Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

223. zk., 2022ko azaroaren 22a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
5043

EBAZPENA, 2022ko abuztuaren 17koa, Ingurumen Jasangarritasuneko sailburuordearena, zeinaren bidez berrikusten eta aldatzen baita Recyclair SL sozietateari Aguraingo udal-mugartean (Araba) hondakin metalikoak sailkatzeko eta berreskuratzeko emandako ingurumen-baimen integratua.

EGITATEAK

1.– Orduko Ingurumeneko sailburuordearen 2015eko uztailaren 7ko Ebazpenaren bidez (geroago, ebazpen hauek aldatu zuten: 2015eko urriaren 13koa, 2017ko martxoaren 29koa, 2019ko uztailaren 24koa, 2019ko urriaren 24koa, 2021eko otsailaren 26koa eta 2021eko abenduaren 20koa), ingurumen-baimen integratua eman zen Recyclair SLk sustatutako hondakin metalikoak sailkatzeko eta berreskuratzeko jarduerarako, Aguraingo udal-mugartean (Araba), eta 16-I-01-000000000365 baimen-zenbakia esleitu zitzaion.

2.– 2021eko ekainaren 25ean, Ingurumen Organo honek Aguraingo Udalari eskatu zion, baimena berrikuste aldera, egoki iritzitako ohar guztien nahikotasun-txostena bidaltzeko, instalazioaren inguruan dituzten eskumenen esparruan. 2021eko uztailaren 12an, ingurumen-baimen integratua berrikusteko eskatu zitzaion dokumentazioa aurkeztu zuen Aguraingo Udalak.

3.– 2021eko irailaren 10ean, ingurumen-organoak, baimena berrikuste aldera, honako hauek igortzeko eskatu zion Recyclair SLri: instalazioaren funtzionamenduaren eta ondorioetan deskribatutako teknika erabilgarri onenen arteko alderaketa bat eta instalazioari buruzko bestelako dokumentuak.

4.– 2021eko urriaren 15ean, ingurumen-baimen integratua berrikusteko eskatu zitzaion dokumentazioa aurkeztu zuen Recyclair SLk.

5.– Aurkeztutako dokumentazioa nahikoa zela ikusita, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariak 2021eko azaroaren 29an emandako Ebazpenaren bidez erabaki zen jendaurrean jartzea, 30 egun baliodunez, ingurumen-baimen integratua emateko Recyclair SLk egindako berrikuste-eskabidea, egoki iritzitako alegazioak aurkezteko; horretarako, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu zen, 2021eko abenduaren 16an.

6.– Ingurumen-baimen integratua jendaurrean jartzeko izapideak amaituta, egiaztatu da ez dela alegaziorik aurkeztu.

7.– Urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren 16. artikuluan xedatutakoa aplikatuz, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak txostena eskatu zien Aguraingo Udalari eta Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailari, 2022ko otsailaren 11n.

8.– 2022ko martxoaren 8an, Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak txostena egin zuen, eta espedientean jaso da txosten horren emaitza.

9.– 2022ko abuztuaren 9an, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 20. artikuluan xedatutakoa betez, Recyclair SLren esku utzi zen espediente osoa.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

1.– 2016ko abenduaren 31n, Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu zen 1/2016 Legegintzako Errege Dekretua, abenduaren 16koa, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bategina onartzen duena.

2.– Aipatutako testu bateginaren 26. artikuluan daude ezarrita baimena berrikusteko baldintzak. Horri jarraituz, lau urteko epean, instalazioaren jarduera nagusiari dagozkion TEOen inguruko ondorioak argitaratzen direnetik aurrera, organo eskudunak ziurtatuko du instalazioaren baimenaren baldintza guztiak berrikusi direla eta, beharrezkoa izanez gero, egokitu direla, eta instalazioak aipatutako TEO erreferentzia-agirien ondorio aplikagarriak betetzen dituela.

3.– 2018ko abuztuaren 17an, Europar Batasunaren Egunkari Ofizialean argitaratu zen Batzordearen 2018ko abuztuaren 10eko 2018/1147 Betearazpen Erabakia (EB), hondakinak tratatzeko teknika erabilgarri onenei buruzko ondorioak ezartzen dituena, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren industria-isuriei buruzko 2010/75/EB Zuzentarauari jarraikiz.

4.– 2020ko urtarrilaren 27an, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu zen 4/2020 Dekretua, urtarrilaren 21ekoa, zeinaren bidez indargabetu egiten baita irailaren 25eko 183/2012 Dekretua, Ingurumeneko administrazio-prozeduretan zerbitzu elektronikoen erabilera arautzeko eta ingurumenean eragina duten jardueren Euskal Autonomia Erkidegoko erregistroa sortzeko eta arautzeko dena.

5.– Ingurumen-baimen integratua eman ondoren, ingurumenari buruzko araudi berria promulgatu da; beraz, egokia da indarrean dagoen araudi berrira egokitzea, ofizioz, Ingurumeneko sailburuordearen 2015eko uztailaren 7ko Ebazpenaren kondizioak, ebazpen horren hirugarren apartatuan ezarritakoari eta Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 44. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

6.– Adierazi behar da ebazpen honek kontuan izan dituela teknika erabilgarri onenak eta aplikatzekoa den sektoreko legeriak zehaztutako neurriak eta baldintzak, bai instalazioak gehienez isur edo igor ditzakeen gai kutsagarrien muga-balioak zehazteko, bai ingurumen osoa ahalik eta gehien babesteko helburuz, instalazioaren ustiapenari ezarriko zaizkion bestelako baldintzak erabakitzeko. Zehazki, Europako Batzordearen BREF dokumentu hauen edukiak hartu dira aintzat: Biltegiratzeko BREF («Reference Document on Best Available Techniques on Emissions from Storage»), 2006ko uztailekoa; eta hondakinen tratamendurako TEO («Best available techniques conclusions for waste treatment»), 2018ko abuztukoa.

7.– Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 72. artikuluan, izapideen kontzentrazioari buruzkoan, xedatutakoa aplikatuko da: «Administrazioa sinplifikatzeko printzipioari jarraikiz, egintza bakar batean erabakiko dira izaeragatik batera bultza daitezkeen eta nahitaez bata bestearen ondoren bete beharrekoak ez diren izapide guztiak».

8.– Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzak Ebazpen hau emateko eskumena du, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean eta Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko den otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuan aurreikusitakoaren arabera.

9.– Aipatutako legeria, eta, oro har zein berariaz, gai honetan aplikagarri diren gainerako xedapen guztiak aintzat hartuta, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Berrikustea Recyclair SLri 2015eko uztailaren 7ko Ebazpen bidez emandako ingurumen-baimen integratua (Aguraingo udal-mugartean –Araba– hondakin metalikoak sailkatzeko eta berreskuratzeko jarduera gauzatzeko), Batzordearen 2018ko abuztuaren 10eko (EB) 2018/1147 Betearazpen Erabakian azaltzen diren baldintzetan.

Bigarrena.– Aldatzea Recyclair SLri 2015eko uztailaren 7ko Ebazpenaren bidez emandako ingurumen-baimen integratua (hondakin metalikoak sailkatzeko eta berreskuratzeko jarduerarako), eta, zentzu horretan, ebazpen horren lehenengo, bigarren eta laugarren apartatuak ere aldatzea. Honela geratuko dira idatzita:

«Lehenengoa.– Recyclair SLri (sozietatearen egoitza: Kañuetas industrialdea 11, 16 eta 17, Aguraingo udal-mugartea; IFK: B45330636) ingurumen-baimen integratua ematea Aguraingo udal-mugartean hondakin metalikoak sailkatu eta berreskuratzeko instalazio bat jartzeko, ebazpen honen bigarren zenbakian zehaztutako baldintzekin.

Jarduera abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren (Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bategina onartzen duena) 1. eranskineko 5.4.d) kategorian dago sartuta:

"5.4. Hondakin arriskugabeak balorizatzeko edo balorizatu eta ezabatzeko instalazioak eguneko 75 tonatik gorako gaitasunarekin, baldin eta jarraian zerrendatuko diren jardueretako bat edo gehiago biltzen badituzte, hiriko hondakin-uren tratamenduari aplikagarri zaizkion arauak ezartzen dituen Lege Dekretuan (abenduaren 28ko 11/1995) bildutakoak izan ezik:

d) Tratamendua hondakin metalikoen birringailuetan, hondakin elektrikoak eta elektronikoak, eta balio-bizitzaren amaieran dauden ibilgailuak eta horien osagarriak barne.»

Gehien prozesatzen diren lehengaiak hauek dira: erabiltzen ez diren ibilgailuak zatikatzeko instalazioen hondakinak, kautxuen, plastikoen, zuraren, ehun-gaien, harrien eta metal ez-ferrikoen nahasketa. Gainerakoak honako hauek dira: metal zatikatuen nahasketak (aluminioa, kobrea, zamaka, altzairu herdoilgaitza), bai eta plastiko- eta kautxu-hondarrak ere. Erabiltzen ez diren ibilgailuak zatikatzeko instalazioetan pilatzen dira.

Aurreko materialak mekanikoki prozesatuta, prozesuan hauek berreskuratzen dira (R1203/R403 kudeaketa-eragiketa):

– Aluminio, kobre, altzairu herdoilgaitz eta zamak loteak, zeinak galdategiei edo handizkako biltegiei ematzen baitzaizkie.

– Burdina: purutasunaren arabera, zatikatzeko instalazioei (birprozesatzeko eta fintzeko), handizkako biltegiei edo beste industria batzuentzako gehigarri gisa hornitzen da.

– Harea-kalitate desberdinak, zeramika-industrian edo beste aplikazio batzuetan kontsumitzeko.

– Plastikoen hainbat kalitate, birziklatzeko.

– Hainbat aprobetxamendutarako egur-kontzentratuak.

– Ordezko erregaia: zementu-fabrikei edo bestelako etxe industrialei ematen zaie, kalitate desberdinetan, granulometriaren arabera.

– Hondakindegira bidaltzen den hondakin inertea; harearen, harriaren eta kautxu-zatien nahasketa, bai eta aprobetxatu ezin daitekeen plastikoa ere.

Prozesuaren gaitasunak hauek dira:

– Eguneko biltegiratze-gaitasuna (hartzea): 6 kamioi x 25 tona kamioiko = 150 tona eguneko.

– Eguneko prozesuaren gaitasuna: 2 tona lineako x 5 linea x 20 jarduera-ordu = 200 tona eguneko.

Prozesu nagusiak eta isurien kontrola deskribatzea:

11. partzela.

Neurrien araberako sailkapena (trommel) eta eskuzko hautaketa.

– Elikatze-tobera kapota handituarekin eta ura lainoztatzeko gailu integratuarekin.

– Garraio-elementuak, trantsizio-eremuak eta makina karenatuak eta konfinatuak.

– Materialak deskargatzea ateekin konfinatutako siloetan.

Bereizte magnetikoak, Foucault korronteak, ehotzeak, bahetzeak, hautsa kentzea, metal-detektagailuak, plastikoen hautaketa, birrintzeak, bereizketa granulometrikoa, bide lehorreko bereizketa dentsimetrikoa.

– Elikatze-toberak kapota handituekin eta ura lainoztatzeko gailu integratuekin.

– Garraio-elementuak, trantsizio-eremuak eta makina karenatuak eta konfinatuak.

– Materialak deskargatzea ateekin konfinatutako siloetan.

– Xurgapenak: 1. fokua, 2. fokua, 3. fokua, 4. fokua, 5. fokua, 6. fokua, 7. fokua, 8. fokua, 9. fokua, 10. fokua, 11. fokua eta 12. fokua.

– Xurgatuen garraio konfinatua, azken dentsifikaziorako.

Bide hezeko bereizketa dentsimetrikoak.

– Elikatze-toberak kapota handituekin eta ura lainoztatzeko gailu integratuekin.

– Garraio-elementuak, trantsizio-eremuak eta makina karenatuak eta konfinatuak.

16. eta 17. partzelak.

Berreskuratutako plastikoen kalitatea handitzeko prozesu-linea.

Zura hautatzeko prozesu-linea.

Prozesu dentsimetrikoko linea.

Recyclair SL sozietateak, hondakin metalikoak sailkatu eta berreskuratzeko jarduerarako, 5.834.542 kWh energia elektriko eta 130.413 kWh gas natural kontsumitzen du.

Prozesuetan sortutako hondakin-urak Aguraingo SAUI-3 industrialdeko udal HUAn tratatzen dira.

Sortutako hondakin arriskutsuak zein arriskugabeak ekipoak mantentzeko eta instalazioa zaintzeko jarduera orokorretatik datoz, nagusiki.

Recyclair SLren jardueran, BREFean hondakinak tratatzeko jasotako teknika erabilgarri onenak aplikatzen dira («Reference Document on Best Available Techniques in the Waste Treatments Industries», 2018ko abuztua): TEO1, TEO 2, TEO3, TEO4, TEO5, TEO6, TEO8, TEO11, TEO14, TEO17, TEO18, TEO20, TEO21, TEO23 eta TEO25."»

«Bigarrena.– Recyclair SLk Agurainen (Araba) sustatu duen hondakin metalikoak sailkatu eta berreskuratzeko jarduera ustiatzeko baldintza eta betekizun hauek ezartzea:

A) Gutxienez seiehun mila euroko (600.000) erantzukizun zibileko aseguru bat eratu beharko da, honako hauek estaliko dituena: hirugarren pertsonei edo horien ondasunei sortutako balizko kalteengatiko kalte-ordainak, eta baimen honek onartutako jardueraren ondorioz aldatzen den ingurumena konpondu eta leheneratzeko kostuak.

Aseguru horren zenbatekoa urtero eguneratu ahal izango da, aurreko 12 hilabeteetako kontsumoko prezioen indizearen arabera (KPI) handituz.

B) Administrazioarekiko harremanez arduratuko den pertsonaren gainean Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari eman dizkion datuetan aldaketarik balego, Recyclair SL enpresak aldaketa horien berri emango du.

C) Babes- eta zuzenketa-neurriak sustatzaileak Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzan aurkeztu dituen agirietan aurreikusi bezala ezarriko dira, indarrean dagoen araudiaren arabera eta ondorengo apartatuetan ezarritakoari jarraituz:

C.1.– Hondakinak onartu, hartu, maneiatu eta biltegiratzeko baldintzak eta kontrolak.

Instalazioan balorizazioa egiteko onar daitezkeen hondakinak hurrengo apartatuetan daude zehaztuta, horiek behar bezala kudeatzeko zehaztapenekin batera.

C.1.1.– Hondakin onargarriak.

Recyclair SL enpresak ondorengo Europako Hondakinen Zerrendako EHZ kodea duten hondakin hauek tratatu ahal izango ditu goian aipatutako tratamendu-sistemen bidez. Zerrenda hori Batzordearen 2014ko abenduaren 18ko Erabakiaren bidez argitaratu zen (Erabaki horren bidez aldatu egin zen 2000/532/EE Erabakia, hondakinen zerrendari buruzkoa, Europako Parlamentuaren eta Batzordearen 2008/98/EE Zuzentarauan xedatutakoa betez). Era berean, hondakinen kodeen esleipena eta haien sailkapena Erabaki horretan eta Batzordearen 1357/2014 Erregelamenduan (EB) ezarritakoaren araberakoa izango da –Batzordearen 1357/2014 Erregelamendua, 2014ko abenduaren 18koa, zeinaren bidez ordezten baita Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2008/98/EE Zuzentarauaren III. eranskina (zuzentarau hori hondakinei buruzkoa da eta zuzentarau jakin batzuk baliogabetu zituen)–. Hortaz, ondoren adierazten diren hondakin hauek baino ez dira onartuko:

a) Hondakin metalikoak sailkatu eta berreskuratzea.

(Ikus .PDF)

C.1.2.– Hondakinen sarrera kontrolatzea.

Instalaziora balorazioa egiteko iristen diren hondakinen kontrola egin beharko da, ebazpen honetako baldintzen arabera onargarriak direla bermatzeko.

Ezin izango dira onartu baimen honetan adierazitakoez bestelako hondakinak. Dena dela, kudeatu beharreko hondakinak zabaldu nahi izanez gero, beharrezkoa izango da aldez aurretik Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzaren onespena eta ebazpen honen I apartatuan adierazitakoa betetzea.

Lantegian tratatu beharrekotzat jotzen den hondakin-jatorri bakoitzeko, operadoreak kasuan kasuko tratamendu-kontratua igorriko dio Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari, beharrezkoa bada, hondakina onartzeko parametro mugatzaile edo baldintzatzaileen proposamena erantsita.

Hondakin bat onartzeko aukera egiaztatu eta gero, Recyclair SLk onarpenaren agiria bidaliko dio hondakinaren titularrari, non baldintzak eta, hondakina entregatzen ez bada, epemuga ezarriko baitira. Horrez gain, hondakina onartzeko parametro mugatzaileak edo baldintzatzaileak jasoko dira, eta, hala badagokio, hondakin-partida bakoitza hartu aurretik aztertu beharreko parametroak.

Beste autonomia erkidego batzuetatik datozen hondakinak lekualdatzeko, Estatuaren lurraldearen barruko hondakinen lekualdaketa arautzen duen 553/2020 Errege Dekretua, ekainaren 2koa, eta Euskal Autonomia Erkidegoan gerora egiten den arau horren garapena bete beharko da.

Hori hala izanik, hondakinak beste autonomia-erkidego batera lekualdatzeko, identifikazio-agiri bat aurkeztu beharko da, jarraipena eta kontrola egiteko, bat etorriz Ekonomia Zirkularra Bultzatzeko Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 31.2 artikuluarekin.

Unean uneko egoeraren ezaugarriei erreparatuta, ingurumen-organoak azalpenak eska ditzake, argitu diezaioten zergatik den ekonomikoki eta teknikoki ezinezkoa baimen honen baitako hondakinak Euskal Autonomia Erkidegoan kudeatzea, eta hori egingo du autosufizientzia- eta gertutasun-printzipioak aintzat hartuta, eta, betiere, Euskal Autonomia Erkidegoko Hondakinak Kudeatzeko eta Prebenitzeko 2030 Planaren helburu estrategikoak betetzeko.

Hondakinak Prebenitzeko eta Kudeatzeko Euskadiko 2030 Planaren helburu estrategikoetan ezarritakoaren arabera, hondakinak ebazpen honen babesean emandako tratamendu-kontratu baten kargura bidali aurretik, ingurumen-organo honek baliozkotu beharko du agiri hori. Recyclair SLk ezingo du kudeatu beharreko hondakin arriskutsurik jaso, organo honek aldez aurretik tratamendu-kontratua baliozkotzen ez badu; baliozkotze hori 15 egun naturaleko epean egin beharko da, kontratua jasotzen denetik hasita. Epe hori igarota, ez bada izan berariazko irizpenik, hura aldekoa dela ulertuko da. Baliozkotu beharreko tratamendu-kontratuan, honako datu hauek jaso beharko dira, besteak beste: parametro mugatzaileak, hondakinen identifikazioa eta, hondakina ematen ez bada, iraungitze-data.

Era berean, baldin eta hondakina onartzeko baldintzen jarraipena egitean ikusten bada baldintzak ez direla bete eta, beraz, partida ez dela onartu, berehala jakinarazpen bat bidali beharko zaio organo honi, posta elektroniko bidez (ippc@euskadi.eus), honako hauen berri emanez:

– Ez onartzeko arrazoia.

– Beste kudeaketa-bide bat ala hondakina bidaltzaileari itzultzea proposatzen den.

– Beste kudeatzaile bati bidaltzea proposatzen bada, derrigorrezkoa izango da dagokion tratamendu-kontratua aurkeztea, betiere lekualdaketa egin aurretik.

– Baldin eta ekoizleari itzultzen bazaio, identifikazio-agiriko gorabeheren apartatuan jaso beharko da gertakari hori, eta lekualdaketaren data eman.

Onartu ez den partida beste autonomia-erkidego batetik badator, jatorrizko ingurumen-organoari ere jakinarazi beharko zaio.

Hondakinak onartu eta jasotzeko aukera egiaztatu asmoz, Recyclair SL enpresak hondakinen onarpen-parametroak egiaztatzea ahalbidetuko duten baliabide teknikoak eta giza baliabideak izan beharko ditu uneoro.

Hondakin bat ezin bada onartu, zeinaren HEZ kodea hondakin baimenduen artean baitago, tratamendu negatiboaren kontratu bat egin beharko da, hondakin horiek kudeatzeko ezintasunaren arrazoiak azalduz.

C.1.3.– Zamalanak.

a) Hondakin horien zamalanak egiteko ibilgailuen geralekuek zolata iragazgaitza izango dute, eta, orobat, behar diren maldak eta balizko jarioak biltzeko sareak, horiek kutxatila itsurantz edo biltzeko putzurantz zuzentzeko, betiere bidean ibilgailuaren azpitik igaro gabe edo beste ibilgailu edo instalazio batzuetara hurbildu gabe.

b) Instalazioan, hondakinekin zamalanak egitean edo hondakinak manipulatzean, kontu handia izan beharko da ez dadin gertatu emisio lauso edo kontrolaz kanpokorik, edo bestela, emisiook ahalik eta txikienak izateko. Alde horretatik, garrantzitsua izango da ekipamenduen estankotasuna ziurtatzea.

C.1.4.– Jasotako hondakinak biltegiratzea.

a) Bi urtez gordeko dira gehienez balorizatu beharreko hondakinak.

b) Tratatu beharreko hondakinak biltegiratzeko instalazioek lurzoru estankoak izan behar dituzte, aurreikusitako karga guztiak jasateko eta horien isuri edo ihesak atxikitzeko gaitasunarekin. Hondakin onargarrien mota generiko bakoitzerako biltegiratze-gune bereiziak izango dira.

c) Euria sartzea eta haizeak arrastatzea saihesteko moduan egin beharko da instalazioan onartutako hondakinen biltegiratzea, tratamendua egin arte.

d) Hautsezko hondakinak multzoetan eta/edo gelaxketan gordeko dira, estaldura azpian, horiek tratatu arte.

e) Egoera fisiko likidoan edo oretsuan dauden edo oso bustita daudelako isurketak edo lixibiatuak sor ditzaketen hondakinen kasuan, horiek biltzeko kubeta edo sistema egokiak jarriko dira, ezbeharrez gerta daitezkeen isurketak kanpora irten ez daitezen. Bilketa-sistemek independenteak izan behar dute hondakin mota hauetarako: isuriren bat gertatu eta nahasiz gero, arriskugarritasuna handitzea edo kudeaketa zailtzea dakartenetarako.

f) Hondakinak desagertu, galdu edo eskapatzen badira, berehala emango zaie gertatutakoaren berri Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari eta Aguraingo Udalari.

g) Instalazioaren etenaldi teknikoaren egoera berezietan, edo instalazioaren ezohiko funtzionamenduaren ondoriozko bestelako egoeretan, Recyclair SL enpresak C.1.1. atalean adierazitako hondakinen transferentzia-zentro gisa jardun ahal izango du, hondakinak kudeatzeko beste instalazio baimendu batera eramateko.

C.1.5.– Kudeatutako hondakinen datuak erregistratzea.

Ekonomia zirkularrerako hondakin eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 64. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, Recyclair SL enpresak harrera-eskaerak, tratamendu-kontratuak (lehengo onarpen-agiriak) eta identifikazio-agiriak (lehengo kontrol- eta segimendu-agiriak) edota agiri ofizial baliokideak artxibatu beharko ditu gutxienez 5 urteko epean, non jasoko baita, hurrenkera kronologikoan, hondakinen kopurua, izaera, jatorria, destinoa eta hondakinak tratatzeko metodoa, eta, aplikatzekoa den kasuan, garraiobidea eta bilketa-maiztasuna. Aipatutako fitxategi kronologikoan sartuko da, orobat, hondakinen ekoizpen- eta kudeaketa-lanen agiri bidezko egiaztapenean bildutako informazioa, eta bertan, gutxienez, honako datu hauek jasoko dira:

– Onartutako hondakinen jatorria (jatorria eta prozesua, enpresa sortzailea eta enpresa garraiolaria).

– Hondakin horien kantitateak, izaera, konposizioa eta identifikazio-kodea.

– Hondakin-partida bakoitzaren onarpen- eta harrera-data, eta, hala dagokionean, ematean sortutako kontrol- zein segimendu-agiria.

– Onartu ez diren hondakin sortei buruzko datuak (jatorria, kopurua, enpresa garraiolaria, ez onartzeko arrazoiak eta beste norako bat, ordezko aukera gisa).

– Biltegiratutako hondakinak instalazioko zer tokitan dauden.

– Hondakin sortak aurretik egokitzeko edo multzokatzeko eragiketak, datak, parametroak eta partida horiei buruzko datuak, hondakinen ondorengo helmuga eta sorta bakoitzari emandako HEZ kodea.

– Instalazioko kudeaketa-lanen datak edo azken kudeatzaile baimenduari bidalketa egin zaionekoa, kudeatzaile horren identifikazio-datuak, eta, hala badagokio, sortutako identifikazio agiriarenak.

– Bereizitako hondakin arriskutsuen mota bakoitzaren izaera eta pisuarekiko zatikia.

Ebazpen honetako C.1.2 atalean aipatutako kontrolen emaitzak atal honetan araututako erregistroan jasoko dira, eta baita Recyclair SL enpresak egin ditzakeen kontrasteko horiek ere.

Hilean behin, Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzara bidali beharko dira (ippc@euskadi.eus helbide elektronikora), Excel formatuan, organo honek ezarritako eredua erabiliz eta bertan jasotako informazioa betez, indarreko urte osokoa eta hilabete bakoitzean egindako kudeaketak bereizita.

Artxibo kronologiko hori bost urtez gorde beharko da gutxienez, eta urtero bidali beharko da Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetza honetara, dagokion urteko ingurumena zaintzeko programaren barruan.

Ekonomia Zirkularra Bultzatzeko Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 65. artikuluan ezarritakoaren arabera, Recyclair SL enpresak, datuak jaso ondorengo urteko martxoaren 1a baino lehen eta dagokion ingurumena zaintzeko programaren barruan, artxibo kronologikoan jasotako informazioaren laburpen-memoria bat aurkeztu beharko du, gutxienez aipatutako arauaren XV. eranskineko edukia barne hartuko duena.

C.1.6.– Estatuz kanpotik inportatutako hondakinak.

Kudeatu beharreko hondakinak beste estatu batzuetakoak badira, Hondakinen lekualdaketei buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2006ko ekainaren 14ko 1013/2006 Erregelamenduan ezarritakoa bete beharko da.

Horrez gain, aurreikusten bada zabortegian ezabatu beharko direla inportatu beharreko hondakinak zein inportatutako hondakinen helmugako instalazioan aurreikusitako balioztatze- eta ezabatze-tratamendutik lortutako korronte esanguratsuren bat, orduan, kontsulta bat egin beharko zaio organo honi, justifikatuz aurreikusitako mugaz gaindiko lekualdaketak bat datozela EAEko Hondakinak Prebenitzeko eta Kudeatzeko 2030 Planean zehaztutako hondakinen inguruko plangintzaren helburuekin.

C.2.– Instalazioaren jardunerako baldintza orokorrak.

C.2.1.– Instalazioan tratatutako hondakinak egoki kudeatzen direla bermatzeko baldintzak.

C.1.1 atalean adierazten diren hondakinak onartu, jaso, ikuskatu eta biltegiratzeko baldintzak eta kontrolak alde batera utzi gabe, Recyclair SL sozietateak tratamendu-lerro hauetarako baldintza hauek betetzen dituela bermatu beharko du:

Tratamendu mekanikoa.

Manipulazio- eta tratamendu-eragiketak beti zoladura iragazgaitz baten gainean egingo dira.

C.2.2.– Kudeatutako hondakinen bizitza-amaierarako bete beharreko baldintzak.

Kudeaketa-prozesuaren ondoriozko burdinazko, altzairuzko eta aluminiozko txatarren kasuan, dagozkien adostasun-deklarazioak egin direla egiaztatu beharko da, Europako Kontseiluaren martxoaren 31ko 333/2011 (EB) Erregelamenduaren 5. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz. Erregelamendu horretan, txatar-mota jakin batzuek hondakin izateari noiz uzten dioten zehazteko irizpideak finkatzen dira, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2008/98/EE Zuzentarauaren arabera.

Era berean, aipatutako arauaren I. eranskinean finkatutakoarekin bat ez datozen ezaugarriak dituzten kudeaketa-prozesuaren ondoriozko burdinazko, altzairuzko eta aluminiozko txatarren kasuan, hondakin gisako kudeaketa egiaztatuko da, kudeatzaile baimendu baten dagokion tratamendu-kontratua aurkeztuz.

C.2.3.– Airearen kalitatea babesteko baldintzak.

C.2.3.1.– Baldintza orokorrak.

Recyclair SLren instalazioa ustiatzean, honako baldintza hauek bete beharko dira: atmosferara egingo diren emisioek ez gainditzea ebazpen honetan ezarritako balioak, eta Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzak jarraibide teknikoetan ezarritako baldintza teknikoak betetzea, giza osasuna eta ingurumena zainduta, betiere.

Prozesuan zehar aireratzen den gai kutsatzaile oro bildu eta bide egokienetatik kanporatuko da, behar denean, emisio horien ezaugarrien arabera diseinatutako gasak arazteko sistema batetik igaro ondoren.

Arau orokor honetatik salbuetsi ahalko dira emisio konfinatu gabeak, baldin eta teknikoki edota ekonomikoki atzeman ezin badira edo ingurunean oso eragin txikia dutela frogatua badago.

Neurri egokiak hartuko dira istripuzko emisioen probabilitatea murrizteko eta haien ondoriozko efluenteek arriskurik izan ez dezaten giza osasunerako eta segurtasun publikorako. Gas-efluenteak tratatzeko instalazioak behar bezala ustiatu eta mantendu beharko dira, efluenteen tenperatura- eta konposizio-aldaketei eraginkortasunez aurre egiteko moduan. Era berean, ahalik eta gehien murriztuko dira instalazio horiek gaizki dabiltzan edo geldirik dauden aldiak.

Atmosferako kutsadurari aurre egiteko neurriak daude jasota proiektuan, eta beti beteko dira neurriok. Bereziki, hautsa isurtzea ekiditeko neurriak hartuko dira: hala nola, agregakin-multzoak ureztatzea eta bideak garbitzea.

Atmosferaren arloko eskumenak dituen sailak argitaratutako jarraibide teknikoetan ezarritakoa bete beharko dute honako elementu hauek: sekzioa, neurketa-gunea, laginketa-guneak, neurketa-portuak, irisgarritasuna eta guneen segurtasuna eta zerbitzuak.

Organo horrek foku berri bat baimendu ondoren, hura abiarazten denetik sei hilabete igaro baino lehen, baimen honetan ezarritako kutsatzaileen emisio-kontrolei buruzko IKE txostena bidali beharko da; ingurumen-kontroleko erakunde batek egin beharko du txosten hori. Nolanahi ere, epe hori luzatzeko eskatu ahalko zaio Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari, betiere behar bezala justifikatutako arrazoiak direla medio.

C.2.3.2.– Fokuak identifikatzea. Katalogazioa.

Hondakin metalikoak sailkatu eta berreskuratzeko Recyclair SLren instalazioak B 09 10 09 06 (Txatarra zatikatzeko makinak eta birringailuak) eta B 09 10 09 51 (Txatarra biltegiratzea harrera-siloetan (150 t/egun), lehengaia) kodeei lotutako foku hauek ditu, atmosfera kutsa dezaketen jardueren katalogoan jasota daudenak –Airearen kalitateari eta atmosferaren babesari buruzko azaroaren 15eko 34/2007 Legea:

(Ikus .PDF)

Halaber, biltegiratze-prozesutik isurtze barreiatuen bi foku sortzen dira (AKDJ katalogazioa 04 02 10 51: berreskuratutako metalak, azken produktua). Horiek minimizatu egin beharko dira, baimen honetan ezarritakoaren arabera.

Isurtze barreiatuak minimizatzeko xedearekin, isurtzeak biltzeko sistemen mantentze-lan egokia egingo da; horrez gain, besteak beste, instalazioa garbituko da, kanpoko ateak eta nabearenak itxiko dira, eta ingurumen-praktika egokiak eta teknika erabilgarri onenak aplikatuko dira.

Foku ez-sistematikoetakoren bat, batez beste, urtean hamabi alditan baino gehiagotan funtzionatzera pasatuko balitz, ordubete baino gehiagoko iraupen indibiduala izanik, edo, maiztasuna edozein dela ere, emisioen iraupen orokorra instalazioaren funtzionamendu-denboraren ehuneko bostetik gorakoa bada, emisio-foku gisa araupetu beharko da.

Urte jakin batean foku sistematiko batek foku ez-sistematiko batek bezala funtzionatzen badu, ez da foku horren gaineko kontrolik egin beharko urte horretan. Ondoko urtean egin beharko da, baldin eta kontrola salbuesteko baldintzek ez badute bere horretan jarraitzen. Ingurumena zaintzeko dagokion programan justifikatu beharko da inguruabar hori.

C.2.3.3.– Isurketaren muga-balioak.

Instalazioa ustiatzean, atmosferara egiten diren isurtzeetan ez dira muga-balio hauek gaindituko:

(Ikus .PDF)

Balio horiek baldintza hauetarako dira: 273 K-ko tenperatura, 101,3 kPa-ko presioa, eta gas lehorra.

Aurreko emisioen muga-balioak errespetatzen direla joko da, baldin eta gutxienez 30 minutuko segidako hiru neurketen batez besteko balioak ez baditu emisioen muga-balioak gainditzen. Ondorio horietarako, laginketa-aldiko batez besteko balioa honela kalkulatuko da: gutxienez 30 minutuko ondoz ondoko hiru neurketaren batezbestekoa, neurketa bakoitzari baimen honetan zehaztutako metodoari dagokion konfiantza-tartea kenduta.

Nolanahi ere, neurtutako emaitza bakarraren % 95eko konfiantza-tarteen balioek ez dute gaindituko emisioen muga-balioen ehuneko hau: partikulak guztira % 30.

C.2.3.4.– Gasak hartu eta husteko sistemak.

Fokuetako hondakin-gasak kanporatzeko tximiniak ez dira egongo bigarren apartatuko C.2.3.2 azpiapartatuan ezarritako goreneko kotatik behera. Sekzioek eta lagin-puntuen kokapenak Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuaren 2012ko uztailaren 11ko Aginduaren bidez argitaratutako jarraibide teknikoetan ezarritakoa bete beharko dute.

Zehazki, laginak hartzeko aurreikusita dauden zuloen kokapenari eta ezaugarriei dagokienez, Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzaren jarraibide teknikoak bete beharko dira.

Emisio lausoak minimizatzeko helburuarekin, ihesak antzemateko ekipoak erabiliko dira, ingurumenaren kudeaketa egokia egingo da, eta instalazioa modu egokian diseinatuko da.

C.2.4.– Saneamendu-sarera isurtzeko baldintzak.

C.2.4.1.– Isurien sailkapena, jatorria, ingurune hartzailea eta kokalekua.

Isurpena sortzen duen jarduera mota nagusia: Metalak sailkatu eta berreskuratzea.

(Ikus .PDF)

C.2.4.2.– Isurketaren muga-balioak.

Saneamendu-sarera egiten diren isurtzeen parametroak etxekoak ez diren isurtzeak arautzen dituen Aguraingo 16. udal-ordenantzan ezarritakoak izango dira –instalazioak horra egiten ditu isurtzeak–, eta zerrenda honetan jasota daude, horietako bakoitzerako zehaztutako gehieneko mugak barnean direla:

(Ikus .PDF)

Metalentzako mugak ulertu behar dira, guztizko metal direnez eta ez metal disolbatu direnez.

Horrez gain, emisioen muga-balio batzuk ezartzen dira 2. eta 4. isurguneetarako. Balio horiek betetzen diren ebaluatzeko, honako hauek kontuan hartuta egin ahal izango da kalkulua: azken ingurune hartzailera egindako isurketa eta hondakin-uren araztegi hartzaileko kutsadura-murrizketa. Hauek dira emisioen muga-balioak:

(Ikus .PDF)

Ezingo dira diluzio-teknikak erabili, isurketen muga-balioak lortzeko.

C.2.4.3.– Arazteko eta husteko instalazioak.

11. partzela.

Lurzati osoan, euri-urak eta materialen xukatzea biltzeko sare kanalizatua dago.

Biltzeko kanalizazio hori ekaitz-tanga batean elkartzen da, zeinak dekantagailu gisa lan egiten baitu. Dekantagailu horrek gainezka egiten duenean, edukia hidrokarburo-bereizgailu batera doa. Bereizgailu horrek arbastatzeko burdin-sare bat, dekantagailua eta iragazki koaleszentea ditu.

Industrialdearen sarera isuritako ura, ondoren, industrialde horretan dagoen HUAn tratatzen da.

16. eta 17. partzelak.

Partzelek euri-uren eta azaleko jariatze-uren saneamendu-sare bat dute sarera isuri aurretik. Ur horiek solidoen sedimentatzaile batetik igaroko dira, eta, ondoren, koaleszentzia-iragazki bidezko hidrokarburo- eta olio-bereizgailu batetik. Iragazki horrek maila-hagaxka bat du iragazkiaren kolmatazio-maila egiaztatzeko.

Halaber, gainezkabide bat dago gainazaleko jariatzetik datozen gainerako uretarako –ur garbiak–, zeinak industrialdeko euri-uren sarera baitoaz.

Industrialdearen sarera isuritako ura, ondoren, industrialde horretan dagoen HUAn tratatzen da.

C.2.5.– Instalazioan sortutako hondakinak egoki kudeatzen direla bermatzeko baldintzak.

Instalazioetan sortutako hondakin guztiak Ekonomia Zirkularra Bultzatzeko Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legean eta aplikatzekoak diren araudi espezifikoetan ezarritakoaren arabera kudeatuko dira, eta, beharrezkoa bada, karakterizatu egin beharko dira euren izaera eta helmugarik egokiena zehazteko.

Berariaz debekatuta dago sortzen diren tipologia ezberdineko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin nahiz efluente batzuekin nahastea; beraz, jatorritik bertatik bereiziko dira hondakinak, eta haiek bildu eta biltegiratzeko bide egokiak jarriko dira, nahasketak ekiditeko.

Hondakinak kudeatzeari buruzko printzipio hierarkikoei jarraituz, hondakin oro balioztatu egin behar da, eta, horretarako, balioztatzaile baimendu bati entregatu beharko zaizkio. Hondakinak kasu honetan baino ezin izango dira deuseztatu: haiek balioztatzea teknikoki, ekonomikoki eta ingurumenaren ikuspegitik bideraezina dela behar bezala frogatzen bada. Birsortzea-berrerabiltzea lehenetsiko da balioztatzeko beste edozein moduren aurretik, izan materiala edo energetikoa.

Halaber, Euskal Autonomia Erkidegoan instalazio baimendurik badago hondakin zehatz batzuk tratatzeko, hondakin horiek instalazio haietara bidaliko dira lehentasunez, autosufizientzia- eta gertutasun-printzipioei jarraituz.

Hondakinen azken helmuga zabortegi baimenduan ezabatzea dela aurreikusten bada, hondakinak karakterizatzeko, Hondakinak hondakindegietan hartzeko irizpideak eta prozedurak ezartzen dituen Kontseiluaren 2002ko abenduaren 19ko 2003/33/EE Erabakiak xedatutakoari jarraituko zaio, bai eta Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuak ezarritako jarraibideei ere.

Instalazioan sortutako hondakinen kantitateak –ebazpen honetan daude jasota– orientagarriak dira soilik; kantitate horiek kalkulatzeko, kontuan hartu dira jardueraren ekoizpen-gorabeherak eta ekoizpenaren eta sortutako hondakinen arteko erlazioa. Azken datu horiek jardueraren adierazleetan ageri dira. Abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 10. artikuluan (4.d apartatua) ezarritakoa ezertan galarazi gabe, instalazioko aldaketak kalifikatzeko, kasu honetan soilik eskatu beharko da baimena egokitzea: baldin eta sortutako hondakinen kantitatea handitzeak aurretik ezarri diren biltegiratze- eta ontziratze-baldintzak aldatu beharra badakar.

Hondakinak biltegiratzeko eremuak edo eremuek lurzoru iragazgaitza izango dute. Egoera fisiko likidoan edo oretsuan edo oso bustita egoteagatik, hondakinok isurketak edo lixibatuak sor baditzakete, horiek biltzeko kubeta edo sistema egokiak izan beharko dira, gerta daitezkeen isurketak kanpora irten ez daitezen. Hauts itxurako hondakinen kasuan, hondakinak euri-urarekin bustitzea edo haizeak herrestan eramatea eragotziko da, eta, beharrezkoa izanez gero, estali egingo dira.

Hondakinak lehen aldiz atera aurretik, kudeatzaile baimenduari ematen zaizkion sortutako hondakinak behar bezala identifikatu eta sailkatzen direla justifikatu beharko da, bereziki hondakin arriskutsuen izaerari eta arrisku-ezaugarriei dagokienez, betiere honako zerrenda honetan ezarritako irizpideekin bat etorriz: Europako Hondakin Zerrenda, Batzordearen 2014ko abenduaren 18ko Erabakiz argitaratua, zeinaren bidez aldatzen baita hondakinen zerrendari buruzko 2000/532/EE Erabakia; eta Batzordearen 2014ko abenduaren 18ko 1357/2014/EB Erregelamendua, zeinaren bidez ordezten baita Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2008/98/EE Zuzentarauaren III. eranskina (hondakinei buruzko zuzentarau horrek zuzentarau jakin batzuk baliogabetu zituen). Hori egiaztatu ondoren, eguneratu egingo dira baimen honetan jasota eta hura izapidetzeko orduan indarrean zeuden identifikazioa eta sailkapena.

Hondakinak desagertu, galdu edo eskapatzen badira, berehala emango zaie gertatutakoaren berri Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari eta Aguraingo Udalari.

Sortutako hondakinak beste autonomia-erkidego batzuetara lekualdatzeko, Estatuaren lurraldearen barruko hondakinen lekualdaketa arautzen duen ekainaren 2ko 553/2020 Errege Dekretua eta Euskal Autonomia Erkidegoan gerora egiten den arau horren garapena bete beharko dira.

Hori hala izanik, hondakinak beste autonomia-erkidego batera lekualdatzeko, identifikazio-agiri bat aurkeztu beharko da, jarraipena eta kontrola egiteko, bat etorriz Ekonomia Zirkularra Bultzatzeko Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 31.2 artikuluarekin.

Nahitaezko aurretiko jakinarazpen-kasuetan, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 31. artikuluan aurreikusitako eta ekainaren 2ko 553/2020 Errege Dekretuaren 9. artikuluan garatutako kausetako bat gertatzen denean, hala organo honek nola helmugako autonomia-erkidegoko organo eskudunak hondakinak garraiatzearen aurka egin ahalko dute; arrazoitutako erabakia garraio-jakinarazpena aurkeztu eta gehienez ere hamar eguneko epean jakinarazi beharko diote operadoreari.

Hondakinak Estatutik kanpora esportatzen baldin badira, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2006ko ekainaren 14ko 1013/2006 Erregelamenduan hondakinak lekualdatzeari buruz ezarrita dagoena bete beharko da.

C.2.5.1.– Hondakin arriskutsuak.

Sustatzaileak hondakin arriskutsu hauek aitortu ditu:

1. prozesua «Zerbitzu orokorrak».

– 1. hondakina: «xurgatzaileak, iragazkiak eta trapuak (gai arriskutsuz kutsatutakoak)».

Identifikazioa: B45330636/0100002043/1/1.

Destinoko eragiketaren kodea: D15.

Osagai arriskutsuak: C41/51.

Arrisku-ezaugarria(k): HP5.

HEZ: 150202.

Urtean sortutako kantitatea: 30 kilogramo.

Xurgatzaileak eta zuntzak bildu eta elkartzen direnean sortzen da; olioz, disolbatzailez eta pinturaz bustitako trapuak, material xurgatzailea eta iragazkiak dira.

Hondakinarentzat identifikatutako bidoi metalikoan jasotzen da, sortzen den postuan edo postuetan; behin bete ondoren, hondakinen biltegira eramaten da, baimendutako kudeatzaileak erretira dezan.

– 2. hondakina: «olio erabiliak».

Identifikazioa: B45330636/0100002043/1/2.

Destinoko eragiketaren kodea: R13.

Osagai arriskutsuak: C51.

Arrisku-ezaugarria(k): HP5/6.

HEZ: 130110.

Urtean sortutako kantitatea: 50 kilogramo.

Olioa aldatzeko lanetan sortzen da; olio mekaniko eta hidrauliko erabiliak dira.

Hondakin horretarako identifikatutako bidoian jasotzen da, sortzen den postuan edo postuetan, makinak garbitzen direnean, eta hondakin arriskutsuen biltegira eramaten da.

Mantentze-lanetarako erabilitako olioa, ibilgailuak (pala kargatzaileak, eskorgak eta jasogailua) mantentzeko lanen ardura duen enpresak kudeatzen du, eta enpresa hori arduratzen da, baita ere, olio-aldaketak egiteaz.

– 3. hondakina: «Aerosolak (hondakin arriskutsuekin kutsatuta)».

Identifikazioa: B45330636/0100002043/1/3.

Destinoko eragiketaren kodea: R13.

Osagai arriskutsuak: C41/45.

Arrisku-ezaugarria(k): HP5.

HEZ: 160504.

Urtean ekoitzitako kantitatea: 20 kilogramo.

Ontzi hutsak jaso eta elkartzean sortzen dira. Olioak, pinturak, pintatzeko gehigarriak, disolbatzaileak, itsasgarriak, taladrina eta tinta jaso dituzten aerosolak dira.

Mantentze-lanetan hondakin horretarako identifikatutako metalezko bidoian jasotzen da. Bidoi hori nabearen barruan biltegiratzen da, eremu mugatuan, baimendutako kudeatzaileak eraman arte.

– 4. hondakina: «ur oliotsuak».

Identifikazioa: B45330636/0100002043/1/4.

Destinoko eragiketaren kodea: R13.

Osagai arriskutsuak: C51.

Arrisku-ezaugarria(k): HP5.

HEZ: 130208.

Urtean sortutako kantitatea: 4.500 kilogramo.

Olioa aldatzeko lanetan sortzen da; olio mekaniko eta hidrauliko erabiliak dira.

Ekaitz-tangan eta hidrokarburo-bereizgailuan biltzen eta atxikitzen dira. Horiek betetzen direnean, baimendutako kudeatzaileak eramaten ditu.

– 5. hondakina: «berunezko bateriak»

Identifikazioa: B45330636/0100002043/1/5.

Destinoko eragiketaren kodea: R13.

Osagai arriskutsuak: C18/23.

Arrisku-ezaugarria(k): HP8.

HEZ: 160601.

Urtean sortutako kantitatea: 140 kilogramo.

Tratatu beharreko hondakinarekin batera jasotzen diren bateria erabilien bereizketan sortzen da errefus modura, baterien kudeaketa okerra dela-eta; beruna eta disoluzio azidoa dituzte.

Erretiratu egiten dira, ibilgailuetakoren baten mantentze-lanetan, eta metalezko bidoian biltegiratzen dira, nabearen barruan, eremu mugatuan, baimendutako kudeatzaileak eraman arte.

– 6. hondakina: «metalezko ontziak (gai arriskutsuez kutsatuak)».

Identifikazioa: B45330636/0100002043/1/6.

Destinoko eragiketaren kodea: D15.

Osagai arriskutsuak: C41/51.

Arrisku-ezaugarria(k): HP5.

HEZ: 150110.

Urtean ekoitzitako kantitatea: 60 kilogramo.

Mantentze-lanetan sortutako ontzi hutsak jaso eta elkartzerakoan sortzen da; olioak, pinturak, pinturaren gehigarriak, disolbatzaileak, itsasgarriak, taladrina eta tinta eduki dituzten metalezko ontziak dira.

Hondakin horretarako identifikatutako metalezko bidoian jasotzen da, sortzen den postuaren ondoan, eta hondakinen biltegira eramaten da; beteta dagoenean, baimendutako kudeatzaileak erretiratzen du.

– 7. hondakina: «plastikozko ontziak (gai arriskutsuz kutsatutakoak)».

Identifikazioa: B45330636/0100002043/1/7.

Destinoko eragiketaren kodea: D15.

Osagai arriskutsuak: C41/51.

Arrisku-ezaugarria(k): HP5.

HEZ: 150110.

Urtean ekoitzitako kantitatea: 60 kilogramo.

Ontzi hutsak jaso eta biltzean sortzen da. Olioak, pinturak, pintatzeko gehigarriak, disolbatzaileak, itsasgarriak, taladrina eta tinta jaso dituzten plastikozko ontziak dira.

Hondakin horretarako identifikatutako metalezko bidoian jasotzen da, sortzen den postuaren ondoan; beteta dagoenean, nabera eramaten da, eremu mugatura, eta baimendutako kudeatzaileak erretiratzen du.

– 8. hondakina: «hodi fluoreszenteak».

Identifikazioa: B45330636/0100002043/1/8.

Destinoko eragiketaren kodea: R13.

Osagai arriskutsuak: C16.

Arrisku-ezaugarria(k): HP6.

HEZ: 200121.

Urtean sortutako kantitatea: unekoa.

Merkurioa duten lanpara erabiliak ordezkatzeko eragiketetan sortzen da.

Metalezko armairu batean biltegiratzen dira, bulegoen barruan, baimendutako kudeatzaileak eraman arte.

– 9. hondakina: «Osagai arriskutsuak dituzten ekipo baztertuak, 16 02 09tik 16 02 12rako kodeetan zehaztutakoak ez direnak (material elektronikoa)».

Identifikazioa: B45330636/0100002043/1/9.

Destinoko eragiketaren kodea: R13.

Osagai arriskutsuak: C6/18.

Arrisku-ezaugarria(k): HP6.

HEZ: 160213.

Urtean sortutako kantitatea: 5 kilogramo.

Ekipo elektrikoak eta elektronikoak aldatzeko eragiketetan sortzen da; baliogabetutako ekipo ofimatikoak dira.

Metalezko armairuan jasotzen da, bulegoen barruan, baimendutako kudeatzaileak eraman arte.

– 10. hondakina: «Pila alkalinoak eta gatzezko pilak».

Identifikazioa: B45330636/0100002043/1/10.

Destinoko eragiketaren kodea: R13.

Osagai arriskutsuak: C7/22.

Arrisku-ezaugarria(k): HP5.

HEZ: 200133.

Urtean sortutako kantitatea: unekoa.

Pila agortuak birjartzeko eragiketetan sortzen da, eta eraginkorragoa denez, elkartuta biltzen dira; merkurioa, kadmioa, zinka eta metalezko beste oxido batzuk dituzten pilak dira.

Hondakin horrentzat identifikatutako edukiontzian biltzen dira, horretarako berariazko eremuan.

a) Hondakin bakoitzaren egoera eta ezaugarriak aintzat hartuta ezartzen dira hondakin arriskutsu bakoitzari dagozkion izendapena eta kodetzea, eta baimena izapidetzean jasotzen da haiei buruzko informazioa. Kode batzuek aldaketaren bat izan badezakete ere, beste batzuk, oinarrizkoak direlako, aldatu gabe utzi behar dira ekoizpen-jardueran zehar. Horiek definitzen dute hondakina zer motatakoa den eta zer osagai arriskutsu dituen. Kudeaketa-bideetan hierarkizazioa zuzena dela egiaztatzeko, eta bai Hondakinak Kudeatzeko Europako Estrategian bai EAEko Hondakinak Prebenitzeko eta Kudeatzeko 2030 Planean ezarritakoa betetzen dela bermatzeko, hondakin bakoitzaren tratamendu-kontratuetan jasotako informazioa organo honek onartu beharko du, dagokion kudeatzaile baimenduak horretarako eskaera egin ostean. Egiaztatzeak garrantzi berezia izango du, batez ere, leheneratzea edo balioztatzea kudeatzeko eragiketa-kodearen arabera kudeatu diren hondakinen tratamendu-kontratuetan lagatze- edo ezabatze-kodeak baliozkotzeko eskatzen bada.

b) Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak bereiziak izango dira, duten tipologia dela-eta, jariorik gertatuz gero, nahasi, arriskutsuago bihurtu edo kudeaketa zaildu dezaketen kasuetan.

c) Hondakin arriskutsuak ontziratzeko, indarrean dagoen araudian ezarritako segurtasun-arauak bete beharko dira. Hondakin arriskutsuak dauzkaten ontziek eta ontzikiek etiketa argia, irakurgarria eta ezabagaitza eduki beharko dute, eta itxita egon beharko dute kudeatzaileari eman arte, edukiak jariatuta edo lurrunduta gal ez daitezen.

d) Hondakin arriskutsuak ezin izango dira 6 hilabetetik gora eduki biltegian.

e) Hondakinak kudeatzaile baimenduaren instalazioetara eraman aurretik, nahitaezko baldintza izango da agiri baten bidez egiaztatzea kudeatzaile baimendu horrek hondakinak onartzen dituela. Agiri horretan hondakinak onartzeko baldintzak ezarriko dira, eta egiaztatu egingo da tratatu beharreko hondakinaren ezaugarriak administrazio-baimenarekin bat datozela. Agiri hori Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzara bidaliko da hondakina lehenengoz erretiratu aurretik, eta, behar izanez gero, hondakinen kudeatzaile berri batengana bidali aurretik. Beharrezkoa izanez gero, karakterizazio zehatza egingo da, proposatutako tratamenduaren egokitasuna egiaztatzeko. Hala badagokio, arrazoitu egin beharko da proposatutako kudeaketa modua ebazpen honen hondakin-kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoei egokitzen zaiela.

f) Hondakin arriskutsuak eraman aurretik eta, hala badagokio, horretarako egin beharreko jakinarazpena aurretiaz eginda dagoela, araudian zehaztutako moduan, identifikaziorako dagokion agiria bete beharko da; agiri horren ale bat garraiolariari emango zaio, eta zamarekin batera eraman beharko da jatorritik helmugaraino. Recyclair SLk artxiboan erregistratu eta gutxienez hiru urtez gorde beharko ditu tratamendu-kontratuak eta identifikazio-agiriak edo agiri ofizial baliokideak.

g) Egiaztatu beharko da baimendutako kudeatzailearen instalazioetara hondakin arriskutsuak eramateko garraiobideak betetzen dituela halako gaiak garraiatzeari buruz indarrean dagoen legerian eskatutako betebeharrak.

h) Recyclair SL enpresak Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatu beharko du sortutako olio erabilia.

i) Gailu elektrikoen eta elektronikoen hondakinei buruzko otsailaren 20ko 110/2015 Errege Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira ekipamendu elektriko eta elektronikoen hondakinak; besteak beste, lanpara fluoreszenteenak. Halaber, Pilei eta metagailuei eta haien hondakinen ingurumen-kudeaketari buruzko otsailaren 1eko 106/2008 Errege Dekretuan xedatutakoa bete beharko dute pilen eta metagailuen hondakinek. Kudeatzaile baimenduaren tratamendu-kontratua izateko, garraioaren aurretiko jakinarazpena egiteko eta identifikazio-agiria betetzeko betebeharretik salbuetsita egongo dira kudeaketa-sistema integratuko kudeaketa-azpiegituretara eramaten diren hondakinak, bai eta toki-erakundeei ematen zaizkienak ere, gaika bildutako udal-hondakinekin eta haien parekoak direnekin batera kudeatu ditzaten, baldin eta dagokion toki-erakundeak eman izana egiaztatzen badu. Toki-erakundeei egindako entregak justifikatzeko egiaztagiriak hiru urtez gorde behar dira, gutxienez.

j) Recyclair SL enpresak PCB daukaten gailuak dituenez edo izan ditzakeenez, nahitaez bete behar ditu horiek behar bezala kudeatzeko abuztuaren 27ko 1378/1999 Errege Dekretua, poliklorobifeniloak, polikloroterfeniloak eta horiek dituzten gailuak ezabatu eta kudeatzeko neurriak ezartzen dituena, eta errege-dekretu hori aldatzen duen otsailaren 20ko 110/2015 Errege Dekretua.

k) Europako Parlamentuak eta Kontseiluak ozono-geruza agortzen duten substantzien gainean 2009ko irailaren 16an eman zuen 1005/2009/EE Erregelamenduak adierazten dituen substantzia erabiliak baldin baditu Recyclair SL enpresak, berreskuratu egingo ditu, aldeek onetsitako bitarteko teknikoen bidez edo ingurumenaren ikuspegitik onargarri den beste edozein deuseztatze-bide tekniko erabiliz; bestela, birziklatzeko edo birsortzeko erabiliko ditu aparatuak berrikusteko edo mantentzeko eragiketetan, edo desmuntatu edo deuseztatu aurretik.

l) Recyclair SL enpresak urtero adierazi beharko dio Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari, ekitaldi bakoitzean sortu dituen hondakin arriskutsu guztien jatorria, kopurua, helburua eta aldi baterako biltegiratuta dauden hondakinen zerrenda. Datu horiek dagokion urteko ingurumena zaintzeko programarekin batera bidaliko dira.

m) Ekonomia Zirkularra Bultzatzeko Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 65. artikuluan ezarritakoaren arabera, Recyclair SL enpresak, datuak jaso ondorengo urteko martxoaren 1a baino lehen eta dagokion ingurumena zaintzeko programaren barruan, artxibo kronologikoan jasotako informazioaren laburpen-memoria bat aurkeztu beharko du, zeinak lege horren XV. eranskinean agertzen den gutxieneko edukia barne hartu beharko baitu.

n) Ekonomia zirkularra Bultzatzeko Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 64. artikuluaren arabera, Recyclair SLk formatu elektronikoko artxibo kronologiko bat izan beharko du, non jasoko baitira, ordena kronologikoan, sortutako hondakinen kopurua, mota eta jatorria, bai eta berrerabiltzeko, birziklatzeko, beste balioztatze-eragiketa batzuk egiteko eta deuseztatzeko produktu, material edo substantzien eta horien ondoriozko hondakinen kopurua ere; eta, hala badagokio, eragiketa horien ondorioz sortutako hondakinaren helmuga, bilketaren maiztasuna, garraiobidea eta aurreikusitako tratamendu-metodoa ere inskribatuko dira, bai eta produktu, material eta substantzien helmuga ere. Artxibo kronologikoaren inskripzioak apirilaren 8ko 7/2022 Legearen II. eta III. eranskinen arabera baimendutako tratamendu-eragiketa bakoitzeko egingo dira, aplikatzekoa denean. Hondakinen ekoizpen- eta kudeaketa-lanetarako eskatutako egiaztatze dokumentaleko informazioan oinarrituz osatuko da artxibo kronologikoa. Artxibo kronologiko hori bost urtez gorde beharko da gutxienez, eta urtero bidali beharko da Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetza honetara, dagokion urteko ingurumena zaintzeko programaren barruan.

o) Hondakin arriskutsuak kudeatzearen oinarrizko printzipioetako bat betetzeko, hain zuzen ere, mota horretako hondakin ahalik eta gutxien sortzea, Recyclair SLk hondakin arriskutsuen sorrera minimizatzeko plan bat egin eta aurkeztu beharko dio Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari, lau urtetik behin, Ekonomia Zirkularra Bultzatzeko Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 18.7 artikuluak ezartzen duen moduan, betiere Recyclair SLk urtean 10 t hondakin arriskutsu baino gutxiago sortzen ez baditu edo EMAS ziurtagiria edo haren baliokideren bat ez badu.

p) Baldin eta Ontziei eta Ontzien Hondakinei buruzko apirilaren 24ko 11/1997 Legearen lehenengo xedapen gehigarriari atxiki zaion hornitzaile batengandik eskuratutako merkataritza- edo industria-ontzi baten azken jabea bada Recyclair SL, bera izango da ontzi-hondakin edo ontzi erabili horren ingurumen-kudeaketa zuzena egitearen arduraduna, eta, beraz, hondakin hori kudeatzeko baimena duen kudeatzaile bati entregatu beharko dio.

q) Apartatu honetako e) eta f) (kudeatzaileak EAEn daudenean), m) eta n) apartatuetan adierazitako agiriak Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzara bidaliko dira transakzio elektroniko bidez, Euskadiko Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eskainitako kanal, sistema edo aplikazio informatikoak erabiliz.

r) Amiantoa duten hondakinak daudela hautemanez gero, Recyclair SLk 108/1991 Errege Dekretuaren (amiantoak ingurumenean sortzen duen kutsadura saihestu eta gutxitzeari buruzkoa) 3. artikuluan ezarrita dauden eskakizunak bete beharko ditu. Horrez gain, amiantoa duten hondakinak kudeatzeko manipulazioak 396/2006 Errege Dekretuan ezarritako aginduen arabera egingo dira; dekretu horren bidez ezarri ziren amiantoarekin lan egiterakoan segurtasun- eta osasun-arloan bete behar diren gutxieneko baldintzak.

C.2.5.2.– Hondakin arriskugabeak.

Sustatzaileak adierazitako hondakin arriskugabeak honako hauek dira:

(Ikus .PDF)

a) 08 03 18, 17 09 04 eta 19 12 12 hondakinen kasuan, hondakin horrek ispilu-sarrera du gaur egun indarrean dagoen Europako hondakinen zerrendan. Horrenbestez, horiek hondakin arriskugabetzat hartuko dira, baldin eta lehenengo aldiz ebakuatu baino lehen karakterizatzen badira; karakterizazio horren emaitzak Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzara bidali beharko dira, proposatutako kudeaketa egokia ote den egiaztatzeko. Hondakina arriskutsua dela erabakiz gero, ebazpen honetako C.2.5.1. apartatuan zehazturikoa aplikatu beharko da.

b) Hondakin-kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoei dagokienez bigarren apartatuko C.2.5 azpiapartatuan xedatutakoaren arabera, hondakinak balorizatu egin beharko dira, eta balorizatzaile baimendun bati eraman beharko zaizkio horretarako. Hondakinak kasu honetan baino ezin izango dira deuseztatu: haiek balioztatzea teknikoki, ekonomikoki eta ingurumenaren ikuspegitik bideraezina dela behar bezala frogatzen bada. Justifikazio tekniko hori lortzeko, hondakin hori onartzeko baimenduta dauden hiru kudeatzailek ezetza eman behar diote kasuan kasuko hondakina balioztatzeari.

c) Erabilitako ontziak eta ontzi-hondakinak gaika behar bezala bereizi eta eragile ekonomiko bati emango zaizkio –hornitzaileari–, erabilitako ontzien kasuan berriro erabili ahal izateko; ontzi-hondakinak, berriz, berreskuratzaile, birziklatzaile edo balioztatzaile baimendu bati emango zaizkio.

d) Baldin eta hondakin horiek deuseztatzeko badira, ezingo dira urtebete baino gehiagoz biltegiratuta eduki. Hondakinen azken helburua balorizatzea bada, ordea, 2 urtez gorde ahal izango dira.

e) Oro har, ebakuatu aurretik hondakin guztiek izan beharko dute kudeatzaile baimendu batek emandako tratamendu-kontratua, onarpen horretarako baldintzak zehaztuta. Hala badagokio, arrazoitu egin beharko da proposatutako kudeaketa modua ebazpen honen hondakin-kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoei egokitzen zaiela. Recyclair SLk erregistratu eta artxibategian gorde beharko ditu tratamendu-kontratuak edo haien agiri ofizial baliokideak, nahitaezkoak badira, gutxienez hiru urtez.

f) Hondakina zabortegian biltegiratuz gero, hondakin arriskugabea eraman aurretik jarraipen eta kontrolerako agiria bete beharra egongo da, otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan (hondakinak hondakindegian biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzekoa) ezarritakoari jarraikiz egingo da hondakinen karakterizazioa.

g) Balorizatzeko edo ezabatzeko helburuarekin, hondakinak beste autonomia-erkidego batera lekualdatzeko, identifikazio-agiri bat aurkeztu beharko da, jarraipena eta kontrola egiteko, ekonomia zirkularrerako hondakin eta lurzoru kutsatuei buruzko Legearen (7/2022, apirilaren 8koaren) 31.2 artikuluaren arabera.

h) Baldin eta Recyclair SL Ontziei eta Ontzien Hondakinei buruzko Legearen (apirilaren 24ko 11/1997) lehen xedapen gehigarriari atxiki zaion hornitzaile batengandik eskuratutako merkataritzarako edo industriarako ontzi baten azken jabea bada, ontzi-hondakin edo ontzi erabili horren ingurumen-kudeaketa zuzena egitearen arduraduna da, eta, beraz, hondakin hori kudeatzeko baimena duen kudeatzaile bati entregatu beharko dio.

i) Ekonomia Zirkularra Bultzatzeko Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 65. artikuluan ezarritakoaren arabera, Recyclair SL enpresak, datuak jaso ondorengo urteko martxoaren 1a baino lehen eta dagokion ingurumena zaintzeko programaren barruan, artxibo kronologikoan jasotako informazioaren laburpen-memoria bat aurkeztu beharko du, zeinak lege horren XV. eranskinean agertzen den gutxieneko edukia barne hartu beharko baitu.

j) Ekonomia zirkularra Bultzatzeko Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 64. artikuluaren arabera, Recyclair SLk formatu elektronikoko artxibo kronologiko bat izan beharko du, non jasoko baitira, ordena kronologikoan, sortutako hondakinen kopurua, mota eta jatorria, bai eta berrerabiltzeko, birziklatzeko, beste balioztatze-eragiketa batzuk egiteko eta deuseztatzeko produktu, material edo substantzien eta horien ondoriozko hondakinen kopurua ere; eta, hala badagokio, eragiketa horien ondorioz sortutako hondakinaren helmuga, bilketaren maiztasuna, garraiobidea eta aurreikusitako tratamendu-metodoa ere inskribatuko dira, bai eta produktu, material eta substantzien helmuga ere. Artxibo kronologikoaren inskripzioak apirilaren 8ko 7/2022 Legearen II. eta III. eranskinen arabera baimendutako tratamendu-eragiketa bakoitzeko egingo dira, aplikatzekoa denean. Hondakinen ekoizpen- eta kudeaketa-lanetarako eskatutako egiaztatze dokumentaleko informazioan oinarrituz osatuko da artxibo kronologikoa. Artxibo kronologiko hori bost urtez gorde beharko da gutxienez, eta urtero bidali beharko da Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetza honetara, dagokion urteko ingurumena zaintzeko programaren barruan.

k) Apartatu honetako e), f) (kudeatzaileak EAEn daudenean) g), j) eta k) letretan adierazitako agiriak Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzara bidaliko dira transakzio elektroniko bidez, Euskadiko Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eskainitako kanal, sistema edo aplikazio informatikoak erabiliz.

C.2.6.– Lurzorua babesteari lotutako baldintzak.

Bat etorriz urtarrilaren 14ko 9/2005 Errege Dekretuan, ekainaren 25eko 4/2015 Legean eta abenduaren 26ko 209/2019 Dekretuan (Lurzorua Kutsatzea Saihestu eta Kutsatutakoa Garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legea garatzen duena) ezarritako aginduak betetzeko aurkeztutako lurzoruaren egoerari buruzko txostenarekin, eta hor jasotako gomendioei jarraikiz, Recyclair SLk lurzorua babesteko behar diren neurriak hartu beharko ditu, manipulatutako materialen eta identifikatutako arrisku-eremuen arabera.

Ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 16. artikuluko 2. apartatuarekin bat etorriz, lurzoruaren egoeraren txostenak aurkeztu beharko dira, gutxienez, 5 urtean behin.

Halaber, aurreko lerrokadan aipatutako araudian, abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuan eta urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuan ezarrita dauden lurzorua babesteko betebeharrak betetze aldera, sustatzaileak honako hauek aurkeztu beharko ditu:

– Oinarrizko txostena, abenduaren 26ko 209/2019 Dekretuaren 20. artikuluan aipatutako epeak eta maiztasunak beteta.

– Lurzoruen eta lurpeko uren kontrol- eta jarraipen-agiriak, urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren 10.2 artikuluan ezarritako epeak aintzat hartuta.

Nolanahi ere, sustatzaileak lurzoruen dokumentu bakar bat bidaliko du, ikerketa-lanak egiten eta lurzoruaren kalitatea leheneratzen diharduen erakunde egiaztatu batek egina, eta aipatutako txostenak bilduko ditu hor (lurzoruaren egoerari buruzko aldizkako txostena, oinarrizko txostena eta lurzoruen eta lurpeko uren kontrol- eta jarraipen-agiriak). Emandako agiriak aldatu edo agiri berriak eman behar diren bakoitzean, lurzoruen agiri bakar berri bat bidaliko da.

Lur-mugimenduak.

Sustatzaileak baldintza hauek bete beharko ditu instalazioetan egindako aldaketek eragindako lur-mugimenduei dagokienez:

1.– Instalazioa baimenduta dagoen lurzatiaren barruan lurrak mugitzea dakarren aldaketa bat aurreikusiz gero:

a) Bat etorriz ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 25. artikuluko 1.c) apartatuan jasotzen denarekin, induskatu beharreko materialak (lurrak, eraiste-hondakinak, etab.) karakterizatu egin beharko ditu jardueraren sustatzaileak, ekintza kutsatzaileen ondorioz erasan zaien ala ez egiaztatzearren eta, karakterizazio horren emaitzen arabera, horiek kudeatzeko modu egokiena zehaztearren.

b) Jarduketa horretan aurreikusten bada induskatu beharreko materialen bolumena 500 m3-tik gorakoa dela (zolatak barne), edo jarduketak dirauen bitartean gainditze hori antzematen bada, nahitaezkoa izango da indusketa selektiborako plan bat aurkeztea, lurzoruaren kalitatea ikertzeko eta leheneratzeko egiaztatuta dagoen erakunde batek egina. Abenduaren 26ko 209/2019 Dekretuaren IV. eranskinean adierazitako edukia jaso beharko du indusketa-planak, eta ingurumen-organoak onartu beharko du hura gauzatu aurretik.

c) Induskatu beharreko bolumena 500 m3-tik beherakoa bada, aldaketaren jakinarazpenak honako informazio hau jaso beharko du:

– Jarduketa sustatu duen pertsona fisiko edo juridikoaren eta jarduketa egingo duen kontratistaren identifikazioa.

– Jarduketaren xede den lekua non dagoen, baita Lurzoruaren Kalitatearen Administrazio Erregistroaren erreferentzia ere.

– Jarduketaren xede den eremuaren mugaketa eta azalera. Jakinarazpenean, lurzatia eta jarduketa-gunea zehatz-mehatz non dauden jakitea ahalbidetzen duten planoak erantsiko dira.

– Jarduketaren deskribapen xehatua.

– Induskatuko diren materialen bolumena, zolatak barne.

– Ingurumen-jarraipenerako lanen eta azken txostena egitearen arduradunaren identifikazioa; artikulu honetan aipatutako kasuetan erakunde egiaztatua izan beharko du.

– Jarduketa hasteko aurreikusitako datak.

d) Aurreko kasuetako edozeinetan, obra burutu ondoren, azken txostena bidali beharko da, eta, bertan, lurren karakterizazioaren emaitzak adierazi beharko dira. Horrez gain, induskatutako materialak egoki berrerabili edo kudeatu izana egiaztatzeko txosten bat ere igorri beharko da. Indusketaren bolumena 100 m3-tik gorakoa bada, erakunde egiaztatu batek egingo ditu ingurumen-jarraipenerako lanak eta txostena.

e) Arau orokor gisa, Kutsatutako lurzoruetan indusketa selektiboak egiteko gidan jasotako irizpideak beteko dira. Esteka honetan eskura daiteke gida:

https://www.ihobe.eus/argitalpenak/kutsatutako-lurzoruetan-indusketa-selektiboak-egiteko-gida

f) Soberakinak hondakindegian biltegiratuz hustu nahi izanez gero, otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan (hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duena) ezarritakoari jarraikiz egingo da hondakinen karakterizazioa. Oro har, laginketa egiteko, irizpide hauei jarraituko zaie: abenduaren 26ko 209/2019 Dekretuaren IV. eranskinean eta gidaren 10.2.6 apartatuan («Induskatu behar diren lurzoruetan in situ egindako laginketa») biltzen diren induskatu beharreko materialen karakterizazio-kanpaina diseinatzerakoan kontuan hartu behar diren oinarrizko irizpideak.

g) Soberako materialak instalazioan bertan berrerabili ahal izateko, balio hau izan beharko dute material horiek: Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legeak ezarritako EBA-B (industria-erabilera) balioaren azpikoa. Horrez gain, lur horien hidrokarburo-edukia ezin izango da arriskutsua izan. Horretarako, erakunde egiaztatu batek egin beharko ditu laginketa eta azterketa, urriaren 10eko 199/2006 Dekretuaren arabera, zeinaren bidez ezartzen baita lurzoruaren kalitatea ikertu eta berreskuratzeko erakundeak egiaztatzeko sistema, eta zehazten baita erakunde horiek lurzoruaren kalitatearen gainean egindako ikerketen edukia eta norainokoa.

h) Lur garbitzat hartuko dira ekainaren 25eko 4/2015 Legean ezarritako EBA-A ebaluazioko balio-adierazleak baino balio txikiagoak eta TPHetarako 50 mg/kg baino balio txikiagoak lortzen dituzten lurrak, eta, beraz, onartu egingo dira baimendutako betelanerako.

i) Substratu harritsu osasuntsua murrizketarik gabe kudeatu ahalko da. Lurzoru naturalaren parekoa den substratu harritsu meteorizatuaren kasuan, aurreko puntuetan ezarritako irizpidea beteko da.

2.– Instalazioa baimenduta dagoen lursailetik kanpo aldaketaren bat egitea aurreikusten bada (lurzoru berria okupatuz), eta okupatu nahi den lurzoru berrian lehenago gauzatu bada ekainaren 25eko 4/2015 Legearen I. eranskinean aipatutako jardueraren bat, sustatzaileak lurzoruaren arloko adierazpen bat lortu beharko du egin nahi diren aldaketak egiten hasi aurretik.

Halaber, ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22. artikuluko 2. apartatuaren arabera, lurraren kutsadura-aztarnak aurkitzen badira, horren berri eman beharko zaie dagokion udalari eta Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari, sailburuordetza horrek hartu beharreko neurriak ezar ditzan, bat etorriz, hala badagokio, aipatutako 4/2015 Legearen 23. artikuluko 1.e apartatuarekin.

C.2.7.– Zaratari buruzko baldintzak.

a) Beharrezko neurri guztiak ezarriko dira honako indize akustiko hauek gaindi ez daitezen:

a.1.– Jarduera maila hauei egokitu behar zaie: etxebizitzen barrualdean entzungo den LAeq,60 segundo zarata-indizeak ezin izango du inoiz ere 40 dB(A) gainditu, 07:00ak eta 23:00ak bitartean, leihoak eta ateak itxita, ezta LAmax indizeak 45 dB(A) ere.

a.2.– Maila hauei egokitu beharko zaie jarduera: etxebizitzen barrualdean entzungo den LAeq, 60 segundo zarata-indizeak ezin izango du inoiz ere 30 dB(A) gainditu, 23:00ak eta 07:00ak bitartean, leihoak eta ateak itxita, ezta LAmax indizeak 35 dB(A) ere.

a.3.– Jarduerak ez du 1. taulan adierazitakoa baino zarata handiagoa egingo, 4 m-ko altueran neurtuta (egoera berezietan izan ezik; horietan, apantailamenduak saihesteko behar den altuera hartuko da), industria-esparruaren kanpoaldeko itxituraren perimetro osoan.

(Ikus .PDF)

Abian den instalazioak, 1. taulan finkatutako mugak betetzeaz gain, ez du eguneko inolako baliotan (LAeq,d, LAeq,e eta LAeq,n) 1. taulan adierazitako balioak baino 3 dB-etik gorako gehikuntzarik gaindituko.

Gainera, jardueraren gainerakotik bereizitako prozesuaren jardun-modu bat baldin badago, jardun-modu horri lotutako zarata-maila bat zehaztu beharko da (LAeq,Ti). Ti jardun-modu horren iraupen-denbora izango da. Maila horrek ez ditu 1. taulan finkatutako balioak 5 dB-etan gaindituko.

b) Zamalanetan eta materiala kamioietan garraiatzean egiten den zaratak ez du nabarmen handituko sentsibilitate akustiko handieneko guneetako zarata-maila.

D) Ingurumena zaintzeko programa.

Ingurumena zaintzeko programa sustatzaileak aurkeztutako agirietan aurreikusitakoaren eta apartatu hauetan ezarritakoaren arabera gauzatu beharko da:

D.1.– Atmosferara igorritako isurtzeak kontrolatzea.

a) Recyclair SLk botatzen dituen kutsatzaileak kontrolatu beharko ditu, informazio honen arabera:

(Ikus .PDF)

b) Puntu honetako a) apartatuan aipatutako neurketa guztiak Administrazioaren II. mailako ingurumen-lankidetzako erakunde (ILE) batek egin beharko ditu, urriaren 16ko 212/2012 Dekretuan ezarritakoari jarraituz, eta aldizkako neurketa horiei buruzko txostenek Ingurumeneko sailburuaren 2012ko uztailaren 11ko Aginduan eskatzen diren baldintza guztiak bete beharko dituzte, bereziki honako gai hauei dagokienez: helburua eta neurketa-plana, neurketen adierazgarritasuna, neurketa kopurua eta banakako neurketa bakoitzaren iraupena, eta erreferentzia-metodoak hautatzeko irizpidea.

c) Halaber, a) letran azaldutako isurketa-foku baten kontrola egin behar den urtean, foku horrek urtean hamabi aldiz baino gutxiagoko batezbesteko maiztasunarekin funtzionatzen badu, isurketa bakoitzak ordubete baino gehiago irauten duela, edo, bestela, edozelako maiztasunarekin, emisioaren iraupen globala instalazioaren funtzionamendu-denboraren ehuneko bostetik gorakoa bada, urte horretan ez da beharrezkoa izango foku horren kontrolik egitea, eta hurrengo urtean egin beharko da, betiere kontroletik salbuesteko baldintzek irauten ez badute. Inguruabar hori urteko ingurumena zaintzeko programan, dagokion urtekoan, justifikatu beharko da.

D.1.1.– Lortutako emaitzak erregistratzea.

Erregistro bat egingo da eguneratutako dokumentazioarekin, honako hauetan ezarritakoari jarraikiz, betiere: Atmosfera kutsa dezaketen jardueren katalogoa eguneratzen eta hura ezartzeko oinarrizko xedapenak finkatzen dituen urtarrilaren 28ko 100/2011 Errege Dekretuaren 8. artikuluan ezarritakoa eta atmosfera kutsa dezaketen jarduerak burutzen dituzten instalazioak arautzen dituen abenduaren 27ko 278/2011 Dekretuaren III. eranskinean ezarritakoa.

Erregistro hori eguneratuta eta ingurumen-ikuskatzaileen eskura egongo da.

D.2.– Saneamendu-sarera isuritako uraren kalitatea kontrolatzea.

a) Sustatzaileak aurkeztu dituen agirien arabera, azterketa hauek egingo dira:

(Ikus .PDF)

b) Laginketak kutsatzaile gehien sortzen den aldian egingo dira beti.

c) Isuriak baimenaren baldintza guztiak betetzen dituela ulertuko da, baldin eta puntu honetako a) apartatuan ezarritako kontrol-parametro guztiek betetzen badituzte ebazpen honen bigarren apartatuko C.2.4.2 azpiapartatuan ezarritako mugak.»

D.3.– Zarataren kontrola.

a) Indize akustikoen ebaluazioak egin beharko dira hiru urtean behin: Ld, Le, Ln ,LAeq,Ti eta LAeq,60 segundo.

b) Aurreko apartatuan adierazitako ebaluazio guztiak akustikaren esparruan laginketa espazial eta tenporala egiteko UNE-EN ISO/IEC 17025 arauaren araberako ziurtagiri bat duen ingurumeneko erakunde laguntzaile batek egin beharko ditu. Nolanahi ere, ingurumen-organoak ebaluazio horiek egiten dituzten erakundeek gaitasun tekniko egokia dutela zainduko du.

c) Ebaluazio-metodoak eta -prozedurak eta ebaluazio horiei buruzko txostenak Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetza honek emandako jarraibide teknikoetan ezarritakora egokituko dira.

D.4.– Jardueraren adierazleen kontrola.

Sustatzaileak ondorengo taulan agertzen diren jardueraren gaineko parametro-adierazleen jarraipena egingo du urtero, ingurumenean duten eragina aztertzeko, eta urtean urteko ingurumena zaintzeko programarekin batera aurkeztuko du.

(Ikus .PDF)

D.5.– Ingurumeneko finantza-bermearen kontrola, Ingurumena Zaintzeko Programaren (IZP) barnean.

IZPren barnean, honako dokumentu hauek bidali beharko dira, programa aurkezteko prozedura telematikoan gaitutako dokumentu-ereduak erabilita:

– Finantza-bermea eratu behar izanez gero, indarrean dagoen aseguru-polizaren kopia edo eratutako finantza-bermearen motaren ziurtagiria aurkeztu beharko da.

– Ingurumeneko finantza-bermea eratzetik salbuetsita egonez gero, eta 300.000 eta 2.000.000 euro bitarteko zenbatekoarekin konpon daitezkeen kalteak eragin ditzaketen operadoreak izanez gero (Ingurumen-erantzukizunari buruzko urriaren 23ko 26/2007 Legearen 28.b artikulua), erakunde independente batek emandako ziurtagiriaren kopia aurkeztu beharko da; erakunde horrek etengabe atxikirik egon behar du Batasunaren Ingurumen Kudeaketako eta Ikuskaritzako Sistemara (EMAs) edo indarrean den UNE-EN ISO 14001 ingurumen-kudeaketarako sistemara.

D.6.– Emaitzak kontrolatzea eta igortzea.

Ingurumena zaintzeko programa osatzen duten txostenen eta azterketen emaitzak behar bezala erregistratu beharko dira, eta Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzara bidaliko dira, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webguneko bidalketa-prozedura telematikoari jarraikiz:

https://www.euskadi.eus/baimena/ibb-ippc/web01-a2inguru/eu/

Hala, aipatutako programan zehaztutako aldian egindako kontrol guztiak, ibilgura edo itsasora isuritako urei dagozkienak izan ezik, ingurumena zaintzeko programarekin batera aurkeztuko dira bakarrik, eta erreferentziako urtea amaitu ondoren.

Ezarritako baldintzak urratzen diren kasuetan bakarrik bidali beharko zaio berehalako jakinarazpena Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetza honi, gertatutakoaren berri izan ondoren, betiere; horretarako helbide elektronikoa: ippc@euskadi.eus

Horrez gain, urtean behin baino gehiagotan egiten diren kontrolak soilik bidaliko dira kontrola egiten den urteari dagokion programaren barruan.

Emaitza horiek urtero bidaliko dira, betiere martxoaren 31 baino lehen, eta txosten bat aurkeztu beharko da zaintza-programaren emaitzekin batera. Txosten horretan jasoko dira babes- eta zuzenketa-neurrien eta prozeduren kontrolerako eta ingurumenaren kalitaterako sistemen funtzionamendua eta emaitzen analisia, epe horretan izandako gertakari nagusiak bereziki aipatuta, haien balizko kausa eta konponbideak azalduz; halaber, laginak nola hartu diren zehaztuko da, aldez aurretik hala egin ez bada.

D.7.– Ingurumena zaintzeko programaren agiri bategina.

Sustatzaileak ingurumena zaintzeko programaren agiri bategina prestatu beharko du. Bertan, aurkeztutako dokumentazioan proposatutako betebeharrak eta ebazpen honetan jasotakoak bildu beharko ditu. Honako hauek zehaztu beharko ditu programa horrek: kontrolatu beharreko parametroak, parametro bakoitzerako erreferentzia-mailak, analisi edo neurketen maiztasuna, laginketak eta analisiak egiteko teknikak, eta laginak hartzeko puntuen kokapen xehatua. Dagokion aurrekontua ere barne hartu beharko du.

Gainera, ingurumena zaintzeko programak jardueraren adierazle bereizgarrien zehaztapena eta adierazle horiek aztertzeko sistematika jaso beharko ditu, enpresak berak ingurumen-hobekuntza ziurtatzeko ezarritako neurri eta mekanismoen (ingurumen-adierazleak) eraginkortasuna egiaztatzeko.

E) Ezohiko egoeretan kutsadurari aurrea hartzeko neurriak eta funtzionamendu-baldintzak.

E.1.– Instalazioa gelditzeko eta abiarazteko eragiketak eta mantentze-lanetarako programatutako eragiketak.

Programatutako urteko mantentze-lanei dagokienez, sortuko diren isurketen eta hondakinen zenbatespena egin beharko du enpresak, eta, dagokionean, haiek kudeatzeko eta tratatzekoa ere bai.

Instalazioa gelditzean nahiz abiaraztean, mantentze-eragiketetan eta ohiz kanpoko egoeretan sortutako hondakinak bigarren apartatuko C.2.5 azpiapartatuan («Instalazioan sortutako hondakinak egoki kudeatzen direla bermatzeko baldintzak») ezarritakoari jarraituz kudeatu beharko dira, baina ez da beharrezkoa izango hondakin horiek baimendutako hondakinen zerrendan jasota egotea.

E.2.– Jarduera bertan behera uztea.

Jarduerari lege hauek aplikatu behar zaizkio: 4/2015 Legea, ekainaren 25ekoa, lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzekoa, eta 9/2005 Errege Dekretua, urtarrilaren 14koa, kutsadura sor dezaketen jardueren zerrenda eta lurzoru kutsatuen adierazpenerako irizpide eta estandarrak ezartzekoa. Horrenbestez, Recyclair SLk jarduera uzte horren berri eman beharko dio ingurumen-organoari, bi hilabeteko epea agortu baino lehen; jakinarazpen horrekin batera, jarduketa-proposamen bat ere aurkeztu beharko da, erakunde horrek ezar dezan noraino iristen diren bere betebeharrak eta lurzoruaren kalitatea deklaratzeko prozedura hasteko epea noiz hasiko den beranduenez, ekainaren 25eko 4/2015 Legeak 31.3 artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

Jarduera bertan behera utzi baino lehen, Recyclair SLk instalazioetan dauden hondakin guztiak kudeatu beharko ditu, ebazpen honen bigarren atalaren C.2.5 azpiatalean ezarritakoarekin bat etorriz.

E.3.– Jarduera aldi baterako uztea.

Jarduera aldi baterako uztea eskatuz gero, Industriako Isurpenen Erregelamendua onartzen duen Errege Dekretuaren (urriaren 18ko 815/2013) 13. artikuluan arautu bezala, Recyclair SL enpresak, aldi baterako uztearen eskabidearekin batera, dokumentu bat bidali beharko du instalazioa jardunik gabe egonda ere aplikagarriak zaizkion ingurumen-baimen integratuko kontrolak eta baldintzak nola beteko dituen adierazteko.

Era berean, instalazioa berriz abiarazi baino lehen, instalazioen funtzionamendu ona ziurtatu beharko da, ingurumenean eragina izan dezakeen isuri edo emisio oro saihesteko.

E.4.– Jarduera anomaloa izanez gero aplikatu beharreko neurriak eta jarduerak.

Aurkeztutako agirietan egindako proposamenean zehaztuta dauden ezohiko egoeretan aplikatu beharreko prebentziozko neurriez eta jardunerako baldintzez gain, ondorengo apartatuetan aipatzen diren baldintzak bete beharko dira:

a) Instalazioen prebentziozko mantentze-lanak.

Prebentziozko mantentze-lanen eskuliburua eduki beharko da instalazioen egoera ona bermatzeko, batez ere istripuzko isurketak edo ihesak daudenean kutsadura ekiditeko eskuragarri dauden baliabideei eta ezarritako segurtasun-neurriei dagokienez. Ihesik izanez gero, lurzorua babesteko hartu beharreko neurriak zehaztuko dira, eta zehatz adieraziko da honako hauei dagokien guztia: eraikuntzako materialak (iragazgaiztasuna), biltegiratzeko neurri bereziak (substantzia arriskutsuak), gerta litezkeen ihesei antzemateko neurriak edo gehiegizko betetzeaz ohartarazteko alarma-sistemak, fabrikako biltodien sarea zaindu eta garbitzekoak (sistematikoki garbitu beharra, maiztasuna, garbiketa mota) eta lurzoru gaineko isurketak biltzeko sistemak.

Aurreko lerrokadan adierazitako eskuliburuak ikuskapen eta kontrolerako programa jaso beharko du, hauek bilduko dituena: estankotasun-probak, mailen eta adierazleen egoera, balbulak, presioa arintzeko sistema, hormen egoera eta lodieren neurketa, andelen barnealdearen begi-bidezko ikuskapenak (hormena eta estaldurena) eta kubetetako detekzio-sistemen aldizkako kontrol sistematikoa, lurzorua kutsa dezakeen edozein egoera prebenitzeko.

Era berean, atmosferara eta uretara egindako isurpenak prebenitzeko eta zuzentzeko sistemen (arazketa, minimizazioa, etab.) eta ikuskatu eta kontrolatzeko ekipoen egoera ona bermatzeko neurriak jaso beharko dira.

Urak arazteko prozesuan sortutako soberako hondakin solidoak eta lohiak behar den maiztasunez aterako dira, instalazioak behar bezala funtziona dezan. Hondakin horiek ez dira ibai-ibilgura botako aldizkako garbiketa egiten denean; bildu egin beharko dira, kudeatzeko edo zabortegi baimendu batera eramateko. Hala dagokionean, hondoan hustubiderik ez duten andel iragazgaitzetan biltegiratuko dira. Ez dira inoiz pilatuko euri-uren jariatzearen ondorioz ibilgu publikoa kutsatzeko arriskua egon daitekeen guneetan.

Instalazioek lohien tratamendua badute, lohi horietatik hustutako ura berriro bideratu beharko da arazketa-instalazioaren sarrerara, tratatu dadin.

Pabiloien barruan zolatak garbitzean sortutako urak tratamendu-lerrora bidaliko dira, edo, bestela, kudeatzaile baimendu batek kudeatuko ditu.

Ez dago baimenduta hondakin-ura «by-pass» bidez isurtzea arazketa-instalazioetan.

Programatutako mantentze-lanetan nahitaez «bypass» bidez isurketak egin behar badira, titularrak Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari jakinaraziko dio aurretiaz, segurtasun-neurrien eta isurketak ingurune hartzailearen kalitatearen gainean duen eragina ahal den neurrian gutxitzeko neurrien funtzionamendua zehaztuz. «Bypass» horretan aurreikusi gabeko isuri bat badago, titularrak segurtasun-neurrien funtzionamendua egiaztatu beharko du, dagokion txostena Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzara bidalita (apartatu honetako j) puntuan adierazitakoari jarraituz).

b) Halaber, erregistro bat eduki behar da, aldizka egindako mantentze-lanak eta hautemandako gorabeherak jasota uzteko.

c) Titularrak behar diren bitartekoak izango ditu arazketa-instalazioak zuzen ustiatzeko eta ustekabeko isuriak prebenitzeko hartu diren segurtasun-neurriak abian izateko.

d) Erabilitako olioak, efluenteen arazketako hondakinak, besteak beste, eta orokorrean, fabrikan sortutako hondakinak maneiatzean, baliteke lurzorua eta ura kutsatzea. Beraz, isurketak, jarioak edo ihesak gertatzeko arriskua duten partzelen azalera guztiak irazgaiztuko dira.

e) Hauts-itxurako produktuak biltegiratzeko, zulo itxiak edo hautsa xurgatzeko sistemak dituzten pabiloi estali eta itxiak izan beharko dira.

f) Prozesurako behar diren lehengaiak, erregaiak eta produktuak biltegiratuko dira, halako baldintzetan ezen ezin izango baitira ingurunean sakabanatu.

g) Larrialdirik gertatuz gero, berehala eta eraginkortasunez esku hartzeko beharrezkoak diren material guztiak edukiko dira, kantitate nahikoan: berriro ontziratzeko erreserbako edukiontziak, beharrezkoa izanez gero; gerta daitezkeen isurketei eusteko produktu xurgatzaile selektiboak, segurtasun-edukiontziak, hesiak eta kaltetutako inguruneak isolatzeko seinaleztapen-elementuak eta norbera babesteko ekipamendu bereziak.

h) Tangen hustuketa kontrolatzeko balio duen protokoloa edo prozedura edukiko dute. Eta saihestu egin beharko da efikaziari eragin diezazkioten isuriak tratamendu-instalaziora joatea.

i) Gorabeherarik gertatuz gero, agintariei jakinaraztea.

Ingurunearen edo jardueraren kontrolaren inguruan kalteak eragin ditzakeen gorabeheraren edo ezohiko gertakariren baten aurrean, sustatzaileak gorabehera edo ezohiko gertakari horren berri berehala eman beharko dio Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari (zuzentzeko edo eusteko neurri egokiak hartu ondoren), horretarako gaitutako helbide elektronikoaren bitartez: ippc@euskadi.eus. Jakinarazpenean, alderdi hauek adierazi beharko dira gutxienez:

– Gorabehera-mota.

– Jatorriak eta kausak (unean zehaztu daitezkeenak).

– Zuzentzeko edo eusteko neurriak, berehala aplikatu direnak.

– Sortutako ondorioak.

– Epe laburrera aurreikusitako jardunak, halakorik balego.

Gorabehera edo arazo larriren bat edo ezusteko isuri edo emisioren bat egonez gero, SOS DEIAK eta Aguraingo Udala jakinaren gainean jarri behar dira. Ondoren, gehienez ere 48 orduko epean, istripuaren ondorioz sortutako egoera zehaztasunez jasotzen duen txosten bat bidali beharko zaio Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari. Txosten horretan, datu hauek agertuko dira gutxienez:

– Gorabehera-mota.

– Gorabehera non, zergatik eta zer ordutan gertatu den.

– Gorabeheraren iraupena.

– Istripuzko isuria gertatuz gero, emaria, isuritako gaiak eta ingurune hartzailean antzeman daitekeen eragina zehaztu beharko dira, haren analisia barne.

– Mugak gaindituz gero, emisioei buruzko datuak.

– Eragindako kalteen zenbatespena.

– Hartutako neurri zuzentzaileak.

– Arazoa berriro ez gertatzeko prebentzio-neurriak.

– Prebentzio-neurriak eraginkortasunez aplikatzeko aurreikusitako epeak.

Baimenaren baldintzak urratzen dituen isuria gertatzen bada eta, gainera, pertsonen osasunerako arriskutsua bada edo sistema naturalen orekari modu larrian kalte egin badiezaioke, titularrak berehala etengo du isuri hori, eta, horrez gain, gertaeraren berri eman beharko die Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Uraren Euskal Agentziari eta Babes Zibilean eta ingurumenaren arloan ardurak dituzten erakundeei, baita SOS DEIAK (112) larrialdi-zerbitzuei ere, behar diren neurriak har ditzaten.

j) Aurreko apartatuan ezarritakoari kalterik egin gabe, gerta daitezkeen gorabeherak edo arazoak saiheste aldera, jardueraren titularrak berehala jakinarazi beharko dio Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari instalazioko edozein etenaldi programatu, etengabeko prozesu bati badagokio, baita aurreikusitako prebentziozko mantentze-lanak ere, ahalik eta aurrerapen handienarekin, betiere.

k) Larrialdi-egoeretan, babes zibilari buruzko legerian ezarritakoa bete beharko da, eta araudi horretan ezarritako baldintza guztiak bete beharko dira.

F) Baldin eta arautegi berria indarrean sartzeak edo barneratzen diren sistemen egitura eta funtzionamenduari buruzko ezagutza berri esanguratsuetara egokitu beharrak hala eginarazten badigute, babes- eta zuzenketa-neurriak eta ingurumen-zaintzako programa aldarazi ahal izango da, bai neurtu behar diren parametroen kasuan, bai eta neurketaren aldizkakotasuna eta aipatutako parametroek hartu behar duten tarteari dagozkion mugen kasuan ere. Era berean, neurri babesle eta zuzentzaileak eta ingurumena zaintzeko programa aldatu egin daitezke jardueraren sustatzaileak hala eskatuta edo ofizioz, ingurumena zaintzeko programan lortutako emaitzetan oinarrituta.

G) Urtean behin, martxoaren 31 baino lehen, aurreko urtean atmosferarako eta uretarako isurketei eta sortutako hondakin mota guztiei buruzko datuen ingurumen-adierazpena igorriko dio Recyclair SLk Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari, E-PRTR-Euskadi Kutsatzaileen Emisio eta Transferentzia Inbentarioa egiteko eta eguneratuta edukitzeko, 508/2007 Errege Dekretuari jarraikiz.

Informazio hori bidaltzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eskura jarritako kanal, sistema edo aplikazio informatikoak erabiliko dira.

Ingurumen-adierazpena publikoa izango da, bat etorriz uztailaren 18ko 27/2006 Legearen xedapenekin. Lege horren bidez, informazioa eskuragarri izateko, herritarren partaidetzarako eta ingurumen-gaietan justizia eskura izateko eskubideak arautzen dira (2003/4/EE eta 2003/2005/EE zuzentarauak jasotzen ditu). Horrez gain, une oro bermatu beharko da Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan ezarritakoa betetzen dela.

H) Ingurumen-erantzukizuna.

Recyclair SLk bere jarduera profesionalaren ingurumen-arriskuen azterketa (IAA) egin beharko du, abenduaren 22ko 2090/2008 Errege Dekretuaren 34. artikuluan ezarritakoaren arabera (zeinaren bidez onartzen baita Ingurumen Erantzukizunari buruzko urriaren 23ko 26/2007 Legea zati batean garatzen duen Erregelamendua), finantza-bermea eratu behar duen ebaluatzeko, 26/2007 Legearen 24. artikuluarekin bat etorriz. Finantza-bermea eratu ondoren, erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko dio agintaritza eskudunari, eta adierazpen horrek 2090/2008 Errege Dekretuaren IV.1 eranskinean adierazitako informazioa jaso beharko du gutxienez. 26/2007 Legearen 28. artikuluko a) eta b) apartatuetan aurreikusitako salbuespenei jarraikiz, jarduera finantza-bermea eratzetik salbuetsita geratzen bada, agintaritza eskudunari erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko dio, zeinetan IV.2 eranskinean jasotako informazioa jasoko baita gutxienez. Apartatu honetan eskatutako agiriak ingurumen-organoan aurkeztuko dira, teletramitaziorako ezarritako aplikazioa erabiliz, eta, zehazki, «Ingurumen-erantzukizunari aurre egiteko finantza-bermearen jakinarazpena – MARMA» izeneko prozeduraren bidez.

Recyclair SLk ingurumen-arriskuen Azterketa (IAA) eguneratuko du egokitzat jotzen duen guztietan, eta betiere jardueran, instalazioan edo oinarrizko baimenean funtsezko aldaketak gertatzen direnean. Finantza-bermearen zenbatekoa urtero eguneratuko da, KPIaren arabera. Ingurumen-arriskuen azterketaren eguneraketak kasuan kasuko MARMA prozedurako dokumentazioaren barnean aurkeztuko dira.

Recyclair SLk, jardueraren operadorea denez, ingurumen-kalteak prebenitzeko, saihesteko eta konpontzeko neurriak hartu eta betearazi behar ditu, eta haien kostuak ordaindu behar ditu, zenbatekoa edozein dela ere, baita dolorik, errurik edo zabarkeriarik ez bada ere, Ingurumen-erantzukizunari buruzko urriaren 23ko 26/2007 Legearen 19.1 artikuluan adierazten den bezala.

l) Instalazioetan aldaketarik egin ahal izateko, aldez aurretik honako helbide elektroniko honetan eskuragarri dagoen inprimakia bete beharko da:

https://www.euskadi.eus/contenidos/serv_proc_autorizacion/p_autho_20183895085814/procedures/proc_20183895329689/eu_def/adjuntos/Formulario_modificaciones.doc

Organo honen onespena ere beharko da, abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 10. artikuluan xedatutakoa betetzeko.

Industriako Isurketen Erregelamendua onartu eta Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legea garatzen duen urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren 14.1 artikuluak ezartzen ditu aldaketa funtsezkotzat jotzeko irizpideak.

Hala eta guztiz ere, bat etorriz urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren 14.2 artikuluan xedatutakoarekin, irizpide horiek orientagarriak dira, eta ingurumen-organoak kalifikatuko du eskatutako aldaketa, funtsezkotzat edo ez-funtsezkotzat jota, bat etorriz abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 10. artikuluan xedatutako irizpideekin.

Halaber, proiektua aldatzen den kasuetan, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7.1.c eta 7.2.c artikuluetan xedatutakoa aplikatuko da.

Baldin eta aldaketak lurzoru berria okupatzea aurreikusten badu eta lurzoru horrek lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak baditu edo izan baditu, hartu beharreko kokalekuaren lurzoru-kalitatearen deklarazioa eduki beharko da aldaketa gauzatu aurretik, bat etorriz Lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeari buruzko ekainaren 25eko 4/2015 Legean ezarritakoarekin».

«Laugarrena.– Ingurumen-baimen integratuaren berrikuspena ofizioz egingo da kasu hauetan:

a) Instalazioak sortutako kutsadura dela eta, finkatutako emisioaren muga-balioak berrikustea edo beste batzuk ezartzea komeni bada.

b) Emisioak nabarmen murritz daitezkeenean, teknika erabilgarri onenetan eginiko aldaketa handien ondoriozko gehiegizko kosturik izan gabe.

c) Prozesuaren edo jardueraren funtzionamendu-segurtasuna dela eta, beste teknika batzuk erabili beharra badago.

d) Arroko erakundeak, urei buruzko legerian araututakoaren arabera, uste baldi badu ingurumen-baimen integratua berrikustea edo aldatzea justifikatzen duten inguruabarrak daudela, Estatuko Administrazio Orokorrak kudeaturiko arroetako jabari publiko hidraulikora egindako isurketei dagokienez. Horrelakoetan, arroko erakundeak, txosten lotesle baten bidez, organo eskudunera joko du ingurumen-baimen integratua eman dezan, gehienez hogei eguneko epean hasteko berrikuste-prozesua.

e) Instalazioari aplikagarri zaion sektoreko legeriak hala eskatzen badu, edo abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 22.3 artikuluari jarraikiz, ingurumen-kalitateko arau berriak edo berrikusiak betetzea beharrezkoa bada.

f) Aplikatu beharreko araudi berria indarrean jartzen bada.

g) Ingurunearen egiturari eta funtzionamenduari buruzko ezagutza garrantzitsu berrietara egokitu beharra badago; bereziki, inplikatutako sistemen hauskortasuna areagotzen dela hautematen bada.

h) Ingurumena zaintzeko programan jasotako emaitzen edo beste ohar batzuen arabera, egiaztatzen bada ez direla nahikoak ingurumen-inpakturako ezarritako babes-, zuzenketa- edo konpentsazio-neurriak.

i) Abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 26. artikuluko 1., 2. eta 3. puntuetan ezarritakoaren arabera egindako azterketatik, aldatu beharra dagoela ondorioztatzen bada.

Ingurumen-baimen integratua berrikusteak ez dakar kalte-ordaina jasotzeko eskubiderik, hala ezarrita baitago abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 26.5 artikuluan».

Hirugarrena.– Abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 5 d) artikuluan xedatutakoari jarraikiz, hondakin metalikoak sailkatu eta berreskuratzeko jarduerari dagokionez, zeina ebazpen honen xede baita, gerta litekeen titulartasun-aldaketa oro jakinarazi beharko dio Recyclair, SLk Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari, azken horrek onar dezan.

Laugarrena.– Ingurumen-baimen integratu honetan ezarritako baldintzak ez betetzea arau-hauste astun edo oso astun gisa tipifikatuta dago Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 31. artikuluari jarraituz (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartua), eta aipatutako legearen 32. artikuluan jasotako zigorrak ezartzea ekar dezake.

Bosgarrena.– Ebazpen honen edukia jakinaraztea Recyclair SLri, Aguraingo Udalari, ingurumen-baimen integratua emateko prozeduran parte hartu duten erakundeei eta gainerako interesdunei.

Seigarrena.– Ingurumen-baimen integratuaren berrikuspen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.

Zazpigarrena.– Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beronen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jar dakioke Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuari, hilabeteko epean, jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoari jarraikiz.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko abuztuaren 17a.

Ingurumen Jasangarritasuneko sailburuordea,

AMAIA BARREDO MARTÍN.


Azterketa dokumentala