Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

242. zk., 2022ko abenduaren 21a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LURRALDE PLANGINTZA, ETXEBIZITZA ETA GARRAIO SAILA
5468

EBAZPENA, 2022ko azaroaren 22koa, Garraio Azpiegituren zuzendariarena, zeinaren bidez ontzat ematen baita «Easo Geltokia (Osasuniturri kalea) San Roke kalearekin konektatzeko igogailua eraikitzeko proiektua».

Onartu beharreko eraikuntza-proiektuan definitutako obrak Gipuzkoako probintzian kokatzen dira, Donostiako udal-mugartean, eta, zehatzago, Easo plazaren inguruetan.

Proiektu hau Donostialdeko metroa, zehazki Mirakontxa-Easo bide-tartea, eraikitzeko proiektuaren informazio publikoaren prozesuan jasotako alegazioetako bati erantzuteko sortu da. Donostiako Udalak aurkeztutako alegazioak agerian uzten zuen Aiete auzoa ez zegoela konektatuta aipatutako proiektuan definitutako trenbide-azpiegitura berriarekin.

Proiektu honetan planteatu beharreko soluzioa azpiegitura osagarri bat izango litzateke, Aieteko bizilagunei metro-zerbitzua «hurbiltzea» ahalbidetuko lukeena, Easo geltokiaren bitartez, zehazki, Amara geltokiko trenbide-zabaltzaren mendebaldean azaleratzen den kanoiaren bitartez.

Donostialdeko metroaren proiektuan diseinatutako kanoiak oinezkoen gainazalerako irteera bikoitza aurreikusten du Autonomia eta Osasuniturri kaleetan. Alabaina, Aieteko bizilagunak azpiegitura berritik urrun samar geratzen dira. Proiektu honek arazoari konponbidea ematen dio igogailu baten bidez. Igogailu horrek Osasuniturri kalera irteten den kanoira ematen du, eta bat egiten du mendi-mazela berean kokatutako San Roke kalearekin. Bien artean, alabaina, ia 30 metroko kota-aldea dago.

Aiete auzotik metro-zerbitzurako sarbide-denbora nabarmen murriztea ahalbidetuko duten bitarteko mekanikoen bidezko konexioa proposatzen da. Osasuniturri kaleko igogailuaren (Donostialdeko metroaren proiektuan sartua) eta handik hurbilen dagoen San Roke kaleko bihurgunearen arteko oinplanoko distantzia 70 metrokoa da ozta-ozta. Alabaina, Donostiako kaleetan zehar bi puntuen arteko ibilbidea oinez egiteko 250 metro igo beharra dago, eta, tarte batzuetan eskailera mekanikoak izan arren, bi puntuak mekanikoki konektatuko balira nabarmen murritz litekeen denbora behar da horretarako.

Alternatiben azterketan egindako analisiaren ondoren, eraikuntza-proiektuan Easo geltokiaren eta San Roke kalearen arteko konexio-soluzioa garatzearen aldeko hautua egin da, Osasuniturri kalean bitarteko geraleku bat sartuta, pasabide baten bidez San Roke kalearekin konektatzen den igogailu bakar bat eraikita.

Azpiegitura berria erabilgarria izango da bai metroaren erabiltzaileentzat bai Autonomia kaletik San Roke kalera edo alderantziz joan nahi duten inguruko bizilagunentzat.

Aurreikusitako igogailua gehienez ere 21 pertsona hartzeko edukierarekin planteatzen da, eta pasabidearen ardatzaren arabera orientatutako 180 graduko sarbideekin.

Metroaren erabiltzaileen ibilbidea zuzenekoa da Osasuniturri kaletik zein San Roke kaletik. Kontu eginda oinezkoaren ibilera-abiadura 1,4 m/s (5 km/h) dela eta igogailuaren abiadura 1,60 m/s (instalazioen proiektuak adierazten duenaren arabera), San Roke kaletik metroaren kanoirainoko ibilbidea egiteko denbora zenbatetsia 73 segundokoa da.

Proiektua egikaritzeko aurrekontua milioi bat laurehun eta laurogeita hiru mila bostehun eta hirurogeita lau euro eta hamahiru zentimokoa (1.483.564,13) da. Horrek esan nahi du lizitaziorako oinarrizko aurrekontua bi milioi ehun eta laurogeita hamar mila eta hogeita hamazazpi euro eta hogeita hamazazpi zentimokoa (2.190.037,37) dela, BEZa barne; eta Administrazioak horren berri izateko aurrekontua: milioi bat zortziehun eta hogeita bederatzi mila bederatziehun eta berrogeita zortzi euro eta hogeita lau zentimokoa (1.829.948,24) BEZik gabe.

Obrak egiteko hamar (10) hilabeteko epea aurreikusten da.

Euskal Trenbide Sareko (ETS) Zerbitzu Teknikoek egiaztatu dute proiektu honek bere xedeari erantzuten diola eta Sektore Publikoko Kontratuen Legeak eta Administrazio Publikoen Kontratuen Legearen Erregelamendu Orokorrak eskatutako baldintzak betetzen dituela, kontrata bidez egikaritzeko behar diren alderdi nahikoak jasotzen baititu; halaber, maila formalean berrikusi du proiektua eta berresten du bete egiten duela Sektore Publikoko Kontratuen Legean eta Herri Administrazioen Kontratuen Legearen Erregelamendu Orokorrean ezarritakoa, maila formalean, beharrezko dokumentuak eta indarrean dagoen araudia sartzeari dagokionez, edukiari, sinadurei eta alderdi formalei, beharrezko kalkulu-oinarri eta -hipotesiei eta Sektore Publikoko Kontratuen Legearen 233.1 artikuluan zerrendatutako edukiari dagokienez.

Organo honek eskumena du trenbide sareko proiektuak egiteko eta onartzeko, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen 2021eko urtarrilaren 19ko 11/2021 Dekretuaren 16.2 b) artikuluan xedatutakoaren arabera.

Aipatutako xedapenak, horiekin bat datozenak eta oro har aplikatu beharrekoak ikusita, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– «Easo Geltokia (Osasuniturri kalea) San Roke kalearekin konektatzeko igogailua eraikitzeko proiektua» onartzea. Lizitazioaren oinarrizko aurrekontua, BEZa barne, bi milioi ehun eta laurogeita hamar mila eta hogeita hamazazpi euro eta hogeita hamazazpi zentimokoa (2.190.037,37) da, eta obrak egiteko epea hamar (10) hilabetekoa izango dela aurreikusi da.

Bigarrena.– Eraikuntza proiektu hau onartzeak berekin dakar obrak onura publikokoak edo interes sozialekoak direla deklaratzea, okupatzeko beharra adieraztea eta dagokion Eraikuntza proiektuaren beraren eranskinean zerrendatuta dauden erasandako ondasunak eta eskubideak lehenbailehen okupatu behar direla adieraztea.

Ebazpen hau ez da behin betikoa administrazio-bidean, eta, beraren aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Azpiegitura eta Garraioen sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi edo argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita. Idazki hori organo honi edo Azpiegitura eta Garraioen sailburuordeari bidali beharko zaio.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango dute, bi (2) hilabeteko epean, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzien aretoan, hargatik aldez aurretik errekerimendua egitea eragotzi gabe, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan zehaztutako moduan eta epean.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko azaroaren 22a.

Garraio Azpiegituren zuzendaria,

MARÍA DOLORES DE JUAN DE MIGUEL.


Azterketa dokumentala