Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

218. zk., 2022ko azaroaren 15a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
4946

AGINDUA, 2022ko azaroaren 3koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuarena, zeinaren bidez onartzen baitira, 2022rako, Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritzaren, basogintzaren eta arrantza- eta akuikultura-produktuen sektoreetan ikertu, garatu eta berritzeko laguntzen deialdiaren oinarriak (Berriker).

Enpresei I+G+Brako ematen zaizkien laguntzak dira I+G+B garatzeko tresna garrantzitsuenetakoak, epe laburrera erantzuteko ez ezik, enpresa-arloko ekimenak bultzatzeko eta zentro teknologikoekin elkarlanean jardun dezaten bultzatzeko ere bai (hori da, izan ere, xede nagusia), ikerlanak azpisektoreen bitartez gara daitezen sustatuz.

Horrela dago jasota, I+G+B jarduerak sustatuz, nekazaritzako elikagaien sektorearen lehiakortasuna handitzeko Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko Sailak egindako, lagundutako eta bultzatutako planetan ere.

«Euskadi 2030 Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Plana» (ZTBP 2030) bera Euskadik ikerketaren eta berrikuntzaren alde egiten dun apustu estrategikoa da, euskal ekonomiak lehiakortasuna hobetu eta hazkunde iraunkorraren bidean aurrera egin dezan lortzeko eragile gisa. Zera erdietsi nahi da Euskadirentzat, erreferentzia izan dadila gastronomiaren eta elikaduraren arloan, kalitate handiagatik ez ezik, balio-katearen jasangarritasunagatik ere bai ekonomiaren, gizartearen, kulturaren eta ingurumenaren alorretan. Erronka handi hori lortzeko, bultzatu eta garatu egin behar da enpresak kalitatezko produktu osasungarriak merkaturatu ditzala eta jasangarritasuna susta dezala, aparteko turismo-balioa duen proposamen bat sortzeaz gain, kultura, paisaia eta gastronomiaren alorreko ondarearen kontserbazioa bultzatzea eta mundu mailan aintzatespen-maila are handiagoak lortzea ahaztu gabe. Garapen hori, halaber, elikaduraren balio-katearen, ekoizpen primarioaren eta elikagai osasungarrien kontsumoaren paradigman funtsatuta bultzatu behar da; izan ere, pertsonak –elikagaien kontsumitzaileak– balio-kate osoaren erdigunean daude, eta sinergiak eta harremanak bilatu behar dira beste sektore ekonomiko, kultural eta sozial batzuekin.

Horretarako, trantsizio teknologiko-digitalari lotutako zeharkako erronkei egin beharko die aurre (elikaduraren balio-katearen maila guztietan IKTak integratu beharko dira horretarako), baita trantsizio energetiko eta klimatikoari ere (ekonomia zirkularrera egokitzea ekarriko du horrek berekin, xahubidea minimizatuz, elikadura-azpiproduktuak berreskuratuz eta balorizatuz eta elikagaien paketatzea birdiseinatuz). Halaber, gizarte- eta osasun-trantsizioa aukera-iturri bihurtzen da. Hori guztia honako erronka hauetan zehazten da, dagokion denbora-jomugari jarraikiz:

– Epe laburrerako erronkak:

• Elikagaien ekosistema seguruak, jasangarriak eta osasungarriak.

• Nutrizio pertsonalizatua: omiken garapena eta produktu berrien formulazioan duten aplikazioa.

• Zahartze osasungarrirako elikagai berriak: haurtzarotik hirugarren adinera arte.– Proteina-iturri berriak.

– Epe ertainerako erronkak:

• Proteinak edo beste elikadura-osagai batzuk –biofilmak, polisakaridoak, gantz-azidoak, bitaminak, etab.– bioteknologikoki ekoizteko metodo berriak.

• Nutrizioak gaixotasunen – bereziki gaixotasun ez-transmitigarrien– prebentzioan duen garrantzian ardaztutako doitasun-nutrizioa, biztanleriaren osasun eta ongizaterako lagungarria dela kontuan izanik.

• Ikuspegi berriak sustatzea, biztanle-kolektibo jakin batzuetan nutrizioaren alorreko esku-hartzeak lortzeko ez ezik, dietak osasunean eta ongizatean duen eragina indartzeko ere bai.

I+G+B alorreko lehentasunezko eremu horiek jarraiki egiten die «baserritik mahaira» estrategiari (farm to fork), elikadura-sistema osasungarri eta bidezko baten alde egiten duenari, hain justu. Elikadura-balioaren kateko enpresetan praktika jasangarriak estimulatuz, hala nola honako hauekin lotutako proiektuak:

– Nekazaritza ekologikoa, produktu ekologikoa.

– Animalien ongizatea.

– Jatorriari buruzko etiketak: osasungarria, jasangarria, animalien ongizatea.

– Ontziak: elikagaiak ukitzeko egokiak diren biomaterialak.

– Elikagai-xahubidea.

– Plagizidak, fitosanitarioak eta mikrobioen aurkakoak murriztea.

– Merkaturatze arduratsua eta, oro har, balio-kate osoan.

– Iruzurraren kontrako borroka.

– Nutrizio-profilak (etiketatzearekin ere lotuta).

– Elikadura jasangarria, osasungarria eta herritarrentzat ahalik eta eskuragarriena.

– Kontsumitzaileen ahalduntzea.

Trantsizio eta aurrerapen horiei aurre egiteko estrategia europarretan, ikertuz, teknologia garatuz eta berrituz jakintza sortzea da Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko Sailak nekazaritza, elikadura eta arrantzaren alorretan sektore horien lehiakortasuna bultzatzeko abiarazita duen estrategiaren oinarrizko euskarrietako bat.

Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz, laguntza-kategoria jakin batzuk merkatu komunarekin bateragarriak direla deklaratzen duen Europako Batzordearen ekainaren 17ko 651/2014 Erregelamenduaren (EB) III. kapituluaren IV. sekzioan, ikerketa eta garapenerako proiektuen laguntzak arautzen dira, zeinek barne hartzen baitituzte oinarrizko ikerketarako, ikerketa industrialerako eta garapen esperimentalerako eta bideragarritasun-azterlanerako proiektuak (25. artikulua) eta prozesuak eta antolaketa berritzeko laguntzak (29. artikulua).

Europako Batzordearen ekainaren 25eko 702/2014 (EB) Erregelamenduko 31. artikuluan ere arautzen dira nekazaritza- eta basogintza-sektoreetan ikertzeko eta garatzeko laguntzak. Erregelamendu horrek nekazaritza eta basogintza sektoreetarako eta landa eremuetarako laguntza kategoria jakin batzuk barne merkatuarekin bateragarriak deklaratzen ditu, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz.

Garapen esperimentalerako proiektuetan, oinarrizko ikerketarako proiektuetan eta industria-ikerketarako proiektuetan eta I+G+B proiektuetan gastuak eta inbertsioak egiteko laguntzen deialdia egitea da agindu honen xedea.

Landa-garapenerako politikaren arabera, bateragarriak dira Europar Batasunak eta Euskal Autonomia Erkidegoak elkarrekin finantzatzen dituzten neurriak eta Estatuak ematen dituen laguntzak. Hala ere, Estatuak ematen dituen laguntzek muga jakin batzuen barnean egon behar dute, eta kontrol-neurri jakin batzuk bete behar dituzte, koherentzia izan dadin bi politiken artean, eta Tratatuan lehiakortasunaren alorrean xedatzen diren arauak hertsiki bete daitezen.

Europako Batzordearen ekainaren 17ko 651/2014 Erregelamenduak (EB) ezartzen du zer baldintza eta betekizun bete behar dituzten laguntzek estatu kideek diruz lagun ditzaten (estatu-laguntza izan daitezen) Europar Batasunaren baimenik eduki beharrik izan gabe.

Hau da, laguntza horiek arautzean eta ematean, erregelamendu horretan ezarritakoa errespetatu eta betetzen badute estatu kideek, laguntza horiek merkatu erkidearekin bateragarriak direla ulertzen da, eta, beraz, ez dute Europar Batasunaren baimenik behar.

Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz, nekazaritza- eta basogintza-sektoreetako eta landa-eremuetako laguntza-kategoria jakin batzuk barne-merkatuarekin bateragarriak direla deklaratzen duen Batzordearen ekainaren 25eko 702/2014 Erregelamenduak (EB) xedatzen du, 1. artikuluaren 2. apartatuan, nekazaritzaren eta basogintzaren sektoreak ikertzeko eta garatzeko laguntzak Batzordearen ekainaren 17ko 651/2014 Erregelamenduaren baldintzetan eta horren arabera eman ahal izango direla.

Hain zuzen ere, erregelamendu horren IV. sekzioan xedaturakoaren barruan sartzen dira agindu honetako laguntzak.

Era berean, agindu honen bidez iragarritako laguntzak jasota daude Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko Sailaren 2021-2023 urteetarako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan. Plan estrategiko hori Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren 2021eko martxoaren 17ko Aginduaren bidez onartu zen (Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko Sailaren 2021, 2022 eta 2023rako dirulaguntzen plan estrategikoa onartzekoa), eta Eusko Jaurlaritzaren «www.euskadi.eus» webgunean argitaratuta dago, sailari buruzko eremuan, «Planak eta proiektuak» atalean.

Aurrekontu-zuzkidura nahikoa dago Euskal Autonomia Erkidegoko 2022. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen 2021eko abenduaren 23ko 11/2022 Legeak baimendutako kredituen arabera, eta, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu-araubideari dagokionez indarrean dauden lege-xedapenen testu bategina onartzen duen maiatzaren 24ko 1/2011 Legegintzako Dekretuan ezarrita dagoenari jarraikiz, laguntza-deialdi honek aurrekontu-estaldura nahikoa du.

Eta Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legeari jarraikiz (lege horren 26.4 artikuluaren arabera, Jaurlaritzako kide gisa dagozkien eskumenei kalterik egin gabe, sailburuek beren sailari dagozkion gaietan administrazio-xedapen orokorrak eta ebazpenak emateko eskudantzia izango dute), honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Deialdia.

Onartzea, 2022rako, Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritzaren, basogintzaren eta arrantza- eta akuikultura-produktuen sektoreetan ikertu, garatu eta berritzeko laguntzen deialdiaren oinarriak. Agindu honen eranskinean jasotzen dira oinarriok.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Errekurtsoak.

Agindu honen aurka, interesdunek berraztertzeko errekurtsoa jar diezaiokete Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuari, hilabeteko epean. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean. Kasu bietan, agindua argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da epea.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Ondorioak.

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko azaroaren 3a.

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.

ERANSKINA

1. oinarria.– Xedea eta helburua.

1.– Agindu honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritzaren, basogintzaren eta arrantza- eta akuikultura-produktuen sektoreetan ikerketa, garapena eta berrikuntza sustatu eta bultzatzeko laguntzen araubidea iragartzea (Berriker).

2.– Arau honetan erregulatzen diren ikerketa, garapen eta berrikuntzarako laguntzen helburua da efizientzia areagotzea, lehiakortasuna hobetzea, hazkunde jasangarriaren alde egitea eta lankidetza sustatzea Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritzaren, basogintzaren eta arrantza- eta akuikultura-produktuen sektoreetan.

3.– Agindu honetan aurreikusitako laguntzek jakinarazi beharretik salbuetsita dauden laguntzen tratamendu bera izango dute, honako hauen arabera: Europako Batzordearen 651/2014 Erregelamendua (EB), ekainaren 17koa, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz, laguntza-kategoria jakin batzuk merkatu komunarekin bateragarriak direla deklaratzen duena (kategorien araberako salbuespenen erregelamendu orokorra) (EBAO L187, 2014-06-26); eta Europako Batzordearen 702/2014 Erregelamendua (EB), ekainaren 25ekoa, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz, nekazaritza- eta basogintza-sektoreetako eta landa-eremuetako laguntza-kategoria jakin batzuk barne-merkatuarekin bateragarriak direla deklaratzen duena (EBAO L193, 2014-06-01). Horrenbestez, laguntza horiek behar bezala jakinarazi behar zaizkio Europako Batzordeari, agindu hau argitaratzen denetik hasi eta hurrengo 20 egunetan.

4.– Inbertsioak eta gastuak urterokoak edo hainbat urtetarako izango dira, aurkezten diren proiektuak gauzatzeko denboraren arabera.

2. oinarria.– Definizioak.

Agindu honen ondorioetarako, honela ulertuko dira jarraian datozen definizioak:

1.– Zientziaren, Teknologiaren eta Berrikuntzaren Euskal Sarea: ikerketan, garapenean eta berrikuntzan diharduten entitateak, eta entitate horiek, sarean lan eginez, I+G+B arloko jardueren uztarketa orekatua garatzen dute, ikerketa espezializatu eta bikaina egiten dute, eta horrek eragina du Euskadiko aberastasunean eta ongizatean. Honako honi jarraikiz egiaztatutako entitateak dira: 21/2021 Dekretua, urtarrilaren 26koa, zeinaren bidez hirugarren aldiz aldatzen baita Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearen osaera arautzeari eta eguneratzeari buruzko Dekretua.

2.– Enpresa-talde berritzaileak: egitura edo talde antolatuak, alderdi independentez osatuak (esate baterako, enpresa berritzaile sortu berriak eta enpresa txiki, ertain eta handiak, bai eta ikerketa eta ezagutzen zabalkunderako erakundeak, irabazi asmorik gabeko erakundeak eta horiekin guztiekin lotutako beste eragile ekonomiko batzuk ere). Egitura edo talde hauen helburua da jarduera berritzaileak sustatzea, instalazioen erabilera partekatua eta ezagutza teoriko eta praktikoen trukea bultzatuz, bai eta ezagutzen transferentziarako, sareak sortzeko, informazioaren zabalkunderako eta enpresen eta taldeko beste erakunde batzuen arteko lankidetzarako laguntza emanez.

3.– Lankidetza eraginkorra: gutxienez bi alderdi independenteren arteko lankidetza ezagutzak edo teknologia elkarri trukatzeko, edo lan-banaketa oinarri hartuta helburu bera lortzeko, non esku hartzen duten alderdiek elkarlanean gauzatu beharreko proiektuaren eremua batera zehazten duten, hori aplikatzen laguntzen duten eta haren arriskuak eta emaitzak partekatzen dituzten; alderdi batek edo hainbatek proiektuaren kostu guztiak bere gain har ditzake eta, era horretan, gainerako alderdiei finantza-arriskuak kendu. Kontratupeko ikerketa eta ikerketa-zerbitzuen prestazioa ez dira lankidetza-modutzat hartzen.

4.– Nekazaritzako produktuak merkaturatzea: salmentarako produktuak edukitzea edo erakustea, salmentarako eskaintza, merkaturako entregatzea edo merkatuan jartzeko edozein modu, lehen sektoreko ekoizleek bitartekariei edo eraldatzaileei egindako lehenengo salmenta edo lehen salmenta horretarako produktu bat prestatzeko jarduerak izan ezik; lehen sektoreko ekoizleek azken kontsumitzaileei egindako salmenta merkaturatzea dela ulertuko da baldin eta horretarako gordetako instalazio independenteetan egiten bada.

5.– Garapen esperimentala: aurretik ere baziren jakintzak eta teknikak (zientifikoak, teknologikoak, enpresa-arlokoak eta abar) eskuratu, konbinatu, konfiguratu eta erabiltzea, produktu, prozesu edo zerbitzu berriak edo hobetuak prestatzeko. Hor sartu ahal izango dira, esate baterako, produktu, prozesu eta zerbitzu berriei buruzko definizio kontzeptuala, plangintza eta dokumentazio-lana egiteko jarduerak ere. Garapen esperimentalean sartu ahal izango da prototipoak sortzea, demostrazioa, proiektu pilotuak prestatzea, produktu, prozesu edo zerbitzu berri edo hobetuen entseguak egin eta baliozkotzea, funtzionamendu errealeko baldintzak islatzen dituzten inguruneetan, baldin eta helburu nagusia bada hobekuntza teknikoak ematea behar beste finkatuta ez dauden produktu, prozesu edo zerbitzuei. Orobat, merkataritza-erabilera duten prototipo eta proiektu pilotuak garatzea ere barne har dezake, azken merkataritza-produktuaren beharraren eraginez sortzen badira, eta haien fabrikazioa garestiegia denean demostrazio- eta balioztatze-helburuetarako bakarrik. Garapen esperimentalak ez ditu barnean hartzen produktuei, ekoizpen-lerroei, fabrikazio-prozesuei, lehendik baziren zerbitzuei eta martxan dauden beste operazio batzuei egiten zaizkien ohiko edo aldian aldiko eraldaketak, nahiz eta eraldaketa horiek hobekuntzak ekarri.

6.– Enpresa: jarduera ekonomiko bat garatzen duen erakundea, edozein dela ere haren forma juridikoa. Bereziki, enpresatzat hartzen dira banakako edo familiako eskulangintzan edo beste jarduera batzuetan aritzen direnak, pertsonen sozietateak eta erregulartasunez jarduera ekonomiko batean aritzen diren elkarteak.

7.– Krisian dagoen enpresa: halakotzat hartzen da Europako Batzordearen ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 2. artikuluaren 18. apartatuan jasotzen diren egoeraren batean gutxienez dagoen enpresa.

8.– Oinarrizko ikerketa: lan esperimental edo teorikoak dira, behatzen diren fenomeno eta gertakizunen oinarri-oinarrizko funtsei buruzko jakintza berriak eskuratzeko helburuz eginak, aplikazio edo erabilera komertzial zuzenekorik izateko aurreikuspenik gabe.

9.– Ikerketa industriala: produktu, prozesu edo zerbitzu berriak sortzeko edo lehendik bazeudenak nabarmen hobetzeko lagungarri izan daitezkeen jakintza eta gaitasun berriak eskuratzeko helburuz eginiko ikerketa planifikatua edo azterlan kritikoak. Bertan sartzen da sistema konplexuen osagaiak sortzea, eta, halaber, honako hauek ere sar daitezke: prototipoak eraikitzea laborategi erako ingurune batean edo dauden sistemekin simulatutako interfazedun ingurune batean, baita lerro pilotuak, ikerketa industrialerako eta, bereziki, teknologia generikoa baliozkotzeko beharrezkoa denean.

10.– Nekazaritzako produktua: Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren I. eranskinean zerrendatutako produktuak, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 11ko 1379/2013 (EB) Erregelamenduaren I. eranskinean zerrendatutako arrantza- eta akuikultura-produktuak izan ezik.

11.– Nekazaritza-ekoizpen primarioa: nekazaritzatik eta abeltzaintzatik eratorritako produktuen ekoizpena, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren I. eranskinean zerrendatuak, produktu horien izaera aldatzen duen beste eragiketarik egin gabe.

12.– Arrantzako produktuak: Arrantzako jardueretatik lortutako organismo akuatikoak edo horietatik eratorritako produktuak, 2013ko abenduaren 11ko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1379/2013 (EB) Erregelamenduaren I; b) eranskinean zerrendatzen diren eran.

13.– Akuikulturako produktuak, organismo akuatikoak, bizitza-zikloaren fase guztietan, akuikulturako jardueretatik lortuak edo horietatik eratorritako produktuak.

14.– Itzulketa: jasotako laguntza itzultzea, pertsona edo erakunde onuradunak bere betebeharrak bete ez izanaren ondorioz.

15.– Nekazaritza-sektorea: nekazaritza-ekoizpen primarioan zein eraldaketan eta merkaturatzean jarduten duten enpresa guztiak.

16.– Arrantza-sektorea eta akuikultura-sektorea: ekonomiaren sektore bat da, arrantza- eta akuikultura-produktuak ekoiztu, eraldatu eta merkaturatzeko jarduera guztiak barne hartzen dituena.

17.– Nekazaritzako produktuak eraldatzea: nekazaritzako produktu baten gainean egindako eragiketaren emaitza, emaitza nekazaritza-produktu bat denean, animalia- edo landare-produktu bat lehenbiziko salmentarako prestatzeko egin behar diren nekazaritza-jarduerak izan ezik.

3. oinarria.– Laguntza-lerroak.

Laguntza-lerro hauek ezartzen dira, agindu honetako 1. oinarriko xedea lortzeko:

1.– Elikaduraren eta zuraren balio-kateari lotutako I+G proiektuetarako laguntzak. Diruz lagundu daitezkeen proiektuen tipologia hauek jasoko dute laguntza:

1.1.– Elikaduraren eta zuraren balio-kateko enpresetako I+G proiektuak. Halakotzat hartuko dira elikaduraren eta zuraren balio-kateko ekoizpen, eraldaketa, banaketa edo merkaturatzearen sektoreetako enpresek gidatutako industria-ikerketarako edo garapen esperimentalerako proiektuak. Mota horretako proiektuak produktu, zerbitzu, negozio-prozesu edo negozio-eredu zientifiko-teknologikoak –bai berriak bai nabarmen hobetuak eta termino zientifiko-teknologikoetan existitzen direnak baino hobeak izango direnak– garatzera bideratuta egon beharko dute. Balorazio positiboa emango zaio elikaduraren eta zuraren balio-kateko maila guztietako enpresen arteko lankidetzari, baldin eta lankidetza hori lagungarria bada balio-proposamen lehiakorragoak garatzeko eta balio-katea integratzen laguntzeko, baita enpresen eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko eragileen arteko lankidetza ere.

1.2.– Elikaduraren eta zuraren balio-katerako ezagutza sortzeko proiektuak. Halakotzat hartuko dira Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sareko eragileek egindako oinarrizko ikerketarako edo industria-ikerketarako proiektuak, Elikadura Osasungarriaren RIS3 eremuari, «baserritik mahaira» estrategiari eta Sailburuordetzak I+G arloan abiarazitako planei lotutako I+G lerroetan. Horiek 5. oinarrian zehazten dira. Mota horretako proiektuek ezagutza sortu beharko dute, etorkizunean elikaduraren eta zuraren balio-kateko enpresek aplikatu edo merkaturatu ditzaten. Positiboki baloratuko da Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko askotariko eragileen arteko lankidetza, baita enpresek eta elikaduraren eta zuraren balio-kateko beste erakunde batzuek interes-adierazpenak izatea ere.

Laguntza-lerro horretako proiektu mota biek honako honetan ezarritakoari jarraikiko diote: Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz, laguntza-kategoria jakin batzuk barne-merkatuarekin bateragarriak direla deklaratzen duen Europako Batzordearen ekainaren 17ko 651/2014 Erregelamenduaren (EB) 25. artikulua.

2.– Nekazaritza- eta basogintza-sektoreetarako ezagutza espezifikoa sortzeko eta zabaltzeko proiektuetarako laguntzak. Halakotzat hartuko dira Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko eragileek egindako I+G proiektuak, baldin eta interesgarriak badira nekazaritza edo basogintzako sektorean edo azpisektorean diharduten euskal enpresa guztientzat.

Laguntza-lerro honetako proiektuek ezagutza sortu eta asko zabaldu beharko dute. Hori dela eta, helburuak Interneten argitaratu beharko dira hasi baino lehen, eta emaitzak doan eskuratu ahalko dira Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritza edo basogintzako sektorean edo azpisektorean diharduen edozein enpresarentzat, gutxienez bost urtez, proiektua amaitzen denetik zenbatzen hasita.

Positiboki baloratuko da Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko askotariko eragileen arteko lankidetza, baita enpresek eta nekazaritza edo basogintzako sektorean edo azpisektoreko beste erakunde batzuek interes-adierazpenak izatea ere.

Laguntza-lerro hau hemen ezarritakoaren araberakoa izango da: Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz, nekazaritza- eta basogintza-sektoreetako eta landa-eremuetako laguntza-kategoria jakin batzuk barne-merkatuarekin bateragarriak direla deklaratzen duen Europako Batzordearen 2014ko ekainaren 25eko 702/2014 (EB) Erregelamenduren 31. artikulua.

3.– Negozio-prozesuetan berritzeko proiektuetarako laguntzak. Halakotzat hartuko dira oinarri teknologikoko berrikuntza-proiektuak, teknologia digitalak barne hartuta, elikaduraren eta zuraren balio-kateko enpresetan ekoizteko, eraldatzeko, banatzeko edo merkaturatzeko negozio-prozesuetan. Laguntza-lerro honetako proiektuak berria den edo nabarmen hobetuta dagoen negozio-prozesu bat txertatzera bideratuta egon beharko dira, eta negozio-prozesu horren ezaugarriak edo aplikazioak lehendik zeudenen oso desberdinak izan beharko dira teknologiari dagokionez, dela teknologia berrien erabileraren ondoriozkoak direlako, dela lehendik existitzen zirenen konbinazio edo erabilera berriak direlako.

Proiektu horiek lagungarriak izan beharko dira enpresaren lehia-posizioa nabarmen hobetzeko, eta aldaketa edo hobekuntza txikiagoei heltzen dieten proiektuak eta aldaketa errepikakorrak salbuetsita geratuko dira.

Ez dira kontuan hartuko berrikuntza bat ezartzeko helburu nagusia ez duten proiektuak, hala nola planak egitea edo azterlanak eta analisiak gauzatzea. Ez dira kontuan hartuko, ezta ere, produktu edo zerbitzuetan berrikuntzak txertatzeko proiektuak edo digitalizazio-proiektuak baldin eta enpresaren negozio-prozesuetan aldaketa edo hobekuntza esanguratsuak eragiten ez badituzte, hala nola produktu informatikoen ezarpena.

Laguntza-lerro horrek honako honetan ezarritakoari jarraikiko dio: Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz, laguntza-kategoria jakin batzuk barne-merkatuarekin bateragarriak direla deklaratzen duen Europako Batzordearen ekainaren 17ko 651/2014 Erregelamenduaren (EB) 29. artikulua.

4. oinarria.– Pertsona onuradunak.

1.1 lerroan aintzat hartutako laguntzetarako (elikaduraren eta zuraren balio-kateko enpresetako I+G proiektuei dagozkienak) honako hauek izan daitezke onuradunak:

A) Enpresak, duten forma juridikoa alde batera utzita. Honela egongo dira sailkatuta:

1.– Enpresa txiki eta ertainak; mikroenpresen eta enpresa txiki eta ertainen definizioari buruzko Europako Batzordearen ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren I. eranskinaren arabera.

2.– Enpresa handiak; alegia, enpresa txiki eta ertainen definiziotik kanpo geratzen direnak.

B) Enpresaburuen elkarteak.

C) Nortasun juridikorik gabeko pertsona fisiko edo juridiko pribatuen taldeak eta partzuergoak eta ondasun-erkidegoak. Bertan parte hartzen duten entitate guztiak joko dira onuraduntzat, eta guztiek bete beharko dituzte agindu honetan ezarritako betekizun eta baldintzak. Elkarteen eskabideek berariaz adierazi behar dituzte elkarteko kide bakoitzak proiektua gauzatzeko hartzen dituen konpromisoak eta bakoitzari aplikatu beharreko zenbatekoa, horiek ere onuradun gisa hartuko baitira. Dena den, taldearen ordezkari edo ahaldun bakar bat izendatu beharko dute, zeinak nahikoa botere izango baitu, onuradun gisa, taldeari dagozkion egitekoak betetzeko, eta kide bat izendatu beharko dute funtsen hartzaile izateko, zeinak banatuko baitizkie funtsok taldeko gainerako kideei. Elkarteak ezin dira desegin Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuko 44. artikuluak, 32. m) artikuluarekin batera, finkatzen duen preskripzio-epea igarotzen den arte.

1.2 lerroan aintzat hartutako laguntzetarako (elikaduraren eta zuraren balio-katerako ezagutza sortzeko proiektuei dagozkienak), eta 2. lerroan aintzat hartutako laguntzetarako (nekazaritza- eta basogintza-sektoreetarako ezagutza espezifikoa sortzeko eta zabaltzeko proiektuei dagozkienak), onuradunak Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko edozein eragile izan daitezke.

3. lerroan aintzat hartutako laguntzetarako (negozio-prozesuetako berrikuntza-proiektuei dagozkienak); pertsona hauek izan ahalko dira onuradun:

A) Enpresak, duten forma juridikoa alde batera utzita. Honela egongo dira sailkatuta:

1.– Enpresa txiki eta ertainak; mikroenpresen eta enpresa txiki eta ertainen definizioari buruzko Europako Batzordearen ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren I. eranskinaren arabera.

2.– Enpresa handiak; alegia, enpresa txiki eta ertainen definiziotik kanpo geratzen direnak. Batzordearen ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 29. artikuluaren 2. puntuan jasotzen den bezala, enpresa handietarako laguntzak bateragarriak izango dira soilik laguntzaren xede den jardueran ETEekin modu eraginkorrean lankidetzan aritzen badira eta laguntzen duten ETEek diruz laguntzeko moduko kostu guztien % 30 gutxienez hartzen badute.

B) Nortasun juridikorik gabeko pertsona fisiko edo juridiko pribatuen taldeak eta partzuergoak eta ondasun-erkidegoak. Bertan parte hartzen duten entitate guztiak joko dira onuraduntzat, eta guztiek bete beharko dituzte agindu honetan ezarritako betekizun eta baldintzak. Elkarteen eskabideek berariaz adierazi behar dituzte elkarteko kide bakoitzak proiektua gauzatzeko hartzen dituen konpromisoak eta bakoitzari aplikatu beharreko zenbatekoa, horiek ere onuradun gisa hartuko baitira. Dena den, taldearen ordezkari edo ahaldun bakar bat izendatu beharko dute, zeinak nahikoa botere izango baitu, onuradun gisa, taldeari dagozkion egitekoak betetzeko, eta kide bat izendatu beharko dute funtsen hartzaile izateko, zeinak banatuko baitizkie funtsok taldeko gainerako kideei. Elkarteak ezin dira desegin Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuko 44. artikuluak, 32. m) artikuluarekin batera, finkatzen duen preskripzio-epea igarotzen den arte.

5. oinarria.– Diruz lagundu daitezkeen kostuak.

1.– 1.1 lerroan aintzat hartutako laguntzetarako (diruz lagundu daitezkeen kostuak, elikaduraren eta zuraren balio-katearen enpresetako I+G proiektuei dagozkienak) eta 3. lerroan aintzat hartutako laguntzetarako (negozio-prozesuetako berrikuntza-proiektuei dagozkienak) diruz lagundu daitezkeen kostuak honako hauek izango dira:

A) Langileen gastuak, ikertzaileen, teknikarien eta gainerako laguntzaileen gastuak, betiere dagokion proiektuan aritzen diren neurrian.

B) Zeharkako kostuak, 1303/2013 (EB) Erregelamenduaren 67.1 eta 68. artikuluetan, 1304/2013 (EB) Erregelamenduaren 14. artikuluan eta 1060/2021 (EB) Erregelamenduaren 54. artikuluan ezarritakoa aplikatuz. Alde horretatik, zeharkako kostutzat zenbatuko da langileen zuzeneko kostu diruz lagungarrien % 15.

C) Tresna eta materialen kostuak, behar den neurrian eta ikerketa-proiekturako erabiltzen den aldian. Tresnak ez badira soil-soilik proiekturako erabiltzen beren bizitza baliagarri guztian, proiektuaren epean sartzen diren amortizazio-gastuak soilik hartuko dira diruz laguntzeko modukotzat, oro har onartutako kontabilitate-printzipioen arabera kalkulatuta.

D) Eraikin eta lursailen gastuak, ikerketa-proiekturako erabiltzen diren neurrian eta hark dirauen bitartean. Eraikinen kasuan, proiektuak dirauen bitarteko amortizazio-kostuak soilik hartuko dira diruz laguntzeko modukotzat, oro har onartutako kontabilitate-printzipioen arabera kalkulatuta. Lursailen kasuan, bene-benetan eragin diren eskualdatze komertzialaren kostuak edo kapital-kostuak izango dira diruz laguntzeko modukoak.

E) Kontratu-ikerketei, jakintza teknikoei eta kanpo-iturrien lizentzia bidez erositako edo lorturiko patenteei dagozkien kostuak, betiere eragiketa erabateko lehiako baldintzetan egin bada, baita aholkularitza-kostuak eta ikerketa-jarduerari soilik bideratutako zerbitzu baliokideen kostuak ere. Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Euskal Sareko eragileak azpikontratatzea barne hartzen dute kostu horiek. Honako hauek ere sartzen dira: laguntza-eskabidearen kudeaketa-kostuak; laguntzaren eskatzaileak edo azken hartzaileak enpresei edo profesionalei beren eskabidearen eta/edo justifikazioaren administrazio- eta dokumentu-kudeaketa egiteagatik ordaindutako gastuak; eta erabakiak hartzeko prozesuei eta partaidetza-prozesuen kudeaketari lotutakoak. Kostu horiek diruz lagundu daitekeen kostutzat jotzeko, laguntza-eskabidean jasotako aurrekontuan jaso behar dira, eta proiektua gauzatzeko gainerako kostuekin batera justifikatu behar dira, kontratuen, fakturen eta ordainketa-frogagirien bidez. Justifikazioarekin lotutako kudeaketa-kostuak justifikazio-agiriak aurkezteko emandako epean egin ahalko dira. Diruz lagundu daitezkeen guztizko kostuen zenbatekoaren % 7 gainditzen ez duten kudeaketa-kostuak bakarrik lagundu ahalko dira diruz, letra honetan zehaztutako kostuak barne hartu gabe, eta gehienez 10.000 euro espediente bakoitzeko.

F) Gastu orokorrak eta ustiapeneko beste gastu batzuk, hor sartuta bidaia eta materialen, horniduren eta zuzenean jardueratik eratorritako halako produktuen kostuak.

2.– 1.2 lerroan aintzat hartutako laguntzetarako (elikaduraren eta zuraren balio-katerako ezagutza sortzeko proiektuei dagozkienak) eta 2. lerroan aintzat hartutako laguntzetarako (nekazaritza- eta basogintza-sektoreetarako ezagutza espezifikoa sortzeko eta zabaltzeko proiektuei dagozkienak) diruz lagundu daitezkeen kostuak honako hauek izango dira:

A) Langileen gastuak, ikertzaileen, teknikarien eta gainerako laguntzaileen gastuak, betiere dagokion proiektuan aritzen diren neurrian.

B) Zeharkako kostuak, 1303/2013 (EB) Erregelamenduaren 67.1 eta 68. artikuluetan, 1304/2013 (EB) Erregelamenduaren 14. artikuluan eta 2021/1060 (EB) Erregelamenduaren 54. artikuluan ezarritakoa aplikatuz. Alde horretatik, zeharkako kostutzat zenbatuko da langileen zuzeneko kostu diruz lagungarrien % 15.

C) Proiektuaren zati batzuk azpikontratatzea, erakunde onuradunek eurek ezin dituztelako egin konplexuak edo espezializatuak izateagatik. Azpikontratazio horretan ezin izango dira sartu atal honetan aipatu ez diren bestelako gastuak.

D) Modu esklusiboan proiektura bideratu diren aholkularitza eta antzeko zerbitzuen kostuak. Ez dira diruz lagunduko laguntza kudeatzeko aholkularitza-gastuak.

E) Amortizazio-gastu hauek: azpiegitura sortzekoak eta ekipamendu teknologiko aurreratua erostekoak, bai eta instalazio eta zerbitzuak hobetzekoak ere, Gastu horien helburua izango da proiektuaren xedeak kondizio onenetan erdiestea.

F) Gastu orokorrak eta ustiapeneko beste gastu batzuk, hor sartuta materialen, horniduren eta zuzenean jardueratik eratorriko halako produktuen kostuak.

4.– 1.2 lerroan aintzat hartutako laguntzen kasuan (elikaduraren eta zuraren balio-katerako ezagutza sortzeko proiektuei dagozkienak), Elikadura Osasungarriaren RIS3 eremuari, «baserritik mahaira» estrategiari eta Sailburuordetzak I+G arloan abiarazitako planei lotutako I+G lerroak baino ez dira hartuko kontuan. Hona hemen lerro horien xehetasunak:

A) Elikadura osasungarria eta dieta pertsonalizatua:

– Osagaien funtzionaltasun biologikoa eta metabolikoa, eta horiek arrisku-faktoreekin duten eragina (hipertentsioa, ipogluzemikoa, etab.).

– Osagai osasungarrien iturri berriak, baita osasunean eragina duten kapsularatze-teknologiak ere.

– Teknologia berriak, elikagaiak modu osasungarriagoan eraldatzeko eta propietate naturalak kontserbatzeko.

– Existitzen diren produktuak birformulatzea, osasunaren prebentzioaren ikuspegitik funtzionaltasun handiagoa izan dezaten.

B) Elikagaiak ekoizteko sistema berriak:

– Ekoizpen-sistema berriak: ekoizpen integratua, ekologikoa, nekazaritza adimenduna, itsaso zabaleko akuikultura, etab.

– Efizientzia hobetzeko teknologia berritzaileak sartzea: prozesuen jarraipen eta kontrolerako, prozesuen automatizaziorako, 4.0 fabrikazio aurreraturako, eta abarrerako IKTak.

– Ekoizpen-sistema efiziente, produktibo eta erresilienteagoak, kanpo-sargaiekiko mendekotasuna txikiagotzen eta emisioak murrizten dituztenak eta klima-aldaketaren agertokietara hobeto egokitzen direnak.

C) Garapen gastronomiko berriak bereziki sentikorrak diren biztanlerientzat:

– Teknologia berriak, azukre, koipe eta gatz gutxiko edo halakorik gabeko kontsumo-produktuak sortzeko, eta garapen kognitiboa indartuko duten osagaiak gehitzeko.

– Estaldura berriak eta sukaldaritzako teknika osasungarriak aplikatzea, kalitate organoleptikoa hobetzeko gai direnak; bereziki, portaera optimorako oliotan frijitu beharrik ez duten edo koipe-xurgapena nabarmen murriztea dakarten estaldurak formulatzea.

– Ehundura egokituak eta mastekatzeko errazak dituzten elikagai berriak garatzea, adineko pertsonen berariazko eskakizunetara egokituta egongo direnak, hain justu.

D) Elikadura segurua eta kalitatezkoa:

– Mikroorganismoak, beste patogeno batzuk, alergenoak eta kutsatzaile kimikoak eta fisikoak bizkor eta modu goiztiarrean detektatzeko metodo ez-suntsitzaileak garatzea.

– Mikrobio-portaera muturreko egoeretan eta prebentziozko mikrobiologia.

– Ontziratze-sistema eta elikagaiak prozesatzeko eta kontserbatzeko teknologi berriak, elikagaien kalitatea eta segurtasuna bermatzeko jomuga dutenak.

– Gorabidean dauden arriskuak identifikatu eta analizatzea eta elikadura-alergian inplikatutako molekulak identifikatzea.

– Kaltegabetasuna ziurtatzea (kutsadura, toxikotasuna, elikadura-osagaien segurtasuna, etab.).

– Elikagaien autentifikaziorako eta trazabilitaterako metodoak.

E) IKTak txertatzea prozesu hauetan:

– Kalitate sentsorial handiko produktu eta/edo osagai berriak formulatzea eta garatzea, kontsumitzaileari elikagai edo errezetaren azken birsortzea ahalbidetzeko, hondakinak prestatzeko eta sortzeko denbora minimizatuta, eta, halaber, garbiketa eta aplikazio- edo erabilera-aukerak maximizatuta.

– Prozesatzeko eta ontziratzeko teknologiak, formatu eta anoa egokiak fabrikatzea ahalbidetzen dutenak, elikagaien segurtasuna optimizatuz.

– Kontserbazio-teknologiak, kontsumitzailearentzat bizitza erabilgarri egokia lortzeko, elikagaiaren propietate organoleptiko guztiak mantenduta betiere.

– Produktu, teknologia eta ontzi berriak, etxeko elikagaien elaborazioan eta kontsumoan ahalik eta hondakin gutxien sortzeko.

5.– Diruz lagundu daitekeen gastuaren zenbatekoak Sektore Publikoko Kontratuei buruzko azaroaren 8ko 9/2017 Legean –horren bidez, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2014ko otsailaren 26ko 2014/23/EB eta 2014/24/EB zuzentarauen transposizioa egiten da Espainiako ordenamendu juridikora– kontratu txikirako ezarritako zenbatekoak gainditzen dituenean, gutxienez hiru eskaintza –zenbait hornitzailerenak– eskatu beharko ditu onuradunak, obrarako konpromisoa kontratatu aurretik, zerbitzua eman aurretik edo ondasuna entregatu aurretik, non eta, haien ezaugarri bereziak direla-eta, merkatuan ez den aski erakunde haiek egin, eman edo entregatzeko, edo non eta dirulaguntzaren aurretik ez den egin gastua.

Eraginkortasun- eta ekonomia-irizpideen arabera hautatuko da eskaintzen artean, eta berariaz justifikatu beharko da hautu hori, memoria batean, proposamen ekonomiko merkeena ez denean. Eskaintza horiek justifikazioarekin batera aurkeztu beharko dira, edo, bestela, dirulaguntzaren eskabidearekin batera.

6. oinarria.– Finantzaketa.

1.– Agindu honetan ezarritako laguntzak finantzatzeko, 2022ko eta 2023ko ekitaldietarako, 3.500.000 euro bideratuko dira. Kopuru hori Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura finantzatuko da, eta horietatik 2.700.000 euro 2022rako ordainketa-kredituari dagozkio, eta 800.000 euro, berriz, 2023rako konpromiso-kredituari. Honela banatuko da:

A) 2.300.000 euro 1. lerroari dagozkio (Elikaduraren eta zuraren balio-kateari lotutako I+G proiektuetarako laguntzak); 1.650.000 euro 2022rako ordainketa-kredituari dagozkio, eta 650.000 euro, askenik 2023rako konpromiso-kredituari.

B) 1.000.000 euro 2. laguntza-lerroan (nekazaritza- eta basogintza-sektoreetarako ezagutza espezifikoa sortzeko eta zabaltzeko proiektuak); 850.000 euro 2022ko ordainketa-kredituari dagozkio, eta gainerako 150.000 euroak, berriz, 2023rako konpromiso-kredituari.

C) 200.000 euro, 3. laguntza-lerroan (negozio-prozesuetako berrikuntza-proiektuak), 2022rako ordainketa-kredituari dagokionez.

2.– Eman beharreko laguntzen guztizko bolumenak ez du gaindituko adierazitako zenbatekoa.

7. oinarria.– Baldintza orokorrak.

Agindu honetan iragarritako laguntza-lerroaren onuradun izateko, oinarri honetan ezarritako eskakizunak bete behar dira. Izan ere, oinarri honek jasotzen ditu honako hauetan dauden betekizunak: Dirulaguntzei buruzko abenduaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan. Hauek dira horiek guztiak:

1.– Diruz laguntzekoak diren jarduerak Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde-eremuan egitea.

2.– Diruz laguntzekoak diren gastuak ez daitezela izan eskabidea aurkeztu baino lehenago egindakoak.

3.– Egunean izatea zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak. Eskakizun hori bete beharko da hala onuradun izateko nola izaera horri eusteko dirulaguntzaren likidazioa egin arte. Beraz, alde horretatik, egiaztapenak egingo dira bai dirulaguntza ematen denean bai ordainketak egiten direnean.

4.– Dirulaguntzaren onuradun den pertsona fisikoa edo juridiko pribatua ez egotea krisian den enpresatzat hartuta, estatuek krisialdian dauden enpresa ez-finantzarioak salbatzeko eta berregituratzeko ematen dituzten laguntzei buruzko zuzentarauen arabera (2014/C 249/01).

5.– Inbertsioak ingurumenaren arloko eta arlo higieniko-sanitarioko arauak bete ditzala Euskal Autonomia Erkidegoan aplikatzekoa den berariazko araudiarekin bat (21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa, eta 3/1998 Lege Orokorra, otsailaren 27koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurugiroa Babesten duena).

6.– Eskatzaileek jakinarazi behar dute diruz laguntzen den gastu bera ordaintzeko beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide ekonomikorik eskatu dioten administrazio publiko edo erakunde publiko edo pribaturen bati, bai eta eskuratu duten ala ez. Hala badagokio, zehaztu laguntza nork eman duen eta zenbat diru eskatu eta/edo esleitu den.

7.– Eskabidean jakinaraztea ea sartuta dauden ala ez Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak eta haren organismo autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasiera eman zaion edozein itzulketa- edo zehapen-prozeduratan, eta zein diren zehaztea.

8.– Egunean egotea itzulketa- edo zehapen-prozeduretako kantitate zehatzen ordainketari dagokionez, EAEko Administrazioak eta haren mendeko entitateek emandako laguntzen edo dirulaguntzen esparruan. Betebehar horien ordainketak egunean dituztela ulertuko da, baldin eta zorrak atzeratuta eta zatituta badaude edo dagokion itzultze-ebazpena dela-eta bertan behera uztea erabaki bada. Eskakizun hori bete beharko da hala onuradun izateko nola izaera horri eusteko dirulaguntzaren likidazioa egin arte. Beraz, alde horretatik, egiaztapenak egingo dira bai dirulaguntza ematen denean bai ordainketak egiten direnean.

9.– Dirulaguntza edo laguntza publikoak eskuratzea eragozten duen zehapen administratiborik edo penalik ez izatea, ezta horretarako legezko inolako debekurik ere, sexu-diskriminazioagatiko debekuak barnean hartuta, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetako seigarrenean zehaztutakoari jarraikiz.

10.– Konkurtso-deklarazioa eskatu ez izana, edozein prozeduratan kaudimengabetzat jo ez izana, konkurtsoan deklaratuta ez egotea, salbu eta horretan eraginkortasuna hartu badu hitzarmen batek, esku-hartze judizialaren pean ez egotea edo desgaitua ez izatea Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera, konkurtsoaren kalifikazio-epaian ezarritako desgaitze-aldia amaitu gabe.

11.– Dirulaguntzak lortzeko aukera galduta ez izatea ebazpen irmo baten bidez ezarritako zehapena dela-eta, edo honako delitu hauetakoren bat egin izanagatik: prebarikazioa, funtzionario-eroskeria, ondasun publikoak bidegabe erabiltzea, eragimen-trafikoa, iruzurrak eta legearen aurkako ordainarazpenak edo hirigintza-delituak.

12.– Kausaren batean errudun deklaratua izateagatik, Administrazioarekin egindako edozein kontraturen amaiera irmoa ebatzita ez izatea.

13.– Pertsona fisikoa, merkataritza-sozietateen administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkaritza dutenak ez egotea Kargu publikodunen jokabide-kodea eta haien interes-gatazkak arautzen dituen ekainaren 26ko 1/2014 Legean ezarritako kasuren batean, edo Hauteskunde Araubide Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapen bidezko karguren bat ez izatea, lege horretan ezarritako baldintzetan. Horrez gain, ez egotea hauetan aurreikusitako kasuren batean: Estatuko Administrazio Orokorreko goi-kargudunen jarduna arautzen duen martxoaren 30eko 3/2015 Legea eta Administrazio publikoen zerbitzura dauden langileen bateraezintasunen abenduaren 26ko 53/1984 Legea.

14.– Erregelamenduz zerga-paradisu gisa kalifikatutako herrialde edo lurralde batean ez izatea zerga-egoitza.

15.– Elkarteen kasuan, horiek elkartzeko eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren 4. artikuluko 5. eta 6. apartatuetan aurreikusitako debekuen kausetan nahasia ez egotea. Eta inskribatzeko administrazio-prozedura ez etetea ez-zilegitasun penalaren zentzuzko zantzuak egoteagatik, 1/2002 Lege Organikoaren 30.4 artikuluan xedatutakoari jarraikiz, harik eta ebazpen judizial irmoa eman, eta, horren bitartez, inskripzioa dagokion erregistroan egin ahal izan arte.

16.– Ez egotea berreskuratze-agindu baten mende, Europako Batzordeak aurretiaz erabaki badu laguntza bat legez kanpokoa eta barne-merkatuarekin bateraezina dela.

8. oinarria.– Eskabideak aurkezteko epea.

1.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Eskabidearekin batera, oinarri honen 8. apartatuan eskatzen diren agiriak aurkeztu beharko dira.

2.– Bete egiten da hauetan xedatutakoa: irailaren 23ko 179/2014 Dekretuaren 8. artikuluan eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14. artikuluan.

a) Pertsona fisikoek modu presentzialean zein elektronikoan aurkez ditzakete eskabideak.

– Modu presentziala: eskabideak Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren bulegoetan aurkeztuko dira (Donostia kalea 1 – 01010 Vitoria-Gasteiz) edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluak xedatzen dituen tokietariko edozeinetan, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta haren erakunde autonomoen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuarekin bat etorriz. Eskatzaileak postetxe batean aurkezten badu eskabidea, gutun-azal irekian egin beharko du, postako langileek zigila dezaten eta data ezar diezaioten. Eskabidea Zuzenean zerbitzuan aurkezteko ezinbestekoa izango da aurretik hitzordua eskatzea: https://www.euskadi.eus/hitzordua-zuzenean

Hala ere, ahal den neurrian behintzat, eskabideak aurkezteko eta espedientea izapidetzeko bide telematikoa erabiltzea gomendatzen da.

– Bide elektronikoak: Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan sartuta aurkeztuko dira eskabideak: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0110308

Eskabidea izapidetzeko eta dokumentazioa aurkezteko moduak (elektronikoa zein presentziala izan) ez du behartuko aurrerantzean ere prozedurako gainerako izapideak modu berean egitera, edonoiz alda daiteke eta.

b) Pertsona juridikoek eta urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14. artikuluko 1. apartatuko a), b), c) eta d) letretan aurreikusitako gainerako subjektuek bitarteko elektronikoak erabilita aurkeztuko dute eskabidea.

Eskabidea aurkezteko, eredu normalizatua erabili beharko da, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan eskuragarri dagoena:

https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0110308

3.– Eskabidearen ondorengo izapideak (17. oinarriko justifikazioak barne) elektronikoki egiteko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikora sartu beharko da, «Nire karpeta» atalera:

https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

4.– Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak, justifikazioak eta gainerako agiriak izapidetzeko moduari buruzko zehaztasunak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan daude eskuragarri:

https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0110308

5.– Eskabidea ordezkari baten bitartez egiten bada, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 5. eta 6. artikuluetan xedatutakoaren arabera egiaztatu beharko da ordezkaritza, ahalordeen erregistro elektronikoaren bitartez:

https://www.euskadi.eus/ordezkariak

6.– Laguntza-eskabidearen ereduaren oinarrizko edukia oinarri hauen eranskin gisa argitaratu da.

7.– Eskabidearekin batera agiri hauek ere aurkeztu behar dira:

a) Pertsona juridikoek, erakundea eratzeko eskrituraren eta estatutuen kopia, dagokion erregistroan sartu dela adierazten duen zigilua jarrita.

b) Gutxienez 30 orri izango dituen memoria bat, honako hauek barne hartuko dituena:

– Proiektuaren deskribapen zehatza, gutxienez honako hauek jasoko dituena: egungo egoeraren azterketa, proiektuaren helburu orokorra, helburu espezifikoak, egikaritze-faseak, proiektuaren iraupena eta lortu nahi diren erdiespenak.

– Aurrekontu xehatua. Bertan adieraziko dira diruz lagundu daitekeen gastu mota bakoitzaren eta parte-hartzaile bakoitzaren (bat baino gehiago badaude) kostu zehatzak. Langile-kostuetan, parte-hartzaile bakoitzeko aurreikusitako orduko kostua eta dedikazio-orduen kopurua zehaztu beharko dira.

– Ikerketa-taldeko arduradunaren identitatea.

– Laguntza emanez gero, enpresaren errendimendu orokorrean zenbateko hobekuntza ekarriko duen.

– Agindu honen 9. oinarrian aurreikusitako azpikontratazio osoa edo partziala gertatzen bada, hauek zehaztu beharko dira: azpikontratatuko den jardueraren ehunekoa; zein pertsona fisiko edo juridikorekin azpikontratatuko den, eta azpikontratatuko diren jarduerak zein diren.

– Laguntza eskatzen duen proiektuaren bidez enpresak abiaraziko duen I+G+Bren aurretik ere enpresak jada martxan zeukan I+G+B lanerako gehikuntza garbiaren balorazioa, eta enpresaren sektorearen hobekuntza orokorrerako ematen duen laguntzaren balorazioa, I+G+Bri dagokionez.

c) Erantzukizunpeko adierazpena, eskatzaileak Agindu honetako betekizun guztiak betetzen dituela, aurkezten dituen agiri guztiak egiazkoak direla eta 7. oinarrian –4.– 16. apartatuak– ezarritako betekizunak betetzen dituela adierazteko. Gainera, 4., 5. eta 8.– 16. apartatuetako betekizunei dagokienez, adieraziko du hori egiaztatzen duen dokumentazioa baduela eta Administrazioaren esku jarriko duela horrela eskatzen zaionean.

d) Izaera juridikorik ez duten pertsona fisiko edo juridiko pribatuen taldeei eta ondasun-erkidegoei dagokienez, kide guztiek sinatutako agiri bat, non izendatzen baita, batetik, ordezkari edo ahaldun bakarra, taldeari onuradun den aldetik dagozkion betebeharrak betetzeko ahalorde nahiko dituena, eta, bestetik, funtsen hartzaile izango den kide bat, elkarteko gainerako kideen artean funtsok banatuko dituena.

e) Laguntza kuantifikatzeko, erakunde eskatzaileak aurkeztu nahi duen beste edozein agiri osagarri.

8.– Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzak automatikoki egiaztatuko ditu NAN, IFK, bere zerga-betebeharren ordainketak eta Gizarte Segurantzarekiko ordainketak egunean dituela egiaztatzen duten agiriak, pertsona eskatzaileek edo onuradunek horretarako berariazko baimena eman beharrik izan gabe, haiek berariaz aurka egiten diotenean salbu, eta, kasu horretan, dagokion ziurtagiria edo dokumentua aurkeztu beharko dute. Hori guztia Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen 1/1997 Legegintza Dekretuaren 50.3 artikulua aplikatuz, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 28.2 artikuluari dagokionez.

9.– Urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikuluaren 3. apartatuan ezarritakoarekin arabera, oinarri honen 8. apartatuan eskatutako dokumentazioa administrazio honetan edo beste batean entregatzen denean eta eskatzaileak berariaz deklaratzen badu dokumentu horietan ez dela aldaketarik egin, horiek aurkeztutzat joko dira.

Eskatzaileak adierazi beharko du zein Administraziotan eta noiz aurkeztu diren dokumentuok, eta Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzak elektronikoki bilduko ditu bere korporazio-sareen bidez.

Eskatzaileak ez badu nahi Administrazioak oinarri honen 8. apartatuko dokumentazioa eskuratzerik, espresuki adierazi beharko du horren aurka dagoela, eta dokumentuak aurkeztu beharko ditu.

10.– Laguntza jasotzeko eskabidea nahi den hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango da, eskatutako dokumentazioarekin batera. Era berean, laguntza-eskabidearen ondoriozko jarduketetan, eta prozedura osoan, erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen erabilera normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legean ezarritakoaren arabera.

11.– Eskabideak oinarri honetan eskatutako dokumentazioa ez badauka, osorik ez badago edo akastuna bada, interesdunari jakinaraziko zaio hamar egun balioduneko epea duela hutsa zuzentzeko edo beharrezko agiriak eransteko. Halaber, adieraziko zaio horrela egin ezean atzera egin duela ulertuko dela, Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariak ebazpena eman ondoren eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen (urriaren 1eko 39/2015 Legea) 21. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.

12.– Enpresa txiki eta ertainek (ETE) izaera hori egiaztatu beharko dute, agiri hauek aurkeztuta:

A) Pertsona fisikoentzat: Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren kopia, ekonomia-jardueren eranskinarekin batera, eskabidea aurkeztu den dataren aurreko ekitaldiarena.

B) Pertsona juridikoentzat: eskabidea aurkeztu den dataren aurreko ekitaldiari dagokion sozietateen gaineko zergaren kopia.

Agiriekin batera, dokumentazioak erakusten duen egoera aldatu ez dela dioen adierazpena.

13.– Edonola ere, Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzak, eskabidean adierazitakoa egoki ulertzeko, ebaluatzeko eta eskabidea izapidetzeko, beharrezkotzat jotzen dituen bestelako argibide edo agiri osagarriak eskatu ahal izango dizkio eskatzaileari.

Agindu honen 4. oinarriaren 1. paragrafoaren C letran eta 2. paragrafoaren C letran zehaztutako onuradunen kasuan, proiektuan parte hartzen duten enpresa edo erakunde bakoitzari buruzkoak izango dira oinarri honen 8. apartatuan adierazitako agiri horiek.

14.– Helbide honetan eskuratu daitezke Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak:

https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

9. oinarria.– Azpikontratazioa.

1.– Diruz lagundutako jardueraren gauzatze partziala hirugarrenei azpikontratatu ahalko die onuradunak, baldin eta hirugarren horiek ez badira onuradun. Proiektua gauzatzeko azpikontratazioa honako muga hauetara iritsi halako da:

A) Diruz lagundutako jardueraren % 75eraino, 1.1 lerroan aintzat hartutako laguntzetarako (diruz lagundu daitezkeen kostuak, elikaduraren eta zuraren balio-katearen enpresetako I+G proiektuei dagozkienak).

B) Diruz lagundutako jardueraren % 50eraino, 1.2 lerroan aintzat hartutako laguntzetarako (elikaduraren eta zuraren balio-katerako ezagutza sortzeko proiektuei dagozkienak) eta 2. lerroan aintzat hartutako laguntzetarako (nekazaritza- eta basogintza-sektoreetarako ezagutza espezifikoa sortzeko eta zabaltzeko proiektuei dagozkienak).

C) 3. lerroan aintzat hartutako laguntzetarako (negozio-prozesuetako berrikuntza-proiektuei dagozkienak) diruz lagundutako jardueraren % 50eraino.

2.– Baldin eta hirugarrenei kontratatutako jardueraren zenbatekoa dirulaguntzaren zenbatekoaren % 20 baino handiagoa bada (dirulaguntza 60.000 eurotik gorakoa izanik), idatzizko kontratua egin beharko da, zeina Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzako titularrak baimendu beharko baitu kontratua formalizatu aurretik eta eskabidea aurkeztu ondoren.

Kontratua formalizatzeko baimen-eskabidea laguntza-eskabidearekin batera aurkeztuko da.

Baimentze- edo ukatze-ebazpena, aldiz, aurkezten den egunetik bi hileko epean emango eta jakinaraziko da; epe hori igarota, berariazko ebazpenik eman ez bada, eskabidea baietsi dela ulertu ahal izango da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 24. artikuluan xedatutakoaren arabera. Prozedurako ebazpenaren aurka, interesdunak gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango dio Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuordeari. Horretarako hilabeteko epea izango du ebazpenaren jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik aurrera, edo edozein unetan, administrazio-isiltasunak ondorioak izan eta hurrengo egunetik aurrera.

3.– Kontratua ezingo da zatikatu kontratuaren zenbatekoa murriztu eta 2. apartatuko baldintzak bete beharrik ez izateko helburuz.

4.– Kontratistek onuradunaren aurrean baino ez dute betebeharrik izango, eta onuradunari dagokio diruz lagundutako jarduera ondo gauzatzeko erantzukizun osoa Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren aurrean.

5.– Aurreko apartatuan jasotakoa betetzeko, onuradunen erantzukizuna da diruz lagunduko den jarduera itundua gauzatzean agindu honetan ezarritako mugak errespetatzen direla zaintzea, diruz lagundutako gastuen izaera eta zenbatekoari dagokionez; kontratistek, aldiz, agindu honen 15. oinarriaren 7. apartatuan adierazitako lankidetza-betebeharra bete behar dute, eta muga horiek benetan errespetatzen dituzten ala ez behar bezala egiaztatzeko aukera eman.

6.– Alabaina, onuradunak ezin izango du diruz lagundutako jardueraren gauzatze osoa edo partziala honako hauekin itundu:

A) 7. oinarrian ezarritako betekizunak betetzen ez dituzten pertsona fisiko edo juridikoak.

B) Kontratuaren xede den jarduera egiteko beste dirulaguntza batzuk jaso dituzten pertsona fisiko edo juridikoak.

C) Bitartekari edo aholkulariekin, horiei ordaindu beharrekoak eragiketaren guztizko kostuaren ehuneko jakin gisa zehazten badira; non eta ordainketa hori ez dagoen justifikatuta egindako lanak edo emandako zerbitzuak merkatuan daukan balioaren erreferentziaren arabera.

D) Onuradunarekin loturaren bat duten pertsona fisiko edo juridikoak, hauek gertatzen direnean izan ezik:

1.– Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzaren aldez aurretiko baimena lortu izana.

2.– Dirulaguntzaren zenbatekoa ez izatea atxikitako entitateak egindako kostuarena baino handiagoa. Onuradunaren gastuak egiaztatzeko ezarritako baldintza beretan justifikatuta egiaztatuko da kostua.

Pertsona fisiko edo juridikoekin edo nortasunik gabeko elkarteekin lotura dagoela joko da uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuak onetsitako Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren (azaroaren 17ko 38/2003 Legea) Erregelamenduaren 68.2 artikuluan jasotako zirkunstantziaren bat betetzen bada.

E) Deialdi eta programa honetan laguntza eskatu duten, baina betekizunak betetzen ez dituztelako edo beharrezko balorazioa lortu ez dutelako laguntzarik gabe geratu diren pertsona fisiko edo juridikoak.

10. oinarria.– Balorazio-irizpide orokorrak.

Proiektuak baloratzeko, balorazio-irizpide hauek izango dira kontuan, eta dagozkien puntuazioak:

1.– Aurkeztutako memoria teknikoaren kalitate egiaztatua; memoria horretan argi eta garbi azalduko dira helburuak, espero diren emaitzak, egutegia, egin beharreko zereginak, erantzukizunen banaketa, aurrekontua hainbanatzeko metodoak eta abar: 30 puntu, gehienez.

– Produktibitateari eta jasangarritasun ekonomiko, sozial eta ingurumenekoari eragindako inpaktua (10 puntu gehienez).

– Helburuak zehaztea (2 puntu gehienez).

– Diseinua eta metodologia (15 puntu gehienez).

– Aurrekontua egokitzea (1 puntu gehienez).

– Emaitzak ezartzea (1 puntu gehienez).

– Adierazleak ezartzea (1 puntu gehienez).

2.– Elkarlanean ari diren bi enpresak edo gehiagok elkarrekin egitekoak diren jarduerak; kasu horretan, enpresek ez dute beren izaera juridikoa galdu behar, eta bakoitzak laguntza-eskatzaile eta jasotzaile izan behar du: 10 puntu, gehienez.

– 2 enpresaren arteko lankidetza: 5 puntu.

– 3 enpresaren edo gehiagoren arteko lankidetza: 10 puntu.

3.– Proiektuaren arduraduna emakumea izatea: 5 puntu.

4.– Ekoizpenaren sektorearen eta nekazaritzako elikagaien kateko beste mailetako enpresen artean integrazio-prozesuak bultzatzea, proiektua elkarrekin aurkeztuz: 10 puntu.

5.– Eraldaketa-prozesuetan eta -teknologietan ingurumen-hobekuntzak (bilgarriak birziklatzea, hondakinak kanporatu eta tratatzea, etab.) ingurumen-arloko hobekuntzak sustatzen dituzten proiektuak izatea: 10 puntu gehienez.

– Maila altua: emisio atmosferikoekin, hondakinak sortzearekin, ur-kontsumoarekin eta zaratarekin lotutako ingurumen-alderdietan inpaktu positibo handia izatea (6-10 puntu).

– Maila ertaina: emisio atmosferikoekin, hondakinak sortzearekin, ur-kontsumoarekin eta zaratarekin lotutako ingurumen-alderdietan inpaktu positibo txikia izatea (1-5 puntu).

– Maila baxua: atmosferarako emisioekin, hondakinak sortzearekin, ur-kontsumoarekin eta zaratarekin lotutako ingurumen-alderdietan inpakturik ez izatea (0 puntu).

6.– 3. oinarriari dagozkion proiektuetarako, baldin eta, proiektua gauzatzeko, onuradunak idatziz formalizatu badu proiektuaren kostu osoaren % 20tik gorako zenbatekoa duen kontratu bat: 10 puntu.

11. oinarria.– Laguntza zenbatekoa den.

1.– Hauek izango dira laguntzen zenbatekoak, laguntza-moten arabera:

A) Garapen esperimentalerako, oinarrizko ikerketarako eta industria-ikerketarako proiektuetarako laguntzak, 1.1 lerroan jasoak:

1.– Garapen esperimentalerako: diruz laguntzeko moduko kostuen % 25; kopuru hori % 35eraino igo ahal izango da enpresa txikien eta ertainen kasuan.

2.– Oinarrizko ikerketarako: diruz laguntzeko moduko kostuen % 100eraino.

3.– Ikerketa industrialerako: diruz laguntzeko moduko kostuen % 50; kopuru hori % 60raino igo ahal izango da enpresa txikien eta ertainen kasuan.

B) 1.2 lerroko I+G proiektuetarako laguntzak, gehienez ere diruz lagundu daitezkeen kostuen % 50ekoak.

C) 2. lerroko I+G proiektuetarako laguntzak, gehienez ere diruz lagundu daitezkeen kostuen % 80koak.

D) 3. laguntza-lerroa (negozio-prozesuetako berrikuntza-proiektuak):

1.– Diruz laguntzeko kostuen % 15 gehienez, enpresa handientzat.

2.– % 50 gehienez enpresa txiki eta ertainen kasuan.

2.– Laguntza jaso ahal izateko, 40 puntu lortu beharko dira gutxienez.

3.– Agindu honen 10. oinarrian aurreikusitako irizpideak aplikatuta, proiektu bakoitzerako lortutako puntuazioaren arabera, eta aurreko apartatuan ezarritako zenbatekoen ehunekoak kontuan izanda, honela gauzatuko da proiektu bakoitzari esleitu beharreko laguntza zehatza:

a) Puntu gehien lortu duten proiektuei laguntzaren % 100 emango zaie aurreko apartatuan ezarritako diruz laguntzeko moduko kostuen gehieneko ehunekoaren gain.

b) 1-5 puntu (biak barne) gutxiago lortu duten proiektuei laguntzaren % 95 emango zaie.

c) 6-10 puntu (biak barne) gutxiago lortu duten proiektuei laguntzaren % 90 emango zaie.

d) 11-15 puntu (biak barne) gutxiago lortu duten proiektuei laguntzaren % 85 emango zaie.

e) 16-20 puntu (biak barne) gutxiago lortu duten proiektuei laguntzaren % 80 emango zaie.

f) 21-25 puntu (biak barne) gutxiago lortu duten proiektuei laguntzaren % 75 emango zaie.

g) 26-30 puntu (biak barne) gutxiago lortu duten proiektuei laguntzaren % 70 emango zaie.

h) 31-35 puntu (biak barne) gutxiago lortu duten proiektuei laguntzaren % 65 emango zaie.

i) 36-40 puntu (biak barne) gutxiago lortu duten proiektuei laguntzaren % 60 emango zaie.

j) 41-45 puntu (biak barne) gutxiago lortu duten proiektuei laguntzaren % 55 emango zaie.

k) 46-50 puntu (biak barne) gutxiago lortu duten proiektuei laguntzaren % 50 emango zaie.

l) 51-55 puntu (biak barne) gutxiago lortu duten proiektuei laguntzaren % 45 emango zaie.

m) 56-60 puntu (biak barne) gutxiago lortu duten proiektuei laguntzaren % 40 emango zaie.

n) 61 puntu gutxiagotik aurrera, ez da laguntzarik emango.

12. oinarria.– Laguntzen kudeaketa.

1.– Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzako titularrak izango du agindu honetan araututako laguntzak kudeatzeko eskumena.

2.– Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzako zerbitzu teknikoek eskabide bakoitzean egiaztatuko dute betekizunak betetzen direla, eta berariaz jasota utziko dute hori.

3.– Proiektuak ebaluatu eta baloratzeko, eta balorazio-irizpide objektiboak aplikatzeko eta haiek haztatzeko, balorazio-batzorde bat sortuko da. Balorazio Batzordea Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako Sailburuordetzako hiru pertsonak osatuko dute. Horietako bat Ikerketa Programen arduraduna izango da, zeina batzordeko lehendakaria izango baita. Beste biak Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako Sailburuordetzari atxikitako Zuzendaritzetako teknikarien eta HAZI Fundazioko ordezkari baten artean aukeratuko dira, eta Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuordearen ebazpen baten bidez izendatuko dira. Ebazpen horretan, idazkaria zein izango den adieraziko da, eta, betiere, Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzako teknikari kategoria daukan pertsona bat izango da.

Bere eginkizunak betetzeko, batzordeak arloko aditu diren pertsonei eskatu ahal izango die bileretan parte hartzeko eta aholkularitza emateko, beharrezko irizten dionean.

Eskabideak aztertu eta ebaluatzeko lan materialak HAZI Fundazioko langileek egin ahalko dituzte, eta Balorazio Batzordeari aurkeztuko dizkiote, Balorazio Batzordeak dagokion erabakia har dezan.

HAZI Fundazioak (HAZI) erakunde kolaboratzaile gisa jardungo du, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 12. eta 13. artikuluetan ezarritako terminoetan, eta arau horren 16. artikuluko oinarrizko xedapenetan eta 53. artikuluko xedapenetan ezarritakoaren arabera.

Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumen Sailaren eta HAZI fundazioaren arteko lankidetza dagokion baliabide juridikoaren bidez gauzatuko da, indarrean dagoen ordenamendu juridikoaren arabera.

Balorazio Batzordea baliozkotasunez eratuta geratuko da bilerak eta eztabaidak egiteko eta erabakiak hartzeko, baldin eta burua, idazkaria eta gutxienez gainerako kideetako bat bertaratzen badira. Kide anitzeko organo honen funtzionamenduarekin zerikusia duen eta apartatu honetan aurreikusi ez den orotan, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 15. artikulua eta hurrengoak aplikatuko dira, osagarri modura.

Ebaluazio-prozesuan, komenigarritzat hartzen bada, planetan aldaketak sartzea iradoki ahal izango diete entitate eskatzaileei HAZI Fundazioko langileek, proiektuak ezarritako helburuetara hobeto egokitu daitezen.

Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzako zerbitzu teknikoek eskabide bakoitzean egiaztatuko dute betekizunak betetzen direla, eta berariaz jasota utziko dute hori.

Balorazio Batzordearen osaera Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuordeak emandako ebazpen baten bidez.

4.– Balorazio Batzordearen egitekoak hauek izango dira:

a) Aurkeztutako eskabide guztiak aztertzea, eta aplikatzekoa den araudia betetzen ez dutenak baztertzea. Horrez gain, araudia betetzen ez duen eskabide bakoitza baztertzeko arrazoiak zerrendatuko ditu.

b) Aplikatu beharreko araudia betetzen duten proiektuen eskabideak ebaluatzea, hau da, proiektuak eta ezarritako irizpide objektiboen betetze-maila balioestea.

c) Balioesteko eta kuantifikatzeko finkatzen dituen irizpide objektiboetan oinarrituz, onuradun bakoitzari zenbateko laguntza eman proposatzea.

5.– Balorazio Batzordeak ebazpen-proposamena aurkeztuko dio Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariari. Proposamenak agindu honen 14. oinarrian aipatzen den edukia jasoko du gutxienez.

13. oinarria.– Laguntzak esleitzeko eta kuantifikatzeko prozedura.

1.– Agindu honetan araututako laguntzak lehiaketa bidez esleituko dira.

2.– Laguntza-lerro bakoitzean, aurkezten den jarduera-proiektu bakoitzari eman beharreko hasierako laguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko, aurkeztutako proiektuak konparatuko dira, eta agindu honetan finkatzen diren irizpide objektiboak eta balorazio-irizpideak aplikatuko zaizkie.

Aurreko araua aplikatuta, eta laguntza-lerro bakoitzerako, aurkeztutako proiektuen zerrenda bat egingo da, proiektuak puntu gehien duenetik puntu gutxien duenera ordenatuta. Ondotik, laguntzak esleituko dira, aipatu ordenari jarraikiz eta agindu honen 11. oinarrian ezarritako ehunekoak aplikatuta, funts guztiak agortu arte.

3.– Puntuazio berdina lortzen dutenen artean, lehentasuna emango zaio berrikuntza-mailari buruzko 1. balorazio-irizpidean puntuazio altuena lortu duen proiektuari. Berdinketak jarraitzen badu, hurrenkera hau hartuko da kontuan:

A) Puntuazio handiagoa 5. Irizpidean –Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko agentearekin azpikontratatzeari buruzkoan–, 1. eta 3. lerroetarako.

B) Puntuazio altuena 7. irizpidean: integrazio-prozesuak bultzatzea.

4.– Funtsak mugatuak direla kontuan izanik, lerro bakoitzeko azken laguntzari dagokionez, proposatutako kopurua diru-kopuru erabilgarria baino handiagoa bada, esleituko den laguntza diru-kopuru erabilgarri hori izango da, baldin eta kopuru hori diruz lagundu daitekeen gastuaren % 70ekoa edo handiagoa bada. Diru kopuru erabilgarri hori diruz lagundu daitekeen gastuaren % 70 baino gutxiago bada, ez da laguntza esleituko, eta kopuru horrek 2. oinarrian jasotako beste lerro batera zuzendutako funtsak handituko ditu, honako hurrenkera honetan: lehenik, 3. oinarriko 1. apartatuko lerroa; bigarrenik, 3. oinarriko 2. apartatuko lerroa; azkenik, 3. oinarriko 3. apartatuko lerroa, guztiz agortu arte.

14. oinarria.– Ebazpena, ebazteko eta jakinarazteko epeak, jakinarazteko modua eta errekurtsoak.

1.– Aurkeztutako eskabide bakoitza eta dokumentazioa aztertu ondoren, Balorazio Batzordeak behar bezala egiaztatuko du Agindu honetan ezarritako baldintzak betetzen direla. Era berean, laguntzak baloratzeko eta kuantifikatzeko irizpide objektiboetan oinarrituz, proposamen bat egingo du onuradun bakoitzari eman beharreko laguntzaren zenbatekoari dagokionez.

2.– Aurreko apartatuan aurreikusitako proposamena jaso ostean, Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzako titularrak ebazpena emango du, eta, hor, laguntza eman edo ukatuko zaio eskatzaileari.

Hartu beharreko ebazpenak honako informazio hau izan beharko du gutxienez:

A) Aintzat hartutako eskabideei dagokienez:

1.– Onuradunen izena edo izen soziala, eta IFKa edo NANa.

2.– Diruz lagundutako proiektuaren izena.

3.– Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontuen kontura finantzatzen den zenbatekoa.

4.– Diruz lagun daitekeen inbertsioa, aplikatutako irizpide objektiboak eta laguntzaren ehunekoa.

5.– Proiektua gauzatzeko epea eta proiektuak gauzatzeko epearen bukaera-data.

6.– Laguntza nortasun juridikorik gabeko elkarte bati emanez gero, elkarteko kide bakoitzak proiektua gauzatzeko hartzen dituen konpromisoak eta bakoitzari aplikatu beharreko zenbatekoa islatu beharko dira.

B) Aintzat hartu ez diren eskabideei dagokienez:

1.– Eskabidea aurkezten duen pertsonaren edo sozietatearen izena, IFKa edo NANa.

2.– Laguntza ukatzeko arrazoiak.

3.– Laguntza ukatzeko ebazpenak ez du agortzen administrazio-bidea, eta halako ebazpenaren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaioke interesdunak, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikako Sailburuordeari, hilabeteko epearen barruan, jakinarazpena jaso eta biharamunetik hasita.

4.– Lehiaketa-prozeduraren ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45.1.b) artikuluari jarraikiz. Argitalpen horrek jakinarazpen-ondorioak izango ditu.

Horrez gain, eta informazio gisa, ebazpen osoa helaraziko zaie interesdun guztiei, eta, gainera, ebazpenean interesdun bakoitzari berariaz eragiten dioten alderdiak identifikatuko dira. Informazioa modu elektronikoan helaraziko da, EAEko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» zerbitzuaren bidez.

Nolanahi ere, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratutako data joko da jakinarazpen-datatzat.

5.– Prozedura hori ebazteko eta Ebazpena jakinarazteko, sei hilabeteko epea izango da gehienez. Epe hori bukatu eta ebazpen berariazkorik eman eta jakinarazten ez bada, interesdunek ezetsitzat jo beharko dute eskabidea, hala ezarrita baitago Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25. artikuluan, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 25.5 artikuluari dagokionez.

6.– Prozeduraren ebazpenaren aurka (ez dio amaiera ematen administrazio-bideari), gorako errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpenaren jakinarazpena jasotzen dutenetik aurrera, edo, edozein unetan, administrazio-isiltasunaren ondorioak gertatu eta hurrengo egunetik aurrera, betiere Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.

7.– Arau honetan aurreikusitako dirulaguntzak erakunde onuradunei emateko –eta, bidezko denean, ordaintzeko– ezinbestekoa izango da bukatuta egotea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen arloan hasi eta oraindik izapidetzen ari diren itzulketa- edo zehapen-prozedura guztiak.

Prozedurak, amaieran, laguntza publikoak eskuratzeko desgaikuntza badakar, edo laguntza itzultzeko betebeharra ezartzen badu, eta dirua ez bada itzuli borondatez itzuli beharreko epean, emandako dirulaguntza indargabetu egingo da, onuradunaren izaera eskuratzeko debekua izateagatik.

15. oinarria.– Pertsona onuradunen betebeharrak.

Agindu honek arautzen dituen dirulaguntzen onuradunek oinarri honetan ezarritako baldintzak bete behar dituzte. Baldintza horiek baldintza hauek guztiak jasotzen dituzte: Dirulaguntzei buruzko 2003ko abenduaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluetako baldintzak, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.2 artikuluko baldintzak eta laguntza ezberdinen baldintza espezifikoak; hauek dira horiek guztiak:

1.– Laguntza emateko ebazpenak eta, hala badagokio, laguntza luzatzeko ebazpenak xedatzen duen epean egitea diruz laguntzen den jarduera; deialdiaren urtean hasi behar da inbertsioa edo gastua.

2.– Dirulaguntza zertarako eman den, xede horrexetarako erabiltzea.

3.– Emandako dirulaguntza onartzea. Alde horretatik, baldin eta dirulaguntza eman izanaren jakinarazpena hartu eta hamabost egunean onuradunek ez badiote berariaz uko egiten, onartu egiten dutela ulertuko da.

4.– Emandako laguntzaren zenbatekoarekin ondasun inbentariagarriak eskuratu, eraiki, birgaitu eta hobetzen badira, dirulaguntza eman den helbururako bideratu beharko dira ondasunak, gutxienez horiek gauzatu eta hurrengo 5 urteetan –erregistro publiko batean inskribatu beharreko ondasunen kasuan– edo hurrengo 2 urteetan gainerako ondasunen kasuan.

5.– Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzari jakinaraztea jarduera edo proiektua partez edo osorik gauzatu dela eta haren esku jartzea hala egin dela egiaztatzeko beharrezkoak diren agiri guztiak.

6.– Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailari, Ogasun eta Ekonomia Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari jasotako laguntzak nola erabili diren eta haien helburuak bete diren fiskalizatzeko eskatzen duten informazio guztia ematea.

7.– Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzari idatziz jakinaraztea diruz laguntzen den ekintza bera finantzatzeko beste dirulaguntza edo laguntza batzuk eskatu dizkiotela administrazioren bati edo beste erakunde publiko edo pribaturen bati, eta, hala badagokio, laguntzok eskuratu dituztela, hori gertatu eta hamabost eguneko epean, hargatik eragotzi gabe deialdi honen 7. oinarriaren 6. apartatuan xedatzen dena.

8.– Dirulaguntza emateko kontuan hartzen den egoera subjektibo edo objektiboren bat aldatzen bada, aldaketaren berri ematea Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzari, idatziz.

9.– Gastuei eta diruz lagundutako jarduerei buruz ematen den informazio edo publizitate guztian, argiki jasotzea Eusko Jaurlaritzaren funtsekin finantzatu direla jarduerok, Eusko Jaurlaritzaren erakunde-nortasunaren eskuliburua arautzen duen abuztuaren 31ko 318/1999 Dekretuan xedatuari jarraikiz.

10.– Merkataritza-legeriak eskatutako terminoetan ikuskatutako kontabilitate-liburuak, erregistro izapidetuak eta gainerako dokumentu guztiak izatea, eta deialdi bakoitzean finantzatutako inbertsioarekin lotutako inbertsio eta gastu guztietarako kontabilitate-kode egoki bat edo kontabilitate-sistema bereizi bat mantentzea, araudiak finkatzen dituen kontrolak egin ahal izateko.

11.– 5 urtean jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatzen duten agiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatzeko eta kontrolatzeko ekintzetan erabil baitaitezke.

16. oinarria.– Gauzatzeko gehieneko epeak.

1.– Oinarrizko ikerketarako, ikerketa industrialerako eta garapen esperimentalerako eta antolaketaren arloko berrikuntzarako proiektuen laguntzei dagozkien inbertsioak edo gastuak urtean edo hainbat urtetan gauzatu ahal izango dira. 2022ko aurrekontu-ekitaldian hasi behar dira diruz laguntzekoak diren ekintzak.

2.– I+G+B proiektuekin lotutako bideragarritasun teknikoko azterlanetarako inbertsioak edo gastuak urtebetean gauzatuko dira. 2022ko aurrekontu-ekitaldian hasi behar dira diruz laguntzekoak diren ekintzak.

3.– Urtebete irauten duten proiektuak gauzatzeko epea 2022ko abenduaren 31n amaituko da. Nolanahi ere, luzatu egin ahal izango da, 19. oinarriaren 4. apartatuan xedatuari jarraikiz, eta luzatutako proiektuak gauzatzeko gehieneko epea 2023ko abenduaren 31n amaituko da, beranduenez.

4.– Hainbat urtetarako proiektuak gauzatzeko epea 2023ko abenduaren 31n amaituko da. Nolanahi ere, luzatu egin ahal izango da, 19. oinarriaren 4. apartatuan xedatuari jarraikiz, eta luzatutako proiektuak gauzatzeko gehieneko epea 2024ko abenduaren 31n amaituko da, beranduenez.

17. oinarria.– Gastua justifikatzea.

1.– Dirulaguntzei buruzko abenduaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 30. artikulua betez, dirulaguntza jaso duen inbertsio- edo gastu-proiektuaren betearazpena eta onuradun izateko eskatutako baldintza eta kondizioak betetzen direla justifikatzeko, agiri hauek aurkeztu beharko zaizkio landa-garapenaren arloko zuzendaritza eskudunari:

a) Egindako jardueren justifikazio-memoria bat, non jasoko baita proiektua gauzatzeari eta haren betetze-mailari buruzko informazioa, eta laguntza emateko betekizun eta baldintzen betetze-mailari buruzkoa.

b) Fakturak eta froga gisa balio bera duten gainerako agiriak, merkataritzako trafiko juridikoan balio dutenak edo administrazio-eraginkortasuna dutenak, faktura jaulkitzeko beharrik ez dagoen kasuetan, Fakturazio-betebeharrak arautzeko Erregelamendua onartzen duen Errege Dekretuaren 3. artikuluarekin bat etorriz betiere (azaroaren 30eko 1619/2012 Errege Dekretua), eta dagokien ordainketa-frogagiria.

c) Erantzukizunpeko adierazpen bat, zehazten duena fakturak eta ordainketak justifikatzeko gainerako egiaztagiriak ez direla aurkeztu diruz lagundu daitezkeen beste programa batzuk justifikatzeko edo, hartarako aurkeztu badira, zehazten duena zer programa justifikatzeko aurkeztu diren eta faktura edo egiaztagiri bakoitzaren zer ehuneko lagundu den diruz.

d) Dirulaguntzak itzultzegatik dagozkion betebeharrak ordaindu dituela adierazten duen erantzukizunpeko adierazpena.

2.– Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bete direla ofizioz eta automatikoki egiaztatuko du Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzak. Hala ere, eskatzaileak berariaz uka dezake laguntza-eskabidean inplizituki dagoen baimen hori, eta, hala egiten badu, ziurtagiria edo eskatzen den dokumentua aurkeztu beharko du, betiere urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.2 artikuluan xedatutakoaren arabera.

3.– Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariak dokumentu gehiago eskatu ahal izango ditu, egoki baderitzo. Eskabide horrek arrazoitua izan beharko du.

4.– Aurreko apartatuetan aipatutako agiriak aurkeztu ondoren, proiektuaren azken ebaluazioa egingo dute Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzako langileek, eta proiektuak berarekin soilik inbertsioa edo soilik gastua badakar, edo inbertsioa eta gastua elkarrekin, proiektua gauzatu dela adierazten duen azken ziurtagiria egingo dute.

5.– Inbertsioak edo gastuak egiteko ezarritako epea, edo, hala badagokio, azken luzapena amaitu eta hurrengo urteko urtarrilaren azken eguna izango da, gehienez ere, laguntzen kudeaketa eta ordainketa egokia izango dela bermatzeko, gastua egin dela egiaztatzen duten agiriak aurkezteko gehieneko epea.

18. oinarria.– Ordainketa eta bermeak.

1.– Ordainketak honela egingo dira:

A) Aldez aurretik inbertsioa edo gastua justifikatu behar dira, aurreko oinarriko dokumentuak aurkeztuz. Proiektuak inbertsioa ere baldin badakar berarekin, ordainketak egiteko, justifikazioa beharko da aurretik, egindako inbertsioen ziurtapena prestatu ondoren (Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzako langileek prestatua). Ziurtapena egiteko bi hilabete daude gehienez, inbertsioa osorik edo partez gauzatu dela komunikatzen denetik eta 17. oinarriaren 1. apartatuko a) letran aipatzen den memoria aurkezten denetik.

B) Urte bakoitzean, ordainketak kontura egin daitezke, proiektuak gauzatzeko erritmoaren arabera. Horretarako, interesdunek eskabidea egin behar dute aurretik. Gehienez ere, konturako ordainketa bat egingo da urte bakoitzeko. Konturako ordainketa egiteko eskabidearekin batera, 17. oinarriaren 1. apartatuan aipatzen diren agiriak aurkeztuko dira.

2.– Zehapen-prozeduraren batean edo dirulaguntzen itzultze-prozeduraren batean egonez gero, laguntza jasotzeko, lehenik hura amaitu beharko da. Prozeduraren ondorioz laguntza publikoak jasotzeko desgaikuntza edo itzultzeko betebeharra ezarriz gero, itzultzea ez bada sartzeko borondatezko aldian egiten, baldintzapean emandako laguntza indargabetu egingo da, onuradun izateko debekua dakarten egoeretako batean egoteagatik. Hala badagokio, dirulaguntza hauek onuradunei ordaintzeko, dirulaguntzak itzultzeko betebeharren ordainketak egunean izan beharko dira.

3.– Inbertsioak ez badira egiten gehieneko epeen barruan, ezta epeen luzapenean ere, edo inbertsioa egin izana egiaztatzeko agiriak ez badira aurkezten epe barruan, onuradunek dirulaguntza hartzeko eskubidea galduko dute, eta, hala badagokio, agindu honen 21. oinarriko itzulketa-prozedura jarriko da abian.

4.– Izaera juridikorik ez duten pertsona fisiko edo juridiko pribatuen taldeei eta ondasun-erkidegoei dagokienez, funtsen hartzaile izateko izendatu den kideari egingo zaio ordainketa, eta hark banatuko ditu taldeko gainerako kideen artean.

19. oinarria.– Dirulaguntzak emateko baldintzak aldatzea eta inbertsioa edo gastuak gauzatzeko epeak luzatzea.

1.– Beste erakunde publiko nahiz pribatu batetik beste laguntza edo dirulaguntzaren bat jasoz gero, idatziz justifikatu eta jakinarazi beharko zaio Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzari, eta, horren ondorioz, gerta liteke dirulaguntza emateko ebazpena aldatzea; kasu horretan, dena dela, agindu honetan ezarritako betekizunak eta laguntza ematea eragin zuen helburua gorde beharko dira. Horretarako, Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariak dagokion aldaketa-ebazpena emango du, hala egokituz gero, emandako dirulaguntzaren zenbatekoak oinarri berriaren arabera doitzeko. Hala bada, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritako itzultze-prozedurari ekingo zaio.

2.– Aurkeztu eta dirulaguntza eman zaion proiektuan egiten dituen aldaketak idatziz jakinarazi eta behar bezala justifikatu beharko ditu onuradunak, Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzaren aurrean.

Aurkeztutako proiektuaren gainean –zeinari dirulaguntza eman baitzitzaion– eginiko funtsezko aldaketen ondorioz, hala badagokio, laguntza emateko ebazpena aldatuko da, betiere erabakigarriak izan ez badira, 10. oinarrian xedatutakoaren arabera; bestela, funtsezko aldaketa horiek ez badute aldatzen laguntzaren ebazpena, Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzako titularrak ebazpena emango du, eskatutako aldaketa horiek onartzeko.

Honako hauek jotzen dira aldaketa handitzat:

1.– Aldaketa esanguratsuak egitea edo proiektuan hasieran ezarritako helbururen bat ezabatzea.

2.– Proiektua gauzatzeko egutegia aldatzea.

3.– Proiektua gauzatzeko ezarritako faseren bat deuseztatzea.

4.– Gastu-kontzeptuak aldatzea, hasieran onartutako gastuez gain beste batzuk ere sartuz.

5.– Proiektuan parte hartzen duten agenteetatik baten bat ordeztu edo kentzea.

Aldaketak direla-eta ez da inoiz emandako laguntza handituko.

Aldaketak ez badira funtsezkoak, ez dute biderik emango laguntza ematea xedatzen den ebazpena aldatzeko.

3.– Baldin eta egindako inbertsioaren edo gastuaren behin betiko benetako kostua txikiagoa bada onartutako eta dirulaguntza emateko erreferentziatzat hartutako aurrekontua baino, eta laguntza helburu bererako erabiltzen bada, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa txikitu egingo da, dagokion proportzioan, Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariaren likidazio-ebazpen baten bidez, eta, gero, oinarri berriari aplikatuko zaio dirulaguntzaren ehunekoa.

4.– Onuradunak aldez aurretik eta idatziz eskatzen eta justifikatzen badu –emandako laguntzaren xede den proiektu-gauzatzea bukatu behar den eguna baino 30 egun lehenago, beranduenez, aurkeztu beharko luke eskabidea–, Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariak, ebazpen baten bidez, emandako laguntzaren xede den inbertsioa gauzatzeko epea luzatu ahal izango du, non zehaztuko baita gehienez ere zenbat luza daitekeen, hasieran onartutako dirulaguntzari eutsita. Alde horretatik, proiektuak gauzatzeko gehieneko epea inola ere ez da izango agindu honen 16. oinarriak xedatzen duena baino luzeagoa.

20. oinarria.– Atzera egitea eta uko egitea.

1.– Eskatzaileak atzera egin ahalko du, betiere laguntzak emateko prozeduraren ebazpena jakinarazi aurretik. Horretarako, atzera egiteko eskabidea bat helarazi beharko dio Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariari, idatziz, eta hark, ebazpen baten bidez, bete-betean onartuko du eskabidea, eta amaitutzat emango du hari dagokion prozedura.

2.– Onuradunak laguntzari uko egin ahal izango dio, laguntza onartu ondoren (agindu honen 15. oinarriko 3. apartatuan ezarritako betebeharrari jarraikiz, emandako laguntza onartzeko betebeharra dute onuradunek), baina nolanahi ere, inbertsioa amaitu aurretik, eta baldin eta Administrazioak inolako ordainketarik egin ez badu. Horretarako, emandako laguntzei uko egiteko eskabidea helarazi beharko dio Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariari, idatziz, eta hark, ebazpen baten bidez, bete-betean onartuko du eskabidea, eta amaitutzat emango du hari dagokion prozedura.

Uko-egitea onartuta, onuradunak automatikoki galduko du ebazpen bidez onartutako eskubidea, bai eta emandako laguntza kobratzeko eskubidea ere.

21. oinarria.– Ez-betetzeak.

1.– Ez-betetzeen kausak izango dira, gutxienez, hauek guztiak:

a) Agindu honetan ezarritako betebeharretako edozein ez betetzea.

b) Dirulaguntza emateko ebazpenean ezartzen diren baldintzak, halakorik izanez gero, ez betetzea.

c) Laguntza eman zeneko xedea ez betetzea.

d) Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 53. artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko 2003ko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan aurreikusitako itzulketa-kausaren bat denean.

2.– Onuraduna aurreko apartatuan zerrendatutako ez-betetzeen kausetako baten egoeran egongo balitz, Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzak, 15 eguneko epean, interesdunari entzunaldia emango dion ez-betetze espedientea egin ondoren, egokitzat jotzen dituen alegazioak egin ditzan, ebazpen baten bidez, dirulaguntza jasotzeko eskubidea kenduko dio onuradunari, partez edo osorik, eta, hala badagokio, kobratu dituen laguntzak eta dirulaguntzen arloan aplikatu beharreko berandutze-interesak itzuli beharko dizkio onuradunak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari, partez edo osorik, proiektuaren gauzatze-mailaren proportzioan, Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorren kargura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 53. artikuluan eta 2003ko dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan xedatuarekin bat. Gainera, dagozkion gainerako neurriak hartuko dira. Ez-betetzea inbertsioei eusteko epeari badagokio, emandako dirulaguntzaren itzulketa prorrata temporis egingo da.

Aipatutako zenbateko horiek diru-sarrera publikotzat hartuko dira lege-ondorio guztietarako.

3.– Arau-hauste administratibotzat har daitezkeen gertakarien ondorioz hasten bada itzulketa-prozedura, organo eskudunari jakinaraziko zaizkio gertakariok, dagokion zehapen-prozedura has dezan.

22. oinarria.– Bateragarritasunak.

1.– Agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzak bateragarriak dira beste edozein erakunde publiko zein pribatuk xede bererako emandako beste edozeinekin, betiere dirulaguntza guztien baturak gainditzen ez baditu Agindu honek egoera bakoitzerako ezarritako gehieneko ehunekoak. Muga hori gaindituko balitz, gaindikinari dagokion zenbatekoa kenduko zaio laguntzari, Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariaren ebazpen baten bidez, erakunde onuradunari entzun ondoren.

2.– Aurreko apartatuan xedatutakoa gorabehera, baldin eta laguntzen mugak desberdinak badira, onuradunarentzat onuragarriena den muga hartuko da kontuan gaindikina kalkulatzeko.

23. oinarria.– Datuen babesari buruzko oinarrizko informazioa.

Datu pertsonalak izen hau duen tratamendu-jardueran tratatu eta sartuko dira: Elikagaien kalitate eta industriaren arloko laguntzak.

– Arduraduna: Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritza, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila.

– Xedea: Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzaren laguntzen, beken eta I+Garen jarraipena, kontrola eta kudeaketa.

– Legitimazioa:

• Tratamendua beharrezkoa da interes publikoaren izenean edo tratamenduaren arduradunari esleitutako botere publikoen izenean burututako eginkizun bat betetzeko.

– Hartzaileak:

• Euskal Autonomia Erkidegoko beste organo batzuk.

• Nekazaritza eta Arrantzako Estatistika Ofizialen Zerbitzua (SEAS). Erakunde ordaintzailea.

– Eskubideak: eskubidea duzu datuak eskuratzeko, zuzentzeko eta ezerezteko, bai eta informazio gehigarrian adierazitako beste eskubide batzuk ere.

– Informazio gehigarria: gure web-orrian ikus dezakezu datuen babesari buruzko informazio gehigarria eta zehatza:

www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/001600-capa2-eu.shtml

– Araudia:

• Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra (eur-lex.europa.eu/legalcontent/ES/TXT/HTML/?uri=CELEX:32016R0679&from=ES).

• 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzkoa (www.boe.es/boe_euskera/dias/2018/12/06/pdfs/BOE-A-2018-16673-E.pdf).

ESKABIDEA EGITEKO FORMULARIOAREN EDUKIA

Laguntzaren eskabide-formularioa webgune hauetan dago eskuragarri: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0110308

Ahal den neurrian behintzat, eskabideak aurkezteko eta espedientea izapidetzeko bide telematikoa erabiltzea gomendatzen da.

– Bide elektronikoak: Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan sartuta aurkeztuko dira eskabideak: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0110308

Oinarrizko eduki hau du:

Eremu generikoak:

• Identifikazio-agiriaren mota.

• Zenbakia.

• Izena (pertsona fisikoek soilik).

• Lehen abizena (pertsona fisikoek soilik).

• Bigarren abizena (pertsona fisikoek soilik).

• Sexua (pertsona fisikoek soilik).

• Entitatearen izena (pertsona juridikoek soilik).

• Telefono finkoa.

• Telefono mugikorra.

• Helbide elektronikoa.

• Lurralde historikoa.

• Jakinarazpen eta komunikazioetarako kanala.

• Abisuak jasotzeko helbide elektronikoa.

• Abisuak jasotzeko mugikorra.

• Jakinarazpen, komunikazio eta abisuetarako hizkuntza.

Eremu osagarriak:

Erantzukizunpeko adierazpena:

• Enpresa ez dago krisialdian, estatuek krisialdian dauden enpresa ez-finantzarioak salbatzeko eta berregituratzeko ematen dituzten laguntzei buruzko zuzentarauen arabera (2014/C 249/01)

• Proiektuak Euskadin ingurumen-gaietan aplikatu beharreko berariazko araudia betetzea (21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; eta 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena) –dagokionean, inbertsio-proiektuek ingurumenean duten eragina ebaluatuko da, aurrez–, baita higiene-araudia eta inbertsio bakoitzari aplikatu beharreko Europar Batasuneko arauak ere.

• Jakinaraztea ea diruz lagundu daitekeen proiektu bera ordaintzeko beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide ekonomikorik eskatu dioten administrazio publiko edo erakunde publiko edo pribaturen bati, baita eskuratu duten ala ez.

• Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntza eta dirulaguntzen esparruan itzultze- edo zehapen-prozeduraren baten eraginpean dago/ez dago.

• EAEko Administrazioak eta haren mendeko erakundeek emandako laguntzen edo dirulaguntzen esparruan, dirulaguntzak itzultzeko edo zehatzeko prozeduretako kantitate zehatzen ordainketari dagokionez egunean egotea. Betebehar horien ordainketak egunean dituztela ulertuko da zorrak atzeratuta eta zatituta badaude, eta, gainera, gaineratutako zor, interes eta gastu guztiak estaliko dituen bermea eratu bada.

• Ez du dirulaguntza edo laguntza publikoak eskuratzea eragozten duen epai irmorik (zigor- edo administrazio-arloan), ezta horretarako legezko inolako debekurik ere, sexu-bereizkeriagatiko debekuak barne, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerako 2005eko otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetako seigarrenean xedatutakoari jarraikiz.

• Konkurtso-deklaraziorik eskatu ez izana, edozein prozeduratan kaudimengabetzat deklaratuta ez egotea, konkurtsoan deklaratuta ez egotea, salbu eta horretan eraginkortasuna hartu badu hitzarmen batek, esku-hartze judizialaren eraginpean ez egotea edo desgaitua ez egotea Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera, konkurtsoaren kalifikazio-epaian ezarritako desgaitze-aldia amaitu gabe.

• Ez du jaso dirulaguntzak lortzeko aukera galtzeko zehapenik ebazpen irmo baten bidez.

• Kausaren batean errudun deklaratua izateagatik, Administrazioarekin egindako edozein kontraturen amaiera irmoa ebatzita ez du.

• Pertsona fisikoa, merkataritza-sozietateen administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkaritza dutenak ez daude Kargu publikodunen jokabide-kodea eta haien interes-gatazkak arautzen dituen ekainaren 26ko 1/2014 Legean ezarritako kasuren batean, edo Hauteskunde Araubide Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapen bidezko karguren bat ez du, lege horretan edo arlo hau arautzen duen araudi autonomikoan ezarritako baldintzetan.

• Laguntza edo dirulaguntza publikoak lortzeko aukera galduta ez du ebazpen irmo baten bidez ezarritako zehapena dela-eta, edo honako delitu hauetakoren bat egin izanagatik: prebarikazioa, funtzionario-eroskeria, ondasun publikoak bidegabe erabiltzea, eragimen-trafikoa, iruzurrak eta legearen aurkako ordainarazpenak edo hirigintza-delituak.

• Zerga-egoitza ez dauka erregelamenduz zerga-paradisu gisa kalifikatutako ezein herrialde edo lurraldetan.

• Elkarteen kasuan, horiek elkartzeko eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren 4. artikuluaren 5. eta 6. apartatuetan aurreikusitako debekuen kausetan nahasita ez dago. Eta zigor-arloko delituren bat egin duelako arrazoizko zantzuak egoteagatik inskribatzeko administrazio-prozedura eten ez izatea, 1/2002 Lege Organikoaren 30.4 artikuluan xedatutakoa aplikatuta, dagokion erregistroan inskribatzeko ahala dagoela ziurtatzen duen ebazpen judizial irmoa eman ez bada.

• Berreskuratze-agindu baten eraginpean ez egotea, Europako Batzordeak aurretiaz erabaki badu laguntza bat legez kanpokoa eta barne-merkatuarekin bateraezina dela.

Halaber, erantzukizunpeko adierazpen hau aurkezteak –39/2015 Legearen 69. artikulua aplikatuta– esan nahi du betebehar horiek betetzen dituela, hala ziurtatzen duen dokumentazioa duela, hura eskatzen zaionean Administrazioaren eskura jarriko duela, eskubidea aitortzen zaion bitartean betebehar horiek betetzeko konpromisoa hartzen duela; badakiela funtsezko zehaztasunik ezak, faltsukeriak edo ez-egiteak erantzukizun penalak, zibilak edo administratiboak izan ditzakeela; eta Administrazioak egiaztatzeko, kontrolatzeko eta ikuskatzeko ahalmena duela.

Laguntza honen organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko ditu NAN, IFK, zerga-betebeharrak egunean dituela egiaztatzen duten ziurtagiriak eta Gizarte Segurantzarekiko ordainketak egunean dituela egiaztatzen duten agiriak. Horretarako, pertsona eskatzaileek edo onuradunek ez dute berariazko baimenik eman beharrik izango, berariaz uko egiten diotela adierazten denean salbu, eta, kasu horretan, dagokien ziurtagiria edo eskatutako dokumentua aurkeztu beharko dute. Hori guztia 1/1997 Legegintza Dekretuaren 50.3 artikulua aplikatuz (1/1997 Legegintza Dekretua, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duena), Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 28.2 artikuluari dagokionez.

○ Berariaz ukatzen dut baimena, eta adierazpen honekin batera aurkeztuko ditut ziurtagiriak.


Azterketa dokumentala