Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

244. zk., 2022ko abenduaren 23a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LURRALDE PLANGINTZA, ETXEBIZITZA ETA GARRAIO SAILA
5525

AGINDUA, 2022ko abenduaren 12koa, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuarena, zeinaren bidez 2022ko ekitaldirako dirulaguntzak arautzeko oinarriak ezartzen baitira eta horietarako deialdia egiten baita, ZTBP Euskadi 2030 planaren (BAI+D+i programa) «Hiri jasangarriak» aukera-nitxoko helburuak lortzen lagunduko duten ideia eta proiektu berritzaileak garatzeko.

BAI+D+i (Berriz aztertu Auzoak I+G+b / Repensar los Barrios I+D+i) Eusko Jaurlaritzaren Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren ekimena da, gure lurraldean berrikuntza sustatzeko jomuga duena eta bereziki zentratuta dagoena hiri-garapen osasungarri eta jasangarrirako proiektuetan, smart city deritzenak barne hartuta, baldin eta proiektu horiek, Bultzatu 2050 Euskadiko Hiri Agendaren esparruan eta, bereziki, hiriak berroneratzeko eta eraldatzeko egitasmoen bidez, erronka estrategiko nagusiei –ingurumen-alorrekoei, sozialei, demografikoei, ekonomikoei, kulturalei, teknologikoei, segurtasunarekin lotutakoei eta osasun-arlokoei– heltzeko balio badute, betiere berrikuntzan oinarrituta eta biztanleria osoaren ongizatean sakontzen saiatuta.

Gaur egun, Europako Hiri Jasangarriei buruzko Leipzigeko Gutuna (2007) berraztertzen ari dira, eta lan horrek EBren inbertsioko eta I+G+Bko programen arretagune nagusietako bat markatuko du, agerian utziko baitu hiriak, metropoli-eremuak (edo eremu funtzionalak) eta eskualdeak gero eta garrantzitsuagoak direla herritar guztien ongizatea lortzeko.

Hiri-berroneratzearen arazoari ikuspegi holistiko batetik heldu behar zaio, jasangarritasunaren alderdi guztien multzoa aintzat hartuta (alderdi sozialak, ingurumenekoak eta ekonomikoak); izan ere, hiri-errealitatearekin lotutako konplexutasunek ezin dute egon «eraikuntza jasangarri» edo «energia-eraginkortasun» bezalako elementuekin lotuta soil-soilik; gainera, esparru horretan abiarazitako euskal estrategiak nazioarteko agendetan (nola mundukoetan hala Europakoetan) sartu behar dira.

Hain zuzen ere, azken urteotan, nazioarteko agendek hiri-berroneratzearen planteamenduari buruzko ikuspegia aldatu dute; zehazki, NBEk eta Europar Batasunak Hiri Agenda Berria eta Europako Hiri Agenda onartu dituzte, hurrenez hurren. Testuinguru horretan, Euskadiko Hiri Agendak lurralde-eremuan eragina duten politika publikoei koherentzia emateko esparru egonkor eta estrategiko bat eskaini nahi du, aurrean ditugun erronka nagusiei erantzun egokia eman ahal izateko, oinarri hartuta, betiere, energia, klima-aldaketa, osasuna, enplegua, lurralde-antolamendua eta antzeko arloetan gobernuak taxututako planetan ezarri diren helburuak.

Ikuspegi berritzailea lehen mailako premia da estrategia horren barnean, bai teknologiari dagokionez (soluzioak digitalizazioan, material berrietan, mugikortasun adimentsuan, ekonomia zirkularrean eta abar) bai antolakuntzari dagokionez (gizarte-berrikuntza, partaidetza-eredu berriak, finantza-berrikuntza eta abar).

Honako hauekin lotuta egongo dira epe ertain eta laburrean aurre egin beharko diegun erronketako zenbaitzuk: mugikortasuna, energia eta digitalizazioarekin loturiko bektoreen ildotik (trantsizio energetikoa eta digitala); eguzki-kolektore fotovoltaikoak integratzea (energia-mendekotasuna murrizteko); ingurunearen sentsorizazio gero eta handiagoa; eta Gauzen Interneten eta ekonomia zirkularraren garapena, aurreikuspenen arabera esponentziala izango dena; hori guztia, betiere, ikuspegi zabal batean (uraren, lurzoruaren, produktuen eta zerbitzuen zikloa, etab.) oinarrituta eta zaintzetara eta osasunera bideratuta (trantsizio demografikoa eta soziala, etab.).

Agindu honen helburua da I+G+B-k Euskadiko Hiri Agendaren garapenari egindako ekarpenak bideratzea, merkatuaren eta gizartearen eskarira orientatutako ikerketa (Market PULL) eta zientziaren eta teknologiaren aurrerapausoek bultzatutako ikerketa (Technology PUSH) bat etor daitezen lortzea sustatzeko moduan, Euskadiko Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planean (ZTBP) eta Espezializazio Adimentsuko Estrategian (RIS3) ezarritakoarekin bat etorrita.

Agindu honetan bildutako ekimenen azken helburua honako hau izango da:

– EAE lurralde orekatua, kohesionatua eta jasangarria izan dadin lortzea.

– Eskuratutako jakintza indartzea, lurralde-plangintzari eta hiri-berroneratze integralari dagokienez.

– Lehentasunez jardutea kalteberatasun-egoeran dauden auzo eta eremuetan.

– Euskadin garatutako digitalizazioaren eta jasangarritasunaren arloko soluzio teknologikoak integratzea, hiriek planteatutako erronkei aurre egiteko.

– Partaidetzan oinarritutako plangintza eta kudeaketa integratua eta jasangarria egiteko gaitasuna sustatzea, osasuna eta osasun-arloko ekitatea helburuen artean bildurik.

– Genero-berdintasuna eta gizartearen ahalduntzea bultzatzea, arreta berezia jarrita emakumeengan eta baztertuak izateko arriskua duten taldeetan.

– Euskadiko Espezializazio Adimentsuko Estrategiaren (RIS3) garapena ahalbidetzea, hiri-berroneratze integralean I+G+B aplikatuta eta berrikuntza txertatuta enpresa-lehiakortasunaren ezinbesteko faktore gisa.

– Euskadi hiri-berroneratze integralaren alorreko Europako erreferente bihurtzea.

Hiri-berroneratze integralaren inguruko proiektuak txertatzeari esker, berehala eta etorkizunean gure lurraldeak izango dituen erronkei aurre egiteaz eta bertako biztanleen bizi-kalitatea hobetzeaz gain, enpresa eta enplegu berriak sor daitezke.

Horrenbestez, BAI+D+i programaren helburua honako proiektu hauek indartzea da:

– Hiri-berroneratzeari ikuspegi integrala ematen diotenak, gizartean, ekonomian eta ingurumenean berrikuntza-elementuak sartuz, ahal den neurrian.

– Digitalizazioa, auzo kalteberen eraldaketa, hirietan natura-elementuak sartzea, zahartze aktiborako soluzioen, ekitatearen eta kulturaren sustapena eta beste hainbat alderdi txertatzea sustatzen dutenak.

– Auzoen berehalako premiei erantzuteko gaitasuna ez ezik, etorkizunean antzeko ezaugarriak dituzten beste auzo batzuetan ere aplikatu ahal izango diren soluzioak ekarriko dituztenak.

– Berrikuntza disruptiboko ekimenak, ekintzak, produktuak eta soluzioak garatzea sustatzen dutenak, oinarri teknologikoa izan zein ez izan:

Horrenbestez, deialdi honetara aurkezten diren proposamenen eremu orokorrak bat etorri behar du «Hiri jasangarriak» nitxoko eremu estrategiko hauetako batekin:

a) Kalteberatasun-egoeran dauden bizitegi-auzoen berroneratze integrala.

b) Teknologia eta material berriak (soluzioak identifikatzea digitalizazioaren, material berrien, mugikortasun adimendunaren, ekonomia zirkularraren eta abarren esparruan).

c) Garapen ekonomikorako aukerak (alderdi teknologikotik harago doazen alderdiak nabarmentzen ditu, eta hiri-berroneratzearen gizarte-inpaktuan ipintzen du arreta –ekintzailetza, enplegua, prestakuntza, etab.–).

d) Partaidetzarako eta gizarte-berrikuntzarako mekanismoak eta finantza-mekanismo berritzaileak (antolaketa-kontzeptuarekin bat datoz, eta gizarte-berrikuntza, partaidetza-eredu berriak, finantza-berrikuntza eta abar bultzatu beharrari erantzuten diote).

e) Nazioarteko benchmarkinga eta Europako proiektuak (zeharkakoa da, eta Euskadi auzoen hiri-berroneratzeari dagokionez Europako esparruan erreferente gisa kokatzeko borondatearekin bat dator).

f) Hiri jasangarrien eremuan 2030era begira aurre egin beharreko erronka nagusiei buruzko ezagutzak areagotzeko beste proiektu batzuk, hiru trantsizio handien eragina kontuan hartuta: «teknologiko-digitala», «energetiko-ingurumenekoa» eta «demografiko-soziosanitarioa», «ZTBP Euskadi 2030en Oinarrizko Lerro Estrategikoak eta Ekonomikoak» aurretiazko dokumentuan identifikatuak.

Euskal Autonomia Erkidegoko 2022. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 11/2021 Legeak, lurralde-antolamenduko programaren helburuen artean, I+G+B ekimenen balioa nabarmentzea aurreikusten du. Hori lortzeko, dirulaguntzen agindu berri bat izapidetu beharko dela jasotzen da lege horretan, «Hiri jasangarriak» aukera-nitxoaren helburuak lortzeko lagungarriak izango diren ideia eta proiektu berritzaileak bilatzeko. Aurreikuspen hori gauzatzeko, «Enpresentzako dirulaguntzak. Hiri-habitatari lotutako BAI+D+i ekimenak 2022» aurrekontu-partida onartu da (zenbatekoa: 815.000 euro).

Bestalde, kontuan izan behar da dirulaguntza horiek Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren 2021-2024ko Dirulaguntzen Plan Estrategikoan bilduta daudela (Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuaren 2021eko ekainaren 2ko Aginduaren bidez onartutako plana); hain zuzen ere, «Herri eta hiri inklusiboak, seguruak, erresilienteak eta jasangarriak lortzea, inor atzean gera ez dadin» ardatz estrategikoaren 2. helburu estrategikoan («Gobernantza garatzea eta Hiri Agenda - Bultzatu 2050 ezartzea, hiri-berroneratzea EAEko lurralde osora hedatuz»). Helburu estrategiko horren barruan, dirulaguntza-lerro hau dago: «Dirulaguntzak ematea estatuko edo nazioarteko hainbat unibertsitatetako ikerketa-taldeei eta erakunde publiko eta pribatuei, hiri-inguruneetako hiri-berroneratzearekin, paisaiarekin edo kulturarekin lotuta». Lerro horren helburua da Euskadiko hiri-soluzioekin zerikusia duen sektore berriaren I+G+B gaitasunak garatzea, ZTBP 2030 planaren «Hiri jasangarriak» aukera-lurraldea izeneko taldearen barruan.

Ondorioz, lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuak (Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena) eta Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko urtarrilaren 19ko 11/2021 Dekretuak –zeinak 10. artikuluko q) letran Lurralde Plangintzaren eta Hiri Agendaren Zuzendaritzari esleitzen baitio I+G+B proiektuak bultzatzeko egitekoa– ematen didaten eskumena baliatuta, bat etorriz Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoarekin eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren dirulaguntza eta laguntzei aplikatzekoak zaizkien gainerako xedapenekin, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Laguntzaren xedea eta irismena.

1.– Agindu honen xedea da «Hiri-berroneratze integralean aplika daitezkeen proiektu berritzaileetarako» laguntzak emateko prozesua arautzea, ZTBP Euskadi 2030 planaren «Hiri jasangarriak» aukera-nitxoko helburuak lortzen lagunduko duten proiektuak egitea sustatzeko.

2.– Agindu honi Europako Batzordearen 651/2014 Erregelamenduaren 25. artikuluan ezarritakoa aplikatuko zaio; erregelamendu horren bidez, zenbait laguntza-kategoria barne-merkatuarekin bateragarritzat jotzen dira Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuta (EBAO, L 187, 2014-06-26koa) eta, ondorioz, erabat haren 25.2 artikuluan identifikatutako ikerketa-kategoria hauetakoak diren proiektuen zatiak baino ez dira finantzatuko:

«b) ikerketa industriala.

c) garapen esperimentala».

2. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak.

Kategorien araberako Salbuespenen Erregelamendu Orokorraren –651/2014 (EE) Erregelamendua– 2. artikuluko 85. eta 86. puntuetan jasotako definizioaren arabera, diruz lagundu ahal izango dira ikerketa industrialeko eta garapen esperimentaleko jarduerak:

1.– Ikerketa industrialeko jarduerak. Produktu, prozesu edo zerbitzu berriak garatzeko edo lehendik zeudenak asko hobetzeko lagungarri izan daitezkeen ezagutza eta gaitasun berriak eskuratzeko jomuga dute; sistema konplexuen osagaiak sortzea hartzen du barne, eta laborategiko ingurune batean edo lehendik dauden sistemekin simulatutako interfazeak dituen ingurune batean prototipoak egitea ere jaso dezake, bai eta lerro pilotuak sortzea ere, ikerketa industrialerako eta, bereziki, teknologia generikoa baliozkotzeko beharrezkoa denean.

2.– Garapen esperimentaleko jarduerak. Aurretik ere baziren ezagutzak eta teknikak (zientifikoak, teknologikoak, enpresa-arlokoak eta abar) eskuratu, konbinatu, konfiguratu eta erabiltzea, produktu, prozesu edo zerbitzu berri edo hobetuen plan eta egitura edo diseinuak prestatzeari begira. Horrez gain, produktu, prozesu edo zerbitzu berrien definizio kontzeptuala, plangintza eta dokumentazioa egiteko jarduerak ere barne har ditzake.

Garapen esperimentalak honako hauek hartu ahal izango ditu barne: prototipoak sortzea, erakustea, proiektu pilotuak egitea, produktu, prozesu edo zerbitzu berriekin edo hobetuekin probak egitea eta horiek baliozkotzea, funtzionamendu-baldintza errealen adierazgarri diren inguruneetan, betiere helburu nagusia funtsean finkatuta ez dauden produktu, prozesu edo zerbitzuei hobekuntza tekniko berriak ematea bada. Halaber, komertzialki erabil daitezkeen prototipo edo proiektu pilotuak garatzea ere hartu ahalko du barne, baldin eta azken produktu komertziala badira eta haien fabrikazioa garestiegia bada erakutsiak eta baliozkotuak izateko helburu hutserako.

Garapen esperimentalaren barruan ez dira sartzen produktuei, ekoizpen-lerroei, fabrikazio-prozesuei, aurretik bazeuden zerbitzuei eta aribideko beste eragiketa batzuei egiten zaizkien aldaketa ohikoak edo aldizkakoak, nahiz eta aldaketa horiek hobekuntzak ekarri.

3. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen proiektuak.

Ikerketa industrialeko eta garapen esperimentaleko proiektu eta jarduerek dirulaguntza jaso ahal izango dute, baldin eta jarraian azalduko diren lerroekin bat badatoz; lerroak lotuta daude hiri jasangarrien eremu espezifikoko hiru trantsizio global handiekin (trantsizio digitala, ekologikoa eta sozioekonomikoa) eta sektorearen erronkekin, eta, horrez gainera, «Euskadiko hiri jasangarrien esparruan berrikuntza dinamizatzeko eta bultzatzeko plana»ren barruan jasota daude:

1.– 1. lerroa: hiri-mugikortasun berria eta berriztagarrien integrazioa hiri-ingurunean. Alderdi hauekin lotutako jarduerak barne hartzen ditu: mugikortasun-eredu eta komunikazio-sare berriak (zero isuri, elektrikoa, partekatzea, garraio publiko multimodala, mugikortasun autonomoa...); kronohirigintza eta hurbileko hiria; elektrifikazioa eta energia-iturri berriztagarrien integrazioa (fotovoltaikoa, eolikoa, biomasa...); barruti-sareak eta haiei lotutako energia-erkidegoak; hiri-sistemen digitalizazioa (monitorizazioa, robotizazioa eta automatizazioa); biki digitalak; hiri-datuen analisia eta ustiapena; hiri-dinamikaren kudeaketa eta plangintza, eta energia positiboko auzoak eta eraikinak.

2.– 2. lerroa: birnaturalizazioa eta hiri-azpiegitura berdea. Alderdi hauekin lotutako jarduerak barne hartzen ditu: hiri-azpiegitura berdearen jarraitutasuna eta konektagarritasuna; uraren zikloaren kudeaketa eta lurzoruen iragazkortasuna; lurzoruaren erabileren araubidea eta ustiaketa arduratsua; hiri-ekosistemen kudeaketa eta multifuntzionaltasuna, eta hiri-ingurunearen biodibertsitatea (naturan, hiri-nekazaritzan eta hiri handien basatzean oinarritutako soluzioak).

3.– 3. lerroa: ekonomia zirkularra eta arkitektura jasangarria hiriak eraikitzeko. Arlo hauekin lotutako jarduerak sartzen dira: afekzioak murriztea eta baliabide naturalak berreskuratzea eta modu jasangarrian kudeatzea; eraikuntzarekin lotutako baliabideak eta hondakinak kudeatu eta hornitzea (sistemak eta materialak berreskuratu, tratatu eta berrerabiltzea); prozesu industrializatuak optimizatzea eta eraikuntza aurreratua; eraikinak eta etxebizitzak birgaitu eta egokitzea; bizi-zikloaren analisia eta CO2 emisio txertatuak; herritarrak ekonomia zirkularrean sar daitezen sustatzea, bai etxe mailan, bai barruti mailan.

Bestalde, badira zenbait lan-lerro, azaldu berri diren gaiak zeharka ukitzen dituztenak eta, beraz, proiektu guztietan kontuan hartu beharko liratekeenak: emakumeen eta gizonen berdintasuna; gizarte-inklusioa; sorkidetza; gizarte erabiltzailearen ahalduntzea, eta kontzientziazio-prozesuak. Hau da, proiektuek hiri-berroneratzea sustatu beharko lukete, pertsonen eta aniztasunaren alde egiteko.

Agindu honen 12.1 artikuluan adierazten denaren arabera, aintzat hartuko da proposatutako proiektuek kalteberatasun maila handiko edo oso handiko bizitegi-auzoetan jarduketak aurreikustea –«Euskadiko parke eraikia berritzeko premien diagnostikoa (2011)» eta «EAEko hiri-eremu kalteberak identifikatzeko eta geotipologizatzeko ereduaren eguneratzea (2020)» agirien arabera– edo antzeko beste jarduketa batzuk aurreikustea, prozesu osoan erabiltzaileak integratzen dituztenak.

4. artikulua.– Entitate eta pertsona onuradunak.

1.– Hauek izan daitezke agindu honetan arautzen diren laguntzen onuradun:

a) Industria-jardueretan, merkataritza-jardueretan edo irabazi-asmoko zein irabazi-asmorik gabeko zerbitzuak emateko jardueretan aritzen diren zuzenbide pribatuko pertsona juridikoak eta elkargokide diren profesionalak, baita pertsona horiek osatutako elkarteak ere, interes orokorrak eta komunak ordezkatzen badituzte. Pertsona juridikoek eta elkargokide diren profesionalek alta emanda egon beharko dute ekonomia-jardueren gaineko zergan; zehazki, haien berrikuntza-proiektuarekin lotutako jarduerari dagokion epigrafean.

b) Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Euskal Sareko eragileak, betiere akreditatuta badaude ekainaren 23ko 109/2015 Dekretuan, haren xedapen iragankorretan edo hura ordezkatzen duen araudian ezarritakoarekin bat etorriz (109/2015 Dekretuaren bidez, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Euskal Sarearen osaera arautu eta eguneratzen da).

2.– Laguntza-araubide honen eremutik kanpo geratzen dira hauek:

Sektore publikoari atxikitako edo lotutako entitate instrumentalak eta Administrazio Instituzionalekoak, salbu eta aurreko 1. apartatuko b) epigrafean sartuta dauden entitateak.

5. artikulua.– Entitate eta pertsona onuradunen betekizunak.

1.– Aurreko artikuluan adierazitako pertsonek eta entitateek deialdi honetako dirulaguntzak eskuratu ahal izango dituzte, baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Gutxienez establezimendu edo sukurtsal bat izatea Euskal Autonomia Erkidegoan.

b) Alta emanda egotea ekonomia-jardueren gaineko zergan; zehazki, haien berrikuntza-proiektuarekin lotutako jarduerari dagokion epigrafean.

c) Ez izatea krisian dauden entitateak, jarraibide hauetan ezarritako definizioarekin bat etorriz: krisian dauden enpresa ez-finantzarioak salbatzeko eta berregituratzeko estatu-laguntzei buruzko jarraibideak (Europar Batasunaren Aldizkari Ofiziala, C 249, 2014-07-31koa).

d) Batzordeak laguntza bat legez kontrakotzat eta barne-merkatuarekin bateraezintzat jotzea erabaki ondoren berreskuratze-agindu bat oraindik betetzeko ez izatea, Europako Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 1.4 artikuluan xedatutakoari jarraikiz; erregelamendu horren bidez, zenbait laguntza-kategoria barne-merkatuarekin bateragarritzat jotzen dira, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuta (EBAO, L 187, 2014ko ekainaren 26koa).

e) Ez egotea Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 eta 13.3 artikuluetan aurreikusitako ezein egoeratan; adibidez:

– Ordaindu gabe izatea zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak.

– Ordaindu gabe izatea dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak.

– Dirulaguntzak edo laguntza publikoak lortzea eragozten duen zehapen penal edo administratibo bat ezarrita izatea, edo horretarako ezgaitzen duen lege-debekuren bat, sexuagatiko diskriminazioa egiteagatik ezarritakoak barne, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak 50.5 artikuluan xedatutakoarekin bat etorrita (1/1997 Legegintzako Dekretuak Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartu zuen).

2.– Dirulaguntzen onuradun izateko aurreko apartatuan adierazi diren baldintzak laguntza-eskabideak aurkezten diren unetik dirulaguntza likidatu arte bete beharko dira.

3.– Honela egiaztatuko da artikulu honen 1. apartatuko baldintzak betetzen direla:

a) Organo kudeatzaileak ofizioz egiaztatuko ditu baldintza hauek:

– Establezimendu edo sukurtsal bat izatea Euskal Autonomia Erkidegoan.

– Alta emanda egotea ekonomia-jardueren gaineko zergan; zehazki, haien berrikuntza-proiektuarekin lotutako jarduerari dagokion epigrafean.

– Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak ordainduta izatea.

Hala ere, eskatzaileak berariaz uka dezake horretarako baimena; halakoetan, eskatzaileak berak aurkeztu beharko ditu dagokion organo eskudunak egindako administrazio-ziurtagiri positiboak.

b) Gainerako baldintzak egiaztatzeko, eskabide-inprimakiari erantsiko zaion erantzukizunpeko adierazpena baliatuko da.

4.– Agindu honetan araututako dirulaguntzak emateko eta, hala badagokio, ordaintzeko, beharrezkoa izango da amaituta egotea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren organismo autonomoek emandako mota bereko laguntzei edo dirulaguntzei lotuta izapidetzen ari den edozein itzulketa- edo zehapen-prozedura.

6. artikulua.– Izapidetze elektronikoa eta aurkezpena.

1.– Entitate eta pertsona interesdunek bitarteko elektronikoz egin beharko dituzte eskabideak, kontsultak eta prozedura honetako izapide guztiak.

2.– Izapidetze elektronikoa honako hauen bidez arautzen da: Administrazio Elektronikoaren otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuaren bidez, eta E-Administraziorako Plataforma Teknologikoa –Platea– onartzen duen Informatika eta Telekomunikazioetako zuzendariaren 2006ko otsailaren 9ko Ebazpenaren bidez. Horrez gain, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea ere aplikatu behar zaio izapidetze elektronikoari.

3.– Kanal elektronikoaren bidez izapidetzeko zehaztasunak, eskaera-orriak, erantzukizunpeko adierazpenak eta bestelako ereduak eskuragarri daude Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan.

7. artikulua.– Eskabideak aurkeztea: epea eta aurkeztu beharreko agiriak.

1.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

2.– Eskabidea lortzeko eta betetzeko, egoitza elektronikora jo behar da: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1069703

3.– Espedientea, errekerimenduak, jakinarazpenak eta agindu honetan jasota dauden eskabidearen ondorengo gainerako izapide guztiak eskuratzeko, helbide honetara jo beharko da: https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/

4.– Pertsona eta entitate eskatzaileek euskaraz edo gaztelaniaz aurkeztu ahal izango dituzte eskabidea eta horri erantsitako agiriak. Era berean, prozedura osoan zehar, eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legeak 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan xedatutakoari jarraituz.

5.– Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak datu pertsonalak dagokien babes-mailarekin tratatzeko konpromisoa hartzen du, honako hauetan ezarritakoaren arabera: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren (EB) 2016/679 Erregelamendua, 2016ko apirilaren 27koa, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa; 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa; eta arloari aplikatu behar zaion gainerako araudia.

6.– Lankidetza-proiektuen kasuan, entitate interesdunek eskabide bateratu bakarra aurkeztu beharko dute proiektu bakoitzeko. Ondorioz, proiektuaren garapenaz eta kudeaketaz arduratze aldera, administrazioarekiko elkarrizketa- eta harreman-funtzio guztiak proiektuan parte hartzen duen pertsona eta/edo entitateetako batek hartu beharko ditu bere gain, bai interes teknologikoa duelako, edo bai kontratista nagusia delako eta proiektuaren garapenean protagonismo handiagoa duelako. Hala, proiektua bide onetik doala bermatuko du pertsona edo entitate horrek, eta proiektuaren zuzendari eta partzuergoaren ordezkari izango da eta, beraz, proiektuaren lider ere bai. Eskabideak proiektuaren garapenean protagonismo handiena izateagatik lider den pertsonaren sinadura elektronikoa izango du –edo, hala badagokio, entitate parte-hartzaile liderraren legezko ordezkariarena–.

Inguruabar hori berariaz jasoko da pertsona edo entitate liderrak aurkezten duen eskabidean; liderraren sinaduraz gain, gainerako pertsona edo entitate parte-hartzaileen sinadura ere izan beharko du eskabideak. Orobat, bai entitate liderrari eta bai gainerako entitate parte-hartzaileei ahalorde-eskritura eskatuko zaie.

7.– Inolaz ere ez zaio dirulaguntza bat baino gehiago emango pertsona fisiko, juridiko edo elkarte berari.

Pertsona edo entitate batek bi laguntza edo gehiago eskatuz gero, organo kudeatzaileak horren berri emango dio, 10 eguneko epean zehaztu dezan zein proiekturi egingo dion uko. Interesdunaren jakinarazpenik jaso ezean, organo kudeatzaileak hartuko du erabakia, eta xedatuko du aurrekontu txikieneko proiektuak hartuko duela parte deialdian.

8.– Proiektu bakoitzeko eskabide bakar bat aurkeztu beharko da. Eskabidea bete, eta agiri hauekin batera aurkeztu beharko da:

a) Eskabidea proiektuaren lider den pertsonak edo entitateak sinatu beharko du, eta honako hauek bildu beharko ditu: proiektuan parte hartzen duten pertsona eta/edo entitate guztien datuak, egin behar dituzten jarduerak eta pertsona eta/edo entitate bakoitzak aurreikusita duen aurrekontua, ondorengo c) eta d) letren arabera.

b) Lankidetzarik egonez gero, pertsona eta/edo entitate parte-hartzaile guztiek sinatutako akordioa eta emandako ordezkaritza-ahalordea aurkeztu beharko dira.

c) Proiektuari buruzko memoria, «Proiektuaren hasierako memoria» txantiloia erabilita (1. eranskina). Memoriek lagungarriak izan behar dute proiektuak deialdi honetako esleipen-irizpideen arabera balioesteko, eta txantiloiari jarraituz taxutu behar dira:

– Proiektuari buruzko informazio orokorra.

– Proiektuaren aurkezpen laburra.

– Metodologiaren eta egingo diren jardueren gaineko azalpen laburra. Apartatu honetan identifikatu behar da proiektuaren zein zati sartzen diren bi kategoria hauetako bakoitzean (Europako Batzordearen 651/2014 Erregelamenduaren 25.2 artikuluan identifikatutako lau kategorietako bi dira):

b) ikerketa industriala.

c) garapen esperimentala.

– Proiektuaren kronograma.

– Proiektuaren inpaktuaren eta irismen aurreikusiaren azalpen laburra, eta agindu honen 12. artikuluan jasotzen diren esleipen-irizpideetan adierazitako alderdi hauen garapena: proiektuaren izaera berritzailea eta garrantzi estrategikoa, merkatuaren jarduerari egiten dion ekarpena, zabalkunde-plana, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren sustapena...

– Barneko lantaldearen eta azpikontratatutakoaren deskribapena.

d) Proposamen ekonomikoa. Proposamen ekonomikoak proiektuaren guztizko kostuak banakatuko ditu (BEZik gabe), agindu honen 1.2 artikuluan zehaztutako kostu-kategorien arabera. Aurrekontua atazen eta/edo jardueren arabera egongo da banakatuta; bereizi egingo dira ataza bakoitzaren barne-gastuak (proiektua zuzentzen duen eragilearen beraren eta partzuergoko kideen gastuak) eta kanpoko edo azpikontratatutako eragileen gastuak (kanpoko entitateak azpikontratatzearen gastuak). Aurrekontu-proposamena egiteko, deialdi honen «Aurrekontua» txantiloia erabiliko da (2. eranskina).

e) Proiektuaren aurkezpen laburra, «Hasierako aurkezpena» txantiloia erabilita (3. eranskina). Agiri horrek laburra izan behar du; gehienez ere 9 diapositiba izango ditu, lehenengo orria eta azkenekoa zenbatuta.

f) Memoria deskribatzailea, pertsona edo entitate parte-hartzaile bakoitzaren jarduerari buruzko oinarrizko datuak bilduko dituena eta «Entitatearen/Pertsonaren memoria deskribatzailea» txantiloiaren arabera (4. eranskina) taxutuko dena, gehienez 2 orrialdekoa; entitate mota ere egiaztatuko da (entitatearen tamaina), azken 3 ekitaldietako kontu itxiak eta entitate eskatzailearen eta hari elkartutako eta lotutako entitateen langile kopurua adieraziz. Entitatearen eraketa-agiriak.

g) Pertsona edo entitate parte-hartzaileen berariazko konpromisoa, agindu honen 17.6 artikuluan adierazten diren saio eta lantegietan parte hartuko dutela hitzemateko (1. eranskinean dago jasota).

8. artikulua.– Proiektuak egikaritzeko epea.

1.– Proiektuak gehienez ere hilabeteko epean hasi beharko dira, laguntza eman dela jakinarazten denetik aurrera, eta 2024ko urriaren 31 baino lehen amaitu beharko dira.

2.– Horrez gain, finantzatu diren lanen gutxienez % 55 egin dela egiaztatu beharko da 2023ko urriaren 31rako. Hala egin ezean, interesdunari entzunaldia eman ondoren, Lurralde Plangintzaren eta Hiri Agendaren Zuzendaritzak neurri zuzentzaileak eskatu ahal izango ditu edo, hala badagokio, baita laguntzari uko egitea ere; hori gertatuz gero, laguntza jasotzeko eskubidea galduko du interesdunak, eta dagokion zenbatekoa itzultzeko eskatuko zaio.

9. artikulua.– Aurkeztutako eskabideko akatsak zuzentzea.

1.– Lurralde Plangintzaren eta Hiri Agendaren Zuzendaritzak ikusten badu eskabidean akats edo zehaztugabetasun bat dagoela edo eskabidearekin batera aurkeztu behar zen dokumenturen bat falta dela, horren berri emango dio entitate eskatzaileari, eta 10 egun balioduneko epea emango dio, akatsa zuzendu edo dokumentua aurkez dezan. Adieraziko zaio, halaber, hala egin ezean, eskabidean atzera egindakotzat joko dela ebazpen baten bidez. Ebazpen hori Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluak aurreikusitakoaren arabera eman beharko da.

2.– Akatsak zuzentzeko betebeharra bide elektronikoz jakinaraziko da. Jakinarazpenak kontsultatzeko, Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren «Nire karpeta» atalera jo behar da.

Jakinarazpena egindakotzat joko da, interesdunak jaso izana elektronikoki izenpetzen duenean. Jakinarazpena bidali eta hamar egun naturaleko epean interesduna ez bada edukian sartu, jakinarazpena ezetsitzat joko da, eta izapidea gauzatutzat. Prozedurak jarraitu egingo du, salbu eta ofizioz edo hartzaileak eskatuta egiaztatzen bada teknikoki edo materialki ezinezkoa izan dela edukian sartzea.

3.– Aurrekoa ezertan eragotzi gabe, organo kudeatzaileak beste aukera bat ere badu: interesdunei jakinarazpen-abisuak bidaltzea, eskabideetan jarri zituzten telefono mugikorretara eta helbide elektronikoetara SMS mezuak edo mezu elektronikoak bidaliz. Abisu horiek inoiz ez dira egindako jakinarazpentzat hartuko.

4.– Lankidetzan egin beharreko proiektuen kasuan, proiektuko lider den pertsona edo entitatearekin gauzatuko da jarduera hori.

10. artikulua.– Aurreikusitako kreditua eta dirulaguntzaren zenbatekoa.

1.– Hiri jasangarrietarako laguntzak esleitzeko, 755.637,00 euro bideratuko dira guztira, EAEko 2022. urteko aurrekontu orokorren kargura, honela banatuta:

2022. urtean: 155.637 euro / 2023. urtean: 300.000 euro / 2024. urtean: 300.000 euro.

2.– Dirulaguntzak eskuratutako puntuazioaren arabera esleituko dira, lehiaketa bidez, harik eta aurrekontu-kreditua agortu arte, eta itxarote-zerrendan geratuko dira, puntuazio-ordenaren arabera, gutxieneko puntuazioa gainditu baina laguntzarik eskuratu ez dutenak.

3.– Jarduketak lortutako puntuazioaren arabera ordenatuko dira, puntuazio handienetik txikienera; diruz lagundu daitekeen jarduketatzat hartzeko, balorazio-irizpideetan gutxienez 70 puntu lortu behar dira.

4.– 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 25.5 artikuluaren arabera, onuradun bakoitzaren laguntzak ezingo du gainditu:

a) Diruz lagundu daitezkeen kostuen % 50, ikerketa industrialerako.

b) Diruz lagundu daitezkeen kostuen % 25, garapen esperimentalerako.

5.– 651/2014 (EB) Erregelamenduak 25.6 artikuluan xedatutakoaren arabera, laguntzaren zenbatekoak diruz lagundu daitezkeen kostuen % 80raino igo ahalko dira, hemen adierazten den bezala:

a) Portzentajezko 10 puntu enpresa ertainentzat eta portzentajezko 20 puntu enpresa txikientzat;

b) Portzentajezko 15 puntu, baldintza hauetako bat betez gero:

1) Proiektuak lankidetza eraginkorra ekartzea hauen artean:

– Enpresen artean, horietako bat gutxienez ETE bat bada, edo proiektua gutxienez Europar Batasuneko bi estatutan, edo Batasuneko estatu batean eta EEE akordioaren alderdi sinatzaile batean egiten bada, eta enpresa bakar batek diruz lagundu daitezkeen kostuen % 70 baino gehiago ordaintzen ez baditu; edo

– Enpresa baten eta ezagutzak zabaltzeko eta ikertzeko organismo baten edo gehiagoren artean; organismo horiek, halaber, diruz lagundu daitezkeen kostuen % 10 hartu behar dituzte beren gain gutxienez, eta beren ikerketaren emaitzak argitaratzeko eskubidea eduki behar dute.

2) Proiektuaren emaitzak asko zabaltzea konferentzien, argitalpenen, irispide libreko baseen edo doako nahiz kode irekiko programa informatikoen bidez.

c) Apartatu honen aurreko epigrafeak aplikatzeko, ETEtzat hartuko dira mikroenpresak eta enpresa txikiak eta ertainak, 651/2014 Salbuespenen Erregelamendu Orokorreko I. eranskinean ezarritakoaren arabera, 250 langile baino gutxiago dituzten eta gehienez 50 milioi euroko urteko negozio-bolumena duten enpresak edota urteko balantze orokorra 43 milioi eurotik gorakoa ez duten enpresak. Halaber, enpresa txikitzat hartuko dira 50 langile baino gutxiago dituztenak eta urteko negozio-bolumena edo urteko balantze orokorra gehienez ere 10 milioi eurokoa dutenak; mikroenpresatzat hartuko dira, bestalde, 10 enplegatu baino gutxiago dituztenak eta urteko negozio-bolumena edo urteko balantze orokorra gehienez 2 milioi eurokoa dutenak. Kasuan batean zein bestean, adierazitako mugak eta pertsonala enpresa elkartuetan edo lotuetan zenbatu behar direnean, 651/2014 Salbuespenen Erregelamendu Orokorraren I. eranskineko 4., 5. eta 6. artikuluek xedatzen dutena beteko da.

6.– Lerroetako edozeinetarako dirulaguntzaren gehieneko zenbatekoa 100.000 euro izango da, proiektuak idazteko eta egikaritzeko; 30.000 euro izango da, berriz, proiektuak idazteko soilik.

11. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak.

1.– Diruz lagundu daitezkeen gastutzat hartuko dira entitate eskatzaileak aurkeztutako jardueraren aurrekontu banakatu eta xehatuan jasota egonik ikerketa eta garapeneko kategoria espezifiko batera esleitu diren gastuak, zeinak Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluan xedaturikoaren eraginpean egongo baitira; zehazki, honelako gastuak izan daitezke:

a) Zuzeneko langile-kostuak: entitate eskatzailearen plantillako ikertzaileak, teknikariak eta jardueran enplegatuta dauden bestelako laguntzaileak, proiektuan lan egiten duten neurrian. Horretarako, agiri bidez justifikatu beharko da pertsona bakoitzaren arduraldia.

b) Zeharkako kostuak: erakundearen administrazio-gastu orokorren zati proportzionalari dagozkio (energia elektrikoa, telefonoa, administrazio-langileak, alokairuak, etab.). Diruz lagundu daitekeen oinarria kalkulatzeko, onartutako langile-kostuen % 15 hartuko da kontuan gehienez.

c) Proiektuaren zati batzuk azpikontratatzeko gastuak, entitate onuradunek eurek ezin badituzte zati horiek egin konplexuak edo espezializatuak direlako. Azpikontratazioaren atalean ezingo dira sartu artikulu honetan adierazitakoez bestelako gastuak.

d) Kontratu-ikerketaren kostuak, ezagutzen eta patenteen kostuak –baldin eta kanpoko iturrien lizentzien bidez eskuratu edo lortu badira erabateko lehia baldintzetan– eta proiektura esklusiboki bideratutako aholkularitzaren eta zerbitzu baliokideen kostuak.

2.– Honako hauek laguntzaren xede diren kostuetatik kanpo daude:

a) BEZa eta gainerako zeharkako zergak, non eta ez den egiaztatzen kostua eragiten diola entitate onuradunari.

b) Honako kostu hauek:

– Aretoak alokatzea, dietak eta antzekoak.

– Sustapenerako eta marketinerako materiala sortzea.

– Software-lizentziak erostea.

– Merkataritzako web edo plataformak garatzea.

c) Laguntza eman aurretik sortutako edozein kostu.

3.– Pertsona edo entitate onuradunak proiektua azpikontratatu nahi badu, emandako zenbatekoaren % 85 baliatu ahalko du, gehienez, azpikontratazio horretarako, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 29. artikuluan ezarritakoa bete beharko du.

4.– Orobat, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 31. artikuluan ezarritakoa bete beharko da, zeinaren arabera, diruz lagundu daitekeen gastuaren zenbatekoak Sektore Publikoko Kontratuei buruzko urriaren 30eko 30/2007 Legean kontratu txikietarako ezarritako zenbatekoak gainditzen dituenean, gutxienez hiru eskaintza –hornitzaile ezberdinenak– eskatu beharko ditu onuradunak, obrarako konpromisoa kontratatu aurretik, zerbitzua eman aurretik edo ondasuna entregatu aurretik, salbu, haien ezaugarri bereziak direla eta, merkatuan ez badago aski erakunde halakoak egin, eman edo entregatzeko, edo gastua dirulaguntzaren aurretik egin bada.

12. artikulua.– Esleipen-irizpideak.

1.– Hauek dira balorazio-irizpideak eta haien haztapena (gehienez 100 puntu lortuko dira):

a) Proiektuaren garrantzi estrategikoa. Irizpide horren balorazioa 30 puntu izango da gehienez, eta elementu hauek hartuko dira aintzat:

1) Eskainitako balio-proposamena eta proiektuak auzo kalteberetan izango duen inpaktua eta gizarte- eta ekonomia-eraldaketarako ahalmena. 15 puntu gehienez.

2) Proiektuaren jasangarritasuna eta emaitzen transferentzia. Proiektuaren irismenaren zabaltasuna (jasangarritasunaren hiru esparruetan: soziala, ekonomikoa eta ingurumenekoa) eta etorkizunerako aurreikusitako jasangarritasuna. Proiektuak etorkizunean errepikatzeko eta zabaltzeko izango dituen aukerak. 15 puntu gehienez.

b) Proiektua zer neurritan datorren bat deialdirako hautatutako eremuekin. Irizpide horren balorazioa 30 puntu izango da gehienez, eta elementu hauek hartuko dira aintzat:

1) Proiektuaren motibazioa, helburuak, premia eta xedea, talde hartzailearen garrantzia eta proiektuaren aukerak. 10 puntu.

2) Agindu honen 3. artikuluan adierazitako zeharkako gaiak txertatzea. 10 puntu gehienez.

3) Proiektuaren bikaintasuna, Euskadi hiri-berroneratze integralaren alorrean Europako erreferente bihurtzeari dagokionez. 10 puntu gehienez.

c) Proiektuaren plangintza eta lanerako plana. Irizpide horren balorazioa 20 puntu izango da gehienez, eta elementu hauek hartuko dira aintzat:

1) Proposatutako metodologiaren kalitatea eta egokitasuna. 10 puntu gehienez.

2) Proposamena berritzailea edo disruptiboa izatea. 10 puntu gehienez.

d) Diziplina-aniztasuna: proiektua elkarrekin edo talde baten barnean aurkeztea. Proiektua diziplina desberdinetako erakunde batek baino gehiagok elkarrekin edo talde baten barnean aurkezten dutenean baino ez da kontuan hartuko irizpide hori; koadro hau aplikatuko da:

(Ikus .PDF)

e) Proiektuan genero-ikuspegia integratzea. 10 puntu gehienez.

2.– Gutxienez 70 puntu lortzen ez dituzten proposamenak kanpoan utziko dira.

13. artikulua.– Laguntzak kudeatzeko organoa.

Lurralde Plangintzaren eta Hiri Agendaren Zuzendaritzaren titularrari dagokio agindu honen arabera emango diren dirulaguntzak kudeatzeko lanak egitea, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 8. artikuluaren 3. apartatuan ezarritako printzipioei jarraituz.

14. artikulua.– Balorazio-epaimahaia.

1.– Aurkeztutako eskabideak aztertzeko eta baloratzeko, balorazio-epaimahai bat eratuko da, kide hauez osatua:

a) Lurralde Plangintzaren eta Hiri Agendaren Zuzendaritzaren titularra, zeina epaimahaiburua izango baita.

b) Lurralde Plangintzaren eta Hiri Agendaren Zuzendaritzako Lurraldearen Antolamendurako eta Plangintzarako Zerbitzuko buruzagitzaren titularra.

c) Zuzendaritza horretako arlo teknikoko bi pertsona; horietako bat idazkaria izango da.

2.– Eskatzaileen abstentzio- eta errekusatze-eskubideak bermatzeko, baliabide elektronikoen bidez jakinaraziko zaie eskatzaileei balorazio-epaimahaiko kideak nor diren, organo kudeatzaileak haren osaera erabaki bezain laster.

3.– Eskabide bakoitza aztertu eta esleipen-irizpideen arabera baloratu ondoren, epaimahaiak proposamena igorriko dio Lurralde Plangintzaren eta Hiri Agendaren Sailburuordetzaren titularrari.

15. artikulua.– Esleipen-ebazpena, ebazteko eta jakinarazteko epeak, jakinarazteko modua eta publikotasun-prozedura.

1.– Balorazio-epaimahaiaren proposamena aztertu ondoren, Lurralde Plangintzaren eta Hiri Agendaren Sailburuordetzaren titularrak dirulaguntza esleitzeko ebazpena eman eta jakinaraziko du gehienez ere bi hileko epean, eskabideak aurkezteko epea amaitzen denetik aurrera. Balorazio-fasean erdietsitako puntuazioaren arabera esleituko ditu dirulaguntzak ebazpen horrek, puntuazio handienetik txikienera, harik eta aurrekontu-zuzkidura agortzen den arte; orduan, gainerako eskabideak ukatuko ditu. Onetsitako eskabideen kasuan, datu hauek adieraziko ditu: pertsona edo entitate onuraduna, diruz lagundutako jarduketa, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa, ordaintzeko modua eta epeak eta dirulaguntza justifikatzeko era. Ukatutako eskabideen kasuan, berriz, ukatzearen arrazoiak adieraziko ditu.

2.– Aurreko apartatuan aipaturiko ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuta jakinaraziko da, eta agindu honen 16. artikuluan seinalatutako mugak ezarriko dira bertan, beste hainbat elementuz gain; gainera, eta informazio gisa, Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoaren ohar-taula elektronikoan ere argitaratuko da.

3.– Ebazpen horren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuari, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluekin bat.

4.– Gehieneko epea ebazpenik jakinarazi gabe bukatzen bada, dirulaguntza-eskabidea ezetsi dela ulertu beharko dute entitate eta pertsona interesdunek, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25. artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako.

16. artikulua.– Laguntzak ordaintzeko modua eta epeak.

1.– Pertsona eta entitate onuradunek www.euskadi.eus egoitza elektronikoan («Nire karpeta») izapidetu beharko dute hirugarrenaren alta.

2.– Dirulaguntza honela ordainduko da:

a) Emandako zenbatekoaren % 20,6, ordainketa aurreratuaren igorpen baten bitartez, 18. artikuluaren a) letran zehaztutako epea igaro ondoren, betiere onuradunak ez badio uko egin dirulaguntzari.

b) Laguntzaren zenbatekoaren % 39,7, finantzatutako lanen % 55en justifikazio tekniko eta ekonomikoa aurkeztu eta gero; justifikatzeko agiri horiek 2023ko urriaren 31 baino lehen aurkeztu behar dituzte pertsona eta entitate onuradunek, formatu elektronikoan.

c) Laguntzaren zenbatekoaren gainerako % 39,7, Lurralde Plangintzaren eta Hiri Agendaren Zuzendaritzak behin betiko proiektua eta amaierako entrega onartu ondoren, 2024ko urriaren 31 baino lehen.

3.– Ez da inolako ordainketarik egingo onuradunak egunean ez baditu zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak edo itzulketa-ebazpen batek adierazita zordun bada.

17. artikulua.– Dirulaguntzaren justifikazioa eta aurkeztu beharreko dokumentazioa. Kudeaketa eta jarraipena.

1.– Dirulaguntza justifikatzeko, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 30. artikuluan adierazitakoa aplikatuko da.

2.– Laguntzen onuradunek nahitaez prestatu beharko dituzte entregatu beharreko dokumentuak –eskabidean deskribatutakoak–, eta, ondoren, Lurralde Plangintzaren eta Hiri Agendaren Zuzendaritzara bidali.

3.– 16.2 artikuluaren b) letran eskatutako justifikazio tekniko eta ekonomikoa 16. artikuluan ezarritako epean eta moduan aurkeztuko da. Entrega partzial horiek efizienteak izango dira, eta alderdi hauen berri izateko balio behar dute: proiektuetan egindako aurrerapausoak; hasierako memorian jasotako aurrekontuaren eta kronogramaren betetze maila, eta proiektua egitean gertatu diren arazoak, ezustekoak eta atzerapenak. Agiri hauek entregatuko dira gutxienez:

a) Jarraipenaren memoria deskribatzailea, «Jarraipen-memoria» txantiloia erabilita (5. eranskina). Agiri horretan azalduko da nola ari diren gauzatzen diruz lagundutako ekintzak (dirulaguntzari dagokion jarduketa-lerrokoak), bai eta zer jarduera egin diren, jarduketarako ezarritako helburuak zenbateraino bete diren eta zer gastu egin diren ere.

b) Justifikazio ekonomiko partziala: «aurrekontua» fitxako gastuen justifikazio partziala osatuko da, eta egindako ordainketak txantiloiko «egindako ordainketak» fitxan gehituko dira. Agiri horri beste hauek erantsi beharko zaizkio: faktura eta ordainagiri zenbakituak (1etik hasita); pertsona bakoitza proiektuan aritu den ordu kopuruaren erantzukizunpeko adierazpena eta ordutegi-parteak; pertsona bakoitzaren unitate-kostuaren egiaztagiriak (nominak eta/edo TC10 agiriak), eta unitate-kostuaren kalkulua.

Pertsona bakoitzaren ordu-kostua honela kalkulatuko da:

KOGS x 12 x 1,25 / urteko ordu kopurua.

KOGS: langilearen Gizarte Segurantzako hileko kotizazio-oinarria, kontingentzia arruntengatik. Beste kotizazio-araubide batzuetara atxikitako pertsonen kasuan, Gizarte Segurantzako araubide orokorrarekin parekatutako oinarri bat hartuko da. Urteko ordu kopurua langilearen urteko lanordu kopurua da, hitzarmenaren arabera; kopuru horri lanaldi-murrizketaren ehunekoa aplikatuko zaio, langileak lanaldi-murrizketarik izanez gero. Besterik adierazi ezean, urteko ordu kopurua 1.720 ordu izango da.

Hala badagokio, helburu berbererako jasotako beste dirulaguntza, laguntza edo sarrera batzuk gehituko dira.

4.– Behin betiko proiektua ixteko, artikulu honen 3. apartatuan xedatutakoa bete beharko da, eta, gainera, honako hauek erantsi beharko dira gutxienez:

a) Egikaritze-txostena, zeinak gehienez 10 orrialde izango baititu eta «Egikaritze-txostena» txantiloian adierazitako apartatu guztiak bilduko baititu (6. eranskina).

b) Amaierako memoria teknikoa, zeinak 20-30 orrialde izango baititu, alde batera utzita eranskinak. «Amaierako memoria» agiriko txantiloia erabili behar da (7. eranskina).

c) Justifikazio ekonomikoa: «Aurrekontua» agiria behar bezala bete behar da; hau da, gastuen jarraipeneko fitxak osatu, eta gastuak justifikatzeko beharrezkoak diren agiriak erantsiko dira (fakturak, ordainagiriak edo diruz lagundutako gastua benetan egin dela egiaztatzen duten beste agiri batzuk).

d) Proiektuaren aurkezpena, «Amaierako aurkezpena» txantiloian adierazitakoaren arabera (8. eranskina).

5.– Egindako proiektuaren dokumentuan berariaz adierazi beharko da finantzaketa publikoa jaso duela, eta, zehazki, Eusko Jaurlaritzaren Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saileko Lurralde Plangintzaren eta Hiri Agendaren Sailburuordetzaren dirulaguntza; beraz, jarduera dela-eta entregatu behar diren dokumentu, akta, komunikazio-ekintza, kartel eta testu guztietan sail horren logo ofiziala agertu beharko da, Eusko Jaurlaritzaren Erakunde Nortasunaren Eskuliburua Arautzen duen abuztuaren 31ko 318/1999 Dekretuak xedatutakoari jarraikiz.

6.– Proiektuek irauten duten bitartean, baterako saio batzuk egingo dira, proiektuen ikusgaitasuna eta elkarrekiko lotura handitzeko; saio horietan, dirulaguntzen onuradun guztiek parte hartuko dute. Aurreikusita dago proiektuak aurkezteko bi saio (proiektuaren hasieran eta amaieran) eta baterako bi lantegi egitea. Lantegiei esker, onuradunek egiten ari diren lanak partekatuko dituzte, sinergiak sortuko eta proiektuen garapena eta emaitzak aberastuko.

18. artikulua.– Onuradunaren betebeharrak eta dirulaguntzetarako bestelako baldintzak.

Agindu honetan araututako dirulaguntzak jasotzen dituzten pertsona eta entitate onuradunek betebehar hauek bete beharko dituzte beti, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan jasotakoez gain:

a) Emandako dirulaguntza onartzea. Dirulaguntza eman izanaren jakinarazpena jaso eta hamabost eguneko epean entitate eta pertsona onuradunek berariaz eta idatziz laguntzari uko egiten ez badiote, laguntza onartutzat joko da.

b) Dirulaguntza eman den xede horretarako erabiltzea.

c) Dirulaguntza eman duen organoak, Kontrol Ekonomikoko Bulegoak edo Herri Kontuen Euskal Epaitegiak egingo dituen egiaztapen-ekintzak onartzea, baita Espainiako zein Europako kontrol-organo eskudunek finantza-arloa egiaztatzeko eta kontrolatzeko egin dezaketen jarduketa oro ere. Horretarako, jarduketa horiek gauzatzean eskatzen zaien informazio guztia eman behar dute onuradunek.

d) Beste edozein administrazio edo ente publiko zein pribaturen eskutik diruz lagunduriko jarduerak finantzatzeko dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak lortuz gero, horren berri ematea dirulaguntza eman duen organoari. Baliabideak lortu direla jakin bezain laster egin behar da jakinarazpena, eta, nolanahi ere, jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen; hala bada, agindu honen 19. eta 22. artikuluan ezarritako irizpideak aplikatuko dira.

e) Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta dituela egiaztatzea, esleitzeko ebazpen-proposamena eman aurretik.

f) Entitate eta pertsona onuradunek dirulaguntzak jaso izanaren berri eman beharko dute, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 18. artikuluaren arabera.

g) Pertsona edo entitate onuradunek hitzemango dute agindu honen 17.6 artikuluan adierazitako saio eta lantegietan parte hartuko dutela.

19. artikulua.– Dirulaguntzaren baldintzak aldatzea.

Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira, eta, edozelan ere, beste administrazio edo ente publiko nahiz pribatuetatik beste dirulaguntza batzuk edo bestelako laguntzak jasotzen badira, edota, kasua bada, helburu bererako beste diru-sarrera zein baliabide batzuk eskuratzen badira, dirulaguntza emateko ebazpena aldatu ahal izango da; betiere, dirulaguntzen onuradun izateko arauan jarritako gutxieneko baldintzak betetzen badira.

20. artikulua.– Emandako laguntzaren zenbatekoa aldatzea.

Baldin eta agindu honetan xedatutako dirulaguntza jaso duen proiektuaren kostua txikiagoa bada laguntza ematean aurreikusitako aurrekontuan jasotakoa baino, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa proportzioan murriztuko da, eta, orduan, dirulaguntzaren ehunekoa oinarri berriaren gainean aplikatuko da.

21. artikulua.– Ez-betetzearen ondorioak.

1.– Pertsona edo entitate onuradunak eman zaion eta jaso duen diru-kopurua eta aplikatu behar diren berandutze-interesak itzuli beharko ditu, baldin eta dirulaguntza eskatu eta eman zen helburu espezifikorako erabiltzen ez badu, dirulaguntzaren xede izan zen jarduera burutzen ez badu, dirulaguntza justifikatzen ez badu, emandako justifikazioa ez bada nahikoa edo, oro har, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren 53. artikuluan (Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen Legegintza Dekretua), agindu honetan eta dirulaguntza emateko ebazpenean jasotako itzulketa-kausaren bat gertatzen bada. Dirua itzultzeko, horretarako ezarrita dagoen prozedurari jarraituko zaio.

2.– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 19. artikuluaren 3. apartatuan jasotako kasuan, halaber, diruz lagundutako jardueraren kostuaren gainean izandako soberakina itzuli beharko da, eta dagokion berandutze-interesa ere eskatuko da.

22. artikulua.– Beste dirulaguntza batzuekiko bateragarritasuna.

1.– Laguntza hauek bateragarriak izango dira helburu berbera duten funts publikoen edo pribatuen kargura jaso daitekeen beste edozein laguntzarekin. Hala ere, helburu berbererako jasotako laguntzen zenbateko osoa eta deialdi honetan emandako dirulaguntzaren kopurua batuz lortzen den emaitza handiagoa bada amaierako kostu osoa baino, deialdi honen bidez emandako laguntzaren zenbatekoari gehiegizko kopuru hori kenduko zaio.

2.– Nolanahi ere, kontuan izan behar da 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 8.1 artikuluan hau ezartzen dela: laguntzak jakinarazteari dagokionez, atalaseak zehazterakoan kontuan hartu behar da proiektuari emandako estatuko laguntzen guztizko zenbatekoa.

23. artikulua.– Errekurtsoak.

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, entitate eta pertsona interesdunek aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango dute Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko abenduaren 12.

Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburua,

IGNACIO MARÍA ARRIOLA LÓPEZ.

Eranskinak, agindu honenak: Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuaren Agindua, zeinaren bidez 2022ko ekitaldirako dirulaguntzak arautzeko oinarriak ezartzen baitira eta horietarako deialdia egiten baita, ZTBP Euskadi 2030 planaren (BAI+D+i programa) «Hiri jasangarriak» aukera-nitxoko helburuak lortzen lagunduko duten ideia eta proiektu berritzaileak garatzeko.

Eranskin hauek dirulaguntzen aplikazio elektronikoaren bidez edita daitezke:

1. eranskina: hasierako memoria.

2. eranskina: aurrekontua.

3. eranskina: hasierako aurkezpena.

4. eranskina: entitatearen/pertsonaren memoria deskribatzailea.

5. eranskina: jarraipen-memoria.

6. eranskina: egikaritze-txostena.

7. eranskina: amaierako memoria.

8. eranskina: amaierako aurkezpena.


Azterketa dokumentala