Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

231. zk., 2022ko abenduaren 2a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LAN ETA ENPLEGU SAILA
5269

EBAZPENA, 2022ko azaroaren 24koa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiarena, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren erabaki bat argitara ematekoa. Erabaki horren bidez, gazte langabeak euskal enpresetan kontratatzeko 2022rako laguntza-deialdia –Lehen Aukera programa– finantzatzera bideratutako baliabide ekonomikoak handitzen dira.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak, 2022ko azaroaren 23ko bileran hartutako Erabakiaren bidez, gazte langabeak euskal enpresetan kontratatzeko 2022rako laguntza-deialdia –Lehen Aukera programa– finantzatzera bideratutako baliabide ekonomikoak handitzea erabaki du. Bada, bat etorriz maiatzaren 22ko 82/2012 Dekretuaren bitartez onartutako Lanbideren Estatutuen 10.2 artikuluaren n) apartatuan xedatutakoarekin, abuztuaren 30eko 98/2022 Dekretuak emandako idazketan, erakunde autonomo horren zuzendari nagusiari dagokio hura argitaratzea.

Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Argitara ematea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren 2022ko azaroaren 23ko Erabakia, gazte langabeak euskal enpresetan kontratatzeko 2022rako laguntza-deialdia –Lehen Aukera programa– finantzatzera bideratutako baliabide ekonomikoak handitzen dituena.

Bigarrena.– Jakinaraztea argitara ematen den Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren erabaki horrek onartzen den egunetik aurrera izango dituela ondorioak.

Hirugarrena.– Argitaratzen den Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren erabaki horren aurka, berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke organo horri berari, hilabeteko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke, zuzenean, Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hileko epean, ebazpena aldizkari horretan argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko azaroaren 24a.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusia,

MARÍA GLORIA MÚGICA CONDE.

ERABAKIA, LANBIDE-EUSKAL ENPLEGU ZERBITZUKO ADMINISTRAZIO KONTSEILUARENA, GAZTE LANGABEAK EUSKAL ENPRESETAN KONTRATATZEKO 2022RAKO LAGUNTZAK –LEHEN AUKERA PROGRAMA– FINANTZATZERA BIDERATUTAKO BALIABIDE EKONOMIKOAK HANDITZEN DITUENA.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak, 2021eko abenduaren 13ko bileran hartutako Erabakiaren bidez, gazte langabeak euskal enpresetan kontratatzeko 2022rako laguntza-deialdia onartu zuen –Lehen Aukera programa–, zeina 2021eko abenduaren 31n argitaratu baitzen Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (262. zk).

Deialdi horren arabera, 4.000.000 euro bideratuko dira laguntzak finantzatzera, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren aurrekontuaren kargura; zenbateko horretatik, 2.153.846 euro 2022ko ordainketa-kredituari dagozkio, eta 1.846.154 euro, 2023ko konpromiso-kredituari.

Hori da, hain zuzen, laguntzak emateko ezarri den muga. Dena den, deialdiak xedatzen du kopuru hori handitu ahal izango dela, indarrean dagoen legeriaren arabera aurrekontu-aldaketak onartzen badira. Hala balitz, hori guztia argitara eman beharko da.

Gazte langabeak kontratatzeko aurkeztu den eskabide kopuruak nabarmen gainditu ditu aurreikuspenak. Horrek esan nahi du, batetik, enpresek oso ongi erantzun diotela deialdiaren bidez lortu nahi den helburuari –hau da, gazteen enplegua sustatzeari– eta, bestetik, laguntzetara bideratutako baliabide ekonomikoak eskas geratu direla.

Beharrezkoa da, beraz, egoerari erantzuna ematea eta ekimen horretarako laguntza areagotzea, laguntza-programa hori ekonomikoki indartuz, ahalik eta eskaera gehienei erantzute aldera.

Horregatik guztiagatik, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak proposatuta, organismo autonomo horren Administrazio Kontseiluak, 2022ko arazoaren 23ko bilkuran, erabaki hau hartu du:

ERABAKIA

Gazte langabeak euskal enpresetan kontratatzeko 2022rako laguntza-deialdia –Lehen Aukera programa– finantzatzera bideratutako baliabide ekonomikoak handitzea (zenbatekoa: 3.997.221 euro), Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua organismo autonomoaren 3211-Enplegua programaren kargura, honela banatuta: 2.152.350 euro, 2022ko ordainketa-kredituaren kargura, eta 1.844.871 euro, 2023ko konpromiso-kredituaren kargura.

Ondorioz, aipatutako deialdiaren babesean emango diren laguntzak finantzatzera bideratuko den aurrekontu-kreditua 7.997.221 euro izango da, guztira; zenbateko horretatik, 4.306.196 euro 2022ko ordainketa-kredituari dagozkio, eta 3.691.025 euro 2023ko konpromiso-kredituari.

Lan-kontratuetarako dirulaguntzak Europako Gizarte Funtsarekin batera finantzatu daitezke, deialdian adierazitako baldintzetan.


Azterketa dokumentala