Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

211. zk., 2022ko azaroaren 4a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
4733

EBAZPENA, 2022ko abuztuaren 12koa, Ingurumen Jasangarritasuneko sailburuordearena, zeinaren bidez berrikusten eta aldatzen baita hondakin arriskutsuak aldi baterako biltegiratzeko Sanemar SLri emandako ingurumen-baimen integratua, Pasaiako (Gipuzkoa) udal-mugartean.

GERTAKARIAK

1.– Ingurumeneko sailburuordearen 2015eko uztailaren 7ko Ebazpenaren bidez, Sanemar SLri ingurumen-baimen integratua eman zitzaion hondakin arriskutsuak aldi baterako biltegiratzeko, Pasaiako udal-mugartean (Gipuzkoa).

2.– Ingurumeneko sailburuordearen 2018ko otsailaren 14ko Ebazpenaren bidez, aldatu egiten da Sanemar SLri emandako ingurumen-baimen integratua, funtsezkotzat jotzen den aldaketa batek eraginda, izan ere, Tresna elektriko eta elektronikoen hondakinei buruzko otsailaren 20ko 110/2015 Errege Dekretura egokitu behar baita.

3.– 2021eko uztailaren 13an, ingurumen-organoak, baimena berrikuste aldera, honako hauek igortzeko eskatu zion Sanemar SLri: instalazioaren funtzionamenduaren eta ondorioetan deskribatutako teknika erabilgarri onenen arteko alderaketa bat eta instalazioari buruzko bestelako dokumentuak.

4.– 2021eko irailaren 20an, ingurumen-baimen integratua berrikusteko eskatu zitzaion dokumentazioa aurkeztu zuen Sanemar SLk.

5.– Aurkeztutako dokumentazioa nahikoa zela ikusi eta gero, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariak 2021eko azaroaren 29an emandako Ebazpenaren bidez erabaki zen jendaurrean jartzea, 30 egun baliodunez, ingurumen-baimen integratua emateko Sanemar SLk egindako berrikuste-eskaera, egoki ikusten ziren alegazioak aurkezteko; horretarako, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu zen, 2021eko abenduaren 16an.

6.– Ingurumen-baimen integratua jendaurrean jartzeko izapideak amaitutakoan, alegaziorik ez dela aurkeztu egiaztatu da.

7.– Urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren 16. artikuluan xedatutakoa aplikatuz, 2022ko otsailaren 11n, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak txostena eskatu zien Uraren Euskal Agentziari eta Pasaiako Udalari, eta 2022ko otsailaren 14an, Gipuzkoako Osasun Publikoari.

8.– 2022ko martxoaren 2an, Uraren Euskal Agentziak txostena bidali zuen. Txosten hori espedientean dago jasota.

9.– 2022ko uztailaren 21ean, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 20. artikuluan xedatutakoa betez, Sanemar SLren esku utzi zen espediente osoa.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

1.– 2007ko urriaren 24an, Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu zen 26/2007 Legea, urriaren 23koa, Ingurumen Erantzukizunari buruzkoa.

2.– 2008ko abenduaren 23an Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu zen 2090/2008 Errege Dekretua, abenduaren 22koa, Ingurumen Erantzukizunari buruzko urriaren 23ko 26/2007 Legearen garapen partzialerako erregelamendua onartzen duena.

3.– 2011ko uztailaren 29an, Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu zen 22/2011 Legea, uztailaren 28koa, Hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzkoa.

4.– 2012ko urtarrilaren 23an, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu zen 278/2011 Dekretua, abenduaren 27koa, Atmosfera kutsa dezaketen jardueretarako instalazioak arautzen dituena.

5.– 2013ko urriaren 19an, Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu zen 815/2013 Errege Dekretua, urriaren 18koa, Industriako Emisioen Erregelamendua onartu eta Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legea garatzen duena.

6.– 2013ko abenduaren 11n argitaratu zen 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa.

7.– 2014ko abenduaren 18an onartu ziren Batzordearen 1357/2014 Erregelamendua (2008/98/EE Zuzentarauaren II. eranskina ordeztekoa) eta Batzordearen 2014/955/EB Zuzentaraua (Hondakinen zerrendari buruzko 2000/532/EE Erabakia aldatzekoa), bat etorriz Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2008/98/EE Zuzentarauarekin.

8.– 2015eko otsailaren 21ean, Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu zen 110/2015 Errege Dekretua, otsailaren 20koa, Tresna elektriko eta elektronikoen hondakinei buruzkoa (TEEH). Bertan, tresna elektriko eta elektronikoen hondakinen kudeatzaileentzako betekizun eta baldintza tekniko batzuk ezarri ziren.

9.– 2015eko ekainaren 25ean onartu zen 4/2015 Legea, ekainaren 25ekoa, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzekoa.

10.– 2016ko abenduaren 31n, Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu zen 1/2016 Legegintzako Errege Dekretua, abenduaren 16koa, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bategina onartzen duena.

11.– Aipatutako testu bateginaren 26. artikuluan daude ezarrita baimena berrikusteko baldintzak. Horri jarraituz, lau urteko epean, instalazioaren jarduera nagusiari dagozkion TEOen inguruko ondorioak argitaratzen direnetik aurrera, organo eskudunak ziurtatuko du instalazioaren baimenaren baldintza guztiak berrikusi direla eta, beharrezkoa izanez gero, egokitu direla, eta instalazioak aipatutako TEO erreferentzia-agirien ondorio aplikagarriak betetzen dituela.

12.– 2018ko abuztuaren 17an, Europar Batasuneko Aldizkari Ofizialean argitaratu zen Batzordearen 2018ko abuztuaren 10eko Betearazpen Erabakia, zeinaren bidez ezartzen baitira hondakinak tratatzeko teknika erabilgarri onenei (TEO) buruzko ondorioak, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2010/75/EB Zuzentarauaren arabera (2018/1147/EB Erabakia).

13.– 2019ko urriaren 15ean, Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu zen urriaren 10eko TEC/1023/2019 Agindua, zeinetan ezartzen baita noiztik aurrera eskatu ahal izango zaien nahitaezko finantza-bermea Ingurumen Erantzukizunari buruzko urriaren 23ko 26/2007 Legearen III. eranskinean jasotako jarduerei –ekainaren 22ko ARM/1783/2011 Aginduaren bidez 3. lehentasun-mailakotzat sailkatuak–.

14.– Ingurumen-baimen integratua eman geroztik, ingurumenari buruzko araudi berria promulgatu zen; beraz, Ingurumeneko sailburuordearen 2015eko uztailaren 7ko Ebazpenaren baldintzak egokitu egin behar ziren, ofizioz, indarreko araudi berrira, ebazpen horren laugarren apartatuan eta Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 44. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

15.– 2020ko urtarrilaren 22an eta otsailaren 4an, hurrenez hurren, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu ziren 209/2019 Dekretua, abenduaren 26koa, zeinaren bidez garatzen baita Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legea, eta Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuaren 2020ko urtarrilaren 23ko Agindua, zeinaren bidez jarraibide tekniko bat onartzen baita, Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuan xedatutakoa interpretatzeari eta aplikatzeari buruzkoa, lurzoruaren eta lurpeko uren egoera zehazteko oinarrizko txosten bat eskatzeari lotua.

16.– 2020ko urtarrilaren 27an, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu zen 4/2020 Dekretua, urtarrilaren 21ekoa, zeinaren bidez prozeduretan zerbitzu elektronikoen erabilera arautzea eta ingurumenean eragina duten jardueren EAEko erregistroa sortzea eta arautzea xede dituen irailaren 25eko 183/2012 Dekretua.

17.– 2020ko ekainaren 19an, Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu zen 553/2020 Errege Dekretua, ekainaren 2koa, Estatuaren lurraldearen barruko hondakinen lekualdaketa arautzen duena.

18.– 2021eko azaroan onartu zen Euskadiko Hondakinak Prebenitu eta Kudeatzeko 2030 Plana.

19.– 2022ko apirilaren 1ean, Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu zen 208/2022 Errege Dekretua, martxoaren 22koa, Hondakinen alorreko berme finantzarioei buruzkoa.

Aipatutako legeria, eta gai honetan aplikagarri diren gainerako xedapen guztiak aintzat hartuta, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Berrikustea Sanemar SLri Pasaiako udal-mugartean (Gipuzkoa) hondakin arriskutsuak aldi baterako biltegiratzeko eman zaion ingurumen-baimen integratua, Batzordearen 2018ko abuztuaren 10eko Betearazpen Erabakian aurreikusitako baldintzetan; hala, bertan jasotako neurri teknikoak eta baldintzak ingurumen-baimen integratuan jaso ziren, 2015eko uztailaren 7ko Ebazpenaren bidez.

Bigarrena.– Aldatzea Sanemar SLri 2015eko uztailaren 7ko Ebazpenaren bidez emandako ingurumen-baimen integratua (hondakin arriskutsuak aldi baterako biltegiratzeko jarduerarako), eta, zentzu horretan, ebazpen horren lehenengo, bigarren eta bederatzigarren apartatuak ere aldatzea. Honela geratuko dira idatzita:

«Lehenengoa.– Ingurumen-baimen integratua ematea Sanemar SLri (egoitza soziala: Edif. Consignatarios, 3. solairua, Pasaiako udal-mugarteko portu-eremua; IFK: B 20357372), hondakin arriskutsuak aldi baterako biltegiratzeko instalazioa ezar dezan Pasaiako udal-mugartean, ebazpen honen bigarren apartatuan ezarritako baldintzetan.

Jarduera Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren 1. eranskineko 5.6 kategorian dago sartuta:

"5.6. 5.5 epigrafean jasota ez dauden hondakin arriskutsuak aldi baterako biltegiratzea, 5.1., 5.2., 5.5 eta 5.7 epigrafeetan adierazitako tratamenduetako bat aplikatu arte, 50 tonatik gorako edukierarekin, jasotzeko zain dagoen bitartean sortu den lekuan bertan aldi baterako biltegiratzea alde batera utzita."

Jarduera hondakinak bildu eta transferitzeko zentro logistiko bat da, eta barne hartzen ditu hondakinen bilketa, proiektatutako instalazioetarako garraioa, deskarga eta aldi baterako biltegiratzea, baita azken tratamendua egiteko baimena duen kudeatzaile bati horiek berriz igortzea ere (kudeaketa-eragiketa: D15/R13 tratatzeko zain dagoen bitartean biltegiratzerako; R12 hondakin arriskutsu jakin batzuk multzokatzeko).

– Hondakin oliotsuak biltegiratzea (kudeaketa-gaitasuna 5.000 tn/urte):

• Automobilgintzako olioak.

• Marpol I motako hondakinak.

• Industriatik datozen olio erabiliak.

– 1 m3-ko 20 edukiontzietako Marpol V motako hondakinen gaikako bilketatik datozen edukiontziak biltegiratzea (kudeaketa-gaitasuna 50 tn/urte).

– Hondakin industrialei dagozkien ontzietako hondakinak biltegiratzea (kudeaketa-gaitasuna 2.000 tn/urte).

– Tresna elektriko eta elektronikoen hondakinak (TEEH) biltegiratzea (kudeaketa-gaitasuna 4 tn/urte).

Ekoizpen-prozesua hondakinen izaeraren arabera bereizten da.

1.– Hondakin oliotsuak biltegiratzea.

– Jasotzea-Igortzea-Administratzea: Marpol I motako hondakinak.

– Jasotzea-Igortzea-Administratzea: industriako eta automobilgintzako olioak.

– Andel-parkeko hondakinetarako jardunbidea.

2.– Ontzi mugikorretako hondakinak biltegiratzea.

– Jasotzea-Igortzea-Administratzea.

– Ontzietako hondakinetarako jardunbidea.

3.– TEEH hondakinak biltegiratzea.

4.– Marpol V motako hondakinak biltegiratzea.

– Jasotzea-Igortzea-Administratzea.

– Marpol V motako hondakinetarako jardunbidea.

Plantako funtzionamendu orokorrak etapa hauek ditu:

– Onartzeko eskaera: hondakinak karakterizatzea eta kodifikatzea eta hondakin prozesagarria den zehaztea.

– Onartzeko protokoloa: parametro fisiko-kimikoak betetzen dituela eta biltegiratzeko aukera dagoela egiaztatzen da.

– Jasotzea eta plantan geratzea: prebentziozko onarpen-agiria jaulkitzea eta, hala badagokio, plantara garraiatzea. Beharrezko agiriak entregatzen dira (kontrola eta segurtasuna, garraio-gutuna eta segurtasuneko fitxa). Hondakin motaren arabera, bidoi edo andeletan deskargatzen da.

– Igortzea: kudeatzaile baimendu bati.

– Administratzea: biltegiratze-kontrola eta igortze-denborak.

Prozesuetan sortutako hondakin-urak euri-urak eta ur beltzak dira, eta ez dago prozesuaren ondoriozko efluenterik. Bi fluxuak itsasora isuriz husten dira.

Zuzenketa-neurriak eta urak husteko instalazioak ebazpen honen D.2.3.4 puntuan deskribatzen dira.

Sortutako hondakin arriskutsuak zein arriskugabeak ekipoak mantentzeko eta instalazioa zaintzeko jarduera orokorretatik datoz, nagusiki.

Sanemar SLren jardueran, teknika erabilgarri onenak aplikatzen dira, zehazki, dokumentu honetan biltzen direnak: "Hondakinen tratamendurako teknika erabilgarri onenei (TEO) buruzko ondorioak, bat etorriz Europako Parlamentuak eta Kontseiluak emandako 2010/75/EB Zuzentarauarekin. 2018ko abuztua": MTD1, MTD2, MTD3, MTD4, MTD5, MTD11, MTD14, MTD18, MTD19, MTD21, MTD23, MTD24».

«Bigarrena.– Sanemar SLk Pasaiako udal-mugartean (Gipuzkoa) hondakin arriskutsuak aldi baterako biltegiratzeko sustatu duen jarduera ustiatzeko baldintza eta betekizun hauek ezartzea:

A) Gutxienez seiehun mila euroko (600.000) erantzukizun zibileko aseguru bat eratu beharko da, honako hauek estaliko dituena: hirugarren pertsonei edo horien ondasunei sortutako balizko kalteengatiko kalte-ordainak, eta baimen honek onartutako jardueraren ondorioz aldatzen den ingurumena konpondu eta leheneratzeko kostuak.

Aseguru horren zenbatekoa urtero eguneratu ahal izango da, aurreko 12 hilabeteetako kontsumoko prezioen indizearen (KPI) arabera igota.

B) Hogeita hamalau mila hirurehun eta berrogeita hamar (34.350) euroko fidantza jartzea, Ekonomia zirkularra bultzatzeko hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 23. artikuluko 5.b) apartatuan xedatutakoari jarraikiz. Fidantza horren zenbatekoa hondakinak tratatu eta biltegiratzeko gehieneko gaitasunen arabera zehazten da.

Fidantza horren zenbatekoa urtero eguneratu ahalko da, aurreko 12 hilabeteetako kontsumoko prezioen indizearen (KPI) arabera igota.

Jarritako fidantza ez da itzuliko, Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzak Sanemar SLk sustatutako hondakin arriskutsuak kudeatzeko jarduera uztea baimendu arte edo dagokionean jarduera uzteko finkatutako baldintzak bete arte; baldintza horiek, betiere, lurzoruaren kalitate-adierazpenean ezartzen diren betekizunak barne hartuko dituzte.

Horrez gain, Kostaldeei buruzko uztailaren 28ko 22/1988 Legearen 88.4 artikuluan xedatutakoaren arabera, ebazpen honen bigarren apartatuko D.2.3.5 azpiapartatuan aipatzen den isurketa-kanona ezartzen denean, aipatutako legearen 85. artikuluan eta hura garatzeko onartzen den araudian ezarritako irizpideen arabera, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailak fidantza bat era dezala eskatu ahalko dio Sanemar SLri, ezarri zaizkion isurketa-baldintza guztiak beteko dituela ziurtatzeko.

C) Administrazioarekiko harremanez arduratuko den pertsonaren gainean Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari eman dizkion datuetan aldaketarik balego, Sanemar SLk aldaketa horien berri emango du.

D) Babes- eta zuzenketa-neurriak sustatzaileak Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzan aurkeztu dituen agirietan aurreikusi bezala beteko dira, indarrean dagoen araudiaren arabera eta honako apartatu hauetan ezarritakoari jarraituz:

D.1.– Hondakinak onartu, hartu, maneiatu eta biltegiratzeko baldintzak eta kontrolak.

Instalazioan kudeaketa egiteko onar daitezkeen hondakinak hurrengo apartatuetan daude zehaztuta, horiek behar bezala kudeatzeko zehaztapenekin batera.

Lantegian tratatu beharrekotzat jotzen den hondakin-jatorri bakoitzeko, operadoreak kasuan kasuko tratamendu-kontratua igorriko dio Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari, beharrezkoa bada, hondakina onartzeko parametro mugatzaile edo baldintzatzaileen proposamena erantsita.

Hondakin jakin bat onartzeko aukera ikustean, Sanemar SLk horren titularrari onarpenaren ziurtagiria igorriko dio, onarpenaren baldintzak zehaztuta.

D.1.1.– Onar daitezkeen hondakinak.

Sanemar SLk ondorengo Europako Hondakinen Zerrendako EHZ kodea duten hondakin hauek kudeatu ahal izango ditu. Zerrenda hori Batzordearen 2014ko abenduaren 18ko Erabakiaren bidez argitaratu zen, zeinaren bidez aldatu egin baitzen 2000/532/EB Erabakia, hondakinen zerrendari buruzkoa, Europako Parlamentuaren eta Batzordearen 2008/98/EB Zuzentarauan xedatutakoa betez. Halaber, aipatutako erabakiaren arabera emango zaie hondakinei dagokien kodea eta sailkapena, baita Batzordearen 2014ko abenduaren 18ko 1357/2014 (EB) Erregelamenduan ezarritakoaren arabera ere. Erregelamendu horrek ordezten du Europako Parlamentuaren eta Batzordearen 2008/98/EE Zuzentarauaren III. eranskina (2008/98/EE Zuzentaraua, hondakinei buruzkoa eta zuzentarau jakin batzuk indargabetzen dituena). Hortaz, ondoren adierazten diren hondakin hauek baino ez dira onartuko:

Instalazioan inola ere ez dira onartuko ebazpen honetan zehaztu ez diren hondakinak, ez eta hondakin onargarrien artean adierazitakoak izanik ere, beste hondakin mota generikoren batekin kutsatuta daudenak ere.

a) Transferentzia-zentroa – Hondakin arriskutsuak aldi baterako biltegiratzea.

(Ikus .PDF)

b) Transferentzia-zentroa – GEEHak aldi baterako biltegiratzea.

(Ikus .PDF)

c) Transferentzia-zentroa – Marpol V motako hondakinen gaikako bilketatik datozen eta hondakin arriskugabeak aldi baterako biltegiratzea.

(Ikus .PDF)

Zamalanak baimentzen dira, halaber, eta, behar izanez gero, hondakin horien berrontziratze-eragiketak.

– Baimen honen esparrutik kanpo geratuko dira betiere leherkariak, erregarriak eta hondakin infekziosoak (HP1, HP2 eta HP9 arriskugarritasun-kodeak dagozkie, hurrenez hurren), HP12 arriskugarritasun multzoko hondakinak eta bifenilo polikloratuak edo terfenilo polikloratuak izan edo osagai horiekin kutsatuta daudenak (C32 osagai-kodedunak).

– Gailu Elektriko eta Elektronikoen Hondakinei buruzko otsailaren 20ko 110/2015 Errege Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira ekipo elektriko eta elektronikoen hondakinak. Horiek soilik biltegiratu ahal izango dira (R13) R1etik R12ra zenbakitutako edozein eragiketaren zain (aldi baterako biltegiratzean izan ezik, jasotzeko zain, hondakina sortu zen lekuan).

– Era berean, Pilen eta metagailuen hondakinen ingurumen-kudeaketari buruzko otsailaren 1eko 106/2008 Errege Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatu beharko dira pilen eta metagailuen hondakinak.

– Sanemar SLk industrian sortutako etxeko zaborrak eta merkataritza-hondakinak kudeatu ahal izango ditu (20. taldeko EHZ kodea duten hondakinak), ebazpen honetan adierazi direnak soilik, baldin eta dagozkion udal-ordenantzen arabera ez bada beharrezkoa hondakinok hondakinen kudeaketa-sistema publiko bati entregatzea.

D.1.2.– Hondakinen sarrera kontrolatzea.

Instalaziora balorazioa egiteko iristen diren hondakinen kontrola egin beharko da, ebazpen honetako baldintzen arabera onargarriak direla bermatzeko.

Ezin izango dira onartu baimen honetan adierazitakoez bestelako hondakinak. Nolanahi ere, hondakin mota gehiago kudeatu ahal izateko, beharrezkoa izango da Ingurumen Sailburuordetzaren onarpena lortzea aldez aurretik, eta ebazpen honen I. apartatuan ezartzen dena betetzea.

Beste autonomia-erkidego batzuetatik datozen hondakinak lekualdatzeko, Estatuaren Lurraldearen Barruko Hondakinen Lekualdaketa arautzen duen 180/2015 Errege Dekretua eta Euskal Autonomia Erkidegoan gerora egiten den arau horren garapena bete beharko da.

Hori hala izanik, hondakinak beste autonomia-erkidego batetik lekualdatzeko, identifikazio-agiri bat aurkeztu beharko da, jarraipen eta kontrola egiteko, bat etorriz Ekonomia zirkularra bultzatzeko hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 31.2 artikuluarekin.

Inguruabarrek hala eskatzen dutenean, ingurumen-organoak azalpenak eska ditzake, argitu diezaioten zergatik den ekonomikoki eta teknikoki ezinezkoa baimen honen baitako hondakinak Euskal Autonomia Erkidegoan kudeatzea, eta hori egingo du buruaskitasuneko eta gertutasuneko printzipioak aintzat hartuta, eta bat etorriz Euskal Autonomia Erkidegoko Hondakinak Prebenitzeko eta Kudeatzeko 2030erako Planeko Helburu Estrategikoetan ezarritakoarekin.

Edonola ere, birziklatu edo balorizatu daitezkeen hondakinak helburu horietara bideratuko dira, eta Sanemar SLk betetako onarpen-agirietan jasoko da gertakari hori.

Bat etorriz Hondakinak Prebenitzeko eta Kudeatzeko Euskadiko 2030 Planaren helburu estrategikoetan ezarritakoarekin, hondakinak ebazpen honen babesean emandako onarpen-agiri baten kargura bidali aurretik, ingurumen-organo honek baliozkotu beharko du agiri hori. Ezingo da Sanemar SLk kudeatu beharreko hondakin arriskutsurik jaso organo honek ez badu aldez aurretik baliozkotu onarpen-agiria, eta baliozkotzea 15 egun naturaleko epean egin beharko da, agiria jasotzen denetik aurrera. Epe hori igarota, ez bada izan berariazko posizionamendurik, hura aldekoa dela ulertuko da. Baliozkotu beharreko onarpen-agirian, besteak beste, honako datu hauek jaso beharko dira: parametro mugatzaileak, hondakinen identifikazioa eta iraungitze-data, baldin eta hondakinik ez bada entregatzen.

Era berean, baldin eta hondakina onartzeko baldintzen jarraipena egitean ikusten bada baldintzak ez direla bete eta, beraz, partida ez dela onartu, berehala jakinarazpen bat bidali beharko zaio organo honi, posta elektroniko bidez (ippc@euskadi.eus), honako hauen berri emanez:

– Baztertzeko arrazoia.

– Beste kudeaketa-bide bat ala hondakina bidaltzaileari itzultzea proposatzen den.

– Beste kudeatzaile bati bidaltzea proposatzen bada, nahitaezkoa izango da dagokion onarpen-agiria aurkeztea, betiere lekualdaketa egin aurretik.

– Ekoizleari itzultzen bazaio, kontrol- eta jarraipen-agiriko gertakarien apartatuan jaso beharko da gertakari hori, eta lekualdaketaren data eman.

Onartu ez den partida beste autonomia-erkidego batetik badator, jatorrizko ingurumen-organoari ere jakinarazi beharko zaio.

Hondakinak onartu eta jasotzeko aukera egiaztatzeko asmoz, Sanemar SLk hondakinen eskura izan beharko ditu hondakin horiek onartzeko parametroak egiaztatzeko aukera emango duten baliabide teknikoak eta giza baliabideak. Olio-hondakinetarako, gutxienez, honako hauek zehaztu beharko dira andeletan biltegiratu aurretik: sugar-puntua, guztizko kloro edukia eta PCB/PCT edukia. Erabilitako olioaren onarpena baldintzatzen duten parametroak, betiere eta hondakin sorta bakoitzerako, ustiapen-eskuliburuan ezarritako jardunbide onartuaren arabera zehaztu beharko dira, Sanemar SLren instalazioetan, goi-mailako tituluduna izan beharko duen laborategi-buru baten gainbegiradapean.

Hondakin arriskutsuak onartzeko bestelako parametroak zehaztu behar badira, kanpoko laborategi homologatuen bidez egin ahal izango da. Horretarako, kontratu bat sinatu beharko da, laborategiek emango dituzten zerbitzuen garrantzia eta ezaugarriak agiri bidez egiaztatzeko.

Baimendutako EHZ kodea duen hondakin bat onartzerik ez badago, ezezko onarpen-agiria egin beharko da, hondakin hori kudeatzeko ezintasunaren arrazoiak azalduz.

Aldez aurretiko betekizun gisa, EHZ 080111 kodea duten hondakinak kudeatzen hasi baino lehen, Sanemar SLk zehaztu egin beharko du zein den aurreikusitako kudeaketa-bidea.

Hondakina lehen aldiz atera aurretik, baimendutako kudeatzaileak emandako dagokion onarpen-agiria aurkeztu beharko du organo honetan. Proposatutako kudeatze-bideetan edo hondakinak hartuko dituen kudeatzailearengan izandako aldaketak ingurumen-organo honi jakinarazi behar zaizkio; haiek egin aurretik, eta, jakinarazpen horrekin batera, onarpen-agiri berria igorriko zaio Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari, hura baliozkotu dezan.

D.1.3.– Zamalanak.

a) Hondakin horien zamalanak egiteko ibilgailuen geralekuek zolata iragazgaitza izango dute, eta, orobat, behar diren maldak eta balizko jarioak biltzeko sareak, horiek kutxatila itsurantz edo biltzeko putzurantz zuzentzeko, betiere bidean ibilgailuaren azpitik igaro gabe edo beste ibilgailu edo instalazio batzuetara hurbildu gabe.

b) Zamalanak egitean, substantzia arriskutsuak manipulatzeko eskatutako segurtasun-baldintzak bete beharko dira.

c) Instalazioan egiten diren hondakinen zamalanek eta manipulazioek, baita ekipoen estankotasunak ere, emisio lausoak edo kontrolik gabeak saihestu beharko dituzte, edo, saihestu ezin denean, ahalik eta gehien murriztu.

d) TEEHak jasotzeko eta garraiatzeko baldintzek TEEHak eta horien osagaiak prestatzea eta berrerabiltzea ahalbidetu behar dute, eta ez dira apurtu behar, ez gehiegi pilatu, ez substantziarik isuri edo materialik galdu, ezta oliorik eta likidorik isuri behar ere. Merkurioa duten lanparak biltegiratuz gero, behar bezala beteko dira horiek jaso eta garraiatzeko baldintza espezifikoak, gailu elektriko eta elektronikoen hondakinei buruzko otsailaren 20ko 110/2015 Errege Dekretuaren VII. eranskinean jasotzen direnak.

Aurrez manipulatu diren, hondatuta dauden edo osagai guztiak ez dituzten gailuak jasotzen badira, gertakari hori behar bezala jaso beharko da D.1.5 apartatuan aipatzen den artxibo kronologikoan.

D.1.4.– Jasotako hondakinak biltegiratzea.

a) Balorizatu beharreko hondakinen gehieneko biltegiratze-epea bi urtekoa izango da hondakinak arriskugabeak badira, eta sei hilekoa arriskutsuak badira.

b) Tratatu beharreko hondakinak biltegiratzeko instalazioek lurzoru iragazgaitzak izango dituzte, aurreikusitako zamak jasateko eta egon litezkeen ihes edo isurketei eusteko gai direnak, eta biltegiratze-eremu bereiziak izan beharko dituzte hondakin onargarrien mota generiko bakoitzerako.

c) Hondakin arriskutsuak biltegiratzearen ondoriozko arriskuak murrizte aldera, Sanemar SLk gune bereizian biltegiratu beharko ditu hondakinok. Gune hori estalita egongo da, eta lurzoru estankoak izan beharko ditu.

d) Instalazioan onartutako hondakinak biltegiratzeko orduan, prezipitazio atmosferikoak sartzea eta haizeak hondakinak arrastatzea saihestu beharko da.

e) Behar bezala beteko dira horiek jaso eta garraiatzeko baldintza espezifikoak, tresna elektriko eta elektronikoen hondakinei buruzko otsailaren 20ko 110/2015 Errege Dekretuaren VII. eranskinean jasotzen direnak.

f) Hautsezko hondakinak eta ontziratu gabe jasotakoak pabiloiaren barruan gorde beharko dira, multzotan edo gelaxketan, harik eta tratatzen diren arte.

g) Egoera fisiko likidoan edo oretsuan dauden edo oso bustita daudelako isurketak edo lixibiatuak sor ditzaketen hondakinen kasuan, horiek biltzeko kubeta edo sistema egokiak jarriko dira, istripuzko isurketak kanpora irten ez daitezen. Bilketa-sistema horiek independenteak izan behar dute hondakin mota hauetarako: jarioren bat gertatu eta nahasiz gero, nahasketa horren arriskugarritasuna handitzen bada edo kudeaketa zailtzen bada.

h) Hondakinak desagertu, galdu edo jariatzen baldin badira, jazoera hori berehala jakinarazi beharko zaie bai Ingurumen Sailburuordetzari, bai Pasaiako Udalari.

i) Instalazioaren etenaldi teknikoko egoera berezietan, edo instalazioaren ezohiko funtzionamenduaren ondoriozko bestelako egoeretan, Sanemar SLk D.1.1 apartatuan adierazi diren hondakinen transferentzia-zentro gisa jardun ahal izango du, hondakinak beste instalazio baimendu batera eramateko, han kudeatu daitezen.

D.1.5.– Kudeatutako hondakinen datuak erregistratzea.

Bat etorriz Ekonomia zirkularra bultzatzeko hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 64. artikuluan ezarritakoarekin, Sanemar SLk fitxategi kronologikoa izan beharko du, formatu fisiko edo telematikoan. Fitxategian, datu hauek jasoko dira, ordena kronologikoan: hondakinen kantitatea, izaera, jatorria, helmuga eta tratamendu-metodoa. Hala dagokionean, onartutako eta kudeatutako hondakinen garraiobidea eta bilketa-maiztasuna ere jasoko dira. Baztertutako hondakinei dagokienez, berriz, kantitatea, baztertutako hondakina sortzen duen enpresa, baztertzeko arrazoia, baztertutako hondakinaren azken helmuga eta beste gorabehera batzuk jasoko dira. Aipatutako fitxategi kronologikoan, hondakinen ekoizpen- eta kudeaketa-lanen agirien bidezko egiaztapenean bildutako informazioa sartu behar da.

Fitxategi kronologiko hori hiru urtez gorde beharko da gutxienez, eta urtero bidali beharko da Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzara, dagokion urteko ingurumena zaintzeko programaren barruan.

Ekonomia zirkularra bultzatzeko hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 65. artikuluari jarraikiz, urte bakoitzeko martxoaren 31 baino lehen aurkeztu beharko da fitxategi kronologikoan jasotako informazioaren memoria laburra, dagokion urteko ingurumena zaintzeko programaren barruan.

TEEHak kudeatzeko, fitxategi kronologikoa bat etorriko da 110/2015 Errege Dekretuaren XI. eranskinarekin, eta urteko memoriak otsailaren 20ko 110/2015 Dekretuaren XII. eranskineko gutxieneko edukia izan beharko du.

Fitxategi kronologikoa eta jasotako TEEH hondakinei buruzko urteko memoria plataforma elektronikoan kargatuko dira erabilgarri dagoenean, 110/2015 Errege Dekretuaren 55. artikuluan aurreikusitako terminoetan. Plataforma elektroniko horren bitartez, fitxategi kronologikoari eta urteko memoriaren lanketari dagozkion betebeharrak bete ahal izango dira.

Aurreko apartatuetan adierazitako agiriak Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzara bidaliko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eskura jarritako kanal, sistema edo aplikazio informatikoak erabiliz.

D.1.6.– Estatuz kanpotik inportatutako hondakinak.

Kudeatu beharreko hondakinak beste estatu batzuetakoak badira, Hondakinen lekualdaketei buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2006ko ekainaren 14ko 1013/2006 Erregelamenduan ezarritakoa bete beharko da.

Horrez gain, aurreikusten bada zabortegian ezabatu beharko direla inportatu beharreko hondakinak zein inportatutako hondakinen helmugako instalazioan aurreikusitako balorizazio- eta ezabatze-tratamendutik lortutako korronte adierazgarriren bat, orduan, kontsulta bat egin beharko zaio organo honi, eta justifikatu beharko da aurreikusitako mugaz gaindiko lekualdaketak bat datozela Euskadiko Hondakinak Prebenitu eta Kudeatzeko 2030eko Planean zehaztutako hondakinen inguruko plangintzaren helburuekin.

D.2.– Instalazioaren jardunerako baldintza orokorrak.

D.2.1.– Instalazioan tratatutako hondakinak egoki kudeatzen direla bermatzeko baldintzak.

Edozein direla ere D.1.1 apartatuan adierazitako hondakinak onartu, jaso, ikuskatu eta biltegiratzeko baldintza eta kontrolak, Sanemar SLk tratamendu-lerroetarako baldintza hauek betetzen dituela bermatu beharko du:

Transferentzia-zentroa – Aldi baterako biltegiratzea.

a) Aldi baterako biltegiratze-jardueraren barruan honako hauek sartuko dira: multzokatzea, produktua edukiontziz aldatu gabe, lantegian horretarako gaitutako tokian, baita haren zamatzea, hustuketa eta berrontziratzea ere beharrezkoa izanez gero, eta ez da ontzien barruko aldearen edo ontzietan gordetzen diren hondakinen gainean eragina daukan bestelako manipulaziorik aintzat hartzen.

b) Hondakin solteen kasuan, batera biltegiratu ahal izango dira homogeneoak direnak beren izaera, osaketa eta kodifikazioarekiko; alabaina, aldez aurretik karakterizazioa egin beharko da, ziurtatzeko ezen batera biltegiratzeak ez dakarrela arriskua areagotzerik, ezta azken buruko kudeaketa zailtzerik.

c) Halaber, nahitaez bete beharko dira hondakin arriskutsuak ontziratu eta etiketatzeari buruzko jarraibideak, indarreko araudian jasotakoak.

Era berean, hondakinak Hondakinen Europako Katalogoan (HEZ) ezarritako kodearen bidez identifikatu beharko dira. Katalogo hori Batzordearen 2014ko abenduaren 18ko Erabakiaren bidez onartu zen, zeinaren bidez aldatu egiten baita hondakinen zerrendari buruzko 2000/532/EE Erabakia, bat etorriz Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2008/98/EE Zuzentarauarekin.

d) Hondakinak aldi baterako biltegiratzeko instalazioetan, hondakin horien zamalanak egiteko ibilgailuen aparkalekuak lurzoru estankoa izango du, eta beharrezkoak diren maldak eta balizko isurketak biltzeko sareak, horiek kutxatila itsurantz edo biltzeko putzurantz zuzentzeko, bidean ibilgailuaren azpitik igaro gabe edo gai arriskutsuen beste ibilgailu batzuetara hurbildu gabe.

e) Hondakin arriskutsuak aldi baterako biltegiratzeko instalazioak estalkia izan beharko du, prezipitazio atmosferikorik iragaz ez dadin. Halaber, lurzoru estankoak izango ditu, eta behar diren maldak eta balizko isurketak biltzeko sareak, isuriok kutxatila itsurantz edo bilketa-putzurantz bideratzeko. Gainera, aurreikus daitezkeen hondakin arriskutsuen balizko isurien adinako edukiera izango dute horiek.

f) Segurtasun-tarteei eta babes-neurriei dagokienez, biltegiratutako hondakinek likido sukoiak eta erregaiak eta likido korrosiboak biltegiratzearen inguruan indarrean dagoen arautegian ezartzen diren exijentziak bete beharko dituzte, baita suteen prebentzio- eta babes-arauak ere, eta behar bezala identifikatu beharko dira ezagutu eta bereizi ahal izateko.

g) Isurketak eragin ditzaketen hondakin arriskutsuak kubeta independenteetan biltegiratuko dira, eta, betiere, elkarrekin bateragarriak diren hondakinak dituzten ontzietara bideratuko da kubeta bakoitza. Isurketak biltzeko kubetek zoru eta horma iragazgaitzak izango dituzte, erabat estankoak direnak. Kutxatila horietan jasotako efluenteak kudeatzaile baimendu bati entregatu beharko zaizkio.

h) Baimen honi loturiko hondakin arriskutsu ontziratuak gune bereizietan biltegiratuko dira, motaren arabera identifikatuta. Horretarako, biltegi hauek izango dira:

Gordetegi finkoetan biltegiratzea:

– T-01: Marpol: 45 m3.

– T-02: Automobilgintzako olioak: 45 m3.

– T-03: Olio-urak: 45 m3.

– Bitarteko T: 5 m3.

Ontzi mugikorretan biltegiratzea:

– 1. modulua: 30 tn hondakin solido.

– 2. modulua: 4 tn hondakin likido toxiko.

– 3. modulua: 12,8 tn hondakin likido eta solido kaltegarri.

– 4. modulua: 4 tn hondakin solido kaltegarri.

i) Gehienez ere 6 tona TEEH biltegiratuko dira, betiere tresna elektriko eta elektronikoen hondakinei buruzko otsailaren 20ko 110/2015 Errege Dekretuaren VIII. eranskinean zehaztutakoari jarraikiz.

j) Ahal den guztietan berrerabiltzeko prestaketa barne hartzen duten akordioak sinatuko dira. Horretarako, GEEHak norako horretarako berrikusiko dira, bat etorriz Gailu elektriko eta elektronikoen hondakinei buruzko otsailaren 20ko 110/2015 Errege Dekretuaren IX.A eranskineko irizpideekin.

k) GEEHei ezingo zaie R4 eragiketarik egin, kudeatzaile baimenduaren tratamendu espezifikorik jaso ez badute. Tratamendu horretan, gutxienez, mota guztietako jariakinak kendu beharko dira, olioak, lubrifikatzaileak eta bestelakoak barne, eta material eta osagaien tratamendu gaikakoa egin beharko da, bat etorriz Gailu elektriko eta elektronikoen hondakinei buruzko otsailaren 20ko 110/2015 Errege Dekretuaren XIII. eranskinean xedatutakoarekin. Era berean, GEEHak ezingo dira prentsatu, zatitu edo trinkotu, baldin eta aurretik igaro ez badute dagokion tratamendu espezifikoko prozedura.

l) Hondakin arriskutsuak ezingo dira sei hilabetetik gora biltegiratu.

m) Hondakin arriskutsuak aldi baterako biltegiratzeko jardueran sortutako efluente oro, ur beltzak izan ezik, bereizita jaso beharko da, eta haren ezaugarrien arabera behar bezala kudeatu, eta ezin izango da sarera isuri.

n) Indarraldiaren arabera, Sanemar SLk eta enpresak bidalitako hondakin arriskutsuen kudeatzaile hartzaileen artean hitzartutako tratamendu-kontratuen indarraldia aldizka egiaztatu beharko da Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzan. Hondakinak hartuko dituzten kudeatzaileak ez badaude Espainian kokatuta, mugaz gaindiko lekualdatzeak arautzen dituen Europar Batasuneko araudia bete beharko da.

D.2.2.– Airearen kalitatea babesteko baldintzak.

Sanemar SLren instalazioaren ustiapenean bete beharreko baldintzak dira emisio atmosferikoek ez gainditzea ebazpen honetan ezarritako emisioen muga-balioak, eta Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzak jarraibide teknikoetan ezarritako eskakizun teknikoak betetzea.

Prozesuan zehar aireratzen den gai kutsatzaile oro bildu eta bide egokienetatik kanporatuko da, behar denean, emisio horien ezaugarrien arabera diseinatutako gasak arazteko sistema batetik igaro ondoren.

Arau orokor honetatik salbuetsi ahalko dira emisio konfinatu gabeak, baldin eta teknikoki edota ekonomikoki atzeman ezin badira edo ingurunean oso eragin txikia dutela frogatua badago.

Neurri egokiak hartuko dira istripuzko emisioen probabilitatea murrizteko eta horien ondoriozko efluenteek giza osasunerako eta segurtasun publikorako arriskurik ez izateko. Gas-efluenteak tratatzeko instalazioak behar bezala ustiatu eta mantenduko dira, efluenteen tenperatura- eta konposizio-aldaketei eraginkortasunez aurre egiteko moduan. Era berean, ahalik eta gehien murriztuko dira instalazio horiek gaizki dabiltzan edo geldirik dauden aldiak.

Proiektuan atmosfera-kutsaduraren inguruan aipatutako neurriak beti beteko dira; bereziki, hautsezko isuriak saihesteko direnak.

Organo horrek foku berri bat baimendu ondoren, hura abiarazten denetik sei hilabete igaro baino lehen, ingurumen-kontroleko erakunde batek egindako hasierako IKE txosten bat igorri beharko da. Nolanahi ere, epe hori luzatzeko eskatu ahalko dio Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari, betiere behar bezala justifikatutako arrazoiak direla medio.

D.2.3.– Itsasora isurtzeko baldintzak.

D.2.3.1.– Isurketen sailkapena, jatorria, ingurune hartzailea eta kokapena.

(Ikus .PDF)

Ezin izango dira isurtzeko hodiak erabili aurreko taulan agertzen direnez bestelako likidoak garraiatzeko, inola ere.

D.2.3.2.– Gehienez isur daitezkeen emariak eta bolumenak.

1. fluxua (IG1): kanpo-zoladurako euri-urak.

(Ikus .PDF)

2. fluxua (IG1): Erabilera higienikoko urak

(Ikus .PDF)

D.2.3.3.– Emisioen muga-balioak.

Itsasora egiten diren isurketen ohiko kutsadura-parametroak ondoren zerrendatutakoak izango dira soilik, bakoitzerako zehazten diren gehienezko balioekin:

a) 1. fluxua (IG1): kanpo-zoladurako euri-urak.

(Ikus .PDF)

b) 2. fluxua (PV1): Erabilera higienikoko urak.

(Ikus .PDF)

Ezin izango dira diluzio-teknikak erabili emisioen muga-balioak lortzeko.

Ezarritako emisioaren muga-balioak gaindituz gero, ebazpen honetan arauz kanpoko isurketentzako ezarritako protokoloaren arabera jokatu beharko da.

Gainera, ingurune hartzaileko ingurumen-arloko kalitate-arauak bete beharko dira. Horrela ez bada, erakunde titularrak tratamendu egokia instalatu beharko du, isurketa ez dadin izan arau horiek ez betetzearen kausa.

Baimen honek ez du babesten baldintza honetan esplizituki adierazi ez den beste gairik isurtzea, bereziki gai arriskutsurik (irailaren 11ko 817/2015 Errege Dekretuaren IV. eta V. eranskinak).

D.2.3.4.– Arazteko eta husteko instalazioak.

D.2.3.4.1.– Deskribapena.

Arazketa-instalazioak edo hondakin-uren neurri zuzentzaileak –ezarrita daudenak eta isurketarako ezarrita dauden baldintza teknikoak betetzen dituztenak– dokumentazio teknikoaren araberakoak izango dira, eta elementu hauek izango dituzte funtsean:

– Ura husteko sare bereiziak: teilatuetako euri-ur garbiena, kanpoko zoladuratik datozen eta gai kutsagarriak eraman ditzaketen euri-urena eta langileek higienerako erabilitako urena.

– Andel-parkearen guneko hormigoizko kubeta: euri-uretarako eta izan daitezkeen jarioetarako dagoen kutxatila itsukoak biltzen dituena. Ur horiek modu egokian kudeatuko dira, beren izaeraren arabera.

– Zamalanetarako gunerako iragazgaiztutako zoladura, jardueretan gerta daitezkeen jarioak mugatu eta biltzeko behar diren maldak dituena.

– Hondakinak ontzi mugikorretan biltzeko guneak barruranzko malda izango du konpartimentu bakoitzean, eta saihestu egingo da istripuzko edo lixibiatuzko isurketa oro kanpora irtetea. Hondakin likidoen eta pilen konpartimentuek ura biltzeko kutxatila itsuak edukiko dituzte, eta zoladura iragazgaiztekoak.

– Hidrokarburoen I. motako berariazko bereizgailua, oinarrizko dekantazio-ganbera, iragazki batzailea, obturazio automatikoa eta bypass-a dituena, 8 l/s-ko emari nominal baterakoa, kanpoko zoladuratik datozen euri-urak tratatzeko.

– Hobi septikoa eta iragazkia dituen monobloc ekipoa, 4 biztanleri dagokien edukiera duena, langileek beren higienean erabilitako urak tratatzeko.

Hartutako zuzenketa-neurriak nahikoa ez direla egiaztatuz gero, entitate titularrak beharrezkoak diren aldaketak egin beharko ditu arazteko instalazioetan, administrazioari jakinarazi ondoren, isurpenak egoki daitezen baimendutako ezaugarrietara, eta, hala badagokio, baimena aldatzeko eskatuko du.

Orain baimendu diren higiene-erabilerako isurketak etorkizunean saneamendu-kolektore nagusi bati lotzea teknikoki bideragarria bada, hari lotu beharko zaizkio; eta idatziz jakinarazi beharko zaio Administrazioari.

D.2.3.4.2.– Isurketa ebakuatzea. Kontrol-kutxatila.

Aurkeztutako agirien arabera, kontrol-kutxatila bat jarriko da isurketa bakoitzerako; kutxatila horiek isurketen lagin esanguratsuak lortzeko beharrezkoak diren ezaugarri guztiak izango dituzte. Kutxatila sarbide zuzena duten lekuan kokatuko da, beharrezkoa denean, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren Uraren Euskal Agentziak ikuskatu ahal izateko.

Kontrol-puntu horrek isurketak neurtzeko gailua izango du, ezaugarrien arabera aplikatu beharrekoa, bat etorriz ARM/1312/2009 Aginduaren 7. artikuluan jasotakoarekin. Bestalde, euren funtzionamenduak aipatutako aginduaren 7. eta 8. artikuluetan zehaztutako baldintzak bete beharko ditu.

Sistema hori ordeztu ahal izango da: euri-uren kasuan, plubiometriaren araberako zeharkako zenbatespenak egingo dira; higienerako erabiltzen diren uren kasuan, berriz, ur-kontsumoaren araberako zenbatespenak egingo dira, kontsumitutako bolumena isuritako bolumenarekin parekatuz.

D.2.3.5.– Isurketen kontrol-kanona.

Kostei buruzko uztailaren 28ko 22/1998 Legearen 85. artikuluak ezartzen duenez, lehorretik itsasora isurtzen diren hondakin-urei kanon bat ezarriko zaie, haien karga kutsatzailearen arabera.

2014ko martxoaren 13an indarrean sartu zen Lehorretik itsasora egiten diren isurketei buruzko abenduaren 10eko 459/2013 Dekretua, zeinaren bidez arautzen baita, hain zuzen ere, 22/1988 Legean aurreikusitako kanon hori. Arau horren arabera, kanona osoki bideratuko da, batetik, lehorretik itsasorako isurketek eragindako kutsadura gutxitzeko jarduerak finantzatzera, eta, bestetik, euskal kostaldeari dagozkion Estatuaren jurisdikziopeko uretan ezarritako ingurumen-helburuak lortzera.

Isurketa-kanonaren zenbatekoa isurketaren karga kutsatzailearen araberakoa izango da, kutsadura-unitatetan adierazita: unitate bakoitzeko 3.000,00 euro. Karga kutsatzailea kalkulatzeko, isurketaren urteko bolumena faktore hauen arabera ezarritako koefiziente batez biderkatuko da: isuriaren kutsadura-maila, isuriak dituen substantzia arriskutsuak eta isurketan erabilitako eroanbide motaren ezaugarriak. Hori guztia bat etorriz 459/2013 Dekretuaren 17. eta 18. artikuluetan ezarritakoarekin.

Isurketa-kanona = C x Puc

C = K x V

K = k1 x K2 x K3

Hau honela izanik:

C = karga kutsatzailea, kutsadura-unitatetan neurtuta.

Puc = kutsadura-unitatearen balioa.

K = kanonaren koefizientea 459/2013 Dekretuaren III. eranskinean ezarritakoaren arabera.

K1 = karga kutsatzaileari lotutako koefizientea.

k2 = eroapen motak zehaztutako koefizientea.

k3 = substantzia arriskutsuekin eginiko isurketei aplikatzeko koefizientea.

V = baimendutako isurketaren bolumena (m3/urte).

1. fluxua: kanpo-zoladurako euri-urak:

K1: (7,75 x OEK + 7,75 x SS + 58,11 x AG+ 77,48 x HC) x 10-9 = (7,75 x 125 + 7,75 x 50 + 58,11 x 20 + 77,48 x 5) x 10-9 = 2,90585 x 10 -6

K2: Erreduzitu gabea. k2 = 1

K3: Substantzia arriskutsurik gabe. k3 = 1

K= 2,90585 x 10-6 x 1,0 x 1,0 = 2,90585 x 10 -6

V = bolumena: V = 900 m3/urte

2. fluxua: Erabilera higienikoko urak:

K1: (7,75 x DQO + 7,75 x SS + 58,11 x AG + 116,22 x DTGT) x 10-9 = (7,75 x 160 + 7,75 x 80 + 58,11 x 20 + 116,22 x 2) x 10-9 = 3,2546 x 10-6

K2: erreduzitu gabea. K2 = 1

K3: Substantzia arriskutsurik gabe, K3 = 1

K = 3,2546 x 10-6 x 1,0 x 1,0 = 3,2546 x 10 -6

V = bolumena: V = 125 m3/urte

Puc = 3.000 (459/2013 Dekretuaren 17. artikulua)

Isurketa-kanona = 2,90585 x 10-6 x 900 x 3.000 + 3,2546 x 10-6 x 125 x 3.000 = 9,07 euro/urte

Isurketaren titularrak 459/2013 Dekretuaren 16. artikuluan xedatutako Isurketaren Jarraipenerako Aukerako Protokoloa jarraitu nahi badu, isurketaren K eta V balioak aplikatuko dira urteko isurketa-kanona kalkulatzeko.

Aipatutako dekretuaren 20. artikuluan ezarritakoaren arabera, urte naturala izango da isurketa-kanonaren zergaldia. Urteko zenbatekoa ebazpen honetan ezarrita gelditu da, eta ez da aldatuko isurketa baimentzeko baldintzak edo kalkuluan parte hartzen duten faktoreren bat aldatzen ez diren bitartean.

Hala eta guztiz ere, bat etorriz aipatutako dekretuaren 20.2 artikuluan xedatutakoarekin, kanona urte natural osoagatik likidatuko da, isurketa-baimena edo beraren aldaketa, etena edo baliogabetzea onartzen den ekitaldian edota Jarraipenerako Aukerako Protokoloa onartzen den ekitaldian izan ezik. Kasu horretan, urte osoa kontuan hartuta, baimena indarrean dagoen egun kopuruarekiko proportzionalki kalkulatuko da kanona.

Abuztuaren 29ko 196/1997 Dekretuaren III. kapituluan xedatutako prozeduraren arabera, ebazpen honen bidez jakinarazten zaio titularrari isurketa baimentzeko baldintzak zein diren, Isurketa Kontrolaren Kanonaren behin betiko likidazioa barne, eta jakinarazten zaio, orobat, likidazioa ez dela urtero esanbidez adieraziko; aitzitik, aurreko urteari dagokion tasa bidaliko da eta han zehaztuko da zenbat, noiz, non eta nola ordaindu behar den.

D.2.4.– Instalazioan sortutako hondakinak modu egokian kudeatzen direla bermatzeko baldintzak.

Instalazioetan sortutako hondakin guztiak kudeatuko dira Ekonomia zirkularrerako hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legean eta aplikatzekoak diren araudi espezifikoetan ezarritakoaren arabera, eta, beharrezkoa bada, karakterizatu egin beharko dira euren izaera eta helmuga egokiena zehazteko.

Berariaz debekatuta dago sortzen diren tipologia ezberdineko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin nahiz efluente batzuekin nahastea; beraz, hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta horiek bildu eta biltegiratzeko bide egokiak jarriko dira, nahasketak ekiditeko.

Hondakinen kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoei jarraituz, hondakin oro balorizatu egin behar da, eta, horretarako, balorizatzaile baimendu bati entregatu beharko zaizkio. Hau izango da hondakinak ezabatu edo deuseztatzeko aukera bakarra: ezinezkoa izatea haiek balorizatzea teknikoki, ekonomikoki eta ingurumenaren ikuspegitik. Birsortzea-berrerabiltzea lehenetsiko da balorizatzeko beste modu material edo energetiko ororen aurretik.

Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoan instalazio baimendurik badago hondakin zehatz batzuk tratatzeko, hondakin horiek instalazio haietara bidaliko dira lehentasunez, autosufizientzia- eta gertutasun-printzipioei jarraituz.

Hondakinen azken helmuga zabortegi baimenduan ezabatzea dela aurreikusten bada, hondakinak karakterizatzeko, Hondakinak hondakindegietan hartzeko irizpideak eta prozedurak ezartzen dituen Kontseiluaren 2002ko abenduaren 19ko 2003/33/EE Erabakiak xedatutakoari jarraituko zaio, bai eta Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuak ezarritako jarraibideei ere.

Instalazioan sortutako hondakinen kantitateak –ebazpen honetan daude jasota– orientagarriak dira soilik; kantitate horiek kalkulatzeko kontuan hartu dira jardueraren ekoizpen-gorabeherak eta ekoizpenaren eta sortutako hondakinen arteko erlazioa. Datu horiek jardueraren adierazleetan ageri dira. Hargatik eragotzi gabe abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 10. artikuluan ezarritakoa, instalazioko aldaketak kalifikatzeko, kasu honetan soilik eskatu beharko da baimena egokitzea: baldin eta sortutako hondakinen kantitatea handitzeak aurretik ezarri diren biltegiratze- eta ontziratze-baldintzak aldatu beharra badakar.

Hondakinak biltegiratzeko eremuak edo eremuek lurzoru estankoa izango dute. Egoera fisiko likidoan edo oretsuan edo oso bustita egoteagatik, hondakinok isurketak edo lixibatuak sortzeko arriskua badute, horiek biltzeko kubeta edo sistema egokiak izan beharko dira, gertatzen diren isurketak kanpora irten ez daitezen. Hautsezko hondakinen kasuan, hondakinak euri-urarekin bustitzea edo haizeak herrestan eramatea eragotziko da, eta, beharrezkoa izanez gero, estali egingo dira.

Hondakinak lehen aldiz atera aurretik, kudeatzaile baimenduari ematen zaizkion sortutako hondakinak behar bezala identifikatu eta sailkatzen direla justifikatu beharko da, bereziki hondakin arriskutsuen izaerari eta arrisku-ezaugarriei dagokienez, betiere honako zerrenda honetan ezarritako irizpideekin bat etorriz: Hondakinen Europako Zerrenda, Batzordearen 2014ko abenduaren 18ko Erabakiz argitaratua, zeinaren bidez aldatzen baita hondakinen zerrendari buruzko 2000/532/EE Erabakia; eta Batzordearen 2014ko abenduaren 18ko 1357/2014/EB Erregelamendua, zeinaren bidez ordezten baita Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2008/98/EE Zuzentarauaren III. eranskina (zuzentarau hori hondakinei buruzkoa da, eta zuzentarau jakin batzuk baliogabetu zituen). Hori egiaztatu ondoren, eguneratu egingo dira baimen honetan jasota eta hura izapidetzeko orduan indarrean zeuden identifikazioa eta sailkapena.

Hondakinak desagertu edo galtzen badira, edo ihesen bat gertatzen bada, berehala jakinaraziko da gertatutakoa Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzan eta Pasaiako Udalean.

Sortutako hondakinak beste autonomia-erkidego batzuetara lekualdatzeko, Estatuaren lurraldearen barruko hondakinen lekualdaketa arautzen duen ekainaren 2ko 553/2020 Errege Dekretua eta Euskal Autonomia Erkidegoan gerora egiten den arau horren garapena bete beharko dira.

Hori hala izanik, hondakinak beste autonomia-erkidego batera lekualdatzeko, identifikazio-agiri bat aurkeztu beharko da, jarraipena eta kontrola egiteko, bat etorriz Ekonomia zirkularra bultzatzeko hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 31.2 artikuluarekin.

Nahitaezko aurretiko jakinarazpen-kasuetan, uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 25. artikuluan aurreikusitako eta martxoaren 13ko 180/2015 Errege Dekretuaren 9. artikuluan garatutako kausetako bat gertatzen denean, hala organo honek nola helmugako autonomia-erkidegoko organo eskudunak hondakinak garraiatzearen aurka egin ahalko dute; arrazoitutako erabakia garraio-jakinarazpena aurkeztu eta gehienez ere hamar eguneko epean jakinarazi beharko diote operadoreari.

Hondakinak Estatutik kanpora esportatzen badira, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2006ko ekainaren 14ko 1013/2006 Erregelamenduan hondakinak lekualdatzeari buruz ezarrita dagoena bete beharko da.

D.2.4.1.– Hondakin arriskutsuak.

Sustatzaileak hondakin arriskutsu hauek aitortu ditu:

(Ikus .PDF)

a) Hondakin bakoitzaren egoera eta ezaugarriak kontuan hartuta ezartzen da hondakin arriskutsu bakoitzari dagokion izendapena eta kodetzea, eta baimena izapidetzean jasotzen da horiei buruzko informazioa. Kode batzuek aldaketaren bat izan badezakete ere, beste batzuk, oinarrizkoak direlako, aldatu gabe utzi behar dira ekoizpen-jardueran. Horiek definitzen dituzte mota eta hondakinaren osagai arriskutsuak. Kudeaketa-bideetan hierarkizazioa egokia dela egiaztatzeko eta Hondakinak Kudeatzeko Europako Estrategian bai Hondakinak Prebenitzeko eta Kudeatzeko Euskadiko 2030 Planean ezarritakoa betetzen dela bermatzeko, organo honek onartu egin beharko du hondakin bakoitzaren tratamendu-kontratuetan jasotako informazioa, dagokion kudeatzaile baimenduak horretarako eskaria egin ostean. Egiaztatzeak garrantzi berezia izango du, batez ere, berreskurapena edo balorizazioa kudeatzeko eragiketa-kodearen arabera kudeatu diren hondakinen onartze-agirietan lagatze- edo ezabatze-kodeak baliozkotzeko eskatzen bada.

b) Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak bereiziak izango dira, baldin eta, duten tipologia dela eta, isurketak gertatuz gero eta nahasiz gero, arriskutsuagoak badira edo kudeatzeko zailagoak badira.

c) Hondakin arriskutsuak ontziratzeko, indarrean dagoen araudian ezarritako segurtasun-arauak bete beharko dira. Hondakin arriskutsuak dauzkaten ontziek eta ontzikiek etiketa argia, irakurgarria eta ezabagaitza eduki beharko dute eta itxita egon beharko dute kudeatzaileari eman arte, edukiak jariatuta edo lurrunduta gal ez daitezen.

d) Aurreko apartatuan aipatutako ontziak argi, irakurgarri eta ezin ezabatzeko moduan etiketatu beharko dira, eta, betiere, indarreko araudiaren arabera.

e) Hondakin arriskutsuek ezin izango dute 6 hilabete baino gehiago biltegiratuta egon. Salbuespen-egoeretan, ingurumen-organoak aldatu ahalko du epe hori, behar bezala justifikatutako arrazoiak direla medio, baldin eta gizakion osasuna eta ingurumena babestuko dela bermatzen bada.

f) Hondakinak kudeatzaile baimenduaren instalazioetara eraman aurretik, nahitaezko baldintza izango da agiri baten bidez egiaztatzea kudeatzaile baimendu horrek hondakinak onartu dituela. Agiri horretan hondakinak onartzeko baldintzak ezarriko dira, eta egiaztatu egingo da tratatu beharreko hondakinaren ezaugarriak administrazio-baimenarekin bat datozela. Agiri hori Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzara bidaliko da hondakina lehenbizikoz erretiratu aurretik, eta, hala badagokio, hondakinen kudeatzaile berri batengana bidali aurretik. Beharrezkoa bada, karakterizazio zehatza egingo da, proposatutako tratamendua egokia den aztertzeko. Hala badagokio, arrazoitu egin beharko da proposatutako kudeaketa modua ebazpen honen hondakin-kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoei egokitzen zaiela.

g) Hondakin arriskutsuak eraman aurretik eta, hala badagokio, horretarako egin beharreko jakinarazpena aurretiaz eginda dagoela, araudian zehaztutako moduan, identifikaziorako agiria bete beharko da; agiri horren ale bat garraiolariari emango zaio, eta zamarekin batera eraman beharko da jatorritik helmugaraino. Sanemar SLk artxiboan erregistratu eta gutxienez hiru urtez gorde beharko ditu tratamendu-kontratuak eta identifikazio-agiriak edo agiri ofizial baliokideak.

h) Egiaztatu egin beharko da ezen baimendutako kudeatzailearen instalazioetara hondakin arriskutsuak eramateko garraioak konplitzen dituela halako salgaiak garraiatzeari buruzko indarreko legerian eskatutakoak.

i) Sanemar SLk Industriako olio erabilien kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuaren arabera kudeatu beharko du sortutako olio erabilia.

j) Ekipamendu elektriko eta elektronikoen hondakinak –besteak beste, lanpara fluoreszenteenak– kudeatuko dira Gailu Elektriko eta Elektronikoen Hondakinei buruzko otsailaren 20ko 110/2015 Errege Dekretuan xedatutakoaren arabera. Halaber, pilen eta metagailuen hondakinek bete beharko dute Pilei eta metagailuei eta haien hondakinen ingurumen-kudeaketari buruzko otsailaren 1eko 106/2008 Errege Dekretuan xedatutakoa. Kudeatzaile baimenduaren onarpen-agiria izateko, eraman aurretiko jakinarazpena egiteko eta kontrol- eta jarraipen-agiria betetzeko betebeharretik salbu egongo dira kudeaketa-sistema integratuko kudeaketa-azpiegituretara eramaten diren hondakinak, bai eta toki-erakundeei ematen zaizkienak ere, gaika bildutako udal-hondakinekin eta haien parekoak direnekin batera kudea ditzaten, baldin eta dagokion toki-erakundeak eman izana egiaztatzen badu. Toki-erakundeei eman izanaren egiaztagiriak hiru urtez gorde behar dira gutxienez.

k) Sanemar SLk PCB eduki ditzaketen gailuak dituenez, kudeaketa egokia izan dadin, nahitaez bete behar ditu 1378/1999 Errege Dekretuan (abuztuaren 27koa, poliklorobifeniloak, polikloroterfeniloak eta horiek dituzten gailuak ezabatzeko eta kudeatzeko neurriak ezartzen dituena) eta 228/2006 Errege Dekretuan (otsailaren 24koa, aurreko errege-dekretu hori aldatzen duena) zehaztutako baldintzak.

l) Europako Parlamentuak eta Kontseiluak 2009ko irailaren 16an emandako 1005/2009/EE Erregelamenduak (ozono-geruza agortzen duten substantzien gainekoa) adierazitako substantzia erabiliak baldin baditu Sanemar SLk, berreskuratu egingo ditu, aldeek onetsitako bitarteko teknikoen bidez edo ingurumenaren ikuspegitik onargarria den beste edozein ezabatze-bide tekniko erabiliz; bestela, birziklatzeko edo birsortzeko erabiliko ditu, aparatuak berrikusteko edo mantentzeko eragiketetan, edo desmuntatu edo ezabatu aurretik.

m) Sanemar SLk urtero adierazi beharko dio Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari ekitaldi bakoitzean sortu dituen hondakin arriskutsu guztien jatorria, kantitatea, helmuga eta aldi baterako biltegiratuta dauden hondakinen zerrenda. Datu horiekin batera, dagokion ingurumena zaintzeko programa ere bidaliko du, dagokion urtekoa.

n) Erregistro bat eramango da, eta bertan adieraziko dira kantitatea, mota, identifikazio-kodea, jatorria, metodoak eta tratatzeko lekuak, hondakin guztien sorrera- eta lagapen-datak.

o) Hondakin arriskutsuak kudeatzeko funtsezko oinarrietako bat betetzeko, zeinaren helburua baita hondakin horiek ahalik eta gehien murriztea baldin eta urtero hondakin arriskutsuen 10 tona baino gehiago sortzen badira, Sanemar SLk lau urterik behin, gutxienez, plan bat aurkeztu beharko dio Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari hondakin arriskutsu horiek murrizteko Ekonomia zirkularra bultzatzeko hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 18.7 artikuluaren arabera, baldin eta, lege horren araudia garatzean, Sanemar SL ez bada katalogatzen hondakin arriskutsuen sortzaile txiki modura.

p) Baldin eta Ontziei eta Ontzien Hondakinei buruzko apirilaren 24ko 11/1997 Legearen lehenengo xedapen gehigarriari atxiki zaion hornitzaile batengandik eskuratutako merkataritza- edo industria-ontzi baten azken jabea bada Sanemar SL, bera izango da ontzi-hondakin edo ontzi erabili horren ingurumen-kudeaketa zuzena egitearen arduraduna, eta, beraz, hondakin hori kudeatzeko baimena duen kudeatzaile bati entregatu beharko dio.

q) Apartatu honetako f) eta g) (kudeatzaileak EAEn daudenean), n) eta o) apartatuetan adierazitako agiriak Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzara bidaliko dira transakzio elektroniko bidez, Euskadiko Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eskainitako kanal, sistema edo aplikazio informatikoak erabiliz.

r) Amiantoa duten hondakinak daudela hautemanez gero, Sanemar SLk 108/1991 Errege Dekretuaren (amiantoak ingurumenean sortzen duen kutsadura saihestu eta gutxitzeari buruzkoa) 3. artikuluan ezarrita dauden eskakizunak bete beharko ditu. Horrez gain, amiantoa duten hondakinak kudeatzeko manipulazioak 396/2006 Errege Dekretuan ezarritako aginduen arabera egingo dira; dekretu horren bidez ezarri ziren amiantoarekin lan egiterakoan segurtasun- eta osasun-arloan bete behar diren gutxieneko baldintzak.

D.2.4.2.– Hondakin arriskugabeak.

Sustatzaileak hondakin arriskugabe hauek aitortu ditu:

(Ikus .PDF)

a) Bat etorriz bigarren apartatuko D.2.3 azpiapartatuan xedatutakoarekin, hondakinen kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoei jarraituz, hondakin oro balorizatu egin behar da, eta, hartarako, balorizatzaile baimendu bati entregatu beharko zaizkio. Hau izango da hondakinak ezabatu edo deuseztatzeko aukera bakarra: ezinezkoa izatea haiek balorizatzea teknikoki, ekonomikoki eta ingurumenaren ikuspegitik. Justifikazio tekniko hori lortzeko, hondakin hori onartzeko baimenduta dauden hiru kudeatzailek ezetza eman behar diote kasuan kasuko hondakina balorizatzeari.

b) Erabilitako ontziak eta ontzi-hondakinak gaika eta behar bezala bereizi, eta eragile ekonomiko bati emango zaizkio (hornitzaileari), erabilitako ontzien kasuan berriro erabili ahal izateko; ontzi-hondakinak, berriz, leheneratzaile, birziklatzaile edo balorizatzaile baimendu bati.

c) Hondakin horiek ezabatzeko direnean ezin dira urtebete baino gehiagoz biltegiratuta eduki. Hondakinen azken helburua balioztatzea denean, aldiz, 2 urtez gorde ahal izango dira.

d) Oro har, ebakuatu aurretik hondakin guztiek izan beharko dute kudeatzaile baimendu batek emandako tratamendu-kontratua, onarpen horretarako baldintzak zehaztuta. Hala badagokio, arrazoitu egin beharko da proposatutako kudeaketa modua ebazpen honen hondakin-kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoei egokitzen zaiela. Sanemar SLk erregistratu eta artxibategian gorde beharko ditu onarpen-agiriak edo haien agiri ofizial baliokideak, nahitaezkoak badira, gutxienez hiru urtez.

e) Hondakina zabortegian biltegiratuz gero, jarraipen eta kontrolerako agiria bete beharko da hondakin ez-arriskutsua lekualdatu aurretik, Hondakinak zabortegian biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan xedatutakoari jarraikiz.

f) Balorizatzeko edo ezabatzeko helburuarekin, hondakinak beste autonomia-erkidego batera lekualdatzeko, identifikazio-agiri bat aurkeztu beharko da, jarraipena eta kontrola egiteko, bat etorriz Ekonomia zirkularrerako hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 31.2 artikuluarekin.

g) Baldin eta Sanemar SL Ontziei eta Ontzien Hondakinei buruzko apirilaren 24ko 11/1997 Legearen lehenengo xedapen gehigarriari atxiki zaion hornitzaile batengandik eskuratutako merkataritzarako edo industriarako ontzi baten azken jabea bada, ontzi-hondakin edo ontzi erabili horren ingurumen-kudeaketa zuzena egitearen arduraduna da, eta, beraz, hondakin hori kudeatzeko baimena duen kudeatzaile bati entregatu beharko dio.

h) Bat etorriz Ekonomia zirkularrerako hondakin eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 65. artikuluan xedatutakoarekin, Sanemar SLk urtero adierazi beharko dio Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari sortu dituen hondakin arriskugabe guztien jatorriaren eta kantitatearen, haien helmugaren eta aldi baterako biltegiratuta dauden hondakinen laburpen-memoria, deklarazioaren xede den ekitaldiaren amaieran. Datu horiekin batera, dagokion ingurumena zaintzeko programa ere bidaliko du, dagokion urtekoa.

i) Ekonomia zirkularrerako hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 64. artikuluari jarraikiz, fitxategi kronologiko bat egingo da, eta bertan adieraziko dira kopurua, mota, identifikazio-kodea, jatorria, metodoak eta tratatzeko lekuak eta hondakin guztien sorrera- eta lagapen-datak. Fitxategi hori gutxienez hiru urtez gorde beharko da, eta urtero bidali beharko du Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzara, dagokion urteko ingurumena zaintzeko programaren barruan.

j) Apartatu honetako d), e) (kudeatzaileak EAEn daudenean) eta h) apartatuetan adierazitako agiriak Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzara bidaliko dira transakzio elektroniko bidez, Euskadiko Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eskainitako kanal, sistema edo aplikazio informatikoak erabiliz.

D.2.5.– Lurzorua babesteko baldintzak.

Sanemar SLk lurzorua babesteko behar diren neurriak hartu beharko ditu, bat etorriz urtarrilaren 14ko 9/2005 Errege Dekretuan, ekainaren 25eko 4/2015 Legean eta abenduaren 26ko 209/2019 Dekretuan (Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legea garatzekoa), eta hor jasotako gomendioei jarraikiz, eta abenduaren 26ko 209/2019 Dekretuan (Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legea garatzekoa) ezarritako aginduak betetzeko aurkeztutako lurzoruaren egoerari buruzko txostenarekin, eta hor jasotako gomendioei jarraikiz.

Bat etorriz ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 16. artikuluko 2. apartatuarekin, lurzoruaren egoeraren txostenak aurkeztu beharko dira, gutxienez, 5 urtean behin, lege hori indarrean jartzen denetik aurrera.

Era berean, aurreko lerrokadan aipatutako araudian, abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuan eta urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuan ezarrita dauden lurzorua babesteko betebeharrak betetze aldera, sustatzaileak honako hauek aurkeztu beharko ditu:

– Oinarrizko txostena, abenduaren 26ko 209/2019 Dekretuaren 20. artikuluan aipatutako epeak eta maiztasunak beteta.

– Lurzoruen eta lurpeko uren kontrol- eta jarraipen-agiriak, urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren 10.2 artikuluan ezarritako epeen arabera.

Nolanahi ere, sustatzaileak lurzoruen dokumentu bakar bat bidaliko du, ikerketa-lanak egiten eta lurzoruaren kalitatea leheneratzen diharduen erakunde egiaztatu batek egina, eta aipatutako txostenak bilduko ditu hor (lurzoruaren egoerari buruzko aldizkako txostena, oinarrizko txostena eta lurzoruen eta lurpeko uren kontrol- eta jarraipen-agiriak). Emandako agiriak aldatu edo agiri berriak eman behar diren bakoitzean, Lurzoruaren Dokumentu Bakar berri bat bidaliko da.

Lur-mugimenduak.

Sustatzaileak baldintza hauek bete beharko ditu instalazioetan egindako aldaketek eragindako lur-mugimenduei dagokienez:

1.– Instalazioa baimenduta dagoen lurzatiaren barruan lurrak mugitzea dakarren aldaketa bat aurreikusiz gero:

a) Bat etorriz ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 25. artikuluko 1.c) apartatuan jasotzen denarekin, induskatu beharreko materialak (lurrak, eraiste-hondakinak, etab.) karakterizatu egin beharko ditu jardueraren sustatzaileak, ekintza kutsatzaileen ondorioz erasan zaien ala ez egiaztatzearren, eta, karakterizazio horren emaitzen arabera, horiek kudeatzeko modu egokiena zehaztearren.

b) Jarduketa horretan aurreikusten bada induskatu beharreko materialen bolumena 500 m3-tik gorakoa dela (zolatak barne), edo jarduketa burutu bitartean gainditze hori antzematen bada, nahitaezkoa izango da indusketa selektiborako plan bat aurkeztea, lurzoruaren kalitatea ikertzeko eta leheneratzeko egiaztatuta dagoen erakunde batek egina. Indusketa-planak abenduaren 26ko 209/2019 Dekretuaren IV. eranskinean adierazitako edukia jaso beharko du, eta ingurumen-organoak onartu beharko du hura gauzatu aurretik.

c) Induskatu beharreko bolumena 500 m3-tik beherakoa bada, aldaketaren jakinarazpenak honako informazio hau jaso beharko du:

– Jarduketaren pertsona fisiko edo juridiko sustatzailearen eta jarduketa burutuko duen kontratudunaren identifikazioa.

– Jarduketaren xede den lekua non dagoen, baita Lurzoruaren Kalitatearen Administrazio Erregistroaren erreferentzia ere.

– Jarduketaren xede den eremuaren mugaketa eta azalera. Jakinarazpenean, lurzatia eta jarduketa-gunea zehatz-mehatz non dauden jakitea ahalbidetzen duten planoak erantsiko dira.

– Jarduketaren deskribapen xehatua.

– Induskatuko diren materialen bolumena, baita zolatak ere.

– Ingurumen-jarraipenerako lanen eta azken txostena egitearen arduradunaren identifikazioa; artikulu honetan aipatutako kasuetan, erakunde egiaztatua izan beharko du.

– Jarduketa hasteko aurreikusitako datak.

d) Aurreko kasuetako edozeinetan, obra egin ondoren, azken txostena bidali beharko du, eta, bertan, lurren karakterizazioaren emaitzak adierazi beharko dira. Horrez gain, induskatutako materialen berrerabilera edo kudeaketa egokia egiaztatzeko txosten bat ere bidali beharko da. Indusketaren bolumena 100 m3-tik gorakoa bada, erakunde egiaztatu batek egingo ditu ingurumen-jarraipenerako lanak eta txostena.

e) Arau orokor gisa, Kutsatutako lurzoruetan indusketa selektiboak egiteko gidan jasotzen diren eta jarraian adierazten diren irizpideak beteko dira. Esteka honetan eskura daiteke gida:

https://www.ihobe.eus/argitalpenak/kutsatutako-lurzoruetan-indusketa-selektiboak-egiteko-gida

f) Soberakinak zabortegian biltegiratuz hustu nahi izanez gero, Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuak ezarritakoari jarraikiz egingo da hondakinen karakterizazioa. Oro har, laginketa egiteko, abenduaren 26ko 209/2019 Dekretuaren IV. eranskinean eta gidaren 10.2.6 apartatuan ("Induskatu behar diren lurzoruetan in situ egindako laginketa") biltzen diren induskatu beharreko materialen karakterizazio-kanpaina diseinatzerakoan kontuan hartu behar diren oinarrizko irizpideei jarraituko zaie.

g) Soberako materialak instalazio berean berrerabili ahal izateko, balio hau izan beharko dute material horiek: Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legean ezarritako VIE-B (industria-erabilera) balioaren azpitikoa. Horrez gain, lur horien hidrokarburo-edukia ezin izango da arriskutsua izan. Horretarako, erakunde akreditatu batek egin beharko ditu laginketa eta azterketa, urriaren 10eko 199/2006 Dekretuaren arabera, zeinaren bidez ezartzen baita lurzoruaren kalitatea ikertu eta berreskuratzeko erakundeak egiaztatzeko sistema, eta zehazten baita erakunde horiek lurzoruaren kalitatearen gainean egindako ikerketen edukia eta norainokoa.

h) Lur garbitzat hartuko dira ekainaren 25eko 4/2015 Legean ezarritako EBA-A ebaluazioko balio-adierazleak baino balio txikiagoak eta TPHetarako 50 mg/kg baino balio txikiagoak lortzen dituzten lurrak, eta, beraz, onartu egingo dira baimendutako betelanerako.

i) Substratu harritsu osasuntsua murrizketarik gabe kudeatu ahalko da. Lurzoru naturalaren parekoa den substratu harritsu meteorizatuaren kasuan, aurreko puntuetan ezarritako irizpidea beteko da.

2.– Aurreikusten bada lur-mugimendua dakarren aldaketaren bat egingo dela instalazioa baimenduta dagoen lurzatitik kanpo (lurzoru berria okupatuz), eta okupatu nahi den lurzoru berriak lehenago izan badu ekainaren 25eko 4/2015 Legearen I. eranskinean aipatzen den jardueraren bat, sustatzaileak lurzoru-gaiei buruzko adierazpen bat lortu beharko du, egin nahi diren aldaketak egiten hasi aurretik.

Era berean, ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22. artikuluko 2. apartatuaren arabera, lurraren kutsadura-aztarnak aurkitzen badira, horren berri eman beharko zaie dagokion udalari eta Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari, sailburuordetza horrek ezar ditzan hartu beharreko neurriak, bat etorriz aipatutako 4/2015 Legearen 23. artikuluko 1.e apartatuarekin, betiere.

D.2.6.– Zaratari buruzko baldintzak.

Sanemar SLk behar diren neurriak hartuko ditu, instalazioak kanpoko ingurumenera zabaldu ez ditzan 213/2012 Dekretuaren (urriaren 16koa, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzkoa) I. eranskineko F taulan muga-balio gisa ezarritako zarata-mailak baino handiagoak, betiere horiek aipatutako arauaren II. eranskinean jasotako prozeduren arabera ebaluatuta.

(Ikus .PDF)

Kanpoaldeko muga-balioek lurzoruaren mailatik 2 metroko altuerari eta, fatxada leihodunen kanpoaldean, eraikuntzaren altuera guztiei egiten diete erreferentzia.

Lokal mugakideak egonez gero, lokal horien erabilera kontuan hartuta, instalazioak ezingo du aipatutako urriaren 16ko 213/2012 Errege Dekretuaren I. eranskineko G eta H tauletan ezarritako muga-balioak baino zarata-maila handiagoa transmititu haietara.

Ezarritako zarata-immisioaren muga-balioak errespetatzen direla joko da baldin eta, aipatutako urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren II. eranskinean ezarritako prozeduren arabera, ebaluatutako adierazle akustikoen balioek, urtebeteko epean, honako baldintza hauek betetzen badituzte:

– Urteko batez besteko balioek ez dituzte gainditzen aipatutako I. eranskineko F taulak ezarritako balioak.

– Eguneroko balioek ez dituzte 3 dB-tan gainditzen aipatutako I. eranskineko F taulak ezarritako balioak.

– Lkeq, Ti indizearen batez besteko balioek ez dituzte 5 dB-etan gainditzen aipatutako I. eranskineko F taulan adierazitako balioak.

Zamalanetan eta materiala kamioietan garraiatzean egiten den zaratak ez du handituko sentiberatasun akustiko handieneko guneetako zarata-maila.

Gutxienez, sustatzaileak ingurumen-baimen integratuarekin batera aurkeztutako agirietan proposatutako neurriak hartu beharko dira.

E) Ingurumena zaintzeko programa.

Ingurumena zaintzeko programa sustatzaileak aurkeztutako agirietan aurreikusitakoaren eta apartatu hauetan ezarritakoaren arabera gauzatu beharko da:

E.1.– Itsasora isuritako uraren kalitatea kontrolatzea.

E.1.1.– Isuritako uraren kalitatea kontrolatzea.

Erakundeak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Uraren Euskal Agentzian egiaztatuko du zein baldintzatan egiten dituen isurketak bitarteko hartzailera. Honako hau izango da urteko kontrol-kopurua, tarte erregularretan banatua:

a) Honako analisi hauek egingo dira:

(Ikus .PDF)

b) Itsasorako isurketaren kanpo-kontrol bakoitza, dela laginak hartzea, dela ondorengo analisia, Erakunde Laguntzaile batek egin eta egiaztatuko du (Jabari Publiko Hidraulikoaren 255. artikulua) eta aurreko puntuetan aipatutako parametroen gainean egingo da. Sustatzaileak, isurgune bakoitzeko, lagin hartu berri baten analisia aurkeztu beharko du gutxienez; lagina 24 orduko emariarekiko proportzionala izango da, edo, bestela, lagin puntual esanguratsua.

Erakunde titularrak Uraren Euskal Agentziari igorriko dizkio isurketaren emariari eta konposizioari buruzko aldizkako kontrolen emaitzak hilabeteko (1) epean, laginak hartu direnetik zenbatuta, Isurketen analisien modulua izeneko on-lineko tresna informatikoaren bitartez. Bertara Euskal Agentziaren Atari Pribatutik sar daiteke, kokapen honetan: https://www.uragentzia.euskadi.eus/hasiera/

Osagarri gisa, isurketen kanpo-kontrolen txosten analitikoak telematikoki aurkeztuko dira, egoitza elektronikoaren bidez, laginak hartzen direnetik aurrera hilabeteko epean, SVM-G-2016-0006 espedientean.

c) Laginketak beti egingo dira kutsatzaile gehien sortzen den aldietan.

d) Autokontrolen parametroak aztertzeko, Standard Methods For the Examination of Water and Wastewater (APHA, AWWA, WPCF, azken edizioa) edo ASTM Water and Environmental technology agiriko 11. atala (azken edizioa) agirietan jasotako eredu normalizaturen bat erabiliko da. Parametroaren ohiko kontzentrazioaren arabera egokiena den eredua aukeratuko da. Gaur egun erabiltzen diren metodoak ez bezalako analisi-metodoak ezarri ahal izango dira kutsatzaileen kontzentrazioa hobeto zehazteko. Eskatutako analisien parametro bakoitzean erabilitako analisi-metodoa adierazi beharko da.

e) Isurketak baimenean jarritako baldintza guztiak betetzen dituela ulertuko da, D.2.3.3 apartatuko parametro guztientzat ezarritako mugak betetzen baditu.

f) Administrazioak, egoki deritzonean, arazketa-instalazioak ikuskatuko eta efluentearen emariak eta analisiak aztertuko ditu, isurketen emari eta parametroek muga baimenduak ez dituztela gainditzen egiaztatzeko. Halaber, arazketa-instalazioen ustiapenaren arduradun bat, titulazio egokia duena, izendatzea eskatu ahalko dio titularrari.

E.1.2.– Instalazioaren inguruneak ingurune urtarrean duen eraginaren kontrola.

Isurketetan gai kutsagarrien zama urria dela eta ingurune hartzailearen berezitasuna zein den kontuan izanda –euri-urek eramandako gune potentzial ugari dituen industria-portua–, hasiera batean, ez da uste bideragarria denik ingurune hartzailea analisi bidez kontrolatzea baimendutako isurketek izan dezaketen inpaktua islatu ahal izateko.

Hala ere, lehen euriak hasten diren unerik kaltegarrienetan begiz kontrolatzeko betebeharra ezartzen da. Urtero, badian isurketa ateratzen den gunearen argazki-erreportaje bat bidaliko da, gutxienez bost (5) eurialdirena.

Urteko txosten bat egingo da, E.1.1 eta E.1.2 ataletan eskatutako datu guztiak bilduko dituena. Txosten hori Ingurumena Zaintzeko Programan sartu beharko da.

E.1.3.– Gai arriskutsuen jakinarazpena.

Isurketan uren kalitateari buruzko araudian (606/2003 Errege Dekretua, maiatzaren 23koa, bere hirugarren xedapen gehigarria) araututako gai arriskutsuak dauden ala ez dioen adierazpen bat igorriko du erakunde titularrak urtero. Adierazpen horretan produkzio-prozesuan manipulatu diren substantzia guztiak adierazi behar dira, nahiz eta isurketan ez detektatu.

Administrazioak, egoki deritzonean, arazketa-instalazioak ikuskatu eta efluentearen emariak eta analisiak aztertuko ditu, isurketen emariek eta parametroek muga baimenduak gainditzen ez dituztela egiaztatzeko. Halaber, arazketa-instalazioen ustiapenaren arduradun bat, titulazio egokia duena, izendatzea eskatu ahalko dio titularrari.

E.1.4.– Arazketa-prozesuko hondakinak eta beste hondakin batzuk.

Arazketa-instalazioei garbiketa eta mantentze-lan egokiak egingo zaizkie errendimendu egokia ziurtatzeko, eta, aldizka, pilatutako solidoak eta lohiak kendu beharko dituzte.

Urtero, instalazio horiek garbitzeko lanen eta mantentze-lanen fakturaren kopia bat bidali behar da. Kopia hori telematikoki bidaliko da egoitza elektronikoaren bidez, SVM-G-2016-0006 espedientean.

Jardueran edo arazketa-instalazioetan sortzen diren gainerako hondakinei dagokienez (erabateko hustuketa eta biltegietako garbiketa, eta abar), indarreko legeriak dioen moduan tratatuko dira, haien izaeraren arabera.

E.1.5.– Istripuzko isurketen prebentzioa.

Baimenaren titularra den erakundeak neurri egokiak hartuko ditu osasunerako edo pertsonen segurtasunerako arriskutsua izan daitezkeen edo itsas-lehorreko jabari publikoan eta babes-zortasuneko eremuan kalte edo narriaduren bat eragin dezakeen istripuzko isurketak ekiditeko.

Gainera, beharrezko baliabideak izango ditu arazteko instalazioak egokiro ustiatzeko, eta istripuzko isurketetarako prebentzioan hartutako segurtasun-neurriak eraginkor mantentzeko.

Ibaibidera edo itsasora istripuzko isurketaren bat gertatzen bada –halakotzat hartuko da substantzia kutsatzaileen ezein isurketa, bai prozesuan akatsen bat izan delako, bai maneiuan huts egin delako, bai jarioa izan delako, etab.–, jardueraren titularrak isurketa eten egin beharko du berehala, eta gertakaria telefonoz jakinarazi Uraren Euskal Agentziaren Ekialdeko Kantaurialdeko Arroetako Bulegoari (Infanta Kristina kalea 11, Villa Begoña, 20008 Donostia) eta Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailari (SOS Deiak). Isurketa hori osasun publikorako arriskutsua izan badaiteke, berehala jakinarazi beharko zaio Osasun Sailari ere.

Jardueraren titularrak eskura dituen baliabide guztiak erabiliko ditu gertakariaren ondorioak ahalik eta gehien murrizteko.

Gainera, 48 orduko epean bidali beharko dio Uraren Euskal Agentziari istripuari buruzko txosten zehatz bat, non agertu behar baitute, gutxienez, honako datu hauek:

– Enpresaren identifikazioa.

– Gertakariaren kokapena, ibilbidea edo isurketaren ibilbide posiblea eta itsas lehorreko jabari publikora isuri den puntua.

– Gertakariaren eguna eta ordua (benetakoa edo gutxi gorabeherakoa).

– Isurketaren bolumena eta edukia.

– Gertakariaren zergatia.

– Gertakariaren iraupena.

– Eragindako kalteen balioespena.

– Hartu diren zuzenketa-neurriak.

Lehen xedatutakoa betetzeak ez du esan nahi isurketa eragin duen jardueraren erakunde titularra salbuetsita dagoenik indarrean dagoen araudiarekin bat eska litezkeen erantzukizunetatik.

E.1.6.– Baimena berrikustea eta baliogabetzea.

Jabari Publiko Hidraulikoko Erregelamenduaren 261. artikuluan eta hurrengoetan ezarritako arrazoien arabera, isurtzeko baimena berrikusi eta ezeztatu ahal izango da.

E.2.– Zarata kontrolatzea.

a) Indize akustikoen ebaluazioak egin beharko dira bost urtean behin: Ld, Le, Ln,LAeq,Ti eta LAeq,60 segundo. Lehenengo kontrol-urtean lortutako emaitzen arabera, ordutik aurrera neurketak beste maiztasun batekin egitea erabaki ahal izango da.

b) Aurreko apartatuan adierazitako ebaluazio guztiak akustikaren esparruan laginketa espazial eta tenporala egiteko UNE-EN ISO/IEC 17025 arauaren araberako ziurtagiri bat duen ingurumeneko erakunde laguntzaile batek egin beharko ditu. Nolanahi ere, ingurumen-organoak ebaluazio horiek egiten dituzten erakundeek gaitasun tekniko egokia dutela zainduko du.

c) Ebaluazio-metodoak eta -prozedurak eta ebaluazio horiei buruzko txostenak Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetza honek emandako jarraibide teknikoetan ezarritakora egokituko dira.

E.3.– Lurzoruaren eta lurpeko uren kontrola.

a) Ebazpen honen bigarren apartatuko D.2.4 azpiapartatuan eskatutako dokumentazioaz gain, hurrengo datu hauek aurkeztuko dira lurzoruarekiko afekzio berri baten aukera hauteman den kasuan:

– Aintzat hartutako aldian izan diren gorabeherak, substantzia arriskutsuak direla eta lurzoruaren eta lurpeko uren kutsadura sortu ahal izan dutenak.

– Instalazioan hartutako neurrien egoera –zolatak iragazgaiztea, drainatzeak, kubetak eta kutxatilak– ez ezik, larrialdi-egoeran jarduteko bitarteko egokiak eta nahikoak erabilgarri daudela ere egiaztatzen duen adierazpena, teknikari eskudunak sinatua. Ekipoak eta gainazalak egoera onean daudela egiaztatzen duen edo, hala badagokio, horietan hautemandako gabeziak azaltzen dituen berariazko adierazpena izan beharko du.

– Lurzorua edo lurpeko urak kutsatuta egon daitezkeela dioen adierazpena, halakorik balego, edo, bestela, horrelako aztarnarik ez dagoela egiaztatzen duen adierazpena.

b) Halaber, hargatik eragotzi gabe Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuaren 2020ko urtarrilaren 23ko Aginduari dagokionez jakinarazitako baldintzak aztertzean zehazten diren kontrolak –agindu horren bidez onartzen da Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuan xedatutakoa interpretatzeari eta aplikatzeari buruzko jarraibide teknikoa–, eta lurzoruaren eta lurpeko uren egoera zehazteko oinarrizko txosten bat eskatzeari lotuta, Sanemar SLk lurzoruaren eta lurpeko uren kalitatearen kontrola egin beharko du. Horretarako, gutxienez bi zundaketa egin beharko ditu urak ezaugarritzeko, ateratako lurzoru-zutabea ezaugarritzeko eta piezometro bana gaitzeko, eta horiek erabiliko dira lurpeko uren kalitatearen jarraipena egiteko. Zundaketak kokatzean, kontuan hartuko dira egon daitezkeen arrisku-iturriak eta lurpeko uren jarioa; hala, instalaziotik gorako eta beherako uren jarioa alderatu ahal izango da.

Erakunde egiaztatu batek prestatu beharko du apartatu horretan ezarritakoa betetzearren aurkeztu beharreko informazioa, bat etorriz 199/2006 Dekretuan ezarritakoarekin (199/2006 Dekretua, urriaren 10ekoa, zeinaren bitartez ezartzen baita lurzoruaren kalitatea ikertu eta berreskuratzeko erakundeak egiaztatzeko sistema eta zehazten baita erakunde horiek lurzoruaren kalitatearen gainean egin beharreko ikerketen edukia eta norainokoa), eta, orobat, organo honek hartarako onar ditzakeen jarraibideetan ezarritakoarekin.

E.4.– Jardueraren adierazleen kontrola.

Sustatzaileak jardueraren funtzionamenduaren inguruko parametro-adierazle nagusien urteko segimendua egingo du, ingurumenean duten eraginarekin lotuta, eta dagokion urteko ingurumena zaintzeko programarekin batera aurkeztu beharko du.

(Ikus .PDF)

E.5.– Emaitzak kontrolatzea eta igortzea.

Ingurumena zaintzeko programa osatzen duten txostenen eta azterketen emaitzak behar bezala erregistratu beharko dira, eta Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzara bidali, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webguneko bidalketa-prozedura telematikoari jarraikiz:

https://www.euskadi.eus/baimena/ibb-ippc/web01-a2inguru/eu/

Horrela, aipatutako programak zehaztutako aldian egiten diren kontrol guztiak, ibilgura eta/edo itsasora isuritako urei dagozkienak izan ezik, ingurumena zaintzeko programarekin batera bakarrik aurkeztuko dira, eta erreferentziako urtea amaitu ondoren.

Ezarritako baldintzak urratzen diren kasuetan bakarrik bidali beharko zaio berehalako jakinarazpena Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetza honi, gertatutakoaren berri izan ondoren, betiere; horretarako helbide elektronikoa: ippc@euskadi.eus

Era berean, kontrolak urtean behin baino aldizkakotasun handiagoarekin egiten badira, kontrola egiten den urteari dagokion programaren barruan baino ez dira bidaliko.

Emaitza horiek urtero bidaliko dira, betiere martxoaren 31 baino lehen, eta txosten bat aurkeztu beharko da zaintza-programaren emaitzekin batera. Txosten horretan jasoko dira babes- eta zuzenketa-neurrien eta prozeduren kontrolerako eta ingurumenaren kalitaterako sistemen funtzionamendua eta emaitzen analisia, epe horretan izandako gertakari nagusiak bereziki aipatuta, haien kausa eta konponbide posibleak azalduz; halaber, laginak nola hartu diren zehaztuko da, aurrez aldetik hala egin ez bada.

E.6.– Ingurumena Zaintzeko Programaren agiri bategina.

Sustatzaileak Ingurumena Zaintzeko Programaren agiri bategina egin beharko du, aurkeztu dituen agirietan eta ebazpen honetan proposatutako betebeharrak bilduta. Honako hauek zehaztu beharko ditu programa horrek: kontrolatu beharreko parametroak, parametro bakoitzerako erreferentzia-mailak, analisi edo neurketen maiztasuna, laginketak eta analisiak egiteko teknikak, eta laginak hartzeko puntuen kokapen xehatua. Dagokion aurrekontua ere barne hartu beharko du.

Gainera, Ingurumena Zaintzeko Programak jaso beharko du zer sistematika erabiliko duen jardueraren adierazleak zehaztu eta adierazle horiek aztertzeko, egiaztatu ahal izateko eraginkorrak direla enpresak ingurumena hobetzeko ezarritako neurri eta mekanismoak (ingurumen-adierazleak).

F) Ezohiko egoeretan, kutsadurari aurrea hartzeko neurriak eta jardunerako baldintzak.

F.1.– Instalazioa gelditzeko eta abiarazteko eragiketak eta mantentze-lanetarako programatutako eragiketak.

Programatutako urteko mantentze-lanei dagokienez, sortuko diren isurketen eta hondakinen zenbatespena egin beharko du enpresak, eta, dagokionean, haiek kudeatzeko eta tratatzekoa ere bai.

Instalazioa gelditzean nahiz abiaraztean, mantentze-eragiketetan eta ohiz kanpoko egoeretan sortutako hondakinak bigarren apartatuko D.2.4 azpiapartatuan ("Instalazioan sortutako hondakinak egoki kudeatzen direla bermatzeko baldintzak") ezarritakoari jarraituz kudeatu beharko dira, baina ez da beharrezkoa izango hondakin horiek baimendutako hondakinen zerrendan jasota egotea.

F.2.– Jarduera etetea.

Jarduerari lege hauek aplikatu behar zaizkio: 4/2015 Legea, ekainaren 25ekoa, lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzekoa (63.124 Epigrafea "Beste gordailutze eta biltegiratze batzuk") eta 9/2005 Errege Dekretua, urtarrilaren 14koa, kutsadura sor dezaketen jardueren zerrenda eta lurzoru kutsatuen adierazpenerako irizpide eta estandarrak ezartzekoa. Horrenbestez, Sanemar SLk lurzoruaren kalitatearen adierazpenerako prozedura hasi beharko du, bi hilabeteko epea agortu baino lehen, jarduera behin betiko uzten duenetik aurrera, bat etorriz ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 31.3 artikuluan xedatutakoarekin.

Jarduera bertan behera utzi baino lehen, Sanemar SLk instalazioetan dauden hondakin guztiak kudeatu beharko ditu, bat etorriz ebazpen honen bigarren apartatuko D.2.4 azpiapartatuan ezarritakoarekin.

F.3.– Jarduera aldi baterako etetea.

Jarduera aldi baterako etetea eskatuz gero, Industriako Isurpenen Erregelamendua onartzen duen urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren 13. artikuluan arautu bezala, Sanemar SLk, aldi baterako etete-eskabidearekin batera, dokumentu bat bidali beharko du, adierazteko, lantegia jardunik gabe egonda ere, nola beteko dituen aplikagarriak zaizkion ingurumen-baimen integratuko kontrolak eta baldintzak.

Era berean, jarduera berriz hasi baino lehen, instalazioen funtzionamendu ona ziurtatu beharko da, ingurumenean eragina izan dezakeen isurketa edo emisio oro saihesteko.

F.4.– Jarduera anomaloa izanez gero aplikatu beharreko neurriak eta jarduerak.

Aurkeztutako agirietan egindako proposamenean zehaztuta dauden ezohiko egoeretan aplikatu beharreko prebentziozko neurriez eta jardunerako baldintzez gain, ondorengo apartatuetan aipatzen diren baldintzak bete behar dira:

a) Instalazioen prebentziozko mantentze-lanak:

Prebentziozko mantentze-lanen eskuliburua eduki beharko da instalazioen egoera ona bermatzeko, batez ere istripuzko jarioak edo ihesak daudenean kutsadura ekiditeko eskuragarri dauden baliabideei eta ezarritako segurtasun-neurriei dagokienez. Ihesik izanez gero, lurzorua babesteko hartu beharreko neurriak zehaztuko dira, eta zehatz adieraziko da honako hauei dagokien guztia: eraikuntzako materialak (iragazgaiztasuna), biltegiratzeko neurri bereziak (substantzia arriskutsuak), gerta litezkeen ihesei antzemateko neurriak edo gehiegizko betetzeaz ohartarazteko alarma-sistemak, fabrikako kolektore-sarea zaindu eta garbitzekoak (sistematikoki garbitu beharra, maiztasuna, garbiketa mota) eta lurzoru gaineko jarioak biltzeko sistemak.

Aurreko lerrokadan adierazitako eskuliburuak ikuskapen eta kontrolerako programa jaso beharko du, hauek bilduko dituena: estankotasun-probak, mailen eta adierazleen egoera, balbulak, presioa arintzeko sistema, hormen egoera eta lodieren neurketa, andelen barnealdearen begi-bidezko ikuskapenak (hormena eta estaldurena) eta kubetetako detekzio-sistemen aldizkako kontrol sistematikoa, lurzorua kutsa dezakeen edozein egoera prebenitzeko.

Era berean, atmosferara eta uretara egindako isurpenak prebenitzeko eta zuzentzeko sistemen (arazketa, minimizazioa, etab.) eta ikuskatu eta kontrolatzeko ekipoen egoera ona bermatzeko neurriak jaso beharko dira.

Pabiloien barruan zolatak garbitzean sortutako urak tratamendu-lerrora bidaliko dira, edo, bestela, kudeatzaile baimendu batek kudeatuko ditu.

Hondakin-urak ezingo dira "bypass" bidez isuri arazketa-instalazioetan.

Programatutako mantentze-lanetan nahitaez "bypass" bidez isurketak egin behar badira, titularrak Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari jakinaraziko dio behar besteko aurrerapenaz; hartarako, segurtasun-neurriak zertan diren zehaztuz, eta bai isurketak ingurune hartzailearen kalitatearen gainean duen eragina ahal den neurrian gutxitzeko neurriak ere. "Bypass" horrek aurreikusi gabeko isurketaren bat badago, titularrak segurtasun-neurrien funtzionamendua egiaztatu beharko du, eta dagokion txostena Ingurumen Sailburuordetzara bidali (atal honetako j) apartatuan adierazitakoari jarraituz).

b) Era berean, erregistro bat eduki behar da, eta bertan, aldizka egindako mantentze-lanen berri eman behar da, baita antzemandako gorabeherena ere.

c) Erabilitako olioak eta efluenteen arazketako hondakinak, besteak beste, eta oro har, lantegian sortutako hondakinak maneiatzeak lurzorua eta ura kutsa ditzake. Beraz, isurketak, jarioak edo ihesak gertatzeko arriskua izan dezaketen lurzatien azalera guztiak iragazgaiztuko dira.

d) Hauts-itxurako produktuak biltegiratzeko, silo itxiak edo hautsa xurgatzeko sistemak dituzten pabiloi estali eta itxiak eduki beharko dira.

e) Prozesurako behar diren lehengaiak, erregaiak eta produktuak ingurunean ez sakabanatzeko moduan biltegiratuko dira.

f) Segurtasun-tarteei eta babes-neurriei dagokienez, biltegiratzeko instalazio horiek bete egin beharko dituzte produktu kimikoak biltegiratzeari buruz indarrean dagoen araudian ezarritako betebeharrak.

g) Larrialdirik gertatuz gero, berehala eta eraginkortasunez esku hartzeko beharrezkoak diren material guztiak edukiko dira, kantitate nahikoan: berriro ontziratzeko erreserbako edukiontziak, beharrezkoa izanez gero; gerta daitezkeen isurketei eusteko produktu xurgatzaile selektiboak, segurtasun-edukiontziak, hesiak eta kaltetutako inguruneak isolatzeko seinaleztapen-elementuak eta norbera babesteko ekipamendu bereziak.

h) Gorabeherarik gertatuz gero, agintariei jakinaraztea.

Ingurunearen edo jardueraren kontrolaren inguruan kalteak eragin ditzakeen gorabeheraren edo ezohiko gertakariren baten aurrean, sustatzaileak gorabehera edo ezohiko gertakari horren berri berehala eman beharko dio Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari (zuzentzeko edo eusteko neurri egokiak hartu ondoren), horretarako gaitutako helbide elektronikoaren bitartez: ippc@euskadi.eus. Jakinarazpenean, alderdi hauek adierazi beharko dira gutxienez:

– Gertakari mota.

– Jatorriak eta arrazoiak (unean-unean zehatz daitezkeenak)

– Zuzentzeko edo eusteko neurriak, berehala aplikatu direnak.

– Sortutako ondorioak.

– Epe laburrera aurreikusitako jarduerak, halakorik balego.

Gertakari edo arazo larriren bat edo istripuzko isurketa edo emisioren bat egonez gero, SOS Deiak eta Pasaiako Udala jakinaren gainean jarri behar dira. Ondoren, gehienez 48 orduko epean, istripuaren ondorioz sortutako egoera zehaztasunez jasotzen duen txosten bat bidali beharko zaio Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari. Txosten horretan, gutxienez datu hauek agertuko dira:

– Gertakari mota.

– Gertakaria non, zergatik eta zer ordutan gertatu den.

– Gertakariaren iraupena.

– Istripuzko isurketa bat gertatuz gero, emaria eta isuritako gaiak eta ingurune hartzailean antzeman daitekeen eragina zehaztu beharko dira, haren analisia barne hartuta.

– Mugak gaindituz gero, emisioei buruzko datuak.

– Eragindako kalteen zenbatespena.

– Hartutako neurri zuzentzaileak.

– Arazoa berriro ez gertatzeko prebentzio-neurriak.

– Prebentzio-neurriak eraginkortasunez aplikatzeko aurreikusitako epeak.

Baimenaren baldintzak urratzen dituen isurketen bat gertatzen bada eta, gainera, pertsonen osasunerako arriskutsua bada edo sistema naturalen orekari modu larrian kalte egiteko arriskua badu, titularrak berehala etengo du isurketa hori, eta, horrez gain, gertakariaren berri eman beharko die Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Uraren Euskal Agentziari eta babes zibilean eta ingurumenaren arloan ardurak dituzten organismoei, baita SOS Deiak (112) larrialdi-zerbitzuei ere, behar diren neurriak har ditzaten.

i) Aurreko apartatuan ezarritakoaz gain, gerta daitezkeen gorabeherak edo arazoak saiheste aldera, jardueraren titularrak berehala jakinarazi beharko dio Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari instalazioko edozein etenaldi programatu izango dela, prozesu etengabe batekoa bada, baita aurreikusitako prebentziozko mantentze-lanak ere, ahalik eta denbora-tarte handienarekin.

j) Larrialdi-egoeretan, babes zibileko legeriari helduko zaio, eta bertan ezarritako betekizun guzti-guztiak bete beharko dira.

G) Baldin eta araudi berria indarrean jartzeak edo barneratzen diren sistemen egitura eta funtzionamenduari buruzko ezagutza berri esanguratsuetara egokitu beharrak hala egitea gomendatzen badute, aldatu ahal izango dira babes- edo zuzenketa-neurriak eta ingurumena zaintzeko programa, baita neurtu behar diren parametroak, neurketaren aldizkakotasuna eta aipatutako parametroek hartu behar duten tarteari dagozkion mugak ere.

Era berean, babes- zein zuzenketa-neurriak eta ingurumena zaintzeko programa alda daitezke, jardueraren sustatzaileak hala eskatuta edo ofizioz, ingurumena zaintzeko programan lortutako emaitzetan oinarrituta.

H) E-PRTR komunikazioa.

Urtean behin, martxoaren 31 baino lehenago, Sanemar SLk aurreko urtean atmosferara eta uretara egindako isurketei eta sortutako hondakin mota guztiei buruzko datuen ingurumen-adierazpena igorriko dio Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari, E-PRTR-Euskadi Kutsatzaileen Emisio eta Transferentzia Inbentarioa egiteko eta eguneratuta edukitzeko, 508/2007 Errege Dekretuarekin eta Ingurumena Zaintzeko Programarekin bat etorriz.

Informazio hori Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eskura jarritako kanal, sistema edo aplikazio informatikoak erabiliz bidaliko da.

Ingurumen-adierazpena publikoa izango da, bat etorriz uztailaren 18ko 27/2006 Legearen xedapenekin. Lege horren bidez, informazioa eskuragarri izateko, herritarren partaidetzarako eta ingurumen-gaietan justizia eskura izateko eskubideak arautzen dira (2003/4/EE eta 2003/2005/EE zuzentarauak jasotzen ditu). Horrez gain, une oro bermatu beharko da Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan ezarritakoa betetzen dela.

I) Instalazioko aldaketak.

Instalazioetan aldaketak egin ahal izateko, honako helbide elektroniko honetan eskuragarri dagoen inprimakia bete beharko da aldez aurretik:

https://www.euskadi.eus/contenidos/serv_proc_comunicacion/p_comu_20194158899329/procedures/proc_20194158899905/eu_def/adjuntos/Formulario_modificaciones_eu.docx

Organo horren onespena ere beharko da, abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 10. artikuluan xedatutakoaren ondorioetarako.

Industriako emisioen Erregelamendua onartu eta kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legea garatzen duen urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren 14.1 artikuluak ezartzen du zer irizpide hartu behar diren kontuan aldaketa funtsezkotzat jotzeko.

Nolanahi ere, bat etorriz urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren 14.2 artikuluan xedatutakoarekin, irizpide horiek orientagarriak dira, eta ingurumen-organoak kalifikatuko du eskatutako aldaketa, funtsezkotzat edo ez-funtsezkotzat jota, bat etorriz abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 10. artikuluan xedatutako irizpideekin.

Era berean, proiektua aldatzen den kasuetan, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7.1.c eta 7.2.c artikuluetan xedatutakoa aplikatuko da.

Baldin eta aldaketak lurzoru berria okupatzea aurreikusten badu eta aipatutako lurzoruak lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak baditu edo izan baditu, aldaketa egin aurretik, hartu beharreko kokalekuaren lurzoru-kalitatearen deklarazioa eduki beharko da, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legean ezarritakoari jarraikiz.

J) Ingurumen-arloko erantzukizuna.

Sanemar SL 3. lehentasun-mailako operadore gisa dago sailkatuta ekainaren 22ko ARM/1783/2011 Aginduaren arabera (urriaren 23ko APM/1040/2017 Aginduak aldatua). Agindu horren bidez ezartzen da nahitaezko finantza-bermea ezartzea eskatzeko ministerio-aginduak (Ingurumen Erantzukizunari buruzko urriaren 23ko 26/2007 Legearen azken xedapenetako laugarrenean aurreikusiak) onartzeko lehentasun-ordena eta egutegia.

Sanemar SLk bere jarduera profesionalaren ingurumen-arriskuen azterketa egin beharko du, abenduaren 22ko 2090/2008 Errege Dekretuaren 34. artikuluan ezarritakoaren arabera (Ingurumen Erantzukizunari buruzko urriaren 23ko 26/2007 Legea hein batean garatzeko araudia onartzen duena). Artikulu horren hirugarren puntuaren arabera, operadoreak ingurumen-arriskuen azterketa eguneratuko du egokitzat jotzen duen guztietan, eta jardueran, instalazioan edo baimenean funtsezko aldaketak egiten direnean.

Finantza-bermea eratu ondoren, erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko dio agintaritza eskudunari, eta adierazpen horrek 2090/2008 Errege Dekretuaren IV.1 eranskinean adierazitako informazioa jaso beharko du gutxienez. 26/2007 Legearen 28. artikuluko a) eta b) apartatuetan aurreikusitako salbuespenei jarraikiz, jarduera finantza-bermea eratzetik salbuetsita geratzen bada, agintaritza eskudunari erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko dio, zeinetan jasoko baita gutxienez IV.2 eranskinean jasotako informazioa.»

Hirugarrena.– Ebazpen honen edukia jakinaraztea Sanemar SL enpresari, Pasaiako Udalari, ingurumen-baimen integratua emateko prozeduran parte hartu duten erakundeei, eta gainerako interesdunei.

Laugarrena.– Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beronen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jar dakioke Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuari, hilabeteko epean, jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik aurrera, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoarekin.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko abuztuaren 12a.

Ingurumen Jasangarritasuneko sailburuordea,

AMAIA BARREDO MARTÍN.


Azterketa dokumentala