Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

239. zk., 2022ko abenduaren 16a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

LURRALDE PLANGINTZA, ETXEBIZITZA ETA GARRAIO SAILA
5401

AGINDUA, 2022ko azaroaren 8koa, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko Arau Kartografikoak onartzen dituena.

Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoaren kartografia eta informazio geografikoa antolatzeari buruzko maiatzaren 26ko 69/2020 Dekretuak (2020ko ekainaren 10etik dago indarrean) Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) sektore publikoaren plangintza eta koordinazio kartografikorako tresna gisa ezartzen ditu Plan Kartografikoa, Kartografia Ofiziala eta Erregistro Kartografikoa. Horrez gain, Euskadiko Datu Espazialen Azpiegitura arautzen du, eta EAEko sektore publikoko Informazio Geografikoa Koordinatzeko Batzordea sortzea xedatzen du.

69/2020 Dekretuaren 7. artikuluak adierazten du EAEko sektore publikoaren kartografia ofizialtzat joko dela Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko organoek eta erakundeek ekoitzitako edo haien zuzendaritzapean edo kontrolpean egindako kartografia eta informazio geografikoa, baita gainerako administrazio publikoek ekoitzitakoa ere, baldin eta Dekretu horren babesean garatutako Arau Kartografikoak betetzen badituzte.

Aipatutako Dekretuaren 4. artikuluko 2. apartatuan xedatutakoaren arabera, EAEko sektore publikoko Arau Kartografiko horietan jasoko dira kartografia, datu espazialak, metadatuak eta geozerbitzuak ekoiztean, biltegiratzean eta hedatzean ahalik eta egokitzapen eta elkarreragingarritasun handiena lortzeko beharrezkoak diren prozedurak, irizpideak, zehaztapen teknikoak eta estandarrak.

Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urtarrilaren 19ko 11/2021 Dekretuaren 10.2.u) artikuluan eta 69/2020 Dekretuaren 4.1 artikuluan ezarritakoaren arabera, Lurralde Plangintzaren eta Hiri Agendaren Zuzendaritzari dagokio EAEko sektore publikoko Arau Kartografikoak egitea.

Hori horrela, Lurralde Plangintzaren eta Hiri Agendaren Zuzendaritza 2021. urtearen amaieran hasi zen arauok egiten; horretarako, lantalde bat eratu zen, EAEko sektore publikoko organo eta erakundeetako kideek osatua, arau horiek egiten parte hartuko dutela bermatzeko.

EAEko sektore publikoko Arau Kartografikoak egin ondoren, EAEko sektore publikoko Informazio Geografikoa Koordinatzeko Batzordeak aldeko txostena egin zuen 1/2022 bilkuran (uztailaren 7ko bilkura).

Horrenbestez, Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko Arau Kartografikoak onartu nahi dira. Arau horien helburua da erregulatzea gutxienez zer baldintza bete behar dituzten EAEko sektore publikoko proiektu kartografikoek eta informazio geografikoko proiektuek, beren izaeraren arabera.

Horren ondorioz, eta honako dekretu hauek ematen didaten eskumena baliatuz: 18/2020 Dekretua, irailaren 6koa, lehendakariarena, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena; eta, 11/2021 Dekretua, urtarrilaren 19koa, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; gainera, Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoaren kartografia eta informazio geografikoa antolatzeari buruzko maiatzaren 26ko 69/2020 Dekretuaren 4.1 artikuluak ezarritakoarekin bat, honako hau

XEDATZEN DUT:

Lehenengoa.– Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko Arau Kartografikoak onartzea. Haien edukia www.geo.euskadi.eus/arau-kartografikoak web-orrian dago eskuragarri.

Bigarrena.– Arau Kartografiko hauek eguneratu ahal izango dira, baldin eta aldaketek haien edukia funtsean aldatzen ez badute, dokumentuen ondoz ondoko bertsioak sortuz. Bertsio horiek etengabe egongo dira eskuragarri aipatutako web-orrian, eta EAEko sektore publikoko Informazio Geografikoa Koordinatzeko Batzordeari urtero emango zaio horren berri.

Hirugarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko azaroaren 8a.

Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburua,

IGNACIO MARÍA ARRIOLA LÓPEZ.


Azterketa dokumentala