Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

210. zk., 2022ko azaroaren 3a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
4708

EBAZPENA, 2022ko urriaren 7koa, Industria Administrazioko Arabako lurralde-ordezkariarena; honen bidez, Arminongo eta Berantevillako udalerrietan (Araba), 13,2 kV-ko «4653 L02 Nanclares» lotzeko aireko eta lurpeko linea elektrikoa, Lacorzanilla poligonoa eta Ribaguda artean izeneko instalazioa baimendu, proiektua onartzen da eta onura publikokoa dela deklaratzen da.

Espediente zk.: 01ATY 201900073.

AURREKARIAK

1.– 2019-12-18an, i-DE Redes Eléctricas Inteligentes, SAUk administrazio-baimena, onura publikoaren deklarazioa eta egikaritze-proiektuaren onespena eskatu zituen Arminongo eta Berantevillako udalerrietan (Araba), 13,2 kV-ko «4653 L02 Nanclares» lotzeko aireko eta lurpeko linea elektrikoa, Lacorzanilla poligonoa eta Ribaguda artean egikaritzeko.

2.– 2020ko azaroaren 12an, ingurumen-organoari eskaera egin zitzaion ingurumen-inpaktuaren txostena egin zezan ingurumen-ebaluazio sinplifikatuaren esparruan, ingurumen-ebaluazioari buruzko 21/2013 Legearen 7.2.b) artikuluan xedatutakoa aplikatuz, proiektuak Natura 2000 Sareko gune babestuei eragiten dielako.

3.– Jendaurrean erakusgai jarri dira delako proiektua eta aipatutako eskatzailearen arabera desjabetu beharreko ondasun eta eskubideen banan-banako zerrenda. Hala egin da, honako xedapen hauetan ezarritakoari jarraikiz: abenduaren 3ko 282/2002 Dekretua, honako instalazio hauek eraikitzeko, aldatzeko, ustiatzeko, eskualdatzeko eta ixteko administrazio-baimenak lortzeko prozedurak arautzen dituena: energia elektrikoa ekoitzi, garraiatu nahiz banatzeko instalazioak, bai eta Euskal Autonomia Erkidegoan kontsumitzaileak konektatzeko harguneak, zuzeneko lineak eta instalazioak ere; Sektore Elektrikoaren abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 55. artikulua; 1954ko abenduaren 16ko Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 17 eta 52. artikuluak eta 1957ko apirilaren 26ko haren Erregelamenduaren 56. artikulua.

4.– Informazioa jendaurrean jartzeko izapidea betetzeko, iragarkiak argitaratu ziren Arminongo eta Berantevillako Udalen iragarki-taulan, 2020ko irailaren 9ko ALHAOn, 2020ko abuztuaren 17ko EHAAn eta «Diario Noticias de Álava» egunkariaren 2020ko abuztuaren 10eko alean eta «El Correo» egunkariaren 2020ko abuztuaren 12ko alean.

5.– Jendaurrean jartzeko izapidearekin batera, sail honek dagokion separata bidali zien Arminongo eta Berantevillako udalei 2020-10-05ean, baina ez dute baldintza teknikorik aurkeztu epe barruan. Gainera, separatak bidali zitzaizkien Arabako Foru Aldundiko Bide Azpiegituren eta Mugikortasunaren Sailari, URA, Uraren Euskal Agentziari eta Telefónica de España SAUri 2020-10-06an. Ezarritako epearen barruan, Telefónica de España, SAU enpresaren aldeko txostena jaso zen 2020-10-09an, bai eta 2020-09-09an Arabako Foru Aldundiko Kultura eta Kirol Sailaren txosten arkeologikoa ere, non kontrol arkeologikoa duten obrak egitea eskatzen baitzen, ITER XXXIV bide erromatarrari eragiten ez zaiola berresteko eta harekin lotutako balizko aurkikuntzak dokumentatzeko. Eragindako gainerako erakundeek ez dute epe barruan baldintza teknikorik aurkeztu.

6.– Arauzko epearen barruan, alegazioak aurkeztu zituen Jose Ignacio Ocio Samaniego jaunak 2020-08-26an, linea lurzatitik igarotzean lurpean egiteko aukerari buruz edo, bestela, 239 zenbakidun euskarria 22 eta 21 lurzatien mugan jartzeari buruz.

7.– 2020ko urriaren 8an, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua egiteko eskaera bidali zitzaion Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzari. Ingurumen Administrazioaren zuzendariaren 2021eko otsailaren 15eko Ebazpenaren bidez, ingurumen-inpaktuari buruzko txostena egin zen, honako proiektu honi buruzkoa: 13,2 kV-ko «4653 L02 Nanclares» lotzeko aireko eta lurpeko linea elektrikoa, Lacorzanilla poligonoa eta Ribaguda artean izeneko instalazioa, Arminongo eta Berantevillako udalerrietan (Araba), i-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAUk sustatua. Bertan zehazten da ez dela aurreikusten ingurumenean eragin negatibo nabarmenik sortuko denik eta ez dela beharrezkotzat jotzen ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egitea. Txosten hori 2021eko martxoaren 15eko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu zen.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

1.– Industria Administrazioko Arabako Lurralde Ordezkaritza da espediente hau izapidetzeko eta ebazteko organo eskuduna, Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren 23. artikuluan xedatutakoaren arabera.

2.– Espedientean, arauzko izapideak bete dira, honako xedapen hauek kontuan izanda Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legea; Energia elektrikoko instalazioen garraioko, banaketako, merkaturatzeko eta hornidurako jarduerak eta baimentze-prozedurak arautzen dituen abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretua; Nahitaezko Desjabetzeari buruzko 1957ko apirilaren 26ko Legea; Eusko Jaurlaritzaren abenduaren 3ko 282/2002 Dekretua; eta Goi-tentsioko linea elektrikoak zuhaiztietatik igarotzeko berariazko baldintzak ezartzen dituen Energia eta Meategien zuzendariaren 2011ko martxoaren 8ko Ebazpena.

3.– Espediente hau izapidetzerakoan, energia elektrikoa ekoizteko, garraiatzeko eta banatzeko instalazioen administrazio-baimenaren prozedurak arautzen dituen martxoaren 31ko 48/2020 Dekretuak ezarritako xedapenak bete dira.

4.– 2021eko ekainaren 17an, i-DE Redes Inteligentes SAU, enpresak ezetsi egin zuen Jose Ignacio Ocio Samaniego jaunak bere alegazioan planteatutako lurpeko linea egikaritzeko irtenbide teknikoa, bai onartu zuen 239. euskarriaren kokalekua aldatzeko aukera, 22. eta 21. lurzatien % 50 okupatuz posizionatuta gera dadin, proiektua eta ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda aldatuta.

Aipatutako lege-xedapenak ikusita, eta oro har zein zehazki aplikatu beharrekoak diren gainerakoak oinarri hartuta, Industria Administrazioko Arabako lurralde-ordezkariak hau

EBATZI DU:

1.– Baimena ematea i-DE Redes Eléctricas Inteligentes, SAU enpresari Arminongo eta Berantevillako udalerrietan (Araba), 13,2 kV-ko «4653 L02 Nanclares» lotzeko aireko eta lurpeko linea elektrikoa, Lacorzanilla poligonoa eta Ribaguda artean izeneko instalazioarentzat, eta dagokion proiektua onartzea.

2.– Deklaratzea baimentzen den instalazio elektrikoa onura publikokoa dela. Deklarazioak, Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 56. artikuluan xedatutakoaren arabera, honako hauek dakartza berekin: ondasunak okupatu eta eraginpeko eskubideak hartu beharra, eta okupazioa, gainera, presaz egin beharra. Deklarazioak, halaber, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko 1954ko abenduaren 16ko Legearen 52. artikuluan presaz okupatzeko deklarazioari dagokionez ezartzen diren ondorioak dakartza, 53. artikuluan zehaztutako erregistro-ondorioekin.

Ebazpen hau ematen da ondorengo baldintza orokorrak kontuan hartuz:

Onartutako proiektuari jarraiki egin beharko dira obrak, kasu bakoitzean eskatu eta baimenduko diren aldaketekin.

Proiektuan ezarritako neurriez gain, 2021eko martxoaren 15ean Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratutako proiektuaren ingurumen-txostenean adierazitako neurri babesle eta zuzentzaileak ere hartu beharko dira. Neurri horiek obra kontratatzeko baldintzen pleguetan sartu beharko dira, eta horiek betetzea bermatuko duen aurrekontua izan beharko dute. Ebazpen honen eranskinean daude jasota.

Martxan jartzeko epea hiru urtekoa izango da, ebazpen hau ematen den egunetik aurrera zenbatzen hasita. Epe hori igaro eta ez bada instalazioa ustiatzeko baimenik eskatu, ebazpen hau iraungitzat jo ahal izango da.

Instalazioen titularrak, proiektua gauzatu ondoren, eta arauzko egiaztapenak egin ondoren, obrak amaitu direla jakinaraziko dio Industria Administrazioko Arabako Lurralde Ordezkaritzari, ustiatzeko eta martxan jartzeko baimena eman dezan. Horrekin batera, aplikatu beharreko erregelamendu teknikoetan adierazten den dokumentazioa aurkeztuko du.

Obrak egiteko beharrezkoak diren udal- eta probintzia-eskumeneko eta bestelako baimenak edo lizentziak edozein direla ere, eta horiek aparte utzi gabe ematen da ebazpen hau, eta eskatzaileak nahitaez eskuratu beharko ditu baimen horiek guztiak. Era berean, hirugarrenen eskubideak kaltetu gabe emango da, jabetza-eskubidea salbu utzita.

Ebazpen honek ez du administrazio-bidea amaitzen, eta bere aurka Gora Jotzeko Errekurtsoa jar daiteke Proiektu Estrategikoen eta Industria Administrazioren Zuzendariaren aurrean, hilabeteko epearen barruan, Ebazpen hau jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita, eta hori guztia Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkiadeari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta hurrengo artikuluen arabera.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko urriaren 7a.

Arabako Industria Administrazioko lurralde-ordezkaria,

JESÚS PASCUAL LORENTE.

ERANSKINA
INGURUMEN-INPAKTUAREN TXOSTENEAN EZARRITAKO NEURRI BABESLE ETA ZUZENTZAILEAK

Natura-ondarea babesteko neurriak:

– Proiektuak bete egin beharko ditu martxoaren 17ko 35/2015 Dekretuan eta martxoaren 17ko 34/2015 Dekretuan datozen erabakiak. Lehenengo dekretuaren bidez, Arabako bost ibai Kontserbazio Bereziko Eremu izendatzen dira; bigarrenak, berriz, ingurune hidrikoari lotuta dauden Kontserbazio Bereziko Eremuetarako (KBE) eta Hegaztien Babes Bereziko Eremuetarako (HBBE) arau orokorrak onartzen ditu.

– Obrak, bai eta lurzoruaren okupazioa dakarten gainerako eragiketa osagarriak ere, proiektua egikaritzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira. Beharrezkoak diren mozte-, inauste- eta eskokatze-lanak, obra-sarreren irekierak eta kontratistaren instalazio-guneak –makineria-parkea, obra-etxetxoak, obra-materialak, landare-lurren eta hondakinen behin-behineko pilaketen eremuak barne– ingurumenean ahalik eta eraginik txikiena izateko irizpideetan oinarrituz egingo dira, eta, zehazki, ubideei eta intereseko landarediari eragitea saihestuko da.

– Oro har, zuzeneko okupaziorik aurreikusten ez den eremuetan, ez da kenduko bertako landaretza autoktonoa. Intereseko espezieren baten aleak egoera onean dauden eremuetan, kontu handiz jardun beharko da, proiektua gauzatzeko behar den azalera baino handiagoa ez kaltetzeko.

– Linearen eragina pairatu dezaketen eremu kalteberatan eta natura-balio handieneko eremuetan (Natura 2000 Sarea, Batasunaren intereseko habitatak eta faunarentzat interes berezikoak diren eremuak), inausketak egingo dira, bideragarria den guztietan, eta zuhaitzak behar-beharrezkoa denean soilik moztuko dira, eta bakar-bakarrik linea elektrikoaren segurtasuna kolokan jarriko badute haien gehieneko garapenera iristen direnean. Dena dela, lehendik dagoen zuhaixka-geruza osoa mantendu beharko da.

Zehazki, Ihuda ibaiaren ibaiertzeko basoan (HIC 92A0), lineak ibaia gurutzatzen duen puntuan, lineari eragin diezaioketen goiko adarrak baino ez dira inausiko, zuhaitzaren altuera osoaren 1/3 gainditu gabe.

Bertakoak ez diren zuhaitzak ipurditik moztu daitezke, betiere berehala birlandatzen badira tamaina txikiko espezieak edo hazkuntza motelekoak (sahatsak, hurritzak, haritzak).

Zein zuhaitz ebaki edo lepatuko den erabakitzeko, Arabako Foru Aldundiko zerbitzu teknikoekin elkarlanean adostuko dira irizpideak.

– Zuhaitzak inaustea, botatzea edo sastrakak kentzea beste aukerarik ez bada, motozerrak erabiliko dira horretarako, eta ez makina astunak, modu selektiboan lan egin ahal izateko. Zuhaitzak ipurditik moztea beti era zuzenduan egingo da, gainerako landaredia autoktonoari kalterik ez eragiteko.

– Ihuda ibaiaren bidegurutzean eta Zadorra ibaiaren eskuineko ertzean, lanak hasi aurretik, zehatz-mehatz mugatuko dira, eta «in situ» balizatuko, lanak egiteko nahitaez moztu behar ez diren bertako zuhaitzak eta zuhaitz-unadak. Gainera, kontserbatu beharreko zuhaitzak behar bezala babestuko dira, sustrai-sistemak kolperik eta kalterik ez izateko.

– Zuinketa fasean eta eremu kalteberatan lanak egitean (Natura 2000 Sarea, Batasunaren intereseko habitatak, faunarentzat interes berezikoak diren eremuak), basoetako flora eta faunako aditu batek egon beharko du obran bertan, obra-zuzendaritzari edo obra-arduradunari aholkuak emateko.

– Obrak egin behar diren lekuetara sartzeko, lehendik dauden bideak erabiliko dira, ahal den neurrian. Trazadura berriko sarbideak eta lehendik zeuden sarbideak egokitzeko lanak, hala dagokionean, lur-mugimendua murriztuz eta lehen aipatutako eremu kalteberen gaineko eragina saihestuz egingo dira.

– Bisoi europarraren (Mustela lutreola), igarabaren (Lutra lutra), uhalde-enararen (Riparia riparia), ibai-kabuxaren (Salaria fluviatilis) eta mazkar arantzadunaren (Cobitis calderoni) kudeaketa-planen eremuan egitekoak diren jarduerak foru-organo eskumendunak ezarritako baldintzei jarraikiz gauzatuko dira. Organo horrek mugak ezar ditzake, bai lanak egiteko moduan, bai horiek egikaritzeko unean, betiere kontuan hartuta zein diren kontu handiagoz jardun beharreko aldiak espezie horien ziklo biologikoen barnean.

– Aireko linea elektriko berri osorako, ingurumen-dokumentuan zehaztuta dauden elektrokuzioaren eta talken aurkako neurriak (txoriak babesteko balizak) hartuko dira, hegaztien talka- eta elektrokuzio-arriskua murrizteko.

Ura eta lurzorua babesteko neurriak:

Ur-gaietan eskumena duen organoak xedatutakoa eragotzi gabe, babes- eta zuzenketa-neurri hauek hartu beharko dira jabari publiko hidraulikoan eta horren zortasun- eta zaintza-guneetan eragina duten obretarako:

– Oro har, eraikuntza-fasean, ahalik eta efluente kutsatzaile gutxien sortuko da, eta ahalik eta material xehe eta gai kutsatzaile gutxien isuriko da drainatze-sarera.

Ez da inolako isurketarik egingo ez jabari hidrauliko publikoan, ez eta haren babes-zortasunean ere, eta urek ez dute jasoko solido-arrasterik edo zuhaitz-ebaketen edo -inausketen hondarrik.

Materialak ibilguetara arrastan joan daitezkeela edo isurketa zehaztugabeak gerta daitezkeela aurreikusten den eremuetan, jalkinei eusteko hesiak jarriko dira.

Obrak hasi aurretik, obra-zuzendaritzak euste-hesi horien luzera, tipologia eta kokapen zehatza zehaztuko ditu, ingurumen-aholkularitzak txostena egin ondoren.

– Drainatze-sare naturaletik bereiziko dira obrako makinak gordetzeko azalera eta haiek mantentzeko tokia. Zolata iragazgaitzaz gain, efluenteak biltzeko sistema bat ere izango du olioek eta erregaiek lurzorua eta ura ez kutsatzeko. Erregaien zamalanak, olio-aldaketak eta lantegiko jarduerak ezin izango dira horretarako adierazitako eremuetatik kanpo egin.

– Hormigoi-upelak berariaz horretarako egokitutako eremuetan garbituko dira. Hormigoi-esnea ezingo da inola ere ibilgura isuri. Hormigoi-hondakinak kudeatzeko, 22/2011 Legea bete beharko da (uztailaren 28koa, hondakinei eta zoru kutsatuei buruzkoa).

– Hidrokarburoak xurgatzeko material espezifikoa jarri beharko da eskura obretan, ustekabeko isuri edo ihesen bat gertatuz gero berehala aplikatu ahal izateko.

– Obrak gauzatzean, lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak hartu dituzten leku gehiago aurkitzen badira, edo lurzorua kutsatzen duten substantziak daudela pentsatzeko arrazoi sendoak baldin badaude, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legean ezarritakoa bete beharko da.

Zarataren eta bibrazioen ondorioak gutxitzeko neurriak:

– Lanek dirauten artean, jardunbide operatibo egokien multzoa aplikatu beharko da, bereziki indusketa-, zamalan- eta garraio-lanetan, baita erabilitako makineriaren mantentze-lanetan eta zaraten eta bibrazioen murrizketan ere.

– Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obretan erabiliko diren makinak egokitu beharko dira aire zabalean erabiltzen diren makinen soinu-emisioei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokio, kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-emisioak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan eta arau osagarrietan ezarritakora.

Airearen kutsadura murrizteko neurriak:

– Airearen kutsadurari dagokionez, ahalegin handia egingo da ahalik eta hauts gutxien sor dadin. Materialak garraiatzean eta zamalanak egitean neurriak hartu beharko dira, atmosferara partikularik ez isurtzeko.

– Sarrerako bideak aldiro-aldiro garbituko dira, bai eta, atzemandako hauts-igorpenen arabera, ureztatuko ere. Sarbideak baldintza onenetan mantenduko dira une oro.

– Ez da hondarrik erreko, ezta beste inolako materialik ere.

Hondakinak kudeatzeko neurriak:

– Sortutako hondakinak Hondakin, Lur Kutsatu eta Berariazko Araudiei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean ezarritakoaren arabera kudeatuko dira, indusketetatik datozen hondakinak eta obra-lekuak prestatzeko lanetatik sortzen direnak barne, eta behar izanez gero, haien ezaugarriak adierazi beharko dira, zer izaera duten eta nora bidali behar diren zehazteko.

– Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinen sorreran prebentzioa sustatu behar da, edo, hala badagokio, uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz kudeatu behar dira, hau da: prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barne.

– Hondakinak kasu honetan baino ezingo dira deuseztatu: haiek teknikoki, ekonomikoki eta ingurumenaren ikuspegitik balorizatzea bideraezina dela behar bezala frogatzen bada.

– Espresuki debekatuta dago sortzen diren tipologia ezberdineko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin nahiz efluente batzuekin nahastea; hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta horiek bildu eta biltegiratzeko bide egokiak jarriko dira, nahasteak ekiditeko.

– Eraikuntzako eta eraispeneko jardueren ondorioz sortutako hondakinak Eraikuntzako eta eraispeneko hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzen dituen otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan eta Eraikuntzako eta eraispeneko hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzen dituen ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan aurreikusitakoa betez kudeatuko dira.

– Aipatutako ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuaren 4. artikuluaren arabera, eraikuntza- eta eraispen-hondakinen eta -materialen kudeaketa-azterketa bat gehitu beharko dio proiektuaren sustatzaileak eraikitze-proiektuari; azterketa horrek dekretu horren eranskinean ezarritako gutxieneko edukia izan beharko du.

– Halaber, otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan aurreikusitako eskakizunak betetzeaz gain, plan bat prestatuko du kontratistak, obrako eraikuntza- eta eraispen-lanetan sortzen diren hondakinekiko eta materialekiko betebeharrak nola konplituko dituen azaltzeko.

– Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak bereiziak izango dira, duten tipologia dela-eta isurketaren baten ondorioz nahastuz gero arriskutsuago bihurtu badaitezke edo kudeaketa zaildu badezakete. Eremu jakin bat egokituko da aldi batean hondakin arriskutsuak pilatzeko; besteak beste, olio-potoak, iragazkiak, olioak, pinturak eta abar. Gainera, hondakin inerteak biltzeko edukiontzi espezifikoak jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita.

Halaber, Hondakin Toxiko eta Arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Legea betearazteko Erregelamendua onartzen duen uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak bete beharko dituzte, eta itxita egon beharko dute kudeatzaileari eman arte, isurita edo lurrunduta gal ez daitezen.

– Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraikiz kudeatuko da sortzen den olio erabilia. Olio erabiliak, baimendutako kudeatzaile bati eman arte, estalpean utziko dira behar bezala etiketatutako depositu estankoetan; zola iragazgaitz baten gainean egon beharko dute, kubo txikietan edo ihesei eta isuriei eusteko sistemen barruan.

Uholde-arriskuarekin lotutako neurriak:

Proiektuari dagokion eremua 10 eta 100 urte arteko errepikatze-denborako uraldietarako uholde-arriskua duen eremuan dago.

– Organo eskudunak prozedura aplikagarrien esparruan ezarritako baldintzak alde batera utzi gabe, proiektuak bat etorri beharko du Ebroko Mugape Hidrografikoko Plan Hidrologikoaren araudian eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ibaiak eta Errekak Antolatzeko Lurralde Plan Sektorialaren E.2 apartatuko uholdeen aurkako babesari buruzko araudi espezifikoan ezarritakoarekin.

– Obrak egin bitartean, ez da pilatuko uraldietan urak eraman dezakeen materialik edo hondakinik.

Kultura-ondarea babesteko neurriak:

Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean xedatutakoari jarraituz, lurra mugitzeko obretan zehar arkeologia-izaerako aztarnarik aurkituz gero, berehala jakinaraziko zaio Arabako Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritza Nagusiari, behar diren neurriak har ditzan.

Paisaia babesteko eta ukitutako eremuak lehengoratzeko neurriak:

– Proiektua gauzatzean kaltetutako gune guztiak (aldi baterako pilaketa-eremuak, aldi baterako lurzoru-okupazioak, obra-eremuetarako sarbidea, eta abar). Landareztatzea, espezie autoktonoak sartuta, ahalik eta lasterren egingo da erosio-prozesuak eta ibilguetarako solido-arrasteak ekiditeko; horrela, habitat naturalak sortzen lagunduko da, eta, ahal dela, horiek inguruan dagoen landaredia naturalarekin lotuko dira.

– Lurrak mugitzerakoan, landare-lurra kenduko da eta bereizita pilatuko da, obrek eragindako inguruen lehengoratze- eta landareztatze-lanak erraztearren.

– Kanpoko landare-espezie inbaditzaileak bertan sartu eta hedatu ez daitezen hartu beharreko neurriak hartuko dira. Bereziki kontrolatu beharko da landare-estalkia lehengoratzeko erabiliko diren lurren jatorria, eta, ahal dela, ez da erabiliko horrelako espezieek kutsatuta egon daitekeen lurrik.

– Era berean, ahal den guztietan, espezie inbaditzaile horiek errotik kenduko dira jarduera-gunetik.

– Erabiltzen diren makina guztiek garbi egon beharko dute, lokatz- edo lur-arrastorik gabe, inguruan koka daitezkeen espezie inbaditzaileen propaguluak edo haziak hedatzeko arriskurik ez izateko.

Jardunbide egokien sistema bat hartzea:

Langileek jardunbide egokien sistema bat hartu beharko dute, helburu hauek, besteak beste, ahalik eta gehien bermatzeko:

– Obrak okupatzen dituen mugak kontrolatzea.

– Natura 2000 Sareko guneen (Ihuda eta Zadorra ibaiak), Batasunaren intereseko habitaten (ibaiertzeko landaredia) eta, ondorioz, intereseko faunaren habitaten gaineko eragina kontrolatzea.

– Hondakin-isurketarik ez egitea, eta olio-isurketen ondorioz edo lurra leku batetik bestera eramatea dela bide lurzorua eta ura ez kutsatzea.

– Proiektuak eragindako herriguneko biztanleei enbarazurik ez eragitea zarata eta hautsarekin.

Garbiketa eta obra-akabera.

Obra bukatu ondoren, garbiketa zorrotz bat egingo da; proiektuaren eraginpeko eremua batere obra-hondakinik gabe utzi beharko da, eta aldi baterako instalazio guztiak desegingo dira.

Ingurumen-aholkularitza.

– Obra amaitu arte eta horren berme-aldian zehar, obra-zuzendaritzak ingurumenaren, eta oro har, neurri babesle eta zuzentzaileen inguruan kualifikatutako aholkularitza izan beharko du. Obraren zuzendaritzak ebazpenik eman behar badu baldintza-agiriak horrelako gaien inguruan esleitzen dizkion eskumenak erabiliz, aholkulariek txosten bat egingo dute aurrez.

– Ingurumen-aholkularitzak, gainera, jardunbide egokien kontrola egingo du, obra gauzatzean; besteak beste, proiektuko ekintzen eragina egiaztatuko du, bereziki honako hauei dagokienez: makinen mugimenduak, hautsen eta zaraten sorrera, hondakin-kudeaketa eta natura-ondarearen babesa.

– Zuinketa eta obra egiteko fasean, eremu kalteberatan, hau da, Natura 2000 Sareko guneetan (Ihuda eta Zadorra ibaiak), Batasunaren intereseko habitatetan eta fauna mehatxatua duten eremuetan, flora eta faunako espezialista bat egon beharko da obran, obra-zuzendaritzari edo obra-arduradunari aholkularitza emateko.

Aurreko neurriez gain, horien eraginkortasuna egiaztatzeko, Ingurumena Zaintzeko Programa gauzatu beharko da, sustatzaileak proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazioan aurkeztutako dokumentazioan aurreikusitakoaren arabera; horretaz gain, jarraian zehazten diren kontrolak egin beharko dira.

Programa hori obra kontratatzeko baldintza-agirietan sartuta egon behar da, eta bete ahal izatea bermatuko duen aurrekontua izango du.

Organo substantiboak aurkeztutako dokumentazioan proposatutako Ingurumena Zaintzeko Programa alde batera utzi gabe, honako baldintza hauek hartu beharko dira kontuan:

– Obrak egin ahala sortutako gorabeheren erregistroa egin beharko da, bai eta neurri babesle eta zuzentzaileak zenbateraino bete diren jasotzeko erregistroa ere.

– Proiektua gauzatzean aldaketarik egin bada, aldaketa horiek xehetasunez adierazi beharko dira. Ingurumenean duten eraginaren ikuspegitik justifikatu behar dira aipatutako aldaketak. Horri dagokionez, obretan sortutako hondakinen ingurumen-jarraipenari buruzko txosten osoa egin beharko da, eta indarrean dagoen legediak hondakinen kontrolerako, jarraipenerako eta onarpenerako jasotzen dituen agiriak erantsi beharko dira txosten horretan.

– Obra amaitu ondoko bi urteetan, aldizkako jarraipena egingo zaio proiektuak eragindako eremuen lehengoratzeak izan duen arrakasta-mailari.

– Kontrolatuko diren parametroak eta parametro bakoitzerako erreferentziako balioak zehaztuko dira ingurumena zaintzeko programan, bai eta beste hauek ere: laginketarako eta analisirako metodologia; kontrol-puntuak non dauden kokatuta xehetasunezko kartografian; kontrol horien maiztasuna, eta guztia gauzatzeko aurrekontuaren xehetasunak.

– Kontrolen maiztasunak proposatutako neurrien eraginkortasuna bermatzea ahalbidetu beharko du.

– Gutxienez, honako jarraipen-txosten hauek egin beharko dira: txosten bat obrak amaitu ondoren, beste bat zaharberritzearen bermealdiaren amaieran (hau da, zaharberritzea egin eta bi urtera), eta linea elektrikoaren funtzionamenduaren lehen bi urteei dagozkien txostenak.


Azterketa dokumentala