Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

218. zk., 2022ko azaroaren 15a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
4950

AGINDUA, 2022 azaroaren 2koa, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, 2022ko maiatzaren 25eko Aginduaren babesean aurkeztutako dirulaguntza-eskabideak ebazten dituena. Agindu horren bidez, 2022an goi-mailako kirol-lehiaketak antolatzeko dirulaguntzetarako deialdia egin eta nola emango diren arautzen da.

AURREKARIAK

1.– 2022ko ekainaren 27an EHAAn argitara eman zen Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren 2022ko maiatzaren 25eko Agindua, zeinaren bidez iragartzen eta arautzen baitira 2022. urteko goi-mailako kirol-lehiaketak antolatzeko dirulaguntzak.

2.– 2022ko maiatzaren 25eko Aginduaren 10. artikuluarekin bat etorriz, Balorazio Batzordeak dirulaguntza-eskabideei buruzko agindu-proposamena egin zuen, 2022ko urriaren 25eko bilkuran, deitutako dirulaguntzen lerrorako. Proposamen hori Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari helarazi zitzaion, hura ikusita, aurkeztutako dirulaguntza-eskabideen gaineko erabakia har zezan.

Horrela bada, Balorazio Batzordeak egindako ebazteko agindu-proposamena ikusita eta gorago aipatutako aginduaren 13. artikuluan esleitutako eginkizunak betez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Eranskinean zerrendatzen diren erakundeei dirulaguntzak ematea; hain zuzen, eranskinean bertan adierazitako zenbatekoak.

Bigarrena.– 2022ko maiatzaren 25eko Aginduan araututako dirulaguntzen onuradunek testu horren 15. artikuluan ezartzen diren betebeharrak bete beharko dituzte.

Hirugarrena.– Dirulaguntza bi zatitan ordainduko da; lehenengoa, diruz lagundutako zenbatekoaren ehuneko berrogeita hamarri dagokiona, esleipen-agindua jakinarazitakoan eta hura onartzeko epea igarotakoan gauzatuko da; eta bigarrena, beste berrogeita hamarrari dagokiona, 2023ko urtarrilaren 1etik aurrera gauzatuko da, betiere diruz lagundutako lehiaketa justifikatutakoan; 2023ko martxoaren 1a baino lehenago justifikatu beharko da lehiaketa.

Ordainketa izapidetu aurretik, emandako dirulaguntza onartu beharko dute erakunde onuradunek. Dirulaguntza ematen zaiela jakinarazten duen jakinarazpena jaso eta hamabost eguneko epean erakunde onuradunek ez badiote dirulaguntzari espresuki eta idatziz uko egiten, onartu dutela ulertuko da.

Laugarrena.– Emandako dirulaguntza justifikatzeko, erakunde onuradunek 2023ko martxoaren 1a baino lehen, jarraian zehazten diren agiriak aurkeztuko dituzte http://www.euskadi.eus/nirekarpeta helbidearen bitartez:

a) Jarduera gauzatzeari buruzko memoria laburtua, deialdiaren aginduaren arabera baloratu beharreko gaiak gutxienez jasoko dituena; datu guztiak sexuaren arabera bereizita aurkeztuko dira.

b) Dirulaguntzarako eskabidea aurkeztu ostean burutu bada lehiaketa, arbitroen aktak, eta lehiaketako behin betiko programa.

c) Fakturen bidez eta zuzenbide- eta merkataritza-zirkulazioan froga-balio baliokidea duten edo administrazio-efikazia duten gainerako jatorrizko agirien bidez egiaztatuko dira gastuak. Faktura elektronikoen bidez ere egiaztatu ahal izango dira gastuak, baldin eta zerga-arloan onartuak izateko betekizunak betetzen badituzte, betiere.

Faktura eta dokumentu guztiak espediente elektronikora igo behar dira. Aurkezten diren fakturek dirulaguntzan emandako kopuru osoa justifikatu behar dute.

d) Jarduera-gastuen zenbatekoaren adinako diru-kopurua egiaztatuko da gastu-zerrendan.

e) Ekitaldiaren aurrekontu gauzatua, diru-sarrera eta gastu guztiak adierazita. Bereziki jaso beharko da helburu berarekin eskuratutako gainerako laguntzen zerrenda, baldin eta eskabideak aurkezteko unean haiek eraginkor izan ziren jakiterik ez bazegoen.

f) Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren laguntza berariaz aipatzen duten dokumentu guztien aleak, laguntza emateko ebazpenean ezarritako baldintzen arabera.

g) Jarduera edo programa gauzatzean Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialak erabili direla egiaztatzen duten agiriak.

Bosgarrena.– Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira –betiere dirulaguntzaren xedea bete bada– edo edozein erakunde publiko zein pribatutatik beste laguntzarik jaso bada, dirulaguntzak emateko agindua aldatu ahal izango da. Horretarako, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak likidazio-agindua emango du, esleitutako dirulaguntzaren zenbatekoa doitzeko.

Seigarrena.– Ondorengo hauek izango dira ez-betetzeak:

a) Jasotako dirulaguntzak (zenbateko osoa edo zati bat) 2022ko maiatzaren 25eko Aginduan onartutako jardueretarako erabili beharrean, beste zerbaitetarako erabiltzea.

b) 2022ko maiatzaren 25eko Aginduan ezarritako betebeharrak ez betetzea.

c) Dirulaguntzaren likidazio-aginduan adierazitako kopurua ez itzultzea horretarako ezarritako epean.

d) Xedapen orokorretan nahitaez bete beharrekotzat jotako beste edozer ez betetzea.

Ez-betetzeren bat gertatu dela egiaztatzen bada, jasotako zenbatekoak eta legezko interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaizkio, betiere azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren arabera.

Zazpigarrena.– Interesdun guztiei agindu honen berri emango zaie banan-banan, nahiz eta EHAAn ere argitaratuko den.

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari. Beraz, beraren aurka, interesdunek berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, hala ezartzen baitu urriaren 1eko Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari 39/2015 Legeak.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko azaroaren 2a.

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,

BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala