Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

206. zk., 2022ko urriaren 27a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
4643

90/2022 EBAZPENA, urriaren 21ekoa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez xedatzen baita argitara ematea Euskal Herriko Unibertsitateak eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak unibertsitateko egresatuak lan-merkatuan sartzeari eta haien hezkuntza- eta enplegu-politikak garatzeari buruzko informazio-sistema bat garatzeko sinatutako lankidetza-hitzarmena aldatzeko eta luzatzeko eranskina.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak sinatu du hitzarmen hori aldatzeko eta luzatzeko eranskina, eta dagokion publizitatea emateko asmoz, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Unibertsitatearen eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren arteko lankidetza-hitzarmena aldatzeko eta luzatzeko eranskinaren testua. Lankidetza-hitzarmen horren xedea da unibertsitateko egresatuak lan-merkatuan sartzeari eta haien hezkuntza- eta enplegu-politikak garatzeari buruzko informazio-sistema bat garatzea. Eranskina ebazpen honen eranskin gisa agertzen da.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko urriaren 21a.

Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,

JON IÑAKI URBINA GARCÍA DE VICUÑA.

ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN URRIAREN 21EKO 90/2022 EBAZPENARENA
EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEAREN, HAREN GIZARTE KONTSEILUAREN ETA LANBIDE-EUSKAL ENPLEGU-ZERBITZUAREN ARTEKO LANKIDETZA-HITZARMENA ALDATZEKO ETA LUZATZEKO ERANSKINA. HITZARMENAREN XEDEA DA UNIBERTSITATEKO EGRESATUAK LAN-MERKATUAN SARTZEAK DITUEN EZAUGARRIEI BURUZKO INFORMAZIO-SISTEMA BAT GARATZEA ETA HAIEI BEGIRAKO HEZKUNTZA- ETA ENPLEGU-POLITIKAK GARATZEA

Vitoria-Gasteiz, 2022ko uztailaren 14a.

BILDU DIRA:

Batetik, Eva Ferreira García andrea, Euskal Herriko Unibertsitateko errektorea, unibertsitatearen izenean eta haren ordezkari gisa, horrela izendatu baita Lehendakariaren 2021eko urtarrilaren 19ko 10/2021 Dekretuaren bidez (2021eko urtarrilaren 25eko EHAAn argitaratuta, 17. zk.), eta Joseba Agustín Eizaguirre Agote jauna, EHUren Gizarte Kontseiluko presidentea.

Bestetik, Idoia Mendia Cueva andrea, Lanbide – Euskal Enplegu Zerbitzuko presidentea eta legezko ordezkaria, zerbitzuaren izenean eta haren ordezkari gisa jardunez Lanbide – Euskal Enplegu Zerbitzuaren Estatutuek 5. artikuluan ezarritakoa betez. Estatutuak maiatzaren 22ko 82/2012 Dekretuaren bidez onartu ziren.

Bi alderdiek, duten ordezkaritzaren arabera, hitzartzeko eta elkar behartzeko ahalmena onartu diote elkarri. Honako hau

AZALDU DUTE:

Lehenengoa.– 2018ko uztailaren 19an, bi alderdiek lankidetza-hitzarmena sinatu zuten, unibertsitateko egresatuak lan-merkatuan sartzeak dituen ezaugarriei buruzko informazio-sistema bat garatzeko eta haiei begirako hezkuntza- eta enplegu-politikak garatzeko. Hitzarmena 2018ko urriaren 30eko EHAAn argitaratu zen.

Hitzarmenaren xedea zen informazio-sistema bat ezartzea, inkestak oinarri hartuta horretarako, EHUko egresatuak lan-munduan txertatzeak eta lan-merkatura igarotzeak dituen ezaugarriak identifikatu ahal izateko eta haien kualifikaziorako eta enplegagarritasunerako hezkuntza- zein enplegu-politikak garatu ahal izateko.

Bigarrena.– Hitzarmenaren zortzigarren klausulan ezarritakoaren arabera, 2022ko uztailaren 19ra arte egongo da indarrean hitzarmena, baina urtez urtez luzatu ahal izango da, indarraldia amaitu aurreko edozein unetan, bi alderdiek hala adosten badute. Dena den, gehienez beste 4 urterako luzatu ahal izango da.

Bi erakundeek adostu dute hitzarmenaren edukiaren zati bat aldatu behar dela eta haren indarraldia beste lau urterako luzatuko dela.

Hori dela bide, bi alderdiek

ADOSTU DUTE:

Lehenengoa.– Hitzarmenaren edukia aldatzea.

1.– Egin beharreko jarduerei buruzko bigarren klausulan dagoen «Faseak eta epeak» ataleko 5. puntua aldatzen da. Honela idatzita geratuko da:

«Egindako lanari dagokion balioa eman behar zaio, eta azterlanaren emaitzak gizarteari helarazi behar zaizkio. Horretarako, honako jarduera hauek egingo dira:

Alderdiek konpromisoa hartu dute ez dituztela emaitzak zabalduko jaso dituztenetik hamabost egun igaro arte.

Datuak jaso ostean, Lanbidek ezarriko du nola zabaldu eta argitaratu behar diren emaitza nagusiak, aldez aurretik EHUrekin hitz eginda.

Txostenak jaso eta ezarritako epea igarotzen denean, alderdiek egokitzat jotzen dituzten bideak erabiliz zabaldu ahal izango dituzte emaitzak.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak azterlanaren datu esanguratsuenak aurkeztuko dizkio EHUren Gizarte Kontseiluari, hark hala eskatzen badio.»

2.– Hitzarmenaren iraupenari buruzko zortzigarren klausula aldatzen da. «Urtebetez» hitza kentzen da. Honela idatzita geratuko da:

«Hitzarmen honek 4 urteko indarraldia izango du, sinatzen den egunetik hasita.

Indarraldia amaitu aurreko edozein unetan, aldeek aho batez adostu ahalko dute hura luzatzea –gehienez beste lau urtez– edo hura azkentzea.»

Hitzarmeneko gainerako klausulak ez dira aldatzen.

Bigarrena.– Lau urtez luzatzea honako hau: lankidetza-hitzarmena, Euskal Herriko Unibertsitatearen, haren Gizarte Kontseiluaren eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren artekoa, unibertsitateko egresatuak lan-merkatuan sartzeak dituen ezaugarriei buruzko informazio-sistema bat garatzeko eta haiei begirako hezkuntza- eta enplegu-politikak garatzeko.

Luzapenak sinatzen den unetik aurrera izango ditu ondorioak.

Azaldutako guztiarekin ados daudela adierazteko, alderdiek eranskin honen hiru ale sinatu dituzte, ondorio bakarrerako, goiburuan adierazitako tokian eta egunean.

UPV/EHUren aldetik.

UPV/EHUko errektorea,

EVA FERREIRA GARCÍA.

EHUren Gizarte Kontseiluko presidentea,

JOSEBA AGUSTÍN EIZAGUIRRE AGOTE.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren aldetik.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko presidentea,

IDOIA MENDIA CUEVA.


Azterketa dokumentala