Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

1. zk., 2023ko urtarrilaren 2a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIA ETA OGASUN SAILA
KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
10

158/2022 DEKRETUA, abenduaren 20koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari baimena ematen diona «Tenedora Museo de Arte Moderno y Contemporáneo de Bilbao, S.L.» erantzukizun mugatuko sozietatearen kapital-zabalkuntzan parte hartzeko, eta baimena ematen diena Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorraren titulartasuneko akzioen ordezkariei Sozietatearen estatutuetako 6. artikuluaren aldaketaren aldeko botoa emateko.

Euskadiko Ondareari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 6ko 2/2007 Legegintzako Dekretuaren 110.1 artikuluan ezartzen denez, enpresa-ondarea osatzen duten ondasunak eta eskubideak eskuratzeko, aurretiaz, Gobernu Kontseiluaren baimena beharko da, dekretu bidez emana, eta horretarako proposamena, berriz, ondareari buruzko eskumenak dituen saileko buruak eta, zuzenean nahiz bitarteko erakunde baten bidez, sozietatea loturik duen edo loturik izango duen saileko buruak egin beharko dute, biek batera. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu behar da dekretu hori; baina, edonola ere, ematen den egunetik aurrera izango da indarrean.

Era berean, EOLen 111.2 artikuluaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorraren eta instituzionalaren zuzeneko edo zeharkako titulartasuneko akzioen ordezkariek onartu behar dituzte estatutu sozialak, eta Gobernu Kontseiluak emango du horiek aldatzeko baimena.

Kapitala ordezkatzen duten baloreak eskuratzeko baimena ematen duen dekretuak, doako eskuraketa ez baldin bada behinik behin, nahitaezkoa izango du sozietatearen xedea adieraztea, baita Euskal Autonomia Erkidegoak eskuratze horretan zuzenean nahiz zeharka izango duen partaidetzaren ehunekoa ere.

Azaroaren 29ko 460/1994 Dekretuaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari baimena eman zitzaion «Tenedora Museo de Arte Moderno y Contemporáneo de Bilbao, S.L.» erantzukizun mugatuko sozietateko kapital-zabalkuntzan parte hartzeko. Harrezkero, Euskal Autonomia Erkidegoak ehuneko berrogeita hamarreko partaidetza du sozietate horren kapitalean; Bizkaiko Foru Aldundiak, berriz, gainerako ehuneko berrogeita hamarrekoa.

«Tenedora Museo de Arte Moderno y Contemporáneo de Bilbao, S.L.» sozietatearen xedea edozelako arte-lan eta -sorkuntza motak eskuratu eta ustiatzea da, baita arte-erakusketak eta -erakustaldiak antolatzea ere.

Sozietatearen ez-Ohiko Batzar Orokorrak, 2022ko urriaren 10ean egindako bilkuran, erabaki zuen, besteak beste, kapital-zabalkuntza bat proposatzea, beharrezko baliabideak lortzeko xedez, eta horiei esker ekin ahal izateko Bilboko Guggenheim museoaren bilduma propioko eskuratze-programari. Proposamen horrek hau dakar: Eusko Jaurlaritzak sozietatean beste 2.079 partaidetza harpidetzea (1.249.499,79 euro, guztira), «Tenedora Museo de Arte Moderno y Contemporáneo de Bilbao, S.L.» sozietatearen kapitalean duen partaidetza-ehunekoari eutsi diezaion. Halaber, sozietatearen estatutuetako 6. artikulua aldatzea erabaki zuen, sozietatearen kapitalari buruzkoa.

2.079 partaidetza horiek harpidetzeko kreditu egoki eta nahikoa dagoenez, lehen paragrafoan adierazitakoarekin bat etorriz, Gobernu Kontseiluaren baimena behar da sozietatearen kapital-zabalkuntzan parte hartzeko.

Horretaz gain, kapital-zabalkuntzaren ondorioz, beharrezkoa da «Tenedora Museo de Arte Moderno y Contemporáneo de Bilbao, S.L.» sozietatearen estatutuen 6. artikulua aldatzea, sozietatearen kapitalari dagokiona, hain zuzen.

Hori dela eta, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuak eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak proposatuta, eta Gobernu Kontseiluak 2022ko abenduaren 20an egindako bilkuran proposamena aztertu eta onartu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Baimena ematea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari «Tenedora Museo de Arte Moderno y Contemporáneo de Bilbao, S.L.» erantzukizun mugatuko sozietatearen kapital-zabalkuntzan parte har dezan; gehikuntza hori 1.249.499,79 eurokoa da, sozietatearen Batzar Orokorrak erabaki duen kapital-zabalkuntzaren guztizkoaren gainean. Horretarako, sozietatearen 2.079 partaidetza eskuratuko ditu –bakoitzaren balio nominala 601,01 euro– ordainketa bakarrean.

EAEko Administrazio Orokorrak bere gain hartutako partaidetza sozialen balio nominal osoa 2022ko abenduaren 31 baino lehen ordainduko da, eskudirutan eta Europako moneta erkidean.

Zabalkuntzaren ondoren, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak sozietatearen kapitalean 59.407.434,46 euroko partaidetza izango du, 98.846 partaidetzarekin. Kapital sozialaren % 50eko partaidetza izango du, eta beste % 50a Bizkaiko Foru Aldundiari dagokio. Guztira, «Tenedora Museo de Arte Moderno y Contemporáneo de Bilbao, S.L.» enpresaren kapital soziala 118.814.868,92 eurokoa izango da, eta guztira 197.692 partaidetza izango ditu.

2. artikulua.– Baimena ematea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren titularitateko partaidetzen ordezkariei, «Tenedora Museo de Arte Moderno y Contemporáneo de Bilbao, S.L.» sozietatearen estatutuen 6. artikuluaren aldaketarekin ados ager daitezen. Aipatutako zabalkuntzaren ondoriozko kapital sozialaren zifra berriari behar bezala egokitutako idazketa emango zaio artikulu horri.

3. artikulua.– Ahalmena ematea, berdin-berdin edo modu solidarioan, Administrazio Kontseiluko lehendakariari eta idazkariari, bai eta edozein kontseilariri ere, haietako edozein notarioaren aurrean ager dadin eta aurreko erabakiak publiko egin ditzan, horretarako beharrezkoak diren adierazpenak eginez eta edozein akats material zuzenduz. Horretarako, beharrezkoak diren agiri publiko eta pribatu guztiak sinatuko dituzte, eta ahalmena izango dute, bereziki, publiko egindako sozietatearen erabakiak zuzentzeko eta argitzeko eskriturak egiteko, bai eta erabaki horiek Merkataritza Erregistroan inskribatzeko behar diren kudeaketak egiteko ere.

AZKEN XEDAPENA

Dekretu honek onartzen den egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteizen, 2022ko abenduaren 20an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Ekonomia eta Ogasuneko sailburua,

PEDRO MARÍA AZPIAZU URIARTE.

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,

BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.


Azterketa dokumentala