaren xede diren Eusko Legebiltzarreko lanpostuetan edo Legebiltzarreko Administrazioko beste lanpostu batzuetan izandakoa, eta esperientzia hori orokorra eta espezifikoa izan daiteke.

Lanbide-esperientzia eta antzinatasuna baloratzeko, honako hauek hartuko dira kontuan: zenbat denbora egon den lehiatzailea eszedentzia-egoeran, senideak zaintzeagatik edo genero-indarkeriagatik; zenbat denbora eman duen lehiatzaileak amatasuna eta aitatasuna babesteko edo bizitza pertsonala, familia eta lana erantzukidetasunez kontziliatzeko lanaldi-murrizketetan edo baimenetan; eta emakumezko enplegatu publikoek zenbat denbora eman duten genero-indarkeriagatik baimenak baliatzen.

Euskara ez bada lanpostuan jarduteko eskakizun, merezimendu gisa baloratuko da lehiaketa-aldian.

Organismo ofizialek edo homologatuek igorritako titulazioak eta ziurtagiriak baino ez dira baloratuko.

Nolanahi ere, merezimenduen balorazioaren pisua neurrizkoa izango da, eta ez da baztertzailea izango.

Epaimahaiak oinarri espezifikoetan ezartzen den baremoaren arabera baloratuko ditu merezimenduak.

Merezimenduen erreferentzia-datak 11. oinarrian daude araututa.

28.– Lehiaketa-aldiko puntuazioen zerrenda.

Alegatu eta egiaztatutako merezimenduen balorazioa egin ondoren, epaimahaiak kalifikazioen behin-behineko zerrendak argitaratuko ditu, kontuan hartuta parte hartzeko modalitatea (orokorra edo desgaitasuna dutenentzat gordetakoa) eta deialdiko plazen hizkuntza-eskakizuna.

Dokumentazioa zuzendu behar duten lehiatzaileen zerrenda ere argitaratuko da, zehazki aipatuta zer merezimendu egiaztatu behar den ondo.

Zerrendak argitaratu eta hurrengo egunetik 10 egun balioduneko epea izango dute interesdunek okerrak zuzentzeko eta egin nahi dituzten erreklamazioak egiteko.

29.– Azken kalifikazioa.

Lehiatzaile bakoitzaren azken kalifikazioa zehazteko, merezimenduen balorazioan eta euskararen ezagutzan lortutako puntuak batuko dira, oinarri espezifikoetan zehaztuko diren kasuetan eta baldintzetan.

Emaitza eta kalifikazio guztiak 3. oinarrian adierazitako helbide elektronikoetan emango dira argitara.


Azterketa dokumentala