Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

244. zk., 2022ko abenduaren 23a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
5527

AGINDUA, 2022ko abenduaren 20koa, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, honako agindu hauek aldatzen dituena: 2022ko martxoaren 24ko Agindua, ikus-entzunezkoen produkziorako 2022ko ekitaldirako dirulaguntzak emateko deialdia egin eta arautzen duena; eta 2022ko maiatzaren 25eko Agindua, 2022ko ekitaldian ikus-entzunezkoen proiektuetarako dirulaguntzak emateko araubidea ezarri eta deialdia egiten duena.

AURREKARIAK

1.– Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren 2022ko martxoaren 24ko Aginduak, 2022ko ekitaldian ikus-entzunezkoen produkziorako dirulaguntzak emateko deialdia egiten eta arautzen duenak (EHAA, 72. zk., 2022ko apirilaren 11koa), 1.2 artikuluan ezartzen zuen laguntza horiek guztira bi milioi laurehun eta hogeita hamar mila (2.430.000,00) eurokoak izango zirela.

2.– Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren 2022ko maiatzaren 25eko Agindua, 2022ko ekitaldian ikus-entzunezko proiektuak garatzeko dirulaguntzak emateko araubidea arautu eta deialdia egiten duena, 2022ko ekainaren 8ko EHAAn argitaratu zen (110. zk.).

3.– 2022ko azaroaren 25ean, Zinematografiaren eta Ikus-entzunezko Arteen Institutuak eta Eusko Jaurlaritzako Kultura Sustatzeko Zuzendaritzak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren ordezkari gisa, hitzarmen bat sinatu zuten, gaztelania ez den hizkuntza koofizialean egindako zinema- eta ikus-entzunezko industriaren ekoizpena, banaketa eta sustapena bultzatzeko. Hitzarmen horren bidez, bi erakundeen arteko lankidetza bideratzen da, 2022rako Estatuko Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 28ko 22/2021 Legean xede horretarako ezarritako dirulaguntzari aplikatu beharreko baldintzak eta erosketak ezartzeko. Lege horrek «hizkuntza koofizialetako zinematografia sustatzea» izeneko partida aurreikusten du.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Lehenengoa.– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 23.1 artikuluak aurreikusten du dirulaguntzak emateko prozedura ofizioz hasiko dela beti.

Bigarrena.– Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 23.2 b) artikuluak xedatzen duenez, ofizioz hasiko da, betiere organo eskudunak onartutako deialdi baten bidez. Deialdi horretan, besteak beste, deialdiko dirulaguntzen gehieneko zenbatekoa adieraziko da, kreditu erabilgarrien barruan, edo, halakorik ezean, dirulaguntzen zenbateko zenbatetsia.

Halaber, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 51.1 d) artikuluak xedatzen duenez, dirulaguntzak emateko arauetan, gutxienez, honako hauek jasoko dira, besteak beste: «Dirulaguntzaren banakako zenbatekoa edo, hala badagokio, dirulaguntza horiek zehazteko irizpideak, eta, hala badagokio, gehieneko zenbateko globala».

Hirugarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 51.2 artikuluaren arabera, «Jaurlaritzak, sailburuek eta erakunde autonomoetako lehendakariek edo zuzendariek dute arauak onartzeko eta dagozkien eremuetan laguntzak edo dirulaguntzak emateko eskumena».

Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen Lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuaren 14 e) artikuluan ezarritakoa ikusita, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari dagokio agindua onartzeko eskumena, bai eta haren funtsezko edukian egiten diren aldaketak ere. Horrenbestez, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– 760.395,00 euro gehitzea 2022ko martxoaren 24ko Aginduan ezarritako gehieneko diru-kopuruari. Agindu horren bidez, ikus-entzunezkoen ekoizpenerako 2022ko ekitaldirako dirulaguntzen deialdia egin eta dirulaguntzak ematea arautu zen. Igoera hori osorik joango da jatorrizko bertsioa euskaraz duten proiektuetarako.

Beraz, deialdia egiten duen Aginduaren 1.2 artikuluan aurreikusitako gehieneko kopurua 3.190.395,00 eurokoa izango da, eta, horietatik, 760.395,00 euro euskarazko ekoizpenera bideratuko dira.

Halaber, Aginduaren 16.1 artikuluan aurreikusitako zenbatekoa 2.930.395,00 eurokoa izango da; 25.1 artikuluan aurreikusitakoa, 1.620.395,00 eurokoa; 34.1 artikuluan aurreikusitakoa, 460.000,00 eurokoa; eta 38.1 artikuluan ezarritakoa, 260.000 eurokoa.

Bigarrena.– Publizitate- eta hedapen-betebeharrei dagokienez, honako aurreikuspen hau gehitzea 2022ko martxoaren 24ko Aginduaren 13 g) artikuluan eta 2022ko maiatzaren 25eko Aginduaren 12.1 f) artikuluan:

«Gainera, Zinematografiaren eta Ikus-entzunezko Arteen Institutuak eta Eusko Jaurlaritzako Kultura Sustatzeko Zuzendaritzak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren ordezkari gisa, gaztelaniaz besteko hizkuntza koofizialean egindako zinematografia- eta ikus-entzunezko industriaren ekoizpena, banaketa eta ekoizpena sustatzeko hitzarmena sinatzearen ondorioz jasotako funtsekin egiten diren proiektuetan, Zinematografiaren eta Ikus-entzunezko Arteen Institutuaren logotipoa ere jaso beharko da».

Hirugarrena.– Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren 2022ko maiatzaren 25eko Aginduari, 2022ko ekitaldian ikus-entzunezko proiektuak garatzeko dirulaguntzak emateko araubidea arautu eta deialdia egiten duenari, bigarren xedapen gehigarri hau eranstea:

«2. artikuluan adierazitako zenbatekoak handitu ahal izango dira, Kulturako sailburuordearen ebazpen bidez, eskatutako dirulaguntzen guztizko zenbatekoa kontuan hartuta, eta Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren Kultura Sailburuordetzaren beste programa batzuk exekutatu ondoren agortu gabe geratzen diren aurrekontu-baliabideen arabera. Horretarako, 2.3 artikuluan aipatutako irizpidea aplikatuko da. Ebazpen hori EHAAn argitaratu beharko da».

Nolanahi ere, Zinematografiaren eta Ikus-entzunezko Arteen Institutuak eta Eusko Jaurlaritzako Kultura Sustatzeko Zuzendaritzak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren izenean, gaztelaniaz besteko hizkuntza koofizialean zinema- eta ikus-entzunezko industriaren ekoizpena, banaketa eta ekoizpena sustatzeko hitzarmena sinatzeagatik jasotako funtsekin egiten bada gehikuntza, zenbateko hori osorik bideratu beharko da jatorrizko bertsioa euskaraz duten proiektuetara, eta, gainera, 2023ko abenduaren 1a baino lehen ordaindu beharko da».

Laugarrena.– Ebazpen hau EHAAn argitaratzea.

Agindu honen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete interesdunek Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko jurisdikzio horretako salan, bi hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Agindu honek EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko abenduaren 20a.

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,

BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.


Azterketa dokumentala