Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

231. zk., 2022ko abenduaren 2a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LAN ETA ENPLEGU SAILA
5268

EBAZPENA, 2022ko azaroaren 24koa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren zuzendari nagusiarena, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren erabaki bat argitara ematekoa. Erabaki horren bidez, txanda-kontratuak egiteko laguntza-deialdia finantzatzeko baliabide ekonomikoak handitzen dira, 2022ko ekitaldian.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak, 2022ko azaroaren 23ko bileran harturiko Erabakiaren bidez, txanda-kontratuak egiteko 2022ko ekitaldiko laguntza-deialdia finantzatzeko baliabide ekonomikoak handitzea erabaki du. Lanbideren Estatutuak onartzeko maiatzaren 22ko 82/2012 Dekretuaren (abuztuaren 30eko 98/2022 Dekretuan emandako idazkeran) 10.2 artikuluko n) apartatuan ezarritakoaren arabera, erakunde autonomo horretako zuzendari nagusiari dagokio erabaki hori argitaratzea.

Hori guztia dela-eta, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Argitara ematea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak 2022ko azaroaren 23ko bileran hartutako Erabakia, txanda-kontratuak egiteko laguntza-deialdia finantzatzeko baliabide ekonomikoak handitzen dituena 2022ko ekitaldian.

Bigarrena.– Jakinaraztea argitara ematen den Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren erabaki horrek onartzen den egunetik aurrera izango dituela ondorioak.

Hirugarrena.– Aditzera ematea argitaratzen den Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren erabaki horren aurka, berraztertze-errekurtsoa aurkez dakiokeela organo horri berari, hilabeteko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daitekeela, zuzenean, Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hileko epean, ebazpena aldizkari horretan argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko azaroaren 24a.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren zuzendari nagusia,

MARÍA GLORIA MÚGICA CONDE.

ERABAKIA, LANBIDE-EUSKAL ENPLEGU ZERBITZUKO ADMINISTRAZIO KONTSEILUARENA, ZEINAREN BIDEZ BALIABIDE EKONOMIKOAK HANDITZEN BAITIRA TXANDA-KONTRATUAK EGITEKO LAGUNTZA-DEIALDIA FINANTZATZEKO 2022KO EKITALDIAN

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak, 2021eko abenduaren 13ko bileran hartutako Erabakiaren bidez, txanda-kontratuak egiteko laguntzen deialdia onartu zuen 2022ko ekitaldirako (2021eko abenduaren 31ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria, 262. zk).

Deialdi horretan ezarritakoaren arabera, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren aurrekontuko 1.000.000 euro bideratuko dira laguntzak finantzatzeko. Zenbateko horretatik, 600.000 euro 2022ko ordainketa-kredituari dagozkio, eta 400.000 euro 2023ko konpromiso-kredituari.

Hori da, hain zuzen, laguntzak emateko ezarri den muga. Dena den, deialdiak xedatzen du kopuru hori handitu ahal izango dela, indarrean dagoen legeriaren arabera aurrekontu-aldaketak onartzen badira. Hala gertatuz gero, horren berri argitara eman beharko da.

Aurreikusitakoa nabarmen gainditu du txanda-kontratuetarako laguntzetarako jasotako eskaeren bolumenak. Horrek esan nahi du enpresek oso erantzun positiboa eman diotela deialdi honen xedeari, hau da: gure gizartean egoera ahulenean dauden kolektiboen (besteak beste, gazte eta 45 urtetik gorako langabetuak) laneratzea bultzatzea. Nolanahi ere, aldi berean, agerian geratzen da laguntza horietarako baliabide ekonomiko gutxi daudela.

Beharrezkoa da, beraz, egoerari erantzuna ematea eta ekimen horretarako laguntza areagotzea, laguntza-programa hori ekonomikoki indartuz, ahalik eta eskaera gehienei erantzute aldera.

Horregatik guztiagatik, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak proposatuta, erakunde autonomo horren Administrazio Kontseiluak, 2022ko azaroaren 23ko bilkuran, erabaki hau hartu du:

ERABAKIA

Txanda-kontratuak egiteko 2022ko ekitaldiko laguntza-deialdia finantzatzeko baliabide ekonomikoak 168.882 euro handitzea, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua organismo autonomoaren 32110-Emplegua programaren kargura, banaketa honen arabera: 101.329,20 euro 2022ko ordainketa-kredituari dagozkio, eta 67.552,80 euro, 2023ko konpromiso-kredituari.

Ondorioz, txanda-kontratuak egiteko laguntzak finantzatzeko aurrekontu-kreditua 1.168.882 euro izango da, guztira; zenbateko horretatik, 701.329,20 euro 2022ko ordainketa-kredituari dagozkio, eta 467.552,80 euro 2023ko konpromiso-kredituari.


Azterketa dokumentala