Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

206. zk., 2022ko urriaren 27a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LAN ETA ENPLEGU SAILA
4641

EBAZPENA, 2022ko urriaren 7koa, Laneko eta Gizarte Segurantzako zuzendariarena, zeinaren bidez xedatzen baita «Eusko Media, S.L.» enpresaren hitzarmen kolektiboa erregistratu, gorde eta argitaratzea.

AURREKARIAK

Lehenengoa.– 2022ko abuztuaren 2an, goian aipatutako hitzarmenari buruzko dokumentazioa aurkeztu zen REGCON erregistroan (hitzarmen hori negoziazio-mahaiko enpresa-ordezkaritzak eta langileen ordezkaritzak 2022ko uztailaren 15ean sinatu zuten).

Bigarrena.– Aipatutako hitzarmenaren sinatzaileek hitzarmena erregistratzeko, gordailutzeko eta argitaratzeko eskabidea izapidetu behar duen pertsona izendatu dute.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Lehenengoa.– Lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuak (Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituenak eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituenak) Lan eta Enplegu Saila sortu du 2. artikuluan, eta 6. artikuluan ezarritakoaren arabera, lan-arloko legeriak lan-harremanei buruz ezartzen duena egikaritu behar du, besteak beste. Bestalde, urtarrilaren 19ko 7/2021 Dekretuak (Lan eta Enplegu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzekoak, uztailaren 6ko 167/2021 Dekretuaren bidez aldatutakoa) 10.1.i) artikuluan Laneko eta Gizarte Segurantzako Zuzendaritzari esleitzen dio Euskal Autonomia Erkidegoko Lan Hitzarmen eta Akordio Kolektiboen Erregistro telematikoa zuzendu eta kudeatzeko egitekoa, erregistroa arautzen duen dekretuan eta indarrean dagoen gainerako araudian xedatutakoari jarraikiz.

Bigarrena.– Prozedura honetan aplikatu beharreko funtsezko araudia honako hauetan dago jasota: Lan-hitzarmenak eta -akordio kolektiboak erregistratu eta gordailutzeari buruzko maiatzaren 28ko 713/2010 Errege Dekretua, eta Euskal Autonomia Erkidegoko lan-hitzarmenak eta -akordio kolektiboak erregistratu eta gordailutzeari buruzko urtarrilaren 25eko 9/2011 Dekretua.

Hirugarrena.– Aurkeztutako akordioa inskriba daitekeen egintza bat da, maiatzaren 28ko 713/2010 Dekretuak (Lan-hitzarmenak eta -akordio kolektiboak erregistratu eta gordailutzeari buruzkoak) 2.1.a) artikuluan aurreikusitakoaren arabera. Halaber, urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuak (Langileen Estatutuaren Legearen testu bategina onartzen duenak) 85., 88., 89. eta 90. artikuluetan ezarritako betekizunen arabera sinatu da.

Inskripzio-eskaera eta erantsitako dokumentazioa aztertuta, egiaztatu da legez eskatzen diren baldintzak betetzen dituela eskaerak, eta, beraz, urtarrilaren 25eko 9/2011 Dekretuak (Euskal Autonomia Erkidegoko lan-hitzarmenak eta -akordio kolektiboak erregistratu eta gordailutzeari buruzkoak) 9. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Agindua ematea hitzarmena inskribatu eta gordailutu dadin Euskal Autonomia Erkidegoko Hitzarmen eta Akordio Kolektiboen Erregistroan, eta horren berri aldeei jakinaraztea.

Bigarrena.– Hitzarmena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko urriaren 7a.

Laneko eta Gizarte Segurantzako zuzendaria,

ANGEL LAPUENTE MONTORO.

EUSKO MEDIA SL-REN I. HITZARMEN KOLEKTIBOA
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.– Lurralde-eremua.

Hitzarmen hau Eusko Media, S.L. enpresaren lantoki guztietan aplikatuko da.

2. artikulua.– Langile-eremua.

Hitzarmen hau Eusko Media, S.L. enpresako langile guztiei aplikatuko zaie.

3. artikulua.– Indarraldia, luzapena eta metaketa.

1.– Akordio hau, EHAAn noiz argitaratzen den gorabehera, 2022ko urtarrilaren 1etik 2023ko abenduaren 31ra arte luzatuko da, alderdi ekonomikoak barne.

2.– Hitzarmenaren aplikazioa automatikoki luzatuko da, beste hitzarmen batek ordezten ez badu.

3.– Hitzarmenaren amaiera iragarritakoan, arauak eta horren ziozko baldintzek indarrean jarraituko dute, harik eta beste hitzarmen batek ordezkatu arte.

4. artikulua.– Amaiera iragartzea.

Hitzarmen honen amaiera indarraldiko azken hilabetea hasi baino lehen iragarri beharko da. Idatziz formalizatu beharko da, indarreko legediaren arabera.

Amaiera iragartzeko legitimatuta egongo dira negoziatzeko legitimazioa duten berberak, Langileen Estatutuaren 87. artikuluaren arabera.

Amaiera iragarri osteko negoziazioak bi aldeek adosten dutenean hasiko dira. Horretarako, negoziazio-mahaia eratu beharko da amaiera iragarri eta hurrengo hiru hilabeteetan.

5. artikulua.– Batzorde mistoa.

1.– Hitzarmenaren batzorde mistoa hitzarmena interpretatu, zaindu, bitartekaritzan aritu, adiskidetze-lana egin eta arbitratzeko organoa da.

2.– Batzorde mistoan lau kide daude: bi langileen legezko ordezkari legez eta bi enpresaren ordezkari legez. Horien artean bat izango da batzordeburua eta beste bat idazkaria, aldeek hala adostuta.

Batzorde mistoa bildutakoan ez bada aztergai duen puntuari buruzko adostasunik lortzen, dagokion jurisdikzio-bidera jo ahalko da.

3.– Hitzarmenaren batzorde mistoaren egiteko espezifikoak honako hauek dira:

a) Hitzarmenaren klausulak interpretatzea.

b) Aldeek planteatzen dituzten arazoak edo gaiak edo testuan aurreikusten diren kasuak ebaztea.

c) Hitzartutakoa betetzen dela zaintzea.

d) Gatazka kolektiboetan esku hartzea.

Ondore horietarako, Batzordeak, edozein bitartekoren bidez, lantokiren batean gatazka kolektibo bat sortu dela jakiten badu, bitartekaritza- eta adiskidetze-lanak egingo ditu eta, hala badagokio, baita arbitraje-lanak ere.

4.– Batzordearen erabakiak gehiengo sinplez hartuko dira. Erabakiak baliagarriak izateko, beharrezkoa izango da bi aldeak ordezkatuta egotea eta horietako gutxienez erdia eta batzordeburua presente egotea.

5.– Batzorde mistoaren deialdia batzordeburuak egingo du, egokitzat jotzen duenean edo aldeetako edozeinek hala eskatzen duenean.

6.– Bi aldeek hitz ematen dute solidarioki onartuko dituztela batzordeak hitzarmena interpretatzean behar bezala hartzen dituen erabakiak.

6. artikulua.– Hitzartutako baldintzak ez aplikatzeko prozedura.

Hitzarmen kolektibo honek bere aplikazio-eremuan dauden enpresa eta langile guztiak behartzen ditu, indarrean dagoen denbora guztian. Hala ere, Langileen Estatutuaren 82.3 artikuluan ezarritako prozedura aplikatuko da hitzarmen honetan itundutako baldintzak ez aplikatzeko.

Kontsulten aldian desadostasunik badago, aurreko artikuluan araututako Batzorde Mistora igorriko dute aldeek desadostasuna. Azken horrek gehienez ere hamabost eguneko epea edukiko du bere iritzia emateko.

7. artikulua.– Zuzenbide osagarria.

Hitzarmen honetan aurreikusi ez den orori dagokionez, soinuaren irrati-difusio komertzialaren sektoreko estatuko hitzarmen kolektiboak eta gainerako legezko edo erregelamenduzko arauek xedatutakoa beteko da.

II. KAPITULUA
SAILKAPEN PROFESIONALA ETA TALDE PROFESIONALAK

8. artikulua.– Jarduera-arloak.

a) Edukien arloa. Arlo honen berezko eginkizuna edukiak sortzea da, edozein euskarritan hedatzeko, hala nola, informazio-, kirol- eta entretenimendu-guneetan, etab.

b) Arlo teknikoa (soinua/sistemak/informatika). Arlo honetako berezko funtzioak dira soinua (teknikoa edo informatikoa) ekoiztea eta igortzea funtsezko eginkizun duten funtzio teknikoak. Horretarako, baliabide teknologikoak eta erakundearen helburuak garatzea ahalbidetuko duten ezagutzak erabiliko dira.

c) Negozio-arloa (komertziala eta marketina). Arlo honen berezko funtzioak dira enpresaren salmentekin eta haren produktuen merkaturatzearekin lotutakoak. Produktu horiek plataforma anitzekoak eta formatu anitzekoak dira. Marka garatzea eta audientzia lortzen laguntzea ere bada arlo honen eginkizuna.

d) Administrazio-arloa. Arlo honen berezko funtzioak dira enpresaren kontrolarekin eta kudeaketa ekonomiko eta administratiboaren eta giza baliabideen planteamenduekin lotutakoak.

9. artikulua.– Eginkizunen definizioa.

a) Zuzendariak.

Atal desberdinetako lanak antolatu, koordinatu, planifikatu eta ikuskatzea, enpresaren jardun-arlo guztietan.

b) Buruak, arloko arduradunak.

Enpresako jarduera-arlo bakoitzeko langile guztien zereginak integratu, antolatu eta gainbegiratzea. Horien gaineko ardura goragoko taldeko langileen erantzukizuna izango da.

Ustiapen-arloko giza baliabideak eta baliabide teknikoak koordinatzea eta gainbegiratzea, produkzio-beharrei erantzuteko, behar diren laguntza teknikoetan funtzionamendu egokia eta jarraitutasuna zainduz.

Frekuentzia altu eta baxuko ekipamenduak ustiatu eta mantentzea.

Idatzizko eta/edo ahozko, edo informatikako (digitaleko) irrati-espazioak eta espazio digitalak gainbegiratzea eta kontrolatzea.

Administrazio-, ekonomia- edo merkataritza-politikak gainbegiratzea eta egikaritzea.

Eduki eta alderdi teknikoak egikaritu eta kontrolatzea.

c) Edukia (idazketa/lokuzioa/digitala/multiplataforma).

Funtsean intelektuala den lan bat egitean dautzan idazketa-lana gauzatzea, edozein prozedura tekniko edo informatikoren bidez eta enpresaren plataformen bidez (multiplataforma).

Informazioa editatu, itzuli eta berrikustea, multiplataformara igortzeko. Informazioa zabaltzea, dela landutako materialak editatuz eta egokituz, dela baliabide teknologikoen, ikus-entzunezkoen eta/edo informatikoen bidez. Dokumentazioa hautatu, sailkatu, antolatu kontserbatu eta zabaltzea, edozein euskarritan.

Programak, albistegiak eta iragarkiak egitea eta lokuzioko lanak gauzatzea. Irrati-espazioak prestatu eta garatzea. Autokontroleko edozein motatako irratsaioak sortu, egin eta aurkeztea.

Kazetaritza digitalaren zereginak garatzea, alderdi guztietan: erredakziokoak, ikus-entzunezkoak, grafikoak, etab.

d) Arlo teknikoa (soinua/sistemak/informatika).

Kualifikazio-maila berezia eskatzen duten makinak erabiltzeko, mantentzeko eta konpontzeko ezagutza osoak eta gaitasun espezifikoa behar dituzten lanak gauzatzea, baita produkzioko zein kudeaketako tresna informatikoetarako ere****. Frekuentzia txikiko ekipoak maneiatzea, bai zuzenean emititzeko, bai grabatuak egiteko.

Emisioa etengabe kontrolatzea.

Emisioaren kalitate-parametroak egunero berrikustea, kanal guztien bidez. Edozein kanalen bidez gerta daitezkeen matxuren edo emisio-gabezien berri ematea, eta, aldez aurretik, oinarrizko parametroak berrikustea.

Publizitate- edo eduki-testuen edukiak muntatzea eta ahotsa grabatzea (eduki- edo negozio-arloak adierazita eta gainbegiratuta).

e) Negozio-arloa (komertziala/negozioa).

Salmentako eta merkataritza-sustapeneko zereginak gauzatzea, erantzukizun zuzenik gabe eta betiere arduradunak antolatutako estrategiak kontuan hartuta. Kontratatzea eta salmentak kobratzea. Eskariak kudeatu eta kontrolatzea.

Espazioak, programa bereziak, merkaturatutako iragarkiak eta, oro har, enpresaren portfolio komertzialeko edozein produktu ekoiztea.

Iragarki eta espazio komertzialen lokuzioaz arduratzea.

f) Administrazioa.

Kobrantzak eta ordainketak kontrolatzeko, fakturak jaulkitzeko, estatistikak eta fakturazio-koadroa egiteko, korrespondentzia administratzeko eta eskaerak kudeatzeko lanak garatzea, baita bezeroei alta emanda ere.

Negozio-arloaren eta kontabilitate-zatiaren kudeaketan laguntza- edo babes-lanak egitea, arlo horretako arduradunen jarraibideak kontuan hartuta.

Eguneroko publizitate-jarraibidearen trafiko eta antolamenduaz arduratzea, estaldura-eremuetako edozeinetan.

Erradiazioa kontrolatzea (emisioen parteak).

III. KAPITULUA
OPORRAK ETA APARTEKO ORDUAK

10. artikulua.– Oporrak.

Urteko oporrak 24 lanegun izango dira. Ahal dela, uztaila eta abuztua bitartean hartuko dira (ekoizpen txikiagoko uneak direnez gero), ahalik eta multzokatuen, eta, nolanahi ere, urte naturalaren barruan.

11. artikulua.– Lan egindako jaiegunak.

Agintaritzak argitaratutako urteko egutegian gorriz markatutako jaiegunetan lan egiten bada, soldatako egun oso batekin eta atsedeneko beste egun batekin konpentsatuko da. Konpentsazio hori gorriz markatutako jaiegun horretako lanaldi osorako izango da. Proportzionala izango da denbora laburragoa bada, baina inoiz ez lanaldiaren % 50 baino gutxiago (4 ordu), bai soldataren proportzioan, bai atseden-orduen proportzioan. Lan horiek enpresa-Zuzendaritzak esleituko ditu eta langileak onartu.

IV. KAPITULUA
ORDAIN-ARAUBIDEA

12. artikulua.– Soldata-egitura.

Hitzarmen kolektibo honen eremu pertsonalean sartzen diren langileen ordainsariak honako hauek osatuko dituzte: soinuaren irrati-difusio komertzialaren sektoreko estatuko hitzarmen kolektiboan definitutako taldeko gutxieneko oinarrizko soldatak eta hitzarmen kolektibo honetan eta aipatutako estatuko hitzarmenean arautzen diren osagarriek.

Soinuaren irrati-difusio komertzialaren sektoreko estatuko hitzarmen kolektiboan ezarritako oinarrizko soldatak baino handiagoak jasotzen dituzten langileek beren kategoria gainditzen duen zenbatekoa jasoko dute «sektoreko berariazko» osagarri pertsonal baten bidez. Osagarri hori ez da konpentsatuko, ezta xurgatuko ere, eta urtarrilaren 1ean eguneratuko da lanbide-kategoria bakoitzeko oinarrizko soldataren ehuneko berean.

13. artikulua.– Gaueko lana.

Gaueko lana, hau da, 22:00etatik 06:00etara egiten dena, lehen definitutako orduko soldataren balioari % 20 aplikatuta ordainduko da, eta ateratzen den zenbatekoa gaueko ordutegiko ordu-kopuruaz biderkatuko da, kontratazioa gaueko ordutegian edo lanaldiaren barruan lan egiteko denean izan ezik.

14. artikulua.– Kilometroak.

Joan-etorrietarako langileak bere ibilgailua erabiltzen badu, enpresak 0,27 euro ordainduko ditu egindako kilometro bakoitzeko.

15. artikulua.– Geroa BGAE.

Geroa BGAEra ekarpenak jasotzen ari diren langileek oraingoen baldintza berberetan jasotzen jarraituko dute.

V. KAPITULUA
LIZENTZIAK ETA ESZEDENTZIAK

16. artikulua.– Ordaindutako lizentziak.

Hitzarmen sektorialaren 33. artikuluan jasotako senideen heriotzagatiko edo gaixotasunagatiko ordaindutako lizentzien ondorioetarako, ohiko bizilekutik helmugako lekura 200 km baino gehiagoko bidaia dakartela ulertuko da.

17. artikulua.– Soldatarik gabeko baimenak.

Enpresak, hitzarmen sektorialean ezarritako baimenak alde batera utzita, aparteko inguruabar pertsonalengatik sortzen diren beharrizanei erantzungo die. Beharrizan horiek, aukeran, pertsonalki azalduko zaizkio enpresako Zuzendaritzari, aintzat har ditzan. Edonola ere, enpresak izango du azken hitza.

I. ERANSKINA
ATZERAPENAK

Soinuaren irrati-difusio komertzialaren sektoreko estatuko hitzarmen kolektiboak ezarritakoak baino soldata txikiagoak jasotzen ari diren langileek hitzarmen honen indarraldiari dagozkion atzeratutako zenbatekoak jasoko dituzte. Enpresak kopuru horiek ordainduko ditu 2022. urtea amaitu baino lehen, hileko sei ordainketaren bidez.

II. ERANSKINA
ALDAGAI KOMERTZIALA

Negozio-arloan salmenta-indar (komertzial) gisa sartuta dauden pertsonek, urteko ordainsari bermatuaz gain, helburuak gainditzeagatiko ordainsari aldakorra jasoko dute. Helburu horiek enpresak zehaztuko ditu, eta langileen legezko ordezkariei jakinaraziko dizkie aplikatu aurreko urteko azaroaren 30a baino lehen. Aldagai hori urtero proposatutako gutxieneko helburuen gainditze-mailaren araberakoa izango da; gutxienez, 80.000 euro urtean. Salmenten gutxieneko helburu hori hilero periodifikatuko dute langile komertzialak eta enpresak urte naturalean zehar, eta horrek aldagaia aplikatzeko ere balioko du, helburua gaindituz gero.

Faktura jaulki eta 9 hilabeteko epean kobratu ez diren salmentek, komisionatzeko gezurrezko salmentaren praxi txarrak saihesteko, edo kobrantzaren kudeaketaren kontrola zaintzeko, eta enpresari eta erakunde osoari eragiten dien kalte larria kontuan hartuta, zigorra ekarriko dute.

III. ERANSKINA
ENPRESAREN URTEKO HELBURUEN ARABERAKO ALDAGAIA

Enpresak entzunaldiaren eta publizitate-salmenta komertzialen helburu batzuk ezarriko ditu, eta, helburu horiek lortuz gero, aparteko ordainsaria emango die langile guztiei, merkataritza-arloko langileei izan ezik. Helburu horiek, bai audientziarenak, bai publizitatearen salmenta komertzialenak, anbizio handikoak eta objektiboak izango dira, langileen eta enpresaren hobekuntza eta hazkundea lortzeko. Halaber, langileen legezko ordezkariei jakinaraziko zaizkie.


Azterketa dokumentala