Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

4. zk., 2023ko urtarrilaren 5a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
92

112/2022 EBAZPENA, abenduaren 27koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez argitara ematen baita Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Nagusiaren eta Euskal Herriko Unibertsitatearen arteko lankidetza-hitzarmena, Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolako Eibar atalak Eibarko hezkuntza esparruaren barruan funtzionatzeko.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak sinatu du hitzarmen hori, eta behar bezalako publizitatea emateko asmoz, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Nagusiaren eta Euskal Herriko Unibertsitatearen arteko lankidetza-hitzarmena, Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolako Eibar atalak Eibarko hezkuntza esparruaren barruan funtzionatzeko. Hitzarmen hori ebazpen honen eranskin gisa agertzen da.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko abenduaren 27a.

Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,

JON IÑAKI URBINA GARCÍA DE VICUÑA.

ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN ABENDUAREN 27KO 112/2022 EBAZPENARENA
LANKIDETZA-HITZARMENA, EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIO NAGUSIAREN ETA EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEAREN ARTEKOA, GIPUZKOAKO INGENIARITZA ESKOLAKO EIBAR ATALAK EIBARKO HEZKUNTZA ESPARRUAREN BARRUAN FUNTZIONATZEKO

Donostia, 2022ko urriaren 13a.

BILDU DIRA:

Alde batetik, Jokin Bildarratz Sorron jauna, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntzako sailburua.

Bestetik, Agustin Erkizia Olaizola jauna, Euskal Herriko Unibertsitateko Gipuzkoako Campuseko errektoreordea.

PARTE HARTU DUTE:

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren izenean eta ordezkaritzan, Hezkuntza sailburuak, Hezkuntza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 71/2021 Dekretuak ematen dizkion ahalmenak erabiliz.

Euskal Herriko Unibertsitatearen izenean eta haren ordezkari gisa, Euskal Herriko Unibertsitateko Gipuzkoako Campuseko errektoreordeak, Euskal Herriko Unibertsitateko errektorearen 2021eko urtarrilaren 28ko Ebazpenak ematen dion gaitasuna, errektorearen eskumenak eskuordetzeari eta bere gobernu-taldearen funtzionamendu-arloak egituratzeari eta zehazteari buruzkoa.

Horiek guztiek hitzarmen hau sinatzeko gaitasun nahikoa dute,

ADIERAZI DUTE:

Lehenengoa.– Urriaren 4ko 379/1994 Dekretuaren bidez, Industria Ingeniaritza Teknikoko Unibertsitate Eskola (gaur egun, Gipuzkoako Ingeniaritza Eskola, Eibarko Atala) Euskal Herriko Unibertsitatean integratu zen. Era berean, laugarren xedapen gehigarriaren hirugarren puntuak ezartzen du unibertsitateak 1998-1999 ikasturtetik aurrera hartuko duela bere gain irakaskuntza-eraikinaren titulartasuna.

Bigarrena.– Eibarko Hezkuntza Esparruak barne hartzen du, bere arloaren barruan, Gipuzkoako Ingeniaritza Eskola, Eibar atala, osotasun banaezina osatuz, aipatutako Ingeniaritza Eskola UPV/EHUren eta Hezkuntza Sailaren menpe egon ala ez.

Hirugarrena.– Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolaren eraikinaren kudeaketan inplikatutako erakunde bakoitzaren eskuduntzak berariaz finkatze aldera, Eibarko Ingeniaritza Eskolaren eraikina (lehen Eibarko IITEaren eraikina), lankidetza-hitzarmen bat sinatu zen, 4 urterako indarraldiarekin. Epe hori amaituta, beste bat sinatu behar da helburu berarekin.

Azaldutako guztiagatik, eta kontuan hartuta elkarrekiko lankidetza onuragarria izan dela bi alderdientzat, aldeek lankidetza-hitzarmen hau ezarri dute, honako klausula hauen arabera arautuko dena:

KLAUSULAK

Lehenengoa.– Hitzarmenaren xedea.

Hitzarmen honen xedea hau da: alderdi izenpetzaileen partaidetza eta kostu-banaketa finkatzea, Eibarko Hezkuntza Esparruan elkarrekin erabiltzen dituzten instalazio eta zerbitzuei dagokienez.

Bigarrena.– Finantzaketa.

Hitzarmen hau izenpetzearekin hartzen diren konpromisoak hitzarmena izenpetu duen alderdi bakoitzaren aurrekontuen kargura finantzatuko dira.

Hirugarrena.– UPV/EHUren eta Hezkuntza Sailaren konpromisoak.

A) UPV/EHUk hitz ematen du bere gain hartuko dituela ondoko zeregina eta horrek dakarren kostu ekonomikoa: berokuntzaz hornitzea Hezkuntza Esparruko eraikin hexagonala. Era berean, bere gain hartuko ditu galdara-gelako mantentze- eta kontserbazio-lanak eta transformadoreen mantentze-lana.

B) Hezkuntza Sailak hitz ematen du bere gain hartuko dituela ondoko eginkizunak eta horiek dakartzaten kostu ekonomikoak:

1.– Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolako Eibar ataleko kontsumo elektrikoaz arduratzea.

2.– Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolaren eraikineko ur-zerbitzuen hornikuntzaz arduratzea. Eguneko zaintza, berriz, haren langileek berek egiten dute.

3.– Ingeniaritza Eskolaren eraikineko zarama-zerbitzuaren ondoriozko kostuez arduratzea.

4.– Gaueko zaintzako zerbitzuak Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolaren Eibar eraikinean ere ematea.

C) UPV/EHUko erabiltzaileek ere Autonomia Erkidegoko Administrazioaren titulartasuneko bideak eta aparkalekuak baliatzen dituztenez, UPV/EHUk bere gain hartuko du bide-aparkaleku horien mantentze-, kontserbazio- eta konponketa-gastuen % 50 ordaintzea.

D) Konponketa-gastuak ordaindu ahal izateko baldintza kreditua izatea izango da.

E) Akordio honen bitartez, gastuek gora ez egitea lortu nahi da, eta berdinak izatea bai Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolako Eibar atalekoak zein Eibarko Hezkuntza esparrukoak.

Laugarrena.– Jarraipen-batzordea.

Alderdi izenpetzaileek hitzarmen honen jarraipen-batzordea eratzea erabaki dute, hitzarmenaren xedea betetzeko orduan kooperazio eta koordinazio egokiak lortzearren.

Jarraipen-batzordeak kide hauek izango ditu:

Hezkuntza Esparruaren aldetik: Administrazio eta Zerbitzuetako teknikaria eta Zuzendaritza Kontseiluko kide bat.

UPV/EHUren aldetik: Irakasleen eta Ikertzaileen koordinatzailea eta Administrazio eta Zerbitzuetako Langileen koordinatzailea.

Jarraipen-batzordeko lau kideak ordezka daitezke, eta titularrek erabakiko dute ordezkariak nortzuk izango diren.

Edozein batzordekide aritu daiteke idazkari, baldin eta alderdiek horretarako izendatzen badute.

Batzordearen funtzionamenduak honako hau izango du arau: Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legeak II. Kapituluaren 3. atalean ezarritakoa.

Bosgarrena.– Indarraldia eta iraungitzea.

Izenpetzen den egunean hartuko du indarra hitzarmen honek, eta lau urtez egongo da indarrean. Hitzarmenaren sinatzaileek, epea bete aurretik, edozein unetan, hitzarmena luzatzea adostu ahal dute aho batez, lau urte gehienez, edo hitzarmena bertan behera uztea.

Seigarrena.– Hitzarmenaren izaera eta interpretazioa.

Hitzarmen honek administrazio-izaera du, eta aplika daitekeen ordenamendu juridiko eta administratiboa izango du arau, interpretazioari eta garapenari dagokienez.

Hitzarmen hau gauzatzerakoan sor daitezkeen interpretazio-arazoak jarraipen-batzordeak ebatziko ditu hasiera batean. Bestela, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legeak dioenari jarraituko zaio.

Adostasunaren erakusgarri, eta hitzartutakoa behar bezala jasota gera dadin, aldeek izenpetu egin dute dokumentu hau, behin Gobernu Kontseiluak onartuz gero, idazpuruan adierazitako toki-egunetan.

Hezkuntzako sailburua,

JOKIN BILDARRATZ SORRON JAUNA.

UPV/EHU Gipuzkoako Campuseko errektoreordea,

AGUSTIN ERKIZIA OLAIZOLA JAUNA.


Azterketa dokumentala