Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

210. zk., 2022ko azaroaren 3a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
4709

EBAZPENA, 2022ko urriaren 7koa, Industria Administrazioaren Arabako lurralde-ordezkariarena, honen bidez, Burgeluko eta Vitoria-Gasteizko udalerrietan (Araba), «Gamarra-Altsasu 1 eta 2» 30 kV DC aireko linea elektrikoa 195. eta 229. euskarrien artean aldatzeko izeneko instalazioa baimendu, proiektua onartzen da eta onura publikokoa dela deklaratzen da.

Espediente zk.: 01ATY 202000044.

AURREKARIAK

1.– 2020-09-02an, I-DE Redes Eléctricas Inteligentes, SAUk administrazio-baimena, onura publikoaren deklarazioa eta egikaritze-proiektuaren onespena eskatu zituen Burgeluko eta Vitoria-Gasteizko udalerrietan (Araba), «Gamarra-Altsasu 1 eta 2» 30 kV DC aireko linea elektrikoa 195. eta 229. euskarrien artean aldatzeko».

2.– 2021eko ekainaren 28an, ingurumen-organoari eskaera egin zitzaion ingurumen-inpaktuaren txostena egin zezan ingurumen-ebaluazio sinplifikatuaren esparruan, ingurumen-ebaluazioari buruzko 21/2013 Legearen 7.2.b) artikuluan xedatutakoa aplikatuz, proiektuak Natura 2000 Sareko gune babestuei eragiten dielako.

3.– Ingurumen Administrazioaren zuzendariaren 2021eko urriaren 25eko Ebazpenaren bidez, ingurumen-inpaktuari buruzko txostena egin zen, honako proiektu honi buruzkoa: «Gamarra-Altsasu 1 eta 2» 30 kV DC aireko linea elektrikoa 195. eta 229. euskarrien artean aldatzeko» izeneko instalazioa, Burgeluko eta Vitoria-Gasteizko udalerrietan (Araba), i-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAUk sustatua. Bertan zehazten da ez dela aurreikusten ingurumenean eragin negatibo nabarmenik sortuko denik eta ez dela beharrezkotzat jotzen ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egitea. Txosten hori 2021eko azaroaren 23ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu zen.

4.– 2022ko maiatzaren 23an, sustatzaileak hasierako eskaera luzatu zuen, proiektuaren onura publikoko deklarazioaren berariazko eskaeraren bidez.

5.– Jendaurrean erakusgai jarri dira delako proiektua eta aipatu eskatzailearen arabera desjabetu beharreko ondasun eta eskubideen banan-banako zerrenda. Hala egin da, honako xedapen hauek ezarritakoa betetzeko: Energia elektrikoa ekoizteko, garraiatzeko eta banatzeko instalazioak eraikitzeko, aldatzeko, ustiatzeko, eskualdatzeko eta ixteko administrazio-baimenen prozedurak arautzen dituen martxoaren 31ko 48/2020 Dekretua; Sektore Elektrikoaren abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 55. artikulua; 1954ko abenduaren 16ko Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 17 eta 52. artikuluak eta 1957ko apirilaren 26ko haren Erregelamenduaren 56. artikulua.

6.– Informazioa jendaurrean jartzeko izapidea betetzeko, iragarkiak argitaratu ziren Burgeluko eta Vitoria-Gasteizko Udalen iragarki-taulan, 2022ko ekainaren 7ko ALHAOn, 2022ko ekainaren 27ko EHAAn eta «Diario Noticias de Álava» eta «El Correo» egunkariaren 2022ko ekainaren 24ko aleetan.

7.– Jendaurrean jartzeko izapidearekin batera, sail honek dagokion separata bidali zien Burgeluko eta Vitoria-Gasteizko udalei 2022-06-23an, baina ez dute baldintza teknikorik aurkeztu epe barruan. Gainera, separatak bidali zitzaizkien Arabako Foru Aldundiko Bide Azpiegituren eta Mugikortasunaren Sailari, URA, Uraren Euskal Agentziari eta Telefónica de España SAUri 2022-06-23an. Ezarritako epearen barruan, Telefónica de España, SAU enpresaren aldeko txostena jaso zen 2022-07-05ean. Eragindako gainerako erakundeek ez dute epe barruan baldintza teknikorik aurkeztu.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

1.– Industria Administrazioko Arabako Lurralde Ordezkaritza da espediente hau izapidetzeko eta ebazteko organo eskuduna, Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren 23. artikuluan xedatutakoaren arabera.

2.– Espedientean, arauzko izapideak bete dira, honako xedapen hauek kontuan izanda: Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legea; Energia elektrikoko instalazioen garraioko, banaketako, merkaturatzeko eta hornidurako jarduerak eta baimentze-prozedurak arautzen dituen abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretua; Nahitaezko Desjabetzeari buruzko 1957ko apirilaren 26ko Legea; Eusko Jaurlaritzaren martxoaren 31ko 48/2020 Dekretua; eta Goi-tentsioko linea elektrikoak zuhaiztietatik igarotzeko berariazko baldintzak ezartzen dituen Energia eta Meategien zuzendariaren 2011ko martxoaren 8ko Ebazpena.

Aipatutako lege-xedapenak ikusita, eta oro har zein zehazki aplikatu beharrekoak diren gainerakoak oinarri hartuta, Industria Administrazioko Arabako lurralde-ordezkariak hau

EBAZTEN DU:

1.– Baimena ematea I-DE Redes Eléctricas Inteligentes, SAU enpresari Burgeluko eta Vitoria-Gasteizko udalerrietan (Araba), «Gamarra-Altsasu 1 eta 2» 30 kV DC aireko linea elektrikoa 195. eta 229. euskarrien artean aldatzeko» izeneko instalazioarentzat, eta dagokion proiektua onartzea.

2.– Deklaratzea baimentzen den instalazio elektrikoa onura publikokoa dela. Deklarazioak, Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 56. artikuluan xedatutakoaren arabera, honako hauek dakartza berekin: ondasunak okupatu eta eraginpeko eskubideak hartu beharra, eta okupazioa, gainera, presaz egin beharra. Deklarazioak, halaber, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko 1954ko abenduaren 16ko Legearen 52. artikuluan presaz okupatzeko deklarazioari dagokionez ezartzen diren ondorioak dakartza, 53. artikuluan zehaztutako erregistro-ondorioekin.

Ebazpen hau ematen da ondorengo baldintza orokorrak kontuan hartuz:

– Onartutako proiektuari jarraiki egin beharko dira obrak, kasu bakoitzean eskatu eta baimenduko diren aldaketekin.

– Proiektuan ezarritako neurriez gain, 2021eko martxoaren 15ean Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratutako proiektuaren ingurumen-txostenean adierazitako neurri babesle eta zuzentzaileak ere hartu beharko dira. Neurri horiek obra kontratatzeko baldintzen pleguetan sartu beharko dira, eta horiek betetzea bermatuko duen aurrekontua izan beharko dute. Ebazpen honen eranskinean daude jasota.

– Martxan jartzeko epea hiru urtekoa izango da, ebazpen hau ematen den egunetik aurrera zenbatzen hasita. Epe hori igaro eta ez bada instalazioa ustiatzeko baimenik eskatu, ebazpen hau iraungitzat jo ahal izango da.

– Instalazioen titularrak, proiektua gauzatu ondoren, eta arauzko egiaztapenak egin ondoren, obrak amaitu direla jakinaraziko dio Industria Administrazioko Arabako Lurralde Ordezkaritzari, ustiatzeko eta martxan jartzeko baimena eman dezan. Horrekin batera, aplikatu beharreko erregelamendu teknikoetan adierazten den dokumentazioa aurkeztuko du.

– Ebazpen hau emateak ez dakar berekin udal edo probintzia mailako edo bestelako beharrezko obra-baimen edo -lizentziak lortu behar ez izatea, hau da, eskatzaileak nahitaez lortu beharko ditu beharrezko baimen horiek guztiak ere. Era berean, hirugarrenen eskubideak ezertan galarazi emango da, jabetza-eskubidea salbu utzita.

Ebazpen honek ez du administrazio-bidea amaitzen, eta bere aurka Gora Jotzeko Errekurtsoa jar daiteke Proiektu Estrategikoen eta Industria Administrazioren Zuzendariaren aurrean, hilabeteko epearen barruan, Ebazpen hau jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita, eta hori guztia Administrazioi Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta hurrengo artikuluen arabera.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko urriaren 7a.

Industria Administrazioaren Arabako lurralde-ordezkaria,

JESÚS PASCUAL LORENTE.

ERANSKINA
INGURUMEN-INPAKTUAREN TXOSTENEAN EZARRITAKO NEURRI BABESLE ETA ZUZENTZAILEAK

Natura-ondarea babesteko neurriak:

– Obrak eta lurzoruaren okupazioa dakarten gainerako operazio osagarriak proiektua gauzatzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira. Beharrezkoak diren mozte-, inauste- eta eskokatze-lanak, obra-sarreren irekierak eta kontratistaren instalazio-guneak –makineria-parkea, obra-etxetxoak, obra-materialak aldi baterako metatzeko eremuak eta landare-lurrak eta hondakinak aldi baterako pilatzeko eremuak barne– ingurumenean ahalik eta eraginik txikiena izateko irizpideetan oinarrituz egingo dira, eta, zehazki, drainatze naturaleko sareari eta intereseko landarediari eragitea saihestuko da.

– Eremu osagarri horiek ezin izango dira inola ere jarri instalazioaren eraginpean ez dauden landare-egitura kalteberen eremuetako (Batasunaren Intereseko Habitatak) lursailetan.

– Hori ziurtatzeko, obrak hasi aurretik, kontratistaren instalazioen eremuen mugaketa zehatza egingo da xehetasunezko kartografian.

– Oro har, zuzenean okupatzea aurreikusten ez den eremuetan, ez da kenduko bertako landaredi naturala. Intereseko espezieren baten aleak egoera onean dauden eremuetan, kontu handiz jardun beharko da, proiektua egiteko beharrezkoa den eremutik kanpo ez eragiteko.

– Linearen eragina paira dezaketen eremu kalteberetan eta natura-balio handieneko eremuetan (91E0*, 6210* eta 6210 BIHak), ahal bada inausketak egingo dira, eta behar-beharrezkoa denean soilik moztuko dira zuhaitzak, eta, bakar-bakarrik, haien gehieneko garapenera iristen direnean linea elektrikoaren segurtasuna bermatuta ez dagoela ikusten denean. Dena dela, lehendik dagoen zuhaixka-geruza osoa mantendu beharko da.

– Bertakoak ez diren zuhaitzak osorik moztu daitezke, betiere berehala birlandatzen badira tamaina txikiko espezieak edo hazkuntza motelekoak (esaterako, sahatsak, hurritzak eta haritzak).

– Zein zuhaitz ebaki edo lepatuko den erabakitzeko, Arabako Foru Aldundiko zerbitzu teknikoekin elkarlanean adostuko dira irizpideak.

– Zuhaitzak inaustea, botatzea edo sastrakak kentzea ezinbestekoa bada, motozerrak erabiliko dira horretarako, eta ez makina astunak, modu selektiboan lan egin ahal izateko. Zuhaitzak ipurditik mozteko lana beti era zuzenduan egingo da, bertako gainerako landarediari kalterik ez eragiteko.

– Lurgaineko urak dituzten ibilguak zeharkatzean, ibaiertzeko espezieak dauden tokietan (lizarrak, haritzak, sahatsak, etab.), lineari eragin diezaioketen goiko adarrak bakarrik kimatuko dira. Ez da zuhaitzaren garaiera osoaren 1/3 baino gehiago kimatuko, eta eremuko zaintzaileak gainbegiratuta egingo da hori, geldialdi begetatiboan (negua).

– Euskarri berrien kokapena birplanteatuko da, teknikoki bideragarria den neurrian ez daitezen kokatu identifikatutako eremu kalteberetan (91E0*, 6210* eta 6210 BIHak). Era berean, ahal dela, euskarriak soroetatik kanpo jarriko dira, ez dezaten eragin Balio Estrategiko Handiko lurzoruetan. Nekazaritza-lursailetan jartzea beharrezkoa izanez gero, lurzatiaren ertzetan edo mugetan jarriko dira, ahal bada.

– BIHari eragiten dioten eremuetan, lanak hasi aurretik, zehatz-mehatz mugatuko dira, eta lekuan bertan balizatuko, lanak egiteko nahitaez moztu behar ez diren bertako zuhaitzak eta zuhaitz-unadak. Gainera, kontserbatu beharreko zuhaitzak behar bezala babestuko dira, sustrai-sistemak kolperik eta kalterik ez izateko.

– Zuinketa fasean eta eremu kalteberetan lanak egitean (91E0*, 6210* eta 6210 Batasunaren Intereseko Habitatak), basoetako flora eta faunako aditu batek egon beharko du obran bertan, obra-zuzendaritzari edo obra-arduradunari aholkuak emateko.

– Gainera, BIH horietan, arreta berezia jarriko da euskarriak desmuntatzeko orduan, bertako espezieei kalterik ez egiteko neurriak zorroztuz; eta, hala badagokio, eremua lehengoratuko da.

– Obrak egin behar diren lekuetara sartzeko, lehendik dauden bideak erabiliko dira, ahal den neurrian. Trazadura berriko sarbideak eta lehendik zeuden sarbideak egokitzeko lanak, hala dagokionean, lur-mugimendua murriztuz eta lehen aipatutako eremu kalteberen gaineko eragina saihestuz egingo dira.

– Azaroaren 7ko 322/2003 Foru Aginduarekin bat (Arabako Lurralde Historikoan Mustela lutreola bisoi europarra Kudeatzeko Plana onartzen du), interes bereziko eremuetan espezie horrek ugaltzeko erabiltzen duen habitataren ezaugarriak aldatzea dakarren edozein jarduketa egiteko, Arabako Foru Aldundiko organo eskudunaren aurretiazko baimena beharko da. Gainera, organo horrek mugak ezarri ahal izango dizkio lanak gauzatzeko moduari eta lanak egiteko uneari.

– Obrak egitean, mehatxatutako faunarentzat identifikatutako aldi kritikoa saihestuko da; bereziki, martxoa eta abuztua bitartean.

Ura eta lurzorua babestera bideratutako neurriak.

– Oro har, eraikuntza-fasean, ahalik eta efluente kutsatzaile gutxien sortuko da, eta ahalik eta material xehe eta gai kutsatzaile gutxien isuriko da drainatze-sarera.

– Hidrokarburoak xurgatzeko material espezifikoa jarri beharko da eskura obretan, ustekabeko isuri edo ihesen bat gertatuz gero berehala aplikatu ahal izateko.

– Beharrezkoa bada, obra-eremuetan, lanen eta jarduera osagarrien ondorioz kutsatzen den ur guztia biltzeko eta kudeatzeko gailuak proiektatu eta eraikiko dira. Haien neurriak zehazteko, kalkulu hidraulikoak egingo dira, solidoak ahalik eta hobekien atxikitzeko eta isuriak lokalizatuak eta indarrean dagoen araudiak ezartzen dituen parametro fisiko-kimikoen araberakoak direla bermatzeko.

– Obrako makinak gordetzeko azalera eta haiek mantentzeko tokia drainatze-sare naturaletik bereizi beharko dira. Zolata iragazgaitzaz gain, efluenteak biltzeko sistema bat ere izango du, olioek eta erregaiek lurzorua eta ura ez kutsatzeko. Erregaien zamalanak, olio-aldaketak eta lantegiko ohiko jarduerak ezin izango dira horretarako adierazitako guneetatik kanpo egin.

Paisaia babestera eta eragindako eremuak lehengoratzera zuzendutako neurriak.

– Proiektua gauzatzean kaltetutako gune guztiak lehengoratuko dira (aldi baterako pilaketa-eremuak, aldi baterako lurzoru-okupazioak, obra-eremuetarako sarbidea eta abar). Landareztatze-lanak espezie autoktonoekin eta ahalik eta lasterren egingo dira, higadura-prozesuak eta solidoak ibilguetara herrestatzea ekiditeko.

– Lurrak mugitzerakoan, landare-lurra kenduko da, eta bereizita pilatuko, obrek eragindako inguruen lehengoratze- eta landareztatze-lanak erraztearren.

– Kanpoko landare-espezie inbaditzaileak bertan sartu eta hedatu ez daitezen hartu beharreko neurriak hartuko dira. Bereziki kontrolatu beharko da landare-estalkia lehengoratzeko erabiliko diren lurren jatorria, eta, ahal dela, ez da erabiliko horrelako espezieek kutsatuta egon daitekeen lurrik.

– Erabiltzen diren makina guztiek garbi egon beharko dute, lokatz- edo lur-arrastorik gabe, halakoetan inguruan koka daitezkeen espezie inbaditzaileen propaguluak edo haziak egon baitaitezke.

– Era berean, ahal den guztietan, errotik kenduko dira jarduketa-eremuetan aurkitutako espezie inbaditzaileak.

– Bai baldintza-agiriak eta bai obra kontratatzeko aurrekontuek aipatutako dokumentazioan aurreikusitako baldintza teknikoak eta aurrekontu-partidak jaso beharko dituzte, proposatutako jarduerak behar bezala betetzen direla bermatzeko. Aurrekontuan, partida bat jasoko da hutsarteak betetzeko eta landareak behin betiko errotzeko behar diren mantentze-lanetarako.

Zaraten eta bibrazioen ondorioak minimizatzera zuzendutako neurriak.

– Lanek iraun artean, beharrezkotzat jotzen diren jardunbide egokiak aplikatuko dira, ordutegien mugaketari, obrako makineriaren mantentze-lanei eta zarata jatorrian murrizteari dagokienez.

– Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obretan erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira aire zabalean erabiltzen diren makinen emisio akustikoei buruz indarrean dauden legeetan ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokio, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan eta arau osagarrietan ezarritakora.

– Bestalde, proiektua garatzerakoan, eraginpeko eremuan obrek sorrarazitako zaratarengatik ez dira gaindituko kalitate akustikoaren helburuak, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan ezarrita daudenak, hori guztia dekretu horretako 35.bis artikuluan aurreikusitakoari kalterik eragin gabe.

– Egunez bakarrik egingo da lan.

Hondakinak kudeatzera bideratutako neurriak.

– Sortutako hondakin guztiak Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta aplikatzekoak diren araudi espezifikoetan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira, eta, kasuan-kasuan, karakterizatu egin beharko dira, hondakin mota eta helmugarik egokiena zehazteko.

– Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, prebentzioa sustatu behar da hondakinak sortzean, edo, hala badagokio, uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz kudeatu beharko dira hondakinak; hau da, prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barne.

– Hondakinak kasu honetan baino ezingo dira deuseztatu: aldez aurretik behar bezala justifikatzen denean ezinezkoa dela hondakinak teknikoki, ekonomikoki edo ingurumenaren ikuspegitik balorizatzea.

– Berariaz debekatuta dago sortzen diren tipologia desberdinetako hondakinak elkarrekin edo beste hondakin edota efluente batzuekin nahastea. Hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta horiek biltzeko eta biltegiratzeko baliabide egokiak jarriko dira, aipatutako nahasketa horiek ekiditeko.

– Eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak bi xedapen hauen arabera kudeatuko dira: 105/2008 Errege Dekretua, otsailaren 1ekoa, Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko dena, eta 112/2012 Dekretua, ekainaren 26koa, Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko dena.

– Zabortegira bidali beharreko hondakinak, berriz, Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta ezabatzea arautzen duen uztailaren 7ko 646/2020 Errege Dekretuan eta Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.

– Jarduerako soberakinak betelanak egiteko erabiltzen badira, aipatutako otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan ezarritako baldintzak bete beharko dira.

– Betelanetarako, kutsatzaile-edukia A ebaluazioko balio adierazleetan (EBA-A) ezarritako balioen azpitik duten materialak bakarrik baimenduko dira. Lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen III. eranskinean daude jasota adierazle horiek.

– Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak independenteak izango dira, baldin eta, tipologia dela eta, isurketa baten ondorioz nahasiz gero arriskutsuago bihurtu badaitezke edo kudeaketa zaildu badezakete. Halaber, Hondakin Toxiko eta Arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Lege Orokorra betearazteko Erregelamendua onartzen duen uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak bete beharko dituzte, eta itxita egon beharko dute kudeatzaileari eman arte, isurita edo lurrunduta gal ez daitezen.

– Industrian Erabilitako Olioaren Kudeaketa Arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraikiz kudeatuko da sortzen den olio erabilia. Olio erabiliak, baimendutako kudeatzaile bati eman arte, estalpean utziko dira behar bezala etiketatutako depositu estankoetan; zolata iragazgaitz baten gainean egon beharko dute, kubo txikietan edo ihesei eta isuriei eusteko sistemen barruan.

– Eremu jakin bat egokituko da, aldi batean hondakin arriskutsuak pilatzeko, hala nola olio-potoak, iragazkiak, olioak, pinturak eta abar. Gainera, hondakin geldoak biltzeko edukiontzi espezifikoak jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita.

Airearen kutsadura ahalik eta txikiena izateko neurriak.

– Aldian-aldian, garbitu egingo da sarbidea, bai eta, atzemandako hauts-emisioen arabera, ureztatuko ere. Sarbideak egoera egokian egon beharko dira une oro.

– Hezetasun-egoera egokietan garraiatuko da indusketa-materiala, hain zuzen ere, zama estaltzeko gailuak dituzten ibilgailuetan, lohi eta partikularik ez barreiatzearren.

Kultura-ondarea babestera zuzendutako neurriak.

Azterketa arkeologiko bat egingo da (Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 65. artikulua); gutxienez, prospekzio bisuala egingo da, interes arkeologikoko beste elementurik badagoen ikusteko, eta obrek eragin dezaketen inpaktua espezifikoki aztertzeko, eta, hala badagokio, neurri zuzentzaile egokiak hartzeko. Azterketa arkeologiko horretan oinarrituta, Arabako Foru Aldundiak erabakiko du proiektu arkeologiko bat egin behar den ala ez.

Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 Legean xedatutakoari jarraituz, lurrak mugitzeko obretan arkeologia-izaerako aztarnarik aurkituz gero, berehala jakinaraziko zaio Arabako Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritzari, eta azken horrek zehaztuko du zer neurri hartu behar diren.

Proiektuan planteatutako azken euskarri berriak (ekialdean daudenak, Burgelu udalerritik gertu) Euskal Kultura Ondarearen EAEko Erregistroan jasotako Donejakue Bidearen (barnealdekoa) zati batetiko paraleloan doazenez, hau da, linea elektrikoaren trazaduraren zati bat Donejakue Bidearekiko paraleloan eta hartatik gertu doanez, aplikagarriak dira Kulturako sailburuordearen 2021eko ekainaren 1eko Ebazpenaren (zeinaren bidez hasiera ematen baitzaio eta jendaurrean jartzen baita 2/2012 Dekretua aldatzeko espedientea; ekainaren 11ko EHAA, 114. zk.) eranskineko II. Kapituluan jasotako xedapenak, eta, zehazki, 12.1.a) artikulua (Zortasun-eremua: Donejakue Bidearen alde bakoitzeko lur-zerrenda paraleloa, 3 m-ko zabalerakoa, lur-berdinketaren kanpoko ertzetik neurtuta) eta 16. artikulua (Baimena eman ahal izango zaie azpiegiturak jartzeari eta zerbitzuak bideratzeari, eta, horretarako, baimena eskatu beharko zaio dagokion aldundiko kultura departamentuari, 13.1.2.b) artikuluan ezarritako baldintza berberetan).

Jardunbide egokien sistema bat hartzea.

Langileek jardunbide egokien sistema bat hartu beharko dute, helburu hauek, besteak beste, ahalik eta gehien bermatzeko:

– Obrak okupatzen dituen mugak kontrolatzea.

– Batasunaren Intereseko Habitatetan (91E0, 6210* eta 6210 BIH) eta, hortaz, fauna interesgarriaren habitatetan, izandako eraginak kontrolatzea.

– Hondakin-isurketarik ez egitea, eta olio-isurketen ondorioz edo lurra leku batetik bestera eramateagatik lurzorua eta ura ez kutsatzea.

– Proiektuak eragindako herriguneetako biztanleei enbarazurik ez eragitea zarata eta hautsarekin.

Ingurumen-aholkularitza.

Obra amaitu arte eta horren berme-aldian zehar, Obra Zuzendaritzak ingurumenaren eta, oro har, babes- eta zuzenketa-neurrien inguruko aholkularitza kualifikatua izan beharko du. Obraren zuzendaritzak ebazpenik eman behar badu baldintzen agiriak horrelako gaien inguruan esleitzen dizkion eskumenak erabiliz, aholkulariek txosten bat egingo dute aurrez.

Ingurumen-aholkularitzak, gainera, jardunbide egokien kontrola egingo du obra gauzatzean; besteak beste, proiektuko ekintzen eragina egiaztatuko du, bereziki honako hauei dagokienez: makinen mugimenduak, hautsa eta zarata sortzea, hondakin-kudeaketa, natura- eta kultura-ondarea babestea.

Eremuak kalteberak izanez gero (Batasunaren Intereseko Habitatak), zuinketa-fasean eta obrak egitean, faunan eta floran aditua den espezialista batek egon beharko du obran bertan, obra-zuzendaritzari edo obra-arduradunari aholkuak emateko.


Azterketa dokumentala