Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

214. zk., 2022ko azaroaren 9a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEA
4807

EBAZPENA, 2022ko urriaren 3koa, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko idazkari nagusiarena, Errektorea Aukeratzeko Hauteskundeei buruzko Arautegiaren testu bategina Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzen duena.

Euskal Herriko Unibertsitateko Errektorea Aukeratzeko Hauteskundeei buruzko Arautegia 2011ko apirilaren 14ko bileran onartu zuen Gobernu Kontseiluak, eta 2012ko otsailaren 9ko EHAAn argitaratu zen.

Gobernu Kontseiluaren 2022ko uztailaren 13ko Erabakiaren bidez, arautegiaren aldaketa partzial bat onartu zen. Aldaketaren arrazoi nagusia izan da arautegia egokitu beharra Euskal Herriko Unibertsitateko Estatutu berrituetara. Izan ere, 2021eko azaroaren 25ean Klaustroak Estatutuetan zenbait aldaketa egitea onartu zuen, eta testu berriko azken xedapenetako bigarrenean esaten zenez, aldaketok indarrean sartu eta bederatzi hilabeteko epean kasuan kasuko aldaketak egin beharko ziren arautegietan, hauteskundeei buruzkoak barne, Estatutuetan jasotako sektoreen definizio berrira egokitzeko. Halaber, hauteskunde prozesuaren faseetan eskatzen diren formalismoak eguneratu eta egungo errealitate teknologikora egokitu dira.

Erabaki hartan Euskal Herriko Unibertsitateko idazkari nagusiaren esku uzten zen aldaketa hura onartu ondorengo testu bategina egitea eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea.

Horregatik guztiagatik, honako hau

EBATZI DUT:

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Euskal Herriko Unibertsitateko Errektorea Aukeratzeko Hauteskundeei buruzko Arautegiaren testu bategina, eranskinean jasotzen den legez.

Leioa, 2022ko urriaren 3a.

UPV/EHUko idazkari nagusia,

AITOR ZURIMENDI ISLA.

ERANSKINA
ERREKTOREA AUKERATZEKO HAUTESKUNDEEI BURUZKO ARAUTEGIA
I. TITULUA
XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.– Arautegiaren helburua.

Arautegi honen helburua da errektorea aukeratzeko hauteskundeak arautzea, UPV/EHUko Estatutuetako 179. artikuluan zehaztutakoari jarraituz (Unibertsitateko Klaustroak 2010eko irailaren 23an onartu zituen UPV/EHUko Estatutuak, eta otsailaren 15eko 17/2011 Dekretuaren bidez argitaratu ziren, 2011ko otsailaren 24ko EHAAn, 38. zk.).

2. artikulua.– Sufragiorako eskubidea.

1.– Errektorea unibertsitateko kideek hautatuko dute, hautaketa zuzenaz eta sufragio orokor, haztatu, libre eta sekretuaren bidez. Errektore izateko hautagai izan ahalko dira UPV/EHUn jardunean dauden eta arduraldi osoa daukaten unibertsitateko katedradunen kidegoko irakasle funtzionarioak.

2.– Hautesle izango dira Hauteskundeei buruzko Arautegiko 3. artikuluan zehaztutako baldintzak betetzen dituzten kide guztiak.

3.– Errektorea aukeratzeko hauteskundeetarako, unibertsitateko kideak bost taldetan banatuta egongo dira, Hauteskundeei buruzko Arautegi Orokorreko 3. artikuluan zehaztutakoari jarraiki.

II. TITULUA
HAUTESKUNDE ADMINISTRAZIOA

3. artikulua.– Hauteskunde Batzorde Nagusia.

1.– Errektorea aukeratzeko hauteskundeetarako deia egin bezain laster, Hauteskunde Batzorde Nagusiaren bilerarako deia egingo da.

2.– Euskal Herriko Unibertsitateko Hauteskunde Batzorde Nagusiari dagokio errektorea aukeratzeko hauteskundeak antolatzea, kontrolatzea, emaitzak aldarrikatzea eta horren guztiaren inguruan egindako inpugnazioak ebaztea.

3.– Hauteskundeei buruzko Arautegi Orokorreko 9.2 artikuluan zehaztutakoari jarraituz, honakoak izango dira Hauteskunde Batzorde Nagusiko kideak: errektorea (batzordeko burua izango da); idazkari nagusia; eta hauteskunde taldeetako kide bana, Gobernu Kontseiluko kideen artetik zozketaz aukeratuak. Zozketan talde bakoitzerako titularra eta bi ordezko aukeratuko dira. Zozketa horretarako, Gobernu Kontseiluko kide guzti-guztiak bakoitza bere taldean sartuko dira.

4.– Aukeratutako kideren bat errektore izateko hautagai bada edo hautagai zerrendaren bateko kide bada, momentuan bertan batzordeko kide izateari utzi eta ordezkoa izendatuko da. Errektorearen ordezkoa Estatutuetako 180. artikuluan zehaztutakoa izango da edo, hori posible ez bada, Gobernu Kontseiluko kategoria eta antzinatasun handieneko kidea. Idazkariaren ordezkoa, berriz, Gobernu Kontseiluko irakasle eta ikertzaileen taldeko kiderik gazteena izango da, betiere, ezinezkoa bada zuzendaritza taldearen egitura eta funtzionamendu arloak zehazteko errektoreak emandako erabakian zehaztutakoa ezartzea.

5.– Arautegi honetako idatzi eta agiri guztiak Hauteskunde Batzorde Nagusiko buruari zuzendu beharko zaizkio eta dagokion deialdian zehaztutako moduaren arabera aurkeztuko dira, eta haien aurkezpena jasota geratuko da, dagokion epearen barruan.

6.– Hauteskunde Batzorde Nagusiaren funtzionamenduaren inguruan artikulu honetan zehaztu ez den guztirako Hauteskundeei buruzko Arautegi Orokorreko 9-12 artikuluetan jasotakoa ezarriko da.

4. artikulua.– Barrutiko hauteskunde-batzordea.

1.– Errektorea aukeratzeko hauteskunde eguna behin zehaztuta, hauteskunde batzorde bana eratuko da ikastegietan. Batzordeko burua dekanoa edo zuzendaria izango da (edo hark bere ordezko izendatutako pertsona), idazkaria ikastegiko idazkari akademikoa izango da eta, horiez gain, bi kide izango ditu: bata, barrutiko irakasle eta ikertzaile iraunkor doktoreen taldeko ordezkaria eta, bestea, barrutiko ikasleen taldeko ordezkaria, biak ikastegiko batzarreko kideen artetik aukeratuak (Hauteskundeei buruzko Arautegi Orokorreko 3.2.a) eta d) artikuluetan zehaztutako eran egongo dira banatuta taldeak).

2.– Irakasle-ikertzaile iraunkor ez-doktoreen, lotura iraunkorrik gabeko irakasle-ikertzaile doktoreen, gainerako irakasle-ikertzaileen eta administrazio eta zerbitzuetako langileen –guztiak ere Hauteskundeei buruzko Arautegi Orokorraren 3.2 artikuluaren b) c) eta e) letretan zerrendatuak– campuseko Hauteskunde Batzordearen burua dagokion Campuseko errektoreordea izango da (edo hark bere ordezko izateko izendatzen duen pertsona), eta adineko mahai batez osatuta egongo da, Hauteskunde Araubide Orokorraren Legearen 195. artikuluan ezarritakoarekin bat etorrita.

5. artikulua.– Hauteskunde Batzorde Nagusiaren eskumenak.

1.– Hauteskunde Batzorde Nagusiaren eskumenak dira Hauteskundeei buruzko Arautegi Orokorrean hauteskunde batzordeetarako zehaztutakoak eta, batez ere, ondokoak:

a) Behin betiko errolda onartzea.

b) Hautagaiak aldarrikatzea, 13. artikuluan zehaztutakoari jarraituz.

c) Ikastegietako mahaien kokalekua onartzea, ikastegiko dekano edo zuzendariaren proposamenari jarraituz.

d) Hauteskunde mahaiek egindako galderei erantzun.

e) Errektore izateko hautagai hautetsia aldarrikatzea.

f) Hauteskunde mahaiko botazioa baliogabetzea, eta beste hauteskunde prozesu bat irekitzea arautegi honetako 21. artikuluan zehaztutakoari jarraituz.

g) Kexak, erreklamazioak eta errekurtsoak ebaztea, araudi honi jarraituz.

h) Gobernu Kontseiluak zehaztu ez arren, hauteskunde prozesua behar bezala betetzeko beharrezko diren gainontzeko jarduketak.

i) Hauteskunde mahaiko kide izateari uko egiteko aurkeztutako arrazoiak aztertzea.

j) Hautagaien kanpainako gastuak gainbegiratzea.

2.– Hauteskunde Batzorde Nagusiak ahalmena dauka araudi hau eta hauteskunde prozesu honi ezar dakizkiokeen gainontzekoak interpretatu eta ezartzeko.

III. TITULUA
HAUTESKUNDEETARAKO DEIA ETA PROZEDURA

6. artikulua.– Hauteskundeetarako deia.

1.– Gobernu Kontseiluak errektorea aukeratzeko hauteskundeetarako deialdia egingo du, errektorearen agintaldia amaitu baino bost hilabete lehenago. Edonola ere, bozketarako eguna errektorearen agintaldia amaitu aurreko 60 egunetako batean finkatu beharko da.

2.– Kargua uzteko arrazoia Estatutuetako 180. artikuluan zehaztutako besteren bat bada, hauteskundeetako deia egiteko epea 20 egun baliodunekoa izango da, errektoreak kargua uzten duen egunetik kontatzen hasita.

3.– Hauteskundeetarako deia egiteko erabakian hauteskunde egutegia zehaztu beharko da eta, gutxien dela, Hauteskundeei buruzko Arautegi Orokorreko 6.5 artikuluan jasotakoak ageri beharko dira. Edozelan ere, hauteskunde prozesuko epeak Gobernu Kontseiluak onartutako hauteskunde egutegikoak izan beharko dira.

7. artikulua.– Hauteskundeetarako erroldak.

1.– Pertsonaleko zerbitzuek eta akademia antolakuntzakoek, informatikako zerbitzuen laguntzarekin, unibertsitateko kideen zerrenda osatuko dute, hautesle errolda desberdinen arabera; guztia, Idazkaritza Nagusiaren irizpideei eta epeei jarraituz.

2.– Idazkaritza Nagusiak hautesle erroldak gainbegiratu eta argitaratzeko agindua emango du. Errektoregoko iragarki ohol ofizialean, campusetako errektoreordetzetakoetan eta ikastegi guztietan argitaratuko dira Gobernu Kontseiluak hauteskundeetarako onartutako egutegiaren arabera.

UPV/EHUko erakundearen iragarki oholetan (intranet) ere argitaratuko dira.

3.– Behin-behineko hautesle erroldei buruzko erreklamazioak Hauteskunde Batzorde Nagusiari zuzendu beharko zaizkio, hauteskundeetarako egutegian jasotako epearen barruan, eta dagokion deialdian zehaztutako moduaren arabera aurkeztuko dira, eta haien aurkezpena jasota geratuko da, dagokion epearen barruan. Hauteskunde Batzorde Nagusiak lau egun baliodun izango ditu erreklamazioak ebazteko, eta, ondoren, behin betiko hautesle errolda onartu eta argitaratzeko agindua emango du.

8. artikulua.– Hauteskunde-barrutiak.

1.– Errektorea aukeratzeko hauteskundeetarako, irakasle eta ikertzaile iraunkor doktoreentzat eta ikasleentzat (Hauteskundeei buruzko Arautegi Orokorreko 3.2 artikuluko a) eta d) paragrafoetako hauteskunde taldeak) ikastegia izango da hauteskunde barrutia (atxikipenari dagokion ikastegia).

2.– Irakasle-ikertzaile iraunkor ez-doktoreen, lotura iraunkorrik gabeko irakasle-ikertzaile doktoreen, gainerako irakasle-ikertzaileen eta administrazio eta zerbitzuetako langileen (AZP) hauteskunde barrutia UPV/EHUko hiru campusetako bat izango da. Hauteskunde talde horiek jasota daude 3.2 artikuluaren b) c) eta e) letretan.

9. artikulua.– Hauteskunde-mahaiak.

1.– Hauteskunde-mahaiaren eginkizunak dira:

a) Botazioan buru izatea.

b) Bozketa bakez egiten dela zaintzea, eta hautagai zerrenda guztietarako nahikoa txartel eta gutunazal daudela ziurtatzea.

c) Boto emailearen nortasuna egiaztatzea.

d) Prozesua gardentasunez egiten dela eta hauteskunde-arauak bete egiten direla zaintzea.

e) Botoak zenbatzea eta hauteskundeko akta egitea.

2.– Hauteskunde Batzorde Nagusiak zehaztuko du zenbat hauteskunde-mahai eratuko diren.

Lurralde sakabanaketa edo beste gorabehera batzuk kontuan izanda boto eskubidea bermatu ahal izateko egoki bada hauteskunde-mahai bat baino gehiago eratzea, horrela erabakiko du Hauteskunde Batzorde Nagusiak.

Edozelan ere, ikastegi bakoitzak edo irakasgune bakoitzak gutxienez hauteskunde mahai bat izango du, behar bezala arrazoitutako eragozpenik egon ezean.

3.– Hauteskunde mahaia eratzeko gutxienez hiru kide beharko dira, mahaiburua barne, eta bermatuta egongo da mahaian botorako eskubidea daukaten hauteskunde talde guztiak daudela ordezkatuta.

4.– Mahaiko burua (titularra eta ordezkoa) eta mahaikideak (titularrak zein ordezkoak) barrutiko hautesleen artetik eta, kasuan kasuko hauteskunde taldeetako kideen artetik, aukeratuko dira barrutiko hauteskunde batzordeak egindako zozketaren bidez. Zozketaz aukeratuko dira, halaber, titularren ordezkoak.

Ez dira zozketan sartutako errektore izateko hautagaiak eta haien taldeetan sartutako pertsonak.

5.– Hauteskunde mahaiko kide izatea egokituz gero, nahitaezkoa da eginkizun hori betetzea, behar bezala egiaztatutako bidezko arrazoirik izan ezean. Horrelakoetan, idatzi bidez egin beharko zaio uko izendapenari, idatzia hauteskunde batzordeari zuzenduta eta izendapenerako jakinarazpenean zehaztutako epearen barruan.

6.– Mahaiaren eraketara ez joateak laneko betebehar bat ez betetzea dakar, AZPko langileen eta irakasle-ikertzaileen kasuan, eta, horren ondorioz, erantzukizunak eskatuko dira. Bertaratu ez direnak ordezkatzeko, hauteskunde mahaiko buruak edo, hala egokituz gero, Hauteskunde Batzorde Nagusiko buruak, ordezkoak izendatuko ditu hautesleen artetik.

7.– Araudi honetako 21.1 artikuluan zehaztutako egoeretan, bigarren txandako hauteskunde mahaiak lehenengo txandako berak izango dira. Botazio hau aurreko artikuluetan jasotakoari jarraituz egingo da, betiere, kasu honetarako aplikagarri badira.

10. artikulua.– Hauteskunde mahaia eratzea eta mahiaren funtzionamendua.

1.– Mahaiburua eta mahaikideak, titularrak zein ordezkoak, botazioa hasteko ordua baino ordubete lehenago bilduko dira botazio lekuan, mahaia eratzeko eta dagozkien eginkizunak betetzeko. Titularrek eta ordezkoek txandak nola antolatu erabakiko dute botazioa hasi aurretik, eta aktan jasota ageri beharko da.

2.– Mahaia eratzeko nahitaezkoa izango da mahaiburua eta mahaikideak bertan izatea. Botazioa egin bitartean, gutxienez mahaiko hiru kide egon beharko dira bertan.

3.– Mahaiko zenbait kide bertaratu ez direlako ezinezkoa bada mahaia eratzea, berton daudenek unean bertan emango diote egoeraren berri hauteskunde batzordeari, haren ustez hauteskundeak behar bezala egiteko egokien diren pertsonak aukera ditzan, edo dekano edo zuzendariaren esku utz dezan ardura hori.

4.– Ikuskariak botazioa hasteko zehaztutako ordua baino 30 minutu lehenago bertaratu beharko dira. Mahaiburuak ikuskarien agiriak hartu eta mahaia eratzeko aktari erantsiko dizkio. Ikuskariak berandu badoaz eta heldu orduko mahaia eratzeko akta eginda badago, ezin izango dute prozesua ikuskatu.

5.– Mahaia eratzeko akta mahaiburuak, bertaratutako mahaikideek (titularrek eta ordezkoek) eta ikuskariek bete beharko dute bozketa hasi aurretik, Hauteskunde Batzorde Nagusiak onartutako ereduari jarraituz.

6.– Hauteskunde mahaiek erabakiak hartzerakoan eta gorabeheren berri ematerakoan Hauteskunde Batzorde Nagusiri, Hauteskundeei buruzko Arautegi Orokorreko 14. artikuluan zehaztutakoa bete beharko dute.

11. artikulua.– Ikuskariak.

Ikuskariak izendatu ahalko dira Hauteskundeei buruzko Arautegi Orokorreko 14. artikuluan zehaztutakoari jarraituz.

12. artikulua.– Hautagaitzak aurkeztea.

1.– Hautagaitza hautagaiak berak sinatutako idatzi bidez aurkeztu beharko da, hautagaiaren izen-abizenak adierazita eta Hauteskunde Batzorde Nagusiari zuzenduta.

2.– Hautagaiek hautagai izateko lege xedapenetan jasotako baldintza guzti-guztiak bete beharko dituzte, horien artean, klaustrokideen % 10ek sinatutako bermea.

3.– Errektore izateko hautagaitzekin batera hauteskunde programa eta gobernu taldearen osaera aurkeztu beharko da, idatziz.

4.– Hautagaitza aurkezteko idatzia dagokion deialdian adierazitako moduan aurkeztuko da, Gobernu Kontseiluak onartutako egutegian aurrikusitako epean.

5.– Hautagaitza bertan behera utzi nahi izanez gero, Hauteskunde Batzorde Nagusiaren buruari zuzendutako idatzi bat aurkeztu beharko da, aurreko zenbakian adierazitako modu berean, botoa aldez aurretik emateko aurreikusitako eguna baino 24 ordu lehenago.

13. artikulua.– Hautagaitzak aldarrikatzea.

Hauteskunde Batzorde Nagusiak, hautagaiek baldintza guztiak betetzen dituztela behin egiaztatuta, hautagaiak behin-behineko aldarrikatuko ditu, Gobernu Kontseiluak onartutako egutegiari jarraituz. Hautagaiak behin-behinekoz aldarrikatuta, inpugnazioak aurkeztu ahal izango zaizkio Hauteskunde Batzorde Nagusiari dagokion deialdian adierazten den moduan, hauteskundeen egutegian horretarako zehaztutako epean. Inpugnaziorik egon bada, eta Hauteskunde Batzorde Nagusiaren ustez egoki bada, epea irekiko da alegazioak aurkezteko, bai eta okerrak zuzentzeko ere. Behin horiek guztiak ebatzita, hautagaiak behin betiko aldarrikatuko ditu Hauteskunde Batzorde Nagusiak, eta UPV/EHUko ikastegi guztietako iragarki ohol ofizialetan eta unibertsitatearen iragarki ohol birtualean argitaratzeko agindua emango du.

Aldarrikatutako hautagaitzak ikusgai egongo dira gutxienez botazio egunera arte.

Hautagaitza aldarrikatu ondoren errektorerako hautagaiak UPV/EHU kide izateari utziko balio, modu automatikoan geratuko da baliogabe hautagaitza hori.

14. artikulua.– Hauteskunde kanpaina.

1.– Hautagaitzak behin betiko aldarrikatzen direnetik botaziorako 24 ordu falta diren arte, hautagaiek hauteskunde kanpaina egin ahal izango dute.

2.– UPV/EHUko Estatutuetako 179.2 artikuluan jasotakoa betetzeko, Unibertsitateak (zerbitzu nagusien kasuan Gerentziaren bidez, eta ikastegien kasuan dekano eta zuzendarien bidez) hauteskundeetako ekintzak egiteko behar dituzten lokalak utziko dizkie errektore izateko hautagaiei, horretarako eskaririk eginez gero. Edozelan ere, hautagai bakoitzak goiz edo arratsalde batez baino ezin izango du erabili ikastegi bateko lokala.

3.– Zentro guztietan iragarki ohol bereziak jarriko dira hauteskundeetako propagandarako.

4.– Hauteskunde garaian aukera egongo da hautagaiaren web orrira edo blogera sartzeko horretarako prestatutako atariaren bidez Atari horrek hainbat sarrera izango ditu: bat erakundearena izango da eta, horrez gain, hautagai bakoitzak beste bat izango du.

Hautagaiek edo berek aukeratutako norbaitek web orrian jartzen den informazioa moderatuko du. Sarrera, bestalde, mugatua izango da eta hautagaiek baino ezin izango dute eskegi informazioa. Botoa eskatzeko, erakundearen beste komunikazio sare batzuk ere erabili ahal izango dira, betiere, horretarako zehaztuko diren irizpideei jarraituz.

5.– Hautagaiek errolda osoaren kopia bat izateko eskubidea izango dute. Hautagaiei ez zaie aldez aurretik boto txartelik emango botazio eguna baino lehen banatzeko.

6.– Errektore izateko hautagaiek hauteskunde programak aurkeztu ahal izango dituzte elebitan eta eskatzen zaien formatuan, eta aparteko bi dokumentutan: bata gaztelaniaz, eta bestea, euskaraz.

7.– Errektore izateko hautagaiek beren programako oinarrizko puntuen berri eman dezaten, diru kopuru bat izango dute, Gobernu Kontseiluak deialdian onartutakoa. Diru hori eskuratu ahal izateko, justifikatu egin beharko da gastua. Debekatuta dago erakundearen fondoak, kargu akademikoei esleituak, erabiltzea kanpainarako.

8.– Kanpaina ezin izango da finantzatu kanpoko erakundeen bidez, eta propagandarako onartuko den ikur bakarra unibertsitatekoa izango da.

9.– Kasuan kasuko hauteskunde batzordearekin ados jarrita, ikastegi bakoitzeko ikasle kontseiluak, Unibertsitatekoarekin batera, ikastegi bakoitzean eskola ordu bat izango du bere zereginak betetzeko eta hauteskundeen arrazoia eta horien garrantzia azaltzeko.

Ordu horretan ez da eskola jarduerarik egingo eta gela egoki bat izango dute zeregin hori betetzeko. Ezin izango dute, inolaz ere, tarte hori erabili hauteskunde kanpaina egiteko, ez eta hautagai baten alde egiteko ere.

10.– Errektoreak Unibertsitateko Klaustroaren ezohiko bilerarako deia egingo du, hautagaiek beren programak aurkeztu eta eztabaida ditzaten. Klaustrokideek hautagaientzako galderak prestatu ahal izango dituzte 15 klaustrokideren sinaduren babesarekin; galderok Klaustroa baino gutxienez 48 ordu lehenago aurkeztu beharko dituzte.

11.– Hautagai guztiek baldintza berberetan egin dezaten hauteskunde kanpaina, errektore kargurako hautagaiak libre egongo dira irakasle eta ikertzaile legez dituzten eginkizunetatik, hautagaitzak behin betiko aldarrikatzen diren unetik hasi eta lehenengo bozketa egin arte; bigarren txanda egin behar izanez gero, bigarren txanda horretara doazen hautagai biak bigarren bozketa egin arte egongo dira eginkizunetatik libre. Sailak eskolak behar bezala emateko beharrezko diren neurriak hartuko ditu Irakasleen errektoreordearekin batera.

IV. TITULUA
BOTAZIOA

15. artikulua.– Botoa emateko prozedura.

1.– Hauteskunde Batzorde Nagusiak onartuko ditu botoa emateko txartel ofizialen eta gutunazalen eredua eta diseinua.

2.– Errektorea aukeratzeko hauteskundeetan hautagai bakarrari eman ahal izango zaio botoa.

3.– Deialdian zehaztuko da zein izango den botoa emateko ordutegia eta mahai guztietarako bera izango da. Ordutegia honakoa izan daiteke: 10:00etan hasi eta arratsaldeko 19:00ak arte, etenik egin gabe.

4.– Hautesleak beren burua identifikatu beharko du botoa emateko, eta honako agiriren bat erabili ahal izango du: UPV/EHUko kide dela egiaztatzen duen txartela, NAN, pasaportea edo gidatzeko baimena.

5.– Mahaiko kideek identifikatu egingo dute botoa emailea eta erroldan dagoela egiaztatuko dute. Ondoren, boto emaileak boto txartela emango dio mahaiko buruari edo dagokion mahaikideari, eta hark boto kutxan sartuko du segituan.

6.– Mahaiko kide batek botoa eman duten hautesleak markatuko ditu kasuan kasuko zerrendan, mahaiko buruak edo mahaikideak txartelak boto kutxan sartu ahala.

7.– Botazioa amaitzeko ordua heltzean, mahaiko buruak botazioa amaitzera doala iragarriko du ozen, eta ez dio inori gehiago gelan sartzen utziko. Dena dela, barruan daudenetako batek artean botorik eman ez badu, utzi egingo dio botoa ematen. Hurren, mahaiko erroldan dauden ikuskariek eta mahaikideek emango dute botoa, nahi izanez gero.

8.– Boto txartela aukeratzeko edo mahaiko buruari emateko ezintasunen bat daukatenek konfiantzako pertsona baten bidez egin ahalko dute.

16. artikulua.– Botoa aldez aurretik ematea.

1.– Botazio egunean beren hauteskunde barrutian egoterik ez dutenei parte hartzea errazteko asmoz, ikastegietako zuzendariek eta campusetako errektoreordeek botoa aldez aurretik ematea onartuko dute, dagokion ziurtagiria igorria. Botoa aldez aurretik emateko epea hauteskunde egutegian adierazitakoa izango da, baina, edozelan ere, hautagaitzak behin betiko aldarrikatzen direnetik botazio eguna baino 48 ordu lehenagoko tartera bitartean izan behar da.

Ikastegietara atxikitako administrazio eta zerbitzuetako langileek, irakasle-ikertzaile iraunkor ez doktoreek, lotura iraunkorra ez duten irakasle-ikertzaile doktoreek eta gainerako irakasle-ikertzaileek beren ikastegian bertan eman ahal izango dute botoa aldez aurretik, campus bakoitzeko hauteskunde batzordeak zehaztutako prozedurari jarraituz.

2.– Botoak gutunazal ofizial itxian egon beharko dira. Gutunazal itxi hori eta NANaren fotokopia bat (edo 15. artikuluan adierazitako beste dokumentuen fotokopia bat) beste gutunazal batean sartu beharko dira, dagokion mahaiburuari zuzendurik. Gutunazal horren kanpoaldean hauteslearen izen-abizenak eta zein taldetako kidea den adierazi beharko da; hautesleak hegalean sinatu eta zinta itsasgarriarekin ondo itxiko du.

3.– Behin botazioa amaituta, horrela emandako botoak boto kutxan sartuko dira, hauteslea zerrendan agertzen dela egiaztatu ondoren. Hautesleren batek botoa aldez aurretik eman arren hauteskunde egunean ere ematen badu, aldez aurretik emandako botoak balioa galduko du eta ez da kutxan sartuko.

4.– Hautesleak berak eman behar du aldez aurretiko botoa.

V. TITULUA
BOTOAK ZENBATZEA ETA HAZTATZEA

17. artikulua.– Botoak zenbatzea.

1.– Botazioa amaituta, botoak zenbatuko dira ekitaldi publikoan. Botazio bat baino gehiago egonez gero, lehenengo, errektorea hautatzeko botazioko txartelak zenbatuko dira. Behin boto guztiak zenbatuta, mahaiak erreklamazioak ebatziko ditu.

2.– Boto baliogabeak eta boto zuriak Hauteskundeei buruzko Arautegi Orokorreko 8. artikuluari jarraituz zehaztuko dira.

3.– Boto guztiak zenbatu eta erreklamazioak ebatzi ondoren, emaitzak aktan jasoko dituzte Hauteskunde Batzorde Nagusiak mahaiburuari emandako ereduaren arabera. Aktan jaso beharrekoak dira: hautesle kopurua, hauteskunde talde bakoitzeko boto emaileak, txartel baliogabeen kopurua eta txartel baliodunak; txartel baliodunen artean berariaz adierazi beharko da zenbat izan diren boto zuriak, eta zenbat hautagai bakoitzak lortutako boto kopurua. Halaber, erreklamazioak, hartutako erabakiak eta gorabeherak ere adierazi beharko dira.

4.– Boto zenbaketa behin amaituta, mahaiko buruak posta elektronikoz berehala bidaliko dizkio emaitzak Hauteskunde Batzorde Nagusiari.

5.– Akten jatorrizkoak biharamunean bidaliko zaizkio Hauteskunde Batzorde Nagusiari, hauteskunde mahai guztietakoak hartu ondoren botoak haztatu ditzaten hauteskunde taldeak kontuan hartuta.

18. artikulua.– Boto txartelak suntsitzea.

Emaitzak behin betiko aldarrikatu ondoren, suntsitu egingo dira boto txartelak (ingurugirorako jasangarria den prozeduraren bat erabilita), erreklamazioren bat izan dutenak izan ezik.

19. artikulua.– Emaitzak argitaratzea.

Mahaiek argitara emango dituzte emaitzak aktak sinatu bezain laster. Horretarako, aktak fotokopiatu eta zentroetako hauteskunde ohol fisiko edo birtualetan eskegiko dituzte.

20. artikulua.– Botoen haztapena, taldeen arabera, errektorea aukeratzeko hauteskundeetan.

1.– Hauteskunde Batzorde Nagusiak aktak hartu ondoren, boto guztiak zenbatuko ditu botazio egunaren hurrengo bi egunetan. Era berean, aktak aztertuko ditu eta egindako erreklamazio eta izandako gorabeherei buruzko erabakia hartuko du aktan jasotakoa kontuan hartuta.

2.– Errektorea hautatzeko hauteskundeetako botoa haztatua izango da, unibertsitateko kidegoen banaketaren arabera. Kidegoak eta bakoitzari dagozkion ehunekoak honako hauek dira:

a) A taldea, unibertsitatearekin lotura iraunkorra daukaten irakasle doktoreak: % 56,25.

b) B taldea, lotura iraunkorra daukaten irakasle-ikertzaile ez doktoreak eta lotura iraunkorra ez daukaten irakasle-ikertzaile doktoreak: % 8.

c) C taldea, gainerako irakasle-ikertzaileak: % 1,59.

d) D taldea, ikasleak: % 22,08.

e) E taldea, administrazio eta zerbitzuetako langileak: % 12,08.

Botoen haztapena egiteko, hautagaiei balioz emandako botoak baino ez dira kontuan izango. Artikulu honen ondorioetarako, boto baliodunak hautagai bakar bat markatuta dutenak izango dira. Beraz, ez dira hautagaiei balioz emandako bototzat hartuko ez boto zuriak, ez boto baliogabeak.

Zenbaketaren akta egin ondoren, hauteskunde batzordeak hautagaia hautetsia aldarrikatuko du behin-behinekoz.

3.– Boto baliodunen haztapena Hauteskunde Batzorde Nagusiak egingo du. Botoen haztapenari dagokion koefizientea lortzeko, zatiketa egingo da: 2. puntuaren arabera talde bakoitzari dagokion ehunekoa zati hautagai guztiei talde horretan balioz emandako boto guztiak. Hauteskunde Batzorde Nagusiak koefiziente hori ezarriko die hautagai bakoitzak talde bakoitzean lortutako botoei, ondorengo puntuan adierazitako irizpideei jarraituz.

4.– Eragiketak egiteko, ondorengo formula eta eranskineko adibidea hartu behar dira kontuan. Gehiengoa osoa izango da boto haztatuen % 50 baino gehiago lortu bada.

Formula aplikatzeko irizpideak:

Sa A taldea: Unibertsitatearekin lotura iraunkorra daukaten irakasle doktoreak Sb B taldea: lotura iraunkorra daukaten irakasle ez doktoreak eta lotura iraunkorra ez daukaten irakasle-ikertzaile doktoreak.

Sc C taldea: gainerako irakasle eta ikertzaileak.

Sd D taldea: ikasleak.

Se E taldea: administrazio eta zerbitzuetako langileak.

Pr talde bakoitzari dagokion ehunekoa (artikulu honetako 2. puntuan adierazitakoak)

Vv Hautagaiei talde bakoitzean balioz emandako boto kopurua.

Cp Talde bakoitzaren haztapen koefizientea.

V1 1. hautagaiak lortutako boto kopurua V2 2. hautagaiak lortutako boto kopurua V3 3. hautagaiak lortutako boto kopurua.

C1 1. hautagaiak lortutako boto haztatuen %.

C2 2. hautagaiak lortutako boto haztatuen %.

C3 3. hautagaiak lortutako boto haztatuen %.

Talde bakoitzean hautagai bakoitzak lortu duen boto haztatua kalkulatzeko formula:

Cp = Pr/Vv, Ci = Cp x Vi, i = 1, 2, 3...

Hautagai bakoitzak guztira lortutako boto haztatuak hautagai bakoitzari talde guztietan balioz emandako botoen batura izango dira.

21. artikulua.– Hautetsiak aldarrikatzea.

1.– Lehenengo txandan hautetsi aldarrikatuko da hautagaiei balioz emandako botoen erdiak baino gehiago biltzen dituen hautagaia, aurreko zenbakian adierazitako haztapenak behin aplikatuta. Inork lortuko ez balu boto kopuru hori, bigarren botazioa egingo da, baina horretan bakarrik lehiatu ahal izango dira lehen txandako botazioan boto gehien lortu duten hautagai biak, lehen aipatutako haztapenak kontuan hartuta. Bigarren txandan botoen gehiengo soila lortzen duen hautagaia aldarrikatuko da hautetsi, botoen haztapena egin ondoren.

2.– Hautagai bakarra badago, botazio bakarra egingo da. Botazio horretan, hautesleek hautagaiari emango diote botoa edo, bestela, boto zuria. Hautagai bakarra hautetsi aldarrikatuko da boto baliodunen artetik heren bat baino gehiago aldekoa bada, aurreko artikuluko bigarren atalean zehaztutako haztapena kontuan hartuta.

3.– Hasiera batean hautagai bat baino gehiago egon arren hauteskunde egunean hautagai bakarra balego gainontzeko hautagaitzak bertan behera utzi dituztelako edo 13. artikulua ezarri delako, txanda bakarra egingo da 2. paragrafoan zehaztutakoari jarraituz.

4.– Hautagai hautetsia behin-behinekoz aldarrikatzen denean, erreklamazioak jarri ahal izango dira aldarrikapena egin eta hurrengo bi egunetan. Hauteskunde Batzorde Nagusiak bi eguneko epea izango du (erreklamazioak aurkezteko epea bukatzen denetik kontatzen hasita) erreklamazioak ebazteko, eta, ondoren, behin betiko aldarrikatuko du nor den hautetsia.

5.– Hautagai hautetsia behin betiko aldarrikatzearen kontra erreklamazioa jar dakioke errektoreari hiru eguneko epean. Hark bost eguneko epea izango du erreklamazioa ebazteko, eta epe hori igarota ez badu horren gaineko erabakirik eman, erreklamazioa ezetsi egin dela ulertu beharko da eta administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango du erreklamazio egileak.

6.– Hautetsia behin betiko aldarrikatu aurretik, Hauteskunde Batzorde Nagusiak baliogabetu egin ahalko du mahai bateko edo zenbaitzuetako botazioa, baldin eta botazioaren emaitzan eragina izan dezakeen akatsik egon bada. Horrelakoetan, berriro egingo da botazioa ahalik eta arinen dena delako mahaian edo mahaietan.

7.– Errektoreak jardunean jarraituko du hautetsiak kargua hartu arte.

Hauteskundeetarako deia egin eta hautagairik ez badago, edo aurkeztutako bakarrak ez badu hautsi izateko behar besteko gehiengorik lortu, errektoreak jardunean jarraituko du, eta beste hauteskunde batzuetarako deia egingo du, gehiez ere hogeita hamar eguneko epean.

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA

Arautegi honetan jasota ez dagoen guztirako, unibertsitateari buruzko legedia, UPV/EHUko Estatutuak eta Hauteskundeei buruzko Arautegi Orokorra erabiliko dira.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Unibertsitateko zerbitzu guztiak behartuta daude araudi honetan aipatzen diren hauteskunde organoei lehentasunez laguntzera.

HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Giza Zientzietako unibertsitate titulurako ondokoak hartuko dira kontuan:

a) Titulazio hori ikastegi bati atxiki ez badago, hauteskunde barrutia eskolak emateko erabiltzen den lekua izango da.

b) Hauteskunde mahaiko kideak aukeratzeko zozketa Hauteskunde Batzorde Nagusiak.

LAUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Botoa boto kutxa elektronikoan edo bide telematikoz eman ahal izateko, errektoreak baimena eman beharko du, aldez aurretik egiaztatuta baliabide tekniko egokiak daudela bermatzeko urraezintasun printzipioa, hautesle bakoitzak boto bakarra emango duela, pribatutasuna, hautesleari bere botoa zenbatu egingo dela egiaztatu ahal izateko sistema eta irisgarritasuna. Horrelakoetan, Gobernu Kontseiluak garatutako arautegiari jarraitu beharko zaio.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Arautegi honek baliorik gabe uzten du 2012ko otsailaren 9ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratutako Errektorea aukeratzeko hauteskundeei buruzko arautegia eta bere xedapenen aurka doan maila bereko edo beheragoko beste edozein arau.

AZKEN XEDAPENA

Arautegi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean.


Azterketa dokumentala