Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

231. zk., 2022ko abenduaren 2a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
5271

EBAZPENA, 2022ko urriaren 10ekoa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez egiten baita Bilboko udal-mugartean Primitiva harrobian betelana gauzatzeko Cementos Lemona SAk sustatutako proiektuaren ingurumen-inpaktuaren txostena.

EGITATEZKO AURREKARIAK

Ingurumen Administrazioaren zuzendariaren 2019ko abuztuaren 9ko Ebazpenaren bitartez, Bilboko udal-mugartean Primitiva harrobian betelana gauzatzeko Cementos Lemona SAk sustatutako proiektuaren ingurumen-inpaktuari buruzko txostena eta irismenari buruzko dokumentua egin ziren. Ebazpen horretan, betelan-proiektuari ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egin behar zitzaiola zehaztu zen, hegazti harkaiztarren populazioarentzako leku esanguratsu batean dagoelako, eta, beraz, ingurumenean inpaktu nabarmenak eragin litzakeelako, espedienteko txostenetan jasota dagoenez.

2021eko maiatzaren 7an, Bilboko Udalak jendaurrean jarri zituen Armulaza inguruko Primitiva harrobiko (Castrejana gainaren hegoaldean, Arraiz gainaren mendebaldeko hegalean) betelan proiektua eta haren ingurumen-inpaktuaren azterketa, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 36. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, interesdunek egokitzat jotzen zituzten alegazioak aurkez zitzaten. Izapide horri buruzko iragarkia 2021eko maiatzaren 21eko Bizkaiko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu zen (95. zk.).

Jendaurreko informazioaren izapidea amaituta, Bilboko Udalak jakinarazi zuen ez zela alegaziorik jaso.

Jendaurreko informazioaren izapidearen aldi berean, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 37. artikuluan xedatutakoa aplikatzeko, Bilboko Udalak kontsulta-izapidea egin zien eraginpeko administrazio publikoei eta interesdunei. Emaitza espedientean jasota dago. Horri dagokionez, sustatzaileak adierazi du ingurumen-inpaktuaren azterketan kontuan hartu direla eraginpeko administrazio publikoen erantzun-txostenak.

Bilboko Udalak, 2022ko urtarrilaren 17an, Bilboko udal-mugarteko Primitiva harrobiko betelan-proiektuaren ingurumen-inpaktuaren adierazpena eskatu zion Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzari, Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorrean eta Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean xedatutakoari jarraikiz.

Eskabidearekin batera, honako dokumentazio hau aurkeztu zen:

– Primitiva harrobian (Bilbao – Bizkaia) betelana egiteko proiektu teknikoa, 2021eko martxokoa.

– Primitiva harrobian (Bilbao – Bizkaia) betelana egiteko proiektuaren ingurumen-inpaktuaren azterlana, 2021eko azarokoa.

– Primitiva harrobian (Bilbao – Bizkaia) betelana egiteko proiektuaren ingurumen-inpaktuaren azterlanaren eranskina, 2021eko azarokoa.

– Jendaurreko informazioaren izapidearen emaitzari buruzko dokumentazioa.

– Eraginpeko administrazio publikoei eta pertsona interesdunei egindako kontsulta-izapidearen emaitzei buruzko dokumentazioa.

– Proiektuaren azken proposamenean sartzea egindako kontsulten emaitza eta horiek nola hartu diren kontuan.

Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritza honetako zerbitzu teknikoek espedientearen azterketa teknikoa egin ondoren, ikusi zen kontsulten izapidearen ondoriozko txostenen artean ez zegoela Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren txostena. Txosten hori nahitaezkoa eta erabakigarria da ingurumen-organoak proiektuaren ingurumen-inpaktuaren adierazpena egiteko behar diren irizpen-elementuak izan ditzan.

Ondorioz, 2022ko otsailaren 23an, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritza honek erreferentziako proiektuaren ingurumen-inpaktuari buruzko txostena eskatu zion Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurumen Zuzendaritzari.

2022ko martxoaren 22an, txostena eskatu zitzaion Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurumen Zuzendaritza Nagusiari. 2022ko martxoaren 30ean, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak txosten hori helarazi zion organo substantiboari, Bilboko Udalari.

2022ko uztailaren 22an, Bilboko Udalak dokumentazio hau erantsi zion espedienteari:

– Bilboko Udaleko Mugikortasuneko eta Jasangarritasuneko Zuzendaritzaren txostena, Ingurumen Arloak egina, 2022ko uztailaren 15ekoa.

– Cementos Lemona SAk 2022ko maiatzaren 13an aurkeztutako dokumentazioa, Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurumen Zuzendaritza Nagusiak 2022ko martxoaren 18an bidalitako txostenari erantzuteko.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, lege horren helburua da ingurumenean ondorio adierazgarriak izan ditzaketen planen, programen eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautu behar duten oinarriak ezartzea. Eta, horrenbestez, ingurumenaren babes-maila handia bermatzen du lege horrek, garapen jasangarria sustatzea helburu hartuta.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7.1 artikuluan xedatutakoari jarraikiz, lege horren II. eranskinean jasotako proiektu publikoek zein pribatuek ezinbestekoa izango dute ingurumen inpaktuaren ebaluazioa, baldin eta ingurumen organoak, III. eranskineko irizpideei jarraikiz, ingurumen inpaktuaren txostenean hala erabakiz gero.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 35. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoa aplikatzeko, Bilboko Udalak, organo substantibo gisa, proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-prozedura arrunta egiteko beharrezkoa dena xedatu du. Horretarako, ingurumen-inpaktuaren azterketa bat gehitu du espedientean, kontsulta publikoak egin ditu, eta eragindako administrazio publikoek eta interesdunek prozeduran parte hartu dute.

Proiektuaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertuta, eta ikusirik ingurumen-inpaktuaren azterketa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, irismen-dokumentuan jasotako baldintzak barne, Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak ingurumen-inpaktuaren adierazpen hau eman du; bertan, proiektuaren proposamenean ingurumen-arloko alderdiak sartzearen alde egin da, eta proiektua aplikatzearen ondorio adierazgarrien aipamena jaso da, baita sartu beharreko azken oharrak ere, soilik ingurumen arlokoak. Zuzendaritza hori eskumeneko organoa da Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren arabera.

Xedapen hauek hartu dira kontuan: 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Bilboko udal-mugartean Primitiva harrobian betelana gauzatzeko Cementos Lemona SAk sustatutako proiektuaren ingurumen-inpaktuaren adierazpen hau egitea, ingurumen-ondorioetarako soilik.

2009ko maiatzaren 28ko bilkuran, Bilboko Udalak behin betiko onartu zuen Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren (HAPO) Aldaketa Puntuala, Arraiz-Artigas eremuan Igorritako Antolamendu Area bat ezartzeko, 2009ko maiatzaren 5eko 980. zenbakiko Foru Aginduak egindako ingurumen-inpaktuaren behin betiko txostenean adierazitako baldintzei jarraikiz. Aldaketa horrek Bizkaiko Hiri Hondakinak Kudeatzeko Plan Integralaren arlorako aurreikuspenak jasotzen zituen. Plan hori Bizkaiko Foru Aldundiak sustatu zuen eta ingurumen-inpaktuaren ebaluazio bateratua du, foru-organo horrek berak sustatuta. HAPOaren aldaketa horrek eremuaren garapena plan berezi batez egitea aurreikusia zuen.

2009ko ekainaren 2ko bilkuran, Bizkaiko Foru Aldundiak behin betiko onartu zuen Arraiz-Artigas Igorritako Antolamendu Areako Plan Berezia, Foru Aldundiko Ingurumen Sailak sustatua. Plan Bereziaren arau-testua eta Ingurumen Inpaktuaren Ebaluazio Bateratuari buruzko adierazpena 2009ko uztailaren 9ko BAOn argitaratu ziren (129. zk.).

Ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arruntaren xede den betelan-proiektua aipatutako «Arraiz-Artigas Igorritako Antolamendu Areako Plan Berezia» delakoaren esparruan dago. Plan horrek, Primitiva harrobiaren zuloan, eremuaren antolamendu xehatuaren beste zehaztapen batzuen artean, material solidoak tratatzeko eta berreskuratzeko eta balorizatu ezin diren materialak (Az Z-2.2) isurtzeko azpieremu bat instalatzea aurreikusi du, eta bertan hondakin solidoak tratatzeko eta aprobetxatzeko jarduerak egingo dira.

Ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arruntaren xede den proiektua Primitiva harrobiaren ustiapenak sortutako zuloa betetzean datza. Horretarako, 397.055 m3 lur eta harri jarriko dira, lurzoru naturaletan egindako indusketetatik eratorritakoak, eta hiru plataforma horizontal sortzea aurreikusi da, 155, 160 eta 165. kotetan, 16.560 m2-ko azalera erabilgarriarekin. Plataforma horiek hondakinak balorizatzeko industria-erabilera izan dezakete, aipatutako Plan Berezian aurreikusitakoaren arabera.

Betelana Zabalgarbik kudeatutako Bizkaiko hiri-hondakinen balorizazio energetikorako plantaren (erraustegia) eta hondakinen tratamendu mekaniko eta biologikorako Garbikerren instalazioen ondoan egingo da.

Betelanaren eremua harrobiko plazaren lursailen gainean dago, eta arroka gaineko oinarria 130. kotan dago. Materialak jarri aurretik, buztin trinkotuko metro bateko geruza bat zabalduko da. Ondoren, materialak jarriko dira, metro bateko geruzatan.

Mendebaldean, 3H:2V lubeta bat egongo da, 20 metroko zabalerako zaintza-zanga bat osatzen duena, harri-lubeta elkartuaren oinarekin, ubidearen ertz gisa. Plataformen artean (155, 160 eta 165), 1H:1V-ko malda duten ezpondak eta metro bateko altuera duen oin-harri-lubeta aurreikusi dira.

Hiru plataformen eremuan urbaniza daitekeen azalera 15.020 m2-koa da.

Betelana egiteko epea 5 urtekoa izatea aurreikusi da.

Instalazioak honako elementu hauek izango ditu:

– Arrain-hezur formako hondo-draina.

– Laginak hartzeko kutxatila, zeinak hondo-draineko urak bildu, eta betelanaren hasieran dagoen dekantazio-putzuraino doan ubidera bideratzen dituen.

– Euri-uren kanala: harrobiaren aurrealdetik, betelaneko lubetaren oinean, jariatze-urak desbideratzeko kanal bat jarriko da, 500 urteko birgertatze-aldirako diseinatua. Drainatze hori harri-lubeta elkartuarekin eraikiko da.

– Zerbitzu-bideko areka. Betelaneko plataformetako jariatze-urak biltzen ditu, eta azken helmuga sarrera-eremuan eraiki beharreko dekantazio-putzu bat da.

– Gurpilak garbitzeko instalazioa.

– Drainatze-sarean jasotako urak eta gurpilak garbitzeko eremukoak dekantatzeko putzua.

– Sarbideen itxitura eta kontrola.

– Barneko bidea.

– Babes-pantailak (harrobiaren aurrealdetik eror daitezkeen arrokez babesteko).

Sarbidea.

Betelanerako sarbidea Zabalgarbiko hondakinak tratatzeko plantakoa eta hondakinen tratamendu mekaniko eta biologikorako Garbikerren instalazioetakoa bera izango da. Zabalgarbiko instalazioen sarreratik aurrera, 700 metroko luzera izango duen pista bat jarriko da, zeina harrobiaren aurrealdearen eta industria-instalazioen artean joango den.

Bide hori atontzeko, plataformaren malda igoko da 140. kotaraino, Zabalgarbiko instalazioekiko paraleloan, eta, ondoren, 150. kotaraino.

Babes-zanga eta babes-pantailak.

Harrobiaren aurrealde zaharretik datozen blokeak eroriz gero, lan-eremuetara irits ez daitezen, babes-elementu hauek egitea aurreikusi da:

– Lur-dikea betelan-eremuaren ekialdeko ertzean, 3 metroko altuerakoa.

– Zaintza-zanga, 20 m-tik gorako zabalerakoa harrobiaren aurrealde zaharreraino, eta 5 m-ko sakonerakoa bidegunean eta 10 m-koa plataformen eremuan.

– Sarbidearen ekialdeko ertzean eta betelaneko azken plataformetan harri-jausietatik babesteko pantailak, 3 metroko altuerakoak eta estatikoak edo dinamikoak.

Betelana amaitu ondoren, azken plataformen ekialdeko ertzean pantaila estatiko bat instalatzea aurreikusi da. Jarduketa hori urbanizazio-lanetan gauzatuko litzateke, eta, beraz, ez dago betelan-proiektuaren barruan.

Bigarrena.– Baldintza hauek jartzea proiektua gauzatzeko (lotesleak dira, Euskal Autonomia Erkidegoko ingurugiroa babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 47.2 artikuluan xedatzen denaren arabera):

A) Proiektua garatzeko kondizioek jarraiki egingo diote indarrean dagoen araudiarekin eta ebazpen honen apartatu hauetan ezarritakoari, eta, aurrekoari aurka egiten ez dion guztian, proiektuaren ingurumen-inpaktua ebaluatzeko Bilboko Udalak Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan aurkeztutako dokumentazioan aurreikusitakoari.

Proiektu honen ingurumen-inpaktuaren ebaluaziori buruzko prozedurak, proiektuaren sustatzaileak aurkeztutako dokumentazio teknikoaz gain, kontuan izan du espedientean ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egiteko prozeduraren aldietan erantsitako txostenen edukia.

B) Proiektua aldatzen edo zabaltzen bada, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7. artikuluan xedatutakoa aplikatuko da.

Proiektuan egingo diren aldaketa puntualak arrazoitu egin beharko dira ingurumenaren ikuspegitik, aurreko paragrafoan adierazitako garrantzirik ez badute ere. Babes- eta zuzenketa-neurrietan, ingurumen-zaintzako programan, aurrekontuan eta baldintzen agirian jasoko dira proiektuari egiten zaizkion aldaketak.

C) Ingurumen-ebaluazioko prozeduraren alderdi garrantzitsuak.

Proiektua dagoen eremuan artifizializazio handia egin da, iraganean egindako erauzketa-jardueraren ondorioz, eta ondoren hondakinak tratatzeko eta balorizatzeko instalazioak hartu dituelako.

Hala ere, eta biziki esku hartutako eremua den arren, ingurumen-inpaktuaren azterlanaren informazioaren eta Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurumen Zuzendaritza Nagusiko Natura Ondarearen Zerbitzuak emandako txostenen arabera, Mina Primitiva kokalekua Bizkaiko hegazti harkaiztarren populazioarentzako leku nabarmentzat jotzen da. Gaur egun, Mina Primitiva konplexuko hormetan hegazti harkaiztarren zenbait espezie daude; hala nola, belatz handia (Falco peregrinus), belatxinga mokogorria (Pyrrhocorax pyrrhocorax), erroia (Corvus corax), belatz gorria (Falco tinnunculus) eta hontz zuria (Tyto alba). Lekua duela 20 urte baino gehiagotik monitorizatzen da, Natura Ondarearen Zerbitzuak harkaiztarrekin egiten duen jarraipenaren esparruan.

Bilboko Udaleko Ingurumen Azpisailak 2021eko ekainaren 8an egindako txostenak, halaber, agerian uzten du hutsuneak habiatze-kondizio egokiak dituela ingurumen-inpaktuaren azterketan adierazitako espezieentzat; hala nola, haitz-enara (Ptyonoprogne rupestris), Babes Bereziko Araubidean dauden Espezieen Zerrendan dagoena.

Bizkaiko Foru Aldundiko Natura Ondarearen Zerbitzuak 2022ko martxoaren 18an emandako txostenean jasotzen denez, proiektuaren exekuzioak eragin nabarmena du proiektuaren eraginpeko ingurunean identifikatutako hegazti harkaiztarren espezieetan, eta, bereziki, belatz handian (Basa eta Itsas Fauna eta Landaredian Arriskuan dauden Espezieen Euskal Autonomia Erkidegoko katalogoan sartutako espeziea da, espezie «arraro» gisa, eta atzerakada larrian dago Bizkaiko Lurralde Historikoan). Primitiva harrobiaren aurrealde zaharrak belatzaren lurralde aktiboa dira eta beraz, hura osatzen duten habiekin batera, ezinbestekotzat jotzen dira Bizkaian belatz handiak bizirik irauteko eta hazteko; gainera, beste espezie harkaiztar batzuek habia egiten dute bertan.

Txosten horren arabera, «proiektuak planteatzen dituen betelan-kotek harrobi zaharreko ezponden zati handi bat estaltzea ekarriko lukete, eta belatzak erabiltzen dituen habietako bi ezingo lirateke erabili, ia lurpean geratuko liratekeelako edo erabilera bermatu ahal izango lukeen distantzia ez-nahikora zabaldegitik. Bi belatz-habiez gain, belatxinga mokogorrien habia bat, belatz handien habia bat eta erroien habia bi ere kenduko lirateke, eta, beraz, proiektuak, egun duen idazketari jarraikiz, zalantzarik gabe eragingo lioke arriskuan dauden espezieen habitatari.»

Beraz, Natura Ondarearen Zerbitzuaren txosten horrek ondorioztatzen duenez, «proiektuak, planteatuta dagoen bezala, nabarmen eragiten die arriskuan dauden espezie garrantzitsuei, eta, beraz, ezin da baimendu».

Bestalde, betelana egiten den bitartean pista handitzeko lanek eta kamioien trafikoak eragin negatiboa izan dezakete hegazti harkaiztarrengan.

Ondorioz, hegazti-faunaren inguruko inpaktua minimizatzeko eta belatz handiak Mina Primitivaren inguruan duen lurraldea gal ez dadin, proiektatutako betelanaren azken kota aldatu behar da, 150 metrotan kokatuta. Ezabatu egin da, beraz, 155, 160 eta 165. kotetan plataformak sortzeko aurreikuspena.

Horrez gain, habiak egiteko eremuak eta hegazti harkaiztarren portaera monitorizatzeko babes- eta jarraipen-neurriak planteatzen dira.

D) Babes- eta zuzenketa-neurriak.

Neurri babesle eta zuzentzaileak indarreko araudiaren arabera gauzatuko dira, hurrengo apartatuetan adierazitakoa kontuan hartuta, eta, aurrekoen aurkakoa ez den orotan, sustatzaileak organo eskudunaren bidez Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan aurkeztutako dokumentazioan xedatutakoaren arabera.

Bestalde, neurri hauek eta kontrolerako langile kopurua nahikoak izango dira ingurumen-inpaktuaren azterketan finkatutako kalitate-helburuak eta ebazpen honek finkatzen dituenak bermatzeko.

Neurri horiek guztiak obra kontratatzeko baldintza-agirietan sartu beharko dira, eta baldintza horiek betetzen direla bermatuko duen aurrekontua ere izan beharko dute. Era berean, jardunbide onak ezarriko dira obretan.

Gehitu egin beharko dira honako apartatu hauetan adierazitako neurriak.

D.1.– Natura-ondarea babesteko neurriak.

Obrek Primitiva harrobiaren ezpondetan habiak egiten dituzten espezieengan duten eragina minimizatzeko, honako neurri hauek hartuko dira:

a) Proiektatutako betelanaren gehieneko kota ezin izango da Zabalgarbiko instalazioen kota (150. kota) baino handiagoa izan, eta kota handiagoko plataformak egitea baztertu egingo da.

b) Betelan-proiektuaren aldaketak proiektu teknikoa garatzen duen alternatiban ezarritako segurtasun-baldintzak betetzen direla ziurtatu beharko du; alternatibak meatze-zuloko ezpondak estaltzeko sareak eta buloiak erabiltzea baztertzen du. Alternatiba horrek, gainera, babes-zanga bat proposatzen du, 20 metro baino gehiagoko zabalerakoa, eta babes-pantailak ere bai ekialdeko ertzean.

c) Jarduera gauzatzeko erritmoak belatz handiaren hazkuntza-aldiak errespetatuko ditu, urte bakoitzeko otsailaren 15etik ekainaren 15era bitartekoak, gutxi gorabehera. Aldi horiek Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurumen Zuzendaritza Nagusiko Natura Ondarearen Zerbitzuak aldatu ahal izango ditu, proiektuaren ingurumena zaintzeko planaren emaitzen eta Natura Ondarearen Zerbitzuak egiten duen harkaiztarren jarraipenaren arabera.

d) Nolanahi ere, proiektua baimendu aurretik, organo substantiboak Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurumen Zuzendaritza Nagusiko Natura Ondarearen Zerbitzuaren txostena eskatu beharko du. Zerbitzu horrek hegazti-fauna babesteko beste neurri batzuk ezarri ahal izango ditu, bai lanak egiteko moduari dagokionez, bai lanak egiteko uneari dagokionez, bai eta ebazpen honen E.3 atalean aipatzen den hegazti-faunaren jarraipen-programari dagokionez ere.

e) Kontrol-neurriak hartuko dira lurrak mugitu diren eta landaretzarik gabe gelditutako eremuetan landare-espezie inbaditzaileak sar ez daitezen. Gainera, betelanean erabilitako materialen jatorria kontrolatu beharko da. Ahal dela, ez da erabiliko espezie inbaditzaileekin kutsatuta egon litekeen lurrik.

D.2.– Betelanean onar daitezkeen hondakinak.

a) Betelanean onartuko diren material bakarrak lurzoru naturaleko indusketetan ateratako lurrak eta haitzak izango dira, eta ez da 170504 EHZ kodean zehaztuetatik bestelako materialik onartuko, honako dekretu hauetan xedatutakoaren arabera: 49/2009 Dekretua, otsailaren 24koa, Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duena; eta 112/2012 Dekretua, ekainaren 26koa, Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena arautzen duena (EHZ 170504 kodea: 170503 kodean zehaztuetatik kanpoko lurra eta haitzak). Ez da onartuko adierazitakoez bestelako materialik eta, bereziki, lurzorua kutsa dezakeen jardueraren bat izan duten edo duten lursailetatik datozen materialak. Horretarako, beharrezko kontrol-neurriak hartuko dira.

b) Era berean, APM/1007/2017 Aginduan, urriaren 10ekoan, Hondeatutako material naturalak betelanetan eta jatorri-obretatik kanpoko beste obra batzuetan erabiltzeko balorizazio-arau orokorrei buruzkoan, xedatutakoa aplikatzekoa da.

D.3.– Ura eta lurzorua babesteko neurriak.

Organo eskudunak uraren arloan ezartzen dituen baldintzak betetzeaz gain, babes- eta zuzenketa-neurri hauek hartuko dira aplikatu beharreko prozeduren esparruan:

a) Betelanean sartuko diren materialak metatzearekin lotuta egiten diren jarduera guztiak garatzeko orduan, beharrezkoak diren segurtasun-baldintza guztiak bete beharko dira, lurzorua, lur azpiko urak eta lurrazaleko urak ez kutsatzeko.

b) Obratako makinak gordetzeko azalera eta horren mantentze-lanak egiteko tokiak drainatze-sare naturaletik isolatuko dira. Zola iragazgaitza eta efluenteak biltzeko sistemak izango dituzte, lurzorua eta ura, olio eta erregaien eraginaren ondorioz, kutsatu ez daitezen.

c) Bestalde, mantentze-lanak edo erregaia transferitzeko eragiketak horretarako egokituko den gunean egingo dira, horrela ez baitira lurrean olioak edo erregaiak isuriko.

d) Ezin izango da lurrazaleko edo lur azpiko urik bildu, horretarako nahitaezkoa den administrazio-emakida izan ezean.

e) Betelanak iraun bitartean, kamioiek obran sartzeko edo obratik irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira, gurpilak garbitzeko gailuak erabiliz.

D.4.– Atmosferako kutsadura prebenitzeko neurriak.

Ahalik eta hauts gutxien sortzeko ahaleginak egingo dira betelana egiten den bitartean, bai materialak garraiatzeko eragiketetan, bai materialak lurrean uzten diren bitartean. Horretarako, honako neurri hauek hartuko dira:

a) Sarbidean, ibilgailuen eta obrako makinen abiadura mugatuko da.

b) Garraiatutako zama olanaz estaliko da, eta, beharrezkoa izanez gero, gain-gainetik ureztatuko da.

c) Materialaren zamalanak ahalik eta hauts gutxien sortzeko moduan egingo dira.

d) Aldian-aldian, sarbideak garbituko dira, eta, harrotzen den hauts kantitatea zein den, ureztatzeak ere programatuko dira. Sarbideek egoera egokian egon beharko dute uneoro.

e) Garbiketa egiteko, zisterna-ibilgailuak erabiliko dira, edo, zenbait tokitan, presio-mahukak edo antzeko tresnak.

f) Ez da hondakinik erreko, ez eta inolako materialik ere.

D.5.– Lurzoruaren kalitatea aurreikusitako erabilerekin bateragarria izango dela bermatzera zuzendutako neurriak.

Betelanaren eremuan lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioan dagoen lurzati bat antzeman da. (Kodea: 48020-00847). Gainera, lurzoruaren kalitate-adierazpena izapidetu beharko da, baldin eta Lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 23. artikuluan aurreikusitako kasuren bat gertatzen bada.

D.6.– Zaraten eta bibrazioen ondorioak minimizatzera zuzendutako neurriak.

a) Betelana egin bitartean, zarata sorburuan murrizteko hainbat jardunbide egoki aplikatu beharko dira, bereziki materialak garraiatzeko eta deskargatzeko eragiketetan, erabilitako makinen mantentze-lan orokorretan, jatorriko zaraten eta dardaren murrizketan, makineria mugitzearen ondoriozko zarata moteltzen saiatzean, obretan erabilitako tresnerien soinu-emisioak kontrolatzeko orduan, eta abarretan. Nolanahi ere, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 51. artikuluan eta horri jarraikiz ezarritako araudian aipatutako zarata-foku berriei aplikatu beharreko muga-balioak bete beharko dira.

b) Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen soinu-emisioei buruz indarrean dagoen legerian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokio, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-emisioak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan eta arau osagarrietan ezarritakora.

D.7.– Hondakinak kudeatzeko neurriak.

a) Sortutako hondakin guztiak Ekonomia zirkularrerako hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legean eta aplikatzekoak diren araudi espezifikoetan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira, eta, kasuan-kasuan, bereizi egin beharko dira hondakin mota eta helmugarik egokiena zehazteko.

Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinak sortzea prebenitu behar da, edo, hala badagokio, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz kudeatu behar dira, hau da: prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa eta deuseztatzea barne.

b) Hondakinak kasu honetan baino ezin izango dira ezabatu: haiek balorizatzea teknikoki, ekonomikoki eta ingurumenaren ikuspegitik bideraezina dela behar bezala frogatzen bada. Eraikitze- eta eraispen-jardueren ondorioz sortutako hondakinak eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzen dituen otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan eta eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzen dituen ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan aurreikusitakoa betez kudeatuko dira.

c) Berariaz debekatuta dago sortzen diren tipologia bakoitzeko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin edota efluente batzuekin nahastea. Hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta horiek biltzeko eta biltegiratzeko baliabide egokiak jarriko dira, aipatutako nahasketa horiek ekiditeko.

d) Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak independenteak izango dira, baldin eta, tipologia dela eta, isurketa baten ondorioz nahasiz gero arriskutsuago bihurtu badaitezke edo kudeaketa zaildu badezakete. Halaber, Hondakin toxiko eta arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Legea betearazteko Erregelamendua onartzen duen uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak bete beharko dituzte, eta itxita egon beharko dute kudeatzaileari eman arte, isurita edo lurrunduta gal ez daitezen.

e) Sortutako olio erabilia industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatu beharko da. Olio erabiliak, baimendutako kudeatzaile bati eman arte, estalpean utziko dira behar bezala etiketatutako depositu estankoetan; zola iragazgaitz baten gainean egon beharko dute, kubo txikietan edo ihes eta isuriei eusteko sistemen barruan.

f) Gune jakin bat egokituko da aldi batez hondakin arriskutsuak pilatzeko; hala nola, olio-potoak, iragazkiak, olioak, pinturak eta abar. Gainera, hondakin geldoak biltzeko edukiontzi espezifikoak jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita.

D.8.– Jarduera uztea.

Behin betelana bukatuta, garbiketa-kanpaina sakona egin beharko da, obra-hondarrak kendu eta, beharrezkoa bada, aldi baterako instalazio guztiak desmuntatu. Horren ondoriozko hondakinak lan-eremutik aterako dira, eta, haiek kudeatzeko, ebazpen honen D.7 apartatuan xedatzen dena aplikatuko da.

D.9.– Obra-amaierako txostena.

Sustatzaileak obraren amaierako txostena bidali beharko dio Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari, organo substantiboaren bitartez. Txosten horretan, obrak egin ahala sortutako gorabeheren berri emango da, eta ingurumenaren inguruko eraginari buruzko azterlanean eta ebazpen honetan jasotako neurri babesleak eta neurri zuzentzaileak noraino bete diren adieraziko da.

Horrekin batera, eta hala badagokio, proiektua gauzatu bitartean sartutako aldaketak xehetasunez dokumentatu beharko dira, eta ingurumenaren inguruko eraginaren ikuspegitik duten justifikazioa azaldu. Era berean, eraikuntza fasean garatutako ingurumena zaintzeko programaren emaitzak dokumentatu beharko dira.

E) Ingurumena zaintzeko programa.

Ingurumena Zaintzeko Programa betetzeko, kontuan hartu beharko da sustatzaileak aurkeztutako proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa, bai eta ebazpen hauek ere:

E.1.– Gorabeheren erregistroa.

Obrak egin ahala sortutako gorabeheren erregistroa egin beharko da, bai eta neurri babesle eta zuzentzaileak zenbateraino bete diren jasotzeko erregistroa ere. Erregistro hori eskuragarri egon beharko da, Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak ikuska dezan. Proiektua gauzatzean aldaketarik egin bada, aldaketa horiek xehetasunez adierazi beharko dira. Ingurumenean duten eraginaren ikuspegitik justifikatu beharko dira aipatutako aldaketak.

E.2.– Obraren okupazio-mugen kontrola.

Betelan-kota ebazpen honen D.1 puntuan ezarritakoari jarraitzen diola egiaztatuko da, 150eko kota gainditu gabe betiere.

E.3.– Natura-ondarearen inguruko eraginak kontrolatzea.

Betelana egin bitartean, habiak egiten diren lekuen eta hegazti harkaiztarren portaeraren jarraipena egin beharko da, Bizkaiko Foru Aldundiko Natura Ondarearen Zerbitzuarekin koordinatuta eta hark ikuskapena egiteko ezartzen dituen baldintzen arabera. Era berean, laginketa espezifiko bat egingo da, gaian adituak diren langileek kiropteroen koloniak dituzten antzemateko.

Ingurumena zaintzeko programaren agiri bateginean, kontrol-neurri gisa, habiak egiteko puntuen eta hegazti harkaiztarren portaeraren jarraipena egingo da. Horretarako, belatz handiaren ugaltze-aldian hilero laginketak egingo dira, eta urtearen gainerakoan, hiru hilean behin.

Laginketa horren helburua izango da Primitiva harrobiko ezpondetan habiak egiten dituzten hegazti harkaiztarren espezieei buruzko informazioa eguneratzea, belatz handiak edo katalogatutako edo babes bereziko araubidean dauden beste espezie batzuek okupatutako habiak aurkitzea, eta obrek banakoen portaeran duten eraginaren jarraipena egitea. Jarraipena hegazti-faunan adituak diren langileek egingo dute, Bizkaiko Foru Aldundiko Natura Ondarearen Zerbitzuak gainbegiratuta.

Laginketak ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo hilean hasiko dira, eta betelanaren bizitza baliagarri osoan zehar luzatuko dira. Hegazti-faunaren jarraipena egiteaz arduratzen den pertsonak edo enpresak sei hilean behin txosten bat egingo du, zaintza-programaren urteko txostenean txertatuko diren kontrolen emaitzekin.

Sustatzaileak sei hilean behin bidaliko dizkio hegazti-faunaren kontrolari eta jarraipenari buruzko txostenak Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurumen Zuzendaritza Nagusiko Natura Ondarearen Zerbitzuari.

E.4.– Ingurumena zaintzeko programaren agiri bategina.

Ingurumena zaintzeko programaren dokumentu bategina egin beharko du sustatzaileak, non bilduko baitira ingurumen-inpaktuaren azterketan proposatutako betebeharrak eta ebazpen honetan jasotakoak.

Kontrolatuko diren parametroak eta parametro bakoitzerako erreferentziako balioak zehaztuko dira programa horretan, bai eta honako beste hauek ere: laginketarako eta analisirako metodologia, kontrol-puntuak non dauden kokatuta xehetasunezko kartografian, kontrol horien maiztasuna, eta hori guztia gauzatzeko aurrekontu zehaztua, programa betetzea bermatuko duena.

E.5.– Ingurumena zaintzeko programaren emaitzak bidaltzea.

Ingurumen-zaintzako programa osatzen duten analisi eta txostenen emaitzak behar bezala erregistratuko dira, eta organo substantiboaren bidez bidaliko dira Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzara.

Bidalketa hori urtean behin egingo da, eta obrak amaitu ondoren. Ingurumena zaintzeko programaren emaitzekin batera, ingurumen-gaietan espezializatutako entitate batek egindako txostena ere aurkeztu behar da. Aipatutako txostenean, emaitzen analisia jasoko da, eta aipamen berezia egingo zaie hegazti-faunaren jarraipenaren emaitzei, epe horretan izandako gertakari nagusiei, baita haien kausa eta konponbide posibleei ere.

Proiektuaren sustatzaileak datuak euskarri egokian bilduko ditu bi urtez gutxienez, eta datu horiek administrazio publikoen ikuskaritza-zerbitzuen eskura jarriko dira; hori guztia, hala ere, ez da eragozpen izango kasu bakoitzean aplikagarri den araudia betetzeko.

F) Baldin eta arautegi berria indarrean jartzeak edo barneratzen diren sistemen egitura eta funtzionamenduari buruzko ezagutza berri esanguratsuetara egokitu beharrak hala aholkatzen badute, babes- eta zuzenketa-neurriak eta ingurumen-zaintzako programa aldarazi ahal izango dira. Era berean, jardueraren sustatzaileak eskatuta edo ofizioz, ingurumen-organoak ere alda ditzake babes- eta zuzenketa-neurriak eta ingurumena zaintzeko programa, haien emaitzak ikusirik, edo ikusirik ingurumenaren gainean eraginik ez izateko eta ingurumenaren gaineko eragina zuzentzeko eta berdintzeko neurriak eskasak direla.

G) Ebazpen honen aurreko apartatuetan ezarritakoa alde batera utzi gabe, jarraian aipatzen diren agiriak helarazi beharko zaizkio ingurumen-organo honi, espedientean sartzeko. Dokumentazio hori organo substantiboak bidali beharko dio Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzari:

G.1.– Lanak hasi baino lehen, betelan proiektua, ebazpen honetako C eta D.1 atalek jasotakoaren arabera aldatua. Era berean, Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurumen Zuzendaritzaren nahitaezko txostena ere erantsiko da, proiektuarekin eta ebazpen honetako E.3 atalean aipatutako hegazti-faunaren kontrol- eta jarraipen-programarekin ados dagoela adierazteko.

G.2.– Lanak hasi baino lehen, ingurumena zaintzeko programaren agiri bategina, ebazpen honetako E.4. atalean aipatua.

G.3.– Urtero, jardueraren funtzionamendu-fasean garatutako ingurumena zaintzeko programaren emaitzak.

G.4.– Betelana amaitu eta bi hileko epea igaro baino lehen, haren garapenean sortutako gorabeheren erregistroa, babes- eta zuzenketa-neurriak noraino bete diren jasoko duena, ebazpen honen E.1 apartatuan aurreikusitakoaren arabera.

Hirugarrena.– Lau urteko epea jartzen da proiektua gauzatzen hasteko, ingurumen-inpaktuaren adierazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik aurrera. Hori igaro eta artean ez bada hasi proiektua egikaritzen, ingurumen-inpaktuaren adierazpen honi amaitu egingo zaio iraunaldia eta utzi egingo dio dagozkion ondorioak sortzeari. Kasu horretan, sustatzaileak berriro hasi beharko du proiektuaren ingurumen-inpaktua ebaluatzeko izapidea, aipatu epea luzatzea adosten ez bada behintzat. Hori guztia, otsailaren 27ko 3/1998 Legearen 47.8 artikuluan eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 43. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Laugarrena.– Aurreko apartatuan xedatutakoaren ondorioetarako, proiektuaren sustatzaileak aldez aurretik jakinarazi beharko dio ingurumen-organoari, organo substantiboaren bitartez, zer egunetan hasiko den proiektua gauzatzen.

Bosgarrena.– Ebazpen hau jakinaraztea Bilboko Udalari eta Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurumen Zuzendaritza Nagusiari.

Seigarrena.– Ingurumen-inpaktuaren adierazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko urriaren 10a.

Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,

JAVIER AGIRRE ORCAJO.


Azterketa dokumentala