Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

249. zk., 2022ko abenduaren 30a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILERIA

Oposaketak eta lehiaketak

HAURRESKOLAK
5790

07/12-2022 ERABAKIA, 2022ko abenduaren 22koa, Haurreskolak Partzuergoko Zuzendaritza Batzordearena, zeinaren bidez arautzen baitira haurreskolak partzuergoko haur-hezitzaileen lan-kategoriako lanpostuetan enplegua egonkortzeko salbuespenezko hautaketa prozesua zuzenduko duten oinarriak.

1.– Xedea.

1.1.– Oinarri hauek zera dute xede, haur-hezitzaile kategoria profesionaleko lanpostuak salbuespenezko merezimendu lehiaketa bidez behin betiko hornitzeko arauak zehaztea enplegu publikoan dagoen behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurrien abenduaren 28ko 20/2021 Legean, ezarritakoari jarraituz.

1.2.– Deitutako haur-hezitzaile-plazak 344 dira, guztiak txanda irekian, eta euskararen C1 gaitasun-maila derrigorrezkoa izango dute lanpostu guztiek.

Deialdi honetan eskaintzen den plaza kopurua 28 lanpostutan murriztu da Haurreskolak Partzuergoaren Zuzendaritza Batzordearen 2022ko maiatzaren 4ko Erabaki bidez onartutako Enplegu Publikoan eskaintzen ziren 372 lanpostuekin alderatuta, Haurreskolak Partzuergoko lan-legepeko langileek finkotasuna eskatzeko jarritako prozedura judizialak direla medio. Eskaintzatik kentzen diren lanpostuak, 28 plaza gaur egun, epai irmoa lortu duten langileei esleitu edo esleituko zaizkie. Horiez gain, deialdi hau argitaratzen den egunean Haurreskolak Partzuergoko lan-legepeko langileek finkotasuna eskatzeko beste hainbat deklarazio-prozedura judizial ari dira izapidetzen.

Ondorioz, Lan Eskaintza Publiko honetan deitutako plazen kopurua murriztu ahal izango da hautaketa-prozesuan titular bakoitzari lanpostua esleitu arte, jarritako finkotasun-demanda judizialak baiesten dituen Justizia Auzitegien ebazpen irmoa ematen bada.

2.– Deskribapena.

2.1.– Lehiaketa gainditu eta ondorioz kontratatzen diren hezitzaile lanpostuetarako langileen lan- eta ekonomia-baldintzak Haurreskolak Partzuergoko Lan Hitzarmenean ezarrita daude.

2.2.– Haur-hezitzaile lanpostuaren berezko funtzioak:

a) Haurreskolen antolaketa, jardueren programazioa, ebaluazio prozesuak eta eguneroko kudeaketa aurrera eramaten lagundu behar dute haur-hezitzaileek.

b) Dagozkien unitateak antolatu eta horien jarduera programak egin behar dituzte haur-hezitzaileek.

c) Haurren garapen osoaren prozesuari dagozkion egoerez arduratuko dira haur-hezitzaileak. Hauek dira egoera horiek:

– Harreman afektiboak, eta gizarte eta ingurunearekiko harremanak.

– Garbitasuna, elikadura eta atsedena.

– Garapen kognitiboari eta adierazpenekoari lotutakoak, bai eta heziketa prozesuko uneari dagozkionak ere.

d). Haur-hezitzaileek familiak hartuko dituzte eta haurren hezkuntza prozesuaren berri emango diete.

– Haur-hezitzaileek Haurreskolak Partzuergoak antolatutako formakuntzako ekintzetan parte hartu behar dute, haurreskolan bertan edo kanpoan.

e) Haur-hezitzaileak zentroko koordinatzaile izenda daitezke. Hala gertatuz gero, honako eginkizun hauek ere izango dituzte:

– Koordinatzaileak Partzuergoaren ordezkari ofizial dira haurreskolan. Halaber, haurreskolaren ordezkari ofizial dira Partzuergoaren, udalen, familien, eta, oro har, hirugarrenen aurrean.

– Koordinatzaileari dagokio hezkuntza alorreko pertsonalaren nahiz zentroaren ordutegia eta egutegia antolatzea, Partzuergoak ematen duen zerbitzuaren eta gurasoen eskariaren arabera. Horretarako, hezkuntza alorreko gainerako langileekin elkarlanean arituko da. Partzuergoaren egitekoa da ordutegi eta egutegi horiek onartzea.

– Koordinatzaileek egin behar dute haurreskolen antolaketa, bertako jardueren programazioa eta haurreskolen eguneroko kudeaketa. Egiteko horietan ere, hezkuntza alorreko gainerako langileekin elkarlanean arituko dira.

– Koordinatzaileek haur-hezitzaileekin egingo dute lan, haurren garapen osoaren prozesuari dagozkion egitekoetan (aurreko ataletan aipatu dira).

Koordinatzaileari haurreskolaren gastuen kontrola dagokio eta Haurreskolak Partzuergoko Administrazio zerbitzuak eskatutako dokumentazioa igortzeko ardura dauka.

3.– Izangaien betekizunak.

Hautapen-prozesuan onartuak izateko eskatutako baldintza guzti-guztiak bete behar dituzte eskatzaileek, eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean.

3.1.– Betekizun orokorrak.

Hautapen-prozesuan parte hartzeko bete beharreko baldintzak honako hauek dira:

a) Europar Batasuneko kide den edozein estatutako nazionalitatea edukitzea.

Parte hartzeko aukera izango dute, halaber, Europar Batasunaren estatu kideetako herritarren ezkontideek, edozein dutela ere nazionalitatea eta, betiere, zuzenbidez bananduta ez badaude, haien ondorengoek eta, zuzenbidez bananduta ez badaude, ezkontidearenek, baldin eta hogeita bat urtetik beherakoak badira edo, adin horretatik gorakoak izanda ere, gurasoen kontura bizi badira.

Era berean, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunen aplikazio-eremuan dauden pertsonek ere parte hartu ahal izango dute, baldin eta itun horietan langileen zirkulazio askea aplikatzen bada.

Aurreko paragrafoetan aipatu ez, eta Espainiako Estatuan bizi diren atzerritarrek parte hartu ahal izango dute. Kontratuak zehazten duen jarduera betetzeko administrazioaren baimena badutela egiaztatu beharko dute horretarako.

b) Hamasei (16) urte beteta izatea eta nahitaezko erretirorako ezarritako adina gainditua ez izatea.

c) Hezkuntza alorreko langileei dagozkien eginkizunak bete ahal izateko gaitasun funtzionala izatea. Gaitasun hori behin hautaketa-prozesua gainditu ondoren egiaztatuko da Haurreskolak Partzuergoko Prebentzio Zerbitzuak egindako mediku azterketaren bidez. Baldintza hau bete beharrekoa izango da onartua izateko.

d) Diziplina-espediente bidez zerbitzutik aparte geratu ez izana, hezkuntza alorreko edo administrazio publikoko edozein zerbitzutik aparte, alegia. Eta modu irmoan gaitasungabetuta ez egotea. Beste estatu bateko herritarra izanez gero, hautagaia ezin izango da desgaikuntza-egoeran edo egoera baliokideren batean egon, eta ezin izango du ezarrita izan diziplina-zigorrik edo baliokiderik, bere estatuan, baldintza berberetan, enplegu publikorako sarbidea eragozten dionik.

e) Indarrean dagoen araubidearen arabera, ezgaitasun edo bateraezintasuneko lege-kausaren batean sarturik ez egotea; hala ere, araudiak ematen duen aukera-eskubidea errespetatuko da.

f) Haur-hezitzaileen kidegoan Haurreskolak Partzuergoko lan legepeko langile finkoa ez izatea.

g) Epai irmo baten bidez espetxe-zigorrarekin kondenatua izan ez izana sexu-askatasun eta -ukigabetasunaren aurkako delituengatik –mota horretako delituen artean daude sexu-eraso eta -abusua, sexu-jazarpena, exhibizionismoa eta sexu-probokazioa, prostituzioa eta sexu-esplotazioa, eta adingabeak galbideratzea–, ez eta pertsonen salerosketa delituengatik ere.

h) Langileak hautatzeko deialdietan izena emateko tasa ordaindu izana (berariazko oinarrietan zehaztuko da kopurua).

i) 3.2 atalean zehaztutako betekizun espezifikoetan eskatutako beste edozein.

3.2.– Berariazko betekizunak.

Adierazitako izaera orokorreko betekizunez gain, honako betekizun espezifikoak ere bete beharko dituzte izangaiek:

a) Deialdian eskatutako tituluen jabe izatea edo titulua eskuratzeko eskubideak ordainduta izatea eskabideak aurkezteko epearen barruan. Titulazioak atzerrikoak badira, haien homologazioaren egiaztagiria eduki beharko da.

Eskaintzen diren lanpostuetan sartzeko ondorengo titulazioaren bat izango da:

– Haur-hezkuntzako goi-mailako teknikari titulua.

– Haur Hezkuntza espezialitateko maisu/maistra titulua.

– Haur-Hezkuntzako Graduaren titulua.

b) Euskararen C1 maila edo goragokoa egiaztatuta izatea.

Euskararen jakite-mailaren titulu edo ziurtagiri bidez egiaztatuko da, azaroaren 9ko 297/2010 Dekretuaren arabera Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuko C1 eta C2 mailen parekideak (297/2010 Dekretua, Euskararen jakite-maila egiaztatzen duten tituluak eta ziurtagiriak baliokidetu, eta Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuko mailekin parekatzeko dena).

Hautaketa-prozeduran parte hartzeak Haurreskolak Partzuergoari datu horiek Euskara Tituluen eta Ziurtagirien Erregistro Bateratuan kontsultatzeko adostasuna ematen zaiola dakar, izangaiak espresuki horren kontra egin ezean.

3.3.– Oinarri honetan izendatutako baldintza guztiak bete beharko dira eskaerak aurkezteko epea amaitzen den egunean, kontratua formalizatu arte. Horrela ez bada, besterik gabe prozesutik baztertuta geratuko da.

4.– Eskabideak aurkeztea.

4.1.– Eskabideak bide elektronikoz aurkeztuko dira. Haurreskolak Partzuergoko web orrian horretarako gaitutako ataria erabiliko da eskabidea bete ahala adierazten diren argibideei jarraituz. Horretarako, nork bere burua identifikatu beharko du.

Eskabide elektronikoa Eusko Jaurlaritzako KZgune izeneko zentro publikoetan ere egin ahal izango da.

Inskripzio-prozesuan gorabehera teknikoren bat gertatuz gero, Haurreskolak Partzuergoan enplegu publikoaren eskaintzaren atarian horretarako adieraziko diren telefonora edo helbide elektronikora jo ahal izango da.

4.2.– Argitaratzeko lekuak eta iragarki-taulak.

Hautaketa-prozesuetarako deialdia, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeaz gain, Haurreskolak Partzuergoaren web orrian argitaratuko da.

Hautaketa-prozesuan zehar, Haurreskolak Partzuergoaren web orrian argitaratuko da prozesuaren garapenaren alderdiekin lotutako informazio guztia, jakinarazpen-ondorioetarako.

Halaber, informazio hori Haurreskolak Partzuergoko bulegoetan egongo da eskuragarri, helbide honetan:

– Otaola Etorbidea 29, Jaizkibel eraikina, 1 – 20600 Eibar.

4.3.– Eskabidean honako datu hauek beteko dira:

– Prozesua zuzen kudeatzeko datu pertsonalak.

– Harremanetarako datuak: posta-helbidea, telefono mugikorra eta helbide elektronikoa.

– Sartzeko beharrezko titulazioa.

– Egiaztatutako hizkuntza-eskakizuna.

– Alegatu nahi diren betekizun espezifiko eta merezimenduak.

4.4.– «Adingabeen babesa» izeneko atala bete beharko du izangaiak eskabidean, 3.1.g) oinarrian aurreikusitako betekizuna betetzen duela egiaztatzeko. Atal hori betetzean, izangaiak adieraziko du ea baimena ematen dion Haurreskolak Partzuergoari, hautatua izanez gero, 8/2021 Lege Organikoaren 57 artikuluan adierazitako ziurtagiria eskuratzeko, bere izenean. Baimenik ematen ez badio eta lanbiderako hautatua bada, Sexu Delitugileen Erregistro Zentralaren ziurtagiri bat aurkeztu beharko du, delitu horiengatik zigorrik jaso ez duela egiaztatzen duena, 11. oinarrian adierazitakoaren arabera.

4.5.– Hautaketa deialdian inskribatzeagatiko tasa ordaintzeko modua.

Izangaiek 15,64 euro ordaindu beharko dituzte, deialdi honetan parte hartu ahal izateko eskubideari dagokion tasa modura, irailaren 11ko 1/2007 Legegintzako Dekretuaren bidez onetsitako Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren Tasa eta Prezio Publikoei buruzko Legean eta hura eguneratzen duen abenduaren 23ko Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren 11/2021 Legean xedatutakoarekin bat etorriz.

Ordainketa egin ahal izango da:

a) Online: Euskal Administrazioaren ordainketa-pasabidearen bidez, sistemak berak erakusten dituen jarraibideei jarraituz, eskaera betetzean. Ordainketa mota horren bitartez, edozein ordutan eta banketxera joan beharrik gabe egin ahal da ordainketa.

b) Off-line: Jarraian aipatzen diren bankuetako edozein sukurtsaletan zuzenean ordaintzea, erakunde laguntzailearentzako frogagiria aurkeztuz: Laboral Kutxa, Kutxabank, edo Nafarroako Rural Kutxa.

Ez da beharrezkoa ordainagiria administrazioari bidaltzea, finantza-erakundeek automatikoki bidaliko baitituzte ordainketa-datuak.

Hautaketa deialdian inskribatzeagatiko tasa eskabidea aurkezteko epean ordaintzen ez duena prozesutik kanpo geratuko da. Nolanahi ere, ordaindutako zenbatekoan akatsen bat baldin badago, 10 egun balioduneko epea emango zaio hautagaiari akatsa zuzen dezan.

Langileak hautatzeko deialdian inskribatzeagatik ezarritako tasa ordaintzea ez da nahikoa izango prozesuan parte hartzeko: eskabidea behar bezala eta emandako epearen barruan aurkeztu behar da.

Pertsona bakoitzeko eskabide bakar bat aurkeztu ahal izango da, ez gehiago.

4.6.– Eskariak aurkezteko epea 2023ko otsailaren 1ean irekiko da eta hogei egun baliodunekoa izango da.

4.7.– Erreparatutako akats material, izatezko edo aritmetikoak edozein unetan zuzendu ahal izango dira, ofizioz edo interesdunaren eskariz, urriaren 1ekoa 39/2015 Legearen, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearenaren 109.2 artikuluan zehazten duenarekin bat etorriz.

5.– Betekizunak eta merezimenduak alegatu eta egiaztatzea.

5.1.– Betekizunak eta merezimenduak alegatzea.

Parte hartzeko betekizun orokorrak, berariazkoak eta merezimenduak eskabidea egiterakoan alegatu beharko dira.

5.2.– Betekizunak eta merezimenduak egiaztatzea.

Haurreskolak Partzuergoaren Zuzendaritza Batzordearen erabaki bidez ezarriko da epea eskabidea egiterakoan alegatutako betekizun orokorrak nahiz berariazkoak eta merezimenduak egiaztatzeko. Horiek egiaztatzeko Haurreskolak Partzuergoak hautaketa prozesurako gaitutako atari elektroniko berbera erabiliko da.

5.3.– Betekizun orokorrak egiaztatzeko honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia.

b) Espainiako naziotasuna ez duten izangaiek zinpeko aitorpena edo hitzematea aurkeztu beharko dute frogatzeko ez daudela gaitasungabetuta edo antzeko egoeran beren Estatuan Eginkizun Publikoak betetzeko, eta ez dutela bere gain diziplina-zigorrik edo espetxe-zigorrik aipatutako eginkizun horietan aritzeko.

c) Hezkuntza alorreko langileen berezko eginkizunak betetzeko gaitasun psikikoa eta fisikoa dutelako zinpeko aitorpena.

d) Zigor-espediente bat dela medio inongo hezkuntza edo administrazio publikoren zerbitzutik baztertua ez izatearen, eta modu irmoan gaitasungabetuta ez egotearen zinpeko aitorpena.

e) Era berean, indarrean den legediaren arabera, ezgaitasunari edo bateraezintasunari buruzko kausa legalean nahasturik ez egotea ziurtatuko duen zinpeko aitorpena, legedi horrek berak ematen dion aukeratzeko eskubidea salbu utziz.

f) Sartzeko eskatutako titulu akademikoaren fotokopia edo titulua emateko eskubidearen ordainagiria. Atzerrian lortutako tituluen kasuan, titulua homologatua dagoela dioen egiaztagiriaren kopia ere aurkeztu behar da.

g) Euskararen C1 mailaren ziurtagiriaren edo baliokidearen kopia. Ez da beharrezkoa titulua eta ziurtagiria aurkeztea, baldin eta Euskara Tituluen eta Ziurtagirien Erregistro Bateratuan badago.

h) «Adingabeen babesa» izeneko atala bete beharko du izangaiak eskabidean, 2.1.h) oinarrian aurreikusitako betekizuna betetzen duela egiaztatzeko. Apartatu hori betetzean, izangaiak adieraziko du ea baimena ematen dion Haurreskolak Partzuergoari, hautatua izanez gero, 8/2021 Lege Organikoaren 57 artikuluan adierazitako ziurtagiria eskuratzeko, bere izenean. Baimenik ematen ez badio eta lanbiderako hautatua bada, Sexu Delitugileen Erregistro Zentralaren ziurtagiri bat aurkeztu beharko du, delitu horiengatik zigorrik jaso ez duela egiaztatzen duena, 11. oinarrian adierazitakoaren arabera.

Hala ere, baimen hori aurretiaz emana dutela ulertuko da Haurreskolak Partzuergoko hezitzaileen ordezkapen zerrendetan dauden hautagaien kasuan eta helburu bererako baimen hori eman baldin badute.

Izangaiek norberaren gain hartzen dute, espresuki, aurkezten dituzten agirien gaineko erantzukizuna. Agiriren bat gezurrezkoa edo manipulatutakoa baldin bada, deialdi honetan parte hartzeko eskubidea galduko du dagokion parte-hartzaileak, horregatik izan dezakeen erantzukizuna alde batera utzita.

Epaimahaiak beretzat gordetzen du beharrezko jotzen dituen agiriak edozein unetan eskatzeko eskubidea.

5.4.– Berariazko betekizunak eta merezimenduak egiaztatzeko agiriak.

Goiko 5.2 atalean adierazitako epeetan hautagaiak alegatu dituen betekizun espezifiko eta merezimenduen egiaztagirien kopiak ere aurkeztu beharko ditu. Erabaki honen eranskinean jasotako merezimenduetatik ofizioz zenbatuko dira Haurreskolak Partzuergoan emandako zerbitzuak bai eta 2008 eta 2009 urteetan Haurreskolak Partzuergoak deitutako hautaketa-prozeduretan oposizio-fasea gainditzeari buruzko merezimendua ere.

6.– Izangaien onarpena.

6.1.– Onartuen eta baztertuen zerrenda.

Eskariak aurkezteko epea amaituta, Haurreskolak Partzuergoko Gerentziak onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda argitaratzeko agindua emango du Haurreskolak Partzuergoko web orrian, baztertuak izan diren izangaien kasuan baztertua izateko arrazoia adierazita.

Onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda argitaratuz, egintzat joko da interesdunei egin beharreko jakinarazpena, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45. artikuluak ezartzen duenaren arabera.

6.2.– Erreklamazioak.

Aurreko paragrafoan aipatutako zerrendaren aurka, izangaiek erreklamazioa aurkeztu ahal izango dute Haurreskolak Partzuergoko Gerentziaren aurrean hamar egun baliodunen buruan, argitaratzen den egunaren biharamunetik hasita, edo baztertzea eragin duen akatsa zuzendu, hala badagokio. Era berean, beren datu pertsonalak idatziz jasotzerakoan akatsak aurkitzen dituztenek epe berean adierazi ahal izango dute.

Erreklamazioak behin-behineko zerrendak argitaratzeko erabakian zehaztutako moduan eta lekuan aurkeztu beharko dira.

Adierazitako epean eskatzaileak baztertzea eragin duen akatsa zuzentzen ez badu, bere eskaria bertan behera uzten duela ulertuko da, urriaren 1eko 39/2015 Legearen, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen, 68. artikuluak dioenaren arabera.

6.3.– Onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda.

Haurreskolak Partzuergoko Gerentziak hartutako erabakiaren bidez onartuko edo baztertuko dira aurkeztutako erreklamazioak. Gerentzia horrek berak emango du ontzat onartuak eta baztertuak izan diren izangaien behin betiko zerrenda eta Haurreskolak Partzuergoaren web orrian argitaratuko da zerrenda hori, deialdi honen 4.2 atalean ezarritakoari jarraituz.

Interesdunek gorako errekurtsoa jarri ahal izango dute erabaki horren aurka Haurreskolak Partzuergoko Zuzendaritza Batzordearen aurrean. Hilabeteko epea izango dute horretarako, zerrenda argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

6.4.– Onartuen zerrendan agertzeak ez du esan nahi deialdi honen bidez deitutako prozeduran eskatzen diren baldintzak betetzat aitortzen zaizkienik interesdunei. Hautatua izanez gero, aurkeztu beharreko dokumentazioan ikusten bada interesdunak ez duela betekizunetako bat betetzen, bertan behera geratuko dira prozedura honetan parte hartzetik sortu zitezkeen haren eskubide guztiak.

7.– Hautapen-organoa.

7.1.– Haurreskolak Partzuergoaren Zuzendaritza Batzordearen erabakiz berariaz horretarako izendatutako epaimahaiak edo epaimahaiek egingo dute parte-hartzaileen arteko hautaketa, hautapen-prozesu honetan.

7.2.– Epaimahaiak.

7.2.1.– Epaimahaien kopurua.

Behar adina epaimahai izendatu ahal izango dira, dagoen eskatzaile kopuruaren arabera.

7.2.2.– Osaketa eta izendapena.

Epaimahai bakoitza bost kidek osatuko dute: epaimahaiburu batek eta lau kidek; idazkari-lanak kideen arteko gazteenak egingo ditu, Epaimahaiak edo epaimahaiek beste era batera zehaztea erabakitzen ez badute.

Epaimahaiaren edo epaimahaien izendapenean, trebakuntza, gaitasun eta prestakuntza egokia duten emakume eta gizonen ordezkaritza orekatua izan dadin bermatuko da, martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoak, Emakumeen eta Gizonen Benetako Berdintasunerako 53 artikuluan eta otsailaren 18ko 4/2005 Legeak, Emakume eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzkoak, 20.1.b) eta 20.3 artikuluetan aurreikusitakoarekin bat etorriz.

Haurreskolak Partzuergoko Zuzendaritza Batzordeak aukeratuko du libreki epaimahai bakoitzeko presidentea eta bere ordezkoa.

Epaimahai bakoitzeko hiru kide Haurreskolak Partzuergoko hezitzaile finkoen artetik hautatuko dira zozketa publiko bidez. Nahitaez hartu beharko da parte zozketa horretan, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23 eta 24. artikuluan aurreikusitako inguruabarrak ematen direnean salbu. Parte hartzetik salbuetsita izango dira ere honako egoeraren batean dauden hezitzaile finkoak:

– Sindikatu-ordezkaritzako eginkizunak betetzen dutenak, baldin eta beren lanera joatetik guztiz liberatuta badaude.

– Amatasun-, aitatasun-, adopzio- eta harrera-lizentziak dutenak, edo edoskitze-aldiak metatzeko lizentzia.

– Haurdunaldiko arrisku-egoera, behar bezala egiaztatzen bada.

– Ikasturte osorako baimen ordaindugabea dutenak.

– Ikasturte amaiera arteko lanaldia murrizteko baimena dutenak.

– Aldi baterako ezintasuneko egoera, bajaren parte medikoaren bidez egiaztatzen bada.

– Ezkontza-lizentzian egonez gero, baldin eta haietaz gozatzeko egunak bat badatoz, oso-osorik, merezimenduen balorazio-fasearekin.

Epaimahai bakoitzeko bosgarren kidea Haurreskolak Partzuergoaren Zuzendaritza Batzordeak izendatuko du, IVAPen proposamenez.

Epaimahaiko edo epaimahaietako kide bakoitzeko ordezko kide bat ere izendatuko da, prozedura beraren bidez.

Zuzendaritza Batzordeak Epaimahaia osatzeko hartutako erabakia Haurreskolak Partzuergoaren web orrian eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, bi hilabeteko epean gehienez ere, izangai onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda argitaratzen denetik aurrera zenbatzen hasita.

Epaimahaiak, egoki baderitzo, espezialisten aholkularitza izan dezake. Pertsona horiek, epaimahaiarekin lankidetzan, aholkularitza teknikoa emateko. Aholkulari horiek ahotsa izango dute, baina botorik ez.

Epaimahaikide izatea norberaren izenean izango da beti, eta ezin izango da ordezkaritzan edo inoren kontura izan.

7.3.– Hautapen-organoak eratzea.

Haurreskolak Partzuergoko Gerentziak aurrez deituta, izendatutako kide titular guztiak bertan direla eratuko da. Epaimahaiburua eta Idazkaria, edo horien ordezkoak, eta kideen erdia gutxienik bertan badira, eratuta geratuko da, kide bakoitzak dagokion eratze-akta sinatu ondoren.

Epaimahaiburua ordezkatzea Haurreskolak Partzuergoaren Zuzendaritza Batzordeak baimenduko du, eta kideak ordezkatzea berriz, Epaimahaiburuak, baina izendatu dituen erabakian ordezko gisara ageri direnetako bat izan beharko du beti ere.

Edonola ere, Epaimahaiek lan egiteko ordua iristen denean hura eratu gabe baldin badago, horretarako aurreikusitako prozeduraren bidez saiatu arren hura eratzeko modurik egon ez delako, hautapen-prozesuan parte hartzea eskatu dutenen eskubideak bermatzeko beharrezkoak diren neurriak hartuko ditu Haurreskolak Partzuergoaren Zuzendaritza Batzordeak.

7.4.– Hautapen-organoen funtzioak.

Epaimahaiak autonomia funtzional osoz jardungo du, eta bera izango da prozeduraren gardentasun eta objektibotasunaren, eta konfidentzialtasunaren eta deialdiko oinarriak zorrotz betetzearen erantzulea.

Halaber, araubide juridikoarekin bat eginez, oinarri hauen aplikazioan sor litezkeen zalantza guztiak ebatziko ditu, eta deialdia zuzen garatzeko beharrezko diren erabakiak hartuko ditu. Oinarrietan aurreikusi gabeko balizkoen aurrean zein irizpide jarraitu ere ezarriko du.

Ondorioz, Epaimahaiaren ardura da:

a) Hautapen-prozeduraren garapena, deialdi honetan xedatutakoaren arabera.

b) Deialdiaren eranskinean jasotako merezimenduak barematzea.

c) Atal bakoitzari dagozkion puntuazioak batzea, izangaiak ateratako puntuazioaren araberako hurrenkeran zerrendatzea eta lehiaketa gainditu dutenak zeintzuk diren adieraztea.

d) Hautatutako izangaien zerrenda egin eta argitaratzea, eta zerrenda horiek Haurreskolak Partzuergoaren Zuzendaritza Batzordearen esku uztea.

e) Arau hauek betetzerakoan sor litezkeen zalantza guztien gaineko erabakiak hartzea, eta aurreikusi gabeko kasuetan nola jokatu argitzeko irizpideak zehaztea.

f) Lehiaketaren emaitzak neurtzeko formulak eta prozedurak aplikatzea, Zuzendaritza Batzordeak horretarako emandako argibideen arabera.

7.5.– Epaimahaiaren erabakiak.

Epaimahaiaren erabakiak botoen gehiengoaren bidez hartuko dira. Epaimahaiburuaren kalitatezko botoaren bitartez ebatziko dira berdinketak.

7.6.– Egindako zerbitzuagatik jaso beharreko kalte-ordainak.

Epaimahaikideek dagozkien kalte-ordainak jasoko dituzte beren zerbitzuagatik, bai eta bertaratzeagatik ere, arlo honetako indarreko araudiarekin bat etorriz. Dagozkien kalte-ordainak jasoko dituzte, era berean, epaimahaiari aholkularitza ematen dioten pertsonek.

7.7.– Egoitza.

Jakinarazpenetarako eta bestelako gorabeheretarako, Haurreskolak Partzuergoaren egoitza bera izango da Epaimahaien helbidea: Otaola etorbidea, 29, Jaizkibel eraikina, 1. solairua, Eibar, 20600 posta-kodea.

8.– Hautaketa sistema.

Hautaketa Sistema merezimenduen lehiaketa izango da. Horren bidez izangaien haur-hezkuntzako lehenengo zikloko haur eskoletan egindako lan-esperientzia eta prestakuntza ebaluatu nahi da.

Horretarako, parte-hartzaileek jakinarazitako merezimenduak balioetsiko dira deialdi honetako eranskinean aurreikusitakoaren arabera.

Aurkezten diren merezimenduek eta baldintzek eskaera egiteko epea amaitu baino lehenagoko data izan behar dute.

9.– Kalifikazioa.

9.1.– Merezimenduen balorazioa.

Deialdiaren 5.2 atalean ezarritako epean, izangaiek merezimenduak egiaztatzeko horien frogagiriak aurkeztu beharko dituzte. Izangaiei dagokien puntuazioaren zenbatekoa ofizioz edota Epaimahaiaren ordezkaritzaren bidez emango zaie, deialdi honen eranskinean jasotzen den baremoaren arabera. Behar bezala egiaztatzen diren merezimenduak soilik balioetsiko dira.

Izangaiek norberaren gain hartzen dute, espresuki, aurkezten dituzten agirien gaineko erantzukizuna. Agiriren bat gezurrezkoa edo manipulatutakoa baldin bada, deialdi honetan parte hartzeko eskubidea galduko du dagokion parte-hartzaileak, horregatik izan dezakeen erantzukizuna alde batera utzita.

Epaimahaiak beretzat gordetzen du beharrezko jotzen dituen agiriak edozein unetan eskatzeko eskubidea.

10.– Izangaien hurrenkera.

10.1 Izangaien hurrenkera zehazterakoan guztizko puntuazioetan berdinketarik gertatzen bada, hurrenez hurren honako irizpide hauek jarraituz argituko da:

a) Merezimenduen atal bakoitzean puntuaziorik handiena duena ondoren zehazten den hurrenkeran:

– Esperientzia espezifikoa.

– Hautaketa prozesuak.

– Esperientzia orokorra.

– Beste merezimendu batzuk.

10.2.– Aipatutako behin-behineko zerrendak behin zehaztu ondoren, Epaimahaiak publiko egingo ditu 4.2 atalean adierazitako lekuetan.

Izangaien behin-behineko zerrenda horiek argitaratzen diren egunaren biharamunetik hasita, hamar egun balioduneko epea izango dute interesdunek egoki jotzen dituzten erreklamazioak aurkezteko Haurreskolak Partzuergoko Gerentziaren aurrean.

Era berean, 4.2 oinarrian adierazitako Partzuergoko bulegoetan aurkeztu ahal izango dira, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan adierazitako bulegoetako edozeinetan.

Jakinarazpenetarako eta bestelako kontuetarako, epaimahaiak Haurreskolak Partzuergoaren egoitza nagusian izango du helbidea: Otaola 29 Etorbidea, Jaizkibel Eraikina, 1. Solairua, 20600 Eibar.

10.3.– Erreklamazioen epea agorturik, eta, hala badagokio, aurkeztutakoak ebatzirik, Epaimahaiak adierazitako lekuetan argitara emango du izangaien behin betiko zerrenda.

10.4.– Epaimahaiak ezingo ditu inolaz ere hautatutzat jo eskainitako lanpostu kopurua baino izangai gehiago.

Epaimahaiak hautatutako hautagaien zerrendarekin batera, beste zerrenda ordenatu bat aurkeztuko du hautatutako hautagai ordezko kopuru berarekin (hautaketa prozesuko behin betiko zerrendaren puntuazioaren arabera), helegiteen onarpenarengatik, haietako batek izaera hori galtzen duenerako.

Zerrenda horien aurka, gorako helegitea aurkeztu ahal izango diote interesdunek Haurreskolak Partzuergoaren Zuzendaritza Batzordeari, argitara ematen den egunaren biharamunetik hasita hilabeteko epean.

Salbuespenezko hautaketa prozesu honetatik ez da inolako ordezkapen zerrendarik eratuko.

10.5.– Epaimahaia zerrenda horretaz baliatuko da egoera hauetako bat gertatzen denean ere:

a) Hautagaiek eskatzen zaien dokumentazioa ez aurkeztea xedatutakoaren arabera, edo aurkeztutakotik ondorioztatzen bada 3. oinarrian eskatutako betekizunen bat betetzen ez dutela, edo ez dutela zereginak betetzeko eskatzen den gaitasun fisikoa edo psikikoa.

b) Hautatutako pertsonek uko egitea, kontratua sinatu aurretik, edo

c) Kontratua sinatzeko unean lanpostua gorde gabeko eszedentzia eskatzen bada.

Horrela hutsik geratu diren lanpostuak esleitu egingo dira eta Epaimahaiak dagokien hautagaien kontratazio osagarria proposatuko du, hautaketa-prozesua gainditu dutenen behin betiko zerrendako puntuazioaren hurrenkerari jarraituz eta, betiere, aipatutako inguruabarrengatik hutsik geratu diren lanpostuak bezainbeste hautagai hautatuz.

11.– Lanpostua aukeratzea.

Behin betiko zerrenda horiek argitaratu ondoren, izangaiak plaza-hautaketa egiteko deituko dira. Izangai bakoitzak lortutako puntuazioaren hurrenkeran deituko zaie hautagaiei, eskatutako baldintzak betetzen direla zainduz, betiere. Zenbaki horrek ziurtatu beharko du hautatuko diren plaza guztiak esleituko direla. Izangaiek 10 eguneko epea izango dute lanpostua aukeratzeko.

Prozesu honetan parte hartzeko dei egiten zaien pertsonen izen-zerrendak Haurreskolak Partzuergoko Zuzendaritza Batzordeak behin betiko kalifikazioei buruz emango duen ebazpenean jasoko dira.

Oinarri hauetan aurreikusitakoaren arabera lanpostua epe barruan eta modu egokian hautatzen ez dutenek galdu egingo dituzte hautaketa-prozesuan parte hartzetik eratorritako eskubideak.

12.– Hautatutako izangaien kontratazioa.

Aurreko ataletan zehaztu bezala lanpostua hautatutako izangaiei Haurreskolak Partzuergoko egoitzara joateko deia egingo zaie hitzordua emanez.

Interesdunak beren nortasuna egiaztatuko duen nortasun agiri ofizialarekin joango dira egoitzara.

12.1.– Dokumentazioa aurkeztea.

Hautatuek Haurreskolak Partzuergoak eskatzen dizkien dokumentuak aurkeztu beharko dituzte. Prozeduran zehar modu frogagarrian egiaztatu ez den dokumentazioa baino ez da aurkeztu beharko, edo eskatzaileek prozedura osoan bete beharreko baldintza pertsonalei buruzkoa.

12.2.– Dokumentuek bete beharreko baldintzak.

Aurkeztu beharreko dokumentuek jatorrizkoak izan behar dute, edo, bestela, lokalizatzailea edo sinadura elektronikoa duten dokumentuak, hau da, dokumentu aldaezinak.

Dokumentazioa Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza ofizialetako batean aurkeztu beharko da. Dokumenturen bat beste hizkuntza batean idatzita badago, zinpeko itzulpena erantsi beharko zaio dokumentu horri.

Eskatutako dokumentu guztiak aurkeztu ezina behar bezala arrazoitzen bada, hautagaiak zuzenbidean onartzen den edozein frogabide erabili ahal izango du deialdiko baldintza guztiak betetzen dituela egiaztatzeko.

12.3.– Dokumentuak aurkeztu ez izanaren ondorioak.

Ez dute aukerarik izango langile lan-kontratudun finko izateko adierazitako epearen barruan dokumentuak aurkezten ez dituztenek, ezinbesteko kasua gertatu ezean, ezta, aurkeztutako dokumentuen azterketaren arabera, 3. oinarrian eskatutako betekizunen bat betetzen ez dutenek, edo lanpostuaren zereginetan aritzeko eskatzen den gaitasun fisikoa edo psikikoa ez dutenek ere. Kasu horietako baten bat gertatuz gero, egindako jarduketa guztiak deuseztatuko dira, eta gainera, baliteke eskabidea faltsutzeagatik hautagaiek erantzukizuna izatea.

12.4.– Aukeratutako haur hezitzaileek euren eginkizunak betetzeko gaitasun funtzionala dutela zehazteko, eta bete beharrekoa efizientziaz eta autonomiaz bete ahal izango dituztela egiaztatzeko, Haurreskolak Partzuergoko Arriskuen Prebentzio Zerbitzuan osasun-azterketa egiteko hitzordua emango zaie. Gaikuntza hori zehazteko, erreferentziatzat hartuko da Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren balorazio profesionalerako gida, zeinak zeregin eta eskakizun psikofisikoak definitzen baititu. Azterketa horren emaitza izango da «gai» edo «ez-gai» eta Zuzendaritza Batzordera eramango da. Kudeaketakoetan konprobatu nola dagoen.

13.– Lan-kontratu finkoak gauzatzea.

Epeak edo datak finkatuko dira hautatutako pertsonek eta Haurreskolak Partzuergoaren artean lan-kontratu finkoak gauzatzeko.

Finkatutako epe horren barruan lan-kontratua hitzartzen ez dutenek, non eta ez den ezinbesteko kasua, galdu egingo dituzte Haurreskolak Partzuergoko langile finko izateko eskubide guztiak.

Halakoetan eta plazaren bat esleitu gabe gelditzen denerako, epaimahaiak deialdi honetako 10.5 artikuluaren arabera kontratazio-proposamen osagarria egingo du; esleitu gabe gelditu diren plaza-kopuru zenbat, hainbat izangai emango ditu aukeratutzat.

14.– Probaldia.

Lan-kontratuetan sei hilabeteko probaldia erabakiko da, baldin eta kontratatutako pertsonak aurrez probaldirik ez badu pasa Haurreskolak Partzuergoan eginkizun beretan.

Hautatutako norbaitek ez balu probaldi hori gaindituko, hautaketa-prozesuan onartutakoen behin betiko zerrenda hartu eta puntuazio-hurrenkeraren arabera dagokion hautagaiaren alde kontratazio-proposamen osagarria egingo du Epaimahaiak. Horretarako, aurreko paragrafoan adierazitako arrazoiak direla medio hutsik geratu diren plaza-kopurua zenbat, hainbat izangai emango ditu aukeratutzat deialdi honetako 2.4 atalaren arabera.

15.– Inpugnazioak.

Oinarri hauek, oinarrien deialdia bera eta deialditik sor litezkeen eginbide administratibo guztiak, bai eta epaimahaitik sortutakoak ere, inpugnatzeko aukera izango dute interesdunek urriaren 1eko 39/2015 Legean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidean zehaztutako kasuetan eta moduan.

16.– Datuen babesa eta kudeaketa.

Parte hartzen dutenek aurkeztutako datuak hautaketa-prozedura hauetan aurreikusitako xedeetarako baino ez dira erabiliko.

Datuak erabili, hirugarrenei laga, bai eta sartu, zuzendu, ezeztatu edo aurka-eskubideak ere, abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan, Datu Pertsonalak babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzkoan ezarritakoan xedatuko da (2018ko abenduaren 6ko BOE, 294. zk.)

Fitxategiaren erabilera eta funtzionamendua bat etorriko dira aipatutako Lege Organikoaren eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legearen aurreikuspenekin.

Eskatzaileek aurkeztutako izaera pertsonaleko datuak datu pertsonalen fitxategi automatizatu baten parte izango dira, bere helburua hautaketa prozesuaren kudeaketa izango delarik. Fitxategi honen arduraduna Haurreskolen Partzuergoa izango da eta bere aurrean sarbide, zuzenketa, deuseztapen eta aurkatze eskubideak egikaritu ahalko dira.

Eskatzaileek berariaz onartzen dute bere izaera pertsonaleko datuak oinarrietan ezartzen den moduan tratatuak izatea, eta Haurreskolen Partzuergoko web orrian argitaratzea, betiere hautaketa prozesu honetako berezko tramiteekin loturik.

17.– Interpretazioa.

Euskarazko bertsioaren eta erdarazkoaren artean desadostasunik bada, euskarazkoak izango du balio osoa.

Eibar, 2022ko abenduaren 22a.

Haurreskolak Partzuergoko gerentea,

ELENA AIZPURU SEGUROLA.

ERANSKINA
MEREZIMENDUEN BAREMAZIOA

I.– Merezimenduen ondorengo baremoaren arabera egokitutako puntuak batu ondoren zehaztuko da kalifikazioa. Gehienez ere 40 puntu lortu ahalko dira.

1.– Aurretiazko Esperientzia hezitzaile gisa (30 puntu)

a) Esperientzia orokorra.

– Baimendutako haur eskola publikoetan hezitzaile moduan emandako zerbitzuak. Esperientzia hori baloratzeko, lan egindako hilabete bakoitzeko 0,05 puntu emango dira, gehienez ere 7 puntu izan arte.

– Baimendutako haur eskola pribatuetan hezitzaile moduan emandako zerbitzuak. Esperientzia hori baloratzeko, lan egindako hilabete bakoitzeko 0,01 puntu emango dira, gehienez ere 3 puntu izan arte.

Zenbaketa egiteko, azken 18 urteetan lanean emandako aldiak batuko dira, eta, batu ondoren, hilabetetik beherako zatikiak kenduko dira. Horretarako, 30 eguneko multzoa hartuko da hilabetetzat.

Betiere, lanpostua betetzeko beharreko titulua eskuratu denetik aurrera zenbatuko dira atal honetako zerbitzuak.

b) Esperientzia espezifikoa.

Berariaz baloratuko dira, esperientzia orokorraren baloraziotik bereizita eta haren osagarri, Haurreskolak Partzuergo haur-hezitzaile moduan izandako esperientzia espezifikoa.

Horretarako azken 18 urteetan Haurreskolak Partzuergoko haurreskoletan emandako zerbitzuak izango dira kontuan eta lan egindako hilabete bakoitzeko 0,1 puntu emango dira, gehienez ere 20 puntu izan arte.

30 eguneko zerbitzua hartuko da hilabete osotzat, egunak jarraian izan edo ez.

Zenbaketa egiteko, azken 18 urteetan lanean emandako aldiak batuko dira, eta, batu ondoren, hilabetetik beherako zatikiak kenduko dira. Horretarako, 30 eguneko multzoa hartuko da hilabetetzat.

2.– Prestakuntza akademikoa (Puntu 1)

Puntu bat lortu ahal izango da sartzeko alegatu ez den ondorengo tituluengatik; 0,5 puntu titulu bakoitzeko:

– Haur Hezkuntzako gradua edo baliokidea.

– Pedagogia gradua edo baliokidea.

– Psikologia gradua edo baliokidea.

– Psikopedagogia gradua edo baliokidea.

– Haur Hezkuntzako Lanbide Heziketako Goi Mailako zikloa.

3.– Hautaketa prozesuak gainditu izatea eta ordezkapen zerrendetan egotea (7 puntu)

a) Haurreskolak Partzuergoan hezitzaile finko izateko 2008 eta 2009ko hautaketa-oposizio prozesuen baitan oposizio fasea gainditzeagatik 5 puntu gehienez, prozesu bakoitzeko 2,5 puntu.

b) Haurreskolak Partzuergoan aldi baterako hezitzaile beharrak betetzeko ordezkapen zerrendetan egoteagatik 2 puntu.

4.– Ikastaroak (2 puntu)

a) Lehen Zikloko Haur Hezkuntzako gaiekin zerikusia duten prestakuntza-Ikastaroak. Haurreskolak Partzuergoak, Hezkuntza Sailak, Unibertsitateek eta bestelako administrazio publikoek eman, koordinatu edo homologatutako ikastaroak, zehazki, modu honetan hartuko dira aintzat:

– 15 eta 39 ordu artean, 0,30 puntu.

– 40 ordu edo gehiago, 0,50 puntu.

15 ordu baino gutxiagoko ikastaroak ez dira kontuan izango.

II.– Frogagiriak.

1.– Emandako zerbitzuak, eranskin honetako 2.1 atalari dagozkionak:

a) Haurreskolak: Ofizioko bezala hartuko ditu kontuan Haurreskolak Partzuergoak.

b) Gainerakoan, honakoen bidez:

– Zerbitzu-orria, dagokion hezkuntza-administrazioko organo eskudunak emana, honako hauek jasotzen dituena: lanpostuaz jabetzeko eta uzteko data, kidegoa eta espezialitatea.

– Lan kontratua non lan kategoria adierazten den eta Gizarte Segurantzako ziurtagiria, non agertuko den alta data, zentroaren izena eta altan egondako epealdia.

– Zuzenbidean onargarri den edozein frogabidez 39/2015 Legearen 77.1 artikuluari jarraituz.

2.– Prestakuntza akademikoa tituluen fotokopia bidez egiaztatuko da, edo, hala badagokio, hura emateko eskubideak ordaindu izanaren frogagiriaren bidez.

3.– Eranskin honetako 4. Atalean adierazitako prestakuntza-ikastaroak:

Ikastaroak ziurtagiri bidez egiaztatuko dira. Bertan ikastaroaren izenburua, zein datatan izan den, zenbat ordukoa izan den eta zein erakunde publikok eman duen zehatz-mehatz agertuko da.


Azterketa dokumentala