Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

218. zk., 2022ko azaroaren 15a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
4931

130/2022 DEKRETUA, azaroaren 2koa, Euskal Autonomia Erkidegoan jasangarritasunerako ingurumen-hezkuntza sustatzen duena.

2014ko azaroaren 12an, Aichi-Nagoya-ko Deklarazioa izenpetu zuten Garapen Jasangarrirako Hezkuntzari (GJH) buruzko Munduko Biltzarrean (Aichi-Nagoya, Japonia) parte hartu zutenek. Deklarazio horrek nazioarteko komunitateari eskatu zion presako neurriak hartzea garapen jasangarrirako hezkuntza sendotzeko eta gehiago zabaltzeko. Horrela, egungo belaunaldiei eta, aldi berean, etorkizunekoei aukera emango zaie beren premiak asetzeko, horretarako garapen jasangarriaren dimentsio ekonomiko, sozial eta ingurumenekoaren ikuspegi orekatua eta integratua aplikatuz.

Hori lortze aldera, alderdi interesdun guztiei eskatu zitzaien, bereziki hezkuntzako ministerioei, jasangarritasunerako hezkuntza dagokien gainerako ministerioei, goi-mailako hezkuntzako erakundeei, zientziaren munduari eta jakintzaren beste komunitate batzuei, hain zuzen ere parte har zezaten, lankidetzan eta modu eraldatzailean, ezagutza sortzen, zabaltzen eta erabiltzen, eta sektore eta diziplina arteko hesiak gaindituko dituen berrikuntza sustatzen, zientziaren, politikaren eta hezkuntzaren arteko praktika-elkargunean. Helburua garapen jasangarriaren aldeko erabakiak hartzea eragitea eta gaitasunak ugaldu daitezen sustatzea da.

2015eko irailaren 25ean, Nazio Batuen Erakundearen Batzar Nagusiak aho batez onartu zuen Garapen Jasangarrirako 2030 Agenda. Ekintza-plan unibertsal, integral eta eraldatzaile bat da, eta helburutzat dauka giza garapena bultzatzea, garapen jasangarriaren hiru dimentsioetan: gizartea, ekonomia eta ingurumena. Garapen jasangarrirako hamazazpi helburuak (aurrerantzean, GJH) eta horiek garatzen dituzten ehun eta hirurogeita bederatzi jomugak integratuak eta zatiezinak dira, eta aipatutako hiru dimentsioak hartzen dituzte barnean.

Aipatutako Garapen Jasangarrirako 2030 Agendaren esparruan, Nazio Batuen Erakundearen ustez, hezkuntza ezinbesteko baliabidea da hala garapen indibidual eta kolektiborako, nola gizarte-kohesiorako eta herritarren bizikidetzarako. Gainera, gizarte bidezkoago batera aldatzeko bidean, hezkuntzak jasangarritasunaren kulturaren esparruan funtsezko eginkizuna duela deritzo.

Bestalde, Antonio Guterres NBEko idazkari nagusiak «klima-larrialdiko egoera» aitortzeko eskatu zien gobernuei, 2020ko abenduaren 12an, Parisko Akordioaren bosgarren urteurrena ospatzeko egindako goi-bilera birtual baten hasiera-ekitaldian.

Europako Parlamentuak, 2019ko azaroaren 28an klima- eta ingurumen-larrialdiaren egoerari buruz eman zuen Ebazpenean (2019/2930 PE), klima- eta ingurumen-larrialdia aitortu zuen, eta, aldi berean, Batzordeari, estatu kideei eta erakunde orokorrei eskatu zien klima-aldaketari aurre egiteko eta hura geldiarazteko beharrezko ekintza zehatzak egin zitzatela, berandu baino lehen.

Horren ildoan, Batzordearen iritziz, eskolak, prestakuntza-zentroak eta unibertsitateak foro egokiak dira trantsizioaren arrakastarako beharrezko diren aldaketei buruzko informazioa zabaltzeko hezkuntza-komunitatean eta, oro har, herritarren artean.

Hala, Batzordeak, ingurumen-jasangarritasunerako ikaskuntzari buruz 2022ko urtarrilaren 14an eman zuen gomendio-proposamenean, Europako eskumen-esparru berri bati buruzko xehetasunak ematen ditu; esparru hori, izan ere, lagungarria izango da klima-aldaketari eta garapen jasangarriari buruzko ezagutza, gaitasunak eta jarrerak garatzeko. Gainera, konpromisoa hartzen du, estatu kideekin lankidetzan, laguntza-materialak garatu eta trukatzeko eta jardunbide eta jardunbide egokien trukea errazteko EBko irakasleen prestakuntza-programen sareetan, besteak beste.

Bestalde, bidezko trantsizioa da Lanaren Nazioarteko Erakundeak eta Klima Aldaketari buruzko Nazio Batuen Esparru Konbentzioak proposatutako ekintza-esparrua, jarduera ekonomikoan eta enpleguan irabaziak maximizatzeko eta trantsizio ekologikoaren eta deskarbonizazioaren inpaktu negatiboak minimizatzeko.

Ingurumen- eta gizarte-ekonomia jasangarrietarako trantsizioak, ondo kudeatuta, eragile garrantzitsuak izan daitezke lanpostuak sortzeko, enpleguaren kalitatea hobetzeko, justizia sozialerako eta pobrezia desagerrarazteko. Enplegu eta enpresa guztien egologizatzeak, energiaren eta baliabideen ikuspegitik jardunbide efizienteagoak txertatuz, kutsadura prebenituz eta baliabide naturalak modu jasangarrian kudeatuz, berrikuntza dakar, erresilientzia indartzen du eta aurrezten laguntzen du; horrek guztiak inbertsio berriak erakartzen ditu eta enplegua aktibatzen.

Eusko Legebiltzarrak, legebiltzar-talde guztien babesarekin, klima-larrialdiko egoera aitortu zuen, 2019ko irailaren 26an, eta Eusko Jaurlaritzari eskatu zion hurrengo aurrekontuetan sartze zitzan beharrezko partida guztiak, klima-egoera horrek eskatzen duen «anbizioa eta urgentzia» ahalbidetzeko ekintza sektorial guztiak abian jartze aldera. Legebiltzarrak azpimarratu zuenez, klima-aldaketaren aurkako borroka munduko erronka bat da, eta guztion ardura da erronka horri aurre egitea. Horrez gain, uste osoa agertu zuen Euskadi erronka horren buru izan litekeela eta erronka akuilu bihurtu, ekonomia eraldatzeko, lehiakorragoa eta, klimari dagokionez, neutroagoa izan dadin.

Ildo horretan, Euskadi Basque Country 2030 Agendak, Gobernu Programaren helburu eta konpromisoetatik, GJHekin lotura estuagoa duten haiek nabarmentzen ditu, eta, horrenbestez, jarraipen espezifikoa egingo zaie helburu eta konpromiso horiei, Agendak berak ezarritako gobernantza-baliabideen eta -bitartekoen bidez. Agendaren jomugen artean, ingurumen-hezkuntzako politikak indartu nahi izatea da nabarmengarrienetako bat, herritarrek ingurumena babesteko eta kontserbatzeko duten erantzukidetasunean aurrera eginez betiere.

Bidezkoa da, beraz, aitortzea euskal gizarteak kalitate handiko ibilbidea egin duela ingurumen-hezkuntzaren arloan (egun, jasangarritasunerako ingurumen-hezkuntza esaten zaio, maila globalagoan), alderdi kuantitatiboetan nahiz kualitatiboetan.

Azken berrogei urtean, ingurumen-hezkuntza pixkanaka-pixkanaka sartuz joan da hezkuntza formalean, baina beharrezkoa da, baita ere, bizitza osoan zehar lortutako gaitasunen jarraipena egitea, hezkuntza ez-formalaren eta informalaren bitartez, besteak beste. Dekretu honen bidez, hezkuntza formalaren eremuko jarduna indartu eta sendotu nahi da, eta ezagutza horiek hezkuntza-esparrutik kanpo jarraipena izango dutela bermatu; horretarako, ezagutza horiei jarraipena egingo zaie, herritarren bizialdi osoko ikaskuntza ahalbidetuko duten mekanismoen eta tresnen bitartez, jasangarritasunerako ingurumen-hezkuntzaren esparruan.

Araugintzaren arloan, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 87.2 artikuluan hau xedatzen da: «Administrazio publikoek sektore sozial guztietan ingurumenaren alorreko hezkuntza eta sentsibilizazioa sustatuko dituzte, herritarren artean eta erakunde guztietan ingurumena hobetzeko ezagutzak, informazioa, jarrerak, balioak, portaerak eta trebetasunak ezagutarazteko eta zabaltzeko jardueren bitartez. Helburu horrekin, Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumen-organoak, beste administrazio publiko batzuekin koordinatuta, ingurumenaren alorreko hezkuntza eta sentsibilizazioa lantzeko programak egingo ditu, aipatu helburuak lortzeko bide eta neurri zehatzak proposatuz».

Ingurumen-arloko organo eskudunak, 1986an sortutako Ingurumen Hezkuntzako Zerbitzuaren bidez, helburu horiek lortzera bideratutako ekintzak sustatzen jardun du, ingurumen-hezkuntzaren sentsibilizazio- eta sustapen-programen bidez. Horrela, 2003. urtean, orduan aitzindaria zen Eskolako Agenda 21 (egun, Eskolako Agenda 2030) programarekin lanean hasi ziren hogeita zazpi ikastetxe. Programa hori sustatzeko garrantzi handia izan zuten Ingurugela zentroek, zeinak irailaren 19ko 202/1989 Dekretuaren bidez sortu baitziren (Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumenarekiko Irakasbideen Hezkuntza eta Ikerketarako Ikastegien sorrera eta funtzionamendua arautzen duena). Dekretu horri segida eman zitzaion Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiroko sailburuaren eta Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren 1996ko ekainaren 26ko Aginduaren bidez (Unibertsitateaz kanpoko hezkuntza sisteman Ingurugiroarekiko Irakasbideen bidez, ingurugiro-hezkuntzaren garapena arautzen duena).

Ingurugela zentroek, 1989an sortu zirenez geroztik, aholkularitza eta prestakuntza-ekintzak eman dizkiete ikastetxeei, eta, metatutako esperientziarekin, funtsezko kate-begi bihurtu dira urte hauetan, Eskolako Agenda 21en helburuak garatzeko. Horretarako garatu zuten «Eskolako Agenda 21 Gida: jasangarritasunerako hezi: eskolarentzako gida», eta funtsezko zeregina betez jarraitzen dute EAEko ikastetxeetako irakasleei eta hezkuntza-komunitateari laguntza, prestakuntza, aholkularitza eta baliabideak ematen. Egun, Eskolako Agenda 2030 programa finkatua da, eta erreferentea da Euskal Autonomia Erkidegoko jasangarritasunerako ingurumen-hezkuntzan, laurehun eta berrogeita hamar ikastetxe hartzen baititu.

Programa horrek ingurumen-ekintzaren globaltasunetik lan egiten du, ikastetxe bakoitzean, izaera ekosozialeko ekintza eraldatzaile bat sustatuz, hezkuntza-komunitate osoa bilduz eta tokiko 2030 Agendaren prozesuarekin konprometituz.

Hori da, hain zuzen ere, eremu formalean ireki den bidea, Eskolako Agenda 2030 programaren bidez, eta ikastetxeak «jasangarri» gisa aitortuta. Ikuspegi ekosozialetik lankidetzan jardutea eta parte-hartzea ezin dira bereizi garapen jasangarritik, gizarte global batean eta informazioa trukatzea ahalbidetzen duten komunikazio-teknologiak dituen gizarte batean. Horrela, publikoki aitortzen dira ikastetxeek egindako lana eta programan izan duten esperientzia, eta, orobat, jasangarritasunerako ingurumen-hezkuntzaren ikuspegia finkatzen da ikastetxeetako hezkuntza- eta curriculum-proiektuetan; gainera, aldi berean, eraldaketa ekosozialerako kontzientzia, gaitasuna, jakintza, balioak eta ekintzak garatzen laguntzen da, ikasleek eta hezkuntza-komunitateak garapen jasangarriarekin konprometitzeko gaitasuna izan dezaten.

Aitortu beharra dago, baita ere, ingurumen-hezkuntzako ikastetxeetako eta ekipamenduetako irakasleen lan bikaina, ilusioz ekin baitiote ikasleei laguntzeari, ikasleek ingurumenaren errealitatea ezagutu eta ulertu dezaten eta, hartara, hobekuntzan ekarpen aktiboa egin dezaten. Garapen Jasangarrirako 2030 Agendaren 4. helburuak bilatzen duena da Hezkuntza inklusiboa, ekitatiboa eta kalitatezkoa bermatzea, eta ikasteko aukerak sustatzea, guztientzat eta adin guztietan Helburu horren barruan, «Garapen jasangarrirako hezkuntza globala» 4.7 jomugaren helburua da hemendik 2030era ikasle guztiek garapen jasangarria sustatzeko beharrezkoak diren gaitasunak, jarrerak eta balioak eskura ditzatela bermatzea, honako hauen bidez, besteak beste: jasangarritasunerako eta bizimodu jasangarrietarako hezkuntza, giza eskubideen defentsa, genero-berdintasuna, bakearen eta indarkeriarik ezaren kultura sustatzea, kultura-aniztasuna nabarmentzea eta kulturak garapen jasangarriari egindako ekarpena.

Hortaz, jasangarritasunerako hezkuntza, 2030 Agendan ulertzen den bezala, kontzeptu polisemikoa da, eta hainbat ikuspegi eta hezkuntza-diziplina ugari biltzen ditu, hala nola aldaketa globalerako, ekonomikorako eta kulturaniztasunerako hezkuntza, garapenerako, berdintasunerako eta dibertsitaterako hezkuntza, osasunaren sustapena eta ingurumenaren eta osasunaren arteko erlazioa, biodibertsitatearen kontserbazioa edo aire zabaleko hezkuntza, ingurumen-arloa dela horiek guztiak integratzen dituen elementua. Egoera horretan, «Euskal Autonomia Erkidegoko IV. Ingurumen Esparru Programa 2020» delakoaren 5.4 jarduera-ildoak «jasangarritasunerako hezkuntza eta kontzientziazioa indartzea» proposatzen du EAEko gizarte osoan, eta 66. jardueran zehazten du «Jasangarritasunerako Ingurumen Hezkuntzako Estrategia egin beharra dagoela».

Agindu hori betez, 2018ko urtarrilean, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak «Jasangarritasunerako Hezkuntzaren 2030erako Euskal Autonomia Erkidegorako Estrategia» argitaratu zuen. Estrategia horren helburua da jarduera praktiko eta kolaboratiboko gida bat izatea, non eragile guztiek lekua izango duten eta elkarreraginean jardungo duten helburu argi batekin: Euskadin bizi diren pertsona guztien konplizitatea lortzea, gure bizimoduetatik jasangarritasunaren kultura berri baterako trantsizioan konprometitu daitezen. Gainera, osasuna ere kontuan hartzen du bere ikuspegian: «euskal herritar sentsibilizatuak, erantzukideak eta parte-hartzaileak, herri eta hiri hezitzaileetan bizi direnak eta ingurune berde, sozialki arduratsu eta kulturalki aktibo eta osasungarriaz gozatzen dutenak».

Nolanahi ere, lan eta ahalegin handia egin arren, dokumentuan ondorioztatzen denez, jasangarritasunerako ingurumen-hezkuntza are gehiago hedatu daiteke, eta, horretarako, beharrezkoa da curriculumean zeharka txertatzea Jasangarritasunerako Ingurumen Hezkuntza, konpetentzien araberako ikaskuntza eta ikasgelatik kanpoko ikaskuntza sustatuz ingurune naturalarekin harremanetan. Beharrezkoa da, era berean, irakasleak erabat prestatzea ingurumen-hezkuntzaren arloan.

Helburu horiek betetzeko, dekretu hau argitaratzeaz gain, ekintza osagarri batzuk egin behar dira, hala nola: erabat eguneratzea lehenago aipatutako irailaren 19ko 202/1989 Dekretua eta 1996ko ekainaren 26ko Agindua; curriculumean erabat integratzea Jasangarritasunerako Ingurumen Hezkuntza, eta hura sustatzea hezkuntza ez-formalean.

Egun dugun erronka da sistema sozioekonomiko osoa jasangarritasun hirukoitzera (soziala, ingurumenekoa eta ekonomikoa) igarotzen laguntzea, jakitun izanik eraldaketa hori gauzatzeko aldaketa ekonomiko, teknologiko eta sozial sakonak egin behar direla. Hezkuntza-sistema (formala eta ez-formala) funtsezkoa, ezinbestekoa eta lagungarria da aldaketa horiek lortzeko. Hezkuntza, beraz, oinarria da, eta aukera emango digu Europako erakundeek eskatutako prozesu eraldatzailea azkartzeko eta euskal gizartean jasangarritasunerako ezagutzaren eta kulturaren oinarriak finkatzeko.

Horrela, jasangarritasunerako ingurumen-hezkuntzaren funtsezko helburuetako bat da, hain zuzen ere, pertsonak, banaka nahiz taldeka, ingurumenaren konplexutasunaz jabetzea (hainbat alderdiren elkarrekintzaren ondorioa baita: fisikoak, biologikoak, sozialak, kulturalak, ekonomikoak eta abar), eta ezagutzak, balioak eta trebetasun praktikoak eskura ditzaten lortzea, arduraz eta eraginkortasunez parte har dezaten ingurumen-arazoen prebentzioan eta konponketan eta ingurumenaren kalitatearen kudeaketan. Beraz, jasangarritasunerako ingurumen-hezkuntzak, hezkuntza-prozesuaren alderdi zehatz batera mugatu beharrean, bizitza sozialari irekitako hezkuntza-praktika izan behar du, herritarrek, beren aukeren arabera, parte har dezaten gizateriaren eta ingurunearen arteko harremanak hobetzeko eginkizun konplexu eta solidarioan.

Hartara, jasangarritasunerako ingurumen-hezkuntzak kontzientzia, balioak eta portaerak barneratzen lagundu behar digu, herritarrek erabakiak hartze eraginkorra izan dezaten. Jasangarritasunerako hezkuntza, horrela ulertuta, faktore estrategikoa izan daiteke, eta izan behar du, ezarritako garapen-ereduan eragina izango duena, eredu hori jasangarritasunerantz eta ekitaterantz bideratzeko.

Hori lortzeko, ezinbestekoa izango da aldaketaren alde lan egiten jarraitzea. Ildo horretatik, dekretuak sei lerro estrategiko ditu oinarri, egungo antolaketa-eredua aldatzeko beharrei erantzuten dietenak, eta funtzionamendu eraginkorragoa ahalbidetuko duen eredu bat lortzera bideratuta daudenak. Horretarako, beharrezkoa izango da eskura dauden baliabideak koherentziaz aprobetxatzea eta teknologia berriak eta gaitzeko eta ezagutza kudeatzeko azpiegiturak babestea, pertsonak mantenduz zentroan betiere.

Lerro estrategiko horiek honako hauek dira: Hezkuntza Agenda 2030 eta «Ikastetxe jasangarria»ren zigilua bultzatzea; Jasangarritasunerako Ingurumen Hezkuntzan Berritzeko, Prestatzeko, Gaitzeko eta Ezagutza Kudeatzeko Zentroa sortzea; eraldaketa digitala, Jasangarritasunerako Ingurumen Hezkuntzaren Kanal Digitalaren bidez; hezkuntza-komunitateak parte hartzeko tresnak garatzea; ikastetxe jasangarrien hedapena, eta hezkuntza-planekin konektatzea eta lerrokatzea.

Beraz, jauzi kualitatibo bat ematen da, eta, horrenbestez, ekintzen kalitatea hobetzean jarri behar da arreta, benetan hezkuntza eraldatzaileaz hitz egin ahal izateko. Horixe da, hain zuzen ere, dekretu hau argitaratuta lortu nahi den helburu nagusia: Euskal Autonomia Erkidegoan jasangarritasunerako ingurumen-hezkuntza bultzatu, indartu eta sendotzea, gure bizimodua jasangarritasunaren eta osasunaren sustapenaren kultura berri batera eramateko.

Ildo horretan, Euskal Autonomia Erkidegoan jasangarritasunerako ingurumen-hezkuntza bultzatzeko funtsezko beste faktoreetako bat da adituak eta jardunbide egokiak trukatzeko ekosistema bat sortzea, konpetentziak garatzea erraztuko duena, ezagutza-komunitateak aktibatuko dituena eta , azken batean, oro har herritarren gaikuntzaren eraikuntzan lagunduko duena (gaitasun sozialak, orokorrak eta espezifikoak).

Ekosistema horrek berrikuntzarako, gaikuntzarako eta ezagutza kudeatzeko zentro baten forma hartuko du, eta, besteak beste, aukera emango du ezagutza partekatu eta esperientziak trukatzeko sinergiak sortzeko, jasangarritasunaren eremuan lan egiten duten eragileen artean: administrazioa, unibertsitateak, hezkuntza-komunitatea, berrikuntza- eta ikerketa-zentroak, erakunde ekologistak edo eremu horretan diharduten bestelako erakunde eta gizarte-eragileak.

COVID-19aren pandemiak sortutako krisi sanitario, soziala eta ekonomikoak agerian uzten du, inoiz baino gehiago, administrazioaren modernizazioan sakontzeko beharra, eta horretarako, besteak beste, administrazioaren eremu guztietan eraldaketa digitala sustatu behar da. Behar-beharrezkoa da esperientzien, proiektuen, ideien eta sinergien jario horrek hedapen digitaleko kanal guztietan lekua izatea, eta, horretarako, lehentasunezkoa izango da digitalizazioa eta presentzia digitala garatzea eta sustatzea. Helburu hori lortzeko funtsezko pieza izango da Jasangarritasunerako Ingurumen Hezkuntzaren Kanal Digitala.

Horrela, modua izango dugu kalitatezko antolamendu- eta hezkuntza-ereduak eskaintzeko, non sareko lana nagusi izango den, komunitatea, parte-hartzea eta ekintza berritzailea saretuz eta sendotuz, horiek guztiak ezin baitira bereizi garapen jasangarritik, eraldaketan den gizarte global honetan.

Ildo horretatik, komunitate-sarea eta parte-hartzea indartze aldera, garrantzi handikoa da emakumeen parte-hartzea bultzatzea, giltzarria baita, funtsezko prozesu askotan ingurumenaren garapen jasangarria lortzeko.

Azkenik, nabarmendu beharra dago lurralde fisikoa subiranotasun-eremu gisa desagertuz doala, eta pixkanaka espazio birtualari bide ematen diola; mundu horretan gauzatzen da, hain zuzen ere, gobernantza publikoa, garai digitalean. Hori gorabehera, jasangarritasunerako ingurumen-hezkuntzaren esparruan konpetentziak eskuratzeari dagokionez, kontuan hartu behar da espazio birtualak lagundu behar duela lurralde fisiko hori ezagutzen eta errespetatzen, hura besterik gabe ordezkatu beharrean.

Horrenbestez, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren proposamenez, eta Gobernu Kontseiluak 2022ko azaroaren 2an egindako bileran proposamena aztertu eta onartu ondoren, hauxe

XEDATZEN DUT:
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.– Xedea eta helburuak.

1.– Dekretu honen xedea da jasangarritasunerako ingurumen-hezkuntza bultzatzea, indartzea eta finkatzea Euskal Autonomia Erkidegoan, hain zuzen ere gure bizimoduak jasangarritasunaren kultura berrira igaro daitezen lortu ahal izateko; izan ere, kultura horrek lagunduko die euskal herritarrei sentsibilizatuak, erantzukideak eta parte-hartzaileak izaten, herri eta hiri hezitzaileetan bizitzen eta ingurune berde, sozialki arduratsu eta kulturalki aktibo eta osasungarriaz gozatzen.

2.– Honako helburu hauek ditu dekretu honek:

a) Jasangarritasunerako Hezkuntzan Berritzeko, Gaitzeko eta Ezagutza Kudeatzeko Zentroa sortzea.

b) Tresnak garatzea, hezkuntza-komunitateak aukera izan dezan Jasangarritasunerako Ingurumen Hezkuntzaren 2030 Agendaren esparruan parte hartzeko.

c) Eraldaketa digitala, Jasangarritasunerako Ingurumen Hezkuntzaren Kanal Digitala abian jarriz, digitalizazioa bultzatuz eta hedabideetan, sareetan eta gizartean eragina duten kanaletan presentzia digitala sustatuz.

d) Jasangarritasunerako ingurumen-hezkuntza zabaltzera bideratutako ekintzen ikusgarritasuna handitzea.

e) «Ikastetxe jasangarria»ren zigilua egiaztatzeko sistema bat garatzea.

f) «Ikastetxe jasangarriak» aitortzeko araubidea ezartzea.

g) Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe jasangarrien direktorioa sortzea. Hor inskribatuko dira deialdi bakoitzean «Ikastetxe jasangarria»ren zigiluarekin saritutako ikastetxeak.

h) Konektagarritasun-mekanismoak ezartzea, jasangarritasunerako ingurumen-hezkuntzaren eta Eusko Jaurlaritzan hezkuntza-arloko eskumena duen sailaren hezkuntza-planen printzipioen artean.

i) Konektagarritasun-mekanismoak eta -sinergiak ezartzea, jasangarritasunerako ingurumen-hezkuntzaren eta bidezko trantsizio ekologikoaren artean.

2. artikulua.– Definizioak.

Dekretu honen ondorioetarako, definizio hauek ematen dira:

a) Garapen jasangarria: egungo premiak asetzeko gai den garapena, betiere kolokan jarri gabe etorkizuneko belaunaldiek beren premiak asetzeko duten gaitasuna; horretarako, garapen horren dimentsio ekonomiko, sozial eta ingurumenekoaren ikuspegi orekatua eta integratua aplikatzen du.

b) 2030 Agenda: Nazio Batuetako estatu kide guztiek 2015ean garapen jasangarrirako onartu zituzten 17 helburuak (GJH) jasotzen dituen dokumentua.

c) Jasangarritasunerako Ingurumen Hezkuntzaren 2030 Agenda (IHA2030): zenbait programa biltzen dituen dokumentua, hala nola Eskolako Agenda 2030 (EA2030), Lanbide Heziketarako Agenda 2030, Hezkuntza Ez-formalerako Agenda 2030 eta dekretu honen helburuen garapenaren arabera sortzen diren bestelako programak (Jasangarritasunerako Ingurumen Hezkuntzaren Kanal Digitalean argitaratuko dira).

d) Jasangarritasunerako hezkuntza: hezkuntza inklusiboa, ekitatiboa eta kalitatezkoa bermatzen duena, eta guztientzako ikasteko aukerak sustatzen dituena, adin guztietan.

e) Hezkuntza ez-formala: sistema formalaren egituratik kanpo eta oro har herritar guztientzat gauzatzen den hezkuntza-jarduera oro.

f) Ekoetxeak: Eusko Jaurlaritzan ingurumen-arloko eskumena duen sailaren mende dauden ingurumen-hezkuntzako zentroen sarea.

g) Hezkuntza-komunitatea: hezkuntza-esparrua osatzen eta horretan eragiteko gaitasuna duten pertsonen kolektiboa.

h) Ikastetxeak: unibertsitateaz kanpoko ikastetxeak (haur hezkuntza, lehen hezkuntza, derrigorrezko bigarren hezkuntza, batxilergoa eta lanbide-heziketa), Euskal Autonomia Erkidegoan daudenak.

i) «Ikastetxe jasangarria»ren zigilua: bereizgarri horren bidez, ikastetxeek jasangarritasunerako ingurumen-hezkuntzaren arloan egiten duten lana aitortzen da.

j) Jasangarritasunerako Ingurumen Hezkuntzaren Kanal Digitala: kanal horretan jasotzen dira jasangarritasunerako ingurumen-hezkuntzaren arloko berrikuntza, gaikuntza, adimen kolektiboa eta ezagutzaren kudeaketa.

k) Jasangarritasunerako ingurumen-hezkuntzako erakunde laguntzaileak: unibertsitateak, ikastetxeak eta ospe aitortua duten hirugarren sektoreko erakundeak, jasangarritasunerako hezkuntzaren arloan dihardutenak eta laguntzen dutenak ikastetxeei «Ikastetxe jasangarria»ren zigiluaren aitorpena emateko ebaluazio-prozesua egiten.

l) Aztertu+ programa: hezkuntza-komunitateak eta herritarrek oro har parte hartzeko programa, Euskal Autonomia Erkidegoan ingurumenaren arloko eskumena duen sailak sustatua eta garatua; gizakiaren eta haren ingurune naturalaren artean harreman jasangarria ezartzeko premian sentsibilizatzea sustatzen du, zenbait kanpainaren bidez (Azterkosta, Ibaialde eta Aztertu-natura).

m) Azterkosta: kostaldeko ekosistemak ardatz dituen sentsibilizazio-kanpaina.

n) Ibaialde: ibaietako ekosistemak ardatz dituen sentsibilizazio-kanpaina.

o) Aztertu-natura: gure lurraldeko ekosistema nagusietan sakontzea du helburu, izan kostaldekoak, ibaietakoak edo bestelakoak.

p) Eskola txikiak: landaguneetan edo biztanleria-dentsitate txikiko guneetan kokatutako ikastetxeak.

3. artikulua.– Eremu subjektiboa.

Dekretu honen aplikazio-eremu subjektiboak honako hauek hartzen ditu barnean: hezkuntza-komunitatea, hezkuntza-gaietan diharduten gizarte-eragileak –herritarrei oro har zuzendutako hezkuntza ez-formala barnean dela– eta Euskal Autonomia Erkidegoan jasangarritasunaren arloan diharduten gizarte-eragileak.

4. artikulua.– Printzipio orokorrak.

1.– Dekretu hau honako printzipio hauetan oinarritzen da:

a) Jasangarrirako ingurumen-hezkuntza bultzatzea, bai eremu formalean bai eremu ez-formalean eta informalean, 2030 Agendaren 4.7 helburuan ezarritakoa kontuan izanda («Garapen jasangarrirako hezkuntza globala»). Horretarako, ekintzen kalitatea hobetuko da eta ekintza horiek sendotuko dituzten ikasketa-metodologia berriak txertatuko dira, hezkuntza benetan eraldatzailea izan dadin.

b) Hezkuntza ez-formalaren eremuan jasangarritasuneko konpetentzien garapena indartzea, hezkuntzaren eremutik kanpo ere jarraitutasuna sustatuz, herritarrek konpetentzia horietan bizialdi osoan ikastea ahalbidetzen duten mekanismoen eta tresnen bitartez.

c) Zeharka, bizimodu eta ohitura jasangarri eta osasungarriak sustatzea EAEko herritarren artean, bai eta beste balio batzuk ere, hala nola genero-berdintasuna, euskararen normalizazioa eta dibertsitateari arreta eskaintzea.

d) Jasangarritasunaren alorrean kalitatezko antolakuntza- eta hezkuntza-eredu berriak lortzera bideratutako metodologiak garatzeko bideen ikerketa erraztea.

e) Jasangarritasunerako ingurumen-hezkuntzaren arloan parte-hartzea, prestakuntza, ezagutzaren kudeaketa eta trebakuntza bermatuko dituzten baliabide eta tresnen garapena bultzatzea, eta horretarako, hezkuntza- eta toki-komunitatea garapen jasangarriaren aldeko konpromisoan gaitzea.

f) Hezkuntza-komunitatean jasangarritasunerako ingurumen-hezkuntzaren arloko lankidetza, ezagutza-trukea eta jardunbide egokiak sustatzea, bai eta esparru horretan lankidetzarako eta ezagutza kudeatzeko mekanismoak garatzea ere.

g) Jasangarritasunera bideratutako kulturarteko trukea sustatzea, eta, horretarako, ezagutzak partekatzeko eta esperientziak trukatzeko sinergiak sortzea EAEko ikastetxeen eta jasangarritasunerako ingurumen-hezkuntzaren eremua osatzen duten arloetan diharduten beste zentro eta eragile batzuen –nola nazionalen hala nazioartekoen– artean.

h) «Ikastetxe jasangarria»ren zigiluarekin egiaztatutako ikastetxeen lana aitortzea.

2.– Dekretu honen printzipioak jasangarritasunerako ingurumen-hezkuntzaren arloan diharduten administrazio publikoen eta gizarte-eragileen jardunbideak dira, bai eta haien xedapenak interpretatzeko irizpideak ere.

II. KAPITULUA
JASANGARRITASUNERAKO INGURUMEN-HEZKUNTZAN BERRITZEKO, GAITZEKO ETA EZAGUTZA KUDEATZEKO ZENTROA

5. artikulua.– Jasangarritasunerako Ingurumen Hezkuntzan Berritzeko, Gaitzeko eta Ezagutza Kudeatzeko Zentroa sortzea.

1.– Sortu egiten da Jasangarritasunerako Ingurumen Hezkuntzan Berritzeko, Gaitzeko eta Ezagutza Kudeatzeko Zentroa, Eusko Jaurlaritzan ingurumenaren arloko eskumena duen sailak kudeatutako zentro fisikoa eta birtuala. Erreferentziazko gunea izango da Euskal Autonomia Erkidegoan jasangarritasunerako ingurumen-hezkuntzaren arloan.

2.– Ekosistema eta konexio-sarea izango da zentroa, arloko hauetako pertsonentzat: administrazioa, unibertsitateak, hezkuntza-komunitatea, berrikuntza- eta ikerketa-zentroak, erakunde ekologistak edo jasangarritasunaren arloan lan egiten duten bestelako erakunde eta gizarte-eragileak.

3.– Zentroak honako hauek sustatzen ditu, besteak beste: hezkuntza ez-formala eta informala bultzatzea, jasangarritasunerako ingurumen-hezkuntzaren esparruan ezagutza-komunitateak sortzea eta aktibatzea eta ikastetxe jasangarriak hedatzea eta gaitzea.

4.– Zentro fisikoa Ekoetxeak zentroen egungo ekipamenduekin eta sarearekin eratuko da.

6. artikulua.– Jasangarritasunerako Ingurumen Hezkuntzan Berritzeko, Gaitzeko eta Ezagutza Kudeatzeko Zentroaren egitura eta osaera.

1.– Eusko Jaurlaritzan ingurumenaren arloko eskumena duen sailaren mende egongo da, organikoki, Jasangarritasunerako Ingurumen Hezkuntzan Berritzeko, Gaitzeko eta Ezagutza Kudeatzeko Zentroa.

2.– Zentroaren jarduera garatzeko, egungo azpiegiturak eta Ekoetxeak zentroen sarea erabiliko dira, besteak beste.

3.– Zentroak organo kudeatzaile bat izango du, kide hauek izango dituena:

a) Zuzendari-mailako bi lagun, Eusko Jaurlaritzan ingurumenaren eta hezkuntzaren arloan eskumena duten sailen titularrek izendatuak.

b) Aurreko apartatuan aipatutako zuzendaritzetako bi teknikari.

c) Eusko Jaurlaritzako Lehendakaritzan jasangarritasunaren eta 2030 Agendaren arloan eskumena duen zuzendaritzaren titularra.

d) Aurreko apartatuan aipatutako zuzendaritzako teknikari bat.

4.– Organo kudeatzailearen idazkaria ingurumenaren arloko eskumena duen sailaren ordezkaritzan jarduten duen zuzendaria izango da, eta hitza eta botoa izango ditu organo horretan.

5.– Organo kudeatzaileko kideak izendatzeko orduan, aintzat hartuko da emakumeen eta gizonen presentzia orekatuaren printzipioa.

6.– Kideak Izendatzerakoan, aintzat hartuko da, halaber, Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetan gaitasun nahikoa izatea.

7.– Organo kudeatzailearen eginkizunak.

Honako eginkizun hauek izango ditu organo kudeatzaileak:

a) Berrikuntza-, sentsibilizazio- eta kontzientziazio-jarduerak sustatu eta koordinatzea, jasangarritasunerako ingurumen-hezkuntzaren arloan, Euskal Autonomia Erkidegoan.

b) Jasangarritasunerako ingurumen-hezkuntzako jarduerak koordinatzea Eusko Jaurlaritzako sailen eta Euskal Autonomia Erkidegoan arlo horretan diharduten eragileen artean.

c) Jasangarritasunerako Ingurumen Hezkuntzaren plataforma eta Kanal Digitala sortu, garatu eta kudeatzea.

d) Interesa duten komunitate berrien sorrera eta sareen arteko lankidetza handiagoa sustatzea, elkarrekintza-espazioen bidez, non sinergiak, ideia berritzaileak eta arazo sozialak konpontzeko soluzioak sortuko baitira, dekretu honetan ezarritako helburuak lortzeko.

e) Jasangarritasunerako bidea eta Eskolako Agenda 2030aren helburuak bultzatzea. Horretarako, jasangarritasunerako ingurumen-hezkuntzaren esparruan lan egiten duten pertsonen erakunde arin, integratu eta diziplinarteko baten indarra baliatuko du; esparru horretan erreferentea izango da erakunde hori eta adimen kolektiboa sortzen lagunduko du.

f) Hezkuntza-komunitatean jasangarritasunerako ingurumen-hezkuntzaren arloko lankidetza, ezagutza-trukea eta jardunbide egokiak sustatzea (eremu formalean, ez-formalean eta informalean), bai eta arlo horretan lankidetzarako eta ezagutza kudeatzeko mekanismoak garatzea ere.

g) Jasangarritasunera bideratutako kulturarteko trukea sustatzea, sareko lankidetza-lana erraztuz eta sinergiak sortuz EAEko ikastetxeen eta jasangarritasunerako ingurumen-hezkuntzaren eremua osatzen duten arloetan diharduten beste eragile batzuen artean.

h) Hezkuntza formalaren eta ez-formalaren artean koordinatzeko eta sinergiarako lankidetza-espazioak sortzen laguntzea, jasangarritasunerako ingurumen-hezkuntzaren arloan.

i) Organoaren izaerarekin bat datozen beste zenbait eginkizun, haren egitekoen garapenean eslei dakizkiokeenak.

8.– Organo kudeatzaileak batzorde tekniko baten laguntza izango du, kide hauek izango dituena:

a) Ingurumenaren arloko eskumena duen saileko jasangarritasunerako ingurumen-hezkuntzako zerbitzuko pertsona bat.

b) Hezkuntza gaietan eskumena duen sailak izendatutako pertsona bat.

c) Eusko Jaurlaritzako Lehendakaritzak izendatutako pertsona bat.

d) Osasun gaietan eskumena duen sailak izendatutako pertsona bat.

e) Euskal Herriko Unibertsitateak izendatutako pertsona bat.

f) Deustuko Unibertsitateak izendatutako pertsona bat.

g) Mondragon Unibertsitateak izendatutako pertsona bat.

h) Udalsarea 2030 - Jasangarritasunerako Euskal Udalerrien Sareko batzorde teknikoak izendatutako pertsona bat.

i) Uraren Euskal Agentziak izendatutako pertsona bat.

j) Ihobe, SA Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoak izendatutako pertsona bat.

k) Basque Centre for Climate Change-k izendatutako pertsona bat.

l) «Ikastetxe jasangarria»ren aitorpena lortu duten ikastetxeen ordezkari bat, organo kudeatzaileko kide izateko interesa adierazi duena. Ingurumenaren arloko eskumena duen zuzendaritzako titularrak egingo du izendapena.

9.– Batzorde teknikoaren eginkizunak.

Eginkizun hauek izango ditu batzorde teknikoak:

a) Organo kudeatzaileak ingurumen-hezkuntzaren, -prestakuntzaren eta -sentsibilizazioaren arloan sustatutako ekintzak gauzatzea.

b) Ikerketaren eta berrikuntzaren bitartez, kalitatezko antolamendu- eta hezkuntza-eredu berriak lortzera bideratutako metodologiak garatzea, jasangarritasunerako ingurumen-hezkuntzaren esparruan (eremu formalean, ez-formalean eta informalean).

c) Euskal Autonomia Erkidegoko Jasangarritasunerako Ingurumen Hezkuntzaren Estrategiaren jarraipena, ebaluazioa eta eguneratzea egitea.

d) Jasangarritasunerako ingurumen-hezkuntzaren jarraipena eta ebaluazioa egitea Euskal Autonomia Erkidegoan, ekintzarako eta ebaluaziorako beharrezkoak diren mekanismoak ezarriz, eta ingurumenaren ardura duen organoari ekintza zuzentzaileak proposatzea.

e) Topaguneak sortzea, aholkulari adituek koordinatuta; ekosistemak izango dira, honako entitate hauetako pertsonak bilduko dituztenak: administrazioa, unibertsitateak, ikastetxeak, ikerketa-zentroak, erakunde publiko eta pribatuak eta jasangarritasunerako ingurumen-hezkuntzaren arloan lan egiten duten beste zenbait eragile. Gainera, haien arteko koordinazio- eta interakzio-mekanismoak ezarriko dira.

f) Ekimenak bideratzea, ikusaraztea eta sustatzea, eta produktu, zerbitzu eta sistema berritzaileak garatzea, hezkuntza-komunitateak hainbat testuingurutan eta denbora-tarte laburretan aplikatu ahal izan ditzan, modu autosufizientean, eta haien zabalkundea sustatuz.

g) Estrategiak garatzea prestakuntza-jarduerak diseinatu, eman eta sustatzeko, bai eta trebakuntzako jarduerak (trebetasun sozialak, orokorrak eta espezifikoak), mentoring-ekoak, prestatzaileei prestakuntza ematekoak eta jasangarritasunerako ingurumen-hezkuntzan sentsibilizatzekoak ere (eremu formalean, ez-formalean eta informalean). Estrategia horiek tresna eta programa egituratu eta sendoen garapenean oinarrituko dira, bai eta identifikatutako ezagutza-premia eta -arrakaletan ere.

h) Hezitzaileen, prestatzaileen eta bestelako eraldaketa-eragileen gaitasuna indartzea.

i) Batzordearen izaerarekin bat datozen beste zenbait eginkizun, haren egitekoen garapenean eslei dakizkiokeenak.

III. KAPITULUA
«IKASTETXE JASANGARRIA»REN ZIGILUA ZIGILUA KUDEATZEKO, EBALUATZEKO ETA KONTROLATZEKO ORGANOAK

7. artikulua.– «Ikastetxe jasangarria»ren zigilua.

1.– «Ikastetxe jasangarria»ren zigilua urte bakoitzeko deialdi-aginduan horretarako ezarritako baldintzak betetzen dituzten ikastetxe hautagaiei emango zaie. Horretarako, kontuan hartuko dira, besteak beste, ikastetxeek garatutako jasangarritasun-jarduerak eta ebidentziak, 2030erako Jasangarritasunerako Ingurumen Hezkuntza Agendaren esparruan.

2.– Zigiluak 2030eko ekitaldira arte iraungo du, eta hortik aurrera indarraldia galduko du, non eta ez den berritzeko eskatzen. Urte horretatik aurrera, beste indarraldi bat ezarriko da aitorpena egiteko, jasangarritasunerako ingurumen-hezkuntzaren arloan erreferentziazkoak diren tresnek ezarritakoaren arabera.

3.– Dekretu hau argitaratzen den egunean ikastetxe jasangarriaren egiaztagiria indarrean daukaten ikastetxeek aukera izango dute, egiaztagiri hori iraungi baino lehenago, «Ikastetxe jasangarria»ren zigilua eskatzeko.

4.– Zigilua merezi duten ikastetxeei egiaztapen-diploma eta bandera emango zaizkie. Banderan kolore anitzeko logoa ageri da, Nazio Batuen 2030 Agendan identifikatutako garapen jasangarriko helburuei dagokiena.

5.– Zigiluaren identifikazio-logoak dekretu honen eranskinean agertzen dira, eta haien bilakaera kontuan hartuta aldatu ahal izango dira, ingurumenaren arloko eskumena duen saileko titularrak emandako agindu baten bidez.

6.– Egiaztatutako ikastetxeek soilik erabili ahal izango dituzte logo horiek, «Ikastetxe jasangarria»ren aitorpena indarrean dagoen bitartean.

8. artikulua.– Deialdia.

1.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, urtero, azken hiruhilekoan, «Ikastetxe jasangarria»ren zigilua eskuratzeko deialdiari dagokion agindua.

2.– Zigilu hori lortzeko hautagai diren ikastetxeek deialdi-aginduan ezarritakoaren arabera aurkeztu beharko dituzte eskabideak.

3.– «Eskola Txikia» gisa katalogatutako ikastetxeentzat, prozedura sinplifikatu bat erabiliko da. «Eskola Txikia»ren katalogazioa egiteko orduan, nagusiki kontuan hartuko dira ikastetxearen kokalekua eta deialdia argitaratzen den unean ikastetxean dauden irakasleen eta ikasleen kopurua.

4.– Zigilua lortzeko prozesuaren egutegi orokorra kanal digital ofizialetan argitaratuko da, deialdi bakoitza egin aurretik.

9. artikulua.– Aitorpen-prozedura kudeatzeko organoa.

1.– «Ikastetxe jasangarria»ren zigilua aitortzeko eta esleitzeko prozesua kudeatzeko organoa Eusko Jaurlaritzan ingurumenaren arloko eskumena duen sailean integratuta egongo da.

2.– Organo kudeatzaile horrek prozesua gidatuko du, eta kide hauek izango ditu:

a) Zuzendari-mailako bi lagun, Eusko Jaurlaritzan ingurumenaren eta hezkuntzaren arloan eskumena duten sailen titularrek izendatuak.

b) Aurreko apartatuan aipatutako zuzendaritzetako bi teknikari.

c) Jasangarritasunaren eta 2030 Agendaren arloan eskumena duen zuzendaritzaren titularra, Eusko Jaurlaritzako Lehendakaritzak horretarako izendatua.

3.– Organo kudeatzailearen idazkaria ingurumenaren arloko eskumena duen sailaren ordezkaritzan jarduten duen zuzendaria izango da, eta hitza eta botoa izango ditu.

4.– Organo kudeatzaileko kideak izendatzeko orduan, aintzat hartuko da emakumeen eta gizonen presentzia orekatuaren printzipioa.

5.– Kideak Izendatzerakoan, aintzat hartuko da, halaber, Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetan gaitasun nahikoa izatea.

6.– Eginkizun hauek izango ditu organo kudeatzaileak:

a) Zigilua lortzeko urteroko deialdien oinarriak onartzea.

b) Deialdi bakoitzean ebaztea ebaluazio-batzordeak proposatutako ikastetxeei zigilua ematea ala ez.

c) Eusko Jaurlaritzako Lehendakaritzari jakinaraztea ikastetxe aitortuak egiaztatzeko behin betiko proposamena, lehendakariak sinatu dezan zigilua lortzeko ebazpen bakoitza.

d) Egiaztapena eskuratzeko behar diren oinarrizko tresnak eta dokumentazioa prestatzea.

e) Prestakuntza-saioak antolatzea, berrikuntzako, gaikuntzako eta ezagutza kudeatzeko zentroarekin batera.

f) Ingurumenaren arloko eskumena duen sailarekin koordinatzea «Ikastetxe jasangarria»ren zigiluarekin egiaztatutako ikastetxeen jarraipena.

g) Erakunde laguntzaileak gaitzea, dekretu honen 15. artikuluan ezarritakoari jarraituz.

h) Aitorpen-prozesuan eslei dakizkiokeen gainerako funtzio guztiak, organoaren izaerarekin bat datozenak.

10. artikulua.– Ebaluazio-batzordea.

1.– Aitorpen-prozesuaren ebaluazioa eta jarraipena egingo du ebaluazio-batzordeak, eta organo kudeatzaileari jakinaraziko dio «Ikastetxe jasangarria»ren zigiluarekin aitortutako ikastetxeak izendatzeko proposamena.

2.– Honako kide hauek izango ditu ebaluazio-batzordeak:

a) Ingurumenaren arloan eskumena duen sailak izendatutako teknikari bat. Koordinazio-lana egingo du, eta ezingo da izan organo kudeatzaileko kidea.

b) Hezkuntzaren arloan eskumena duen sailak izendatutako teknikari bat, organo kudeatzaileko kide ez dena.

c) Eusko Jaurlaritzako Lehendakaritzak izendatutako teknikari bat.

d) Osasun gaietan eskumena duen sailak izendatutako pertsona bat.

e) Ingurumenaren arloan eskumena duen sailaren berdintasun-teknikaria.

f) Udalsarea 2030 - Jasangarritasunerako Euskal Udalerrien Sareko batzorde teknikoak izendatutako pertsona bat.

3.– Batzordeko kideak izendatzeko orduan, aintzat hartuko da emakumeen eta gizonen presentzia orekatuaren printzipioa.

4.– Hauek izango dira ebaluazio-batzordearen eginkizunak:

a) Ebaluazio-prozesua diseinatu eta gauzatzea.

b) Ebaluazio-prozesuaren ondorioen txostena idaztea.

c) «Ikastetxe jasangarria»ren zigiluaren aitorpena eskuratzeko hautagai diren ikastetxeen proposamena aurkeztea, onartu dezaten.

d) Aitorpen-prozesuan eslei dakizkiokeen gainerako funtzio guztiak, batzordearen izaerarekin bat datozenak.

5.– Ebaluazio-batzordeak, gainera, barne-funtzionamenduko arauak onartuko ditu. Barne-funtzionamenduko arau horietan aurreikusi ez den guztirako, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legean kide anitzeko organoetarako xedatutakoa aplikatuko da.

11. artikulua.– Ikastetxe Jasangarrien direktorioa.

1.– Ikastetxe jasangarrien direktorioa sortzen da. Hor inskribatuko dira deialdi bakoitzean «Ikastetxe jasangarria»ren zigiluarekin saritutako ikastetxeak.

2.– Direktorio publikoa izango da, eta Eusko Jaurlaritzan ingurumenaren arloko eskumena duen sailari atxikita egongo da.

3.– Direktorioak informazio hau jasoko du, besteak beste:

a) Ikastetxearen identifikazio-datuak.

b) Aitorpena zein egunetan eman zaion.

c) Aitorpenaren indarraldia.

d) Jasangarritasunerako ingurumen-hezkuntzako proiektuaren deskribapena.

e) Eusko Jaurlaritzan ingurumenaren arloko eskumena duen sailak interesgarritzat jotzen duen beste edozein informazio.

IV. KAPITULUA
JASANGARRITASUNERAKO INGURUMEN-HEZKUNTZAREN ARLOKO ERAKUNDE LAGUNTZAILEAK

12. artikulua.– Jasangarritasunerako Ingurumen Hezkuntzaren Arloko Erakunde Laguntzaileen Euskal Autonomia Erkidegoko Erregistroa.

1.– Sortu egiten da Jasangarritasunerako Ingurumen Hezkuntzaren Arloko Erakunde Laguntzaileen Erregistroa. Ingurumenaren arloan eskumena duen sailaren mende egongo da erregistroa, administratiboki.

2.– Hiru unibertsitateek (Euskal Herriko Unibertsitateak, Mondragon Unibertsitateak eta Deustuko Unibertsitateak) jardun ahal izango dute erakunde laguntzaile gisa, bai eta «Ikastetxe jasangarri» gisa aitortuta dauden ikastetxeek ere.

3.– Ingurumen-arloko eskumena duen sailak aukera izango du jasangarritasunerako ingurumen-hezkuntzaren arloan lan egiten duten beste erakunde eta gizarte-eragile batzuk erakunde laguntzailetzat aitortzeko, azken xedapenetako lehenengoan xedatutakoaren arabera emandako aginduaren bidez ezartzen diren baldintzetan.

13. artikulua.– Erakunde laguntzaileen eginkizunak.

1.– Erakunde laguntzaileen eginkizunak izango dira aitortutako ikastetxeen jarraipena egitea, dekretu honen 10. artikuluan aurreikusitako organo kudeatzailearekin lankidetzan, eta beharrezkoa den laguntza teknikoa ematea aitorpena lortzeko prozesuan dauden edo hura lortu duten ikastetxeei.

2.– Ingurumenaren arloko eskumena duen sailak une oro kontrolatu eta egiaztatu ahal izango ditu erakunde laguntzaileei esleitutako eginkizunak. Hala ere, erakunde horiek beren irizpenen eta jardueren erantzule izango dira.

3.– Ingurumenaren arloan eskumena duen sailak aukera izango du erregistratutako erakundeei eskatzeko egoki ikusten duen informazioa eta dokumentazioa emateko, beren eginkizunak betetzearekin lotutako jarduerari dagokionez.

14. artikulua.– Erakunde laguntzaileen eginkizunak etetea eta ezeztatzea.

1.– Ingurumenaren arloan eskumena duen sailak eten ahal izango du erakunde laguntzailearen jarduera, baldin eta erakundearen funtzionamendu-baldintzak aldatzen badira eta, horren ondorioz, dekretu honetako betekizunak betetzen ez baditu.

2.– Halakoetan, ingurumenaren arloan eskumena duen sailak ebazpen baten bidez erabakiko du jarduera etetea, aurretik dagokion espedientea izapidetuta, eta ingurumen-arloko erakunde laguntzaileari entzun ondoren. Hiru hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da ebazpen hori; epe horretan, ebazpenik ematen ez bada, prozedura iraungita geratuko da.

3.– Erakunde Laguntzaileen Erregistroan jasoko da kasuan kasuko erakundearen jarduera eteteko edo ezeztatzeko ebazpena, eta dagozkion ondorioak izango ditu.

V. KAPITULUA
JASANGARRITASUNERAKO INGURUMEN-HEZKUNTZA BULTZATZEKO BESTELAKO TRESNAK

15. artikulua.– Jasangarritasunerako Ingurumen Hezkuntzaren Kanal Digitala.

1.– Sortu egiten da Jasangarritasunerako Ingurumen Hezkuntzaren Kanal Digitala, jasangarritasunerako ingurumen-hezkuntzaren arloan berrikuntzarako, gaikuntzarako, adimen kolektiborako eta ezagutzaren kudeaketarako kanal digital gisa.

2.– Kanala bitarteko bat da, interakzioan aritzeko jasangarritasunerako ingurumen-hezkuntzaren esparruan lan egiten dutenekin (hezkuntza-komunitatea, herritar interesdunak, erakundeak eta gizarte-eragileak), eta, haren bidez, jasangarritasunaren aldeko jarduerak, ekitaldiak, kanpainak, elkarrizketak, ekintzak, foroak, programak eta proiektuak eskainiko dira, eta, besteak beste, herritarren adimena erabiltzea sustatuko da, jasangarritasunerako ingurumen-hezkuntzaren aldeko lanean.

3.– Kanal horretan, garrantzi handia izango dute Aztertu+ programak eta haren kanpainek (dekretu honen 19. artikuluan aipatzen diren Azterkosta, Ibaialde eta Natura, alegia).

16. artikulua.– Aztertu+ programa.

1.– Ingurumenaren arloko eskumena duen sailak bultzatutako Aztertu programaren jarraipena da Aztertu+ programa, eta, haren garapenaren bidez lortu nahi da hezkuntza-komunitatea eta, oro har, herritarrak jabetzea ingurune naturalaren ingurumen-balioez eta haren baliabide ekologikoak eta ondare-arlokoak babestu eta indartu beharraz.

2.– Aztertu+ programaren bitartez, eta Jasangarritasunerako Ingurumen Hezkuntzan Berritzeko, Gaitzeko eta Ezagutza Kudeatzeko Zentroarekin eta Ekoetxeekin koordinatuta, zenbait ekintza sustatuko dira, ingurune naturalaren babesaren arloan herritarren parte-hartzea eta zientzia bultzatzeko, eta, zehazki, honako hauek lortzeko:

a) Herritarrek biodibertsitatearen eta garapen jasangarriaren arloan parte hartzea, tokiko ingurunearekiko lotura bultzatuz eta ekintzarako egiazko hezkuntza sustatuz.

b) Euskal Autonomia Erkidegoan erreferentziazko programa izatea, jasangarritasunerako ingurumen-hezkuntzaren arloan, eremu ez-formalean, bizialdi osoko ikaskuntzaren oinarriak finkatuz.

3.– Hiru programa hartuko ditu barnean, aukeratutako ingurune naturalaren arabera:

a) Azterkosta: sentsibilizatzeko programa bat da, gizarteak oro har kostaldea ingurumenaren aldetik babesten aktiboki parte-har dezan xede duena.

b) Ibaialde: sentsibilizatzeko programa bat da, gizarteak oro har ibai-ingurunea ingurumenaren aldetik babesten aktiboki parte har dezan xede duena.

c) Natura: sentsibilizatzeko programa bat da, gizarteak oro har ingurune naturala ingurumenaren aldetik babesten aktiboki parte-har dezan xede duena.

4.– Urtero, «Emanaldia» izeneko ekitaldia egingo da, eta, hor, Aztertu programaren berri emango zaio gizarteari oro har, besteak beste, eta programaren jardueretan aurkeztutako lanak aintzatetsiko dira.

17. artikulua.– Urteko konferentzia.

1.– Ikasturteko azken hiruhilekoan, eta, ahal dela, ingurumenaren mundu-egunarekin bat etorriz, Jasangarritasunerako Ingurumen Hezkuntzaren Urteko Konferentzia egingo da, arlo horretako alderdi berritzaileak eta abangoardiakoak aztergai izango dituena.

2.– Konferentzian zehar, egiaztagiria eskuratu duten ikastetxeen proiektuak aurkeztuko dira, eta «Ikastetxe jasangarri» gisa aitortzeko egiaztagiriak modu ofizialean emango zaizkie.

3.– Aitorpen hori lortu dutenei, 8. artikuluko 4. apartatuan aipatzen diren diploma egiaztatzailea eta bandera emango zaizkie.

4.– Konferentzia horretan, halaber, Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumen-organoak Aztertu+ programan izandako emaitzak aurkeztuko dira, bai eta hurrengo ikasturteko berrikuntzak ere.

5.– Ekitaldia kanal digital ofizialetan emitituko da.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Ahalmena ematen zaio ingurumenaren arloko eskumena duen sailari, dekretu hau eta haren eranskina aplikatu eta garatzeko behar diren xedapen guztiak eman ditzan, eta dekretuan araututako organoen egituran eta/edo funtzioetan aldaketak egin ditzan, bere eskumenak baliatuz.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2022ko azaroaren 2an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala