Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

206. zk., 2022ko urriaren 27a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILERIA

Oposaketak eta lehiaketak

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
4630

AGINDUA, 2022ko urriaren 25ekoa, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuarena, zeinaren bidez Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta haren organismo autonomoetako kidego eta eskaletan enplegua finkatzeko prozesu bereziak eta enplegua finkatzeko salbuespenezko prozesuak arautuko dituzten oinarri orokorrak onartzen dituen 2022ko maiatzaren 18ko Agindua aldatzen baita, merezimenduak alegatzeko epeari dagokionez.

Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuaren 2022ko maiatzaren 18ko Aginduaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean eta haren organismo autonomoetan karrerako funtzionario gisa sartzeko enplegua finkatzeko hautaketa-prozesu berezien eta salbuespenezkoen oinarri orokorrak onartu ziren.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta haren organismo autonomoetako kidego eta eskaletan enplegua finkatzeko prozesuen oinarri orokorrek ezarri zuten merezimenduak alegatzeko epea 10 egun baliodunekoa izango zela.

Egiaztatu da hautaketa-prozesuetako parte-hartzaile askok hitzordua eskatu dutela IVAPeko bulegoetan, kontsultak egiteko eta laguntza jasotzeko, eta Administrazioak ahalik eta zerbitzurik onena eman behar du.

Hautaketa-prozesuetan nagusi izan behar duen berdintasun-printzipioa laguntza eskatzen duten guztien arreta presentzialean ere bete dadin, eta laguntza hori behar den denboraz egin dadin, nahitaezkoa da hautaketa-prozesuen oinarri orokorretako aurreikuspenak aldatzea, merezimenduak alegatzeko epea luzeagoa izateko.

Horregatik guztiagatik, hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Aldatzea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta haren organismo autonomoetako kidego eta eskaletan enplegua finkatzeko prozesu bereziak eta enplegua finkatzeko salbuespenezko prozesuak arautuko dituzten oinarri orokorrak onartzen dituen 2022ko maiatzaren 18ko Agindua, merezimenduak alegatzeko epeari dagokionez, eta idazketa berria ematea enplegua finkatzeko prozesu berezien arau espezifikoen 24. apartatuaren bigarren paragrafoari, eta honela uztea:

«Oposizio-fasea gainditu dutenen behin betiko zerrenda argitaratzearekin batera, 20 egun balioduneko epea emango da merezimenduak alegatzeko, 9. oinarrian xedatutakoari jarraituz».

2. artikulua.– Aldatzea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta haren organismo autonomoetako kidego eta eskaletan enplegua finkatzeko prozesu bereziak eta enplegua finkatzeko salbuespenezko prozesuak arautuko dituzten oinarri orokorrak onartzen dituen 2022ko maiatzaren 18ko Agindua, merezimenduak alegatzeko epeari dagokionez, eta idazketa berria ematea enplegua finkatzeko salbuespenezko prozesuen arau espezifikoen 27. apartatuaren bigarren paragrafoari, eta honela uztea:

«Onartutakoen behin betiko zerrenda argitaratzearekin batera, 20 egun balioduneko epea emango da merezimenduak alegatzeko 9. oinarrian xedatutakoaren arabera».

AZKEN XEDAPENA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez diezaiokete interesdunek Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete zuzenean, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, hala xedatuta baitago Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean eta Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legean.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko urriaren 25a.

Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua,

OLATZ GARAMENDI LANDA.


Azterketa dokumentala