Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

230. zk., 2022ko abenduaren 1a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LAN ETA ENPLEGU SAILA
5246

AGINDUA, 2022ko azaroaren 22koa, Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburuarena, hauteskundeen arloko arbitraje-prozedurak gauzatzeko izendatutako arbitroen jarduketengatik ematen den konpentsazio ekonomikoaren ordainketari buruzkoa.

Langileen Estatutuaren Legearen testu bategina onartzen duen urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 76. artikuluak eta Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren Legearen testu bategina onartzen duen urriaren 30eko 5/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 44. artikuluak xedatzen dutenez, hauteskundeen arloan egiten diren aurkaratzeak arbitraje-prozeduraren arabera izapidetuko dira, eta manu horietan araututako prozeduren arabera izendatutakoak izango dira arbitro.

Euskal Autonomia Erkidegoan Sindikatu Hauteskundeen Bulego Publikoa, Batzordea eta Ikuskaritza sortzen dituen azaroaren 28ko 237/2000 Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarrian ezartzen da ezen Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailak ekonomikoki konpentsatuko dituela Langileen Estatutuaren 76. artikuluan eta sindikatu-hauteskundeen arloan aplikatu beharreko gainerako arauetan aurreikusten diren arbitraje-prozedurak gauzatzeko izendatutako arbitroek Euskal Autonomia Erkidegoan egiten dituzten jarduketak, helburu horretarako ezartzen diren aurrekontu-zuzkiduren kontura.

Era berean, aipatutako hirugarren xedapen gehigarriaren bigarren puntuan konpentsazio ekonomiko horren zenbatekoa ezarri zen.

Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuaren 2015eko ekainaren 3ko Aginduaren bidez (2015eko ekainaren 12ko EHAA, 109. zk.), hauteskundeen arloko arbitraje-prozedurak gauzatzeko izendatutako arbitroen jarduketengatik ematen den konpentsazio ekonomikoaren zenbatekoa eguneratu zen.

Agindu horren aplikazioan eskuratutako eskarmentuan oinarrituta, eta hura segurtasun juridiko handiagoz interpretatze aldera, komenigarritzat jotzen da Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuaren 2015eko ekainaren 3ko Aginduan ezarritako zenbatekoaren ordainketa zehaztea; hain zuzen ere, Langileen Estatutuaren 76. artikuluan, Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren 44. artikuluan eta sindikatu-hauteskundeen arloan aplikatu beharreko gainerako arauetan aurreikusten diren arbitraje-prozedurak gauzatzeko izendatutako arbitroek Euskal Autonomia Erkidegoan egiten dituzten jarduketengatik ematen diren konpentsazio ekonomikoei, hartzaileak zer zerga-betebehar dituen, BEZa aplikatzeari dagokionez.

Horregatik guztiagatik, azaroaren 28ko 237/2000 Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarriaren bigarren puntuak emandako eskudantzia erabiliz, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Konpentsazio ekonomikoaren zenbatekoa.

Hauteskunde-arloko nahitaezko arbitraje-prozesuetan esku hartzeko lan-agintaritzak izendatzen dituen arbitroek jasotzen duten konpentsazio ekonomikoaren zenbatekoa 250 euroan ezartzen da, BEZik gabe, oroharreko zenbateko gisa, ematen den arbitraje-laudo bakoitzeko.

Bigarrena.– Ordaindu beharreko zenbatekoa.

Ematen den arbitraje-laudo bakoitzeko ordaindu beharreko zenbatekoa 250,00 euro izango da, edo, hartzaileak bere izaeragatik zer zerga-betebehar dituen, hala badagokio, 250,00 euro gehi dagokion BEZa.

Hirugarrena.– Argitaratzea.

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea, herritar guztiek haren berri izan dezaten.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Errekurtsoak.

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio bideari, eta, beronen aurka, interesdunek aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez diezaiokete Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Ondorioak.

Agindu honek 2022ko urtarrilaren 1etik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko azaroaren 22a.

Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburua,

IDOIA MENDIA CUEVA.


Azterketa dokumentala