Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

214. zk., 2022ko azaroaren 9a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
4817

EBAZPENA, 2022ko abuztuaren 23koa, Ingurumen Jasangarritasuneko sailburuordearena, zeinaren bidez berrikusi eta aldatu egiten baita Avícola Tolosa SL sozietateari Asparrenako udal-mugartean (Araba) oilo-arrautzak ekoizteko eta merkaturatzeko emandako ingurumen-baimen integratua.

Ingurumeneko sailburuordearen 2022ko urtarrilaren 20ko Ebazpenaren bidez, Asparrenako udal-mugartean (Araba) arrautzak ekoizteko eta merkaturatzeko jarduerarako ingurumen-baimen integratua eman zitzaion Avícola Tolosa, SAT enpresari.

Ingurumeneko sailburuordearen 2011ko martxoaren 23ko Ebazpenaren bidez gauzatu zen aipatutako ingurumen-baimen integratua.

Ingurumeneko sailburuordearen 2011ko uztailaren 5eko Ebazpenaren bidez, aldatu egin zen Avícola Tolosa, SATri emandako ingurumen-baimen integratua, Avícola Tolosa, SLri zegokionez, eta aurrerantzean Avícola Tolosa, SL izena hartuko du.

2012ko ekainaren 12an, 2017ko otsailaren 22an eta 2020ko ekainaren 18an, ingurumen-organo honi atxikitako zerbitzu teknikoek ikuskapen-bisitak egin zituzten erreferentziako instalaziora, aipatutako ebazpenean ezarritako baldintzak betetzen zirela egiaztatzeko, eta dagokion akta egin zen.

2011ko uztailaren 29an, Estatuko Aldizkari Ofizialean eman zen argitara uztailaren 28ko 22/2011 Legea, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzkoa.

2012ko urtarrilaren 23an, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eman zen argitara abenduaren 27ko 278/2011 Dekretua, atmosfera kutsa dezaketen jardueretarako instalazioak arautzen dituena.

2013ko urriaren 19an, Estatuko Aldizkari Ofizialean urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretua argitaratu zen, Industriako Emisioen Erregelamendua onartzen duena eta Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legea garatzen duena (aurrerantzean, Industriako Emisioen Erregelamendua).

2013ko abenduaren 11n, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legea argitaratu zen.

2014ko abenduaren 18an, Batzordearen 1357/2014 Erregelamendua onartu zen, zeinaren bidez 2008/98/EE Zuzentarauaren II. eranskina ordeztu zen; onartu zen, orobat, Batzordearen 2014/955/EB Zuzentaraua (Hondakinen zerrendari buruzko 2000/532/EE Erabakia aldatzekoa), Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2008/98/EE Zuzentarauarekin bat etorriz.

2015eko martxoan, Euskal Autonomia Erkidegoko Hondakinak Prebenitzeko eta Kudeatzeko 2020rako Plana onartu zen.

2015eko ekainaren 25ean, Lurzorua Kutsatzea Saihestu eta Kutsatutakoa Garbitzeko Legea (ekainaren 25eko 4/2015 Legea) onartu zen.

2016ko abenduaren 31ko Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu zen abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretua, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bategina onartzen duena (aurrerantzean, IPPC Legea).

2017ko otsailaren 21ean Europar Batasunaren Aldizkari Ofizialean argitaratu zen Batzordearen 2017ko otsailaren 15eko 2017/302 (EB) Betearazpen Erabakia, zeinaren bidez ezartzen baitira teknika erabilgarri onenei (TEO) buruzko ondorioak, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2010/75/EB Zuzentarauaren esparruan (hegaztitegiko hegaztien edo txerrien hazkuntza intentsiboari buruzko zuzentaraua).

2019ko urriaren 15ean, urriaren 10eko TEC/1023/2019 Agindua argitaratu zen Estatuko Aldizkari Ofizialean, zeinetan ezartzen baita noiztik aurrera eskatu ahal izango zaien nahitaezko finantza-bermea Ingurumen Erantzukizunari buruzko urriaren 23ko 26/2007 Legearen III. eranskinean jasotako jarduerei –ekainaren 22ko ARM/1783/2011 Aginduaren bidez 3. lehentasun-mailakotzat sailkatuak–.

2020ko urtarrilaren 22an eta otsailaren 4an, hurrenez hurren, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu ziren 209/2019 Dekretua, abenduaren 26koa, zeinaren bidez garatzen baita Lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legea, eta 2020ko urtarrilaren 23ko Agindua, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuarena, zeinaren bidez jarraibide tekniko bat onartzen baita, IPPC Legean xedatutakoa interpretatzeari eta aplikatzeari buruzkoa, lurzoruaren eta lurpeko uren egoera zehazteko oinarrizko txosten bat eskatzeari lotua.

2020ko urtarrilaren 27ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu zen urtarrilaren 21eko 4/2020 Dekretua, zeinaren bidez indargabetu egiten baita irailaren 25eko 183/2012 Dekretua, ingurumeneko administrazio-prozeduretan zerbitzu elektronikoen erabilera arautzeko eta ingurumenean eragina duten jardueren Euskal Autonomia Erkidegoko erregistroa sortzeko eta arautzekoa.

2020ko ekainaren 19ko Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu zen Estatuko lurraldean hondakinen garraioa arautzen duen ekainaren 2ko 553/2020 Errege Dekretua.

2021eko ekainaren 28an argitaratu zen Estatuko Aldizkari Ofizialean ekainaren 27ko 637/2021 Errege Dekretua, hegazti-haztegiak antolatzeko oinarrizko arauak ezartzen dituena.

2012ko maiatzaren 9an, Avícola Tolosa SLk baimenaren aldaketa ez-funtsezkoa jakinarazi zuen. Aldaketa horren arabera, pabilioiak egokitu egingo dira oilo erruleak babesteko gutxieneko arauak ezartzen dituen urtarrilaren 11ko 3/2002 Errege Dekretura egokitzeko.

2020ko urriaren 26an, Ingurumen Administrazioaren zuzendariak aurretiazko kontsultak hasi zituen erakunde eskudunekin, erreferentziako ingurumen-baimena berritzeari begira.

2020ko azaroaren 4an, azaroaren 9an, azaroaren 11n eta 12an, hurrenez hurren, Jaurlaritzako Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzaren, Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzaren eta Ebroko Konfederazio Hidrografikoaren adierazpenak jaso ziren.

Ingurumeneko sailburuordearen 2021eko urtarrilaren 22ko Ebazpenaren bidez, ingurumeneko baimen bateratua berrikusteko prozedura hastea erabaki zen, eta Avícola Tolosa SLri eskatu zitzaion instalazioaren funtzionamenduaren eta ondorioetan eta instalazioko isurketei buruzko beste dokumentu batzuetan deskribatutako teknika erabilgarri onenen arteko konparazioa bidaltzeko. Horren ondorioz, AAI00126_REV_2021_001 administrazio-espedientea ireki zen.

2021eko ekainaren 30ean, ingurumen-baimen integratua berrikusteko eskatu zitzaion dokumentazioa aurkeztu zuen Avícola Tolosa SLk.

Aurkeztutako agiriak aski zirela egiaztatu ondoren, 2021eko uztailaren 26an argitaratu zen Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariaren 2021eko uztailaren 5eko Iragarkia, zeinaren bidez jendaurrean jarri baitzen aipatutako espedientea.

Ez zen alegaziorik aurkeztu espedientea jendaurrean egon zen aldian.

2022ko urtarrilaren 25ean, txostenak eskatu zitzaizkien organismo eskudunei: Asparrenako Udalari (Araba), Ura-Uraren Euskal Agentziari eta Osasun Publikoaren Zuzendaritzari.

Otsailaren 2an, martxoaren 10ean, hurrenez hurren, Osasun Publikoko Zuzendaritzaren eta Asparrenako (Araba) Udalaren txostenak jaso ziren.

2022ko ekainaren 28an, Ingurumenaren Kalitate eta Ekonomia Zirkularreko zuzendariak erreferentziako espedientea eta ebazpen-proposamena Avícola Tolosa SLren esku jarri zituen, entzunaldi-izapiderako.

IPPC Legearen 26. artikuluan daude ezarrita baimena berrikusteko baldintzak. Horri jarraituz, lau urteko epean, instalazioaren jarduera nagusiari dagozkion TEOen inguruko ondorioak argitaratzen direnetik aurrera, organo eskudunak ziurtatuko du instalazioaren baimenaren baldintza guztiak berrikusi direla eta, beharrezkoa izanez gero, egokitu direla, eta instalazioak aipatutako TEO erreferentzia-agirien ondorio aplikagarriak betetzen dituela.

Lurpeko urak kutsaduratik eta narriaduratik babestea arautzen duen urriaren 2ko 1514/2009 Errege Dekretuaren I. eranskinaren arabera, nitratoak lurpeko ur-masa baten egoera kimikoa ebaluatzeko funtsezko parametro batzuk dira.

Otsailaren 16ko 261/1996 Errege Dekretuak, nekazaritzatik datozen nitratoek sortutako kutsaduraren aurka urak babesteari buruzkoak, hitzaurrean dioenaren arabera, «Egoera jakin batzuetan nekazaritzako ekoizpen intentsiboak eragindako uren kutsadura gero eta nabarmenagoa da, eta, bereziki, lurrazaleko eta lurpeko uretako nitratoen kontzentrazioa handitzen ari da...».

Oilo-zirina biltegiratzeari eta horiek in situ tratatzeko aukerari dagokienez, adierazi behar da IPPC Legeak 1. artikuluan ezartzen duela haren helburua atmosferaren, uraren eta lurzoruaren kutsadura saihestea dela, edo, hori ezinezkoa denean, kutsadura hori murriztu eta kontrolatzea, ingurumena ahalik eta gehien babesteko.

IPPC Legeak, 3. artikuluan, honela definitzen du «teknika erabilgarri onena»: Jardueren eta dagokien ustiapen moten garapen-fase aurreratuena, demostratu dezaketenak zenbait teknikak zein baimenaren beste baldintza batzuek (emisioak saihesteko edo, hori ezin bada, murrizteko, eta emisioek ingurumenean eta pertsonen osasunean daukaten eragina txikitzeko xedez sortuek) emisioen muga-balioen oinarria izateko duten gaitasun praktikoa.

Hegaztitegiko hegaztien edo txerrien hazkuntza intentsiboari buruzko teknika erabilgarri onenei (TEO) buruzko ondorioak ezartzen dituen 2017/302 (EB) Exekuzio Erabakiakinstalazio guztiei baldintza absolutu gisa aplikatu beharreko baldintzak ezartzen ditu.

Hala ere, instalazioari aplika dakizkiokeen teknika erabilgarri onenak zehazteko erreferentzia da honako hau: «Best Available Techniques (BAT) Reference Document for the Intensive Rearing of Poultry or Pigs. Industrial Emissions Directive 2010/75/EU (Integrated Pollution Prevention and Control) (2017)»

Oilo-zirina in situ biltegiratzeko eta tratatzeko teknologia onenen artean aipatzen da hormigoizko edo aireko altzairuzko biltegiak edo material-azalerarekin kontaktuan ez dagoen estalki batekin lurperatuak instalatzeko aukera, usainak sortzea saihesten duena eta euriteen aurrean gainezka egiteko arriskua minimizatzen duena (2.6.5.1 apartatua). Halaber, Oilo-zirina in situ biltegiratzeko eta tratatzeko teknologia onenen artean, alboetako itxiturak dituzten sistemak instalatzeko aukera aipatzen da, frakzio likidoak sortzea edo euri-ura simaurrarekin lixibiatzea prebenitzeko; tartean, adibide gisa, hormigoizko siloak (2.6.4 apartatua).

Bestalde, dokumentu beraren 2.7 apartatuak («On-farm manure processing») oilo-zirinak instalazioan bertan tratatzearen ingurumen-abantailak deskribatzen ditu:

– Simaurraren hondar-energia berreskuratzea.

– Biltegiratzean eta/edo soroan aplikatzean botatzen diren usainak murriztea.

– Simaurrak duen nitrogeno edukia murriztea, soroan aplikatzearen ondorioz lurrazaleko eta lurpeko urak ez kutsatzeko eta sortutako usaina murrizteko.

– Beste leku batzuetara erraz eta segurtasunez garraiatzea, beste prozesu batzuetan erabiltzeko.

– Ukuiluratzean, biltegiratzean eta soroan erabiltzean simaurraren N eta C galerak murriztea.

Teknikoki posible da aurretik aipatutako oilo-zirina in situ biltegiratzeko eta tratatzeko hobekuntzak instalazioan ezartzea, eta «jarduera eta ustiapen-modalitateak garatzeko faserik eraginkorrena eta aurreratuena» da.

Industriako Isurpenen Erregelamenduaren 26. artikuluaren 4. apartatuak honako hau ezartzen du:

«Betiere, ingurumen-baimen integratua ofizioz berrikusiko da honako kasu hauetan:

(...)

b) Isurketak nabarmen murritz badaitezke, teknika erabilgarri onenetan aldaketa handiak egiteko gehiegizko kostuak ezarri gabe.

(...)»

IPPC Legearen 22.5 artikuluak aurreikusten duenez, organo eskudunak TEOei buruzko ondorioetan deskribatu ez den teknika erabilgarri onenen batean oinarritutako baimen-baldintzak jartzen dituenean, honako hau egiaztatu beharko du:

a) Teknika hori 3. eranskinean azaltzen diren irizpideak bereziki aintzat hartuta zehaztu dela.

b) 7. artikuluko betekizunak betetzen direla.

Era berean, 3. eranskinak –oro har kontuan hartu behar diren alderdiak edo kasu berezi batean kontuan hartu behar direnak, 3.12 artikuluan definitzen diren teknika erabilgarri onenak zehazten direnean, ekintza batek ekar ditzakeen kostuak eta onurak eta zuhurtasunaren eta prebentzioaren printzipioak kontuan harturik– hauek aipatzen ditu, besteak beste:

«3.– Prozesuan sortutako eta erabilitako substantziak –eta, hala behar denean, hondakinak– berreskuratzeko eta birziklatzeko teknikak garatzea.

4.– Eskala industrialean emaitza positiboak eman dituzten prozesu, instalazio edo funtzionamendu-metodo konparagarriak.

5.– Aurrerapen teknikoak eta ezagutza zientifikoen bilakaera.

6.– Kasuan kasuko isurtzeen izaera, ondorioak eta bolumena.

10.– Isurtzeen inpaktu globala eta ingurumeneko arriskuak prebenitzeko edo ahalik eta gehien murrizteko premia.

11.– Istripu-arrisku oro prebenitzeko edo istripuek ingurumenean izan dezaketen eragina murrizteko premia.

Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetza honek horiek guztiak eska ditzake ordezko biltegiratze modu bat eta ingurumen-kalte gutxiago sortuko dituen in situ tratamendu bat ezartzearen bideragarritasuna zehazteko; beraz, instalazioaren baimena ere berrikusi behar da, horretarako eskakizuna gehitzeko.

Aipatutako IPPC Legearen 10. artikuluaren 4. eta 5. apartatuetan ezarritako irizpideen arabera, 2012ko maiatzaren 9an jakinarazitako aldaketa ezin da «funtsezko aldaketa» gisa kalifikatu.

Aurreko paragrafoan aipatutako aldaketak ez daude sartuta ez Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Legeko IB eranskinean, ez Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen I. eta II. eranskinetan. Horregatik, bada, aipatutako aldaketak ez dira arau horietan ezarritako inolako ingurumen-inpakturen ebaluazio-prozeduraren mende jarriko.

2090/2008 Errege Dekretuan jasotako eskakizunak ingurumen-baimen integratuan jasotzea egoki jo denez, ingurumeneko finantza-bermea eratzeari buruzko puntu bat gehitu behar da.

Egoki jo da ingurumen-baimen integratuan oinarrizko txosten bat eranstea. Txosten horrek, IPPC Legearen 12.f) artikuluaren arabera, «lurzoruaren eta lurpeko uren egoera zehazteko beharrezkoa den informazioa jasoko du, jarduerak behin betiko utzi ondorengo egoerarekin konparazio kuantitatiboa egiteko...».

Ingurumen-baimen integratuan aipatutako 4/2015 Legean ezartzen diren eskakizunak jasotzea egoki jo denez, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuaren 209/2019 Dekretuak eta 2020ko urtarrilaren 23ko Aginduak araututako moduan, lurzorua babesteko baldintzak aldatu egin behar dira.

Halaber, 2021eko ekainaren 30ean aurkeztutako TEOen azterketa-memorian, Avícola Tolosa, SATk adierazi du lurzoruaren oinarrizko txostena aurkeztetik salbuetsita egoteko baldintzak betetzen dituela, aurreko apartatuan aipatutako 209/2019 Dekretuaren X. eranskinean aurreikusitakoaren arabera.

IPPC Legearen 26. artikuluan eta 2008ko apirilaren 9ko Ebazpenaren Bosgarren apartatuan xedatutakoarekin bat etorriz, egokia da ingurumen-baimena egokitzea, airearen kalitatea babesteari, sarera isurtzeko baldintzei, hondakinak sortzeari, lurzoruaren babesari eta zaratarekin lotutako baldintzei buruzko apartatuen idazketa eguneratzeko eta ontziak merkaturatzeari buruzko apartatu berri bat sartzeko.

Era berean, ingurumen-baimen integratua eman zenetik ingurumenari buruzko araudi berria egin da, eta, hortaz, egokia dela Ingurumeneko sailburuordearen 2008ko apirilaren 9ko Ebazpenaren baldintzak indarrean dagoen araudi berrira egokitzea, ofizioz, aipatutako Ebazpenaren seigarren apartatuan ezarritakoari jarraikiz eta Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 44. artikuluan ezarritakoaren arabera.

Baimena aldatzeko jakinarazpenean emandako informazioa nahikoa zen.

Bestalde, ekainaren 11ko 5/2013 Legeak, Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuei buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legea eta Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legea aldatzen dituenak, ingurumen-baimen integratua berritzeko prozedura ezabatu zuen, eta IPPC Legearen 26. artikuluak ingurumen-baimen integratua aldatu eta berrikusteko kasuak ezartzen ditu, indarrean egoteko eperik ezarri gabe; beraz, bidezkoa da 2008ko apirilaren 9ko Ebazpenaren laugarren apartatua kentzea eta bosgarrena aldatzea.

IPPC Legearen 7. artikuluak ingurumen-baimen integratuan emisioen muga-balioak zehazteko kontuan hartu beharreko alderdiak ezartzen ditu, eta, besteak beste, instalazioen ezaugarri teknikoak, industria-jarduera garatzen den kokapen geografikoa eta emisioen izaera jasotzen ditu.

Industriako Emisioen Erregelamenduaren 13. artikuluak xedatzen duenez, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen eraginpeko enpresek aukera dute jarduera aldi baterako eteteko, eta, beraz, apartatu espezifiko bat erantsi behar da etenaldiak dirauen bitartean ingurumen-baimen integratua betetzen dutela bermatzeko baldintzak ezartzearren.

Urtarrilaren 21eko 4/2020 Dekretuak indargabetu egin zuenez irailaren 25eko 183/2012 Dekretua, ingurumeneko administrazio-prozeduretan zerbitzu elektronikoen erabilera arautzekoa, eta ingurumenean eragina duten jardueren Euskal Autonomia Erkidegoko erregistroa sortu eta arautzekoa, ingurumen-baimen integratuko zenbait apartatu aldatu egin behar dira.

Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2010eko azaroaren 24ko 2010/75/EB Zuzentarauaren, industriako emisioei buruzkoaren (kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratua) 14.1.d artikuluaren arabera, Ingurumena Zaintzeko Planaren emaitzak aurkezteko maiztasuna urtekoa izan behar da.

Industriako Emisioen Erregelamenduaren 15.9 artikuluaren arabera, berrikuspen-ebazpena ingurumen-baimen integratuan txertatu beharko da, testu bakar gisa.

Halaber, administrazio-epeak etenda geratu ziren COVID-19ak eragindako osasun-krisia kudeatzeko alarma-egoera deklaratu zuen martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretua indarrean jarri zenetik COVID-19ak eragindako osasun-krisia kudeatzeko alarma-egoera deklaratzeko indarreko martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuan ezarritako alarma-egoera luzatu zuen maiatzaren 22ko 537/2020 Errege Dekretua indarrean jarri arte.

Kontuan hartu da ingurumen-organo honek duela ebazpen hau emateko eskumena, xedapen hauetan ezarritakoaren arabera: Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra eta Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 77/2017 Dekretua.

Honako hauek ikusi dira: Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra eta Euskadiko Ingurumen Administrazioari buruzko abenduaren 9ko 10/2021 Legea; Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretua; 815/2013 Errege Dekretua, urriaren 18koa, Industriako Emisioen Erregelamendua onartzen duena eta Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legea garatzen duena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 22/2011 Legea, uztailaren 28koa, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzkoa; eta 7/2022 Legea, apirilaren 8koa, ekonomia zirkularrerako hondakin eta lurzoru kutsatuei buruzkoa; 515/2009 Dekretua, irailaren 22koa, abeltzaintzako ustiategietako arau teknikoak, higieniko-sanitarioak eta ingurumenekoak ezartzen dituena; 637/2021 Errege Dekretua, uztailaren 27koa, hegazti-haztegiak antolatzeko oinarrizko arauak ezartzen dituena; otsailaren 16ko 261/1996 Errege Dekretua eta urtarrilaren 18ko 47/2022 Errege Dekretua, nekazaritzako nitratoek sortutako kutsaduratik urak babesteari buruzkoa; Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1069/2009 (EE) Erregelamendua, 2009ko urriaren 21ekoa, animalia-azpiproduktuei eta gizakiek kontsumitzeko ez diren produktu eratorriei aplikatu beharreko osasun-arauak ezartzen dituena eta animalia-azpiproduktuei buruzko 1774/2002 (EE) Erregelamendua indargabetzen duena; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena, eta aplikatzekoak diren gainerako arauak.

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– IPPC Legean xedatutakoaren ondorioetarako, aldaketa ez-funtsezkotzat jotzea Avícola Tolosa, SL enpresak sustatutako instalazioetan pabilioiak egokitzea, urtarrilaren 11ko 3/2002 Errege Dekretura egokitzeko. Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumena Babesteari buruzko Lege Orokorrean (otsailaren 27ko 3/1998), ingurumen-inpaktuaren ebaluazioaren prozedurari aplika dakiokeen araubide juridikoari dagokionez ezartzen dena eta Ingurumen Ebaluazioari buruzko Legean (abenduaren 9ko 21/2013) ezartzen dena kontuan hartuta, ez da beharrezkoa hizpide ditugun aldaketen gaineko ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-prozedura egitea.

Bigarrena.– Avícola Tolosa SLri (IFZ: B01024058) Asparrenako (Araba) udal-mugartean oilo-arrautzak ekoizteko eta merkaturatzeko jarduerarako emandako ingurumen-baimen integratua berrikustea, eta baimen horren baldintza guztiak legea betetzeko egokitzea.

Jarduera IPPC Legearen I. eranskineko kategoria honetan sartuta dago:

«9.– Nekazaritzako elikagaien industriak eta abeltzaintzako ustiategiak.

9.3.– Granjako hegaztien edo txerrien hazkuntza intentsiborako instalazioak, honako edukiera hau gainditzen badute:

a) 40.000 oilo errulerentzako toki, edo beste hegazti batzuen kasuan, nitrogeno-iraizkin baliokidearenak.»

Hegazti-haztegiak antolatzeko oinarrizko arauak ezartzen dituen ekainaren 27ko 637/2021 Errege Dekretuari dagokionez, instalazioa erruteko ekoizpen-ustiategi gisa sailkatzen da.

Instalazioa (NIMA 0100001390) landa-lurzati propio batean dago, Asparrenako udalerriko (Araba) Eginorako (Barreiatua 8, 01260) norabidean. Lurzatiaren azalera osoa 17.250 m2-koa da, eta azalera eraikia 3.927,5 m2-koa; pabilioiak: 3.622,5 m2, etxebizitza: 305 m2.

Instalazioa osatzen duten pabiloietako bakoitzaren ekoizpen-ahalmena honako hau da:

(Ikus .PDF)

Ekoizpen-pabilioiek hilabeteko geldialdia izaten dute saneamendu-hustualdian, eta aldi horretan ez dago hegaztirik barruan.

Arrautzak ekoizteko industria-ustiapenerako 4 pabiloi daude. Pabiloi horien parean, 10 metro ingurura, enpresaren jabetzako etxebizitza bat dago, eta, bertan, sailetako bat gaitu da bulego gisa.

Oinplano angeluzuzeneko lau pabilioi ditu ustiategiak, eta bertan daude oilo erruleentzako bateriak. 1. eta 2. pabilioiek 90 x 12 = 1.080 m2-ko azalera eraikia dute. 3. pabilioiak 95 x 13,5 = 1.282,5 m2-ko azalera eraikia du. 3. pabilioiak 90 x 14 = 1.260 m2-ko azalera eraikia du.

Bi pabilioietatik behin eraikin bat dago, fronte batetik erabat irekia. Eraikin horrek bi pabilioietako baterietatik ateratzen den simaurra edo oilo-zirina modu jarraituan biltzen du. Ekoizpen-bateriak eraikita dauden solairuak uhal garraiatzaile batzuetan jartzen dira. Uhal horiek gorozkiak airez lehortzeko sistema bat dute, eta gorozkiak etengabe eramaten dituzte gorozkiak biltegiratzeko lokaletara.

Ekoizpen-pabiloiei atxikita, horiekiko perpendikularrean jarrita, elkarren ondoko zenbait lokal daude, honetarako:

– Bidalketak: lokal berean daude aldagelak eta komunak, produktu desinfektatzaileentzako departamentua eta hautsitako arrautza kontserbatzeko hotz-ganbera.

– Stocka hartzeko biltegia.

– Hautapen-zentroa.

– Tresna-biltegia.

Ekoizpen-pabilioien eta produktua jaso, hautatu, biltegiratu eta bidaltzeko zentroen arteko komunikazioa eraikin guztiak lotzen dituen 2 metroko zabalerako sarbide estali baten bidez egiten da. Barrendegi bakoitzak eta ekoizpen-pabiloiek sarbide independenteak dituzte kanpoaldetik.

Ustiategiak simaurra biltegiratzeko bi lokal ditu, bat bi pabilioiko.

Lokalen gainean jotzen duen eguzki-erradiazioa murriztearren, panel jarraitu batzuk jarri dira eraikin bakoitzean, beroa leihoetatik sartzea saihesteko eta aireberritzeko aireari sartzen uzteko.

Erruleak elikatzeko erabiltzen diren lehengaiak batez ere pentsuz eta urez osatutako elikadura-anoa dira. Avícola Tolosa SLk bere pentsua bota du zerealetatik, proteaginosoen irinetatik eta landare-oliotik. Pentsua kanpoan dauden siloetan eta ekoizpen-pabilioien ondoan biltegiratzen da. Bakoitzak 15.000 kg-ko edukiera du. Gehienez ere 30.000 kg egon daitezke ekoizpen-pabilioi bakoitzeko; guztira, 120.000 kg.

Ustiategiak 300.000 litroko edukiera duen andela du, eta bertan hornitzen da erruleak zerbitzatu, garbitu eta elikatzeko behar den ura.

Jarduera arrautzak ekoiztera bideratuta dago, eta, horretarako, ugaltzaile hautatuetatik datozen erruleak erabiltzen dira. Erruleak 20-22 aste dituztenean sartzen dira pabilioietan, eta ekoizpen-bateriak banatuta dauden kaioletan sartzen dituzte.

Ustiapen-sistema 4 solairuko baterien bidezkoa da, sekzio bakoitzeko zulo kopuru bat duten sekzioez osatua, eta zulo bakoitzak hegazti kopuru jakin bat jasotzen du.

Ustiategiko bateria-motak 40 hegazti ditu sekzioko, kontuan hartuta pabilioi bakoitzean 5 ekoizpen-lerro daudela (5 bateria), eta horietako bakoitzaren luzetarako dimentsioaren arabera, 150.000 oilo har daitezke, pabilioien arabera banatuta.

Ekoizpen-lerroak erruteko kaiolek osatzen dituzte, eta 5 hegazti sar daitezke zulo bakoitzean. Kaiolen parean eta bateriaren alde bakoitzean, 4 solairuetan, janlekuak daude, eta horien azpian, arrautzak biltzen dituzten luzetarako zintak. Horiek, aldi berean, zeharkako zinta batekin konektatuta daude, eta zinta horrek pabilioi bakoitzeko arrautzak hautaketa-zentrora eramaten ditu. Bertan, sailkatzaile-ontziratzailea dago, zeina baterien zeharkako zintetara zuzenean konektatuta baitago aurreelikagailu baten bidez. Makinak arrautzak zeharrargiaren bidez behatzeko kabina bat eta pisuaren araberako 6 sailkapen-lerro ditu.

Azkenik, arrautzak sailkatzailetik pasatzen dira zuzenean, elikagailu automatiko baten bidez, kartoian edo estutxean ontziratzera.

Prozesuaren azken fasea kutxatilak edo ontziak kartoizko kutxetan jartzea da. Horiek ondoko lokaletako batean pilatuko dira, azkar bidaltzeko.

Elikadura aginte-koadro edo kontrol-koadro batetik bideratzen da. Orga edo tobera autopropultsatu automatiko baten bidez egiten da, bateriaren alde banatan lau kaña edo hodi garden dituen erloju programatzailearekin. Pentsua solairuetako jantoki bakoitzean erori dela ikus daiteke. Hodi horiek pentsu-dosifikagailu bat izaten dute, eta ibilbidean zehar nahasten da.

Edateko ura PVCzko hodi gardenen bidez eroaten da, eta «txupete erako» hiru balbula edo hartune ditu zulo bakoitzeko, bi trenkadetan, eta bat erdian. Horien azpian V erako kanaleta berreskuratzaile bat dago.

Kaiolen bateriek uhal garraiatzaile batzuk dituzte, solairu bakoitzeko bat, sortutako gorozkiak biltzen dituztenak. Aire-injekzio bidez lehortu ondoren, zeharkako zinta batera pasatzen dira, eta simaur-biltegira eramaten dituzte zuzenean, ekoizpen-pabilioien ondoan.

Jarraian, hartzitze-prozesu batean, hezetasuna % 30 murrizten da. Oilo-zirin lehorra baimendutako kudeatzaile bati entregatzen zaio, hura konpostatu dezan.

Urtean behin, 25 egunez, pabilioi bakoitzaren hustuketa sanitarioa egiten da, eta horiek garbitu eta desinfektatzen dira. Lehenik eta behin, lehorrean garbitzen da eta, ondoren, desinfektatu egiten da, uretan diluitutako desinfektatzaile bat aplikatuz edo kare-esnearen gehigarri gisa, hormetan eta sabaietan. Eragiketa hori egin ondoren, pabilioia itxita mantentzen da 25 egunez; denbora horretan, nahasketa lurrundu eta aplikatutako eremuak lehortzen dira.

Instalazioak atmosferara isurtzen den foku 1 ez-sistematiko ere badu, ekipo elektrogenoari dagozkiona. Gainera, isuri barreiatuak sortzen dira hegaztiak ukuiluratzeko pabiloietan, uhal garraiatzaileetako simaurretan eta pentsua ehotzean eta biltegiratzean.

Instalazioan isurketa-puntu bakarra dago. Ur sanitarioak, euri-urak eta industria-urak fluxu beraren bidez isurtzen dira Burunda ibaira.

Sortutako hondakinak batez ere eragiketa orokorretatik datoz.

Atmosferara isuritako kutsatzaile nagusiak hegaztiak ukuiluratzeko pabilioietan sortutako isuri barreiatuetatik, zirina simaurra garraiatzeko zintetan pilatzetik eta pentsua siloetan biltegiratzetik datoz.

Avícola Tolosa SLren jarduerak sortutako hiriko urekin pareka daitezkeen hondakin-urak tratatzeko arazketa-sistema hiru gorputzeko putzu septiko bat da, dekantagailu, digestore eta iragazki biologikoz osatua.

Avícola Tolosa SLren instalazioaren jardueran, teknika erabilgarri onenetako (TEO) batzuk aplikatzen dira eta arau honetan daude jasota: Batzordearen 2017ko otsailaren 15eko 2017/302 (EB) Betearazpen Erabakia. Erabaki haren bidez, teknika erabilgarri onenei (TEO) buruzko ondorioak ezartzen ziren, hegaztitegiko hegaztien edo txerrien hazkuntza intentsiborako Europako Parlamentuak eta Kontseiluak emandako 2010/75/EB Zuzentarauaren arabera:

(Ikus .PDF)

Pentsua ehotzeko prozesurako kontuan izan behar dira, halaber, Batzordearen 2019ko azaroaren 12ko 2019/2031 Betearazpen Erabakia, zeinaren bidez ezartzen baitira elikagaien, edarien eta esnearen industrietako teknika erabilgarri onenei (TEO) buruzko ondorioak, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2010/75/EB Zuzentarauaren arabera, eta erreferentziazko dokumentua: JRC Reference Report on Monitoring of Emissions to Air and Water from IED Installations.

TEO horiek arestian aipatutako 637/2021 Errege Dekretuarekin bat etorriz aplikatuko dira:

* 2b TEOak, instalazioan lan egiten duten langileen prestakuntzari buruzkoak, 4.2 artikuluko baldintzak beteko ditu.

* 3b eta 4a TEOak IX. eranskinean aipatutako fase anitzeko elikaduraren baliokideak dira.

* 31 TEOa, erruteko pabilioietan amoniako-isuriak murrizteari buruzkoa, IX. eranskinaren arabera aplikatuko da.

Hirugarrena.– Avícola Tolosa SLk Asparrena udalerrian (Araba) sustatutako oilo-arrautzak ekoizteko eta merkaturatzeko jarduera ustiatzeko eta uzteko, honako baldintza eta eskakizun hauek ezartzea:

A) Administrazioarekiko harremanez arduratuko den goi-mailako tituludunari buruz emandako datuetan aldaketarik badago, Avícola Tolosa SLk horren berri emango dio Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari.

B) Neurri babesle eta zuzentzaileak sustatzaileak Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetza honetan aurkeztu dituen agirietan aurreikusi bezala ezarriko dira, indarrean dagoen araudiaren arabera eta ondorengo apartatuetan ezarritakoari jarraituz:

B.1.– Ingurumen Kudeaketarako Sistema (IKS).

Lehenago aipatutako Batzordearen 2017/302 (EB) Betearazpen Erabakiaren 1. TEOn aipatutako ezaugarri guztiak izango dituen Ingurumen Kudeaketarako Sistema (IKS) eduki beharko du Avícola Tolosa SLk.

IKS hori bat etorriko da goian aipatutako 637/2021 Errege Dekretuaren 9. artikuluak eskatzen duen Ustiategia Kudeatzeko Sistema Integralarekin.

Bestalde, eta goian aipatutako 637/2021 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, Agotzaina SLk instalazioan aplikatutako teknika erabilgarri onenak zein diren jakinaraziko dio Jaurlaritzako Nekazaritza eta Arrantza Sailburuordetzari, horretarako diseinatutako ECOGAN tresna informatikoa erabilgarri dagoenean.

B.2.– Ingurumen Jardunbide Egokiak (IJE).

Avícola Tolosa SLk bere langileak prestatuko ditu, larrialdi-plan bat ezarriko du, aldian-aldian bere ekipoak eta instalazioak egiaztatuko ditu eta hildako animaliak biltegiratuko ditu, emisioak eta isurketak saihesteko edo murrizteko moduan; hori guztia Batzordearen 2017/302 (EB) Betearazpen Erabakiaren 2. TEO horren arabera. Halaber, 2. TEO honi erantzungo dio Prebentziozko Mantentze-lanen Eskuliburuak, ebazpen honen Hirugarren apartatuko D.4 azpiapartatuan preskribatutakoak.

B.3.– Ura eta energia eraginkortasunez erabiltzea.

Avícola Tolosa SLk ura modu efizientean erabiltzeko neurriak hartuko ditu; erabilera-erregistroa mantenduko du, ihesak detektatu eta konponduko ditu, presio altuko garbiketa-sistemak eta kontsumo txikiko edontziak erabiliko ditu eta edateko uraren dosifikazio-ekipoa kalibratuta mantenduko du.

Avícola Tolosa SLk energia modu efizientean erabiltzeko neurriak hartuko ditu; aireztapen- eta hozte-sistemak optimizatuko ditu, kontsumo txikiko argiteria-sistemak erabiliko ditu eta aireztapen naturala aplikatuko du, ikuspegi tekniko eta sanitariotik posible denean.

B.4.– Airearen kalitatea babesteko baldintzak.

B.4.1.– Baldintza orokorrak.

Avícola Tolosa SLren instalazioaren ustiapenean bete beharreko baldintzak dira atmosferarako emisioek ez gainditzea ebazpen honetan ezarritako muga-balioak, eta Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzak jarraibide teknikoetan ezarritako eskakizun teknikoak betetzea.

Prozesuan zehar aireratzen den gai kutsatzaile oro bildu eta bide egokienetatik kanporatuko da, behar denean, emisio horien ezaugarrien arabera diseinatutako gasak arazteko sistema batetik igaro ondoren.

Arau orokor honetatik salbuetsi ahalko dira emisio konfinatu gabeak, baldin eta teknikoki edota ekonomikoki atzeman ezin badira edo ingurunean oso eragin txikia dutela frogatua badago.

Neurri egokiak hartuko dira istripuzko emisioen probabilitatea murrizteko eta horien ondoriozko efluenteek giza osasunerako eta segurtasun publikorako arriskurik ez izateko. Gas-efluenteak tratatzeko instalazioak behar bezala ustiatu eta mantenduko dira, efluenteen tenperatura- eta konposizio-aldaketei eraginkortasunez aurre egiteko moduan. Era berean, ahalik eta gehien murriztuko dira instalazio horiek gaizki dabiltzan edo geldirik dauden aldiak.

Atmosfera kutsa dezaketen jardueretarako instalazioak arautzen dituen abenduaren 27ko 278/2011 Dekretuaren 5. artikuluan adierazitako betebeharrak bete beharko dituzte instalazioaren titularrek.

Atmosferaren arloko eskumenak dituen sailak argitaratutako jarraibide tekniko guztiak bete beharko dituzte honako elementu hauek: sekzioa, neurketa-gunea, laginketa-gunea, neurketa-portua, irisgarritasuna eta fokuen segurtasuna eta zerbitzuak.

Organo horrek foku berri bat baimendu ondoren, hura abiarazten denetik sei hilabete igaro baino lehen, ingurumen-kontroleko erakunde batek egindako hasierako IKE txosten bat igorri beharko da. Nolanahi ere, epe hori luzatzeko eskatu ahalko dio Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari, betiere behar bezala justifikatutako arrazoiak direla medio.

B.4.2.– Fokuak identifikatzea. Katalogazioa.

Arrautzak ekoitzi eta merkaturatzen dituen Avícola Tolosa SLren instalazioan jarraian adierazten diren jarduerak garatzen dira. Urtarrilaren 28ko 100/2011 Errege Dekretuak atmosfera kutsa dezaketen jardueren katalogoa eguneratu zuen, eta hura ezartzeko oinarrizko xedapenak finkatu. Instalazioan, dekretu horretan xedatutakoaren arabera katalogatutako jarduera hauek egiten dira:

(Ikus .PDF)

Instalazioan foku kanalizatu hauek daude:

(Ikus .PDF)

Foku ez-sistematiko horietariko bat urtean batez beste hamabi alditan baino gehiagotan funtzionatzera pasako balitz eta aldi bakoitzak ordubete baino gehiago iraungo balu, edo, maiztasuna edozein dela ere, igorpenen iraupena orokorrean hartuta instalazioaren funtzionamendu-denboraren ehuneko bost baino handiagoa bada, igorpen-foku sistematiko gisa araupetu beharko da.

Bestalde, emisio barreiatuak sortzen dira prozesuaren hainbat etapatan:

(Ikus .PDF)

B.4.3.– Emisioen muga-balioak.

Instalazioa ustiatzean, erruteko pabilioietan ez dira gaindituko honako emisioen muga-balio hauek:

(Ikus .PDF)

Emisioen muga-balioak betetzen diren ebaluatzeko, honako hauek hartuko dira kontuan: abenduaren 28ko 278/2011 Dekretuaren 9. artikulua, goian aipatutako Batzordearen 2017/302 (EB) Betearazpen Erabakian jasotako teknika erabilgarri onenak, «JRC Reference Report on Monitoring of Emissions to Air and Water from IED Installations» erreferentziako dokumentua, eta Hirugarren apartatuko C.1 azpiapartatu honetan ezarritako kontrol-baldintzak.

Ikusten bada isurketaren muga-balioren bat ez dela betetzen, behar diren neurri zuzentzaileak hartu beharko dira luzamendurik gabe, eta, berehala, ez-betetzearen, neurri zuzentzaileen eta haien epeen berri eman beharko zaio ingurumenaren arloko eskumenak dituen sailari.

B.4.4.– Gasak hartu eta husteko sistemak.

Fokuetako hondakin-gasak kanporatzeko tximinien gailurrak ez dira egongo bigarren ataleko B.4.2 azpi-zenbakian ezarritako goreneko kotatik behera. Atmosferaren arloko eskumenak dituen sailak argitaratutako jarraibide tekniko guztiak bete beharko dituzte honako elementu hauek: sekzioa, neurketa-gunea, laginketa-gunea, neurketa-portua, irisgarritasuna eta fokuen segurtasuna eta zerbitzuak.

Isuri lausoak minimizatzeko helburuarekin, ihesak antzemateko ekipoak erabiliko dira, ingurumenaren kudeaketa egokia egingo da, eta instalazioa modu egokian diseinatuko da.

B.4.5.– Usainei buruzko baldintzak.

Instalazioaren titularrak usainek eragindako eragozpenak minimizatu beharko ditu. Hala badagokio, eskumena duen organoak egoki iritzitako prozesuen isuriak hartzeko eta arazteko eskatu ahal izango dio instalazioaren titularrari.

B.5.– Saneamendu-sarera eta ibilgura isurtzeko baldintzak.

B.5.1.– Prozesu-isurketen debekua.

Oilo-arrautzak ekoiztea zero isurpeneko jarduera da, eta, beraz, berariaz debekatuta dago Avícola Tolosa SLren ekoizpen-prozesu nagusitik jabari publiko hidraulikora zuzenean edo zeharka isurtzea.

Euri-urak, abeltzaintza-instalazioetatik pasatzean, ez dira kutsatu behar eta ez dute sortu behar jabari publiko hidraulikoari, bai azaleko bai lurpeko korronteei, eragin diezaioketen putzurik.

Berariaz debekatuta dago hondakinak isurtzea; horiek kudeatzaile baimendu batek atera beharko ditu, jarduera hori arautzen duen indarreko araudiarekin bat etorriz. Era berean, araztegietan sortutako lohiak, lokatzak eta hondakinak zabortegi baimendu batera eraman beharko dira edo hondakinen kudeatzaile baimendu batek atera beharko ditu, horien izaera eta osaera kontuan hartuta. Lohiak eta hondakinak aldi baterako biltegiratzen direnean, horiek ez dute arriskurik eragingo jabari publiko hidraulikoan.

B.5.2.– Isurpenen sailkapena, jatorria, ingurune hartzailea eta kokalekua.

Isuria sortzen duen jarduera mota nagusia: hegazti-hazkuntza.

Mota-taldea-EJSN: 0147.

Enpresaren jarduera osagarriek sortutako fluxuak, HUAra bideratzen direnak, honako hauek dira:

(Ikus .PDF)

HUAn sartzen ez diren euri-uren bi fluxu daude, eta ez dira baimen honen xede, ez baitira ur kutsatutzat hartzen: F4, pabilioien atzealdeko euri-urak, eta F5, pabilioien aurrealdeko euri-urak. Fluxu horiek bateratu egiten dira, arrasteak jalkitzeko kutxatila batetik igaro ondoren, HUAk tratatutako efluentearekin, ondoren batera isurtzeko.

Ebakuazio-sistema: Gainazalekoa, zuzena.

Eragindako azaleko ur-masa: ES091549 zk. «Arakil ibaia, jaiotzen denetik Alzania ibaira (kanalizatutako tartearen hasiera)».

Atxikitako babes-eremua: BGL ES2110023 «Arakil Ibaia/Río Arakil».

Eragindako lurpeko ur-masa: 016 zk. «Aizkorri mendilerroa».

Konexioa udal-kolektorera: etorkizunean isurketa hori saneamendu-sare orokor batera lotzea bideragarria bada, hala konektatu beharko da, eskatzen den moduan, eta hala jakinarazi beharko zaio Sailburuordetza honi.

Ibilgura isurtzeko baimenak ez du baliorik izango erakunde eskudunak ur publikoak erabiltzeko nahitaezko baimenik ematen ez badu, edo aprobetxamendu-eskubidea egiaztatzen ez bada.

B.5.3.– Gehienez isur daitezkeen emariak eta bolumenak.

(Ikus .PDF)

B.5.4.– Isurketaren muga-balioak.

(Ikus .PDF)

Ezin izango dira diluzio-teknikak erabili emisioen muga-balioak lortzeko.

Gainera, ingurune hartzaileari dagozkion arauak eta kalitate-helburuak bete behar dira. Bestela, titularrak tratamendu egokia egin beharko du, isurketaren ondorioz aipatutako arauak eta kalitate-helburuak urratzen ez direla ziurtatzeko.

Baimen honek ez du babesten baldintza honetan esplizituki adierazi ez den substantziarik isurtzea, nahiz eta jardueraren ondorioz sortu; bereziki, substantzia arriskutsuak (lurrazaleko uren egoeraren jarraipen- eta ebaluazio-irizpideak zein ingurumen-kalitateko arauak ezartzen dituen irailaren 11ko 817/2015 Errege Dekretuaren IV. eta V. eranskinetan definituak).

Gainera, ibaian, isurketak ingurumen-kalitateko arauak beteko ditu eta eragindako ur-masaren egoera ez du narriatuko.

B.5.5.– Arazteko eta husteko instalazioak.

Hondakin-urak tratatzeko instalazioa (HUA):

– 1. fasea (lurpean): hiru gorputzeko hobi septikoa, dekantagailua, digestorea eta iragazki biologikoa dituena.

– 2. fasea (gainazalean): 1. fasearen ondoren, ura lurrazaleko andel batera bideratzen da, lurpeko sistemaren gainean, eta bigarren tratamendu-zikloan sartzen da, arazketaren efizientzia hobetzeko. Dekantazio-digestio etapa bat eta iragazki biologiko bat ditu.

Sistema 20 biztanle-baliokideko karga tratatzeko dimentsionatuta dago, eta 0,44 m3/orduko tratamendu-ahalmena du.

Arazketa osagarria eskatuko da ingurune hartzailean eragin negatiboa ikusten bada eta horrek lotutako ur-masaren egoerari eragiten badio.

Arazketa-instalazioko efluenteen irteera bakoitzean (B.5.3 eta B.5.4 apartatuetan ezarri dira mugak) kutxatila bat egongo da, eta bertan isurketaren lagin esanguratsuak jaso eta emaria neurtu ahal izango da. Azken isurketaren erakusle duen kutxatilara kanpotik sartu ahal izango da, jarduera garatzen den instalaziora sartzeko beharrik izan gabe.

Emariaren neurgailuak, unean uneko balioa ezagutzeaz gain, metatutakoa ezagutzeko aukera eman behar du edozein unetan. Egunero erregistratu beharko dira eguneko isurketen bolumena eta aldian zehar pilatutakoaren bolumena, eta erregistro hori Administrazioari igorriko zaio Ebazpen honen Hirugarren apartatuko C.2 azpiapartatuan adierazitako aldizkakotasunarekin.

Avícola Tolosa SLk funtzionamendu-egoera egokian mantendu beharko ditu kolektoreak eta arazketa-instalazioak. Horrela, betebehar horietarako pertsona bat izendatu beharko du eta instalazioak zaindu eta funtzionatzeko arau zorrotzak eta behar diren neurriak eman beharko dizkio.

Hartutako neurri zuzentzaileak nahikoak ez direla egiaztatuz gero, Avícola Tolosa SLk beharrezkoak diren aldaketak egin beharko ditu arazteko instalazioetan, isurketak baimendutako ezaugarrietara egokitzeko, Administrazioari jakinarazi ondoren, eta, hala badagokio, baimena aldatzeko eskatuko du.

B.5.6.– Jabari publiko hidraulikoan egindako Isurketen Kontrol Kanona.

Uztailaren 20ko 1/2001 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Uren Legearen Testu Bateginaren 113. artikulua aplikatuz, jabari publiko hidraulikora egiten diren isurketek arro hidrografiko bakoitzaren ingurune hartzailea aztertzeko, kontrolatzeko, babesteko eta hobetzeko tasa bat izango dute.

Horren zenbatekoa honen emaitza da: baimendutako isurketaren bolumena bider unitateko prezioa. Prezio hori 849/1986 Errege Dekretuak onartutako Jabari Publiko Hidraulikoaren Erregelamenduaren IV. eranskinean ezarritakoaren arabera kalkulatzen da. Ebazpen honen arabera, kalkulua honela geratzen da:

Isurien kontrol-kanona = V x Pb x K

K = k1 x k2 x k3

Hau honela izanik:

V = baimendutako isurketaren bolumena (m3/urte)

Pb = Oinarrizko prezioa m3-ko, isuriaren izaeraren arabera

K = Isurketaren maiorazioko edo minorazioko koefizientea

k1 = Isurketaren ezaugarrien araberako koefizientea

K2 = Isurketaren poluzio-mailaren araberako koefizientea

k3 =Ingurune hartzailearen ingurumen-kalitatearen araberako koefizientea

V = 360 m3/urte

Pb = 0,04377 €/ m3 (industriala) (1)

k1 = 1,18 Industriala, 3. mota

k2 = 0,5 Tratamendu egokia duen industriala (2)

k3 = 1,25 I. kategoriako aldea (3)

K = 1,18 x 0,5 x 1,25 = 0,7375

Isurien kontrol-kanona = 360 m3/urte x 0,04377 €/m3 x 0,7375 = 11,62 €/urte

(1) Uraren Legearen testu bateginaren 113. artikuluaren arabera, indarrean dagoen aplikatu beharreko legerian finkatutako oinarrizko prezioa aplikatuko da.

(2) Koefiziente hori 2,5 izango da ebazpen honen Hirugarrena B.5.4 apartatuan ezarritako mugak betetzen ez direla egiaztatzen den kasuetarako, ez-betetze hori egiaztatzen den aldian. Kasu horietan, likidazio osagarri bat egingo da.

(3) Indarrean dagoen koefizientea aplikatzen da, zeina alda baitaiteke aplikatu beharreko araudian eta arroaren plan hidrologikoan izandako aldaketen arabera.

Urteko ekitaldia amaitu ondoren, agintari eskudunak isurien kontrol-kanonaren likidazioa egin eta jakinaraziko du.

Isurien kontrol-kanona ez da lotuta egongo saneamendu- eta arazte-lanak finantzatzeko autonomia-erkidegoek edo udalek ezar ditzaketen kanonekin edo zergekin (Uren Legearen Testu Bategineko 113.7. artikulua).

B.6.– Iraitzitako nitrogenoa eta fosforoa kalkulatzea.

Iraitzitako nitrogeno eta fosforo kopuruak minimizatuko dituen elikadura-estrategia bat erabiliko da; dena den, horrek ez du eragozten animalien behar nutrizionalak behar bezala aseta egotea. Fase anitzeko elikadura erabiliko da, animaliaren hazte-etapa bakoitzera egokituta. Nitrogenoarentzat, proteina gordinaren kopurua murriztuko da, eta hori funtsezko aminoazidoak edo baimendutako beste gehigarri batzuk gehituta konpentsatuko da. Fosforoarentzat, fosforoaren (fitasak) edo baimendutako beste batzuen digerigarritasuna areagotzen duten gehigarriak erabili ahal izango dira.

Emisioen muga-balioak betetzea:

(Ikus .PDF)

Emisio-balioak betetzen diren ebaluatzeko, goian aipatutako 2017/302 (EB) Betearazpen Erabakian jasotako teknika erabilgarri onenetan eta Hirugarren apartatuko C.2 azpiapartatuan ezarritako kontrol-baldintzetan ezarritakoa beteko da.

B.7.– Simaurrak biltegiratzea eta kudeatzea.

Oilo-zirina estalkipean eta gainazal iragazgaitz baten gainean biltegiratuko da, kudeatu arte ezinbestekoa den denboran.

Laborantza-lurzatietan simaurrak aplikatzea, 1069/2009 (EE) Erregelamenduaren (GKAA) 13.f) artikuluaren arabera, behin-behineko soluziotzat hartzen da, Avícola Tolosa SATk, in situ edo hirugarrenen bidez, horiek tratatzeko sistemarik garatzen ez duen bitartean.

Atmosferara amoniakoa igortzea minimizatzen duen oilo-zirina kudeatzeko estrategia bat erabiliko da laborantza-lurzatietan eta estrategia horrek, halaber, laboreek era efikazean asimilatu ahal izango dituzten nitrogeno eta fosforo kopuruak aplikatuko ditu. Arau hauetako baldintzak beteko dira: 2017/302 (EB) Betearazteko Erabakia; uztailaren 27ko 637/2021 Errege Dekretuarena, hegazti-haztegiak antolatzeko oinarrizko arauak ezartzen dituena; irailaren 22ko 515/2009 Dekretua, abeltzaintza-ustiategien arau teknikoak, higieniko-sanitarioak eta ingurumenekoak ezartzen dituena; otsailaren 16ko 261/1996 Errege Dekretua, abeltzaintza-iturrietako nitratoek sortutako kutsaduraren aurka ura babesteari buruzkoa eta ekainaren 7ko 112/2011 Dekretua, zeinen bidez onartzen baita nekazaritza-lanetan Egoki Jarduteko Kodea, nekazaritzako nitrato-kutsadura jasateko arriskupeko gunetzat jo ez diren Euskal Autonomia Erkidegoko guneetarako.

Oilo-zirina Kudeatzeko Plan bat idatziko da eta barnean hartuko ditu lurzatien azalera, aurreikusitako laborea eta aplikatzeko dosia eta unea. Kontuan izango da lursailaren konposizioa eta ezarri beharreko laborearen beharrak eta aurrekoarenak. Kudeaketa-plan hori ebazpen honen Bigarren C.6 apartatuan araututako Ingurumena Zaintzeko Planaren eta 637/2021 Errege Dekretuak araututako Ustiategia Kudeatzeko Sistema Integralaren (UKSI-SIGE) parte izango da.

Aplikazio-unea laborearen aprobetxamendua optimizatzeko izango da. Aplikazioaren ondoren, lursailean txertatzeko lana egingo da, betiere teknikoki ahal bada, lau ordu baino lehen. Hotza eta euria egiten duenean aplikatzea saihestuko da, edo lurzoruan putzuak daudenean, edo izoztuta edo elurtuta dagoenean. Ur-ibilguekiko segurtasun-tarte bat mantenduko da.

Oilo-zirina SANDACH moduan kudeatzen den aldi iragankorrean, Avícola Tolosa SATk sortutako kantitateen eta ustiategian bertan erabilitakoen edo hirugarrenei emandakoen erregistroa eramango du. Bi aldeek onartutako merkataritza-dokumentuak emango dira, formatu fisikoan edo elektronikoan.

B.8.– Instalazioan sortutako hondakinak modu egokian kudeatzen direla bermatzeko baldintzak.

Instalazioetan sortutako hondakin guztiak kudeatuko dira Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta aplikatzekoak diren araudi espezifikoetan ezarritakoaren arabera, eta, kasuan kasu, karakterizatu egin beharko dira euren izaera eta helburu egokiena zehazteko.

Berariaz debekatuta dago sortzen diren tipologia ezberdineko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin nahiz efluente batzuekin nahastea; beraz, hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta horiek bildu eta biltegiratzeko bide egokiak jarriko dira, nahasketak ekiditeko.

Hondakinen kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoei jarraituz, hondakin oro balorizatu egin behar da, eta, horretarako, balorizatzaile baimendu bati entregatu beharko zaizkio. Hau izango da hondakinak ezabatu edo deuseztatzeko aukera bakarra: ezinezkoa izatea haiek balorizatzea teknikoki, ekonomikoki eta ingurumenaren ikuspegitik. Birsortzea-berrerabiltzea lehenetsiko da balorizatzeko beste modu material edo energetiko ororen aurretik.

Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoan instalazio baimendurik badago hondakin zehatz batzuk tratatzeko, hondakin horiek instalazio haietara bidaliko dira lehentasunez, autosufizientzia- eta gertutasun-printzipioei jarraituz.

Hondakinen azken helmuga zabortegi baimenduan ezabatzea dela aurreikusten bada, hondakinak karakterizatzeko, Hondakinak hondakindegietan hartzeko irizpideak eta prozedurak ezartzen dituen Kontseiluaren 2002ko abenduaren 19ko 2003/33/EE Erabakiak xedatutakoari jarraituko zaio, bai eta Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuak ezarritako jarraibideei ere.

Instalazioan sortutako hondakinen kantitateak –ebazpen honetan daude jasota– orientagarriak dira soilik; kantitate horiek kalkulatzeko kontuan hartu dira jardueraren ekoizpen-gorabeherak eta ekoizpenaren eta sortutako hondakinen arteko erlazioa. Datu horiek jardueraren adierazleetan ageri dira. IPPC Legearen 10. artikuluaren 4.d apartatuan ezarritakoa alde batera utzi gabe, instalazioko aldaketak kalifikatzeko, sortutako hondakinen kantitatea handitzeak aurretik ezarritako biltegiratze- eta ontziratze-baldintzak aldatzea dakarrenean soilik eskatu beharko da baimena egokitzea.

Hondakinak biltegiratzeko eremuak edo eremuek lurzoru estankoa izango dute. Egoera fisiko likidoan edo oretsuan edo oso bustita egoteagatik, hondakinok isurketak edo lixibatuak sortzeko arriskua badute, horiek biltzeko kubeta edo sistema egokiak izan beharko dira, gertatzen diren isurketak kanpora irten ez daitezen. Hautsezko hondakinen kasuan, hondakinak euri-urarekin bustitzea edo haizeak herrestan eramatea eragotziko da, eta, beharrezkoa izanez gero, estali egingo dira.

Hondakinak lehen aldiz atera aurretik, kudeatzaile baimenduari ematen zaizkion sortutako hondakinak behar bezala identifikatu eta sailkatzen direla justifikatu beharko da, bereziki hondakin arriskutsuen izaerari eta arrisku-ezaugarriei dagokienez, betiere honako zerrenda honetan ezarritako irizpideekin bat etorriz: Hondakinen Europako Zerrenda, Batzordearen 2014ko abenduaren 18ko Erabakiz argitaratua, zeinaren bidez aldatzen baita hondakinen zerrendari buruzko 2000/532/EE Erabakia; eta Batzordearen 2014ko abenduaren 18ko 1357/2014/EB Erregelamendua, zeinaren bidez ordezten baita Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2008/98/EE Zuzentarauaren III. eranskina (zuzentarau hori hondakinei buruzkoa da, eta zuzentarau jakin batzuk baliogabetu zituen). Hori egiaztatu ondoren, eguneratu egingo dira baimen honetan jasota eta hura izapidetzeko orduan indarrean zeuden identifikazioa eta sailkapena.

Hondakinak desagertu, galdu edo ihes eginez gero, berehala jakinaraziko da gertatutakoa Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzan eta Asparrenako Udalean (Araba).

Sortutako hondakinak beste autonomia-erkidego batzuetara lekualdatzeko, Estatuaren lurraldearen barruko hondakinen lekualdaketa arautzen duen ekainaren 2ko 553/2020 Errege Dekretua eta Euskal Autonomia Erkidegoan gerora egiten den arau horren garapena bete beharko dira.

Hori hala izanik, hondakinak beste autonomia-erkidego batera lekualdatzeko, identifikazio-agiri bat aurkeztu beharko da, jarraipena eta kontrola egiteko, Hondakinei Eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 25.2 artikuluari jarraikiz.

Nahitaezko aurretiko jakinarazpen-kasuetan, uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 25. artikuluan aurreikusitako eta ekainaren 2ko 553/2020 Errege Dekretuaren 9. artikuluan garatutako kausetako bat gertatzen denean, hala organo honek nola helmugako autonomia-erkidegoko organo eskudunak hondakinak garraiatzearen aurka egin ahalko dute; arrazoitutako erabakia garraio-jakinarazpena aurkeztu eta gehienez ere hamar eguneko epean jakinarazi beharko diote operadoreari.

Hondakinak Estatutik kanpora esportatzen badira, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2006ko ekainaren 14ko 1013/2006 Erregelamenduan hondakinak lekualdatzeari buruz ezarrita dagoena bete beharko da.

B.8.1.– Hondakin arriskutsuak.

Sustatzaileak hondakin arriskutsu hauek aitortu ditu:

(Ikus .PDF)

a) Hondakin bakoitzaren egoera eta ezaugarriak kontuan hartuta ezartzen da hondakin arriskutsu bakoitzari dagokion izendapena eta kodetzea, eta baimena izapidetzean jasotzen da horiei buruzko informazioa. Kode batzuek aldaketaren bat izan badezakete ere, beste batzuk, oinarrizkoak direlako, aldatu gabe utzi behar dira ekoizpen-jardueran. Horiek definitzen dituzte mota eta hondakinaren osagai arriskutsuak. Kudeaketa-bideetan hierarkizazioa egokia dela egiaztatzeko, eta bai Hondakinak Kudeatzeko Europako Estrategian bai Euskal Autonomia Erkidegoko 2015-2020rako Ingurumeneko Esparru Programan ezarritakoa betetzen dela bermatzeko, organo honek onartu egin beharko du hondakin bakoitzaren onarpen-agirietan jasotako informazioa, dagokion kudeatzaile baimenduak horretarako eskaria egin ostean. Egiaztatzeak garrantzi berezia izango du, batez ere, berreskurapena edo balidazioa kudeatzeko eragiketa-kodearen arabera kudeatu diren hondakinen onarpen-agirietan lagatze- edo ezabatze-kodeak baliozkotzeko eskatzen bada.

b) Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak bereiziak izango dira, baldin eta, duten tipologia dela eta, isurketak gertatuz gero eta nahasiz gero, arriskutsuagoak badira edo kudeatzeko zailagoak badira.

c) Hondakin arriskutsuak ontziratzeko, indarrean dagoen araudian ezarritako segurtasun-arauak bete beharko dira. Hondakin arriskutsuak dauzkaten ontziek eta ontzikiek etiketa argia, irakurgarria eta ezabagaitza eduki beharko dute eta itxita egon beharko dute kudeatzaileari eman arte, edukiak jariatuta edo lurrunduta gal ez daitezen.

d) Gainerako hondakin arriskutsuak ezin izango dira 6 hilabete baino gehiagoz biltegiratu. Salbuespen-egoeretan, ingurumen-organoak epe hori aldatu ahalko du, behar bezala justifikatutako arrazoiak direla medio, baldin eta gizakion osasuna eta ingurumena babestuko dela bermatzen bada.

e) Hondakinak kudeatzaile baimenduaren instalazioetara eraman aurretik, nahitaezko baldintza izango da agiri baten bidez egiaztatzea kudeatzaile baimendu horrek hondakinak onartzea. Agiri horretan hondakinak onartzeko baldintzak ezarriko dira, eta egiaztatu egingo da tratatu beharreko hondakinaren ezaugarriak administrazio-baimenarekin bat datozela. Agiri hori Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzara bidaliko da hondakina lehenbizikoz erretiratu aurretik, eta, hala badagokio, hondakinen kudeatzaile berri batengana bidali aurretik. Beharrezkoa bada, karakterizazio zehatza egingo da, proposatutako tratamendua egokia den aztertzeko. Hala badagokio, arrazoitu egin beharko da proposatutako kudeaketa modua ebazpen honen hondakin-kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoei egokitzen zaiela.

f) Hondakin arriskutsuak eraman aurretik eta, hala badagokio, horretarako egin beharreko jakinarazpena aurretiaz eginda dagoela, araudian zehaztutako moduan, identifikaziorako agiria bete beharko da. Agiri horren ale bat garraiolariari emango zaio, eta zamarekin batera eraman beharko da jatorritik helmugaraino. Avícola Tolosa SLk tratamendu-kontratuak eta identifikazio-agiriak edo haien baliokide diren agiri ofizialak erregistratu eta artxiboan gorde beharko ditu, hiru urtez, gutxienez.

g) Egiaztatu beharko da baimendutako kudeatzailearen instalazioetara hondakin arriskutsuak eramateko garraioak betetzen dituela halako gaiak garraiatzeari buruzko indarreko legerian eskatutako betebeharrak.

h) Avícola Tolosa SLk erabilitako industria-olioen kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatu beharko du bere enpresan erabilitako olioa.

i) Gailu Elektriko eta Elektronikoen Hondakinei buruzko otsailaren 20ko 110/2015 Errege Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira ekipo elektriko eta elektronikoen hondakinak –besteak beste, lanpara fluoreszenteenak–. Halaber, pilen eta metagailuen hondakinek bete beharko dute Pilei eta metagailuei eta haien hondakinen ingurumen-kudeaketari buruzko otsailaren 1eko 106/2008 Errege Dekretuan xedatutakoa. Kudeatzaile baimenduaren tratamendu-kontratua izateko, garraioaren aurretiko jakinarazpena egiteko eta identifikazio-agiria betetzeko betebeharretik salbuetsita egongo dira kudeaketa-sistema integratuko kudeaketa-azpiegituretara eramaten diren hondakinak, bai eta toki-erakundeei ematen zaizkienak ere, gaika bildutako udal-hondakinekin eta haien parekoak direnekin batera kudeatu ditzaten, baldin eta dagokion toki-erakundeak eman izana egiaztatzen badu. Toki-erakundeei eman izanaren egiaztagiriak hiru urtez gorde behar dira gutxienez.

k) Avícola Tolosa SLk PCB eduki dezaketen gailuak dituenez, kudeaketa egokia izan dadin, nahitaez bete beharko ditu abuztuaren 27ko 1378/1999 Errege Dekretuan (errege-dekretu haren bidez, poliklorobifeniloak, polikloroterfeniloak eta horiek dituzten gailuak ezabatzeko eta kudeatzeko neurriak ezartzen dira) eta errege-dekretu hori aldatzen duen otsailaren 24ko 228/2006 Errege Dekretuan zehaztutako baldintzak.

k) Avícola Tolosa SLk Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2009ko irailaren 16ko 1005/2009/EE Erregelamenduak –ozono-geruza agortzen duten substantziei buruzkoa– adierazten dituen substantziak baditu, berreskuratu egingo dira, alderdiek onetsitako bitarteko teknikoen bidez edo ingurumenaren ikuspegitik onargarri den beste edozein deuseztatze-bide tekniko erabiliz; bestela, birziklatzeko edo birsortzeko erabiliko ditu aparatuak berrikusteko edo mantentzeko eragiketetan, edo desmuntatu edo deuseztatu aurretik.

l) Avícola Tolosa SLk urtero adierazi beharko dio Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari sortu dituen hondakin arriskutsu guztien jatorria, kopurua, helburua eta aldi baterako biltegiratuta dauden hondakinen zerrenda, deklarazioaren xede den ekitaldiaren amaieran. Datu horiekin batera, dagokion ingurumena zaintzeko programa ere bidaliko du, dagokion urtekoa.

m) Hondakin eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 41. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, Avícola Tolosa SLk urtero adierazi beharko dio Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari sortu dituen hondakin arriskutsu guztien jatorriaren eta kantitatearen, haien helmugaren eta aldi baterako biltegiratuta dauden hondakinen laburpen-memoria, deklarazioaren xede den ekitaldiaren amaieran. Datu horiekin batera, dagokion ingurumena zaintzeko programa ere bidaliko du, dagokion urtekoa.

n) Uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 40. artikuluarekin bat etorriz, artxibo kronologiko bat egingo da, eta bertan adieraziko dira kopurua, mota, identifikazio-kodea, jatorria, metodoak eta tratatzeko lekuak eta hondakin guztien sorrera- eta lagapen-datak. Fitxategi hori hiru urtez gorde beharko da, gutxienez, eta urtero bidali beharko du Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzara, dagokion urteko ingurumena zaintzeko programaren barruan.

o) Hondakin arriskutsuen kudeaketaren oinarrizko printzipioetako bat betetzeko, zein hondakin horiek ahalik eta gutxien sortzea baita, Avícola Tolosa SLk hondakin arriskutsu gutxiago sortzeko plan bat aurkeztu beharko dio Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetza honi, lau urtetik behin gutxienez, Hondakin eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 17.6 artikuluan xedatutakoaren arabera, betiere aipatu legearen garapenerako araubideak ez badu Avícola Tolosa SL hondakin arriskutsuen ekoizle txiki gisa katalogatzen.

p) Baldin eta Avícola Tolosa SL azken jabea bada Ontziei eta Ontzien Hondakinei buruzko apirilaren 24ko 11/1997 Legearen lehen xedapen gehigarriari atxiki zaion hornitzaile batengandik eskuratutako merkataritzarako edo industriarako ontzi batena, ontzi-hondakin edo ontzi erabili horren ingurumen-kudeaketa zuzena egitearen arduraduna da, eta, beraz, hondakin hori kudeatzeko baimena duen kudeatzaile bati entregatu beharko dio.

q) Apartatu honetako e) eta f) letretan (kudeatzaileak EAEn daudenean) eta l), m) eta n) letretan adierazitako agiriak Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzara bidaliko dira, transakzio elektroniko bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eskura jarritako kanal, sistema edo aplikazio informatikoak erabiliz.

r) Amiantoa duten hondakinak atzemanez gero, Avícola Tolosa SLk bete egin beharko ditu Amiantoak ingurumenean sortzen duen kutsadura saihestu eta gutxitzeari buruzko 108/1991 Errege Dekretuan (3. artikulua) ezarritako eskakizunak. Horrez gain, amiantoa duten hondakinak kudeatzeko manipulazioak 396/2006 Errege Dekretuan ezarritako aginduen arabera egingo dira; dekretu horren bidez ezarri ziren amiantoarekin lan egiterakoan segurtasun- eta osasun-arloan bete behar diren gutxieneko baldintzak.

B.8.2.– Hondakin ez-arriskutsuak.

Sustatzaileak hondakin arriskugabe hauek aitortu ditu:

(Ikus .PDF)

a) Hirugarren apartatuko B.8 azpiapartatuan xedatzen diren hondakinen kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoei jarraituz, hondakin oro balorizatu beharko da, balorizatzaile baimendu bati emanda. Hau izango da hondakinak ezabatu edo deuseztatzeko aukera bakarra: ezinezkoa izatea haiek balorizatzea teknikoki, ekonomikoki eta ingurumenaren ikuspegitik. Justifikazio tekniko hori lortzeko, hondakin hori onartzeko baimenduta dauden hiru kudeatzailek ezetza eman behar diote kasuan kasuko hondakina balorizatzeari.

b) Erabilitako ontziak eta ontzi-hondakinak gaika eta behar bezala bereizi, eta eragile ekonomiko bati emango zaizkio (hornitzaileari), erabilitako ontzien kasuan berriro erabili ahal izateko; ontzi-hondakinak, berriz, leheneratzaile, birziklatzaile edo balorizatzaile baimendu bati.

Hondakin horiek ezabatzeko direnean ezin dira urtebete baino gehiagoz biltegiratuta eduki. Hondakinen azken helburua balioztatzea denean, 2 urtez gorde ahal izango dira.

d) Oro har, ebakuatu aurretik hondakin guztiek izan beharko dute kudeatzaile baimendu batek emandako tratamendu-kontratua, onarpen horretarako baldintzak zehaztuta. Hala badagokio, arrazoitu egin beharko da proposatutako kudeaketa modua ebazpen honen hondakin-kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoei egokitzen zaiela. Avícola Tolosa SLk erregistratu eta artxibategian gorde beharko ditu onarpen-agiriak edo haien agiri ofizial baliokideak, nahitaezkoak badira, hiru urtean gutxienez.

e) Hondakina zabortegian biltegiratuz gero, jarraipen eta kontrolerako agiria bete beharko da hondakin ez-arriskutsua lekualdatu aurretik, Hondakinak zabortegian biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan xedatutakoari jarraikiz.

f) Balorizatzeko edo ezabatzeko helburuarekin, hondakinak beste autonomia-erkidego batera lekualdatzeko, identifikazio-agiri bat aurkeztu beharko da, jarraipena eta kontrola egiteko, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 25.2 artikuluaren arabera.

g) Baldin eta Avícola Tolosa SL azken jabea bada Ontziei eta Ontzien Hondakinei buruzko apirilaren 24ko 11/1997 Legearen lehen xedapen gehigarriari atxiki zaion hornitzaile batengandik eskuratutako merkataritzarako edo industriarako ontzi batena, ontzi-hondakin edo ontzi erabili horren ingurumen-kudeaketa zuzena egitearen arduraduna da, eta, beraz, hondakin hori kudeatzeko baimena duen kudeatzaile bati entregatu beharko dio.

h) Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 41. artikuluan zehazten denari jarraikiz, Avícola Tolosa SLk urtero adierazi beharko dio Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari ekitaldi bakoitzean sortu dituen hondakin arriskugabe guztien jatorria eta kantitatea, helmuga eta aldi baterako biltegiratuta dauden hondakinen laburpen-memoria. Datu horiekin batera, dagokion ingurumena zaintzeko programa ere bidaliko du, dagokion urtekoa.

i) Uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 40. artikuluarekin bat etorriz, artxibo kronologiko bat egingo da, eta bertan adieraziko dira kopurua, mota, identifikazio-kodea, jatorria, metodoak eta tratatzeko lekuak, hondakin guztien sorrera- eta lagapen-datak. Fitxategi hori hiru urtez gorde beharko da, gutxienez, eta urtero bidali beharko du Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzara, dagokion urteko ingurumena zaintzeko programaren barruan.

j) Apartatu honetako d) eta e) letretan (kudeatzaileak EAEn daudenean), eta f), h) eta i) letretan adierazitako agiriak Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzara bidaliko dira, transakzio elektroniko bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eskainitako kanal, sistema edo aplikazio informatikoak erabiliz.

B.9.– Ontziak merkaturatzea.

Avícola Tolosa SLk, bere produktuak merkaturatzeko ontziak eta enbalajeak erabiltzen dituen enpresa den aldetik, ontzi horien inguruko informazioa eman beharko du urtero, martxoaren 31 baino lehen; horretarako, Ontziei buruzko Urteko Adierazpena egin beharko du. Datu horiekin batera, dagokion ingurumena zaintzeko programa ere bidaliko du, dagokion urtekoa.

Era berean, Avícola Tolosa SLk nahitaez ezarri beharko du ontzi erabiliak eta ontzi-hondakinak kudeatzeko biltegiratze- eta itzultze-sistema bat (zuzenean edo kudeaketa-sistema integratu bati atxikita). Avícola Tolosa SLk industria- edota merkataritza-ontziak erabiltzen baditu bere produktuak merkaturatzeko, aipatu betebehar horretatik salbuesteko eskatu ahalko du, Ontziei eta Ontzi-hondakinei buruzko apirilaren 24ko 11/1997 Legearen lehenengo xedapen gehigarriari atxikitzen bazaio; atxikimendu horren bidez, ontzi horiek kudeatzeko eta ingurumen-organoari informazioa pasatzeko betebeharra produktuaren kontsumitzaileari transferitzen zaio.

Baldin eta Avícola Tolosa SLk, urte natural batean zehar, merkaturatzen baditu ontziratutako produktuak edo, kasua bada, hondakinak sor ditzaketen industria- edo merkataritza-ontziak, hain justu ere ondoren zehaztu kantitateetan baino handiagoetan:

– 250 tona, beira soilik bada.

– 50 tona, altzairua soilik bada.

– 30 tona, aluminioa soilik bada.

– 21 tona, plastikoa soilik bada.

– 16 tona, zura soilik bada.

– 14 tona, kartoia edo material konposatuak soilik badira.

– 350 tona, hainbat material badira eta, banaka, bakoitzak aurreko kopuruak gainditzen ez baditu; Enpresaren Prebentzio Plan bat egin beharko du. Plan horrek hiru urteko indarraldia izango du, eta onartutako Enpresaren Prebentzio Planaren kontrol- eta jarraipen-txostena egin beharko zaio urtero, martxoaren 31 baino lehen. Dagokion urteko ingurumena zaintzeko programarekin batera bidaliko dira bi agiriok.

B.10.– Lurzorua eta lurpeko urak babesteko baldintzak.

Avícola Tolosa SLren jarduera ez dago Lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen aplikazio-eremuan.

Dena dela, Avícola Tolosa SLk lurzorua eta lurpeko urak babesteko behar diren neurriak hartu beharko ditu.

IPPC Legean eta Industriako Emisioen Erregelamenduan lurzorua eta lurpeko urak babesteari buruz ezarritako betebeharrak betetzeko, sustatzaileak honako hauek entregatu beharko ditu:

– Oinarrizko txostena, lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legea garatzen duen abenduaren 26ko 209/2019 Dekretuaren 20. artikuluan aipatutako epeen eta aldizkakotasunen edukiarekin, edo, hala badagokio, betebehar horretatik salbuetsita egotearen erantzukizunpeko adierazpena, abenduaren 26ko 209/2019 Dekretuaren X. eranskinean aurreikusitakoarekin bat etorriz.

– Lurzoruen eta lurpeko uren kontrol- eta jarraipen-dokumentuak, Industriako Emisioen Erregelamenduaren 10.2 artikuluan ezarritako epeen arabera.

Nolanahi ere, sustatzaileak lurzoruen dokumentu bakar bat bidaliko du, ikerketa-lanak egiten eta lurzoruaren kalitatea leheneratzen diharduen erakunde ezagun batek egina. Dokumentu horretan jasoko dira aipatu txostenak (oinarrizko txostena, eta kontroleko eta lurzoruen eta lurpeko uren jarraipeneko dokumentuak). Dokumentu hori honako honetan aurreikusitakora egokituko da: Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak lurzoruaren eta lurpeko uren egoera zehazteko oinarrizko txosten bat eskatzeari buruz xedatutakoa interpretatu eta aplikatzeari buruzko Instrukzio Teknikoan –Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuaren 2020ko urtarrilaren 23ko Aginduaren bidez onartutakoa–. Emandako agiriak aldatu edo agiri berriak eman behar diren bakoitzean, Lurzoruaren Dokumentu Bakar berri bat bidaliko da.

Horrez gainera, ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22. artikuluaren 2. apartatuaren arabera, lurraren kutsadura-aztarnak aurkitzen badira, horren berri eman beharko zaie Asparrenako Udalari (Araba) eta Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari, sailburuordetza horrek hartu beharreko neurriak ezar ditzan, bat etorriz aipatutako 4/2015 Legearen 23. artikuluko 1.e apartatuarekin, betiere.

B.11.– Zaratari buruzko baldintzak.

a) Indize akustiko hauek gaindi ez daitezen beharrezko neurri guztiak ezarriko dira:

a.1.– Jarduera maila hauei egokitu behar zaie: etxebizitzen barrualdean entzungo den LAeq,60 segundo zarata-indizeak ezin izango du inoiz ere 40 dB(A) gainditu, 07:00ak eta 23:00ak bitartean, leihoak eta ateak itxita, ezta LAmax indizeak 45 dB(A) ere.

a.2.– Maila hauei egokitu beharko zaie jarduera: etxebizitzen barrualdean entzungo den LAeq,60 segundo zarata-indizeak ezin izango du inoiz ere 30 dB(A) gainditu, 23:00ak eta 07:00ak bitartean, leihoak eta ateak itxita, ezta LAmax indizeak 35 dB(A) ere.

a.3.– Jarduerak ez du hurrengo taulan adierazitakoa baino zarata handiagoa egingo, 4 m-ko altueran neurtuta (egoera berezietan izan ezik; horietan, apantailamenduak saihesteko behar den altuera hartuko da), industria-esparruaren kanpoaldeko itxituraren perimetro osoan.

(Ikus .PDF)

Abian den instalazioak, aurreko taulan finkatutako mugak betetzeaz gain, ez du eguneko inolako baliotan (LAeq,d, LAeq,e eta LAeq,n) adierazitako balioak baino 3 dB-etik gorako gehikuntzarik gaindituko.

Gainera, jardueraren gainerakotik bereizitako prozesuaren jardun modu bat baldin badago, jardun modu horri lotutako zarata-maila bat zehaztu beharko da (LAeq,Ti). Ti jardun modu horren iraupen-denbora izango da. Maila horrek ez ditu taulan finkatutako balioak 5dB-etan gaindituko.

b) Zamalanetan eta materiala kamioietan garraiatzean egiten den zaratak ez du nabarmen handituko sentsibilitate akustiko handiagoko guneetako zarata-maila.

C) Ingurumena Zaintzeko Programa (IZP).

Ingurumena Zaintzeko Programa (IZP) sustatzaileak aurkeztutako agiriekin, 2017/302 (EB) Betearazpen Erabakian jasotako teknika erabilgarri onenekin, eta honako apartatu hauetan ezarritakoarekin bat etorriz egin behar da:

C.1.– Atmosferako emisioak kontrolatzea.

Emisio barreiatuak masa-balantzearen metodoaren bidez kalkulatuko dira, ECOGAN aplikazio informatikoa edo baliokidea den beste bat erabilita.

Sustatzaileek espezifikazio hauen arabera kalkulatu beharko dituzte igorpenak:

(Ikus .PDF)

Era berean, aplikatutako TEOen bidez (23. TEO) lortutako amoniako-emisioen murrizketa kalkulatuko da.

C.2.– Isuritako uraren kalitatea kontrolatzea.

a) Sustatzaileak aurkeztu dituen agirien arabera, honako analisi hauek egingo dira:

(Ikus .PDF)

b) Kanpoko kontrol bakoitza, bai laginak hartzea, bai ondorengo analisia, «erakunde laguntzaile» batek egin eta egiaztatuko du, eta goian aipatutako parametroak hartuko dira kontuan. Sustatzaileak lagin hartu berri baten analisia aurkeztu beharko du gutxienez; lagina 24 orduko ur-emariarekiko proportzionala izango da, edo bestela, lagin puntual esanguratsua.

c) Isurketen kontrolen emaitzak hauei bidaliko zaizkie:

– Ura-Uraren Euskal Agentziari, laginak hartzen direnetik hilabete bateko (1) epean. Horretarako, Isurketa Analitiken Modulua (IAM) izeneko tresna telematikoa erabiliko da. Tresna hori Uraren Euskal Agentziaren atari pribatuaren bidez erabil daiteke, esteka honetan:

https://www.uragentzia.euskadi.eus/hasiera/

Gainera, analitikak DKTn kargatzearekin batera, telematikoki aurkeztuko dira homologatutako laborategiak emandako buletin analitikoak, Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» gunearen bidez, esteka honen bidez eskuragarri:

https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/

– Ura-Uraren Euskal Agentziari eta Ebroko Konfederazio Hidrografikoari, sei hilean behin: arazte-sistemaren irteeran dagoen 1. kontrol-puntuan egindako laginketen emaitza analitikoak, Bolumena, pH-a, materia esekiak, OEB5, OEK eta tentsioaktibo anionikoak parametroetarako. Era berean, erakunde laguntzaileek egindako analitika-aldizkarien berri emango da.

– Ura-Uraren Euskal Agentziari eta Ebroko Konfederazio Hidrografikoari, urtero, sei hilean behin laginak hartzearekin batera, txosten analitiko bat, guztizko nitrogenoa eta guztizko fosforoa parametroak jasotzen dituena. Euri-garaian, laginak hartzeko kutxetan (kolektore nagusian) hartutako lagin bat aztertuko da, euri-urak eta HUAn tratatutako efluentea bateratu ondoren eta ibilgura isuri aurretik (2. kontrol-puntua), a) letran aipatutako parametro guztietarako, guztizko nitrogenoa eta guztizko fosforoa barne.

– Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari, Ebazpen honen Hirugarren apartatuko C.7 azpiapartatuan ezarritako epeak eta baldintzak betez.

d) Kutsatzaile gehien sortzen den aldietan egingo dira beti laginketak.

e) Puntu honetako a) letran aipatutako neurketa guztiak Administrazioaren II. mailako Ingurumen Lankidetzako Erakunde (ILE) batek egin beharko ditu, urriaren 16ko 212/2012 Dekretuan ezarritakoari jarraituz.

f) Isuriak baimenaren baldintza guztiak betetzen dituela ulertuko da, puntu honetako a) letran ezarritako kontrol-parametro guztiek ebazpen honen Hirugarrena apartatuko B.5.4 azpiapartatuan ezarritako mugak betetzen dituztenean.

g) Legeak Sailburuordetza honi ematen dizkion ikuskatzeko eskumenak eta aurreko lerrokadetan ezarritako kontrolak denak direla, Ura-Uraren Euskal Agentziak eta Ebroko Konfederazio Hidrografikoak egokitzat jotzen dituzten azterketa eta ikuskapen guztiak egin ahal izango dituzte isurketaren ezaugarri kualitatiboak eta kuantitatiboak egiaztatzeko, eta hala badagokio, kontrol horien baliozkotasuna egiaztatzeko. Eginkizun horiek zuzenean edo administrazio hidraulikoaren erakunde laguntzaileen bidez egin ahal izango dira. Konfederazio Hidrografiko honek eta Uraren Euskal Agentziak une oro ikuskatu eta zainduko dituzte obrak eta instalazioak; beraz, onuradunak berak ordaindu beharko ditu kontzeptu horien eraginez sortutako ordainsariak eta gastuak, indarrean dauden xedapenen arabera. Arazketa-instalazioen funtzionamendua ez bada egokia, egokitzat jotzen diren zuzenketak ezarri ahal izango dira arazketa eraginkorra lortzeko.

C.3.– Iraitzitako nitrogenoa eta fosforoa kontrolatzea.

Sustatzaileek iraitzitakoa kalkulatu beharko dute kontuan hartuta ustiategi osoa urte osoan, batetik, eta oilo bakoitzeko errunaldi-ziklo batean, bestetik. Kalkulu hori urtero egingo da Ebazpen honen Hirugarren B.6 apartatuaren arabera, ECOGAN aplikazioa edo antzeko beste bat erabiliz, eta Ingurumena Zaintzeko Programan sartuko da.

C.4.– Oilo-zirinaren kudeaketaren kontrola.

Baldin eta, salbuespen gisa, oilo-zirina laborantza-lurrei aplikatzen bazaie, Ingurumena Zaintzeko Planaren urteko txostenean honako hauen emaitzak jasoko dira:

– Oilo-zirinaren ekoizpenaren erregistroa.

– Soroan aplikatutako kopuruen eta aplikazio-daten eta -lurzatien erregistroa.

– Lurzoruari aplikatutako nitrogeno- eta fosforo-kopuruen kalkulua.

– Amoniako-emisioen kalkulua horiek soroan aplikatzean.

C.5.– Zarata kontrolatzea.

Indize akustikoen ebaluazioak egin beharko dira hiru urtean behin: Ld, Le, Ln,LAeq,Ti eta LAeq,60 segundo. Lehenengo kontrol-urtean lortutako emaitzen arabera, ordutik aurrera neurketak beste maiztasun batekin egitea erabaki ahal izango da.

Neurketa bidezko ebaluazio guztiak Administrazioaren II. mailako ingurumen-lankidetzako erakunde (ILE) batek egin beharko ditu, urriaren 16ko 212/2012 Dekretuan ezarritakoari jarraituz. Erakunde horrek UNE-EN ISO/IEC 17025 arauaren araberako egiaztagiria eduki beharko du akustikaren arloan, espazio- eta denbora-laginketa egiteko. Nolanahi ere, ingurumen-organoak ebaluazio horiek egiten dituzten erakundeek gaitasun tekniko egokia dutela zainduko du.

Ebaluazio-metodoak eta -prozedurak eta ebaluazio horiei buruzko txostenak Ingurumen Jasangarriko Sailburuordetza honek emandako jarraibide teknikoetan ezarritakora egokituko dira.

C.6.– Jardueraren adierazleen kontrola.

Sustatzaileak ondorengo taulan agertzen diren jardueraren gaineko parametro-adierazleen segimendua egingo du urtero, ingurumenean duten eragina aztertzeko, eta urtean urteko ingurumena zaintzeko programarekin batera aurkeztuko du.

(Ikus .PDF)

Jarduera-adierazle horiek bat etorriko dira Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuaren 2014ko azaroaren 18ko Aginduaren bidez araututako ustiapen-koadernoan jasotako informazioarekin eta behin eta berriz aipatutako 637/2021 Errege Dekretuaren bidez araututako SIGE-UKSIrekin.

C.7.– Ingurumeneko finantza-bermearen kontrola, Ingurumena Zaintzeko Programaren (IZP) barnean.

IZPrekin batera, honako dokumentu hauek bidali beharko dira, programa aurkezteko prozedura telematikoan gaitutako dokumentu-ereduak erabilita:

– Finantza-bermea eratu behar izanez gero, indarrean dagoen ingurumen-aseguru-polizaren kopia edo eratutako finantza-berme motaren ziurtagiria aurkeztu beharko da urtean behin.

– Ingurumeneko finantza-bermea eratzetik salbuetsita egonez gero, eta 300.000 eta 2.000.000 euro bitarteko zenbatekoarekin konpon daitezkeen kalteak eragin ditzaketen operadoreak izanez gero (Ingurumen erantzukizunari buruzko urriaren 23ko 26/2007 Legearen 28.b artikulua), erakunde independente batek emandako ziurtagiriaren kopia aurkeztu beharko da urtero; ziurtagiri horrek egiaztatu behar du erakunde horrek etengabe atxikirik egon behar duela Batasunaren Ingurumen Kudeaketako eta Ikuskaritzako Sistemara (EMAs) edo indarrean den UNE-EN ISO 14001 Ingurumen Kudeaketarako Sistemara.

C.8.– Emaitzak kontrolatzea eta igortzea.

Ingurumena zaintzeko programa osatzen duten txostenen eta azterketen emaitzak behar bezala erregistratu beharko dira, eta Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzara bidali, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webguneko bidalketa-prozedura telematikoari jarraikiz:

https://www.euskadi.eus/baimena/ibb-ippc/web01-a2inguru/eu/

Horrela, aipatutako programak zehaztutako aldian egiten diren kontrol guztiak, ibilgura eta/edo itsasora isuritako urei dagozkienak izan ezik, ingurumena zaintzeko programarekin batera bakarrik aurkeztuko dira, eta erreferentziako urtea amaitu ondoren.

Ezarritako baldintzak urratzen diren kasuetan bakarrik bidali beharko zaio berehalako jakinarazpena Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetza honi, gertatutakoaren berri izan ondoren, betiere; horretarako helbide elektronikoa: ippc@euskadi.eus

Era berean, kontrolak urtean behin baino aldizkakotasun handiagoarekin egiten badira, kontrola egiten den urteari dagokion programaren barruan baino ez dira bidaliko.

Emaitza horiek urtero bidaliko dira, betiere martxoaren 31 baino lehen, eta txosten bat aurkeztu beharko da zaintza-programaren emaitzekin batera. Txosten horretan jasoko dira babes- eta zuzenketa-neurrien eta prozeduren kontrolerako eta ingurumenaren kalitaterako sistemen funtzionamendua eta emaitzen analisia, epe horretan izandako gertakari nagusiak bereziki aipatuta, haien kausa eta konponbide posibleak azalduz; halaber, laginak nola hartu diren zehaztuko da, aurrez aldetik hala egin ez bada.

C.9.– Ingurumena Zaintzeko Programaren agiri bategina.

Sustatzaileak Ingurumena Zaintzeko Programaren agiri bategina egin beharko du, aurkeztu dituen agirietan eta ebazpen honetan proposatutako betebeharrak bilduta. Honako hauek zehaztu beharko ditu programa horrek: kontrolatu beharreko parametroak, parametro bakoitzerako erreferentzia-mailak, analisi edo neurketen maiztasuna, laginketak eta analisiak egiteko teknikak, eta laginak hartzeko puntuen kokapen xehatua. Dagokion aurrekontua ere barne hartu beharko du.

Gainera, Ingurumena Zaintzeko Programak jaso beharko du zer sistematika erabiliko duen jardueraren adierazleak zehaztu eta adierazle horiek aztertzeko, egiaztatu ahal izateko eraginkorrak direla enpresak ingurumena hobetzeko ezarritako neurri eta mekanismoak (ingurumen-adierazleak).

D) Ohiz kanpoko egoeretan funtzionatzeko prebentzio-neurriak eta baldintzak.

D.1.– Instalazioa gelditzeko eta abiarazteko eragiketak eta mantentze-lanetarako programatutako eragiketak.

Programatutako urteko mantentze-lanei dagokienez, sortuko diren isurketen eta hondakinen zenbatespena egin beharko du enpresak, eta, dagokionean, haiek kudeatzeko eta tratatzekoa ere bai.

Instalazioa gelditzean nahiz abiaraztean, mantentze-eragiketetan eta ohiz kanpoko egoeretan sortutako hondakinak kudeatzeko, bigarren ataleko B.8 azpiapartatuan («Instalazioan ekoitzitako hondakinak egoki kudeatzen direla bermatzeko baldintzak») ezarritakoari lotu beharko zaio, baina ez da beharrezkoa izango hondakin horiek baimendutako hondakinen zerrendan jasota egotea.

D.2.– Jarduera etetea.

Jarduera bertan behera utzi baino lehen, Avícola Tolosa SLk instalazioetan dauden hondakin guztiak kudeatu beharko ditu, ebazpen honen Hirugarren apartatuaren B.8 azpiapartatuan ezarritakoarekin bat etorriz.

D.3.– Jarduera aldi baterako etetea.

Jarduera aldi baterako uztea jakinaraziz gero, Industriako Emisioen Erregelamenduaren 13. artikuluan arautu bezala, Avícola Tolosa SLk, aldi baterako uztearen jakinarazpenarekin batera, agiri bat bidali beharko du lantegia jardunik gabe egonda ere aplikagarriak zaizkion ingurumen-baimen integratuko kontrolak eta baldintzak nola beteko dituen adierazteko.

Era berean, jarduera berriz hasi baino lehen, instalazioen funtzionamendu ona ziurtatu beharko da, ingurumenean eragina izan dezakeen isurketa edo emisio oro saihesteko.

D.4.– Jarduera anomaloa izanez gero aplikatu beharreko neurriak eta jarduerak.

Aurkeztutako agirietan egindako proposamenean zehaztuta dauden ezohiko egoeretan aplikatu beharreko prebentziozko neurriez eta jardunerako baldintzez gain, ondorengo apartatuetan aipatzen diren baldintzak bete behar dira:

a) Instalazioen prebentziozko mantentze-lanak.

Prebentziozko mantentze-lanen eskuliburua eduki beharko da instalazioen egoera ona bermatzeko, batez ere kutsadura ekiditeko eskuragarri dauden baliabideei eta ezarritako segurtasun-neurriei dagokienez. Honako hauei buruz hartutako neurriak zehaztuko dira:

– Oilo-zirinen biltegietako zolatak eta estalkiak egoera onean egotea.

– Ura eta pentsuak hornitzeko sistemak.

– Aireztapen-sistemak eta tenperatura-sentsoreak.

– Pentsua garraiatzeko siloak eta ekipamenduak, baita pentsu-errotak ere, hala badagokio.

– Oilo-zirinak biltzeko eta husteko sistemak (zintak).

Eskuliburu horretan, ustiategiaren higieneari eta izurriteen kontrolari buruzko alderdiak sartu ahal izango dira.

Aurreko lerrokadan adierazitako eskuliburuak ikuskapen eta kontrolerako programa jaso beharko du, hauek bilduko dituena: estankotasun-probak, mailen eta adierazleen egoera, balbulak, presioa arintzeko sistema, hormen egoera eta lodieren neurketa, andelen barnealdearen begi-bidezko ikuskapenak (hormena eta estaldurena) eta kubetetako detekzio-sistemen aldizkako kontrol sistematikoa, lurzorua kutsa dezakeen edozein egoera prebenitzeko.

Era berean, atmosferara eta uretara egindako emisioak prebenitzeko eta zuzentzeko sistemen (arazketa, minimizazioa, etab.) eta ikuskatu eta kontrolatzeko ekipamenduen egoera ona bermatzeko neurriak jaso beharko dira.

Hobi septikoaren sistemak eta iragazki biologikoak garbitze- eta mantentze-lan egokia izango dute errendimendu ona ziurtatzeko. Aldizka enpresa espezializatu batek erretiratuko ditu pilatutako solido eta lohiak, eta iragazki biologikoaren ohantzea garbituko du, eta garbiketan arrastatutako solidoak ibilgura hustea saihestuko da.

Pabiloien barruan zolatak garbitzean sortutako urak tratamendu-lerrora bidaliko dira, edo, bestela, kudeatzaile baimendu batek kudeatuko ditu.

Hondakin-urak ezingo dira «bypass» bidez isuri arazketa-instalazioetan.

Programatutako mantentze-lanetan nahitaez «bypass» bidez isurketak egin behar badira, titularrak Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari jakinaraziko dio behar besteko aurrerapenaz; hartarako, segurtasun-neurriak zertan diren zehaztuz, eta bai isurketak ingurune hartzailearen kalitatearen gainean duen eragina ahal den neurrian gutxitzeko neurriak ere. «bypass» horrek aurreikusi gabeko isurketaren bat badago, titularrak segurtasun-neurrien funtzionamendua egiaztatu beharko du, eta dagokion txostena Ingurumen Sailburuordetzara bidali (atal honetako j) apartatuan adierazitakoari jarraituz).

b) Era berean, erregistro bat eduki behar da, eta bertan, aldizka egindako mantentze-lanen berri eman behar da, baita antzemandako gorabeherena ere.

c) Titularrak behar diren bitartekoak izango ditu eskura, arazketa-instalazioak zuzen ustiatzeko eta ustekabeko isuriak prebenitzeko hartu diren segurtasun-neurriak eraginkor mantentzeko.

d) Erabilitako olioak, efluenteen arazketako hondakinak, besteak beste, eta, orokorrean, instalazioan sortutako hondakinak maneiatzeak lurzorua eta ura kutsa ditzake. Beraz, isurketak, jarioak edo ihesak gertatzeko arriskua izan dezaketen lurzatien azalera guztiak iragazgaiztuko dira.

e) Hautsezko produktuak biltegiratzeko, zulo itxiak edo hautsa xurgatzeko sistemak dituzten pabiloi estali eta itxiak izan beharko dira.

f) Prozesurako behar diren lehengaiak, erregaiak eta produktuak ingurunean ez sakabanatzeko moduan gordeko dira.

g) Segurtasun-tarteei eta babes-neurriei dagokienez, biltegiratze-instalazioek baldintza batzuk bete beharko dituzte; zehazki, produktu kimikoak biltegiratzeari buruz indarrean dagoen araudian ezarritakoak.

h) Larrialdi-egoeran berehala eta eraginkortasunez jarduteko beharrezko diren material guztien behar besteko kantitatea eduki beharko da: berriro ontziratzeko erreserbako edukiontziak, beharrezkoa izanez gero; gerta daitezkeen jarioei aurre egiteko produktu xurgatzaile selektiboak; segurtasuneko edukiontziak, kaltetutako ingurunea isolatzeko hesiak eta seinaleztapen-elementuak, eta babes pertsonalerako ekipo egokiak.

i) Gorabeherarik gertatuz gero agintariei jakinaraztea.

Ingurunearen edo jardueraren kontrolaren inguruan kalteak eragin ditzakeen gorabeheraren edo ezohiko gertaeraren baten aurrean, sustatzaileak gorabehera edo ezohiko gertaera horren berri berehala eman beharko dio Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari (zuzentzeko edo eusteko neurri egokiak hartu ondoren), horretarako gaitutako helbide elektronikoaren bitartez: ippc@euskadi.eus. Jakinarazpenean, alderdi hauek adierazi beharko dira gutxienez:

– Gertakari mota.

– Jatorriak eta arrazoiak (unean-unean zehatz daitezkeenak)

– Zuzentzeko edo eusteko neurriak, berehala aplikatu direnak.

– Sortutako ondorioak.

– Epe laburrera aurreikusitako jarduerak, halakorik balego.

Gorabehera edo arazo larriren bat edo istripuzko emisio edo isurketaren bat egonez gero, SOS Deiak eta Asparrenako Udala (Araba) berehala jakinaren gainean jarri beharko dira. Ondoren, gehienez ere 48 orduko epean, istripuaren ondorioz sortutako egoera zehaztasunez jasotzen duen txosten bat bidali beharko zaio Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari. Txosten horretan, datu hauek agertuko dira gutxienez:

– Gertakari mota.

– Gertakaria non, zergatik eta zer ordutan gertatu den.

– Gertakariaren iraupena.

– Istripuzko isurketa bat gertatuz gero, emaria eta isuritako gaiak eta ingurune hartzailean antzeman daitekeen eragina zehaztu beharko dira, haren analisia barne hartuta.

– Mugak gaindituz gero, emisioei buruzko datuak.

– Eragindako kalteen zenbatespena.

– Hartutako neurri zuzentzaileak.

– Arazoa berriro ez gertatzeko prebentzio-neurriak.

– Prebentzio-neurriak eraginkortasunez aplikatzeko aurreikusitako epeak.

Baimenaren baldintzak urratzen dituen isurketen bat gertatzen bada eta, gainera, pertsonen osasunerako arriskutsua bada edo sistema naturalen orekari modu larrian kalte egiteko arriskua badu, titularrak berehala etengo du isurketa hori, eta, horrez gain, gertakariaren berri eman beharko die Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Uraren Euskal Agentziari eta babes zibilean eta ingurumenaren arloan ardurak dituzten organismoei, baita SOS Deiak (112) larrialdi-zerbitzuei ere, behar diren neurriak har ditzaten. Isurketa egin eta gehienez ere hogeita hamar eguneko epean, txosten xehatua aurkeztuko da, behar bezala egiaztatutako neurriak, arazoen iraunkortasuna eta berriro ez gertatzeko konponbide-proposamenak jasotzen dituena.

j) Aurreko apartatuan ezarritakoaz gain, gerta daitezkeen gorabeherak edo arazoak saiheste aldera, jardueraren titularrak berehala jakinarazi beharko dio Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari instalazioko edozein etenaldi programatu, etengabeko prozesu bati badagokio, baita aurreikusitako prebentziozko mantentze-lanak ere, betiere ahalik eta aurrerapen handienarekin.

k) Larrialdi-egoeretan, babes zibilari buruzko araudian ezarritakoa bete beharko da, eta araudi horretan ezarritako baldintza guztiak bete beharko dira.

E) Babes-neurriak eta neurri zuzentzaileak eta ingurumena zaintzeko programa aldatu ahal izango dira, baita neurtu behar diren parametroak, neurketen maiztasuna eta parametroen mugak ere, araudi berriak indarrean jartzeak edo inplikatutako sistemen egitura eta funtzionamenduari buruzko ezagutza esanguratsu berrietara egokitzeko beharrak hala gomendatzen duenean. Era berean, babes- zein zuzenketa-neurriak eta ingurumena zaintzeko programa alda daitezke, jardueraren sustatzaileak hala eskatuta edo ofizioz, ingurumena zaintzeko programan lortutako emaitzetan oinarrituta.

F) Urtean behin, martxoaren azken eguna baino lehen, Avícola Tolosa SLk aurreko urteko emisio atmosferikoei eta uretara egindako emisioei eta sortutako hondakin mota guztiei buruzko datuen ingurumen-adierazpena igorriko dio Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari, E-PRTR-Euskadi Kutsatzaileen Emisio eta Transferentzia Inbentarioa egiteko eta eguneratuta edukitzeko 508/2007 Errege Dekretuarekin bat etorriz.

Informazio hori Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eskura jarritako kanal, sistema edo aplikazio informatikoak erabiliz bidaliko da.

Datu horietako batzuek Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumenean Eragina duten Jardueren Erregistroa osatuko dute, eta erregistro hori transakzio-basea izango da, informazioa Europako Ingurumen Agentziaren erregistroetara bidaltzeko (E-PRTR-Europa erregistroa).

Ingurumen-adierazpena publikoa izango da, bat etorriz uztailaren 18ko 27/2006 Legearen xedapenekin. Lege horren bidez, informazioa eskuragarri izateko, herritarren partaidetzarako eta ingurumen-gaietan justizia eskura izateko eskubideak arautzen dira (2003/4/EE eta 2003/2005/EE zuzentarauak jasotzen ditu). Horrez gain, une oro bermatu beharko da Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan ezarritakoa betetzen dela.

G) Instalazioen aldaketa oro Ingurunet aplikazio telematikoan eskuragarri dagoen inprimakia bete ondoren egin beharko da. Halaber, organo honi onarpena eskatu beharko zaio, IPPC Legearen 10. artikuluan xedatutakoaren ondorioetarako.

Industriako Emisioen Erregelamenduaren 14.1 artikuluak aldaketa bat funtsezkotzat jotzeko irizpideak ezartzen ditu.

Nolanahi ere, Industriako Emisioen Erregelamenduaren 14.2 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, irizpide horiek orientagarriak dira, eta ingurumen-organoak kalifikatuko du eskatutako aldaketa, funtsezkotzat edo ez-funtsezkotzat jota, betiere IPPC Legearen 10. artikuluan ezarritako irizpideekin bat etorriz.

Era berean, proiektua aldatzen den kasuetan, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7.1.c eta 7.2.c artikuluetan xedatutakoa aplikatuko da.

Baldin eta aldaketak lurzoru berria okupatzea aurreikusten badu eta aipatutako lurzoruak lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak baditu edo izan baditu, aldaketa egin aurretik, hartu beharreko kokalekuaren lurzoru-kalitatearen deklarazioa eduki beharko da, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legean ezarritakoari jarraikiz.

Laugarrena.– Ingurumen-baimen integratuaren berrikuspena ofizioz egingo da kasu hauetan:

a) Instalazioak sortutako kutsadura dela eta, finkatutako igorpenen muga-balioak berrikustea edo beste batzuk ezartzea komeni bada.

b) Isurketak nabarmen murritz badaitezke, teknika erabilgarri onenetan aldaketa handiak egiteko gehiegizko kostuak ezarri gabe.

c) Prozesuaren edo jardueraren funtzionamendu-segurtasuna dela eta beste teknika batzuk erabili behar badira.

d) Arroko erakundeak, urei buruzko legedian xedatutakoaren arabera, uste badu ingurumen-baimen integratua berrikustea edo aldatzea justifikatzen duten inguruabarrak daudela, Estatuko Administrazio Orokorrak kudeaturiko arroetako jabari publiko hidraulikora egindako isuriei dagokienez. Kasu horretan, arroko erakundeak, txosten lotesle baten bidez, organo eskudunera joko du ingurumen-baimen integratua eman dezan, gehienez ere hogei eguneko epean berrikuste-prozesua hasteko.

e) Instalazioari aplikagarri zaion sektoreko legeriak hala eskatzen duenean, edo 22.3 artikuluari jarraikiz ingurumen-kalitateko arau berriak edo berrikusiak betetzea beharrezkoa denean.

f) Aplikatu beharreko araudi berria indarrean jartzen bada.

g) Ingurunearen egitura eta funtzionamenduari buruzko ezagutza esanguratsu berrietara egokitzeko beharra ikusten bada, bereziki inplikatutako sistemen hauskortasuna areagotzen dela antzematen bada.

h) Ingurumena zaintzeko programan jasotako emaitzen edo bestelako oharren arabera, ingurumen-inpakturako ezarritako neurri babesle, zuzentzaile edo konpentsatzekoak akastunak direla egiaztatzen bada.

i) IPPC Legearen 26. artikuluaren 1., 2. eta 3. puntuetan ezarritakoarekin bat etorriz egindako azterketa eginda, aldatu egin behar dela ondorioztatzen bada.

Ingurumen-baimen integratua berrikusteak ez du kalte-ordainerako eskubiderik emango, IPPC Legearen 26.5 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Bosgarrena.– Baimen hau iraungitzeko arrazoi izango da Avícola Tolosa, SLren nortasun juridikoa azkentzea, indarreko araudian ezarritako kasuetan.

Horretaz gainera, ibilgura isurtzeko baimena ezeztatu ahal izango da, Jabari publiko hidraulikoko Erregelamenduaren 263. artikuluan eta hurrengoetan ezarritako baldintzetan.

Seigarrena.– Ingurumen-erantzukizuna.

Avícola Tolosa SLk bere jarduera profesionalaren ingurumen-arriskuen azterketa egin beharko du, abenduaren 22ko 2090/2008 Errege Dekretuaren 34. artikuluan ezarritakoaren arabera (zeinaren bidez onartzen baita Ingurumen Erantzukizunari buruzko urriaren 23ko 26/2007 Legea zati batean garatzen duen Erregelamendua), finantza-bermea eratu behar duen ebaluatzeko, bat etorriz 26/2007 Legearen 24. artikuluarekin. Finantza-bermea eratu ondoren, erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko dio agintaritza eskudunari, eta adierazpen horrek 2090/2008 Errege Dekretuaren IV.1 eranskinean adierazitako informazioa jaso beharko du gutxienez. 26/2007 Legearen 28. artikuluko a) eta b) apartatuetan aurreikusitako salbuespenei jarraikiz, jarduera finantza-bermea eratzetik salbuetsita geratzen bada, agintaritza eskudunari erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko dio, zeinetan IV.2 eranskinean jasotako informazioa jasoko baita gutxienez. Apartatu honetan eskatutako dokumentazioa ingurumen-organoan aurkeztuko da, teletramitaziorako ezarritako aplikazioa erabiliz, eta, zehazki, «Ingurumen-erantzukizunari aurre egiteko finantza-bermearen jakinarazpena – MARMA» izeneko prozeduraren bidez.

Avícola Tolosa, SLk ingurumen-arriskuen azterketa (IAA) eguneratuko du egoki irizten badu, eta, betiere, jardueran, instalazioan edo oinarrizko baimenean funtsezko aldaketak gertatzen direnean. Finantza-bermearen zenbatekoa urtero eguneratuko da, KPIaren arabera. Ingurumen-arriskuen azterketaren eguneraketak kasuan kasuko MARMA prozeduraren dokumentazioaren barnean aurkeztuko dira.

Avícola Tolosa, Slk, jardueraren operadore gisa, ingurumen-kalteak prebenitzeko, saihesteko eta konpontzeko neurriak hartu eta betearazi behar ditu, eta horien kostuak ordaindu behar ditu, zenbatekoa edozein dela ere, baita dolorik, errurik edo zabarkeriarik ez bada ere, Ingurumen-erantzukizunari buruzko urriaren 23ko 26/2007 Legearen 19.1 artikuluan adierazten den bezala.

Zazpigarrena.– Avícola Tolosa SLri eskatzea honako alderdi hauei erantzuteko:

Sei hilabeteko epean:

– Azken bost urteetako energia-kontsumoari buruzko datuak: elektrizitatea, gasa, gasolioa...

– Kudeatzaile baimenduari ematen zaizkion sortutako hondakinak behar bezala identifikatu eta sailkatzen direla justifikatu beharko da, bereziki hondakin arriskutsuen izaerari eta arrisku-ezaugarriei dagokienez, betiere honako zerrenda honetan ezarritako irizpideekin bat etorriz: Europako Hondakin Zerrenda, 2014ko abenduaren 18ko Batzordearen Erabakiz argitaratua, zeinaren bidez aldatu egiten baita hondakinen zerrendari buruzko 2000/532/EE Erabakia; eta 1357/2014/EB Erregelamendua, Batzordearena, 2014ko abenduaren 18koa, zeinaren bidez ordezten baita Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2008/98/EE Zuzentarauaren III. eranskina (zuzentarau hori hondakinei buruzkoa da eta zuzentarau jakin batzuk baliogabetu zituen). Hori egiaztatu ondoren, eguneratu egingo dira baimen honetan jasota eta hura izapidetzeko orduan indarrean zeuden identifikazioa eta sailkapena.

– Simaurraren biltegiratzea hobetzeko azterketa, emisioak eta usainak minimizatuz, bai eta lurrazaleko eta lurpeko urei eragiteko arriskua ere.

– Simaurra «in situ» tratatzeko sistema bat ezartzeko azterketa, simaurraren hondar-energia berreskuratzeko, usain jarioak murrizteko eta simaurrak duen nitrogeno edukia murrizteko, lurrean aplikatzearen ondorioz lurrazaleko eta lurpeko urak kutsatzea prebenitzeko.

– Ingurumena Zaintzeko Programa (IZP), Ebazpen honen arabera eguneratuta.

– Ingurumen Kudeaketarako Sistema (IKS) ezarri izana egiaztatzen duen dokumentazioa.

Zortzigarrena.– IPPC Legearen 5.d) artikuluan xedatutakoarekin bat, arrautzak ekoizteko eta merkaturatzeko jarduerari dagokionez, zeina ebazpen honen xede baita, gerta litekeen titulartasun-aldaketa oro jakinarazi beharko dio Avícola Tolosa SLk Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari, azken horrek onar dezan.

Bederatzigarrena.– Ingurumen-baimen integratu honetan ezarritako baldintzak ez betetzea arau-hauste astun edo oso astun gisa tipifikatuta dago IPPC Legearen 31. artikuluari jarraituz, eta aipatutako legearen 32. artikuluan jasotako zigorrak ezartzea ekar dezake.

Hamargarrena.– 16-I-01-000000000126 erregistro-kodea esleitzea Avícola Tolosa SLk Asparrenan (Araba) ustiatzen duen eta UTM (ETRS89) 30T, X: 561600, Y: 4746509, Z: 552 kokapena duen instalazioari. Titularrak bere jarduera garatzean erabiliko dituen identifikazio-kodeak hauek dira:

– 16P01AAI000000126 motako hondakin arriskutsuak ekoiztea.

– 16P03AAI000000126 motako hondakin arriskugabeak ekoiztea.

Hamaikagarrena.– Ebazpen honen edukiaren berri ematea Avícola Tolos SLri, Asparrenako Udalari (Araba), ingurumen-baimen integratua emateko prozeduran parte hartu duten erakundeei eta gainerako interesdunei.

Hamabigarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.

Hamahirugarrena.– Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beronen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jar dakioke Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuari, hilabeteko epean, jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik aurrera, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoarekin.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko abuztuaren 23a.

Ingurumen Jasangarritasuneko sailburuordea,

AMAIA BARREDO MARTÍN.


Azterketa dokumentala