Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

205. zk., 2022ko urriaren 26a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
BERDINTASUN, JUSTIZIA ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
4598

119/2022 DEKRETUA, urriaren 11koa, Asociación Guztiok Lagun-Integración Social izeneko erakundea onura publikokoa dela aitortzeko dena.

Euskadiko Elkarteei buruzko ekainaren 22ko 7/2007 Legearen 42. artikuluak dioenez, Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrean inskribatuta dauden elkarteak onura publikokotzat aitortu ahal izango dira, baldin eta elkarteok, beren jardueren bitartez, interes orokorra edo guztien ongia lortzen laguntzen badute eta, horretarako, eskuzabaltasun-, altruismo-, elkartasun- eta aniztasun-balioak nabarmen gauzatzen badituzte.

Lege horren babesean, Asociación Guztiok Lagun-Integración Social izeneko elkarteak aitormen hori eman dakiola eskatu du, bere ustez onura publikoko erakundea dela aitortzea merezi duelako, gizarteratzen zaila den, baztertuta geratzeko arriskuan dagoen edo premia edo kalteberatasun handiko egoeran dagoen pertsona orori harrera eta arreta emateko egiten dituen jarduerengatik.

Asociación Guztiok Lagun-Integración Social izeneko erakundea Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrean inskribatuta dago (zenbakia: AS/B/12971/2007), Justizia eta Herri Administrazio Saileko Administrazio Erregistroen eta Toki Araubidearen Zuzendaritzaren 2007ko urtarrilaren 17ko Ebazpenari jarraikiz.

Euskal Autonomia Erkidegoan garatzen ditu bere eginkizunak.

Helburu sozialak lortzeko, elkarteak gizartean interes orokorrekotzat jotzen diren jarduerak egiten ditu, gizarteratzen zailak diren, baztertuta geratzeko arriskuan dauden edo premia larrian dauden pertsonei harrera egiteko; babes osoa eta oinarrizko premien estaldura ematen die egoera oso ahulean edo arrisku sozialean dauden familiei, larrialdietarako laguntzak barne; eta laguntza soziolaborala eta psikologikoa ematen die etorkinei. Helburu horiek lortzeko, elkarteak gizartean interes orokorrekotzat jotzen diren jarduerak egiten ditu.

Ekainaren 22ko 7/2007 Legearen 45.2 artikuluak xedatutakoarekin bat eginez, onura publikoa Gobernu Kontseiluak emandako dekretu bidez aitortuko da, gaiaren arabera egoki diren sailek proposamena egin ostean. Agindu hori betez, dagokion espedientea izapidetu da, eta sailek eta erakundeek egindako txostenak erantsi zaizkio espedienteari.

Hori dela bide, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak eta Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak proposatuta, interesa duten entitateek eta erakundeek egindako txostenak aztertu dira, eta, Gobernu Kontseiluak 2022ko urriaren 11ko bileran eztabaidatu eta onartu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

Artikulu bakarra.– Asociación Guztiok Lagun-Integración Social izeneko erakundea onura publikokoa dela aitortzen da, bere jardueren bidez interes orokorraren alde egiten duela uste baita. Elkarte hori Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrean inskribatuta dago, AS/B/12971/2007 zenbakiarekin.

Horrekin batera, aitorpen honi dagozkion eskubideak aitortzen zaizkio, hain zuzen ere, Euskadiko Elkarteei buruzko ekainaren 22ko 7/2007 Legearen 43. artikuluan xedatutakoak.

Vitoria-Gasteizen, 2022ko urriaren 11n.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua,

OLATZ GARAMENDI LANDA.

Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua,

BEATRIZ ARTOLAZABAL ALBENIZ.


Azterketa dokumentala