Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

219. zk., 2022ko azaroaren 16a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
4966

EBAZPENA, 2022ko urriaren 10ekoa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez ingurumen-inpaktuaren txostena egiten baita Soraluze Berziklatuak SL enpresak Soraluze-Placencia de las Armasen (Gipuzkoa) duen hondakin ez-arriskutsuak kudeatzeko proiekturako.

EGITATEZKO AURREKARIAK

2022ko abuztuaren 3an, eskaera bat aurkeztu zen, Soraluzeko (Gipuzkoa) Soraluze Berziklatuak SLk sustatutako hondakin ez-arriskutsuak kudeatzeko proiektuaren ingurumen-inpaktuaren txostena egin zedin, haren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozeduraren esparruan, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 45. artikuluaren eta hurrengoen arabera.

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 46. artikulua betez, kontsulta-izapidea abiarazi zuen 2022ko abuztuaren 4an, eragindako administrazio publikoei eta interesdunei kontsulta egiteko. Kontsulta-izapidea egiteko legez ezarritako epea bukatuta, zenbait txosten jaso dira zenbait erakunderen aldetik, eta haien emaitza espedientean dago jasota.

Halaber, espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, interesa zuen edonork izan zezan ingurumenaren arloan egoki jotzen zituen oharrak egiteko aukera.

Jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak behar beste judizio-elementu dituela ingurumen-inpaktuaren txostena egiteko, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47. artikuluari jarraikiz.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, haren helburua da ingurumenean ondorio garrantzitsuak izan ditzaketen planen, programen eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; horrela, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.

Indarrean den legean aurreikusten dira ingurumen-organoak egindako ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatutik pasa behar diren plan eta programak, betiere, honako hauek zehazteko: proiektuak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-inpaktuaren txostenaren arabera, edo proiektuaren gaineko ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egin behar zaiola, ingurumen-eragin nabarmenak izan ditzakeelako. Proiektuari abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7.2 a) artikuluko kasuetako aplikatzen zaio, zehazki, lege horren II. eranskineko 9. taldeko b) epigrafea.

Proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta proiektuaren ingurumen-dokumentua zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdiekin bat datorrela, ingurumen-inpaktuaren txosten hau egiten du Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak, bera baita horretarako eskumena duen organoa, otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuan (Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duenean) xedatutakoaren arabera. Txosten honetan, proiektuak ingurumenean ondorio adierazgarriak izan ditzakeen edo ez aztertzen da, eta, ondorioz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen edota, bestela, zer baldintzatan garatu behar den proiektua, ingurumena behar bezala babesteko.

Xedapen hauek hartu dira kontuan: 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Ingurumen-inpaktuaren txostena egitea Soraluze Berziklatuak SL enpresak Soraluzen (Gipuzkoa) duen hondakin ez-arriskutsuak kudeatzeko proiekturako, honako baldintza hauetan:

A) Soraluze Berziklatuak SL enpresak hondakin ez-arriskutsuak kudeatzeko jarduera berri bat garatu nahi du Soraluzen.

B) Aipaturiko hondakin ez-arriskutsuak kudeatzeko proiektuaren ingurumen-inpaktuaren txostena egitea xede duen ebazpen honetan, proiektuaren ingurumen-agiria aztertzen da, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen III. eranskinean ezarritako irizpideekin bat:

1.– Proiektuaren ezaugarriak.

Soraluze Berziklatuak SL enpresak (aurrerantzean, Soraluze) hondakin ez-arriskutsuak kudeatzeko jarduera berria garatu nahi du iraungitako Indubrik 2000 SL enpresaren instalazio zaharren eremuan. Instalazioak hemen daude: Manzaga errepidea, Mendiola Industrialdea 23, Soraluze (Gipuzkoa), GI-627 errepidearen ondoan.

Jarduerak xede duen eremua zelai batek eta industria-pabiloi batek osatzen dute. Industria-pabiloia, gaur egun, erortzear dago. Hortaz, asmoa da fatxadak eta barneko trenkadak eraistea, sostengu-egiturari eutsita, eta lekua hondakin ez-arriskutsuak kudeatzeko jarduera garatzeko gaitzea.

Eraikuntza-lanen lehenengo fasean, 2014an jarduteari utzi zion Indubrik 2000 SL enpresaren egungo instalazioen barnealdea eta estalkia desegin behar dira. Bigarren fasean, hondakinak kudeatzeko jarduera garatzeko lekua gaituko da (lurzorua hormigoizko zolata bidez iragazgaiztea, hondakin-urak tratatzeko dekantagailua eta hidrokarburo-bereizgailua jartzea, hondakin-urak eta euri-ur garbiak bereizteko drainatze-sistemak ipintzea, instalazioa ate lerragarriaren bidez ixtea, jarduerarako beharrezkoak diren instalazioak eta ekipoak jartzea, etab.).

Jarduera, funtsean, honako honetan datza: hondakin ez-arriskutsuak biltzean, hartzean, sailkatzean, biltegiratzean eta igortzean. Gainera, eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak (kudeatutako hondakinen % 94 inguru) birrinketa– eta baheketa-lanen bidez tratatuko dira, agregakin birziklatuak eskuratzeko.

Kalkulatu da jarduera berriak urtean honako hondakin ez-arriskutsu hauen 85.020 tona kudeatuko dituela, Hondakinen Europako Zerrendan (HEZ) definitutakoaren arabera:

(Ikus .PDF)

Ekoizpen-prozesuaren hasieran, hondakinak kontrolatu, pisatu, onartu eta hartuko dira, jatorrian bereizitakoak eta nahastutakoak, onartzeko baldintzak betetzen dituztela bermatu ondoren.

Jatorrian hautatutako hondakinak biltegiratze-eremura eramango dira, hondakin mota bakoitzaren arabera, eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak (EEH) badira tratatzeko zain edo kudeatzaile baimendu baten instalazioetara eramateko zain.

Nahastutako hondakinak sailkatze-eremuan deskargatuko dira, eta han sailkatuko eta bereiziko dira. Sailkatzearen ondoriozko materiala behin-behinean biltegiratuko da, balorizatzeko tratatu (EEH) edo kudeatzaile baimendu baten instalazioetara eraman aurretik.

Motaren arabera sailkatu ondoren, EEHak balorizatuko dira birrintzearen eta bahetzearen bitartez, ondoriozko produktua lortu arte. Produktu hori aldatu egingo da tratatutako materialaren propietate eta ezaugarrien arabera edo makinaren erregulazioaren arabera. Zeregin horiek egiteko makineria birringailu mugikor bat eta hondeamakina hidrauliko bat izango direla aurreikusten da, koilara birrintzailea eta sare metaliko bahetzaileak dituena.

Tratamenduaren ondoren lortutako errefusa (batez ere burdinazko hondakinak) horren izaeraren arabera biltegiratuko da instalazioko gainerako hondakin ez-arriskutsuekin, garraiatu eta kudeatzaile baimenduari entregatu arte.

Balorizatutako hondakinak horiek erabiltzea bideragarria den obretan berrerabiltzeko garraiatuko dira.

Biltegiratze guztiak instalazioen barruan egingo dira, iragazgaiztutako lurraren gainean. EEH ez diren hondakinak estalpean biltegiratuko dira, edukiontzi metalikoetan edo soltean, konpartimentu bereizietan. EEHak eta horien produktu balorizatuak soltean biltegiratuko dira.

Instalazioak hondakin-uren sare bat izango du, kanpoko zelaiko euri-uretatik eta ureztatze-uretatik datorrena (metaketak hezetzeko eta bideak eta lan-eremuak garbitzeko), eta horiek arazketa-sistema batera eramango dira. Sistema hori dekantagailu batek eta hidrokarburo-bereizgailu batek osatuko dute. Tratatu ondoren, hondakin-urak Deba ibaira isuriko dira, isurketa-puntu bakarretik.

Estalkiko zorrotenetatik datozen euri-ur garbiak sare bereizi batean jasoko dira.

Ez da komunetako erabilerarekin lotutako hondakin-urik sortuko; izan ere, komun kimiko bat jartzea aurreikusi da.

Ura azaleko bilketa eginez hornituko da. Dagokion bilketa-baimena eskatu beharko da; urtean 22 m3-ko bolumena aurreikusten da.

Gailu elektrikoek eta baskulak funtzionatzeko eta argiztatzeko beharrezkoa den energia elektrikoa talde sortzaile bat jarriz eskuratuko da. Gainera, gasolioa beharko da makineriarako erregai gisa (hondeamakina, ekipo birrintzailea). Instalazioak ez du gasolio-andelik izango. Urteko kontsumo energetiko zenbatetsia (energia elektrikoa eta gasolioa) 7.294 MW-koa izango da.

Isuri atmosferikoei dagokienez, jarduera atmosfera kutsa dezakeen jarduera gisa (AKDJ) identifikatzen da, urtarrilaren 28ko 100/2011 Errege Dekretuaren (Atmosfera kutsa dezaketen jardueren katalogoa eguneratzen duena eta bera ezartzeko oinarrizko xedapenak finkatzen dituena) eta haren Atmosfera Kutsa Dezaketen Jardueren Katalogoaren arabera. Horrenbestez, dagokion AKDJ baimena izapidetu beharko da.

Zaratari dagokionez, zarata-iturri nagusiak hondakinak garraiatzeko ibilgailuak eta hondakinak tratatzeko eta kudeatzeko makineria izango dira, bai eta GI-627 eta AP-1 errepideak ere. Adierazi behar da egunez soilik egingo dela jarduera. Aurkeztutako dokumentazioan, jarduera garatzearen ondorioz hurbilen dauden etxebizitzetan lortuko diren soinu-mailak kalkulatzen dira, eta ondorioztatzen da ez dituztela gaindituko bizitegi-erabilerako eremuetarako ezarritako KAHak.

2.– Proiektuaren kokapena.

Jarduera Soraluzeko Mendiola industrialdeko partzela urbanizatu batean egingo da, Deba ibaiaren eskuineko ertzean.

Jarduera berria jarri nahi den lursailak 6.890 m2-ko azalera irregularra du, eta industria-instalazio zahar batzuk daude bertan, gaur egun erortzear daudenak.

Jarduera kokatuta dagoen lurzatia eremu erabat artifizializatua da. Landaredi nagusia erruderal-nitrofilo motakoa da, nahiz eta zuhaitz autoktonoen (lizarrak, zumarrak) ale batzuk ere badauden. Era berean, espezie aloktono inbaditzaileak ere badaudela jakinarazi da, hala nola Buddleja davidii. Azterketa-eremuaren inguruan baso-landaketak, sastrakadien katalogatutako eremuak, belardiak eta landaretzarik gabeko eremuak daude.

Deba ibaia azterketa-eremuan bideratuta dago, eta proiektuko partzelaren muga gisa jarduten du.

Eremua ez dago ezein eremu babesturen barnean, ez onartutako kudeaketa-plana duten fauna-espezieen interes bereziko eremu batean, EAEko korridore ekologikoen sareko elementu ezeinetan, ez eta natura-interesa duen leku baten barnean ere. Ez dago interes geologikoko gunerik (IGG) ere.

Ez dago, bestalde, kultura-intereseko elementurik.

Arriskuei dagokienez, partzela lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioan sartuta dago, eta akuiferoen kutsadurarekiko zaurgarritasuna baxua da. Alabaina, partzela horretan Indubrik 2000 SL enpresa iraungiaren instalazioak egon ziren. Enpresa horren jarduera egur txapatuak, kontratxapatuak eta taula zelularrak fabrikatzean zetzan (EJSN, 2009: 1621 – Egurrezko txapen eta oholen fabrikazioa). Jarduera hori lurzorua kutsa dezaketen jardueratzat hartzen da urtarrilaren 14ko 9/2005 Errege Dekretuaren arabera. Dekretu horrek lurzorua kutsatzeko arriskua eragiten duten jardueren zerrenda eta lurzoruak kutsatu deklaratzeko irizpideak eta estandarrak ezartzen ditu.

Bestalde, partzelaren zati nabarmen bat 500 urteko errepikatze-denborako uraldietarako uholde-gunean dago, lehentasunezko fluxu-gunetik kanpo.

Gipuzkoako errepideen foru-sarearen mapa estrategikoen arabera, eremua AP-1 errepidearen eragin-eremutik hurbil dago, baina handik kanpo.

3.– Balizko inpaktuaren ezaugarriak.

Soraluze Berziklatuak enpresaren hondakin ez-arriskutsuak kudeatzeko lantegiaren proiektua gaur egun abandonatuta dagoen eremu artifizializatuan dago.

Proiektuaren izaera eta ezaugarriak kontuan hartuta, proiektatutako jardueratik eratorritako inpaktu nagusiak honako hauekin lotuta egongo dira: ur kutsatuak sortzea (kanpoko zelaian biltegiratutako materialekin kontaktuan jarritako euri-urak eta pilaketak ureztatzean eta bideak eta lan-eremuak garbitzean sortzen diren isurketak), lurzorua eta gainazaleko urak kutsatzeko arriskua areagotzen dutenak; tratatutako urak zuzenean Deba ibaira isurtzea; balorizatu behar den materiala aire zabalean pilatzetik eta erabiltzetik eta makinen joan-etorrietatik eratorritako emisio atmosferikoak, airearen kalitatea okertuko dutenak partikulen emisio barreiatuengatik eta makinen motorren errekuntzan sortutako beste konposatu batzuengatik; hondakinak areagotzea, eta zaratak eragindako eragozpenak areagotzea.

Hondakin-urak zoladuraren zolata inklinatuz bilduko dira, eta Deba ibaira isuri aurretik arazketa-sistema batera eramango dira, dekantazio-putzu batez eta hidrokarburoak bereizteko gailu batez osatua. Jarduera egiteko, ibilgura isurtzeko baimena beharko da.

Atmosferaren kutsadurari dagokionez, jarduera atmosfera kutsa dezakeen jarduera gisa jasota dago. Proiektuak atmosferara egiten diren isuri barreiatuak murrizteko prebentzio– eta zuzenketa-neurriak aurreikusten ditu.

Halaber, hondakin arriskutsuak eta ez-arriskutsuak sortuko dira, funtsean makinen mantentze-lanetatik eta hidrokarburoen bereizgailuko lohietatik.

Jarduera lurzorua kutsa dezakeen jardueratzat jotzen denez, aplikagarriak izango dira urtarrilaren 14ko 9/2005 Errege Dekretua (lurzorua kutsatzeko arriskua eragiten duten jardueren zerrenda eta lurzoruak kutsatu deklaratzeko irizpideak eta estandarrak ezartzen dituena) eta lurzoru kutsatua prebenitzeari eta zuzentzeari buruzko Legea (4/2015, ekainaren 25ekoa).

Uholde-arriskuari dagokionez, partzelaren zati nabarmen bat 500 urteko errepikatze-denborako uraldietarako uholde-gunean dago, lehentasunezko fluxu-gunetik kanpo.

Ildo horretan, bermatu egin beharko da proiektuaren ekintzak bateragarriak direla azterlanaren eremuan, eta, zehazki, urpean gera daitekeen zaintza-eremuan materialak edo hondakinak metatzeko aukerari dagokionez, Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren indarreko Plan Hidrologikoaren araudian ezarritakoa betetzearekin.

Obren faseari dagokionez, proiektatutako eraispenetatik (fatxadak eta barruko trenkadak) eta instalazioak eraikitzetik eratorritakoak izango dira inpaktu nagusiak. Obra horiek, behin-behinean eta era lokalizatuan, eragozpenak sortuko dizkiete herritarrei, emisio atmosferiko eta akustikoengatik, hondakinak sortzeagatik, ustekabeko isurketek lurzoruetan izan dezaketen eraginengatik, etab.

Eremuaren eta egin nahi den jardueraren ezaugarriak kontuan hartuta, eta aintzat hartuta bai sustatzaileak proposatutako babes– eta zuzenketa-neurriak bai ingurumen-inpaktuaren txosten honetan bertan agindutakoak, ez da aurreikusten proiektuak ingurunearen aipatutako alderdietan inolako eragin negatiborik izango duenik.

Bigarrena.– Ebazpen honetan, zenbait babes– eta zuzenketa-neurri ezartzen dira, proiektuak ingurumenean ondorio kaltegarri adierazgarririk izan ez dezan eta Soraluze Berziklatuak SL enpresak Soraluzen (Gipuzkoa) sustatutako hondakin ez-arriskutsuak kudeatzeko proiektuaren ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egiteko beharrik egon ez dadin; betiere, ezarritako babes– eta zuzenketa-neurriak txertatzen badira.

Babes– eta zuzenketa-neurriak gauzatzean, honako hauetan ezarritakoa bete beharko da: indarrean dagoen araudian xedatutakoa, hurrengo apartatuetan adierazitakoa, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, sustatzaileak organo substantiboaren bidez Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzaren aurrean aurkeztutako dokumentazioan aurreikusitakoa.

Neurrien norainokoa eta kontrolerako langile kopurua egokiak izan beharko dira ingurumen-agirian eta ingurumen-txosten honetan ezarritako kalitate-helburuak bermatzeko.

Neurri horiek guztiak obra kontratatzeko baldintza-agirietan sartu beharko dira, eta baldintza horiek betetzen direla bermatuko duen aurrekontua ere izan beharko dute. Era berean, jardunbide onak ezarriko dira obretan.

Honako atal hauetan adierazten diren neurriak gehitu beharko dira:

Ingurumen-arriskuekin lotutako neurriak:

– Proiektuaren partzelan egur txapatuak, kontratxapatuak eta taula zelularrak fabrikatzen zituen (EJSN, 2009:1621 – Egurrezko txapen eta oholen fabrikazioa) enpresa baten instalazioak egon dira. Jarduera hori lurra kutsa dezaketen jardueren artean dago, 9/2005 Errege Dekretuarekin bat. Dekretu hori urtarrilaren 14koa da, eta lurzorua kutsatzeko arriskua eragiten duten jardueren zerrenda eta lurzoruak kutsatu deklaratzeko irizpideak eta estandarrak ezartzen ditu.

Hori horrela, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legean eta abenduaren 26ko 209/2019 Dekretuan (Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legea garatzen duena) xedatutakoa bete beharko da.

– Hondakin ez-arriskutsuen kudeaketaren jarduera lurzorua kutsa dezakeen jardueratzat jotzen denez, aplikagarriak izango dira urtarrilaren 14ko 9/2005 Errege Dekretua (lurzorua kutsatzeko arriskua eragiten duten jardueren zerrenda eta lurzoruak kutsatu deklaratzeko irizpideak eta estandarrak ezartzen dituena) eta lurzoru kutsatua prebenitzeari eta zuzentzeari buruzko Legea (4/2015, ekainaren 25ekoa).

Ondore horretarako, sustatzaileak lurzoruaren egoerari buruzko txostena jaso beharko du benetako baimenaren esparruan, aipatutako araudiaren arabera.

– Proiektuaren partzelaren zati batek uholde-arriskua dauka 500 urteko errepikatze-denbora duten uraldietarako. Uren Legearen testu bategina onartzen duen uztailaren 20ko 1/2001 Legegintzako Errege Dekretuaren 25.4 artikuluan aurreikusitako txostena egiteko administrazio hidrauliko eskudunak eta Uraren Euskal Agentziak Urei buruzko ekainaren 23ko 1/2006 Legearen 7.k) artikuluan adierazitako txostenean ezarritakoa gorabehera, proiektuko jarduketak bateragarriak direla bermatu beharko da Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren indarrean dagoen Plan Hidrologikoaren araudian ezarritako uholde-arriskuko zaintza-eremuko erabilera-mugekin, eta, zehazki, mota guztietako material eta hondakinen metaketei dagokienez.

Horren harira, Uraren Euskal Agentziak 2022ko irailaren 27an egin zuen txostenean adierazitakoarekin bat, hondakinen metaketak Deba ibaiaren zortasun-eremutik kanpo kokatu behar dira. Horrekin lotuta, etorkizunean obra-baimena izapidetzearen esparruan, eraikuntza-proiektuak justifikatu beharko du estalpean dauden hondakinak biltegiratzeko eremuak, eta nahasketen eta obra-hondakinen eremua, iparraldean eta aire zabalean egonik, urak har ditzakeen eremuetatik kanpo daudela. Halaber, justifikatuko da ez dela aurreikusten hustubide-gaitasuna nabarmen murriztea ekar dezaketen betetzerik egingo denik.

– Obra fasean, uholde-arriskua duten eremuetan ez da obrako pilaketa edo instalazio lagungarririk jarriko (batez ere, makineria-parkea eta garbigunea), uholdeen errepikatze-denbora edozein dela ere.

Ura eta lurzorua babesteko neurriak.

– Obrak egin bitartean, obrako makinak gordetzeko eremua eta haiek mantentzeko tokia drainatze-sare naturaletik bereiziko dira. Zola iragazgaitza eta efluenteak biltzeko sistema bat izango ditu, olioek eta erregaiek ez ditzaten lurzorua eta ura kutsatu. Ezin izango da egin erregaien zamalanik, olio-aldaketarik eta tailerreko jarduerarik, horretarako adierazitako eremuetatik kanpo.

– Funtzionamendu-fasean, babes– eta zuzenketa-neurri hauek ezarriko dira, isuria baimentzearen esparruan organo eskudunak ezar ditzakeen baldintzak gorabehera:

• Instalazioan egiten diren jarduera guztiak gauzatzeko orduan, beharrezkoak diren segurtasun-baldintzak bete beharko dira, lurzorua, lurpeko urak eta lurrazaleko urak ez kutsatzeko.

• Instalazioko hormigoizko zolata baldintza optimoetan eduki beharko da, hausturarik edo lurzorua eta urak kutsatzeko arriskua duen eremurik gabe.

• Instalazioak estalkiko zorrotenetatik datozen euri-ur garbiak eta ur «kutsatuak» bereizteko sareak izango ditu. Ur kutsatu guztiak, kanpoko zelaiko euri-urak eta metaketak eta garbiketa hezetzeko ureztatze-urak barne, arazketa-sistemara konektatutako drainatze-azpiegituren bidez bildu beharko dira. Arazgailuak isurketa motarako egokiak izan beharko dira eta solidoak ahalik eta hobekien atxikitzeko eta isuriak lokalizatuak direla bermatzeko kalkulu hidraulikoen eta isurien derrigorrezko baimenean ezartzen diren parametro fisiko-kimikoen araberakoak.

• Uren arazketa-sistema mantentzeko lanak behar beste aldiz egingo dira, sistemak ondo funtzionatuko duela bermatzeko. Lan horietan sartzen dira, halaber, lohia kentzea eta, gero, kudeatzaile baimenduari entregatzea.

• Produktu eta hondakin arriskutsuen biltegia zein makinak biltegiratzeko, konpontzeko, zaintzeko eta haietan olio-aldaketak egiteko eremua, baita erregaia hornitzeko gunea ere, toki iragazgaiztu estankoetan egon beharko dira, izan litezkeen isurietatik babestuta; eta indarreko araudiaren araberako edukiera nahikoa eta baldintzak edukiko dituzte. Berariaz debekaturik egongo da mantentze-lanak horretarako zuzendutakoa ez beste toki batean egitea.

• Hidrokarburoak xurgatzeko gai den material espezifikoa eduki beharko da eskura, istripuzko isuri edo jarioren bat gertatuz gero berehala aplikatu ahal izateko.

Airearen kutsadura ahalik eta txikiena izateko neurriak.

– Hondakin ez-arriskutsuak kudeatzeko jarduerak honako hauek bete behar ditu: Atmosfera kutsa dezaketen jardueren katalogoa eguneratzen duen eta hura ezartzeko oinarrizko xedapenak finkatzen dituen urtarrilaren 28ko 100/2011 Errege Dekretuan ezarritakoa eta Atmosfera kutsa dezaketen jardueretarako instalazioak arautzen dituen abenduaren 27ko 278/2011 Dekretuan zehazten diren betebeharrak.

– AKDJ baimenean ezarritako baldintzak betetzeari kalterik egin gabe, kutsatzaileak aireratzea minimizatu beharko dira, bai konfinatuak, bai barreiatuak, ahal den neurrian teknika erabilgarri onenak aplikatuz. Bereziki, hauts-itxurako materialaren zamalanetan, ontzi-aldaketetan eta hondakinen kudeaketan eta, bereziki, hondakinak birrintzeko eta zatikatzeko eta materiala biltegiratzeko lanetan sortutako emisio barreiatuak ahalik eta gehien murrizteko neurriak aplikatuko dira. Horretarako, neurri hauek hartuko dira aintzat:

• Emisioak biltzeko sistemak behar bezala mantenduko dira, eta instalazioa garbi eduki beharko da (sarbideak, igarobideak, zamalanetarako guneak, pilaketa-eremuak, etab.). Ibilgailuen eta makinen bideak eta zirkulazio-eremuak aldizka garbituko dira, eta ibilgailuen abiadura mugatuta da.

• Zamalanak ahalik eta gutxien egingo dira, eta horiek egiteko orduan, ahalik eta hauts gutxien sortuz jardungo da; besteak beste, materiala deskargatzean, hura erortzen den altuera gutxituz.

• Bestetik, materiala garraiatuko duten kamioiak olanekin edo hautsa harrotzea saihesten duten bestelako elementuekin estali beharko dira.

• Klima-baldintza txarretan (haize bolada handiak, euriteak, eta abar), ez dira hauts-itxurako materiala manipulatzeko jarduerak gauzatuko aire zabalean.

• Pilaketa-eremua hezetzeko eta kamioiak igarotzen diren eremuak ureztatzeko sistemak izango dira.

• Plantaren instalazioen plangintzak, ikuskapenak eta mantentze-lanak egingo dira aldian behin, arestian deskribatutako prebentzio-neurrien betetze-maila egiaztatzeko.

Zaraten eta bibrazioen ondorioak minimizatzera zuzendutako neurriak.

– Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez aurreikusitakoaren arabera, aire zabaleko jarduera orokorretan erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen soinu-emisioei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-emisioak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuak eta arau osagarriek ezarritakora. Hala, makineria behar bezala mantendu beharko da, fabrikatzailearen jarraibideak kontuan hartuz, makineriak baldintza ezin hobeetan funtzionatzen duela bermatzeko, bai ekoizpeneko baldintzei bai ingurumenekoei dagokienez.

– Jarduerak eguneko ordutegian funtzionatuko du, lanegunetan.

– Beste alde batetik, jarduera egin beharko da jarduerak, orotara, bere eragin-eremuan Euskal Autonomia Erkidegoko Hots Kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan ezarrita dauden hots-kalitatearen helburuak ez gainditzeko moduan.

Hondakinak kudeatzeko neurriak.

– Sortutako hondakin guztiak Ekonomia zirkularrerako hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legean eta aplikatzekoak diren araudi espezifikoetan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira, eta, kasuan-kasuan, bereizi egin beharko dira hondakin mota eta helmugarik egokiena zehazteko.

– Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinak sortzea prebenitu behar da, edo, hala badagokio, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz kudeatu behar dira, hau da: prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa eta deuseztatzea barne.

– Hondakinak kasu honetan baino ezingo dira deuseztatu: behar bezala frogatzen bada hondakinak balorizatzea bideraezina dela teknikoki, ekonomikoki eta ingurumenaren ikuspegitik.

– Berariaz debekatuta dago sortzen diren tipologia bakoitzeko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin edota efluente batzuekin nahastea. Hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta horiek biltzeko eta biltegiratzeko baliabide egokiak jarriko dira, hala nahastea ekiditeko, nola, obran edo instalazioan bertan ez badira berrerabiliko, kudeatzaile baimendu bati entregatzeko.

– Eraikuntza– eta eraispen-hondakinak Eraikuntza– eta eraispen-hondakinen kudeaketa arautzeko ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.

– Amiantoa duen hondakinik edo elementurik aurkitzen bada, otsailaren 1eko 108/1991 Errege Dekretuak (Amiantoak ingurumenean sortzen duen kutsadura prebenitu eta gutxitzekoak) ezarritakoa bete beharko da, baita martxoaren 31ko 396/2006 Errege Dekretua ere (Amiantoaren eraginpean egoteko arriskua duten lanei aplikatu behar zaizkien segurtasuneko eta osasuneko gutxieneko xedapenak ezartzen dituena).

– Zabortegira bidali beharreko hondakinak sortuz gero, hauen arabera kudeatuko dira: 646/2020 Errege Dekretua, uztailaren 7koa, Hondakinak zabortegietan utziz ezabatzeko jarduera arautzen duena, eta 49/2009 Dekretua, otsailaren 24koa, Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duena.

– Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak independenteak izango dira, baldin eta, tipologia dela-eta, isurketaren baten ondorioz nahastuz gero arriskutsuago bihurtu badaitezke edo kudeaketa zaildu badezakete. Halaber, ekonomia zirkularrerako hondakin eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 21. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak bete beharko dituzte, eta itxita egon beharko dute kudeatzaileari eman arte, isurita edo lurrunduta gal ez daitezen.

– Industrian Erabilitako Olioaren Kudeaketa arautzen duen Errege Dekretuari (679/2006, ekainaren 2koari) jarraituz kudeatu beharko da sortutako olio erabilia. Olio erabiliak, kudeatzaile baimendu bati eman arte, estalpean utziko dira behar bezala etiketatutako depositu estankoetan; zola iragazgaitz baten gainean egon beharko dute, kubo txikietan edo ihes eta isuriei eusteko sistemen barruan.

Landareak berriro jartzea eta paisaian integratzea errazteko neurriak.

– Instalazio berria eraikitzeko proiektuak landareak berriro jartzeko eta paisaian integratzeko proiektu bat izan beharko du. Egitasmo horrek barnean hartuko du eremuan dauden espezie inbaditzaile guztiak ezabatzea eta, ondoren, instalazioaren inguruan espezie autoktonoak landatzea, landare-pantaila gisa.

Jarduera uztea.

– Behin instalazioaren bizitza erabilgarria amaituta, oro har kutsadura sor dezaketen elementu guztiak desmuntatu eta erretiratu beharko dira, eta dagokion kudeatzaile baimenduari emango zaizkio, kasuan kasuko tratamendu egokia egin dezan, indarrean dagoen legediaren arabera.

– Era berean, jarduera eten ondoren, titularrak ebaluatuko du lurzorua nola dagoen eta instalazioak erabilitako, ekoitzitako edo zabaldutako gai arriskutsu esanguratsuek lurpeko uretan zer-nolako kutsadura eragin duten, eta, halaber, organo honi emango dio ebaluazio horren emaitzen berri. Ebaluazioak erakusten badu instalazioak lurzoruaren edo lurpeko uren kutsatze nabarmena eragin duela lurzoruaren kalitatea adierazteko izapidean egindako lurzoruaren kalitatearen ikerketa-txostenetan ezarritako egoerarekin alderatuta, titularrak neurri egokiak hartuko ditu kutsadura horri aurre egiteko eta instalazioa lehengo egoerara ekartzeko, Ingurumen Erantzukizunari buruzko urriaren 23ko 26/2007 Legearen II. eranskineko arauei jarraikiz.

Hirugarrena.– Zehaztea, lehenengo puntuan ezarritakoaren arabera, eta betiere ebazpen honetan jasotako babes– eta zuzenketa-neurriak hartzen badira, baita sustatzaileak proposatutakoak ere –aurrekoen aurkakoak ez badira–, ez dela aurreikusten proiektua gauzatzeak ondorio kaltegarri adierazgarririk izango duenik ingurumenean. Hori dela eta, ez da beharrezkotzat jotzen Soraluze Berziklatuak SL enpresak Soraluzen (Gipuzkoa) sustatutako hondakin ez-arriskutsuak kudeatzeko proiektuari ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta aplikatzea.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.

Bosgarrena.– Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47.4 artikuluak ezarritakoaren arabera, aipatutako proiektua baimentzen ez bada Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean, ingurumen-inpaktuaren txosten honek indarraldia galduko du, eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio. Halako kasuetan, sustatzaileak berriro hasi beharko du proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko urriaren 10a.

Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,

JAVIER AGIRRE ORCAJO.


Azterketa dokumentala