Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

249. zk., 2022ko abenduaren 30a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LAN ETA ENPLEGU SAILA
5799

EBAZPENA, 2022ko abenduaren 21ekoa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiarena; honen bidez, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuarekin lankidetzan enplegu-zentroen jarduera garatzeko laguntzen 2023-2025eko deialdia argitaratzen da.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak, 2022ko abenduaren 21eko batzarrean hartutako erabakiaren bidez, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuarekin lankidetzan enplegu-zentroen jarduera garatzeko laguntzen 2023-2025eko deialdia egitea onetsi du. Maiatzaren 22ko 82/2012 Dekretuaren bidez onartutako Lanbideko Estatutuen 10.2 artikuluko n) letran xedatutakoaren arabera, Lanbideren Estatutuak bigarrenez aldatzen dituen abuztuaren 30eko 98/2022 Dekretuak emandako idazkuntzan, erakunde autonomo horren zuzendari nagusiari dagokio deialdi hori argitaratzea.

Hori guztia dela-eta, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuarekin lankidetzan enplegu-zentroen jarduera garatzeko laguntzen 2023-2025eko deialdia argitaratzea, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Administrazio Kontseiluak 2022ko abenduaren 21ean egin zuen batzarrean onartua, eta ebazpen honen eranskinean jasota dagoena.

Bigarrena.– Jakinaraztea ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango dituela ondorioak laguntzen deialdia onartzen duen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren erabakiak.

Hirugarrena.– Ohartaraztea deialdia onartzen duen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren erabakiaren aurka berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaiola organo horri berari, hilabeteko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango dela zuzenean Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena aldizkari horretan argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko abenduaren 21a.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusia,

MARÍA GLORIA MÚGICA CONDE.

ERANSKINA
LANBIDE-EUSKAL ENPLEGU ZERBITZUAREKIN LANKIDETZAN ENPLEGU-ZENTROEN JARDUERA GARATZEKO LAGUNTZEN 2023-2025EKO DEIALDIA

Enplegu-zerbitzuen erabiltzaileei arreta espezializatua eta banakakoa ematea da Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren ekintza jarraituaren funtsezko zutabeetako bat. Banakako arreta hori da bermerik onena, langabezian daudenen lan-aukerak hobetzeko eta lana dutenen enpleguaren kalitatea eta iraunkortasuna lortzeko. Biztanleriaren zati handi batek oraindik ere eskatzen ditu enplegurako orientazio-zerbitzuak. Bada, zerbitzu horietarako sarbidea Euskal Enplegu Zerbitzuak nahitaez eman beharreko zerbitzuaren helburua ere bada.

COVID osteko errealitatea, haren osteko hasierako susperraldi ekonomikoa eta egungo nazioarteko arazo eta ziurgabetasun sistemikoa kontuan hartuta, beharrezkoa da zerbitzu publikoek eta horien erakunde laguntzaileek une oro egokitzea herritarren eskura jartzen diren bitartekoak, gobernu-ekintzan konprometitutako arreta-helburuak lortzeko. Ondorioz, testuinguru honetan, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak are gehiago handitu eta erraztu nahi die herritarrei enplegu eta prestakuntzako zerbitzuak eskuratzeko aukera, bitarteko telematikoetatik. Nolanahi ere, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren ustez, arretarik onena eta desiragarriena herritarrekiko aurrez aurreko eta zuzeneko harremana ezartzen duena da, orientazio profesionalaren eta lanbide-heziketaren eremuan. Era berean, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak handitu eta sustatu egin nahi du pertsonek tresna telematikoak eta gailuak erabiltzeko duten eskubidea, baldin eta tresna eta gailu horiek, ahal den neurrian, enpleguari eta prestakuntzari buruzko informazio, programa eta politika publikoak eskuratzeko eten digital oro mugatzen badute aurrez aurrekoak ez diren testuinguruetan.

Urriaren 10eko 1/2013 Legean (Bizialdi Osoko Ikaskuntzari buruzkoan) honako hau hartzen da bizialdi osoko orientaziotzat: prozesu jarraitu bat, herritarrari akonpainamendua emateko, bere bizitzako edozein unetan, bere gaitasunak eta interesak zehazten, hezkuntza, ikaskuntza eta enpleguari buruz erabakiak hartzen, eta ikaskuntzako, txertaketa profesional edo sozialeko, edo interes pertsonaleko proiektu bat definitzen, planifikatzen eta kudeatzen. Lege horren III. kapituluan azaltzen da zer den bizialdi osoko orientazio-sistema bateratua, Euskal Enplegu Zerbitzuko informazio- eta orientazio-zerbitzuak barne hartzen dituena.

1/2013 Legearen 40. artikuluko bigarren puntuak azaltzen duenez, bizialdi osoko orientazio-sistema bateratua osatuko dute: herritarrak hezkuntza-testuinguruan eta testuinguru profesional, pertsonal eta sozialean informatzea eta aholkatzea eta, hala badagokio, akonpainamendua ematea helburutzat duten eragile, tresna eta ekintza guztiek.

Deialdi honek bere gain hartzen ditu 2030erako Enpleguaren Euskal Estrategiaren (www.euskadi.eus) 3. bektore estrategikoan proposatutako orientabideak. Estrategia horren helburua da, hain zuzen ere, laguntza eta orientazio pertsonalizatua ematea enplegu-politika aktiboen funtsezko elementu gisa, pertsonen enplegagarritasuna hobetzeko eta lan-merkatuan sartzea errazteko.

Pertsonalizazioa esku-hartzeko ereduen eta horien emaitzen arrakastaren funtsezko zutabe gisa ulertzen da. Hori horrela, beharrezkoa da talde eta pertsona bakoitzaren beharretara eta errealitateetara egokituko diren zerbitzu espezializatuen konfigurazioan modu irmoan aurrera egitea.

Hau da, gizarteratze pertsonalizatuko benetako ibilbideak diseinatzea ahalbidetzen duten esku-hartze ereduak behar dira.

Ildo beretik, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak erabiltzaileen autonomia sustatu nahi du; horretarako, deialdi honen bidez, enplegu-zentroko jarduera eskuragarri jarriko die, enplegua bilatzeko prozesuan auto-kontsultarako tresnak aurkitu ditzaten eta prozesu horretan aurrera egiteko orientatzaile-dinamizatzailearen babesa jaso dezaten.

Gaur egun, enplegu-zentroen jardueraren hartzaile izan daitezkeen pertsona asko daude, eta, beraz, beharrezkoa da prozedura bat ezartzea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuarekin jarduera hori ematen lagunduko duten erakundeen sare bat hautatzeko.

Deialdi honen bitartez, Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzutik kanpoko erakundeen laguntza behar duten enplegu-zentroen jarduera zehazten da, eta haiek finantzatzeko laguntzak ezartzen dira.

Era berean, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuarekin lankidetzan enplegu-zentroen jarduera gauzatzeko erakunde laguntzaileek izan beharreko gutxieneko giza baliabideen eta bitarteko materialen baldintzak ezartzen dira, jarduera horren kalitatea eta eraginkortasuna bermatze aldera.

Horregatik guztiagatik, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak hala proposatuta, erakunde autonomo honen Administrazio Kontseiluak, 2022ko abenduaren 21eko batzarrean, enplegu-zentroen jarduera garatzeko laguntzen 2023-2025eko deialdia onartu du, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuarekin lankidetzan, baldintza hauekin:

1. artikulua.– Xedea.

Deialdi honen xedea da Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak eman ditzakeen dirulaguntzen oinarri espezifikoak arautzea, enplegu-zentroen jarduera garatzeko 2023-2025 ekitaldietan Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan.

2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

1.– Deialdi honetan araututako laguntzak finantzatzeko baliabide ekonomikoak 4.293.784 eurokoak dira: horietatik 1.073.446 euro Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren 2023ko aurrekontuko ordainketa-kreditukoak, 2.146.892 euro 2024ko konpromiso-kreditukoak, eta 1.073.446 euro 2025eko konpromiso-kreditukoak.

2.– Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura egiten diren gastu-espedienteen aurretiko izapidetzea araupetzen duen Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren 5.3 artikuluan jasotako ondorioetarako, deialdi honetan iragarritako dirulaguntzen ebazpenak emateko, kreditu egokiak eta behar bestekoak egon behar dira Euskal Autonomia Erkidegoaren 2023ko aurrekontu orokorretan.

3. artikulua.– Diruz lagundu daitekeen jarduera.

1.– Deialdi honetan ezarritakoari jarraikiz, hurrengo paragrafoan deskribatutako enplegu-zentroen jarduerak lagun daitezke, hau da, 5. artikuluan aipatutako erakundeek eranskinean ezarritako baldintzetan gauzatu behar dituztenak. Eranskin horretan zehazten da zeintzuk diren diruz lagun daitezkeen jardun-eremuak eta enplegu-zentroen kopurua.

Eranskinean «izaera partekatua izan dezaketen eremu» gisa definitutako eremuak dira enplegu-zentro bakarreko jarduera astean zehar hainbat udalerritan egin ahal dutenak. Kasu horretan, eskabidean adierazi beharko da egoera hori, baita jarduera garatzeko udalerri eta kokaleku fisiko zehatzak ere. Kokaleku horiek 5. artikulu honetan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte.

2.– Enplegu-zentro deritzo erakunde laguntzaileak enplegu bila ari diren pertsonen eskuetan norberaren erabilerarako tresnak dituen espazio fisiko egonkorrari. Tresna horiek lan-merkatuan txertatzera zuzendutako ekintzak garatzeko eta xede hori lotzeko eskuragarri dauden baliabideen inguruko kontsultak egiteko daude erabilgarri. Horrez gain, eskuragarri dauden tresna horiek erabiltzen laguntzeko pertsona orientatzaile-dinamizatzaile bat egongo da bertan modu iraunkorrean. Erabiltzaileei Lanbideren webguneari eta haren Nire Lanbidenet espazio pertsonalari buruzko datuak eskuratzeko erraztasunak emango zaizkie.

3.– Deialdi honetan ezarritakoari jarraikiz diruz lagundutako enplegu-zentroen jarduera erakunde onuradunen berezko langileek eskainiko dute, eta ezin izango dira inolaz ere azpikontratatu.

4.– Diruz lagunduko den zerbitzua emateko aldia bi urtekoa izango da, dirulaguntzak emateko ebazpena jakinarazi ostean, bertan adierazten den data zehatzetik aurrera.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzura sartzeko gakoak eskuratzeko eskabidea onartutako kokapen guztietarako egin beharko da, hilabeteko epean, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera. Horretarako, 8.3.4 artikuluan aurreikusitako baldintzetan argitaratuko da. Sarbidea eman baino lehen, Lanbidek berariaz egiaztatuko du 5.3.b) artikuluan aipatutako baldintzak betetzen direla. Ondore horietarako, sistemarako sarbidea eskatzean, pertsonen nortasuna adierazi beharko da, Lanbidek berariaz egiazta dezan pertsona horiek altan daudela Gizarte Segurantzako Araubide Orokorrean. Halaber, 5.3.b) artikuluan eskatzen diren titulazioa, ezagutzak eta esperientzia dituztela egiaztatzeko agiriak aurkeztu beharko dituzte.

5.– Enplegu-zentro izango den espazioa zerbitzu horretarako erabiliko da soil-soilik, eta ezin izango da beste ekintza batzuekin partekatu, ekintza mota edozein dela ere, enplegu-zentroa martxan dagoen ordutegian.

6.– Enplegu-zentroak jendearentzat irekita egon beharko du, 6. artikuluan ezarritako gehieneko zenbatekoa kobratzeko, gutxienez 1.500 orduz, jardueraren prestazioa banatzen den 12 hilabeteko bi aldietako bakoitzean, egunean 10 orduz gehienez, goizeko 08:00etatik arratsaldeko 20:00etara bitartean. Enplegu-zentro bakoitzak bere ohiko ordutegia jakinarazi beharko dio Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari jarduera hasi aurretik.

Enplegu Zentroa irekita izan beharko da nahitaez egunean gutxienez lau orduz diruz lagundutako jarduera-aldian zehar eta 09:00ak eta 16:00ak arteko tartean; ez dira diruz lagunduko nahitaezko lau orduko presentzia baino jarduera-epe laburragoak izan dituzten egunak.

Egin den ordu-kopurua ezarri ahal izateko, erakunde onuradunek Lanbidek eskuragarri jarritako sistema informatikoaren bitartez ezarri beharko dute zein den enplegu-zentroaren irekiera-ordutegi eta -egutegia. Gainera, egunero kontrolatu beharko dute zein ordutan ireki eta ixten den.

7.– Enplegu-zentroak, era berean, programatutako ekintza-espazio izan ahalko du, eta zentroko orientatzaile-dinamizatzailearen ardurapean garatuko da. Talde-ekintzak egiteko, enplegu-zentro osoa erabili beharko da esklusiboki, eta jarduera horiek ezin izango dira hiru ordutik gorakoak izan. Ekintza horiek www.lanbide.eus web-orriaren bidez zabaldu ahal izango dira.

8.– Enplegu-zentroak erabiltzaileek enplegu-zentroan jasotako zerbitzuarekiko duten gogobetetze-mailari buruzko informazioa jaso beharko du, Lanbidek ematen dituen ereduen bidez.

4. artikulua.– Enplegu-zentroen jardueraren hartzaileak.

Honako hauek erabili dezakete enplegu-zentroa:

– Lanbiden enplegu-eskatzaile edo enpleguaren aurreko zerbitzuen eskatzaile gisa izena emanda dauden lanik gabeko edo okupatutako pertsonak.

– Estatuko merkaturako irisgarritasunik ez duten baina Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan erregistratuta daudenak.

5. artikulua.– Dirulaguntzen onuradun diren erakunde laguntzaileak.

1.– Edozein pertsona fisikok edo juridikok, publikoa edo pribatua dela ere, egin ahal izango ditu, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren erakunde laguntzaile gisa, deialdi honen xede diren enplegu-zentroen jarduerak, eta hartarako aurreikusitako dirulaguntzak jaso ahal izango ditu. Horretarako, ezinbestekoa da 3. artikuluan definitutako jarduketak egiteko beharrezko baliabide materialak eta giza baliabideak edukitzea.

2.– Laneratzeko eta gizarteratzeko zailtasunak dituzten kolektiboentzako enplegu-zentroen kasuan (eranskinean zehaztuta agertzen dira), zentroari emango zaizkion egokitzapenak eta laguntza teknikoak jasoko dituen txosten bat erantsi beharko zaio eskabideari; izan ere, horrela desgaitasunak dituzten pertsonek erabili ahal izango dute zentroa. Laguntza tekniko horiek gutxienez bermatu beharko dute hainbat gradutako entzumen- edo ikusmen-defizitak dituzten pertsonek eta mugikortasuna mugatuta dutenek erabiltzeko moduan egotea zentroa. Gizarteratzeko eta laneratzeko zailtasunak dituzten kolektiboentzako enplegu-zentroetako jarduerak garatzeko deialdi honetan aurreikusitako laguntzak soil-soilik jaso ahal izango dituzte, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuarekin lankidetzan, gizarte-bazterketa sufritzeko arriskua duten edo desgaitasunak dituzten pertsonen laneratzea sorrera- edo eraketa-xede duten erakundeek.

3.– Enplegu-zentroan baliabide materialak eta giza baliabideak edukitzeko baldintza betetzat emango da honako eskakizun hauek betez gero:

a) Eskabidea aurkezten den momentuan gutxienez 25 metro karratuko gela bat izatea enplegu-zentro gisa erabiltzeko. Gela horrek irisgarritasuna sustatzeko indarrean dagoen legeriara egokituta egoteaz gain (20/1997 Legea, abenduaren 4koa, irisgarritasuna eta bere garapen-arau teknikoak sustatzekoa), honako baldintza hauek ere bete beharko ditu:

– Kanpotik lokalean sartu ahal izatea.

– Barruko ibilbideen bidez, ekintza egiteko erabiltzen diren esparruetara iristea.

– Bainugela egokigarriak eta egokituak izatea, ekintzaren hartzaile diren pertsonek erabil ditzaten.

Hala, a) letra honetan aurreikusitako baldintzak betetzen dituztela ulertuko da Lanbidek egokitzat jo zituen eta baliozkotu zirenetik aldatu ez diren lokalen kasuan, dirulaguntzen onuradun izan ziren erakundeen aldetik enplegu-zentroaren jarduera garatzeko, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuarekin lankidetzan enplegu-zentroen jarduerak garatzeko laguntzen 2017ko deialdiaren babespean (2017ko uztailaren 28ko EHAAn argitaratua, 2017ko uztailaren 27ko zuzendari nagusiaren ebazpen bidez), Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuarekin lankidetzan orientazio profesionaleko ekintzak eta zerbitzuak garatzeko 2019-2021eko laguntzen deialdiaren babespean, IV. kapituluan (zuzendari nagusiaren 2018ko abenduaren 26ko ebazpen bidez argitaratua 2018ko abenduaren 31ko EHAAn), edo Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuarekin lankidetzan enplegu-zentroen jarduera garatzeko laguntzen 2021-2022ko deialdiaren babespean (zuzendari nagusiaren 2021eko ekainaren 16ko ebazpenaren bidez argitaratua 2021eko ekainaren 30eko EHAAn).

Eskabidea aurkeztean a) letran jasotako baldintzak betetzen eta behar bezala egiaztatzen dituzten lokalak eta aurreko zenbakiak aipatzen dituen lokalak hartuko dira kontuan laguntzak ematerako orduan. Lokala aldatzeko eskabidea behin betiko ebazpena eta gero soilik aurkeztu ahal izango da, eta, gainera, deialdi honetako 12. artikuluan aurreikusitako baldintzak bete behar dira.

b) Diruz lagun daitekeen jarduerari ekiterakoan edukitzea giza baliabideen azpiegitura nahikoa enplegu-zentroa zabalik dagoen guztietan orientatzaile-dinamizatzaileak eskuragarri egongo direla bermatzeko. Jardunaldi osoan lan egin beharko dute, eta horrez gain, honako baldintza hauek ere bete beharko dituzte: unibertsitateko ikasketak bukatuta izan beharko dituzte, urte batetik gorako esperientzia izan beharko dute eta orientazio-profesionaleko curriculum egiaztatua eduki beharko dute; horrez gain, ofimatikari, Interneti eta lan-merkatuari buruzko ezagutzak ere izan beharko dituzte. Halaber, erabiltzaileak EAEko bi hizkuntza ofizialetan artatzeko gaitasuna izan beharko dute.

Laneratzeko eta gizarteratzeko zailtasun bereziak dituzten pertsonei arreta ematen espezializatutako erakundeek, berriz, orientazio-materialak ezintasun-mota guztietara egokitzen adituak diren giza baliabideak izan beharko dituzte.

c) Era berean, jardueraren hasieran honako azpiegitura hau ere eduki beharko da:

Interneterako banda zabaleko sarbide eraginkorra, eta WIFI sarbidea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren informazio-sistemarekin konektatzeko.

Enplegu-zentroaren erabilerarako 4 ordenagailu, gutxienez. Horietako bakoitzak honako hauek izan beharko ditu:

I.– Lanbideren webgunerako sarbide zuzena mahaigainean.

II.– Internetetik nabigatzea eta web-orrialdeak ikusi eta erabiltzea ahalbidetuko duen softwarea.

III.– Software ofimatikoa Word formatuko testuak editatu ahal izateko, Excel formatuko kalkulu-orriak erabiltzeko, PowerPoint formatuko aurkezpenak ikusteko eta Pdf formatuko fitxategiak ikusteko.

IV.– Softwarea ordenagailuan sartzen diren pertsonak identifikatzeko eta saioen iraupena neurtzeko.

V.– Gutxienez laser bidezko inprimagailu bat enplegu-zentroko ordenagailuek bakarrik erabiltzeko.

VI.– Taula grafikoko periferiko bat, sinadura biometrikoa jasotzeko euskarri moduan, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren informazio-sistemarekin konexioa duena, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak jakinaraziko dituen sistemaren espezifikazio teknikoei erantzun diezaien.

VII.– Enplegu-bilaketari buruzko dokumentazio-zerbitzu eguneratu bat.

4.– Enplegu-zentro baten zerbitzua hainbat herritan ematen denean «izaera partekatua izan dezaketen eremuetan», lokal guztiek 5. artikulu honetan araututako baldintzak bete behar dituzte.

5.– Aurreko paragrafoetan adierazitakoaz gain, erakunde onuradunek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak egunean izatea.

Organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen direla, dirulaguntza eman eta ordainketa bakoitza egin baino lehen. Hala ere, eskatzaileak berariaz aurka egin diezaioke egiaztatze horri, eta, halakorik egiten badu, eskakizun hori betetzen duela frogatzen duten ziurtagiri eguneratuak aurkeztu beharko ditu.

b) Ez edukitzea dirulaguntza edo laguntza publikoak eskuratzeko aukera kentzen dion zigor-zehapenik edo administrazio-zehapenik, hauek barnean direla:

– Sexu-bazterkeriagatik ezarritako zehapena, otsailaren 18ko 4/2005 Legeak (Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako eta emakumeen kontrako indarkeria matxistarik gabeko bizitzei buruzkoak) edo martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoak (Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eraginkorrerakoak) ezarritakoaren arabera.

– Abuztuaren 4ko 5/2000 Legegintzako Errege Dekretuak (Lan-arloko arau-hausteei eta zehapenei buruzko Legearen testu bategina onartzen duenak) 46.1.b) eta 46.bis.1.b) artikuluetan xedatutako zehapen osagarri batek hala ezarri izana, ebazpen irmo bidez.

c) Legez ezarritako kausaren bat ez izatea, laguntzak edo dirulaguntzak jasotzea eragozten diona, otsailaren 18ko 4/2005 Legean (Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako eta emakumeen kontrako indarkeria matxistarik gabeko bizitzei buruzkoan) aurreikusitakoak barne:

– Ez edukitzea berdintasun-planik indarrean, nahiz eta enpresa Estatuaren araudiaren arabera horretara behartuta egon.

– 50 langile baino gehiago dituzten enpresen kasuan, ez edukitzea ezarrita sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitu eta eragozteko neurririk, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan Estatuak ezarrita dituen legeen arabera.

d) Dirulaguntzak itzultzeko dagozkion ordainketa guztiak eginak izatea.

e) Ez egotea Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluko 2. eta 3. zenbakietan aurreikusitako egoeren eraginpean, dirulaguntzen onuradun izaera lortzeari begira.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak ez badu egiaztatzen 5. zenbakian xedatutako eskakizunen bat, erantzukizunpeko adierazpenaren bidez frogatu beharko da. Adierazpen hori eskabide-orrian jasota dago.

6.– Administrazioak laguntzak ordaindu ahal izan ditzan, pertsona edo erakunde eskatzaileak Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun Sailaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren Hirugarrenen Erregistroan inskribatuta behar du.

Pertsona ez badago erregistratuta, edo Ekonomia eta Ogasun Sailaren Hirugarrenen Erregistroan dauden banku-datuak aldatu nahi baditu, helbide honetan egin beharko du: https://euskadi.eus/hirugarrenak

6. artikulua.– Dirulaguntzaren zenbatekoa.

1.– Enplegu-zentroaren jardueraren finantzaketaren kontzeptuak eta zenbatekoak, deialdi honen babespean, modulu ekonomiko gisa ezartzen dira, irailaren 28ko 818/2021 Errege Dekretuak (Enplegu Sistema Nazionaleko enplegua aktibatzeko programa komunak arautzen dituenak) 19. artikuluan ezarritakoaren arabera, eta hura eguneratzen da autonomia-erkidegoen araberako batez besteko soldaten aldaketaren eta INEk adierazitako KPIren bilakaeraren arabera, jarraian zehazten den moduan:

A) Soldata-kostuak eta Gizarte Segurantzakoak finantzatzea, enplegu-zentroaren jarduera gauzatzeko behar diren dinamizatzaile-orientatzaileak kontratatzearen ondoriozko kontzeptu guztiengatik, erakunde onuradunean zerbitzuak ematen dituzten langileen kostua barne. Kasu horretan, programari egotziko zaizkio proiektuan benetan emandako denboraren zati proportzionalak eta horretarako kontrata daitezkeen gainerakoak. Kasu horretan, kontratuko eta urteko zenbatekoa honako hau izango da:

Teknikariak (dinamizatzaile-orientatzaileak): 39.034,40 euro urtean.

B) Hala badagokio, beste kostu batzuk finantzatzea, gehienez ere aurreko A) letran aipatutako azken zenbatekoaren ehuneko 25eko moduluaren zenbateko baliokidean, honako kontzeptu hauengatik:

1.– Ekintzak gauzatzean sortzen diren gastu orokorrak, materialak eta teknikoak.

2.– Ekintzak garatzeko beharrezkoak diren dieten eta joan-etorrien ondoriozko gastuak.

3.– Teknikari orientatzaileen prestakuntza.

4.– Ekintzak gauzatzeko beharrezko bitartekoak eta tresnak diseinatzea, garatzea eta lantzea, enplegu-zerbitzu publiko eskudunek ezarritako eta onartutako jarraibideei jarraituz.

5.– Desgaitasunen bat duten parte-hartzaileen prestakuntzan, laguntzan eta orientazioan informaziorako eta komunikaziorako irisgarritasunak eragindako gastuak.

6.– Jarduera gauzatzeko beharrezkoak diren beste gastu batzuk.

Enplegu-zentroko jarduera garatzeko orientatzaile-dinamizatzaileen soldata-kostuak eta Gizarte Segurantzako kotizazio-kostuak eta jarduerari lotutako gainerako zuzeneko eta zeharkako kostuak estaltzeko dirulaguntzaren urteko gehieneko zenbatekoak ezin izango du gainditu 6.1 artikuluaren a) eta b) letrei dagozkien moduluen batura:

39.034,40 (A) + (39.034,40 x 0,25) (B) = 48.793 euro urtean

Egikaritze-aldiko bi urteetako dirulaguntzaren gehieneko zenbatekoa 97.586 eurokoa da.

2.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak egiaztatutakoaren arabera, diruz lagundutako enplegu-zentroaren jardueraren gauzatze eraginkorra 1.500 ordutik beherakoa denean diruz lagun daitezkeen bi urterokoetako batean, egin ez diren ordu-kopuruaren arabera minorizatuko da gehieneko zenbatekoa, honako formula hau aplikatuz:

(Ikus .PDF)

Ezin dira 1.500 ordu baino gehiago izan diruz lagunduko diren urte bakoitzean egindako ordu eraginkorrak.

7. artikulua.– Eskabideak eta dokumentazioa.

1.– Deialdi honetan aipatzen diren dirulaguntza-eskabideak Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoaren egoitza elektronikoaren bidez aurkeztu behar dira: https://www.euskadi.eus/servicios/1015706; horra iristeko, esteka bat egongo da Lanbideren webgunean.

Dirulaguntza-eskabideak ordezkari baten bidez izapidetu ahal izango dira elektronikoki. Horretarako, ordezkaritza Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoaren ahalordeen erregistro elektronikoan inskribatu ahal izango da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak

Honako helbide honetan eskuratu daitezke Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikaziorako eta sinadura elektronikorako bitartekoak: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

Erakunde eskatzaile bakoitzak enplegu-zentroaren jarduera zein lurralde-eremutan egingo duen adierazi beharko du eskabidean.

Deialdi honetako 5. artikuluko 2. zenbakian adierazitako erakundeek baino ezingo dute «erakundeak – zailtasun bereziak» motako eremuetarako enplegu-zentroetarako dirulaguntzen eskabidea aurkeztu.

2.– Eskabide horrekin batera, honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

2.1.– Tokiari buruzko informazio hau sartu beharko da:

a) Erakunde eskatzailearen lokal bakoitzaren ezaugarriak eta kokapena jasotzen dituen txosten deskribatzaile eguneratua. Derrigorrez atxiki behar dira 5. artikuluko 3.a) atalean zehaztutako instalazioetako espazio eta dimentsioak zehazten dituzten argazkiak eta planoak, baita instalazio horietarako barneko nahiz kanpoko bideen argazki eta planoak ere.

b) Teknikari eskudun batek egindako txostena, kasuan kasuko elkargo profesionalak ikus-onetsia, lokala irisgarritasuna sustatzeko indarreko araudiarekin bat datorrela adierazten duena, eta lokalaren gaur egungo egoerari dagokiona 5. artikuluko 3.a) atalean deskribatutakoaren arabera:

– Kanpotik lokalean sartu ahal izatea.

– Barruko ibilbideen bidez, ekintza egiteko erabiltzen diren esparruetara iristea.

– Bainugela egokigarriak eta egokituak izatea, ekintzaren hartzaile diren pertsonek erabil ditzaten.

5.3.a) artikuluaren bigarren zenbakian aurreikusitako kasuan ez da beharrezkoa izango 2.1. atalean aipatutako dokumentazioa aurkeztea. Kasu horretan, lokalak aldaketarik izan ez duela eta 5.3 a) artikuluak aipatzen duen deialdian eskatu zitzaizkien baldintzak oraindik ere betetzen dituztela bermatzen duen erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko da.

2.2.– Hala badagokio, xedea edo erakunde eskatzailea sortzeko xedea gizarte-bazterkeria egoeran egoteko arriskuan dauden kolektiboei edo desgaitasunak dituzten pertsonei lan-orientabidea ematea edo haien laneratzea bultzatzea dela adierazten duen ziurtagiririk.

2.3.– Hala badagokio, deialdi honen 9. artikuluko 2.7., 2.8., 2.10. eta 2.11. zenbakietako balorazio-irizpideak egiaztatzen dituen dokumentazioa.

2.4.– Desgaitasunak dituzten pertsonek erabili ahal izateko, enplegu-zentroari egingo zaizkion egokitzapenak eta emango zaizkion laguntza teknikoak adieraziko dituen memoria, 5.2 artikuluko baldintzetan laneratzeko eta gizarteratzeko zailtasun bereziak dituzten kolektiboentzako enplegu-zentroen kasuan.

3.– Merezimenduak baloratzeko, eskabideak aurkezteko epean edo, hala badagokio, zuzentzeko errekerimenduari erantzuteko epean aurkeztutako dokumentazioa bakarrik hartuko da kontuan.

4.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita.

5.– Eskabideak aurkezteko epea amaituta, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak bere webgunean argitaratuko du zer eskabide ez diren aurkeztu behar bezala beteta, edo zeinek ez dituzten aurkeztu aurreko atalean adierazitako dokumentuak; eragindako erakundeek, akatsak zuzentzeko edo aurkeztu beharreko dokumentazioa aurkezteko, 10 eguneko epea izango dute, webgunean horien berri ematen den egunetik aurrera. Hori egin ezean, eskabideak ezetsitzat emango dira. Halakoetan, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak esanbidezko ebazpen bat eman beharko du, eta horren jakinarazpena egin.

6.– Eskabidea aurkeztu ondorengo izapideak, jakinarazpenak barne, Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bidez egingo dira: ://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu. Bertan azaltzen da nola egin izapide elektronikoak.

8. artikulua.– Laguntzak emateko prozedura eta ebazpena.

1.– Lana Aktibatzeko Zuzendaritza izango da dirulaguntzen esleipen-prozedura kudeatu eta bideratzeaz arduratuko den organoa, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusia horiek ebazteko eskuduna.

2.– Lehiaketa-sistemaren bidez esleituko dira dirulaguntzak; hala, hurrengo artikuluan adierazten diren ebaluazio- eta esleipen-irizpideen arabera ebaluatuko dira aurkezten diren eskabideak. Horri dagokionez, kide anitzeko organo bat eratuko da, eta honako kide hauek izango ditu:

– Batzordeburua: María Teresa Martínez Granado, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Laneratzea Aktibatzeko zuzendaria.

– Idazkaria: Jesús María Ordóñez Orzaiz, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Laneratze Zerbitzuko arduraduna.

– Batzordekideak: Angel Altuna Urcelay eta Laura Bañales Alonso, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Laneratze Zerbitzuko teknikariak.

3.– Deialdi honetan araututako dirulaguntzak emateko prozedura ebazteko, honako hau egingo da:

3.1.– Aurreko 2. zenbakian adierazten den kide anitzeko organoak behin-behineko ebazpen-proposamena emango du, eta ematea proposatzen diren dirulaguntzak adieraziko ditu bertan. Proposamen horretan, behin-behineko onuradunak, enplegu-zentroak eta dirulaguntzentzat proposatzen diren zenbatekoak adieraziko dira, baita ordezko erakundeak, ukatzea proposatzen direnak eta ukatze horien arrazoiak ere.

Prozedurari buruzko ebazpena pertsona interesdunei jakinaraziko zaie, Lanbideren webgunean argitaratuz: www.lanbide.euskadi.eus

Behin-behineko ebazpen-proposamenak ez die onuradun gisa proposatutako erakundeei eskubiderik emango.

3.2.– Pertsona interesdunek 10 egun balioduneko epea izango dute egokitzat hartzen dituzten alegazioak aurkezteko. Epe hori behin-behineko ebazpen-proposamena Lanbideren web-orrian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da.

3.3.– Epe hori igarota eta, hala badagokio, pertsona interesdunek aurkeztutako alegazioak aztertuta, kide anitzeko organoak behin betiko ebazpen-proposamena egin, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiari helaraziko dio, hura baita deialdi hau ebazteko organo eskuduna.

3.4.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendariaren ebazpena Lanbideko webgunean argitaratuz jakinaraziko da: www.lanbide.euskadi.eus

Ebazpenak dirulaguntza jasoko duten erakunde onuradunen zerrenda jasoko du, baita ezeztatu diren gainerako eskabideen zerrenda ere, horretarako arrazoiekin. Era berean, deialdiaren baldintzak betetzen dituzten ordezkoen zerrenda ordenatua ere emango da jardun-eremu bakoitzeko, 9. kapituluan aurreikusitako balorazio-irizpideak aplikatzetik lortutako ordenan.

Nolanahi ere, dirulaguntza emateko, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren sisteman sartzeko eskabidea egin beharko da, 3.4 artikuluan aurreikusitako baldintzetan, eta 5.3 b) eta c) artikuluan jarduera hasteko aurreikusitako baldintzak bete beharko dira.

Ezarritako epean Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren sisteman sartzeko eskatzen ez bada edo 5.3 b) eta c) artikuluan eskatutako baldintzak betetzen ez badira, enplegu-zentro horrek emandako dirulaguntza jasotzeko eskubidea galduko da. Kasu horretan, esleitu gabe geratu den lurraldeko jardun-eremuko ordezko erakundeari emango zaio dirulaguntza, betiere esleipen-ebazpenean emandako ordenan, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpen bitartez. Lanbideren webgunearen bitartez jakinaraziko da: www.lanbide.euskadi.eus

Ordezko erakundeak jarduerari ekin eta onuradun bihurtu delako jakinarazpena jaso ondorengo 15 egun balioduneko epean jakinarazi beharko dio Lanbideri.

4.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpena eman eta jakinarazteko gehieneko epea lau hilabetekoa izango da, deialdi hau EHAAn argitaratzen den egunetik zenbatzen hasita. Epe hori igaro ondoren ebazpena espresuki jakinarazten ez bada, eskabidea ezetsitzat jo ahal izango da.

5.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpenak amaitu egiten du administrazio-bidea, eta haren aurka aukerako berraztertze-errekurtsoa jarri ahal izango da Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren aurrean, hilabeteko epean, jakinarazpena Lanbideren webgunean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita, edo, bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, hura jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita.

6.– Erakunde onuradunei dirulaguntzak emateko eta ordaintzeko, ezinbestekoa da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren edo haren erakunde autonomoen antzeko dirulaguntzen edo laguntzen karietara bideratzen hasitako itzulera- edo zehapen-prozedurak amaituta egotea.

7.– Publikotasunaren printzipioa betetzeko, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpenez Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da zer erakundek jaso duten dirulaguntzaren bat deialdi honen babesean eta zenbateko laguntza eman duten.

9. artikulua.– Eskabideak ebaluatzeko eta dirulaguntza esleitzeko irizpideak.

Horrela jokatuko da araututako baldintzak betetzen dituzten eskabideak ebaluatzeko eta enplegu-zentroaren jarduerari dagozkion dirulaguntzak esleitzeko:

1.– Jardun-eremu batean dirulaguntza eskatzen duen erakunde bakarra badago, zuzenean emango zaio dirulaguntza erakunde horri.

2.– Jardun-eremu batean dirulaguntza eskatzen duen erakunde bat baino gehiago baldin badago, jarraian zehazten diren irizpideetan lortutako puntuazioaren baturaren araberako lehentasunezko ordenan emango da dirulaguntza:

2.1.– Zentroaren banaketa hainbat kokapenetan (12 puntu, gehienez).

Eskatutako enplegu-zentroaren eremua nahitaez banatzen bada eranskinaren arabera, 6 puntu emango dira kokapen bat duen herri bakoitzeko, bigarrenetik aurrera (nahitaezkoa da lehena egotea), gehienez ere bi kokapen arte.

Irizpide hori ez da aplikatuko zailtasun bereziak dituzten pertsonei egokitutako hiru enplegu-zentroen balorazioan, ezta izaera partekatukoak ez diren gainerako eremuetan ere.

2.2.– Kokapen bakoitzean ordenagailua daukaten lanpostu gehigarrien kopurua (8 puntu, gehienez).

Proposatzen den eta ordenagailua duen lanpostu gehigarri bakoitzeko 4 puntu emango dira, bosgarrenetik aurrera (lehen lauak nahitaezkoak izango dira 5.3.c artikuluaren arabera), gehienez ere derrigorrezko lanpostuetako beste bira arte. Izaera partekatuko eremu batean aurkeztutako kokapen bat baino gehiago egonez gero 4 puntuak esleitzeko, irizpide hori bete beharko da kokapen horietan guztietan.

Irizpide hori ez da aplikatuko zailtasun bereziak dituzten pertsonei egokitutako hiru enplegu-zentroen balorazioan.

2.3.– Arratsaldeko irekiera-ordutegia (gehienez 5 puntu).

Enplegu-zentroa gutxienez bi orduz irekitzen den arratsalde bakoitzeko puntu bat esleituko da, 16:00etatik 20:00etara, astelehenetik ostiralera. Izaera partekatuko eremu batean aurkeztutako kokapen bat baino gehiago egonez gero puntuak esleitzeko, irizpide hori bete beharko da kokapen horietako gutxienez batean.

Irizpide hori ez da aplikatuko zailtasun bereziak dituzten pertsonei egokitutako hiru enplegu-zentroen balorazioan.

2.4.– Larunbatetako irekiera-ordutegia.

5 puntu emango dira baldin eta enplegu-zentroa larunbatetan zabaltzen da, gutxienez hiru orduz, 09:00etatik 14:00etara bitartean.

Izaera partekatuko eremu batean aurkeztutako kokapen bat baino gehiago egonez gero 5 puntuak esleitzeko, irizpide hori bete beharko da kokapen horietako gutxienez batean.

Irizpide hori ez da aplikatuko zailtasun bereziak dituzten pertsonei egokitutako hiru enplegu-zentroen balorazioan.

2.5.– Kolokazio Agentziaren kalifikazioa.

10 puntu emango dira erakundeak kolokazio-agentzia gisa jarduten badu eta enplegu-zentroaren eremuan lantoki bat badu deialdi hau argitaratu baino lehen.

2.6.– Prestakuntza-espezialitate bat emateko Lanbiden izena emanda edo akreditatuta dagoen erakundea.

12 puntu emango dira, baldin eta erakundea Lanbiden izena emanda badago prestakuntza-espezialitate bat emateko enplegu-zentroko zentroaren esparruan, deialdi hau argitaratu aurretik.

2.7–Tokiko erakundeak eta esku-hartze sozialeko erakundeak.

17 puntu emango dira baldin eta erakundea Euskal Autonomia Erkidegoko mankomunitatea, kuadrilla edo udalerria, horien mendeko edo haiei lotutako erakundea, EAEko tokiko edo eskualdeko garapen-agentzia edo haiekin elkartutako erakundea bada edo Enplegu Zentroaren eremuari dagokion esku-hartze sozialeko lan-hitzarmena aplikatzen duen erakundea bada.

2.8.– Kalitatea kudeatzeko sistemak.

5 puntu emango dira erakundeak kudeaketa-sistemak ziurtatzeko egiaztatutako erakunde baten bidez jaulkitako kudeaketa-sistemak baditu, nola Akreditazio Erakunde Nazionalaren bidez (ENAC) hala EFQM eredua kudeatzeko kalitaterako aintzatespenen bidez, Euskaliten Kudeaketa Aurreratuko Sisteman eta ISO arauan: EFQM +500 eta altuagoa eta Urrezko A, EFQM +400 eta Zilarrezko A, EFQM +300 eta Brontzezko A, ISO 9001 eta Urrezko Q, Zilarrezko Q, eta Kudeaketa Aurreratuaren Diploma.

2.9.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren erakunde laguntzailea, soilik lan-eskaintzak erregistratu eta kudeatzeko arloan bitartekaritza-zerbitzua emateko.

6 puntu emango zaizkio Lanbideko laguntzailea den erakundeari, honako hauen arabera:

Ebazpena, 2015eko urtarrilaren 23koa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez ezartzen baita Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren erakunde laguntzaile izateko prozedura, soilik lan-eskaintzak erregistratu eta kudeatzeko arloan bitartekaritza-zerbitzua emateko; edo

Ebazpena, 2022ko urriaren 27koa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez ezartzen baita Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren erakunde laguntzaile izateko prozedura, soilik lan-eskaintzak erregistratu eta kudeatzeko arloan bitartekaritza-zerbitzua emateko.

Baldintza hori deialdi hau argitaratzen den egunean bete behar da, eta, era berean, dirulaguntzaren eskabidea ebaluatzen den unean.

2.10.– Orientatzaile-dinamizatzaileek keinu-hizkuntzaren gainean duten ezagutza.

Bederatzi puntu emango dira erakundeak egiaztatzen badu bere plantillan keinu-hizkuntza dakiten langileak daudela, kontratu bidezko harremanaren bidez eta pertsonaren keinu-hizkuntzaren oinarrizko ezagutzetan egiaztatutako prestakuntzaren bidez.

Irizpide hori zailtasun bereziak dituzten pertsonentzako enplegu-zentroetan aplikatuko da soilik, eranskinaren arabera.

2.11.– Lanpostu espezifiko bat eta dagokion ordenagailua itsuak erabiltzeko egokitzea.

Bederatzi puntu emango dira erakundeak bere baliabideen artean egiaztatzen badu itsuentzako berariazko programak dituen ordenagailu bat dagoela gutxienez.

Irizpide hori zailtasun bereziak dituzten pertsonentzako enplegu-zentroetan aplikatuko da soilik, eranskinaren arabera.

3.– Erakundeen artean berdinketa badago, lehentasuna izango dute udaleko edo udalaz gaindiko tokiko erakundeek, baita horien menpeko erakundeek ere, eta guztien artetik lehentasuna izango dute udalaz gaindikoek. Azkenik, erakundeen arteko parekotasuna mantenduko balitz, 5. artikuluan ezarritako baldintzak betez deialdi honetarako dirulaguntzen eskabidea lehenago erregistratu zuen erakundeak izango du lehentasuna, betiere 7.4 artikuluan ezarritako epearen barruan.

4.– Orokorrean, erakundeek ezingo dute jardun-eremu bereko enplegu-zentro bat baino gehiagorako dirulaguntzarik jaso. Horrenbestez, enplegu-zentro bat baino gehiago aurreikusten den eremuetarako, artikulu honetako 2. zenbakian ezarritako irizpideen arabera ordenatuko dira erakunde eskatzaileak, eta ordena horren arabera ezarriko zaio enplegu-zentro bakarra erakunde bakoitzari. Baldin eta esleitu gabeko zentroak geratuko balira, aipatutako eremuan enplegu-zentro baterako baino gehiagorako eskabidea egin duten erakundeei esleituko zaie, halakorik egongo balitz, zenbaki honetan aurreikusitako prozedura berari jarraikiz.

5.– Erakunde onuradunetako batek emandako dirulaguntzarako eskubideari uko eginez gero, dagokion eremuan puntuaziorik onena lortu duen hurrengo eskatzaileari esleituko zaio enplegu-zentroa.

10. artikulua.– Dirulaguntzak ordaintzea.

1.– Esleitutako dirulaguntzak hiru epetan ordainduko dira:

– Lehenengo ordainketa, 2023ko ordainketa-kredituaren kargura, emandako dirulaguntzaren % 25ekoa, ebazpena argitaratu eta Lanbideren sistemarako sarbidea eman ondoren, erakunde onuradunak jardueraren hasieraren jakinarazpena aurkeztu ostean.

– Bigarren ordainketa, 2024ko konpromiso-kreditutik ordainduko dena, dirulaguntzaren esleipenaren behin betiko ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita 12 hilabete igaro direnean. Esleitutako zenbatekoaren % 50ekoa izango da.

– Hirugarren ordainketa, 2025eko konpromiso-kredituaren kargura, gainerako % 25ekoa edo 6. artikuluan aurreikusitakoa aplikatzearen ondoriozko zenbatekoa, enplegu-zentroaren jarduera amaitu eta hurrengo hilabetean, enplegu-zentrotik emandako zerbitzuaren azalpen- eta ebaluazio-memoria bat aurkeztu ondoren, erabiltzaileen datuekin eta zerbitzuak erabiltzaileengan duen gogobetetze-mailari buruzko informazio garrantzitsuarekin (gehienez, 20 orrialde).

2.– Bi aurreordainketetako edozeinen kopurua edo bien batura 180.303,63 euro baino handiagoa izanez gero, dagokion ordainketa egin aurretik ziurtagiri bat aurkeztu beharko da, aurreratutako zenbatekoaren bermea, abala edo fidantza Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiaren aurrean osatu izana egiaztatzen duena. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak eskura jarriko du abal-eredua.

Eskabidea egiteko unean, erakunde eskatzaileak dagokion bermea eratzeko konpromisoa hartu beharko du, kasu horretan egonez gero.

3.– Era berean, dirulaguntzaren lehen ordainketa egiteko aurkeztutako abala ezeztatzeko, ezerezteko baimena emango da enplegu-zentroa lehen urtean gutxienez 1.500 ordu eraginkorrez ireki dela egiaztatzen denean. Era berean, ezerezte hori baimenduko da lehen ordainketa aurreraturako abalik behar izan ez bada, baina bigarren ordainketa aurreratua ordaintzeko behar izan bada, eta bi zenbateko horien batura 180.303,63 eurotik gorakoa bada. Nolanahi ere, kitapen aurreratua lehen ordainketari dagokion zenbatekora mugatuko da gehienez ere, eta enplegu-zentroa lehen urtean gutxienez 1.500 ordu eraginkorrez ireki dela egiaztatzen denean.

Edonola ere, ez da bermerik eratu beharra eskatuko, baldin eta dirulaguntzen onuraduna tokiko erakundea edo haren mendeko erakunde edo organismoa bada.

11. artikulua.– Dirulaguntzen onuradun diren erakundeen betebeharrak.

1.– Erakunde onuradunaren betebehar izango dira, deialdi honetako artikuluetan ezarritakoez gain, Dirulaguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluetan oro har ezarritakoak, baita Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginak (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onetsia) 50.2 artikuluan jasotakoak ere, eta, bereziki, honako hauek:

a) Jarduketak egiten dituzten bitartean lortutako informazioa biltzea, kudeatzea eta iraultzea hilero; gauza bera egin beharko dute erabiltzaileen ebaluazioari eta gogobetetzeari buruz bildutako informazioarekin. Horretarako, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak eskura jarritako protokoloak, jarraibideak, fitxa teknikoak eta sistema informatikoak erabiliko dituzte. Enplegu-zentroa irekitzeko ordutegia eta egutegia erregistratuko dira, eguneko irekiera- eta itxiera-kontrola barne. Enplegu-zentroetako ordenagailuetan sartzen diren pertsonak identifikatzeko eta saioen iraupena neurtzeko aukera emango duen software bat eduki beharko da, eta bildutako datuak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzura bidali beharko dira, eskura jarritako sistema informatikoen bidez.

b) Diruz lagundutako jardueren xedea edo nondik norakoa nabarmen aldatzen duen edozein gertaera jakinaraztea, bai eta dirulaguntza emateko orduan kontuan hartutako edozein inguruabar objektiboren nahiz subjektiboren aldaketa ere.

c) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuarekin lankidetzan jardutea diruz lagundutako jarduera egiaztatzeko, ikuskatzeko, jarraipena egiteko eta kontrolatzeko, ofizioz edo alde batek eskatuta; eta Ogasun eta Ekonomia Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak egiten dituzten egiaztatze- eta kontrol-jardunen eraginpean jartzea.

Xede horretarako, erakunde onuradunak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren eta kontrol ekonomikoaz eta fiskalizazioaz arduratzen diren organoen eskura eduki beharko ditu jasotako funtsen aplikazioa egiaztatzen duten agiriak, egiaztatu eta kontrolatu egin baitaitezke.

d) Lanbideri jakinaraztea helburu bererako beste edozein administrazioren edo erakunde publiko edo pribaturen laguntza, diru-sarrera edo baliabideak jaso izana.

e) Laguntza horiek jakinarazteko material eta ekintza guztietan Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren finantzaketa aipatzea.

f) Enplegu-zentroa identifikatzea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren laguntzaile gisa, Lanbidek onuradunei horren inguruan egindako jarraibideen arabera.

g) Izaera pertsonaleko datuei dagokien konpromisoari dagokionez, erakunde onuradunaren ordezkari edo ahalduna izendatzea. Konpromiso hori nahitaez onartu beharko dute deialdiaren erakunde onuradun guztiek, indarreko legerian ezarritako baldintzen arabera.

2.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak, ekintzaren jarraipena egiteaz gain, auditorien eta ikuskaritzen urteko plan bat ezarri ahalko du deialdian ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatzeko eta diruz lagundutako ekintzak benetan zer baldintzatan gauzatzen diren aztertzeko.

12. artikulua.– Lokalaren lekualdaketa.

Deialdi honetako behin betiko ebazpenaren ondoren onuradun ateratzen diren erakundeek lokalez aldatzeko baimena eskatu ahal izango diote Lanbideko Laneratze Zerbitzuari diruz lagungarriak diren jarduketak egiteko. Horretarako, beste lokal bat dutela frogatu beharko dute, eta lokal horrek eskabidean aurkeztutako lokalaren baldintza berak dituela, baldintza horien arabera baloratu baitzen lokala laguntza emateko.

Beharrezkoa izango da Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak aldeko irizpena ematea.

13. artikulua.– Dirulaguntza aldatzea.

Dirulaguntza emateko orduan kontuan izandako baldintzetan zerbait aldatzen bada, dirulaguntza ere aldatu ahal izango da; nolanahi ere, dirulaguntzen onuraduna izateko deialdi honetan ezarritako gutxieneko eskakizunak bete beharko dira. Baldintzen aldaketa horren ondorioz dirulaguntza osoa edo zati bat itzuli behar bada, itzultzeko prozedurari hasiera emango zaio.

14. artikulua.– Beste dirulaguntza batzuk aldi berean jasotzea.

Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak ez dira bateragarriak helburu bererako lortutako beste edozein motatako dirulaguntza edo laguntzarekin.

15. artikulua.– Aplikagarriak diren arauak ez betetzea.

1.– Deialdi honetako erakunde onuradunek jasotako zenbatekoak eta legezko interesak –laguntzak ordaintzen direnetik aurrerakoak– itzuli beharko dituzte, baldin eta honako xedapen hauetan oro har aurreikusitako betebeharrak betetzen ez badituzte: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikulua eta 46. artikulua, eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategineko 50.2 artikulua. Zenbatekoak eta interesak itzuli beharko dituzte, orobat, deialdi honetan ezarritako betebehar espezifikoak betetzen ez badituzte edo azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategineko 53.1 artikuluan dirulaguntzak itzultzeko ezarritako kasuetako batean sartzen badira. Itzuli beharrekoak itzultzeko, xedapen horretan eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan horretarako ezarritako prozedurari jarraituko diote (698/1991 Dekretuan, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautu zen eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezarri ziren). Aipatutako kopuru horiek diru-sarrera publikotzat joko dira, legezko ondorio guztietarako.

2.– Balizko ez-betetzeen maila honako irizpide hauen arabera zehaztuko da:

Ez-betetze erabatekoa: dirulaguntza emateko xedea edo hori justifikatzeko betebeharra erabat ez betetzea emandako dirulaguntzaren % 100 itzultzeko arrazoia izango da.

Ez-betetze partziala gertatzen bada: dirulaguntza emateko xedea edo hori justifikatzeko betebeharra hein batean betetzen ez bada, emandako dirulaguntza aldatu edo hein batean itzuliko da.

Era berean, ez-betetze partzialtzat hartuko da deialdiaren garapenean zehar dirulaguntza esleitzeko 9. artikuluan aurreikusitako irizpide puntuagarrietako edozein ez betetzea. Kasu horretan, emandako dirulaguntza honela gutxituko da:

(Ikus .PDF)

16. artikulua.– Dirua itzultzeko prozedura.

Aurreko artikuluan aurreikusitako ez-betetze kasuetan jasotzen diren laguntzak itzultzeko prozedura honako hau izango da:

1.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak laguntzak itzultzeko prozedurari ekin, eta Lana Aktibatzeko zuzendariak prozedura hasi izana eta hartarako arrazoiak jakinaraziko dizkio interesdunari, eta 15 eguneko epea emango dio egoki iruditzen zaizkion alegazioak egiteko. Prozedura hori hasten denean, eten egingo dira egiteko dauden ordainketak, halakorik egonez gero.

2.– Alegazioak jasotakoan edo hartarako epea iragan eta jaso ez badira, prozedurari amaiera emango zaio, Lanbideko zuzendari nagusiaren ebazpen bidez. Laguntzak itzultzeko prozedura gehienez ere 12 hilabeteko epean ebatzi beharko da.

3.– Ebazpenean ez-betetzeren bat izan dela iritziz gero, dirulaguntza jasotzeko eskubidea galdutzat emango da, eta, hala badagokio, ebazpena jakinarazten denetik hasita gehienez bi hilabeteko epean, dagozkion diru-kopuruak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharra ekarriko du. Epe hori borondatezko aldiaren epea izango da.

4.– Borondatezko epean dirulaguntza itzultzen ez bada, hura berreskuratzeko premiamendu-bidera jotzeko izapideak hasiko dira.

17. artikulua.– Datuen babesari buruzko informazioa.

Datu pertsonalen babesaren arloan, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren jarduera honako bi xedapen hauen mende egongo da: Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra (EB 2016/679 Erregelamendua) eta Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko 3/2018 Lege Organikoa. Lortzen diren datu pertsonalak «Enplegurako eta enpleguko prestakuntzarako dirulaguntzak» izeneko tratamendu-jardueraren barruan egongo dira. Jarduera horren arduraduna Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua da, eta jardueraren helburua da Lanbideren eskumen diren enplegu-politika aktiboekin zerikusia duten dirulaguntzak kudeatu eta kontrolatzea, bai eta iruzurra jazartzea eta datuak estatistiketan erabiltzea ere. Lortzen diren datuak beharrezkoak dira Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari emandako botere publikoak gauzatzeko eta lege-betebeharrak betetzeko, eta arlo horretan eskumena duten administrazio publikoei komunikatu ahal izango zaizkie.

Datuen titularrek datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezabatzeko, aurka egiteko eta tratamendua mugatzeko eskubideak erabili ahal izango dituzte tratamenduaren arduradunaren aurrean, datuen babesaren arloko eskubideak baliatzeko prozeduraren bidez. Prozedura hori www.euskadi.eus/servicios/10842/ helbidean argitaratu da.

Datuen babesari buruzko informazio osagarri eta zehatza kontsultatzeko: https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/074300-capa2-eu.shtml

18. artikulua.– Dirulaguntzen arloan aplikatu beharreko arauak.

Dirulaguntzen deialdi honi honako arau hauetan bildutako dirulaguntzei buruzko araubide juridikoa aplikatu behar zaio: Dirulaguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra eta hura garatzen duen Erregelamendua (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartua). Era berean, arau hauetan xedatutakoa ere aplikatuko da: azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onesten duen Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko testu bateginaren VI. titulua eta VII. tituluko III. kapitulua, eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen bermeen eta itzulketen araubide orokorra ezartzen duena eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen betekizunak, araubidea eta betebeharrak arautzen dituena.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala