Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

217. zk., 2022ko azaroaren 14a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILERIA

Oposaketak eta lehiaketak

SEGURTASUN SAILA
4900

EBAZPENA, 2022ko urriaren 28koa, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiarena, oposizio-lehiaketa bidezko hautaketa-prozedurarako deialdia egiten duena. Prozedura horren osagarri, prestakuntza-ikastaro bat egingo da, Udaltzaingoko bitarteko agenteen poltsa bat sortzeko (Oinarrizko Eskala eta C-1 Sailkapen Taldea), kidego horretan aldi baterako zerbitzua emateko.

Bai Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saila bai Euskal Autonomia Erkidegoko udalak jakitun dira toki-eremuan arazo larriak sortzen dituela Udaltzaingoaren Oinarrizko Eskalako agente-plazak bitarteko erregimenean betetzeak, bai lanpostu horietan dauden lanpostu hutsak presaz eta aldi baterako betetzeko, bai funtzio publikoari buruzko legerian jasotako kasuetan, dagozkien eginkizunak betetzeko.

Azken urteotan, Segurtasun Sailak egiaztatu ahal izan du Oinarrizko Eskalako bitarteko agenteen izendapen arinak behar dituzten udalen eskaerak errepikatu direla, justifikatutako eta tasatutako zirkunstantziengatik. Eskaera horiek, neurri handi batean, hautaketa-prozesu bateratuen urteko deialdiek eta horiei dagokien prestakuntzak eragindako mugimenduengatik edo araudian jasotako bestelako gorabeherengatik egin dira, eta, horrez gain, izendapen horiek udaldian behar dituzten udal jakin batzuen kasuistika partikularra ere errepikatu da, hilabete horietan haien biztanleria asko handitu baita.

Aipatutako arazoari aurre egiteko, Euskal Herriko Poliziari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen uztailaren 22ko 1/2020 Legegintzako Dekretuak 59.3 artikuluan ezartzen duen bezala, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak Udaltzaingoaren Oinarrizko Eskalako bitarteko agenteen lan-poltsa berri bat sortzea bultzatu behar du, aldez aurretik gaituta egongo diren pertsonak modu arin eta eraginkorrean izendatu ahal izateko.

Deialdi hau Euskadiko Segurtasun Publikoaren Sistema Antolatzeko ekainaren 28ko 15/2012 Legean eta Euskal Herriko Poliziari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen uztailaren 22ko 1/2020 Legegintzako Dekretuan xedatutakoaren arabera egiten da.

Hori guztia oinarri hartuta, zuzendari honek Udaltzaingoko bitarteko agenteen poltsa bat (Oinarrizko Eskala eta C-1 Sailkapen Taldea) sortzeko hautaketa-prozedurarako deialdia egitea erabaki du, honako klausula hauen arabera:

OINARRIAK

Lehenengoa.– Deialdiaren xedea. Bete beharreko funtzioak.

Hautaketa-prozedurarako deialdia egiten da, oposizio-lehiaketaren bidez. Prozedura hori osatzeko, prestakuntza-ikastaro bat egingo da, Udaltzaingoko bitarteko agenteen poltsa bat sortzeko (Oinarrizko Eskala eta C-1 Sailkapen Taldea).

Garatu beharreko eginkizunak Euskal Herriko Poliziari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen uztailaren 22ko 1/2020 Legegintzako Dekretuak 55. artikuluan ezartzen dituenak izango dira:

a) Udalerrietako agintariak babestea eta haien eraikin eta instalazioak zaintzea.

b) Hiriguneko trafikoa antolatu, seinaleztatu eta zuzentzea, zirkulazio-arauetan ezarritakoaren arabera.

c) Hirigune barruko zirkulazio-istripuengatiko argiketak egitea.

d) Administrazio-polizia, bere eskumen-eremuko ordenantzei, bandoei eta gainerako udal-xedapen eta -egintzei dagokienez, bai eta arlo horietako toki-eskumenen esparruan ingurumenaren eta ingurunea babestearen arloan indarrean dagoen araudia betetzen dela zaintzea ere.

e) Polizia judizialaren eginkizunetan parte hartzea, Polizia Judizialeko Unitateekin elkarlanean.

f) Istripua, hondamendia edo zorigaitz publikoa gertatuz gero, laguntza ematea, eta babes zibileko planak betearazten parte hartzea, legeetan aurreikusitako moduan.

g) Prebentzio-eginbideak eta delitu-egintzak saihesteko jarduerak egitea.

h) Espazio publikoak zaintzea eta manifestazioak babesten eta giza kontzentrazio handietan ordena mantentzen laguntzea, hala eskatzen zaienean.

i) Gatazka pribatuak konpontzen laguntzea, hala eskatzen zaienean.

Deialdi honen bidez hautatzen diren pertsonek Udaltzaingoko bitarteko agenteak aldi baterako kontratatzeko poltsa osatuko dute (Oinarrizko Eskala eta C-1 Sailkapen Taldea).

Bigarrena.– Parte hartzeko baldintzak.

1.– Prozeduran parte hartu nahi duten pertsonek, onartuak izateko, baldintza hauek guztiak bete beharko dituzte:

a) Aurretiazko eskaera egitea.

b) Espainiako nazionalitatea izatea.

c) Gutxienez 1,65 metroko altuera izatea gizonek, eta 1,60 metrokoa emakumeek.

Baldintza hori toki-korporazioko zerbitzu medikoek egiaztatuko dute, hautatutako pertsonak zerbitzua ematen hasi aurretik.

d) 18 urte izatea eta 38 urte beteta ez izatea; muga hori Euskal Herriko polizia-kidegoetan egindako zerbitzuekin konpentsatu ahal izango da.

e) Batxiler-titulua edo baliokidea izatea, edo goragoko beste edozein.

f) Turismoetarako B motako gidabaimenaren titularra izatea. Hautaketa-prozedura honetan parte hartzeak berekin dakar izangaiei baimena ematea Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak ofizioz egiazta dezan baldintza hori betetzen dela.

g) Otsailaren 17ko 36/2004 Dekretuan, Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren Hautaketa eta Prestakuntza Erregelamendua onartzen duen Dekretua bigarrenez aldatzen duenean, ageri den baztertze medikoen koadroan sartuta ez egotea.

Baldintza hori toki-korporazioko zerbitzu medikoek egiaztatuko dute, hautatutako pertsonak zerbitzua ematen hasi aurretik.

h) Eskatzaileak armak eramateko eta, hala badagokio, erabiltzeko konpromisoa hartzea, adierazpen bidez.

i) Dolozko delituagatik kondenatua ez izatea (errehabilitazioaren onura aplikagarria izanik), Herri Administrazioaren zerbitzutik bereizia ez egotea, eta funtzio publikoak betetzeko ezgaitua ez egotea.

Hala ere, errehabilitazioaren onura aplikatuko da, arau penal eta administratiboen arabera, baldin eta izangaiak dagokion agiri ofizialaren bidez egiaztatzen badu.

Hautaketa-prozedura honetan parte hartzeak berekin dakar izangaien baimena ematea Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak ofizioz egiazta dezan baldintza hori betetzen dela.

j) Euskal Autonomia Erkidegoko polizia-kidegoren batean sartzeko hautaketa-prozeduratik baztertua ez izatea.

k) Indarrean dagoen araudiaren arabera ezgaitasun edo bateraezintasuneko legezko kausaren batean ez egotea.

2.– Prozeduran parte hartu nahi dutenek eskabideak aurkezteko epea amaitu aurretik bete beharreko baldintzak izan beharko dituzte, eta udaltzaingoko bitarteko agente (oinarrizko eskala eta C-1 sailkapen-taldea) izendatu arte mantendu beharko dituzte. Nolanahi ere, egiaztatu beharreko prozedura-fasea ere bete beharko dute.

Hirugarrena.– Eskabideak aurkeztea.

1.– Aurkezpena eta epea.

Hautaketa-prozedura honetan parte hartzeko eskabideak Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren webgunean (www.arkauteakademia.eus eskuragarri dagoen eredu ofizial eta normalizatura egokituko dira, www.arkauteakademia.eus)

Deialdian parte hartu nahi dutenek deialdiko bigarren oinarriko 1. atalean eskatzen diren baldintza guzti-guztiak betetzen dituztela adierazi beharko dute, betiere eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean.

Eskabidean oposizioko ariketak zein hizkuntzatan (euskaraz edo gaztelaniaz) egin nahi diren adierazi beharko da.

Eskabideak Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiari bidaliko zaizkio. Eskabideak aurkezteko epea 20 egun baliodunekoa izango da, deialdi hau argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Hautaketa-prozedura honetan parte hartzea borondatezkoa da, eta horrek esan nahi du izangai bakoitzak baimena emango duela berariaz eta zalantzarik gabe proba eta ariketa psikoteknikoak egiteko, eta onartuko duela proba horien emaitza balorazio-faktore gisa erabiltzea, oinarri hauetan aurreikusitakoaren arabera.

Parte-hartzaileek emandako datuak hautaketa-prozedura honetan aurreikusitako helburuetarako baino ez dira erabiliko. Eskaeretan emandako informazio guztia fitxategi batean sartuko da, eta fitxategi hori hautapen-prozedura hau kudeatzera eta poltsa kudeatzera mugatuko da.

Datuen tratamendua, hirugarrenei egindako lagapena eta datuetan sartzeko, datuak zuzentzeko, ezerezteko eta datuen aurka egiteko eskubideak Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan (2018ko abenduaren 6ko BOE, 294. zk.) xedatutakoaren arabera arautuko dira.

Fitxategi horren erabilera eta funtzionamendua aipatutako Lege Organikoan eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legean ezarritakora egokituko dira.

Fitxategi horren arduraduna Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren Zuzendaritza Nagusia da, eta datuak eskuratzeko, zuzentzeko, aurka egiteko eta ezabatzeko eskubideak aipatutako Erakunde Autonomoko zuzendari nagusiaren aurrean gauzatuko dira. N-104, 356. km 01192 Arkauti (Araba).

Hautaketa-prozedura honetan parte hartzeko eskabideak aurkezten dituztenek beren datu pertsonalak oinarri hauetan adierazitako moduan eta helbururako tratatzea lortu behar dute.

Baztertze medikoen koadroan sartuta ez egotearen baldintza betetzen dela egiaztatzeko, fitxategi hori legez aurreikusitako terminoetan tratatu eta laga ahal izango da.

2.– Aurkeztu beharreko agiri osagarriak.

Hautaketa-prozesuko ariketak eta probak egiteko denbora eta bitartekoen arrazoizko egokitzapenak edo doikuntzak eskatzen dituzten izangaiek eskabidean adierazi beharko dituzte, hori egiaztatzen duen mediku-ziurtagiria erantsita.

Laugarrena.– Izangaiak onartzea.

1.– Eskabideak aurkezteko epea amaituta, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendariak hautaketa-prozeduran onartutako eta baztertutako pertsonen zerrenda onartuko du. Zerrenda hori Hamazazpigarren Oinarrian aurreikusitako moduan argitaratuko da.

2.– Onartutakoen eta baztertutakoen zerrendan, baztertutako pertsona bakoitzari dagokionez, baztertzea eragin duten arrazoiak adieraziko dira.

Bosgarrena.– Epaimahaia.

1.– Epaimahai Kalifikatzaile bat eratuko da, Euskal Herriko Poliziari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen uztailaren 22ko 1/2020 Legegintzako Dekretuaren aurreikuspenen arabera. Epaimahai hori mahaiburu batek, bi mahaikidek eta idazkari batek osatuko dute. Osaeran, kideen inpartzialtasun-, profesionaltasun- eta espezialitate-printzipioak beteko dira, bai eta emakumeen eta gizonen ordezkaritza orekatuaren printzipioa ere.

Epaimahai Kalifikatzailearen eginkizunak dira oposizio-fasea osatzen duten probak zehaztea, garatzea eta ebaluatzea eta prestakuntza-ikastaroan parte hartuko duten pertsonak zehaztea.

Epaimahai Kalifikatzailea eta haren ordezkoak Hamalaugarren Oinarrian aurreikusitako moduan izendatuko dira, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendariaren ebazpen bidez.

Epaimahai Kalifikatzaileko kide izatea beti izango da indibiduala, eta ezin izango da izan inoren ordezkari edo kontura.

Ezin izango dira Epaimahai Kalifikatzaileko kide izan hautapenezko edo izendapen politikoko langileak, behin-behineko langileak, bitarteko funtzionarioak edo aldi baterako lan-kontratuko langileak, ez eta azken bost urteetan enplegu publikoan sartzeko hautagaiak prestatzen aritu direnak ere.

Epaimahai Kalifikatzailea osatzen duten pertsonek abstenitu egin beharko dute arrazoi pertsonal, profesional edo bestelakoengatik beren inpartzialtasuna zalantzan jar daitekeen egoeretan, bai eta indarrean dagoen ordenamendu juridikoan aurreikusitako gainerako egoeretan ere.

Espezialitate-printzipioaren arabera, botoa emateko eskubidea duten kide guztiek sartzeko eskatzen den maila akademiko bereko edo goragoko titulazioa izan beharko dute, eta erdiek, gutxienez, ezagutza-arlo berekoa.

Ordezkaritza orekatuaren printzipioaren arabera, justifikatutako ezintasuna salbu, Epaimahai Kalifikatzailearen osaerak orekatua izan beharko du trebakuntza, gaitasun eta prestakuntza egokia duten emakumeen eta gizonen artean. Ordezkaritza orekatutzat joko da sexu bakoitza gutxienez % 40 ordezkatzen ari denean.

Epaimahai Kalifikatzaileak bere lanetan aholkulari espezialistak sartzea xedatu ahal izango du, eta aholkulari horiek aholkularitza eta laguntza teknikoa ematera mugatuko dira beren espezialitateetan jardutean. Aholkulari horien jarduna objektibotasunaren, inpartzialtasunaren eta konfidentzialtasunaren printzipioen mende egongo da.

2.– Epaimahaiaren jarduna organo kolegiatuen funtzionamendua erregulatzen duten arauek arautuko dute.

3.– Epaimahai Kalifikatzaile honetan parte hartuz gero, aurreikusitako legezko kalte-ordainak jasoko dira.

4.– Epaimahaiak autonomia funtzional osoz jardungo du, prozeduraren objektibotasunaz arduratuko da eta deialdiaren oinarriak betetzen direla bermatuko du. Era berean, hautaketa-prozedura garatzeko beharrezkoak diren neurriak hartu ahal izango ditu, oinarri hauetan aurreikusi ez den guztian, eta prozedura horren bitartekaritzari eta aplikazioari buruz sortzen diren arazo guztiak ebatzi ahal izango ditu, bai eta bere eginkizunak betetzeari buruzkoak ere.

5.– Epaimahaiaren erabakiak Hamazazpigarren Oinarrian aurreikusitako moduan argitaratuko dira.

6.– Epaimahaiari zuzendutako idazkiak helbide elektroniko honetara bidaliko dira:

2023bitartekoudaltzainak@seg.euskadi.eus

Epaimahaiak bide horretatik jasotzen dituen idazkiei erantzungo die.

Seigarrena.– Hautaketa-sistema.

1.– Hautaketa-sistema oposizio-lehiaketa izango da, izangaien gaitasuna zehaztuko du eta haien arteko lehentasun-hurrenkera finkatuko du.

Hautaketa-prozesuko puntuazio osoa oposizio-faseko probetan lortutako puntuazioen batura izango da, lehiaketa-fasean lortutako puntuazioarekin gehituta, eta lehentasun-ordena zehaztuko du.

2.– Oposizioan honako proba hauek egingo dira hurrenez-hurren:

a) Lehenengo proba. Proba psikoteknikoa. Nahitaezkoa eta baztertzailea.

Udaltzaingoaren Oinarrizko Eskalako agentearen zereginak behar bezala betetzeko hautaketa-prozeduran parte hartzen duten pertsonen gaitasunak zehaztera zuzenduta dago, eta test motako galdetegi baten formatuan egingo da. Ebaluatutako gaitasunak Udaltzaingoaren Oinarrizko Eskalako agentearen eginkizun eta zereginei buruzkoak izango dira, eta honako hauek izango dira: hitzezko gaitasunak, arrazoitzeko gaitasunak, arretarako eta pertzepziorako gaitasunak eta gaitasun espazialak.

Galdera-sortako galdera bakoitzak lau erantzun-aukera izango ditu, eta horietako bat bakarrik izango da zuzena.

Erantzun oker bakoitza erantzun zuzen bakoitzaren balioaren heren batekin zigortuko da. Erantzun gabeko galderak eta bi aldiz erantzundakoak ez dira zigortuko.

Proba hori modu egokian egingo da, hautaketa-prozesuaren objektibotasuna eta arrazionaltasuna bermatzeko eta merezimendu- eta gaitasun-printzipioetara egokitzeko.

Proba hori nahitaezkoa izango da, eta gehienez 30 punturekin baloratuko da. Gutxienez 15 puntu lortzen ez dituzten izangaiak hautaketa-prozesutik baztertu egingo dira.

b) Bigarren proba. Nortasun-proba. Nahitaezkoa eta baztertzailea.

Udaltzaingoaren Oinarrizko Eskalako agentearen eginkizunak eta zereginak betetzeko hautaketa-prozeduran parte hartzen dutenen nortasun orokorraren ezaugarriak eta desegokitasun-adierazleak ebaluatzera zuzenduta dago.

Proba hori nahitaezkoa izango da, eta gehienez 30 punturekin baloratuko da. Gutxienez 15 puntu lortzen ez dituzten izangaiak hautaketa-prozesutik kanpo geratuko dira.

Zazpigarrena.– Oposizioko proben garapena.

1.– Probak ezin izango dira hasi deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta bi hilabete igaro arte.

2.– Lehenengo proba egiteko eguna, ordua eta lekua gutxienez zazpi egun naturaleko aurrerapenarekin iragarriko dira, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez. Gainerako probak egiteko iragarkiak ere Hamazazpigarren Oinarrian aurreikusitako moduan argitaratuko dira, 72 ordu lehenago gutxienez, Epaimahai Kalifikatzailearen Erabakiaren bidez.

3.– Epaimahai Kalifikatzaileak probak deialdi honetan ezarritakoaz bestelako hurrenkeran egitea erabaki dezake, bai eta egun berean hainbat proba egitea ere. Kasu horretan, proben emaitzen argitalpenek deialdiaren oinarrietan ezarritako hurrenkerari jarraituko diote. Proba bakoitzaren emaitzak baino ez dira argitaratuko, edo, bestela, seigarren oinarriaren hurrenkerari jarraituz aurrekoa gainditu dutenen emaitzak.

4.– Adierazitako egunean, orduan eta lekuan derrigorrezko probak egiteko deialdira agertzen ez direnak hautaketa-prozeduratik kanpo geratuko dira automatikoki, baita ezinbesteko arrazoiengatik ere. Arau bera aplikatuko zaie derrigorrezko edozein proba egitera aurkezten diren pertsonei, proba horiek egiten hasi ondoren.

Nahitaezko probetako batek ariketa bat baino gehiago baditu, ariketa horietako batera ez agertzea edo atzeratzea ez-bertaratutzat joko da.

5.– Probetan parte hartzeko, nortasuna egiaztatzen duen agiria aurkeztu beharko da, eta Epaimahai Kalifikatzaileak uneoro eskatu ahal izango die agiri hori aurkeztea.

6.– Proben emaitzak Epaimahai Kalifikatzailearen Erabakiaren bidez jakinaraziko dira, Hamazazpigarren Oinarrian aurreikusitako moduan.

Zortzigarrena.– Merezimenduen lehiaketa.

1.– Lehiaketa fasearen kalifikazioa oposizio fasea gainditu duten pertsonei baino ez zaie ezarriko.

2.– Bakarrik kontuan izango dira eskaerak aurkezteko epe-amaierarako lortutako merezimenduak.

3.– Lehiaketa fasea ez da baztertzailea izango. Lehiaketa fasean lortutako puntuazioak ez dira aintzat hartuko oposizio faseko probak gainditzeko.

4.– Lehiaketa fasean euskararen balorazioa egingo da eta guztira gehienez 12 puntu lortu ahal izango dira, ondoren jasotzen den baremoaren arabera baloratuz:

– Europako Kontseiluak onartutako Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuko B-1 maila: 3 puntu.

– Europako Kontseiluak onartutako Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuko B-2 maila: 6 puntu.

– Europako Kontseiluak onartutako Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuko C-1 maila: 12 puntu.

5.– Hautaketa-prozesuan merezimendu gisa baloratzeko hizkuntza-eskakizunak dituzten pertsonek alegatu eta agiri bidez egiaztatu beharko dute eskabidea egiteko unean.

Ez da beharrezkoa izango Euskara Tituluen eta Ziurtagirien Erregistro Bateratuan (ETZEB) dauden datuak egiaztatzea. Prozesu honetan parte hartzeak berekin dakar Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiari baimena ematea datu horiek erregistro horretan kontsultatzeko.

Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuko maila horietako titulazio baliokideak azaroaren 9ko 297/2010 Dekretuan jasotzen dira (euskararen ezagutza egiaztatzen duten tituluak eta ziurtagiriak baliokidetzen dituena eta Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuko mailekin parekatzen dituena), baita apirilaren 3ko 47/2012 Dekretuan ere (euskaraz egindako ikasketa ofizialak aintzatesten dituena eta euskaraz egindako hizkuntza-titulu eta -ziurtagiriekin egiaztatzetik salbuesten duena).

Bederatzigarrena.– Azken kalifikazioa

Hautaketa prozeduraren puntuazio osoa oposizioa osatzen duten ariketa edo probetan lortutako puntuazioen batura izango da, lehiaketa-fasean lortutako puntuazioarekin gehituta, eta lehentasun-ordena zehaztuko du.

Puntuazio-berdinketak Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legean (3/2012 Legeak eta 1/2022 Legeak aldatua) ezarritako irizpideen arabera ebatziko dira. Berdinketak bere horretan jarraitzen badu, oposizioko lehen proban puntuaziorik handiena lortu duenaren alde ebatziko da.

Epaimahai Kalifikatzaileak Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren iragarki-oholean eta web-orrian onartu eta argitaratuko du oposizioa gainditu duten pertsonen zerrenda, lortutako puntuazio osotik handienetik txikienera ordenatuta.

Hamargarrena.– Prestakuntza-ikastaroa.

Hautaketa prozedura gainditu duten pertsonak Udaltzaingoko bitarteko langileak prestatzeko ikastarora onartuko dira.

Prestakuntza-ikastaroak hiru fase izango ditu: lehenengoak eduki teorikoak izango ditu, eta «on line» egingo da; bigarrenak, berriz, izangaien jokabidearen eta gaitasunen egokitasuna zehaztuko du; eta hirugarrenak, fase praktikoa. Azken biak aurrez aurre egingo dira.

Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiaren ebazpen bidez ezarriko dira hiru faseetako lehenengoaren hasiera eta iraupena.

Horretarako, ikastarora sartzen den pertsona bakoitzak Arkampus «on line» prestakuntza-plataforman sartzeko aukera izango du, eta bertan sartzeko gako bat jasoko du.

Ezagupen teorikoen fasea egin duten pertsonei, gutxienez 48 ordu lehenago, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak horren edukiei buruzko azterketa bat egiteko deialdia egingo die.

Azterketa hori gai edo ez-gai gisa kalifikatuko da.

Azterketara ez agertzeak hautaketa-prozesutik kentzea ekarriko du.

Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiak azterketa hori gainditu dutenen zerrenda argitaratuko du.

Gai kalifikazioa lortzen ez duten pertsonak prozesu honetatik kanpo geratuko dira.

Ezagupen teoriko faseko azterketa gainditu duten pertsonei dei egingo zaie faseetako bigarrena egiteko; hau da, elkarrizketa pertsonal eta/edo dinamiko bat egiteko, gutxienez 48 ordu lehenago, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak, izangaiek deitutako lanpostuaren eginkizunak eta zereginak betetzeko duten jokabidearen eta gaitasunen egokitasuna zehazteko. Besteak beste, izangaien gaitasun hauek ebaluatuko dira: antolakundearekiko onarpena, etikotasuna, egonkortasun emozionala eta asertibitatea.

Taldeko elkarrizketa pertsonal eta/edo dinamiko hori gai edo ez-gai gisa kalifikatuko da.

Ez agertzeak hautaketa-prozesua ezabatzea ekarriko du.

Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiak bigarren fase hori gainditu dutenen zerrenda argitaratuko du.

Gai kalifikazioa lortzen ez duten pertsonak prozesu honetatik kanpo geratuko dira.

Bigarren fasea gainditu duten pertsonei faseetako hirugarrena egiteko dei egingo zaie; hau da, aurrez aurreko prestakuntza praktikoa emateko, baina ez da baztertzailea izango. Fase hau egiteko deialdiak hautaketa prozeduran lortutako sailkapen-hurrenkerari zorrotz jarraituko dio.

Pertsona deitu den egunean, orduan eta tokian prestakuntza praktikoaren fasera ez agertzeak hautaketa-prozesutik baztertzea ekarriko du.

Prestakuntza praktikoaren fasea egin ondoren, prozesuan parte hartzen duten pertsonak Udaltzaingoaren Oinarrizko Eskalako bitarteko agenteen lan-poltsan sartuko dira, euskal toki-korporazioetan aldi baterako zerbitzua emateko, hautaketa prozeduran azken kalifikazioan lortutako puntuazio-ordenari jarraituz. Aipatutako kontratazio-poltsaren osaera, aldaketak eta eguneratzeak Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiaren ebazpen bidez argitaratuko dira, Hamazazpigarren Oinarrian aurreikusitako moduan.

Hamaikagarrena.– Udaltzaingoaren Oinarrizko Eskalako bitarteko agenteen poltsa.

Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak Euskal Herriko Poliziari buruzko Legearen bosgarren aldaketa (2019ko uztailaren 10a) indarrean jarri ondoren emandako bitarteko udaltzainentzako prestakuntza-ikastaroa egin eta gainditu dutenek Udaltzaingoaren Oinarrizko Eskalako bitarteko agenteen ikastaroa baliozkotzea eskatu ahal izango dute. Data horren aurretik egindako ikastaroak ez dira baliozkotuko.

Baliozkotzeko eskaera hori eraginpeko pertsonak ikastarora deitzen dituzten unean egin beharko da, horretarako ezarritako legezko baldintzak betez. Eskabidearekin batera, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren Tasa eta Prezio Publikoei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen irailaren 11ko 1/2007 Legegintzako Dekretuan ezarritako baliozkotze-tasa ordaindu izanaren egiaztagiria aurkeztu beharko da. Ikastaroa gai gisa kalifikatuko zaie, eta Udaltzaingoaren Oinarrizko Eskalako bitarteko agenteen lan-poltsan sartuko dira zuzenean.

Hori gorabehera, Udaltzaingoaren Oinarrizko Eskalako bitarteko agenteen lan-poltsa hautaketa prozeduraren azken kalifikazioan lortutako puntuazio-ordenaren arabera ordenatuko da uneoro eta, era berean, osatzen duten pertsonen hizkuntza-eskakizuna ere adieraziko du.

Bitarteko agenteen lan-poltsa osatzen duten pertsonek urteko edozein unetan egin ahal izango dute lan, edo ekainaren 1etik irailaren 30era bitartean soilik, biak barne. Hautaketa hori egiten ez badute, urteko edozein unetan zerbitzuak emateko prest daudela ulertuko da.

Hautaketa hori edozein unetan aldatu ahal izango da, behin bakarrik, eta aldizka egiten den zerrenden eguneratzea argitaratzen denetik aurrera izango du eragina.

Hamabigarrena.– Udaltzaingoaren Oinarrizko Eskalako bitarteko agenteen poltsaren funtzionamendua.

Udaltzaingoaren Oinarrizko Eskalako bitarteko agenteen poltsa formalki eratu ondoren, deialdi bateratuetan parte hartu duten edo parte hartzen duten toki-korporazioen esku jarriko da poltsa, Udaltzaingoaren Oinarrizko Eskalako Agente kategorian txanda irekian sartzeko. Deialdi horiek Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak egingo ditu.

Era berean, deialdi bateratu horietan parte hartu ez arren, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren Zuzendaritza Nagusiari esanbidezko eskaera egiten dioten eta poltsa propiorik ez duten toki-korporazioek ere erabili ahal izango dituzte. Eskaera hori Segurtasun Saileko Segurtasuna Koordinatzeko Zuzendaritzaren bidez bideratuko da.

Poltsaren kudeaketa Segurtasun Saileko Segurtasuna Koordinatzeko Zuzendaritzari esleitzen zaio, eta honako xedapen hauek arautuko dute:

1.– Lan-poltsako kideak zer egoeratan egon daitezkeen:

Lan-poltsako kideak honako egoera hauetako batean egongo dira:

a) Okupatua: hamalaugarren oinarrian xedatutakoaren arabera, indarrean dauden lan-poltsen aplikazio-eremuan zerbitzua ematen ari diren hautagaien zerrendako langileak okupatuta egongo dira.

b) Libre egotea: lan-poltsaren aplikazio-eremuan zerbitzuak ematen ari ez den hautagaiak lan-eskaintzak jaso ahal izango ditu, hamaikagarren oinarrian zehaztutakoaren arabera, eta aldi baterako baja-egoeran ez badago.

c) Aldi baterako baja-egoera: lan-poltsako kideak egoera horretara pasatzen dira honako egoera hauetakoren batean daudela egiaztatzen dutenean:

c.1.– Aldi baterako ezintasun-egoerak, gaixotasun arruntaren edo lanbide-gaixotasunaren ondoriozkoak, edo lanekoa ez den istripuaren edo lan-istripuaren ondoriozkoak.

c.2.– Haurdunaldiagatiko, erditzeagatiko, edoskitzeagatiko eta antzekoengatiko lizentziak eta/edo adopzioagatiko edo harreragatiko lizentziak hartzeko gaitzen duten egoerak.

c.3.– 3 urtetik beherako seme-alaben zaintza. Behin bakarrik emango da seme edo alaba bakoitzeko.

c.4.– Bigarren mailarainoko senide bat (odol-ahaidetasunekoa edo ezkontza-ahaidetasunekoa barne) ardurapean izatea, dela gaixotasunagatik, dela adinagatik, eta etengabe zaindu behar izatea. Hori guztia agiri bidez egiaztatu beharko da.

c.5.– Edozein lan-kontratu sinatu izana; edo administrazio publiko batean izendapena izatea.

c.6.– Hautaketa-prozedura honen eskabidean adierazi izana Hamaikagarren Oinarrian ezarritako udaldian zerbitzuak emateko prest dagoela.

Aldi baterako baja-egoera horretara igarotzea ahalbidetzen duten arrazoiak agiri bidez egiaztatu beharko dira, deialdia egin eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita 3 egun naturaleko epean.

Behin aldi baterako bajara igarotzea eragin duen arrazoia amaituta, edo, borondatezko kasua bada, horren aurretik, interesdunak Segurtasuna Koordinatzeko Zuzendaritzari jakinarazi beharko dio, posta elektronikoz, udaltzaingoak@seg.euskadi.eus helbidera, 3 egun naturaleko epean, justifikazio-agiriak erantsita.

Aldi baterako bajan dauden langileek ez dute lan-eskaintzarik jasoko egoera horretan dauden bitartean.

2.– Lanpostuak betetzeko deialdiak.

Koordinaziorako eta Segurtasunerako Zuzendaritzak, lan-poltsaren kudeaketa esleituta duen organoa den aldetik, Udaltzaingoaren Oinarrizko Eskalako bitarteko agenteen beharrak jasota, toki-korporazioek emandakoak, libre daudenei eskainiko dizkie, lan-poltsaren lehentasun-ordenari jarraituz.

3.– Eskaintzak jakinaraztea.

Egindako ahalegina eta, hala badagokio, komunikazioa benetan ezarri dela jasota utz dezakeen edozein bide erabiliko da lan-eskaintzak jakinarazteko:

a) Hasiera batean, telefono bidez egingo da; deia egiten zaion pertsonak deiari erantzuten badio, eskaintza zehatzaren berri emango zaio, eta, une horretatik aurrera, ordubete izango du haren onarpena sinatzeko edo, hala badagokio, eskaintzari uko egiteko.

b) Lehen telefono-deia egin ondoren ezin izan bada eskaintzaren esleipendunarekin harremanetan jarri, SMS bat bidaliko da bere telefono mugikorrera, eta adieraziko da Segurtasuna Koordinatzeko Zuzendaritza harremanetan jartzen saiatzen ari dela lan-eskaintza baten berri emateko.

Pertsona Segurtasuna Koordinatzeko Zuzendaritzarekin harremanetan jartzen bada SMSa bidali ondoren, 3.a) puntuan xedatutakoaren arabera jokatuko da.

c) SMSa igorri eta ordubete igaro ondoren ez bada pertsonaren deirik jaso, beste kontaktu saiakera bat egingo da telefono dei baten bidez.

Erantzuna jasoz gero, 3.a) puntuan ezarritakoaren arabera jokatuko da.

Aitzitik, erantzunik jaso ezean, Segurtasuna Koordinatzeko Zuzendaritzak mezu elektroniko bat bidaliko du hautagaiaren helbidera, jaso izanaren adierazpenarekin eta irakurketarekin. Bertan, berariaz adieraziko da ordubeteko epean Koordinaziorako Zuzendaritzarekin harremanetan jarri ez bada, dagokion eskaintza poltsan lehentasun-hurrenkeraren arabera agertzen den hurrengo pertsonari egingo zaiola.

d) SMSa eta posta elektronikoa jaso izanaren agiriarekin eta irakurketarekin igorri ondoren pertsonarekin komunikaziorik ezarri ezin izan bada, pertsona hori aurkiezintzat joko da, eta, beraz, poltsatik kanpo geratuko da.

4.– Zerbitzuak emateko derrigortasuna.

Eskaintza egiten zaion pertsonak eskaintza onartu eta dagokion zerbitzua eman behar du, non eta ez dagoen okupatuta edo aldi baterako bajan.

5.– Hautagaia lan-poltsatik kanpo uztea.

Lan-poltsatik kanpo uzteko arrazoiak dira:

a) Hautagaiak bere borondatez uko egitea.

b) Libre-egoeran dagoen lan-eskaintza bati uko egitea edo dagoeneko egindako izendapen bati uko egitea.

c) Praktiketako edo karrerako funtzionarioa izendatzea Euskal Administrazio Publikoen mendeko Polizia Kidegoren batean.

d) Aipatutako epean, 3 egun naturaletan, aldi baterako baja-egoerara igarotzea eragin duen arrazoia egiaztatzen duen dokumentazioa ez aurkeztea.

e) Zigor-arloko arau-hauste bat egiteagatik kondena jaso izana.

f) Edozein herri-administraziotako zerbitzutik diziplina-espediente bidez bereizia izatea, edo eginkizun publikoak betetzeko desgaitua izatea. Hala ere, birgaitzearen onura aplikatu ahal izango da, arau penalen eta administratiboen arabera, baldin eta birgaitzea dagokion agiri ofizialaren bidez egiaztatzen badu poltsako kideak.

g) Udalak lanpostutik kentzea, kontraesaneko administrazio-espediente bat ireki ondoren, non lanpostua betetzeko gaitasunik eza egiaztatzen den, inhibiziorik eragiten ez duen eta lanpostuari esleitutako eginkizunak eraginkortasunez egitea eragozten duen errendimendu eskasa adierazten duena.

h) Ez aurkitzeko moduko egoeran egotea, 3. paragrafoaren arabera egindako jakinarazpenetik aurrera ezarritako epea igaro ondoren.

i) Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren Hautaketa eta Prestakuntza Erregelamendua onartzen duen Dekretua bigarrenez aldatzen duen otsailaren 17ko 36/2004 Dekretuan ageri den medikuntzako bazterketen koadroan sartuta egotea, gerora sortutako kausagatik bada ere. Aipatutakoa udalerriko zerbitzu medikoek emandako ziurtagiriaren bidez egiaztatuko da.

Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiaren ebazpen bidez baztertuko da lan-poltsatik, Segurtasuna Koordinatzeko Zuzendaritzak proposatuta.

6.– Udaltzaingoaren Oinarrizko Eskalako bitarteko agenteen lan-poltsaren publizitatea, euskal toki-korporazioetan aldi baterako zerbitzua emateko.

Udaltzaingoko bitarteko agenteak kontratatzeko poltsa Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren webgunean argitaratuko da www.arkauteakademia.eus

Informazio-ondorioetarako, Segurtasuna Koordinatzeko Zuzendaritzaren webgunean ere kontsultatu ahal izango da: www.udaltzaingoak.eus

Bertan, honako hauek agertuko dira: erakundea osatzen duten pertsonak (datuak anonimotuta, Datuak Babesteko Espainiako Agentziak emandako jarraibideen arabera), oposizio-fasean lortutako puntuazioa, lehentasun-hurrenkera zehazten duena, eta hautagaiaren egoera.

7.– Lan-poltsa bi hilean behin eguneratuko da, eta eguneratze horren emaitza Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako webgunean argitaratuko da (www.arkauteakademia.eus eta Segurtasuna Koordinatzeko Zuzendaritzaren webgunean ere kontsultatu ahal izango da (www.udaltzaingoak.eus).

Hamahirugarrena.– Poltsaren indarraldia.

Poltsa honek bi urteko iraupena izango du, 2023ko urtarrilaren 1etik aurrera.

Epe hori igarotakoan, lan-poltsa iraungi egingo da, eta kide guztiek poltsan parte hartzetik eratorritako eskubideak galduko dituzte.

Hamalaugarrena.– Lan-poltsak koordinatzea.

2021eko uztailaren 19ko Ebazpenaren bidez (abuztuaren 18ko EHAA, 164. zk.) egindako deialdiak sortutako lan-poltsan eta poltsa subsidiarioan jarraitzen dutenek lehentasuna izango dute deialdian deialdi honen aldean, salbu eta betetzen ez duten baldintza bat eskatzen bazaie, eta indarrean dagoen bitartean.

Hamabosgarrena.– Dokumentazioa aurkeztea.

Hautaketa-probak eta prestakuntza-ikastaroaren hiru faseak gainditu dituzten pertsonek zerbitzua emateko eskatzen zaien toki-korporazioetan aurkeztu beharko dituzte deialdian parte hartzeko eskatzen diren baldintzak eta alegatutako merezimenduak egiaztatzen dituzten jatorrizko agiriak edo kopia konpultsatuak, hala eskatzen zaienean.

Hamaseigarrena.– Datu pertsonalen babesa.

Hautaketa-prozesuan zehar bildutako edo sortutako datu pertsonalak datuen babesaren arloan indarrean dagoen araudian ezarritakoaren arabera tratatuko dira.

Eskaeretan emandako informazio guztia fitxategi batean sartuko da, eta fitxategi hori prozesua kudeatzera eta udaltzaingoko bitarteko agenteak aldi baterako kontratatzeko sortzen den lan-poltsa kudeatzera mugatuko da.

Eskabidea aurkezten duten pertsonek berariaz onartuko dute segurtasun-neurriak behar dituzten eta hautaketa-prozedurarako beharrezkoak diren datuak tratatzea.

Prozesuan zehar emandako datuak hala eskatzen duten beste administrazio publiko batzuei laga dakizkieke. Datu pertsonalak lagatzea nahi duten hautagaiek berariaz onartu beharko dute.

Hautaketa-prozesuan parte hartzen duten pertsonen informaziorako eskubideak bermatze aldera, prozesuko zerrendak Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademian kontsultatu ahal izango dira.

Eskabidean agertzen diren helbidea, telefonoak eta posta elektronikoa baliozkotzat joko dira. Kontsignazioan egon daitezkeen akatsak, bai eta horietan gertatzen den edozein aldaketa epaimahaiari jakinaraztea ere, eskaera egiten duenaren erantzukizun esklusiboa da.

Jakinarazpenen ondorioetarako, eskabidean adierazitako helbidea hartuko da helbidetzat, gerora Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiari berariaz eta modu frogagarrian beste bat jakinarazten ez bazaio.

Hamazazpigarrena.– Argitalpenak.

Berariaz aurka xedatu ezean, argitalpenak Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako iragarki-taulan egingo dira. Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako iragarki-taulan argitaratuko den data erabakigarria izango da epeak zenbatzeko.

Hemezortzigarrena.– Errekurtsoak.

Deialdi honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiari, hilabeteko epean, deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, edo, bestela, zuzenean aurkaratu ahal izango dute administrazioarekiko auzien jurisdikzioan.

Aukerako berraztertze-errekurtsoa jarriz gero, ezin izango da jurisdikzio-bidera jo hura esanbidez ebatzi arte edo isilbidez ustezko ezespena gertatu arte.

Interesdunak jurisdikzio-aurkaratzea aukeratzen badu, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango du Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik zenbatzen hasita.

Deialdi honetatik, Epaitegien jardunetik edo Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako organoetatik eratorritako administrazio-egintzak inpugnatu ahal izango dituzte interesdunek, administrazio-prozedura erkidea arautzen duen araudian aurreikusitako kasuetan eta moduan.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Hautaketa-prozesu honen ondorioz, Udaltzaingoaren Oinarrizko Eskalako bitarteko agenteen poltsa eratu ondoren, baliorik gabe utziko dira Euskal Herriko Poliziari buruzko Legearen bosgarren aldaketa (2019ko uztailaren 10ekoa) indarrean sartu aurretik egindako prestakuntza-ikastaroak.

Arkauti, 2022ko urriaren 28a.

Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusia,

ANDRÉS ZEARRETA OTAZUA.


Azterketa dokumentala