Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

218. zk., 2022ko azaroaren 15a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
4947

EBAZPENA, 2022ko urriaren 4koa, Arrantza eta Akuikulturako zuzendariarena, aisialdirako ontziak gobernatzeko tituluak eskuratzeko 2023ko azterketa arruntetarako deialdia egiteko dena.

Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzak, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren 18.1.o artikuluak ematen dizkion ahalmenak erabiliz, honako hau

EBAZTEN DU:

Ondoren adierazten diren tituluak lortzeko, 2023an egin beharreko azterketa teoriko eta praktikoetarako deialdiak egitea:

Azterketa teorikoak:

1. deialdia.– 2023ko martxoaren 15etik aurrera, honako titulu hauek eskuratzeko:

a) Oinarrizko nabigazioko patroia.

b) Aisiako ontziko patroia.

c) Yateko patroia.

d) Yateko kapitaina.

2. deialdia.– 2023ko ekainaren 5etik aurrera, honako titulu hauek eskuratzeko:

a) Oinarrizko nabigazioko patroia.

b) Aisiako ontziko patroia.

c) Yateko patroia.

d) Yateko kapitaina.

3. deialdia.– 2023ko azaroaren 6tik aurrera, honako titulu hauek eskuratzeko:

a) Oinarrizko nabigazioko patroia.

b) Aisiako ontziko patroia.

c) Yateko patroia.

d) Yateko kapitaina.

Azterketa praktikoa:

Deialdi bakarra.– 2023ko ekainaren 19tik aurrera, honako titulu hauek eskuratzeko:

a) Oinarrizko nabigazioko patroia.

b) Aisiako ontziko patroia.

c) Yateko patroia.

d) Yateko kapitaina.

Azterketen data zehatzak Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren web orrian iragarriko dira (https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/arrantza-akuikultura/hasiera/), azterketak egin baino astebete lehenago.

Deialdiak honako hauen arabera egingo dira:

DEIALDIAREN OINARRIAK

Lehenengoa.– 1.– Honelaxe egingo dira azterketak:

a) Azterketa teorikoen lehenengo eta hirugarren deialdiak Pasai San Pedroko (Gipuzkoa) «Blas de Lezo» Pasaiako Itsas Arrantza BHIn egingo dira soilik.

b) Azterketa teorikoen bigarren deialdia Euskal Herriko Unibertsitateak Portugaleten (Bizkaia) daukan Bilboko Ingeniaritza Eskolako Nautika eta Itsasontzi Makineriako atalean egingo dira.

Nolanahi ere, azterketa guztiak horretarako eratutako epaimahai batek ebaluatuko ditu. Epaimahaia eratzeko, kontuan hartu behar dira ebazpen honen 5. oinarriak xedatutakoa eta otsailaren 2ko 16/1993 Dekretuak zerbitzuko arrazoiak direla-eta eman beharreko kalte-ordainei buruz xedatutakoa.

2.– Azterketak indarrean dauden programei lotuko zaizkie, alorreko arauekin bat etorriz.

3.– Titulu bakoitzerako azterketa praktikoak hainbat zati izango ditu: nabigazioaren praktika eta segurtasunaren praktika, irrati-komunikazioak, bela praktikak.

4.– Eskabideak online bete beharko dira, Internet bidez, urrats hauek betez:

a) Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren web orrian sartu, eskabidearen atalean edo, zuzenean, https://www.euskadi.eus/ helbidean.

b) Dagokion eskabide-inprimakia bete.

c) Azterketari dagokion tasa online ordaindu; ez dira inskribatutzat joko izena emateko epea amaitu baino lehen tasa ordaindu ez dutenak.

Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan xedatutakoa betetzeko, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak adierazten du datu pertsonalak tratatu eta dagokion tratamendu-jardueran sartuko direla. Halaber, Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzak datuak babespean tratatzeko konpromisoa hartzen du, Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan eta aplikatu beharreko gainerako araudian ezarritakoarekin bat etorriz.

Eskabidea formalizatu ondoren, agiri hauek aurkeztu beharko dira:

– Nortasun agiri nazionalaren fotokopia, bizileku-txartela edo indarrean dagoen pasaportea, eta, eskatzailea adingabea bada (16 urteak beteta izanik, betiere), guraso baten edo tutorearen baimena aurkeztu beharko du, idatziz.

– Aisialdirako ontziko patroiaren titulua edo titulu horren eskabidearen frogagiria, yateko patroia izateko azterketara aurkezteko.

– Yateko patroiaren titulua edo titulu horren eskabidearen frogagiria, yateko kapitaina izateko azterketara aurkezteko.

5.– Halaber, hautagaiek dokumentu, material eta tresna hauek eraman beharko dituzte azterketa teorikoetara, aurkezten diren azterketen arabera:

– Oinarrizko nabigazioko patroia: indarrean dagoen nortasun agiri nazionala, bizileku-txartela edo pasaportea eta boligrafoa.

– Aisiako ontziko patroia: indarrean dagoen nortasun agiri nazionala, bizileku-txartela edo pasaportea, boligrafoa eta nabigazio-karta erabiltzeko beharrezkoa den materiala.

– Yateko patroia: indarrean dagoen nortasun agiri nazionala, bizileku-txartela edo pasaportea, boligrafoa eta nabigazio-karta erabiltzeko beharrezkoa den materiala.

– Yateko kapitaina: indarrean dagoen nortasun agiri nazionala, bizileku-txartela edo pasaportea, boligrafoa eta nabigazio-kalkuluak egiteko beharrezkoa den materiala (2023ko almanakea barne); ez da onartuko programatutako kalkulagailurik. Halaber, ingeleseko azterketan ezin izango da hiztegirik erabili.

6.– Eskabideak honako epe hauetan aurkeztuko dira:

Azterketa teorikoak:

– 1. deialdia, 2023ko martxoan: 2023ko otsailaren 6tik otsailaren 24ra arte.

– 2. deialdia, 2023ko ekainean: 2023ko maiatzaren 2tik maiatzaren 19ra arte.

– 3. deialdia, 2023ko azaroan: 2023ko urriaren 2tik urriaren 20ra arte.

Azterketa praktikoa:

Deialdi bakarra, 2023ko ekainean: matrikula-eskaera aurkezteko epea 2023ko ekainaren 2tik ekainaren 9ra artekoa da.

7.– Azterketetan parte hartzeko dokumentazioa administrazio-bulego hauetan aurkeztu ahal izango da:

a) Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila (Eusko Jaurlaritza, Donostia kalea 1, Vitoria-Gasteiz).

b) «Blas de Lezo» Pasaiako Itsas Arrantza BHI (Marinelen kalea 2, Pasai San Pedro, Gipuzkoa).

c) Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko Arrantza Antolamenduaren Zerbitzua (Eusko Jaurlaritza, Easo kalea 10, Donostia / San Sebastian).

d) Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko Arrantza Egituren Zerbitzua (Eusko Jaurlaritza, Concha Jeneralaren kalea 23, 2. solairua, Bilbao).

8.– Online egindako eskabideak deialdi bakarrerako izango du balioa. Geroagoko deialdi batean parte hartzeko, ezinbestekoa da beste eskabide bat egitea online, bigarren oinarriko 3. puntuan aipatutako dokumentazioarekin batera.

9.– Azterketara aurkeztu ezean, matrikula ezin izango da hurrengo deialdi baterako aldatu, ezta azterketako eskubideak itzuli ere, tartean oso arrazoi larriak eta epaimahaiaren aurrean behar bezala justifikatutakoak ez badira behintzat.

Bigarrena.– Azterketak baloratuko dituzten epaimahaiak Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko Arrantza eta Akuikulturako zuzendariak izendatuko ditu.

Hirugarrena.– Epaimahaietako buruek zentro aztertzaile bakoitzeko iragarki oholean agerraraziko dituzte deialdi eta titulu guztietako azterketen datak, deialdi honetan ezarritako epeetan, eta lehenengo oinarrian ezarritakoa ere beteta. Era berean, behar den denbora emanda, zentro bakoitzeko iragarki-oholean adieraziko dituzte: tituluetako bakoitzaren azterketa-orduak, epaimahai aztertzaileen osaera, eta onartuen eta baztertuen zerrendak.

Laugarrena.– Azterketak amaitutakoan, ebazpen honetako bigarren oinarrian adierazitako administrazio-bulegoetako iragarki-oholean jarriko dira ikusgai lortutako kalifikazioen zerrendak. Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren web orrian ere kontsultatu ahal izango dira: https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/arrantza-akuikultura/hasiera/

Hautagaiek egokitzat hartzen dituzten erreklamazioak aurkeztu ahal izango dizkiote epaimahaiko buruari, aipaturiko zerrenda horiek jendaurrean jarri eta 5 eguneko epean. Erreklamazioak behar bezala arrazoitu beharko dira, eta epaimahaiko idazkariari bidali beharko zaizkio, NANaren fotokopiarekin batera. Datu pertsonalak, helbidea eta posta-kodea azaldu beharko dira, idatziz erantzun ahal izateko.

Azterketak 2 urtez gordeko dira, kalifikazioak irmo bihurtzen diren unetik aurrera. Salbuespenez, berrikusi diren azterketak 3 urtez gordeko dira.

Bosgarrena.– Deialdi hau eta honen ondoriozko administrazio-egintza guztiak aurkaratu ahal izango dira, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/12015 Legean ezarritako modu eta kasuetan.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko urriaren 4a.

Arrantza eta Akuikulturako zuzendaria,

LEANDRO AZCUE MUGICA.


Azterketa dokumentala