Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

244. zk., 2022ko abenduaren 23a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
5517

106/2022 EBAZPENA, abenduaren 7koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez argitara ematen baita lankidetza-hitzarmenaren eredua, Euskadiko Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren (segurtasun sailaren bidez) eta erkidego horretako udalen artekoa, koordinazio eta lankidetza polizialaren arloan, segurtasun saileko irrati-komunikazioen sarean integratzeko (Tetra Enbor sarea).

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak sinatu du hitzarmen hori, eta behar bezalako publizitatea emateko asmoz, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea lankidetza-hitzarmenaren eredua, Euskadiko Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren (segurtasun sailaren bidez) eta erkidego horretako udalen artekoa, koordinazio eta lankidetza polizialaren arloan, segurtasun saileko irrati-komunikazioen sarean integratzeko (Tetra Enbor sarea). Hitzarmen hori ebazpen honen eranskin gisa agertzen da.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko abenduaren 7a.

Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,

JON IÑAKI URBINA GARCÍA DE VICUÑA.

ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN ABENDUAREN 7KO 106/2022 EBAZPENARENA
LANKIDETZA-HITZARMENAREN EREDUA, EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIO OROKORRAREN (SEGURTASUN SAILAREN BIDEZ) ETA ERKIDEGO HORRETAKO UDALEN ARTEKOA, KOORDINAZIO ETA LANKIDETZA POLIZIALAREN ARLOAN, SEGURTASUN SAILEKO IRRATI-KOMUNIKAZIOEN SAREAN INTEGRATZEKO (TETRA ENBOR SAREA)

Izenpe elektronikoaren datan.

ALDERDIAK

Alde batetik............................ jauna/andrea, segurtasun-arloan eskudun den sailaren burua izanik, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren izenean eta ordezkaritzan esku hartu du,

Eta, bestetik................ jauna/andrea.......... Udaleko Alkatea den aldetik, horren izen eta ordezkaritzan.

Bi alderdiek gaitasun eta legitimazio nahikoa aitortzen diote elkarri lankidetza-hitzarmen hau sinatzeko eta bertan ezartzen diren baldintzetan behartuta geratzeko, eta horretarako, honako hau

ADIERAZTEN DUTE:

Lehenengoa.– Uztailaren 22ko 1/2020 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren Legearen testu bateginak (aurrerantzean, EAEPLTB), eta Euskadiko Segurtasun Publikoaren Sistema Antolatzeko ekainaren 28ko 15/2012 Legeak (aurrerantzean, ESPSAL) adierazten dute Ertzaintzaren eta Udaltzaingoen artean informazioa trukatu ahal izateko irizpideak, prozedurak eta bitartekoak ezartzeko eta bultzatzeko betebeharra.

Era berean, ESPSALen 36. artikuluaren arabera, Udaltzaingoen koordinazioa eta lankidetza honako hau da: elkarri informazioa ematea eta elkarrekin jardutea ahalbidetuko duten bitartekoak eta harreman-metodoak finkatzera bideratutako jarduketa-sistemen multzoa, udalerriei eta Euskal Autonomia Erkidegoari (aurrerantzean, EAE) esleitutako jarduerak integratzea lortzeko.

Gainera, ESPSALen 42. artikuluak xedatzen duenez, Ertzaintzak eta Udaltzaingoek elkarri lagundu eta informazioa eman beharko diote, bakoitzak bere eginkizunak betez.

Bigarrena.– Euskadiko Segurtasun Publikoaren Sistemak Ertzaintzaren eta Udaltzaingoen arteko lankidetza- eta koordinazio-mekanismo bateratuak behar ditu, jardueren bikoiztasuna saihesteko eta polizia-kidego guztien baliabide operatiboak optimizatzeko.

Hirugarrena.– Ondorioz, beharrezkoa da Ertzaintzaren eta Udaltzaingoen arteko informazioa eta baterako ekintza ahalbidetuko duten irizpide, prozedura eta bitartekoen ezarpena zehaztea eta bultzatzea.

Alde horretatik, bi alderdiek uste dute beharrezkoa dela komunikabiderik seguruenak eta eraginkorrenak edukitzea; izan ere, EAEko Administrazio Orokorra, Segurtasun Sailaren bitartez, Tetra Enbor sarea (aurrerantzean, Tetra Enbor sarea) irrati mugikorreko sare digitalaren titularra da, eta bi alderdiek egokitzat jotzen dute azpiegitura hori erabiltzea, Ertzaintzaren eta Udaltzaingoaren arteko komunikazioa ezartzeko bitarteko egokiena den aldetik.

Azaldutako guztia kontuan hartuta, toki-araubidearen oinarrizko legerian eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legean ezarritakoaren esparruan, hitzarmen hau sinatzen da, honako hauen arabera:

HIZPAKETAK

Lehenengoa.– Xedea.

Hitzarmen honen xedea da Udal sinatzailearen Udaltzaingoa EAEko Administrazio Orokorraren Tetra Enbor sarean sartzea, Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak kudeatzen duen sarean, bai eta poliziaren koordinazioa eta lankidetza erraztuko duten informazio- eta komunikazio-sistemen bidez elkarreragingarritasuna erraztuko duten mekanismoak aurreikustea ere.

Bigarrena.– Tetra Enbor sarea sarerako sarbidea.

EAEko Administrazio Orokorrak, Segurtasun Sailaren bitartez, dohainik emango dio Udal sinatzaileko Udaltzaingoari Tetra Enbor sarea sarerako sarbidea, bere polizia-zerbitzuaren berezko eskumenak gauzatzeko behar dituen komunikazioetarako.

Udal sinatzaileak irrati-komunikazioko terminalak erosi eta mantenduko ditu.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailean informatikaren eta telekomunikazioen arloan eskumena duen zuzendaritzak ondoko Arau Erregulatzaileak onartuko ditu, eta, hala badagokio, beraien aldaketak: Hitzarmen hau sinatu duten eta Tetra Enbor sarea segurtasuneko irrati-komunikazioen sarean diharduten erakundeen irrati-komunikazio mugikorreko terminalen erabilera eta kudeaketa arautzen dutenak eta horien erabilerarekin lotutako zerbitzuetarako sarbidea arautzen dutenak. Arau horiek eranskin gisa gehituko zaizkio hitzarmen honi, eta ezin dira hitzarmenetik bereizi.

Hirugarrena.– Interkomunikazioa.

Udal sinatzaileko Udaltzaingoaren eta Tetra Enbor sarea sarearen barne dauden Euskadiko Segurtasun Publikoaren eta Larrialdiei Aurre Egiteko eta Babes Zibileko Sistemaren beste zerbitzu batzuen arteko komunikazioa, aldez aurretik zehaztutako flota-planen arabera egingo da.

Plan horiek irrati-komunikazioko terminaletan aurrez programatutako dei-taldeen multzoa definitzen dute, eta hainbat talde eskaintzen dituzte Udaltzaingoak berak erabiltzeko, eta baita beste udaltzaingo batzuekin, Ertzaintzarekin edo beste erakunde batzuekin elkarreragiteko beste talde batzuk ere.

Laugarrena.– Datu-baseetarako sarbidea.

EAEko Administrazio Orokorrak baimena emango dio Udal sinatzaileko Udaltzaingoari Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saileko datu-base edo polizia-fitxategietara sartzeko, Tetra Enbor sarearen bidez edo Udaltzaingoen Atariaren edo beste aplikazio batzuen bidez, kontsultak edo bestelako polizia-izapideak egin ditzaten. Sarrera, Irrati-komunikazio mugikorreko terminalen erabilera eta kudeaketa eta horien erabilerarekin lotutako zerbitzuetarako sarbidea Erregulatzeko Arauek ezarritako eran eta moduan egingo da soilik, eta ezarritako murrizketak, segurtasun-mailak eta sarbideen kontrola beteko ditu.

Era berean, EAEko Administrazio Orokorrak, Segurtasun Sailaren bitartez, Udal sinatzaileko Udaltzaingoari Barne Ministerioaren datu-baseetan sartzeko aukera emango dio, arestian adierazitako bitartekoen bidez eta adierazitako helburuarekin. Sarbidea segurtasun-arloko eskumenen arabera egingo da.

Arestian aipatutako datu-zerbitzuetara sartzeko erabiliko diren irrati-terminalek Udaltzaingoen Erregistroaren bidez erabiliko dituzten funtzionarioei lotuta egon beharko dute. Udaltzaingoen Erregistroa urriaren 16ko 203/2012 Dekretuak arautzen du. Ezinbestekoa da kontsulta egiten duen agentea identifikatzea eta erregistratzea.

Horretarako, Udal sinatzaileak etengabe eguneratuta izan beharko ditu udaltzainen datuak, Udaltzaingoen Erregistroko dagokion aplikazioaren bidez.

Udal sinatzailearen Udaltzaingoak une bakoitzean erabiltzaile jakin batzuei esleitzen zaizkien irrati-komunikazioko terminalak kudeatu eta erregistratu behar ditu, Tetra Enbor sarea sarean dauden datu eta informaziora sartzeko trazabilitatea ahalbidetzeko.

Datu-base jakin batera sartzeko datu pertsonalak tratatu behar badira, datuak babesteko indarrean dagoen araudia errespetatu beharko da. Bereziki, 7/2021 Lege Organikoa, maiatzaren 26koa, arau-hauste penalak prebenitzeko, detektatzeko, ikertzeko eta epaitzeko eta zehapen penalak betearazteko tratatutako datu pertsonalak babesteari buruzkoa; bai eta 2016/679 (EB) Erregelamendua, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, 2016ko apirilaren 27koa, datu pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsona fisikoen babesari eta datu horien zirkulazio askeari buruzkoa, eta 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzkoa.

Ildo horretan, eta Irrati-komunikazio mugikorreko terminalen erabilera eta kudeaketa eta horien erabilerarekin lotutako zerbitzuetarako sarbidea Erregulatzeko Arauek jaso ditzaketen administrazio-klausula bereziez gain, sinatzen duen udalaren Udaltzaingoak honako estipulazio hauek bete beharko ditu:

• Informazioa eta datu pertsonalak ez erabiltzea edo aplikatzea bere eskumen-eremuari dagokion polizia-jardunaren esparruaz bestelako helburuetarako.

• Informazioa hirugarrenei ez jakinaraztea, datuak lagatzea legez legitimatuta ez badago.

• Eskuratzen dituen datu pertsonalen konfidentzialtasuna, sekretua eta osotasuna bermatzeko beharrezkoak diren segurtasuneko neurri teknikoak eta antolakuntzakoak hartu eta behatzea, emandako informazioaren sentsibilitate-mailaren arabera. Gerta daitezkeen segurtasun-urraketen berri eman beharko dio berehala Segurtasun Sailari.

• Emandako informazioarekin edo sarbide baimenduaren xede den informazioarekin paraleloak diren fitxategi edo datu-baseak ez sortzea eta ez mantentzea.

• Terminalak edo gailuak udaleko polizia-langileek zainduko dituzte une oro, eta ezin izango dira hirugarrenen eskura egon. Zaintza eteten bada, dela lapurtzeagatik, dela terminala galtzeagatik, beste erakunde batera eramateagatik edo antzeko beste batzuengatik, ahalik eta lasterren jakinarazi beharko zaio Segurtasun Sailari, Irrati-komunikazio mugikorreko terminalen erabilera eta kudeaketa eta horien erabilerarekin lotutako zerbitzuetarako sarbidea Erregulatzeko Arauek ezarritako moduan, desgaitu dezan.

Bosgarrena.– Jarraipen Batzordea.

Hitzarmena behar bezala aplikatzen dela ziurtatzeko, Jarraipen Batzorde bat sortuko da.

Jarraipen Batzordea Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren ordezkari batek eta Udal sinatzailearen ordezkari batek osatuko dute.

Batzordea arduratuko da Hitzarmena interpretatzean sortzen diren zalantzak argitzeaz, aldatu daitezkeen zehaztapenen berri emateaz, hitzarmena gauzatzean sor daitezkeen desadostasunak konpontzeaz, hitzarmenaren martxa berrikusteaz eta, hala badagokio, hura hobetzeko proposamenak egiteaz.

Alde sinatzaileetako batek eskatzen duen bakoitzean bilduko da Batzordea, eta, gutxienez, urtean behin.

Seigarrena.– Indarraldia, ebazpena eta aldaketa.

1.– Hitzarmen hau sinatu eta hurrengo egunetik aurrera sartuko da indarrean eta 4 urteko indarraldia izango du.

Epe hori amaitu aurretik, aldeek hitzartu ahalko dute epea luzatzea, berariaz eta idatziz, beste 4 urterako.

2.– Hitzarmena honako arrazoi hauetakoren bategatik suntsiarazi daiteke:

– Alderdien arteko adostasunez, idatziz adierazita.

– Hitzarmenaren salaketa, edozein unetan alderdietako edozeinek egindakoa. Bestelako erabakirik hartzen ez badute, eraginak izango ditu era frogagarrian jakinarazi eta hiru hilabetera.

Nolanahi ere, hitzarmena suntsiarazten den unean izapidetzen ari diren jarduketen jarraitutasuna bermatu beharko da, harik eta erabat ebazten diren arte.

3.– Hitzarmen hau alda daiteke, bien adostasunez, beronen xedea hobeto gauzatzeko beharrezkoa denean.

Zazpigarrena.– Hitzarmenaren araubidea eta auzigaiak.

Hitzarmen hau administratiboa da, eta, interpretatzeko eta garatzeko, Administrazio Publikoen arteko lankidetza-hitzarmenei aplikatu beharreko ordenamendu juridiko-administratiboari jarraitu behar zaio.

Bosgarren klausulan aurreikusitako Jarraipen Batzordeari esleitutako eginkizunak alde batera utzi gabe, Hitzarmen hau interpretatzean eta gauzatzean sor daitezkeen auziak administrazioarekiko auzien jurisdikzio-ordenaren arduraren eta eskumenaren mende jarriko dira.

Zortzigarrena.– Eragingarritasuna.

Hitzarmenak sinatzen den unetik bertatik behartuko ditu Administrazio sinatzaileak.

Eta ados daudela eta onartzen dutela adierazteko, alderdiek hitzarmen hau sinatu dute.

Segurtasun Arloko titularra,

Udaleko alkatea,


Azterketa dokumentala