Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

211. zk., 2022ko azaroaren 4a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
4734

EBAZPENA, 2022ko abuztuaren 12koa, Ingurumen Jasangarritasuneko sailburuordearena, zeinaren bidez berrikusi eta aldatzen baita Sercontrol 2000 SLri Amorebieta-Etxanoko udal-mugartean (Bizkaia) hondakin arriskutsuak sailkatu, multzokatu eta aldi baterako biltegiratzeko instalaziorako emandako ingurumen-baimen integratua.

GERTAKARIAK

1.– Ingurumeneko sailburuordearen 2015eko uztailaren 7ko Ebazpenaren bidez, ingurumen-baimen integratua eman zitzaion Sercontrol 2000 SLri hondakin arriskutsuak sailkatu, multzokatu eta aldi baterako biltegiratzeko instalaziorako, Amorebieta-Etxanoko udal-mugartean (Bizkaia).

2.– Ingurumeneko sailburuordearen 2015eko uztailaren 7ko Ebazpenaren bidez, aldatu eta eraginkor bihurtu zen Sercontrol 2000 SLri emandako ingurumen-baimen integratua, hondakin arriskutsuak sailkatu, multzokatu eta aldi baterako biltegiratzeko instalaziorako, Amorebieta-Etxanoko udal-mugartean (Bizkaia); halaber, 16-I-01-000000000377 baimen-zenbakia esleitu zitzaion.

3.– 2015eko abenduaren 18an, Sercontrol 2000 SLri idazki bat igorri zitzaion, ingurumen-baimen integratua Tresna elektriko eta elektronikoen hondakinei buruzko otsailaren 20ko 110/2015 Errege Dekretuan ezarritakora egokitzeari buruz.

4.– 2016ko ekainaren 24an, ikuskapen-bisita egin zen, GEEHei buruzko otsailaren 20ko 110/2005 Errege Dekretura egokitu aurretik.

5.– 2016ko irailaren 29an, Sercontrol 2000 SLk baimenaren aldaketa ez-funtsezkoa eskatu zuen, hau da, LER 060201 (kaltzio hidroxidoa), LER 060313 (metal astunak dituzten gatz solidoak eta disoluzioak), LER 080317 (substantzia arriskutsuak dituzten inprimatze-tonerren hondakinak) eta LER 090106 (hondakin fotografikoak in situ tratatzean sortutako zilarra duten hondakinak) hondakin kudeagarriak sartzea, organo honek 2016ko urriaren 20an ez-funtsezkotzat berretsita.

6.– 2016ko urriaren 20an, Sercontrol 2000 SLk bere baimenaren aldaketa ez-funtsezkoa eskatu zuen, EHZ 110106 hondakin kudeagarriak (beste kategoria batean zehaztu ez diren azidoak) sartzean zetzana; hain zuzen, organo honek 2016ko azaroaren 17an ez-funtsezkotzat berretsitako aldaketa.

7.– 2017ko maiatzaren 20an, sute batek Sercontrol 2000 SLren zatirik handiena suntsitu zuen. 2017ko maiatzaren 26an, Sercontrol 2000 SLk gertakari larriaren jakinarazpena bidali zion ingurumen-organo honi.

8.– 2017ko azaroaren 17an, Sercontrol 2000 SLk hondakin arriskutsuak kudeatzeko ingurumen-baimen integratuaren etetea bidali zuen. Ingurumen Administrazioaren zuzendariaren 2018ko ekainaren 25eko Ebazpenaren bidez, Sercontrol 2000 SLri jakinarazi zitzaion atzera egin zuela eta 367/2015 zenbakiko IBBa eskualdatzeko prozedura amaitu zela.

9.– 2017ko abenduaren 4an, Sercontrol 2000 SLk 2017ko maiatzaren 20an gertatutako sutearen ondoriozko aldi baterako etete-eskabidea bidali zuen. 2018ko maiatzaren 8an, Sercontrol 2000 SLri jakinarazi zitzaion abaletik eta ingurumen-erantzukizuneko asegurutik salbuetsita zegoela aldi baterako eteteak irauten zuen bitartean. 2019ko urriaren 21ean, Sercontrol 2000 SLri jakinarazi zitzaion urtebetez luzatzen zitzaiola aldi baterako etetea.

10.– 2021eko ekainaren 28an, Ingurumen Organo honek URAri eta Amorebieta-Etxanoko Udalari eskatu zien, baimena berrikuste aldera, egoki iritzitako ohar guztien nahikotasun-txostena bidaltzeko, instalazioaren inguruan dituzten eskumenen esparruan.

11.– 2021eko ekainaren 29an, Sercontrol 2000 SLk aldi baterako etetea amaitzeko eskabidea eta gertakarien zerrenda helarazi zuen.

12.– 2021eko irailaren 13an, ingurumen-organoak, baimena berrikuste aldera, honako hauek helarazteko eskatu zion Sercontrol 2000 SLri: instalazioaren funtzionamenduaren eta ondorioetan deskribatutako teknika erabilgarri onenen arteko alderaketa bat eta instalazioari buruzko bestelako dokumentuak.

13.– 2021eko irailaren 27an, ingurumen-baimen integratua berrikusteko eskatutako dokumentazioa aurkeztu zuen Sercontrol 2000 SLk.

14.– Aurkeztutako dokumentazioa nahikoa zela ikusita, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariak 2021eko azaroaren 29an emandako Ebazpenaren bidez erabaki zen jendaurrean jartzea, 30 egun baliodunez, ingurumen-baimen integratua emateko Sercontrol 2000 SLk egindako berrikuste-eskabidea, egoki iritzitako alegazioak aurkezteko; horretarako, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu zen, 2021eko abenduaren 16an.

15.– Ingurumen-baimen integratua jendaurrean jartzeko izapideak amaituta, alegaziorik ez dela aurkeztu egiaztatu da.

16.– Urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren 16. artikuluan xedatutakoa aplikatuz, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak txostena eskatu zion Amorebieta-Etxanoko Udalari eta URA-Uraren Euskal Agentziari 2022ko otsailaren 11n.

17.– Urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren 16. artikuluan xedatutakoa aplikatuz, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak txostena eskatu zien Asparreneko Udalari eta Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailari, 2022ko otsailaren 14an.

18.– 2022ko otsailaren 16an, Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak txostena egin zuen, eta espedientean jaso da txosten horren emaitza.

19.– 2022ko uztailaren 21ean, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 20. artikuluan xedatutakoa betez, Sercontrol 2000 SLren esku utzi zen espediente osoa, bertan jasotako emaitzarekin.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

1.– 2016ko abenduaren 31n, Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu zen 1/2016 Legegintzako Errege Dekretua, abenduaren 16koa, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bategina onartzen duena.

2.– Aipatutako testu bateginaren 26. artikuluan daude ezarrita baimena berrikusteko baldintzak. Horri jarraituz, lau urteko epean, instalazioaren jarduera nagusiari dagozkion TEOen inguruko ondorioak argitaratzen direnetik aurrera, organo eskudunak ziurtatuko du instalazioaren baimenaren baldintza guztiak berrikusi direla eta, beharrezkoa izanez gero, egokitu direla, eta instalazioak aipatutako TEO erreferentzia-agirien ondorio aplikagarriak betetzen dituela.

3.– 2018ko abuztuaren 17an, Europar Batasunaren Egunkari Ofizialean argitaratu zen Batzordearen 2018ko abuztuaren 10eko 2018/1147 Betearazpen Erabakia (EB), hondakinak tratatzeko teknika erabilgarri onenei buruzko ondorioak ezartzen dituena, bat etorriz Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren industria-emisioei buruzko 2010/75/EB Zuzentarauarekin.

4.– 2020ko urtarrilaren 27an, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu zen 4/2020 Dekretua, urtarrilaren 21ekoa, zeinaren bidez indargabetu egiten baita irailaren 25eko 183/2012 Dekretua, Ingurumeneko administrazio-prozeduretan zerbitzu elektronikoen erabilera arautzeko eta ingurumenean eragina duten jardueren Euskal Autonomia Erkidegoko erregistroa sortzeko eta arautzeko dena.

5.– Ingurumen-baimen integratua eman ondoren, ingurumenari buruzko araudi berria promulgatu da; beraz, egokia da indarrean dagoen araudi berrira egokitzea, ofizioz, Ingurumeneko sailburuordearen 2015eko uztailaren 7ko Ebazpenaren baldintzak, ebazpen horren laugarren apartatuan ezarritakoari eta Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 44. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

6.– Adierazi behar da ebazpen honek kontuan izan dituela teknika erabilgarri onenak eta aplikatzekoa den sektoreko legeriak zehaztutako neurriak eta baldintzak, bai instalazioak gehienez isur edo igor ditzakeen gai kutsagarrien muga-balioak zehazteko, bai ingurumen osoa ahalik eta gehien babesteko helburuz, instalazioaren ustiapenari ezarriko zaizkion bestelako baldintzak erabakitzeko. Zehazki, Europako Batzordearen BREF dokumentu honen edukia hartu da kontuan: Hondakinen tratamendurako TEO («Best available techniques conclusions for waste treatment»), 2018ko abuztukoa.

7.– Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 72. artikuluan, izapideen kontzentrazioari buruzkoan, xedatutakoa aplikatuko da: «Administrazioa sinplifikatzeko printzipioari jarraikiz, egintza bakar batean erabakiko dira izaeragatik batera bultza daitezkeen eta nahitaez bata bestearen ondoren bete beharrekoak ez diren izapide guztiak».

8.– Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzak ebazpen hau emateko eskumena du, bat etorriz Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean eta Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko den otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuan aurreikusitakoarekin.

9.– Aztertu dira aipatu legeria eta oro har aplikatu beharreko gainerako arau-xedapenak.

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Berrikustea Sercontrol 2000 SLri Amorebieta-Etxanoko udal-mugartean (Bizkaia) hondakin arriskutsuak sailkatu, multzokatu eta aldi baterako biltegiratzeko instalaziorako emandako ingurumen-baimen integratua, 2015eko uztailaren 7ko Ebazpenaren bidez emana, Batzordearen 2018ko abuztuaren 10eko 2018/1147 Betearazpen Erabakian (EB) jasotako baldintzetan.

Bigarrena.– Aldatzea Sercontrol 2000 SLri 2015eko uztailaren 7ko Ebazpenaren bidez emandako ingurumen-baimen integratua, hondakin arriskutsuak sailkatu, multzokatu eta aldi baterako biltegiratzeko instalaziorako, eta, zentzu horretan, ebazpen horretako lehenengo, bigarren laugarren eta seigarren apartatuak ere aldatzea, zeinak honela geratuko baitira idatzita:

«Lehenengoa.– Ingurumen-baimen integratua ematea Sercontrol 2000 SLri (egoitza soziala: El Campillo industrialdea, 10-2 pab., 48500 Abanto Zierbena; IFK: B48993000), hondakin arriskutsuak sailkatu, multzokatu eta aldi baterako biltegiratzeko instalaziorako Amorebieta-Etxanoko udal-mugartean; ebazpen honen bigarren atalean ezarri dira baldintzak.

Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen 1/2016 Legearen 1. eranskineko 5.6 kategorian sartuta dago jarduera hori:

«5.6. Aldi baterako biltegiratzea 5.5 epigrafean jasota ez dauden hondakin arriskutsuak, 5.1., 5.2., 5.5. eta 5.7. epigrafeetan adierazitako tratamenduetako bat aplikatu arte, 50 tonatik gorako edukierarekin, jasotzeko zain dagoen bitartean sortu den lekuan bertan aldi baterako biltegiratzea alde batera utzita».

Instalazioa San Antonio Egizabalgo industrialdean dago. Amaierako kudeatzaileari bidali aurretik hondakinak biltegiratzean datza jarduera (kudeaketa-operazioa: R13/D15).

Kudeatzeko jasotzen diren hondakin arriskutsuen biltegiratzeko gehieneko gaitasuna 89 tonakoa da, honela banaturik:

– Produktu kimikoak biltegiratzeko arauen arabera kudeatu beharreko hondakinak: 29 tona.

– Arrisku gutxiagoko hondakinak, produktu kimikoak biltegiratzeko arauen arabera kudeatu behar ez direnak: 60 tona.

Kudeaketa-prozesuak etapa hauek ditu:

1.– Hondakina jaso aurretik.

Hondakinaren nolakotasuna zehazten da, hura suntsitzeko tratamendurik egokiena zein den erabakitzeko. Honetan datza:

– Hondakina eta hura sortzen duen prozesua ezagutzea.

– Laginak hartzea eta aztertzea.

– Hondakinak karakterizatzea.

– Hondakinak onartzea (egokia bada).

2.– Hondakinak jasotzea, prestatzea eta biltegiratzea.

Horren barne daude hondakinak instalaziora sartzen direnetik kudeaketa eta tratamendua jasotzeko bertatik irteten diren arte egiten diren lanak. Honako jarduera hauek egiten dira:

– Hondakin arriskutsuen kalitatearen kontrola (instalazioan jasotako hondakinaren laginketa eta analisia eginez).

– Hondakin arriskutsua onartzea/itzultzea.

– Hondakina prestatzea.

– Berdinak diren hondakinak multzokatzea.

– Hondakin berdintsuak nahastea eta homogeneizatzea.

– Hondakina berrontziratzea.

– Hondakina identifikatzea eta etiketatzea.

– Hondakinak apalategietan biltegiratzea, hondakin-familien arabera.

3.– Hondakina amaierako tratamendura bidaltzea.

Honako jarduera hauek egiten dira:

– Bidali beharreko hondakinaren onarpena eskatzea (hartzaileari).

– Hondakina bidaltzea.

– Produktua kontrolatzea eta aztertzea.

– Garraiorako baldintzak (garraio-gutunak, segurtasun-fitxak, etab).

– Hondakina kargatzea eta helmugara bidaltzea.

Fase horiek bata bestearen atzetik egiten diren arren, praktikan batera eta aldi berean egiten dira. Instalazioan sartu aurretik, hondakinak aztertu dira dagoeneko, eta beren azken helmuga zein izango den ezaguna da, instalazioak hondakina bertara bidaltzeko baimen guztiak badituelarik.

Prozesuetan sortutako industriako hondakin-urak kudeatzaile baimendu baten bitartez tratatzen dira. Sortutako ur sanitarioak Amorebieta-Etxanoko Udalaren saneamendu-kolektorera bideratzen dira.

Sortutako hondakin arriskutsuak zein arriskugabeak ekipoak mantentzeko eta instalazioa zaintzeko jarduera orokorretatik datoz, nagusiki.

Sercontrol 2000 SLren jardueran, BREFean hondakin-kudeatzaileen industriarako jasotako teknika erabilgarri onenak aplikatzen dira («Reference Document on Best Available Techniques in the Waste Treatments Industries, 2018ko abuztua): MTD1, MTD2, MTD4, MTD5, MTD6, MTD8, MTD14, MTD18, MTD19, MTD21, MTD24».

«Bigarrena.– Baldintza eta betekizun hauek ezartzea Sercontrol 2000 SLk Amorebieta-Etxanoko udal-mugartean (Bizkaia) sustatutako jardueraren ustiapenari, alegia, hondakin arriskutsuak sailkatu, multzokatu eta aldi baterako biltegiratzea.

A) Gutxienez seiehun mila euroko (600.000) erantzukizun zibileko aseguru bat eratu beharko da, honako hauek estaliko dituena: hirugarren pertsonei edo horien ondasunei sortutako balizko kalteengatiko kalte-ordainak, eta baimen honek onartutako jardueraren ondorioz aldatzen den ingurumena konpondu eta leheneratzeko kostuak.

Aseguru horren zenbatekoa urtero eguneratu ahal izango da, aurreko 12 hilabeteetako kontsumoko prezioen indizearen arabera (KPI) handituz.

B) Ehun eta hogeita bederatzi mila bederatziehun eta hiruroigeita sei (129.966) euroko fidantza jartzea, bat etorriz Ekonomia zirkularrerako hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 23. artikuluko 5.b) apartatuan xedatutakoarekin. Fidantza horren zenbatekoa hondakinak tratatu eta biltegiratzeko gehieneko gaitasunen arabera zehazten da.

Fidantza horren zenbatekoa urtero eguneratu ahalko da, aurreko 12 hilabeteetako kontsumoko prezioen indizearen (KPI) arabera handituta.

Jarritako fidantza ez da itzuliko, Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzak Sercontrol 2000 SLk sustatutako hondakin arriskutsuak kudeatzeko jarduera uztea baimendu arte edo dagokionean jarduera uzteko finkatutako baldintzak bete arte; baldintza horiek, betiere, lurzoruaren kalitate-adierazpenean ezartzen diren betekizunak barne hartuko dituzte.

C) Ingurumen-erantzukizuna.

Sercontrol 2000 SL 3. lehentasun-mailako operadore gisa dago sailkatuta ekainaren 22ko ARM/1783/2011 Aginduaren arabera. Agindu horren bidez ezartzen da, hain zuzen ere, Ingurumen Erantzukizunari buruzko urriaren 23ko 26/2007 Legearen azken xedapenetako laugarrenean aurreikusten diren eta urriaren 23ko APM/1040/2017 Aginduak aldatzen duen ministerio-aginduak onartzeko lehentasun-ordena eta egutegia.

Sercontrol 2000 SLk bere jarduera profesionalaren ingurumen-arriskuen azterketa egin beharko du, 2090/2008 Errege Dekretuaren 34. artikuluan ezarritakoaren arabera (abenduaren 22koa, Ingurumen-erantzukizunari buruzko urriaren 23ko 26/2007 Legea hein batean garatzeko araudia onartzen duena). Artikulu horren hirugarren puntuaren arabera, operadoreak ingurumen-arriskuen azterketa eguneratuko du egokitzat jotzen duen guztietan, eta, dena dela, jardueran, instalazioan edo baimenean funtsezko aldaketak egiten direnean.

Finantza-bermea eratu ondoren, erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko dio agintaritza eskudunari, eta adierazpen horrek 2090/2008 Errege Dekretuaren IV.1 eranskinean adierazitako informazioa jaso beharko du gutxienez. 26/2007 Legearen 28. artikuluko a) eta b) apartatuetan aurreikusitako salbuespenei jarraikiz, jarduera finantza-bermea eratzetik salbuetsita geratzen bada, agintaritza eskudunari erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko dio, zeinetan IV.2 eranskinean jasotako informazioa jasoko baita gutxienez.

Jardueraren operadoreak ingurumen-kalteak prebenitzeko, saihesteko eta konpontzeko neurriak hartu eta betearazi behar ditu, eta horien kostuak ordaindu behar ditu, zenbatekoa edozein dela ere, baita dolorik, errurik edo zabarkeriarik izan ez bada ere, Ingurumen-erantzukizunari buruzko Legearen 19.1 artikuluan adierazten den bezala.

D) Administrazioarekiko harremanez arduratuko den goi-mailako tituludunaren gainean eman dizkion datuetan aldaketarik balego, aldaketa horien berri emango dio Sercontrol 2000 SLk Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari.

E) Babes- eta zuzenketa-neurriak sustatzaileak Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetza honetan aurkeztu dituen agirietan aurreikusi bezala ezarriko dira, indarrean dagoen araudiaren arabera eta apartatu hauetan ezarritakoari jarraituz:

E.1.– Hondakinak hartu, manipulatu eta biltegiratzeko baldintzak eta kontrolak.

Instalazioan balorizazioa egiteko onar daitezkeen hondakinak hurrengo apartatuetan daude zehaztuta, horiek behar bezala kudeatzeko zehaztapenekin batera.

E.1.1.– Hondakin onargarriak.

Sercontrol 2000 SLk ondorengo Europako Hondakinen Zerrendako EHZ kodea duten hondakin hauek tratatu ahal izango ditu goian aipatutako tratamendu-sistemen bidez. Zerrenda hori Batzordearen 2014ko abenduaren 18ko Erabakiaren bidez argitaratu zen (Erabaki horren bidez aldatu egin zen 2000/532/EE Erabakia, hondakinen zerrendari buruzkoa, Europako Parlamentuaren eta Batzordearen 2008/98/EE Zuzentarauan xedatutakoa betetzeko). Halaber, aipatutako erabakiaren arabera emango zaie hondakinei dagokien kodea eta sailkapena, baita Batzordearen 2014ko abenduaren 18ko 1357/2014 (EB) Erregelamenduan ezarritakoaren arabera ere. Erregelamendu horrek ordezten du Europako Parlamentuaren eta Batzordearen 2008/98/EE Zuzentarauaren III. eranskina (2008/98/EE Zuzentaraua, hondakinei buruzkoa eta zuzentarau jakin batzuk indargabetzen dituena). Hortaz, hondakin hauek baino ez dira onartuko:

a) Transferentzia-zentroa - Hondakin arriskutsuen behin-behineko biltegiratzea.

(Ikus .PDF)

b) Transferentzia-zentroa - Hondakin arriskugabeen aldi baterako biltegiratzea (sustatzailea nahiz negoziatzailea).

(Ikus .PDF)

Halaber, zamalanak baimentzen dira, eta, behar izanez gero, hondakin horien berrontziratze-eragiketak.

– Dena dela, baimen honen esparrutik kanpo geratuko dira leherkariak, erregarriak eta hondakin infekziosoak (azken horiei HP1, HP2 eta HP9 arriskugarritasun-kodeak dagozkie, hurrenez hurren), H12 arriskugarritasun-multzoko hondakinak, eta bifenilo polikloratuak edo terfenilo polikloratuak izan edo osagai horiekin kutsatuta daudenak (C32 osagai-kodedunak).

– Ekipamendu elektriko eta elektronikoen hondakinak eta hodi fluoreszenteak Tresna elektriko eta elektronikoen hondakinei buruzko otsailaren 20ko 110/2015 Errege Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.

– Halaber, pilen eta metagailuen hondakinak Pilen eta metagailuen hondakinen ingurumen-kudeaketari buruzko otsailaren 1eko 106/2008 Errege Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.

– Sercontrol 2000 SLk industrian sortutako etxeko zaborrak eta merkataritza-hondakinak kudeatu ahal izango ditu (20. taldeko EHZ kodea duten hondakinak), ebazpen honetan adierazi direnak, baldin eta dagozkion udal-ordenantzen arabera ez bada beharrezkoa hondakinok hondakinen kudeaketa-sistema publiko bati entregatzea.

E.1.2.– Hondakinen sarrera kontrolatzea.

Instalaziora balioztatzeko iristen diren hondakinen kontrola egin beharko da, bat etorriz ebazpen honetako baldintzekin, instalazioan onargarriak direla bermatzeko.

Ezin izango dira onartu baimen honetan adierazitakoez bestelako hondakinak. Dena dela, kudeatu beharreko hondakinak zabaldu nahi izanez gero, beharrezkoa izango da aldez aurretik Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzaren onespena eta ebazpen honen I. apartatuan adierazitakoa betetzea.

Kudeatzaile baimenduekin akordioak egingo dira TEEHak prestatzeko eta berrerabiltzeko.

Hondakin bat onartzeko aukera egiaztatu eta gero, Sercontrol 2000 SLk onarpenaren agiria bidaliko dio hondakinaren titularrari, non baldintzak eta, hondakina entregatzen ez bada, epemuga ezarriko baitira. Horrez gain, hondakina onartzeko parametro mugatzaileak edo baldintzatzaileak jasoko dira, eta, hala badagokio, hondakin-partida bakoitza hartu aurretik aztertu beharreko parametroak.

Sortutako hondakinak beste autonomia-erkidego batzuetara lekualdatzeko, Estatuaren lurraldearen barruan hondakinak lekualdatzea arautzen duen ekainaren 2ko 553/2020 Errege Dekretua eta Euskal Autonomia Erkidegoan gerora egiten den arau horren garapena bete beharko dira.

Hori horrela, hondakinak beste autonomia-erkidego batetik lekualdatzeko, identifikazio-agiri bat aurkeztu beharko da, jarraipena eta kontrola egiteko, bat etorriz Ekonomia zirkularrerako hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 31.2 artikuluarekin.

Unean uneko egoeraren ezaugarriei erreparatuta, ingurumen-organoak azalpenak eska ditzake, argitu diezaioten zergatik den ekonomikoki eta teknikoki ezinezkoa baimen honen barruko hondakinak Euskal Autonomia Erkidegoan kudeatzea, eta hori egingo du autosufizientzia- eta gertutasun-printzipioak aintzat hartuta eta bat etorriz Euskadiko Hondakinak Prebenitu eta Kudeatzeko 2030 Planeko helburu estrategikoetan ezarritakoarekin.

Dena dela, birziklatu edo balorizatu daitezkeen hondakinak helburu horietara bideratuko dira, eta Sercontrol 2000 SLk betetako onarpen-agirietan jasoko da gertaera hori.

Bat etorriz Hondakinak Prebenitzeko eta Kudeatzeko Euskadiko 2030 Planaren helburu estrategikoetan ezarritakoarekin, hondakinak ebazpen honen babesean emandako onarpen-agiri baten kargura bidali aurretik, ingurumen-organo honek baliozkotu beharko du agiri hori. Ezingo da Sercontrol 2000 SLk kudeatu beharreko hondakin arriskutsurik jaso aldez aurretik onarpen-agiria organo honek baliozkotzen ez badu; baliozkotze hori 15 eguneko epean egin beharko da, agiria jasotzen denetik aurrera. Epe hori igarota, ez bada izan berariazko posizionamendurik, hura aldekoa dela ulertuko da. Baliozkotu beharreko onarpen-agirian, besteak beste, honako datu hauek jaso beharko dira: parametro mugatzaileak, hondakinen identifikazioa eta iraungitze-data, baldin eta hondakinik ez bada entregatzen.

Hondakin-partida bat baztertu egiten bada, ez dituelako betetzen onartzeko parametro mugatzaileak, berehala jakinarazi beharko zaio Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari. Horrekin batera, hondakinaren izaera –EHZ kodea– jatorria, kantitatea, enpresa garraiatzailea, bazterketaren arrazoia, baztertutako hondakinaren helmuga eta bestelako gertakariei buruzko datuak eman beharko dira.

Onartu ez den partida beste autonomia-erkidego batetik badator, jatorrizko ingurumen-organoari ere jakinarazi beharko zaio.

Hondakinak onartu eta jasotzeko aukera egiaztatu asmoz, Sercontrol 2000 SLk hondakinen onarpen-parametroak egiaztatzea ahalbidetuko duten baliabide teknikoak eta giza baliabideak izan beharko ditu une oro. Onarpena baldintzatzen duten parametroen zehaztapena beti eta partida guztietan egin beharko da homologatutako metodo baten bitartez eta laborategiko buru batek ikuskatuta. Laborategiko burua zentroko langilea izango da, eta goi-mailako titulu espezializatua eduki beharko du.

Baimendutako EHZ kodea duen hondakin bat onartzerik ez badago, ezezko onarpen-agiria egin beharko da, hondakin hori kudeatzeko ezintasunaren arrazoiak azalduz.

E.1.3.– Zamalanak.

a) Hondakin horien zamalanak egiteko ibilgailuen geralekuek zolata iragazgaitza izango dute, eta, orobat, behar diren maldak eta balizko jarioak biltzeko sareak, horiek kutxatila itsurantz edo biltzeko putzurantz zuzentzeko, betiere bidean ibilgailuaren azpitik igaro gabe edo beste ibilgailu edo instalazio batzuetara hurbildu gabe.

b) Instalazioan, hondakinekin zamalanak egitean edo hondakinak manipulatzean, kontu handia izan beharko da ez dadin gertatu emisio lauso edo kontrolaz kanpokorik, edo bestela, emisiook ahalik eta txikienak izateko. Alde horretatik, garrantzitsua izango da ekipamenduen estankotasuna ziurtatzea.

c) TEEHak jasotzeko eta garraiatzeko baldintzek TEEHak eta horien osagaiak prestatzea eta berrerabiltzea ahalbidetu behar dute, eta ez dira apurtu behar, ezta gehiegi pilatu ere, substantziarik isuri edo materialik galdu behar, eta oliorik eta likidorik isuri behar. Behar bezala beteko dira horiek jaso eta garraiatzeko baldintza espezifikoak, Tresna elektriko eta elektronikoen hondakinei buruzko otsailaren 20ko 110/2015 Errege Dekretuaren VII. eranskinean jasotzen direnak.

d) Aurrez manipulatu diren, hondatuta dauden edo osagai guztiak ez dituzten TEEHak jasotzen badira, gertakari hori behar bezala jakinarazi beharko da E.1.5 apartatuan aipatzen den fitxategi kronologikoan.

E.1.4.– Jasotako hondakinak biltegiratzea.

a) Balorizatu beharreko hondakinen gehieneko biltegiratze-epea bi urtekoa izango da hondakinak arriskugabeak badira, eta sei hilekoa arriskutsuak badira.

b) Tratatu beharreko hondakinak biltegiratzeko instalazioek lurzoru iragazgaitzak izango dituzte, aurreikusitako zamak jasateko eta balizko ihes edo jarioei eusteko gai direnak, eta biltegiratze-eremu bereiziak izan beharko dituzte hondakin onargarrien mota generiko bakoitzerako.

c) Hondakin arriskutsuak biltegiratzetik eratorritako arriskuak murrizte aldera, Sercontrol 2000 SLk hondakinok gune bereizi batean biltegiratu beharko ditu. Gune hori estalita egongo da eta lurzoru estankoak izan beharko ditu.

d) Instalazioan onartutako hondakinak biltegiratzeko orduan, prezipitazio atmosferikoak sartzea eta haizeak hondakinak arrastatzea saihestu beharko da.

e) Hautsezko hondakinak eta soltean jasotakoak pabiloiaren barruan gorde beharko dira, multzotan edo gelaxketan, harik eta tratatzen diren arte.

f) Egoera fisiko likidoan edo oretsuan dauden edo oso bustita daudelako isurketak edo lixibiatuak sor ditzaketen hondakinen kasuan, haiek biltzeko ontzi edo sistema egokiak jarriko dira, balizko jarioak kanpora irten ez daitezen. Bilketa-sistemek independenteak izan behar dute hondakin mota hauetarako: jarioren bat gertatu eta nahasiz gero, arriskugarritasuna handitzea edo kudeaketa zailtzea dakartenetarako.

g) Hondakinak desagertu edo galduko balira, edo ihesak edo jarioak gertatuko balira, berehala jakinaraziko da gertatutakoa Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzan eta Amorebieta-Etxanoko Udalean.

h) Aurrekoez gain, TEEHen kasuan honako hauek bete beharko dira:

– Instalazioak hondakinak pisatzeko baskula izango du.

– TEEHak bereizita bildu beharko dira, gutxienez, 110/2015 Errege Dekretuaren VIII. eranskineko 1. taulan aurreikusten diren zatikiak kontuan hartuta: «GEEen kategorien, GEEHen bilketa-frakzioen eta EHZ-GEEH kodeen arteko baliokidetasunak».

– Halaber, TEEHak biltegiratzeko eremu berezi bat sortu beharko da, berrerabiltzeko prestatzeaz arduratzen diren eragileek ikuskatzeko baldintza egokiekin.

i) Instalazioaren etenaldi teknikoaren egoera berezietan, edo instalazioaren ezohiko funtzionamenduaren ondoriozko bestelako egoeretan, Sercontrol 2000 SLk E.1.1 apartatuan adierazitako hondakinen transferentzia-zentro gisa jardun ahal izango du, hondakinak kudeatzeko beste instalazio baimendu batera eramateko.

j) Aldi baterako biltegiratzean eta ontziak xukatu, prentsatu eta briketatzeko eragiketetan sortutako hondakin likido oro, gaika bildu eta euren artean bateragarriak diren eta gainezkaldi edo estankotasuna galtzearen ondorioz balizko jarioak atxikitzeko sistema duten hondakinentzako gordailuetara eraman behar dira. Horretarako, gutxienez 1 m3-ko eta gaitasun unitarioa duten 3 depositu izango dira, kudeatutako metalezko ontzien tipologiaren arabera.

k) Gordailu horietara bideratuko dira, halaber, biltegiratzeko eta tratatzeko instalazioak garbitzean sortutako efluenteak.

l) Hondakin likido horiek, helburu horretarako baimendutako hondakin arriskutsuen kudeatzaileari bidaliz kudeatu behar dira.

m) Sercontrol 2000 SLk hondakin, substantzia edo prestakin arriskutsuak dituzten edo horiekin kutsatuta dauden metalezko ontziz osatutako hondakin arriskutsuak biltegiratzeko guneak iragazgaiztu beharko ditu, epoxi pintura edo polietileno-xafla baten inprimazioaren bidez.

E.1.5.– Kudeatutako hondakinen datuak erregistratzea.

Bat etorriz Ekonomia zirkularrerako hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 64. artikuluan ezarritakoarekin, Sercontrol 2000 SLk fitxategi kronologikoa izan beharko du, formatu fisiko edo telematikoan. Fitxategian, datu hauek jasoko dira, ordena kronologikoan: hondakinen kantitatea, izaera, jatorria, helmuga eta tratamendu-metodoa. Hala dagokionean, onartutako eta kudeatutako hondakinen garraiobidea eta bilketa-maiztasuna ere jasoko dira. Baztertutako hondakinei dagokienez, berriz, kantitatea, baztertutako hondakina sortzen duen enpresa, baztertzeko arrazoia, baztertutako hondakinaren azken helmuga eta beste gertakari batzuk jasoko dira. Aipatutako fitxategi kronologikoan, hondakinen ekoizpen- eta kudeaketa-lanen agiri bidezko egiaztapenean bildutako informazioa sartu behar da.

Fitxategi kronologiko hori gutxienez hiru urtez gorde beharko da, eta urtero bidali beharko da Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzara, dagokion urteko ingurumena zaintzeko programaren barruan.

Ekonomia zirkularrerako hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 65. artikuluari jarraikiz, urte bakoitzeko martxoaren 31 baino lehen aurkeztu beharko da fitxategi kronologikoan jasotako informazioaren memoria laburra, dagokion urteko ingurumena zaintzeko programaren barruan.

TEEHak kudeatzeko, fitxategi kronologikoa bat etorriko da 110/2015 Errege Dekretuaren XI. eranskinarekin, eta urteko memoriak otsailaren 20ko 110/2015 Dekretuaren XII. eranskineko gutxieneko edukia izan beharko du.

Fitxategi kronologikoa eta jasotako TEEH hondakinei buruzko urteko memoria plataforma elektronikoan kargatuko dira erabilgarri dagoenean, 110/2015 Errege Dekretuaren 55. artikuluan aurreikusitako terminoetan. Plataforma elektroniko horren bitartez, fitxategi kronologikoari eta urteko memoriaren lanketari dagozkion betebeharrak bete ahal izango dira.

Aurreko apartatuetan adierazitako agiriak Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzara bidaliko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eskura jarritako kanal, sistema edo aplikazio informatikoak erabiliz.

E.1.6.– Estatuz kanpotik inportatutako hondakinak.

Kudeatu beharreko hondakinak beste estatu batzuetakoak badira, Hondakinen lekualdaketei buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2006ko ekainaren 14ko 1013/2006 Erregelamenduan ezarritakoa bete beharko da.

TEEHen kudeatzaileei dagokienez, TEEH horiek Europar Batasuneko herrialdeetara nahiz Europar Batasunetik kanpoko herrialdeetara lekualdatzeari buruzko informazioa kargatuko da 110/2015 Errege Dekretuaren 55. artikuluan aipatzen den plataforma elektronikoan.

Horrez gain, aurreikusten bada zabortegian ezabatu beharko direla inportatu beharreko hondakinak zein inportatutako hondakinen helmugako instalazioan aurreikusitako balorizazio- eta ezabatze-tratamendutik lortutako korronte esanguratsuren bat, orduan, kontsulta bat egin beharko zaio organo honi, justifikatuz aurreikusitako mugaz gaindiko lekualdaketak bat datozela Hondakinak Prebenitzeko eta Kudeatzeko Euskadiko 2030 Planean zehaztutako hondakinen inguruko plangintzaren helburuekin.

E.2.– Instalazioaren jardunerako baldintza orokorrak.

E.2.1.– Instalazioan tratatutako hondakinak egoki kudeatzen direla bermatzeko baldintzak.

Hargatik eragotzi gabe E.1 apartatuan adierazten diren hondakinak onartu, jaso, ikuskatu eta biltegiratzeko baldintza eta kontrolak, tratamendu lerro honetarako baldintza hauek betetzen direla bermatu beharko du Sercontrol 2000 SLk:

Transferentzia zentroa - Aldi baterako biltegiratzea.

a) Aldi baterako biltegiratze-jardueraren barruan, honako hauek sartuko dira: multzokatzea, produktua edukiontziz aldatu gabe, lantegian horretarako gaitutako tokian, baita haren zama, hustuketa eta berrontziratzea ere beharrezkoa izanez gero, eta ez da ontzien barruko aldearen edo ontzietan gordetzen diren hondakinen gainean eragina daukan bestelako manipulaziorik aintzat hartzen.

b) Hondakin solteen kasuan, batera biltegiratu ahal izango dira homogeneoak direnak beren izaera, osaketa eta kodeketarekiko; alabaina, aldez aurretik karakterizazioa egin beharko da, ziurtatzeko ezen batera biltegiratzeak ez dakarrela arriskua areagotzerik, ezta azken buruko kudeaketa zailtzerik.

c) Halaber, nahitaez bete beharko dira hondakin arriskutsuak ontziratu eta etiketatzeari buruzko jarraibideak, indarreko araudian jasotakoak.

Halaber, Europako Hondakinen Zerrendan –Batzordearen 2014ko abenduaren 18ko Erabakiaz onartutakoan– ezarri kodearen arabera identifikatu beharko dira hondakinak. Erabaki horren bitartez aldatu zen hondakinen zerrendari buruzko 2000/532/EE Erabakia, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2008/98/EE Zuzentarauari jarraikiz.

d) Hondakinak aldi baterako gordetzeko instalazioetan, hondakin horien zamalanak egiteko ibilgailuen aparkalekuak lurzoru estankoa izango du, eta beharrezko maldak eta balizko jarioak biltzeko sareak, horiek kutxatila itsurantz edo biltzeko putzurantz zuzentzeko, bidean ibilgailuaren azpitik igaro gabe edo gai arriskutsuen beste ibilgailu batzuetara hurbildu gabe.

e) Hondakin arriskutsuak aldi baterako biltegiratzeko instalazioak estalkia izan beharko du, prezipitazio atmosferikorik iragaz ez dadin. Halaber, lurzoru estankoak izango ditu, eta behar diren maldak eta balizko jarioak biltzeko sareak, jariook kutxatila itsurantz edo bilketa-putzurantz bideratzeko, zeinek aurreikus daitezkeen hondakin arriskutsuen balizko ihesen adinako edukiera izango baitute.

f) Segurtasun-tarteei eta babes-neurriei dagokienez, biltegiratutako hondakinek likido sukoiak eta erregaiak eta likido korrosiboak biltegiratzearen inguruan indarrean dagoen arautegian ezartzen diren exijentziak bete beharko dituzte, baita suteen prebentzio- eta babes-arauak ere, eta behar bezala identifikatu beharko dira ezagutu eta bereizi ahal izateko.

g) Jarioak eragin ditzaketen hondakin arriskutsuak kubeta independenteetan biltegiratuko dira, eta, betiere, elkarrekin bateragarriak diren hondakinak dituzten ontzietara bideratuko da kubeta bakoitza. Jarioak biltzeko kubetek zoru eta horma iragazgaitzak izango dituzte, erabat estankoak direnak. Kutxatila horietan jasotako efluenteak kudeatzaile baimendu bati entregatu beharko zaizkio.

h) Baimen honi lotutako hondakin arriskutsu ontziratuak gune bereizietan biltegiratuko dira, motaren arabera identifikatuta. Kudeatzeko jasotzen diren hondakin arriskutsuen biltegiratzeko gehieneko gaitasuna 89 tonakoa da, honela banaturik:

– Produktu kimikoak biltegiratzeko arauen arabera kudeatu beharreko hondakinak: 29 tona.

– Arrisku gutxiagoko hondakinak, produktu kimikoak biltegiratzeko arauen arabera kudeatu behar ez direnak: 60 tona.

i) Berrerabilera barne hartuko duten akordioak sinatuko dira. Horretarako, GEEHak norako horretarako berrikusiko dira, gailu elektriko eta elektronikoen hondakinei buruzko otsailaren 20ko 110/2015 Errege Dekretuaren IX.A eranskineko irizpideekin bat etorriz.

j) Hondakin arriskutsuak ezingo dira sei hilabetetik gora biltegiratu.

k) Hondakin arriskutsuak aldi baterako biltegiratzeko jardueran sortutako efluente oro, ur sanitarioak izan ezik, bereiz jaso beharko da, eta haren ezaugarrien arabera behar bezala kudeatu, eta ezin izango da inola ere sarera isuri.

l) Aldian-aldian, indarraldiaren arabera, Ingurumenaren Iraunkortasunerako Sailburuordetzan ziurtatu beharko da indarrean daudela Sercontrol 2000 SLren eta enpresa horrek bidalitako hondakin arriskutsuen kudeatzaile hartzaileen artean ezarritako onarpen-kontratu edo -gutunak. Hondakinak hartuko dituzten kudeatzaileak ez badaude Espainian kokatuta, mugaz gaindiko lekualdatzeak arautzen dituen Europar Batasuneko araudia bete beharko da.

E.2.2.– Airearen kalitatea babesteko baldintzak.

E.2.2.1.– Baldintza orokorrak.

Sercontrol 2000 SLren instalazioa ustiatzean, honako baldintza hauek bete beharko dira: atmosferara egingo diren emisioek ez gainditzea ebazpen honetan ezarritako balioak, eta Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzak jarraibide teknikoetan ezarritako baldintza teknikoak betetzea, giza osasuna eta ingurumena zainduta, betiere.

Prozesuan zehar aireratzen den gai kutsatzaile oro bildu eta bide egokienetatik kanporatuko da, behar denean, emisio horien ezaugarrien arabera diseinatutako gasak arazteko sistema batetik igaro ondoren.

Arau orokor honetatik salbuetsi ahalko dira emisio konfinatu gabeak, baldin eta teknikoki edota ekonomikoki atzeman ezin badira edo ingurunean oso eragin txikia dutela frogatua badago.

Neurri egokiak hartuko dira istripuzko emisioen probabilitatea murrizteko eta horien ondoriozko efluenteek giza osasunerako eta segurtasun publikorako arriskurik ez izateko. Gas-efluenteak tratatzeko instalazioak efluenteen tenperatura- eta konposizio-aldaketei eraginkortasunez aurre egiteko gisan ustiatu eta mantenduko dira. Halaber, ahalik eta gehien laburtuko dira instalazio horiek gaizki dabiltzan edo geldirik dauden aldiak.

Atmosferako kutsadurari aurre egiteko neurriak daude jasota proiektuan, eta beti beteko dira neurriok. Bereziki, hautsa isurtzea ekiditeko neurriak hartuko dira: hala nola, agregakin-multzoak ureztatzea eta bideak garbitzea.

Instalazioaren titularrek Atmosfera kutsa dezaketen jarduerak burutzen dituzten instalazioak arautzen dituen abenduaren 27ko 278/2011 Dekretuaren 5. artikuluan jasotako betebeharrak bete beharko dituzte.

Atmosferaren arloko eskumenak dituen sailak argitaratutako jarraibide teknikoetan ezarritakoa bete beharko dute honako elementu hauek: sekzioa, neurketa-gunea, laginketa-guneak, neurketa-portuak, irisgarritasuna eta guneen segurtasuna eta zerbitzuak.

Organo horrek foku berri bat baimendu ondoren, hura abiarazten denetik sei hilabete igaro baino lehen, ingurumen-kontroleko erakunde batek egindako hasierako IKE txosten bat igorri beharko da. Dena dela, epe hori luzatzeko eskatu ahalko zaio Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari, betiere behar bezala justifikatutako arrazoiak direla medio.

E.2.2.2.– Fokuak identifikatzea. Katalogazioa.

Sercontrol 2000 SLren instalazioak, urtarrilaren 28ko 100/2011 Errege Dekretuaren eranskinaren arabera B 09 10 09 50 kodea duen jarduerari dagokionak (biltegiratzea edo manipulazio-eragiketak gauzatzea, tartean, hondakin ez-metalezkoak edo metalezko hondakin hautsezkoak nahastea, bereiztea, sailkatzea, garraiatzea edo txikiagotzea, material horien gaineko manipulazio-ahalmena >= 500 t/egun-ekoa izanik, eta hondakin arriskutsuena >= 10 t/egun-ekoa), honako foku hauek ditu, atmosfera babesteko indarreko araudiari jarraikiz:

(Ikus .PDF)

Foku ez-sistematikoetakoren bat, batez beste, urtean hamabi alditan baino gehiagotan funtzionatzera pasatuko balitz, ordubete baino gehiagoko iraupen indibiduala izanik, edo, maiztasuna edozein dela ere, emisioen iraupen orokorra instalazioaren funtzionamendu-denboraren ehuneko bostetik gorakoa bada, emisio-foku gisa araupetu beharko da.

Halaber, baldin eta urte jakin batean foku sistematiko baterako baldintza horietako bakar bat ere betetzen ez bada, urte horretan ez da beharrezkoa izango foku horren gaineko kontrolik egitea; kontrola hurrengo urtean egin beharko da, betiere, kontroletik salbuesteko baldintzek beren horretan jarraitu ezean. Ingurumena zaintzeko dagokion programan justifikatu beharko da inguruabar hori.

E.2.2.3.– Emisioen muga-balioak.

Instalazioa ustiatzean, atmosferara egiten diren emisioetan ez dira muga-balio hauek gaindituko:

(Ikus .PDF)

Balio horiek baldintza hauekin lotuta daude: 273 K-ko tenperatura, 101,3 kPa-ko presioa eta gas lehorra.

Emisio-balioak betetzen diren ebaluatzeko, abenduaren 28ko 278/2011 Dekretuaren 9. artikuluan xedatutakoa beteko da. Ikusten bada emisioko muga-balioren bat ez dela betetzen, behar diren zuzenketa-neurriak hartu beharko dira luzamendurik gabe, eta, berehala, ez-betetzearen, zuzenketa-neurrien eta haien epeen berri eman beharko zaio ingurumenaren arloko eskumenak dituen sailari.

E.2.2.4.– Gasak bildu eta husteko sistemak.

Fokuetako hondakin-gasak kanporatzeko tximiniak ez dira egongo bigarren apartatuko E.2.2.2 azpiapartatuan ezarritako goreneko kotatik behera. Atmosferaren arloko eskumenak dituen sailak argitaratutako jarraibide teknikoetan ezarritakoa bete beharko dute honako elementu hauek: sekzioa, neurketa-gunea, laginketa-guneak, neurketa-portuak, irisgarritasuna eta guneen segurtasuna eta zerbitzuak.

Emisio lausoak minimizatzeko helburuarekin, ihesak antzemateko ekipamenduak erabiliko dira, ingurumenaren kudeaketa egokia egingo da, eta instalazioa modu egokian diseinatuko da.

E.2.3.– Saneamendu-sarera isurtzeko baldintzak.

E.2.3.1.– Isurketen sailkapena, jatorria, ingurune hartzailea eta kokalekua.

Isurketa sortzen duen jarduera mota nagusia: hondakin arriskutsuak sailkatzea, multzokatzea eta aldi baterako biltegiratzea.

(Ikus .PDF)

E.2.3.2.– Isurketen muga-balioak.

Saneamendu-sarera isurtzeko parametroak udalaren saneamendu-sare orokorrean isurtzeko araudian zehaztutakoak izango dira, bertara isurtzen baitu instalazioak. Halaber, hidrokarburoen bereizgailuko uren efluentea isurtzeari dagokionez, parametro hauek bete beharko dira:

(Ikus .PDF)

Ezingo dira diluzio-teknikak erabili, isurketen muga-balioak lortzeko.

E.2.3.3.– Arazteko eta husteko instalazioak.

Hondakin-urak arazteko edo neuri zuzentzaileak hartzeko instalazioek hidrokarburoen bereizgailu bat dute, euri-ur zikinak garbitzeko erabiltzen dena. Sei hilean behin garbitzen da hori, eta sortutako lohia kudeatzaile baimendu batek kudeatzen du.

E.2.4.– Instalazioan sortutako hondakinak modu egokian kudeatzen direla bermatzeko baldintzak.

Instalazioetan sortutako hondakin guztiak Ekonomia zirkularrerako hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legean eta aplikatzekoak diren araudi espezifikoetan ezarritakoaren arabera kudeatuko dira, eta, beharrezkoa bada, karakterizatu egin beharko dira euren izaera eta helmuga egokiena zehazteko.

Berariaz debekatuta dago sortzen diren tipologia ezberdineko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin nahiz efluente batzuekin nahastea; beraz, hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta horiek bildu eta biltegiratzeko bide egokiak jarriko dira, nahasketak ekiditeko.

Hondakinen kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoei jarraituz, hondakin oro balorizatu egin behar da, eta, horretarako, balorizatzaile baimendu bati entregatu beharko zaizkio. Hondakinak kasu honetan baino ezin izango dira deuseztatu: haiek balorizatzea teknikoki, ekonomikoki eta ingurumenaren ikuspegitik bideraezina dela behar bezala frogatzen bada. Birsortzea-berrerabiltzea lehenetsiko da balorizatzeko beste edozein moduren aurretik, izan materiala edo energetikoa.

Halaber, Euskal Autonomia Erkidegoan instalazio baimendurik badago hondakin zehatz batzuk tratatzeko, hondakin horiek instalazio haietara bidaliko dira lehentasunez, autosufizientzia- eta gertutasun-printzipioei jarraituz.

Hondakinen azken helmuga zabortegi baimenduan ezabatzea dela aurreikusten bada, hondakinak karakterizatzeko, Hondakinak hondakindegietan hartzeko irizpideak eta prozedurak ezartzen dituen Kontseiluaren 2002ko abenduaren 19ko 2003/33/EE Erabakiak xedatutakoari jarraituko zaio, bai eta Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuak ezarritako jarraibideei ere.

Instalazioan sortutako hondakinen kantitateak –ebazpen honetan daude jasota– orientagarriak dira soilik; kantitate horiek kalkulatzeko kontuan hartu dira jardueraren ekoizpen-gorabeherak eta ekoizpenaren eta sortutako hondakinen arteko erlazioa. Datu horiek jardueraren adierazleetan ageri dira. Hargatik eragotzi gabe abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 10. artikuluan ezarritakoa, instalazioko aldaketak kalifikatzeko, kasu honetan soilik eskatu beharko da baimena egokitzea: baldin eta sortutako hondakinen kantitatea handitzeak aurretik ezarri diren biltegiratze- eta ontziratze-baldintzak aldatu beharra badakar.

Hondakinak biltegiratzeko eremuak edo eremuek lurzoru estankoa izango dute. Egoera fisiko likidoan edo oretsuan edo oso bustita egoteagatik, hondakinok isurketak edo lixibatuak sortzeko arriskua badute, horiek biltzeko kubeta edo sistema egokiak izan beharko dira, balizko jarioak kanpora irten ez daitezen. Hautsezko hondakinen kasuan, hondakinak euri-urarekin bustitzea edo haizeak herrestan eramatea eragotziko da, eta, beharrezkoa izanez gero, estali egingo dira.

Hondakinak lehen aldiz atera aurretik, kudeatzaile baimenduari ematen zaizkion sortutako hondakinak behar bezala identifikatu eta sailkatzen direla justifikatu beharko da, bereziki hondakin arriskutsuen izaerari eta arrisku-ezaugarriei dagokienez, bat etorriz, betiere, honako zerrenda honetan ezarritako irizpideekin: Hondakinen Europako Zerrenda, Batzordearen 2014ko abenduaren 18ko Erabakiz argitaratua, zeinaren bidez aldatzen baita hondakinen zerrendari buruzko 2000/532/EE Erabakia; eta Batzordearen 2014ko abenduaren 18ko 1357/2014/EB Erregelamendua, zeinaren bidez ordezten baita Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2008/98/EE Zuzentarauaren III. eranskina (zuzentarau hori hondakinei buruzkoa da, eta zuzentarau jakin batzuk baliogabetu zituen). Hori egiaztatu ondoren, eguneratu egingo dira baimen honetan jasota eta hura izapidetzeko orduan indarrean zeuden identifikazioa eta sailkapena.

Hondakinak desagertu edo galduko balira, edo ihesak gertatuko balira, berehala jakinaraziko zaie gertatutakoa Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari eta Amorebieta-Etxanoko Udalari.

Sortutako hondakinak beste autonomia-erkidego batzuetara lekualdatzeko, Estatuaren lurraldearen barruan hondakinak lekualdatzea arautzen duen ekainaren 2ko 553/2020 Errege Dekretua eta Euskal Autonomia Erkidegoan gerora egiten den arau horren garapena bete beharko dira.

Hori horrela, hondakinak beste autonomia-erkidego batetik lekualdatzeko, identifikazio-agiri bat aurkeztu beharko da, jarraipena eta kontrola egiteko, bat etorriz Ekonomia zirkularrerako hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 31.2 artikuluarekin.

Nahitaezko aurretiko jakinarazpen-kasuetan, uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 25. artikuluan aurreikusitako eta ekainaren 2ko 553/2020 Errege Dekretuaren 9. artikuluan garatutako kausetako bat gertatzen denean, hala organo honek nola helmugako autonomia-erkidegoko organo eskudunak hondakinak garraiatzearen aurka egin ahalko dute; arrazoitutako erabakia garraio-jakinarazpena aurkeztu eta gehienez hamar eguneko epean jakinarazi beharko diote operadoreari.

Baldin eta hondakin arriskugabeak Estatutik kanpora esportatzen badira, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2006ko ekainaren 14ko 1013/2006 Erregelamenduan, hondakinen lekualdaketei buruzkoan, ezarritakoa bete beharko da.

E.2.4.1.– Hondakin arriskutsuak.

Sustatzaileak hondakin arriskutsu hauek aitortu ditu:

(Ikus .PDF)

a) Hondakin arriskutsu bakoitzari dagokion izendapena eta kodeketa hondakin bakoitzaren egoera eta ezaugarrien arabera ezartzen dira, baimena izapidetzean jasotako informazioa oinarri hartuta. Kode batzuek aldaketaren bat izan badezakete ere, beste batzuk, oinarrizkoak direlako, aldatu gabe utzi behar dira ekoizpen-jardueran zehar. Horiek definitzen dituzte mota eta hondakinaren osagai arriskutsuak. Kudeaketa-bideetan hierarkizazioa egokia dela egiaztatzeko eta Hondakinak Kudeatzeko Europako Estrategian bai Hondakinak Prebenitzeko eta Kudeatzeko Euskadiko 2030 Planean ezarritakoa betetzen dela bermatzeko, organo honek onartu egin beharko du hondakin bakoitzaren tratamendu-kontratuetan jasotako informazioa, dagokion kudeatzaile baimenduak horretarako eskaria egin ostean. Egiaztatzeak garrantzi berezia izango du, batez ere, leheneratzea edo balorizazioa kudeatzeko eragiketa-kodearen arabera kudeatu diren hondakinen tratamendu-kontratuetan lagatze- edo ezabatze-kodeak balorizatzeko eskatzen bada.

b) Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak bereiziak izango dira, duten tipologia dela eta, jariorik gertatuz gero, nahasi, arriskutsuago bihurtu edo kudeaketa zaildu dezaketen kasuetan.

c) Hondakin arriskutsuak ontziratzeko, indarrean dagoen araudian ezarritako segurtasun-arauak bete beharko dira. Hondakin arriskutsuak dauzkaten ontziek eta ontzikiek etiketa argia, irakurgarria eta ezabagaitza eduki beharko dute eta itxita egon beharko dute kudeatzaileari eman arte, edukiak jariatuta edo lurrunduta gal ez daitezen.

d) Hondakin arriskutsuak ezin izango dira 6 hilabetetik gora eduki biltegian.

e) Hondakinak kudeatzaile baimenduaren instalazioetara eraman aurretik, nahitaezko baldintza izango da agiri baten bidez egiaztatzea kudeatzaile baimendu horrek hondakinak onartzen dituela. Agiri horretan hondakinak onartzeko baldintzak ezarriko dira, eta egiaztatu egingo da tratatu beharreko hondakinaren ezaugarriak administrazio-baimenarekin bat datozela. Agiri hori Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzara bidaliko da hondakina lehenengoz erretiratu aurretik, eta, behar izanez gero, hondakinen kudeatzaile berri batengana bidali aurretik. Beharrezkoa izanez gero, karakterizazio zehatza egingo da, proposatutako tratamenduaren egokitasuna egiaztatzeko. Hala badagokio, arrazoitu egin beharko da proposatutako kudeaketa modua ebazpen honen hondakin-kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoei egokitzen zaiela.

f) Hondakin arriskutsuak eraman aurretik eta, hala badagokio, horretarako egin beharreko jakinarazpena aurretiaz eginda dagoela, araudian zehaztutako moduan, identifikaziorako agiria bete beharko da. Agiri horren ale bat garraiolariari emango zaio, eta zamarekin batera eraman beharko da jatorritik helmugaraino. Sercontrol 2000 SLk tratamendu-kontratuak eta identifikazio-agiriak edo haien baliokide diren agiri ofizialak erregistratu eta artxiboan gorde beharko ditu, gutxienez hiru urtez.

g) Egiaztatu beharko da kudeatzaile baimenduaren instalazioetara hondakin arriskutsuak eramateko garraiobideak betetzen dituela halako gaiak garraiatzeari buruzko indarreko legerian eskatutako betebeharrak.

h) Sercontrol 2000 SLk Industriako olio erabiliaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuaren arabera kudeatu beharko du sortutako olio erabilia.

i) Tresna elektrikoen eta elektronikoen hondakinei buruzko otsailaren 20ko 110/2015 Errege Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira ekipamendu elektriko eta elektronikoen hondakinak; besteak beste, lanpara fluoreszenteenak. Halaber, Pilei eta metagailuei eta haien hondakinen ingurumen-kudeaketari buruzko otsailaren 1eko 106/2008 Errege Dekretuan xedatutakoa bete beharko dute pilen eta metagailuen hondakinek. Kudeatzaile baimenduaren onarpen-agiria izateko, eraman aurretiko jakinarazpena egiteko eta kontrol- eta jarraipen-agiria betetzeko betebeharretik salbu egongo dira kudeaketa-sistema integratuko kudeaketa-azpiegituretara eramaten diren hondakinak, bai eta toki-erakundeei ematen zaizkienak ere, gaika bildutako udal-hondakinekin eta haien parekoak direnekin batera kudea ditzaten, baldin eta dagokion toki-erakundeak eman izana egiaztatzen badu. Toki-erakundeei eman izanaren egiaztagiriak gutxienez hiru urtez gorde behar dira.

j) Sercontrol 2000 SLk poliklorobifeniloak (PCB) dituzten edo izan ditzaketen aparatuak dauzkan bitartean, haiek behar bezala kudeatzeko abuztuaren 27ko 1378/1999 Errege Dekretuan (poliklorobifeniloak, polikloroterfeniloak eta horiek dituzten aparatuak ezabatzeko eta kudeatzeko neurriak ezartzen dituena) eta hura aldatu zuen otsailaren 24ko 228/2006 Errege Dekretuan adierazitako baldintzak bete beharko ditu.

k) Europako Parlamentuak eta Kontseiluak ozono-geruza agortzen duten substantzien gainean 2009ko irailaren 16an eman zuen 1005/2009/EE Erregelamenduak adierazten dituen substantzia erabiliak baldin baditu Sercontrol 2000 SLk, berreskuratu egingo ditu, aldeek onetsitako bitarteko teknikoen bidez edo ingurumenaren ikuspegitik onargarri den beste edozein deuseztatze-bide tekniko erabiliz; bestela, birziklatzeko edo birsortzeko erabiliko ditu aparatuak berrikusteko edo mantentzeko eragiketetan, edo desmuntatu edo deuseztatu aurretik.

l) Sercontrol 2000 SLk urtero adierazi beharko du Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzan ekitaldi bakoitzean sortu dituen hondakin arriskutsu guztien jatorria, kopurua, helburua eta aldi baterako biltegiratuta dauden hondakinen zerrenda. Datu horiekin batera, dagokion ingurumena zaintzeko programa ere bidaliko du, dagokion urtekoa.

m) Bat etorriz Ekonomia zirkularrerako hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 65. artikuluan xedatutakoarekin, Sercontrol 2000 SLk urtero adierazi beharko dio Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari ekitaldi bakoitzean sortu dituen hondakin arriskutsu guztien jatorria eta kantitatea, helmuga eta aldi baterako biltegiratuta dauden hondakinen laburpen-memoria. Datu horiekin batera, dagokion ingurumena zaintzeko programa ere bidaliko du, dagokion urtekoa.

n) Ekonomia zirkularrerako hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 64. artikuluarekin bat etorriz, artxibo kronologiko bat egingo da, eta bertan adieraziko dira kopurua, mota, identifikazio-kodea, jatorria, metodoak eta tratatzeko lekuak eta hondakin guztien sorrera- eta lagapen-datak. Artxibo hori gutxienez 3 urtez gorde beharko da, eta urtero bidali beharko du Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzara, dagokion urteko ingurumena zaintzeko programaren barruan.

o) Hondakin arriskutsuak kudeatzeko funtsezko oinarrietako bat betetzeko, zeinaren helburua baita hondakin horiek ahalik eta gehien murriztea baldin eta urtero hondakin arriskutsuen 10 tona baino gehiago sortzen badira, Sercontrol 2000 SLk, gutxienez lau urterik behin, plan bat aurkeztu beharko dio Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari hondakin arriskutsu horiek murrizteko Ekonomia zirkularrerako hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 18.7 artikuluaren arabera, baldin eta, lege horren araudia garatzean, Sercontrol 2000 SL ez bada katalogatzen hondakin arriskutsuen sortzaile txiki modura.

p) Baldin eta Sercontrol 2000 SL bada Ontziei eta ontzien hondakinei buruzko apirilaren 24ko 11/1997 Legearen lehenengo xedapen gehigarriari atxiki zaion hornitzaile batengandik eskuratutako merkataritzarako edo industriarako ontzi baten azken jabea, bera da ontzi-hondakin edo ontzi erabili horren ingurumen-kudeaketa zuzena egitearen arduraduna, eta, beraz, hondakin hori kudeatzeko baimena duen kudeatzaile bati entregatu beharko dio.

q) Apartatu honetako e) eta f) letretan (kudeatzaileak EAEn daudenean) eta l), m) eta n) letretan adierazitako agiriak Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzara bidaliko dira, transakzio elektroniko bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eskura jarritako kanal, sistema edo aplikazio informatikoak erabiliz.

r) Amiantoa duten hondakinak antzemanez gero, Sercontrol 2000 SLk Amiantoak ingurumenean sortzen duen kutsadura saihestu eta gutxitzeari buruzko 108/1991 Errege Dekretuan (3. artikulua) ezarritako eskakizunak bete beharko ditu. Halaber, amiantoa duten hondakinak kudeatzeko manipulazioak 396/2006 Errege Dekretuan ezarritako eskakizunen arabera egingo dira; errege-dekretu horren bidez ezarri ziren amiantoarekin lan egiterakoan segurtasun- eta osasun-arloan bete behar diren gutxieneko baldintzak.

E.2.4.2.– Hondakin arriskugabeak.

Sustatzaileak hondakin arriskugabe hauek aitortu ditu:

(Ikus .PDF)

a) Bat etorriz bigarren apartatuko E.2.4 azpiapartatuan xedatutakoarekin, hondakinen kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoei jarraituz, hondakin oro balorizatu egin behar da, eta, hartarako, balorizatzaile baimendu bati entregatu beharko zaizkio. Hondakinak kasu honetan baino ezin izango dira deuseztatu: haiek balorizatzea teknikoki, ekonomikoki eta ingurumenaren ikuspegitik bideraezina dela behar bezala frogatzen bada. Justifikazio tekniko hori lortzeko, hondakin hori onartzeko baimenduta dauden hiru kudeatzailek ezetza eman behar diote kasuan kasuko hondakina balorizatzeari.

b) Erabilitako ontziak eta ontzi-hondakinak gaika eta behar bezala bereizi, eta eragile ekonomiko bati emango zaizkio (hornitzaileari), erabilitako ontzien kasuan berriro erabili ahal izateko; ontzi-hondakinak, berriz, leheneratzaile, birziklatzaile edo balorizatzaile baimendu bati.

c) Hondakin horiek ezabatzeko direnean ezin dira urtebete baino gehiagoz biltegiratuta eduki. Hondakinen azken helburua balioztatzea denean, aldiz, 2 urtez gorde ahal izango dira.

d) Oro har, ebakuatu aurretik hondakin guztiek izan beharko dute kudeatzaile baimendu batek emandako onarpen-agiria, onarpen horretarako baldintzak zehaztuta. Hala badagokio, arrazoitu egin beharko da proposatutako kudeaketa modua ebazpen honen hondakin-kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoei egokitzen zaiela. Sercontrol 2000 SLk erregistratu eta artxibategian gorde beharko ditu onarpen-agiriak edo haien agiri ofizial baliokideak, nahitaezkoak badira, gutxienez hiru urtez.

e) Hondakina zabortegian biltegiratuz gero, jarraipen- eta kontrol-agiria bete beharko da hondakin ez-arriskutsua lekualdatu aurretik, bat etorriz Hondakinak zabortegian biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzeko otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan xedatutakoarekin.

f) Balorizatzeko edo ezabatzeko helburuarekin hondakinak beste autonomia-erkidego batera lekualdatzeko, identifikazio-agiri bat aurkeztu beharko da, jarraipena eta kontrola egiteko, bat etorriz Ekonomia zirkularrerako hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 31.2 artikuluarekin.

g) Baldin eta Sercontrol 2000 SL bada Ontziei eta ontzien hondakinei buruzko apirilaren 24ko 11/1997 Legearen lehenengo xedapen gehigarriari atxiki zaion hornitzaile batengandik eskuratutako merkataritzarako edo industriarako ontzi baten azken jabea, bera da ontzi-hondakin edo ontzi erabili horren ingurumen-kudeaketa zuzena egitearen arduraduna, eta, beraz, hondakin hori kudeatzeko baimena duen kudeatzaile bati entregatu beharko dio.

h) Bat etorriz Ekonomia zirkularrerako hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 65. artikuluan xedatutakoarekin, Sercontrol 2000 SLk urtero adierazi beharko dio Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari sortu dituen hondakin arriskugabe guztien jatorriaren eta kantitatearen, haien helmugaren eta aldi baterako biltegiratuta dauden hondakinen laburpen-memoria, deklarazioaren xede den ekitaldiaren amaieran. Datu horiekin batera, dagokion ingurumena zaintzeko programa ere bidaliko du, dagokion urtekoa.

i) Bat etorriz Ekonomia zirkularrerako hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 64. artikuluarekin, fitxategi kronologiko bat egingo da, eta bertan adieraziko dira kopurua, mota, identifikazio-kodea, jatorria, metodoak eta tratatzeko lekuak eta hondakin guztien sorrera- eta lagapen-datak. Artxibo hori gutxienez 3 urtez gorde beharko da, eta urtero bidali beharko du Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzara, dagokion urteko ingurumena zaintzeko programaren barruan.

j) Apartatu honetako d) eta e) letretan (kudeatzaileak EAEn daudenean), eta f) h) eta i) letretan adierazitako agiriak Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzara bidaliko dira, transakzio elektroniko bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eskainitako kanal, sistema edo aplikazio informatikoak erabiliz.

E.2.5.– Lurzorua babesteko baldintzak.

Bat etorriz urtarrilaren 14ko 9/2005 Errege Dekretuan eta Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legean ezarritako aginduak betez lurzoruaren egoerari buruz aurkeztutako txostenean jasota dauden gomendioekin, Sercontrol 2000 SLk lurzorua babesteko beharrezko neurriak hartu beharko ditu.

Bat etorriz ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 16. artikuluko 2. apartatuarekin, lurzoruaren egoeraren txostenak aurkeztu beharko dira, gutxienez 5 urtean behin, lege hori indarrean jartzen denetik aurrera.

Halaber, aurreko lerrokadan aipatutako araudian, abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuan eta urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuan ezarrita dauden lurzorua babesteko betebeharrak betetze aldera, sustatzaileak honako hauek aurkeztu beharko ditu:

– Oinarrizko txostena, abenduaren 26ko 209/2019 Dekretuaren 20. artikuluan aipatutako epeak eta maiztasunak beteta.

– Lurzoruen eta lurpeko uren kontrol- eta jarraipen-agiriak, urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren 10.2 artikuluan ezarritako epeen arabera.

Dena dela, sustatzaileak lurzoruen dokumentu bakar bat bidaliko du, ikerketa-lanak egiten eta lurzoruaren kalitatea leheneratzen diharduen erakunde egiaztatu batek egina, eta aipatutako txostenak bilduko ditu hor (lurzoruaren egoerari buruzko aldizkako txostena, oinarrizko txostena eta lurzoruen eta lurpeko uren kontrol- eta jarraipen-agiriak). Emandako agiriak aldatu edo agiri berriak eman behar diren bakoitzean, lurzoruen agiri bakar berri bat bidaliko da.

Lur-mugimenduak.

Sustatzaileak baldintza hauek bete beharko ditu instalazioetan egindako aldaketek eragindako lur-mugimenduei dagokienez:

1.– Instalazioa baimenduta dagoen lurzatiaren barruan lurrak mugitzea dakarren aldaketa bat aurreikusiz gero:

a) Bat etorriz ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 25. artikuluko 1.c) apartatuan jasotzen denarekin, induskatu beharreko materialak (lurrak, eraiste-hondakinak, etab.) karakterizatu egin beharko ditu jardueraren sustatzaileak, ekintza kutsatzaileen ondorioz erasan zaien ala ez egiaztatzearren, eta, karakterizazio horren emaitzen arabera, horiek kudeatzeko modu egokiena zehaztearren.

b) Jarduketa horretan aurreikusten bada induskatu beharreko materialen bolumena 500 m3-tik gorakoa dela (zolatak barne), edo jarduketa burutu bitartean gainditze hori antzematen bada, nahitaezkoa izango da indusketa selektiborako plan bat aurkeztea, lurzoruaren kalitatea ikertzeko eta leheneratzeko egiaztatuta dagoen erakunde batek egina. Indusketa-planak abenduaren 26ko 209/2019 Dekretuaren IV. eranskinean adierazitako edukia jaso beharko du, eta ingurumen-organoak onartu beharko du hura gauzatu aurretik.

c) Induskatu beharreko bolumena 500 m3-tik beherakoa bada, aldaketaren jakinarazpenak honako informazio hau jaso beharko du:

– Jarduketaren pertsona fisiko edo juridiko sustatzailearen eta jarduketa burutuko duen kontratudunaren identifikazioa.

– Jarduketaren xede den lekua non dagoen, baita Lurzoruaren Kalitatearen Administrazio Erregistroaren erreferentzia ere.

– Jarduketaren xede den eremuaren mugaketa eta azalera. Jakinarazpenean, lurzatia eta jarduketa-gunea zehatz-mehatz non dauden jakitea ahalbidetzen duten planoak erantsiko dira.

– Jarduketaren deskribapen xehatua.

– Induskatuko diren materialen bolumena, baita zolatak ere.

– Ingurumen-jarraipenerako lanen eta azken txostena egitearen arduradunaren identifikazioa; artikulu honetan aipatutako kasuetan, erakunde egiaztatua izan beharko du.

– Jarduketa hasteko aurreikusitako datak.

d) Aurreko kasuetako edozeinetan, obra egin ondoren, azken txostena bidali beharko du, eta, bertan, lurren karakterizazioaren emaitzak adierazi beharko dira. Horrez gain, induskatutako materialen berrerabilera edo kudeaketa egokia egiaztatzeko txosten bat ere bidali beharko da. Indusketaren bolumena 100 m3-tik gorakoa bada, erakunde egiaztatu batek egingo ditu ingurumen-jarraipenerako lanak eta txostena.

e) Arau orokor gisa, «Kutsatutako lurzoruetan indusketa selektiboak egiteko gida»-n jasotzen diren irizpideak beteko dira. Esteka honetan eskura daiteke gida:

https://www.ihobe.eus/argitalpenak/kutsatutako-lurzoruetan-indusketa-selektiboak-egiteko-gida

f) Soberakinak zabortegian biltegiratuz hustu nahi izanez gero, Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuak ezarritakoari jarraikiz egingo da hondakinen karakterizazioa. Oro har, laginketa egiteko, abenduaren 26ko 209/2019 Dekretuaren IV. eranskinean eta gidaren 10.2.6 apartatuan («Induskatu behar diren lurzoruetan «in situ» egindako laginketa») biltzen diren induskatu beharreko materialen karakterizazio-kanpaina diseinatzerakoan kontuan hartu behar diren oinarrizko irizpideei jarraituko zaie.

g) Soberako materialak instalazioan bertan berrerabili ahal izateko, balio hau izan beharko dute material horiek: Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legeak ezarritako EBA-B (industria-erabilera) balioaren azpikoa. Horrez gain, lur horien hidrokarburo-edukia ezin izango da arriskutsua izan. Horretarako, erakunde akreditatu batek egin beharko ditu laginketa eta azterketa, urriaren 10eko 199/2006 Dekretuaren arabera, zeinaren bidez ezartzen baita lurzoruaren kalitatea ikertu eta berreskuratzeko erakundeak egiaztatzeko sistema, eta zehazten baita erakunde horiek lurzoruaren kalitatearen gainean egindako ikerketen edukia eta norainokoa.

h) Lur garbitzat hartuko dira ekainaren 25eko 4/2015 Legean ezarritako EBA-A ebaluazioko balio-adierazleak baino balio txikiagoak eta TPHetarako 50 mg/kg baino balio txikiagoak lortzen dituzten lurrak, eta, beraz, onartu egingo dira baimendutako betelanerako.

i) Substratu harritsu osasuntsua murrizketarik gabe kudeatu ahalko da. Lurzoru naturalaren parekoa den substratu harritsu meteorizatuaren kasuan, aurreko puntuetan ezarritako irizpidea beteko da.

2.– Instalazioa baimenduta dagoen lursailetik kanpo aldaketaren bat egitea aurreikusten bada (lurzoru berria okupatuz), eta okupatu nahi den lurzoru berriak lehenago izan badu ekainaren 25eko 4/2015 Legearen I. eranskinean aipatutako jardueraren bat, sustatzaileak lurzoruaren arloko adierazpen bat lortu beharko du egin nahi diren aldaketak egiten hasi aurretik.

Halaber, bat etorriz ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22. artikuluko 2. apartatuarekin, lurraren kutsadura-aztarnak aurkitzen badira, horren berri eman beharko zaie dagokion udalari eta Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari, sailburuordetza horrek hartu beharreko neurriak ezar ditzan, bat etorriz, hala badagokio, aipatutako 4/2015 Legearen 23. artikuluko 1.e apartatuarekin.

E.2.6.– Zaratari buruzko baldintzak.

a) Honako indize akustiko hauek gaindi ez daitezen, beharrezko neurri guztiak ezarriko dira:

a.1.– Jarduera maila hauei egokitu behar zaie: etxebizitzen barrualdean entzungo den LAeq,60 segundo zarata-indizeak ezin izango du inoiz ere 40 dB(A) gainditu, 07:00ak eta 23:00ak bitartean, leihoak eta ateak itxita, ezta LAmax indizeak 45 dB(A) ere.

a.2.– Maila hauei egokitu beharko zaie jarduera: etxebizitzen barrualdean entzungo den LAeq, 60 segundo zarata-indizeak ezin izango du inoiz ere 30 dB(A) gainditu, 23:00ak eta 07:00ak bitartean, leihoak eta ateak itxita, ezta LAmax indizeak 35 dB(A) ere.

a.3.– Jarduerak ez du 1. taulan adierazitakoa baino zarata handiagoa egingo, 4 m-ko altueran neurtuta (egoera berezietan izan ezik; horietan, apantailamenduak saihesteko behar den altuera hartuko da), industria-esparruaren kanpoaldeko itxituraren perimetro osoan.

(Ikus .PDF)

Abian den instalazioak, 1. taulan finkatutako mugak betetzeaz gain, ez du eguneko inolako baliotan (LAeq,d, LAeq,e eta LAeq,n) 1. taulan adierazitako balioak baino 3 dB-etik gorako gehikuntzarik gaindituko.

Gainera, jardueraren gainerakotik bereizitako prozesuaren jardun-modu bat baldin badago, jardun-modu horri lotutako zarata-maila bat zehaztu beharko da (LAeq,Ti). Ti jardun-modu horren iraupen-denbora izango da. Maila horrek ez ditu 1. taulan finkatutako balioak 5 dB-etan gaindituko.

b) Zamalanetan eta materiala kamioietan garraiatzean egiten den zaratak ez du nabarmen handituko sentsibilitate akustiko handieneko guneetako zarata-maila.

F) Ingurumena zaintzeko programa.

Ingurumena zaintzeko programa sustatzaileak aurkeztutako agirietan aurreikusitakoaren eta apartatu hauetan ezarritakoaren arabera gauzatu beharko da:

F.1.– Atmosferara egiten diren emisioak kontrolatzea.

a) Sercontrol 2000 SLk isurtzen dituen kutsatzaileak kontrolatu beharko ditu, informazio honen arabera:

(Ikus .PDF)

b) Puntu honetako a) apartatuan aipatutako neurketa guztiak administrazioaren II. mailako erakunde laguntzaileren batek egin beharko ditu, urriaren 16ko 212/2012 Dekretuan jasotzen den bezala; eta aldizkako neurketa horiei buruzko txostenek, berriz, Ingurumeneko sailburuaren 2012ko uztailaren 11ko Aginduan eskatzen diren baldintza guztiak bete beharko dituzte, batik bat honako hauei dagozkienak: neurketaren helburua eta plana, neurketen adierazgarritasuna, neurketa kopurua eta neurketa bakoitzaren banako iraupena eta erreferentzia-metodoak hautatzeko irizpidea.

c) Halaber, a) letran azaldutako emisio-foku baten kontrola egin behar den urtean, foku horrek urtean hamabi aldiz baino gutxiagoko batez besteko maiztasunarekin funtzionatzen badu, emisio bakoitzak ordubete baino gehiago irauten duela, eta edozelako maiztasunarekin, emisioen iraupen globala instalazioaren funtzionamendu-denboraren ehuneko bostetik gorakoa bada, urte horretan ez da beharrezkoa izango foku horren kontrolik egitea, eta hurrengo urtean egin beharko da, betiere kontroletik salbuesteko baldintzek irauten ez badute. Inguruabar hori urteko ingurumena zaintzeko programan, urte egokikoan, justifikatu beharko da.

d) Erregistro bat egingo da eguneratutako dokumentazioarekin, honako hauetan ezarritakoari jarraikiz, betiere: Atmosfera kutsa dezaketen jardueren katalogoa eguneratzen eta hura ezartzeko oinarrizko xedapenak finkatzen dituen urtarrilaren 28ko 100/2011 Errege Dekretuaren 8. artikuluan ezarritakoa eta atmosfera kutsa dezaketen jarduerak burutzen dituzten instalazioak arautzen dituen abenduaren 27ko 278/2011 Dekretuaren III. eranskinean ezarritakoa.

Erregistro hori eguneratuta eta ingurumen-ikuskatzaileen eskura egongo da.

F.2.– Saneamendu-sarera isuritako uraren kalitatea kontrolatzea.

a) Sustatzaileak aurkeztu dituen agirien arabera, azterketa hauek egingo dira:

(Ikus .PDF)

b) Kanpoko kontrol bakoitza, bai laginak hartzea, bai ondorengo analisia, «Erakunde Laguntzaile» batek egin eta egiaztatuko du, eta goian aipatutako parametroak hartuko dira kontuan. Sustatzaileak lagin hartu berri baten analisia aurkeztu beharko du gutxienez; lagina 24 orduko ur-emariarekiko proportzionala izango da, edo, bestela, lagin puntual esanguratsua.

c) Laginketak beti egingo dira kutsatzaile gehien sortzen den aldietan.

d) Isurketak baimenaren baldintza guztiak betetzen dituela ulertuko da, baldin eta puntu honetako a) apartatuan ezarritako kontrol-parametro guztiek betetzen badituzte ebazpen honen bigarren apartatuko E.2.3.2 azpiapartatuan ezarritako mugak.

F.3.– Zarata kontrolatzea.

a) Indize akustikoen ebaluazioak egin beharko dira bost urtean behin: Ld, Le, Ln ,LAeq,Ti eta LAeq,60 segundo. Lehenengo kontrol-urtean lortutako emaitzen arabera, ordutik aurrera neurketak beste maiztasun batekin egitea erabaki ahal izango da.

b) Neurketa bidezko ebaluazio guztiak II. mailako administrazioko lankidetza-erakunde batek egin beharko ditu, bat etorriz urriaren 16ko 212/2012 Dekretuan ezarritakoarekin. Erakunde horrek UNE-EN ISO/IEC 17025 arauaren araberako egiaztagiria eduki beharko du akustikaren arloan espazio- eta denbora-laginketa egiteko. Dena dela, ingurumen-organoak zainduko du ebaluazio horiek egiten dituzten erakundeek gaitasun tekniko egokia dutela.

c) Ebaluazio-metodoak eta -prozedurak eta ebaluazio horiei buruzko txostenak Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzak emandako jarraibide teknikoetan ezarritakora egokituko dira.

F.4.– Lurzoruaren eta lurpeko uren kontrola.

a) Ebazpen honen bigarren apartatuko E.2.5 azpiapartatuan eskatutako dokumentazioaren kaltetan izan gabe, hurrengo datu hauek aurkeztuko dira lurzoruarekiko afekzio berri baten aukera hauteman den kasuan:

– Aintzat hartutako aldian izan diren gertakariak, substantzia arriskutsuak direla eta lurzoruaren eta lurpeko uren kutsadura sortu ahal izan dutenak.

– Instalazioan hartutako neurrien egoera –zolatak iragazgaiztea, drainatzeak, kubetak eta kutxatilak– ez ezik, larrialdi-egoeran jarduteko bitarteko egokiak eta nahikoak erabilgarri daudela ere egiaztatzen duen adierazpena, teknikari eskudunak sinatua. Ekipoak eta gainazalak egoera onean daudela egiaztatzen duen edo, hala badagokio, horietan hautemandako gabeziak azaltzen dituen berariazko adierazpena izan beharko du.

– Lurzorua edo lurpeko urak kutsatuta egon daitezkeela dioen adierazpena, halakorik balego, edo, bestela, horrelako aztarnarik ez dagoela egiaztatzen duen adierazpena.

Halaber, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuaren 2020ko urtarrilaren 23ko Aginduari dagokionez jakinarazitako baldintzak aztertzean zehazten diren kontrolei kalterik egin gabe –agindu horrek Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuan xedatutakoa interpretatzeari eta aplikatzeari buruzko jarraibide teknikoa onartzen du–, eta lurzoruaren eta lurpeko uren egoera zehazteko oinarrizko txosten bat eskatzeari lotuta, Sercontrol 2000 SLk lurzoruaren eta lurpeko uren kalitatearen kontrola egin beharko du. Horretarako, gutxienez bi zundaketa egin beharko ditu urak ezaugarritzeko, ateratako lurzoru-zutabea ezaugarritzeko eta piezometro bana gaitzeko, eta horiek erabiliko dira lurpeko uren kalitatearen jarraipena egiteko. Zundaketak kokatzean, kontuan hartuko dira egon daitezkeen arrisku-iturriak eta lurpeko uren jarioa; hala, instalaziotik gorako eta beherako uren jarioa alderatu ahal izango da.

Apartatu honetan jasotakoa betetzeko aurkeztu beharreko informazioa lehen aipatutako urriaren 10eko 199/2006 Dekretuan xedatutakoaren arabera egiaztatutako erakunde batek egin beharko du, hala nola organo honek horretarako onar ditzakeen jarraibideetan adierazitakoaren arabera.

F.5.– Jardueraren adierazleen kontrola.

Sustatzaileak jardueraren funtzionamenduaren inguruko parametro-adierazle nagusien urteko segimendua egingo du, ingurumenean duten eraginarekin lotuta, eta dagokion urteko ingurumena zaintzeko programarekin batera aurkeztu beharko du.

(Ikus .PDF)

F.6.– Emaitzak kontrolatzea eta igortzea.

Ingurumena zaintzeko programa osatzen duten txostenen eta azterketen emaitzak behar bezala erregistratu beharko dira, eta Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzara bidali, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webguneko bidalketa-prozedura telematikoari jarraikiz:

https://www.euskadi.eus/baimena/ibb-ippc/web01-a2inguru/eu/

Horrela, aipatutako programak zehaztutako aldian egiten diren kontrol guztiak, ibilgura eta/edo itsasora isuritako urei dagozkienak izan ezik, ingurumena zaintzeko programarekin batera bakarrik aurkeztuko dira, eta erreferentziako urtea amaitu ondoren.

Ezarritako baldintzak urratzen diren kasuetan bakarrik bidali beharko zaio berehalako jakinarazpena Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetza honi, gertatutakoaren berri izan ondoren, betiere; horretarako helbide elektronikoa: ippc@euskadi.eus

Halaber, kontrolak urtean behin baino aldizkakotasun handiagoarekin egiten badira, kontrola egiten den urteari dagokion programaren barruan baino ez dira bidaliko.

Emaitza horiek urtero bidaliko dira, betiere martxoaren 31 baino lehen, eta txosten bat aurkeztu beharko da zaintza-programaren emaitzekin batera. Txosten horretan jasoko dira babes- eta zuzenketa-neurrien eta prozeduren kontrolerako eta ingurumenaren kalitaterako sistemen funtzionamendua eta emaitzen analisia, epe horretan izandako gertakari nagusiak bereziki aipatuta, haien balizko kausa eta konponbideak azalduz; halaber, laginak nola hartu diren zehaztuko da, aurrez aldetik hala egin ez bada.

F.7.– Ingurumena zaintzeko programaren agiri bategina.

Sustatzaileak ingurumena zaintzeko programaren agiri bategina egin beharko du, aurkeztu dituen agirietan eta ebazpen honetan proposatutako betebeharrak bilduta. Honako hauek zehaztu beharko ditu programa horrek: kontrolatu beharreko parametroak, parametro bakoitzerako erreferentzia-mailak, analisi edo neurketen maiztasuna, laginketak eta analisiak egiteko teknikak, eta laginak hartzeko puntuen kokapen xehatua. Dagokion aurrekontua ere barne hartu beharko du.

Era berean, ingurumena zaintzeko programak jaso beharko du zer sistematika erabiliko duen jardueraren adierazleak zehaztu eta adierazle horiek aztertzeko, egiaztatu ahal izateko eraginkorrak direla enpresak ingurumena hobetzeko ezarritako neurri eta mekanismoak (ingurumen-adierazleak).

G) Prebentzio-neurriak eta funtzionamendu-baldintzak ohiz kanpoko egoeretan.

G.1.– Instalazioa gelditzeko eta abiarazteko eragiketak eta mantentze-lanetarako programatutako eragiketak.

Programatutako urteko mantentze-lanei dagokienez, sortuko diren emisioen eta hondakinen zenbatespena egin beharko du enpresak, eta, dagokionean, haiek kudeatzeko eta tratatzekoa ere bai.

Instalazioa gelditzean nahiz abiaraztean, mantentze-eragiketetan eta ohiz kanpoko egoeretan sortutako hondakinak bigarren apartatuko E.2.4 azpiapartatuan («Instalazioan sortutako hondakinak egoki kudeatzen direla bermatzeko baldintzak») ezarritakoari jarraituz kudeatu beharko dira, baina ez da beharrezkoa izango hondakin horiek baimendutako hondakinen zerrendan jasota egotea.

G.2.– Jarduera etetea.

Jarduerari lege hauek aplikatu behar zaizkio: 4/2015 Legea, ekainaren 25ekoa, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzekoa, eta 9/2005 Errege Dekretua, urtarrilaren 14koa, Lurzorua kutsa dezaketen jardueren zerrenda eta lurzoru kutsatuen deklaraziorako estandarrak eta irizpideak ezartzen dituena. Horrenbestez, Sercontrol 2000 SLk jarduera etete horren berri eman beharko dio ingurumen-organoari, bi hilabeteko epea igaro baino lehen; jakinarazpen horrekin batera, jarduera-proposamen bat ere aurkeztu beharko da, erakunde horrek ezar dezan noraino iristen diren bere betebeharrak eta lurzoruaren kalitatea deklaratzeko prozedura hasteko epea noiz hasiko den beranduenez, bat etorriz ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 31.3 artikuluan xedatutakoarekin.

Jarduera eten baino lehen, Sercontrol 2000 SLk instalazioetan dauden hondakin guztiak kudeatu beharko ditu, bat etorriz ebazpen honen bigarren apartatuko E.2.4 azpiapartatuan ezarritakoarekin.

G.3.– Jarduera aldi baterako etetea.

Jarduera aldi baterako etetea eskatuz gero, Industriako emisioen erregelamendua onartzen duen urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren 13. artikuluan arautu bezala, Sercontrol 2000 SLk, aldi baterako etete-eskabidearekin batera, dokumentu bat bidali beharko du lantegia jardunik gabe egonda ere aplikagarriak zaizkion ingurumen-baimen integratuko kontrolak eta baldintzak nola beteko dituen adierazteko.

Halaber, instalazioa berriz abiarazi baino lehen, instalazioen funtzionamendu ona ziurtatu beharko da, ingurumenean eragina izan dezakeen isurketa edo emisio oro saihesteko.

G.4.– Funtzionamendu anomaloa izanez gero aplikatu beharreko neurriak eta jarduerak.

Aurkeztutako agirietan egindako proposamenean ezohiko egoeretan aplikatu beharreko prebentziozko neurriak eta funtzionamendurako baldintzak zehazten dira. Horiez gain, apartatu hauetan aipatzen diren baldintzak bete behar dira:

a) Instalazioen prebentziozko mantentze-lanak.

Prebentziozko mantentze-lanen eskuliburua eduki beharko da instalazioen egoera ona bermatzeko, batez ere istripuzko jarioak edo ihesak daudenean kutsadura ekiditeko eskuragarri dauden baliabideei eta ezarritako segurtasun-neurriei dagokienez. Ihesak gertatuz gero, lurzorua babesteko hartu beharreko neurriak zehaztuko dira, eta zehatz adieraziko da honako hauei dagokien guztia: eraikuntzako materialak (iragazgaiztasuna), biltegiratzeko neurri bereziak (substantzia arriskutsuak), balizko ihesei antzemateko neurriak edo gehiegizko betetzeaz ohartarazteko alarma-sistemak, fabrikako biltodien sarea zaindu eta garbitzekoak (sistematikoki garbitu beharra, maiztasuna, garbiketa mota) eta lurzoru gaineko isurketak biltzeko sistemak.

Aurreko lerrokadan adierazitako eskuliburuak ikuskapen eta kontrolerako programa jaso beharko du, hauek bilduko dituena: estankotasun-probak, mailen eta adierazleen egoera, balbulak, presioa arintzeko sistema, hormen egoera eta lodieren neurketa, andelen barnealdearen begi-bidezko ikuskapenak (hormena eta estaldurena) eta kubetetako detekzio-sistemen aldizkako kontrol sistematikoa, lurzorua kutsa dezakeen edozein egoera prebenitzeko.

Era berean, atmosferara eta uretara egindako isurpenak prebenitzeko eta zuzentzeko sistemen (arazketa, minimizazioa, etab.) eta ikuskatu eta kontrolatzeko ekipoen egoera ona bermatzeko neurriak jaso beharko dira.

Urak arazteko prozesuan pilatutako hondakin solidoak eta lohiak behar den maiztasunez aterako dira, instalazioa behar bezala ibil dadin. Hondakin horiek ez dira ibai-ibilgura botako aldizkako garbiketa egiten denean; bildu egin beharko dira, kudeatzeko edo zabortegi baimendu batera eramateko. Hala dagokionean, hondoan hustubiderik ez duten andel iragazgaitzetan biltegiratuko dira. Ez dira inoiz pilatuko euri-uren jariatzearen ondorioz ibilgu publikoa kutsatzeko arriskua egon daitekeen guneetan.

Instalazioek lohien tratamendua badute, lohi horietatik hustutako ura berriro bideratu beharko da arazketa-instalazioaren sarrerara, tratatu dadin.

Pabiloien barruan zolatak garbitzean sortutako urak tratamendu-lerrora bidaliko dira, edo, bestela, kudeatzaile baimendu batek kudeatuko ditu.

Ez dago baimenduta hondakin-ura «bypass» bidez isurtzea arazketa-instalazioetan.

Programatutako mantentze-lanetan nahitaez egin behar badira isurketak «bypass» bidez, titularrak Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari jakinaraziko dio aurretiaz, segurtasun-neurrien eta isurketak ingurune hartzailearen kalitatean duen eragina ahal den neurrian gutxitzeko neurrien funtzionamendua zehaztuta. «Bypass» horretan aurreikusi gabeko isurketa bat badago, titularrak segurtasun-neurrien funtzionamendua egiaztatu beharko du, dagokion txostena Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzara bidalita (apartatu honetako j) puntuan adierazitakoari jarraituz).

b) Halaber, erregistro bat eduki behar da, aldizka egindako mantentze-lanak eta hautemandako gertakariak jasota uzteko.

c) Titularrak behar diren bitartekoak izango ditu arazketa-instalazioak zuzen ustiatzeko eta ustekabeko isurketak prebenitzeko hartu diren segurtasun-neurriak abian izateko.

d) Erabilitako olioak, efluenteen arazketako hondakinak, besteak beste, eta orokorrean, instalazioan sortutako hondakinak maneiatzeak lurzorua eta ura kutsa dezake. Beraz, isurketak, jarioak edo ihesak gertatzeko arriskua izan dezaketen lurzatien azalera guztiak irazgaiztuko dira.

e) Hauts-itxurako produktuak biltegiratzeko, zulo itxiak edo hautsa xurgatzeko sistemak dituzten pabiloi estali eta itxiak izan beharko dira.

f) Prozesurako behar diren lehengaiak, erregaiak eta produktuak biltegiratuko dira, halako baldintzetan ezen ezin izango baitira ingurunean sakabanatu.

g) Segurtasun-tarteei eta babes-neurriei dagokienez, biltegiratze-instalazioek eskakizun batzuk bete beharko dituzte; zehazki, produktu kimikoak biltegiratzeari buruz indarrean dagoen araudian xedatutakoak.

h) Larrialdi-egoeran berehala eta eraginkortasunez jarduteko beharrezkoak diren material guztien behar besteko kantitatea eduki beharko da: berriro ontziratzeko erreserbako edukiontziak, beharrezkoa izanez gero; gertatzen diren isurketei aurre egiteko produktu xurgatzaile selektiboak; segurtasuneko edukiontziak, kaltetutako ingurunea isolatzeko hesiak eta seinaleztapen-elementuak, eta norbera babesteko ekipo egokiak.

i) Ontzien hustuketa kontrolatzeko balio duen protokolo edo prozedura bat edukiko dute. Bertan, instalazioaren eraginkortasunari eragiten dioten isurketak instalaziora joatea saihestu beharko da.

j) Gertakariren bat izanez gero agintariei jakinaraztea.

Ingurunearen edo jardueraren kontrolaren gainean kalteak eragin ditzakeen gertakari edo anomaliaren baten aurrean, sustatzaileak, berehala, gertakari edo anomalia horren berri eman beharko dio Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari (zuzentzeko edo eusteko neurri egokiak hartu ondoren, betiere). Jakinarazpenean, alderdi hauek adierazi beharko dira gutxienez:

– Gertakari mota.

– Jatorriak eta arrazoiak (unean-unean zehatz daitezkeenak).

– Zuzentzeko edo eusteko neurriak, berehala aplikatu direnak.

– Sortutako ondorioak.

– Epe laburrera aurreikusitako jardunak, halakorik balego.

Gorabehera edo anomalia larriren bat edo istripuzko isurketaren bat egonez gero, SOS Deiak eta Amorebieta-Etxanoko Udala jakinaren gainean jarri behar dira. Ondoren, gehienez ere 48 orduko epean, istripuaren ondorioz sortutako egoera zehaztasunez jasotzen duen txosten bat bidali beharko zaio Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari. Txosten horretan, datu hauek agertuko dira gutxienez:

– Gertakari mota.

– Gertakaria non, zergatik eta zer ordutan gertatu den.

– Gertakariaren iraupena.

– Istripuzko isurketa gertatuz gero, emaria eta isuritako gaiak eta ingurune hartzailean antzeman daitekeen eragina zehaztu beharko dira, haren analisia barne hartuta.

– Mugak gaindituz gero, emisioei buruzko datuak.

– Eragindako kalteen zenbatespena.

– Hartutako neurri zuzentzaileak.

– Anomalia berriro gertatzea saihesteko prebentzio-neurriak.

– Prebentzio-neurriak eraginkortasunez aplikatzeko aurreikusitako epeak.

Baimenaren baldintzak urratzen dituen isurketen bat gertatzen bada eta, gainera, pertsonen osasunerako arriskutsua bada edo sistema naturalen orekari modu larrian kalte egiteko arriskua badu, titularrak berehala etengo du isurketa hori, eta, horrez gain, gertaeraren berri eman beharko die Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Uraren Euskal Agentziari eta babes zibilean eta ingurumenaren arloan ardurak dituzten organismoei, baita SOS Deiak (112) larrialdi-zerbitzuei ere, behar diren neurriak har ditzaten.

k) Aurreko apartatuan ezarritakoaz gain, balizko gertakariak edo anomaliak saiheste aldera, jardueraren titularrak berehala jakinarazi beharko dio Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari instalazioko etenaldi programatu oro, prozesu etengabe batekoa bada, baita aurreikusitako prebentziozko mantentze-lanak ere, ahalik eta denbora-tarte handienarekin.

I) Larrialdi-egoeretan babes zibilari buruzko araudian ezarritakoa bete beharko da, eta araudi horretan ezarritako baldintza guztiak bete beharko dira.

H) Baldin eta arautegi berria indarrean sartzeak, edo barneratzen diren sistemen egiturari eta funtzionamenduari buruzko ezagutza berri esanguratsuetara egokitu beharrak hori egitea gomendatzen badute, neurri babesle zein zuzentzaileak eta ingurumena zaintzeko programa aldarazi ahalko dira, bai neurtu behar diren parametroen kasuan, bai neurketaren aldizkakotasuna eta aipatutako parametroek hartu behar duten tarteari dagozkion mugen kasuan. Halaber, babes- eta zuzenketa-neurriak eta ingurumena zaintzeko programa aldatu egin daitezke jardueraren sustatzaileak hala eskatuta edo ofizioz, ingurumena zaintzeko programan lortutako emaitzetan oinarrituta.

l) Urtean behin, martxoaren 31 baino lehenago, Sercontrol 2000 SLk, aurreko urtean atmosferara eta uretara isuritako emisioei eta sortutako hondakin mota guztiei buruzko datuen ingurumen-adierazpena igorriko dio Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari, E-PRTR-Euskadi Kutsatzaileen Emisio eta Transferentzia Inbentarioa egiteko eta eguneratuta edukitzeko, bat etorriz 508/2007 Errege Dekretuarekin eta Ingurumena Zaintzeko Programarekin.

Informazio hori Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eskura jarritako kanal, sistema edo aplikazio informatikoak erabiliz bidaliko da.

Datu horietako batzuek Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumenean Eragina duten Jardueren Erregistroa osatuko dute, eta erregistro hori transakzio-basea izango da, informazioa Europako Ingurumen Agentziaren erregistroetara bidaltzeko (E-PRTR-Europa erregistroa).

Ingurumen-adierazpena publikoa izango da, bat etorriz uztailaren 18ko 27/2006 Legearen xedapenekin. Lege horren bidez, informazioa eskuragarri izateko, herritarren partaidetzarako eta ingurumen-gaietan justizia eskura izateko eskubideak arautzen dira (2003/4/EE eta 2003/2005/EE zuzentarauak jasotzen ditu). Horrez gain, une oro bermatu beharko da bete egiten dela Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan ezarritakoa.

J) Instalazioen aldaketa oro helbide elektroniko honetan eskuragarri dagoen inprimakia osorik bete ondoren egin beharko da:

https://www.euskadi.eus/contenidos/serv_proc_autorizacion/p_autho_20183895085814/procedures/proc_20183895329689/eu_def/adjuntos/Formulario_modificaciones.doc.

Halaber, organo honi onarpena eskatu beharko zaio, abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bategineko 10. artikuluan xedatutakoaren ondorioetarako.

815/2013 Errege Dekretuaren (urriaren 18koa, zeinaren bidez onartzen baita Industriako Emisioen Erregelamendua eta garatzen baita kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legea) 14.1 artikuluak ezartzen du zer irizpide hartu behar diren kontuan aldaketa funtsezkotzat jotzeko.

Nolanahi ere, bat etorriz urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren 14.2 artikuluan xedatutakoarekin, irizpide horiek orientagarriak dira, eta ingurumen-organoak kalifikatuko du eskatutako aldaketa, funtsezkotzat edo ez-funtsezkotzat jota, bat etorriz abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 10. artikuluan xedatutako irizpideekin.

Halaber, proiektua aldatzen den kasuetan, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7.1.c eta 7.2.c artikuluetan xedatutakoa aplikatuko da.

Baldin eta aldaketak lurzoru berria okupatzea aurreikusten badu eta aipatutako lurzoruak lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak baditu edo izan baditu, aldaketa gauzatu aurretik, hartu beharreko kokalekuaren lurzoru-kalitatearen deklarazioa eduki beharko da, bat etorriz Lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeari buruzko ekainaren 25eko 4/2015 Legean ezarritakoarekin».

«Laugarrena.– Ingurumen-baimen integratuaren berrikuspena ofizioz egingo da kasu hauetan:

a) Instalazioak sortutako kutsadura dela eta, finkatutako emisioaren muga-balioak berrikustea edo beste batzuk ezartzea komeni bada.

b) Emisioak nabarmen murritz daitezkeenean, teknika erabilgarri onenetan eginiko aldaketa handien ondoriozko gehiegizko kosturik izan gabe.

c) Prozesuaren edo jardueraren funtzionamendu-segurtasuna dela eta, beste teknika batzuk erabiltzea beharrezkoa denean.

d) Arroko erakundeak, urei buruzko legedian araututakoaren arabera, uste duenean ingurumen-baimen integratua berrikustea edo aldatzea justifikatzen duten inguruabarrak daudela, Estatuko Administrazio Orokorrak kudeaturiko arroetako jabari publiko hidraulikora egindako isurketei dagokienez. Kasu horretan, arroko erakundeak, txosten lotesle baten bidez, organo eskudunera joko du ingurumen-baimen integratua eman dezan, gehienez hogei eguneko epean hasteko berrikuste-prozesua.

e) Instalazioari aplikagarri zaion sektoreko legeriak hala eskatzen badu, edo abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 22.3 artikuluari jarraikiz, ingurumen-kalitateko arau berriak edo berrikusiak betetzea beharrezkoa bada.

f) Aplikatu beharreko araudi berria indarrean jartzen denean.

g) Ingurunearen egiturari eta funtzionamenduari buruzko ezagutza garrantzitsu berrietara egokitu beharra badago; bereziki, inplikatutako sistemen hauskortasuna areagotzen dela hautematen bada.

h) Ingurumena zaintzeko programan jasotako emaitzen edo beste ohar batzuen arabera, egiaztatzen bada ez direla nahikoak ingurumen-inpakturako ezarritako babes-, zuzenketa- edo konpentsazio-neurriak.

i) Abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 26. artikuluko 1., 2. eta 3. puntuetan ezarritakoaren arabera egindako azterketa eginda, aldatu egin behar dela ondorioztatzen bada.

Ingurumen-baimen integratua berrikusteak ez dakar kalte-ordaina jasotzeko eskubidea, hala ezarrita baitago abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 26.5 artikuluan».

«Seigarrena.– Baimen honek balioa galduko du honako kasu hauetan:

– Epean ez egiaztatzea ebazpen honen bosgarren apartatuan ezarritako baldintzak betetzen direla, non eta interesdunak ez duen, behar bezala justifikatuz, epea luzatzeko eskatzen.

– Ez betetzea sei hileko epea, foku berri bat ezartzea dela-eta ILEren hasierako txostena bidaltzeko ezarritakoa (E.2.2.1 apartatua).

– Sercontrol 2000 SLren nortasun juridikoa azkentzea, indarrean dagoen araudian jasotako kasuetan».

Hirugarrena.– Abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 5.d) artikuluan xedatutakoari jarraikiz, hondakin arriskutsuak sailkatu, multzokatu eta aldi baterako biltegiratzeko instalazio jarduerari dagokionez, zeina ebazpen honen xede baita, gerta litekeen titulartasun-aldaketa oro jakinarazi beharko dio Sercontrol 2000 SLk Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari, azken horrek onar dezan.

Laugarrena.– Ingurumen-baimen integratu honetan ezarritako baldintzak ez betetzea arau-hauste astun edo oso astun gisa tipifikatuta dago Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 31. artikuluari jarraituz (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartua), eta aipatutako legearen 32. artikuluan jasotako zigorrak ezartzea ekar dezake.

Bosgarrena.– Ebazpen honen edukia jakinaraztea Sercontrol 2000 SLri, Amorebieta-Etxanoko Udalari, ingurumen-baimen integratua emateko prozeduran parte hartu duten erakundeei, eta gainerako interesdunei.

Seigarrena.– Ingurumen-baimen integratuaren berrikuspen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.

Zazpigarrena.– Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beronen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jar dakioke Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuari, hilabeteko epean, jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoari jarraikiz.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko abuztuaren 12a.

Ingurumen Jasangarritasuneko sailburuordea,

AMAIA BARREDO MARTÍN.


Azterketa dokumentala