Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

202. zk., 2022ko urriaren 21a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
4544

EBAZPENA, 2022ko irailaren 5ekoa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez ematen baita Derioko (Bizkaia) Zeroetxe plazako 5. zenbakiko lurzatiaren erabilera aldatzeko eta antolamendu xehatua egiteko Plan Bereziaren ingurumen-txosten estrategikoa.

AURREKARIAK

2022ko uztailaren 8an, Derioko Udalak Derioko (Bizkaia) Zeroetxe plazako 5. zenbakiko lurzatiaren erabilera aldatzeko eta antolamendu xehatua egiteko Plan Bereziaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura hasteko eskabidea egin zion Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzari. Eskabidearekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu ziren, hala nola Planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan xedatutako edukia zuena.

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikulua aplikatuta, 2022ko uztailaren 27an, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea egin zien eragindako administrazio publikoei eta interesdunei. Jasotako erantzunen emaitzak espedientean bildu dira. Era berean, Derioko Udalari jakinarazi zion hasiera eman ziola prozedurari.

Halaber, espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, interesa zuen edonork izan zezan ingurumenaren arloan egoki jotzen zituen oharrak egiteko aukera.

Erantzuteko legezko epea amaituta, eta espedientean jasotako dokumentazio teknikoa aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-txosten estrategikoa egiteko behar beste judizio-elementu, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikuluari jarraikiz.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluan xedatutakoaren arabera, ingurumen-ebaluazioko prozeduraren mende jarriko dira, nahitaez, ingurumenean eragin esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuak, eta haien aldaketak eta berrikuspenak, ingurumenaren babes-maila handia bermatzeko eta garapen jasangarria sustatzeko asmoz.

Derioko Zeroetxe plazako 5. zenbakiko lurzatiaren erabilera aldatzeko eta antolamendu xehatua egiteko Plan Berezia (aurrerantzean, Plana) abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 72.2 artikuluaren kasuetan sartzen da; bertan ezartzen da zein planek eta programak pasatu behar duten ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo, bestela, planaren edo programaren gaineko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharra, hark ingurumenerako eragin nabarmenak ekar ditzakeelako.

Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikaturako prozedura 75. artikuluan arautzen da, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.C eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

Planaren dokumentazio teknikoa aztertu ondoren, eta kontuan hartuta ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak, berau baita organo eskuduna, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren arabera. Txosten horretan, Planak ingurumenean ondorio adierazgarririk izan dezakeen ala ez aztertzen da, eta, ondorioz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen, edo, bete behar ez badu, Plana garatzeko zer baldintza ezarri behar diren ingurumena behar bezala babestearren.

Xedapen hauek hartu dira kontuan: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Ingurumen-txosten estrategikoa egitea Derioko Zeroetxe plazako 5. zenbakiko lurzatiaren erabilera aldatzeko eta antolamendu xehatua egiteko Plan Bereziari buruz, jarraian zehazten den moduan:

A) Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

Plan berezi honen helburua da Derioko udalerriko Zeroetxe plazako 5. zenbakian dagoen lurzatiaren erabilera espezifikoa aldatzea eta hirigintza-parametro xehatuak finkatzea, osasun mentaleko zainketa-zentro bat irekitzearren.

Plan Bereziak ez dakar aldaketarik lurzoruaren sailkapenean, urbanizaezina izaten jarraituko baitu, ez eta haren kalifikazioan ere (Komunitate-Ekipamenduko Sistema Orokorra); erabilera elkartua baino ez da aldatuko: egoitza komunitario izatetik osasun mentaleko zainketa-zentro izatera igaroko da.

Erabilera berri hori gaur egungo bolumen eraikien barruan garatuko da, eraikigarritasuna, okupazioa (eraikuntza une honetan aplikatzekoak diren eraikuntza-arauetara eta sektoreko araudira egokitzeko % 2ko tarte txiki bat izan ezik) edo altuerak handitzeko asmorik gabe.

Gaur egungo bi eraikinen kontserbazio-egoera, oro har, oso egokia da, eta haien egitura eta barne-banaketa direla eta erabat aproposak dira ezarri nahi den erabilera berrirako; hala ere, beharrezko erreformak egin beharko dira bertan, bai barrualdean bai kanpoaldean, indarrean dauden arauetara egokitzeko.

Jarduketak ez du beharrezkotzat jotzen sarbide edo zerbitzu-azpiegitura berririk. Plana eraikuntza-proiektu baten eta urbanizazio-obra osagarrien bidez garatuko da.

B) Proposatutako Planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.3 artikuluarekin bat etorriz, lege horren II.C eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira; hain zuzen ere, Plana ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren mendean jarri behar den ala ez zehazteko.

1.– Planaren ezaugarriak, bereziki alderdi hauek aintzat hartuta:

a) Planak zenbateraino ezartzen duen proiektuetarako esparrua: aurkeztutako agirien arabera, Planak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapen, ezaugarri, neurri edo funtzionamenduari dagokienez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legeetan zerrendatutako kategoriaren batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.

b) Planak zer neurritan eragiten dien beste plan edo programa batzuei, hierarkizatuta dauden horiek barne: Plan Bereziak ez dakar aldaketarik lurzoruaren sailkapenean, ez eta kalifikazioan ere; lotutako erabilera baino ez du aldatuko, egoitza komunitario izatetik osasun mentaleko zainketa-zentro izatera igaroko baita. Erabilera berri hori gaur egungo bolumen eraikien barruan garatuko da, eraikigarritasuna edo altuerak handitu gabe. Okupazioari dagokionez, % 2 baino ez da handituko, alegia, tarte txiki hori ezarri da eraikinak une honetan aplikatzekoak zaizkion eraikuntza-arauetara eta sektoreko araudira egokitzeko. Planaren ezaugarriak kontuan hartuta, hark ez du beste plan edo programa batzuetan ingurumen-eragin nabarmenik izango. Ez da aurkitu bateraezintasunik hierarkian gorago dagoen plangintzarekin.

c) Plana egokia ote den ingurumen-arloan bereziki garapen jasangarria sustatzeko kontuan hartu behar diren alderdiak barnean hartzeko: Plana egokia da garapen jasangarria sustatzeko kontuan hartu behar diren alderdiak barnean hartzeko. Hain zuzen ere, energia-aurrezpena eta -efizientzia bultzatzeko neurriak sar daitezke planean.

d) Planari loturiko ingurumen-arazo esanguratsuak: Plana exekutatzeak ez du ingurumen-arazo esanguratsurik eragingo, baldin eta afektazio-eremuan egin behar diren esku-hartzeak eta jarduketak gauzatzen badira, besteak beste, segurtasunari eta osasunari, ingurumenari, hondakinen kudeaketari, lurzoru kutsatuei, kutsadura akustikoari eta kultura-ondarearen babesari dagokienez indarrean dagoen araudia betez.

e) Era berean, Plana egokitzat jotzen da ingurumen-arloko Europar Batasuneko edo Espainiako legeria txertatzeko.

2.– Ondorioen eta eragina jasan dezakeen eremuaren ezaugarriak:

Plan Bereziaren aplikazio-eremua Derioko udalerriaren kanpoko ingurabidean (elizatea) dagoen lurzati bat da, zehazki, Zeroetxe plazako 5. zenbakian. 8.246 m2-ko lurzatia da, eraikita dagoena. Eraikitako 5.785 m2-ko bolumen eraikia du gaur egun. Lurzatiak nahiko aldapa handia du hegoalde eta mendebalderantz, eta eraikina haren goi-bornean dago. Eraikinerako ibilgailuen sarbideak bi zatitan banatzen du lurzatia; eraikitako eremua iparraldean geratzen da, eta gainerakoa, berriz, hegoaldean, espazio libre gisa.

Planaren eremua ez dator bat babestutako inolako lekurekin, ez eta hezegune, natura- eta geologia-intereseko bestelako gune edo EAEko korridore ekologikoen sareko elementuekin.

Inbentarioetan sartutako ondare historiko-kulturaleko ezein elementurik ez dagoela egiaztatu da.

Untza erreka (Asua ibaiaren adarra) planaren eremutik 70 m ingurura igarotzen da, nekazaritza-lurzati batek bereizita. Landarediari dagokionez, aztergai den lurzatian zuhaitz- eta zuhaixka-landaredia dago, eraikinak inguratzen dituena; aurkeztutako dokumentazioaren arabera, haritzak nabarmendu behar dira.

Bestalde, faunari dagokionez, eremuan ez dago Fauna Espezie Mehatxatuen Euskadiko Zerrendan sartutako espezierik. Untza erreka, eremutik igarotzen den zatian, «hobetu beharreko eremu» gisa katalogatuta dago bisoi europarraren (Mustela lutreola) banaketa potentzialerako –espezie hori galtzeko arriskuan dago, eta Bizkaiko Lurralde Historikorako kudeaketa-plan bat du (118/2006 Dekretua, ekainaren 19koa)–, baina aztergai dagoen eremutik nahiko urrun dago.

Ingurumen-arriskuei dagokienez, akuiferoen kutsadurarekiko oso kalteberatasun txikia du eremuak, ez du uholde-arriskurik, eta ez dago jasota lurzorua kutsa dezaketen jarduerak dituzten edo izan dituzten jarduerak edo instalazioak dituzten lurzoruen inbentarioan sartutako lurzatirik.

Egoera akustikoari dagokionez, azterketa akustiko bat aurkeztu da –I. eranskina–; eremuak eguneko 3 aldietan jasaten dituen kanpoko zarataren maila akustikoak erakusten ditu analisi horrek, Derioko udalerriko zarata-mapan oinarrituta. Azterlan horren arabera, soinu-kutsaduraren iturri nagusiak Bilboko aireportua eta BI-3715 errepidea dira, eta planaren xede den lurzatia Loiuko aireportuko zortasun aeronautiko eta erradioelektrikoko eremuan eta BI-3715 errepidearen zortasun akustikoko eremuan dago.

Plana garatzearen ondorioz sor daitezkeen ingurumen-ondorioen balorazioa, bestalde, indarrean dagoen plangintzan aurreikusitako egoerarekin alderatuta egin behar da. Lehenago adierazi den bezala, plan honek erabilera aldatu baino ez du egiten, egoitza komunitario izatetik osasun mentaleko zainketa-zentro izatera igaroko baita. Halaber, antolamendu xehatua finkatzen du, eta horrek alderdi xume batzuk baino ez ditu aldatzen egungo antolamenduan. Eraikinaren edukitzailea baliatu nahi da, ia aldaketa aipagarririk egin gabe, egungo bolumen, altuera eta azalerei eutsiz. Planak ez dakar jada ezarrita dagoen eraikigarritasuna handitzea.

Azaldutakoa aintzat hartuta, Plana garatzearen ondorio nagusiak lehengo eraikinak egokitzeko beharrezkoak diren barne- eta kanpo-eraberritzeko obrei lotuta daude. Jarduketa horien ondorioz, aldi baterako eta leku jakinetan, honako hauek sortuko dira: hondakinak, makinen joan-etorriak, ustekabeko isurketen ondoriozko kalteak lurzoruetan, isuri atmosferiko eta akustikoek eragindako eragozpenak, baliabideen kontsumoa, etab.

Erabilera berria aurreko erabileraren antzekoa denez eta eraikigarritasuna handitzea proposatzen ez denez, ustiapen-fasean ez da espero erabiltzaile kopurua nabarmen handituko denik, eta, ondorioz, ez da espero aurreikus daitezkeen kontsumoen edo sortutako hondakinen kopurua handitzerik.

Zaratari dagokionez, ez da espero eremuaren egoera akustikoa aldatuko denik Plana garatzearen ondorioz. Nolanahi ere, zehaztutako erabilerarako ezarritako kalitate akustikoko helburuak bete beharko dira, EAEko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren arabera.

Eremuaren ezaugarriak eta proposatutako jarduketak aintzat hartuta, eta betiere indarrean dagoen legeria betetzen bada, gehienbat natura- eta kultura-ondareari, paisaiari, zaratari, hondakinei eta isurketei buruzkoa, ondorioztatu da eraginak txikiak izango direla.

Hori dela eta, ingurumen-dokumentu estrategikoak planteatzen dituen neurri zuzentzaileak eta jasangarritasun-neurriak aplikatuta, eta aurrerago zehazten diren prebentzio-, babes- eta zuzenketa-neurriak ere aplikatuta, ez da espero jarduketek ingurumenean inpaktu adierazgarririk izango dutenik, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean aurreikusitakoari jarraikiz, baldin eta eragin-eremuan egiten diren esku-hartzeak eta jarduketak segurtasunari eta osasunari, ingurumenari, hondakinen kudeaketari eta kutsadura akustikoari dagokienez indarrean dagoen araudia betez egiten badira, besteak beste.

3.– Ebazpen honetan, honako babes- eta zuzenketa-neurri hauek ezartzen dira, Planak ingurumenean ondorio kaltegarri adierazgarririk izan ez dezan eta Derioko Zeroetxe plazako 5. zenbakiko lurzatiaren erabilera aldatzeko eta antolamendu xehatua egiteko Plan Bereziari ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharrik egon ez dadin, betiere, ezarritako neurri babesleak eta zuzentzaileak Plan horretan txertatzen badira.

Babes- eta zuzenketa-neurriak gauzatzean, honako hauetan ezarritakoa bete beharko da: indarrean dauden arauetan xedatutakoa, Ebazpen honetan zehaztutakoa, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den guztian, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta Planean bertan adierazitakoa.

Aplikatzeko neurrien artean, Plana garatzeko proiektu eta jarduketen ondoriozkoak nabarmendu behar dira, hala obra-faseari nola jardueraren funtzionamendu-faseari lotutakoak.

Garapen-proiektuak gauzatzean aplikatuko diren neurriak lotuta egongo dira obretako jardunbide egokien eskuliburuarekin, lurren eta soberakinen kudeaketarekin, hondakinen sorkuntza eta kudeaketarekin, induskatutako lurzoruen kontrolarekin eta urak, airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babestearekin.

Planak azkenean onartzen dituen zehaztapenei erantsi beharko zaizkie haiek guztiak. Besteak beste, honako neurri hauek hartu beharko dira:

– Obrako langileek erabiltzeko jardunbide egokien eskuliburua. Gai hauei lotutako alderdiak hartuko ditu barnean, gutxienez: lanaldiak, makineria, ur-isurketak saihestea, ahalik eta hauts eta zarata gutxien sortzea, herritarren lasaitasunean eragin negatiboa duten jardunak minimizatzea, hondakinak kudeatzea eta abar.

– Obrak, bai eta lurzorua okupatu beharra dakarten jarduera osagarriak ere, proiektua gauzatzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira. Kontratistaren instalazio-eremuak, barne hartuta makinak gordetzeko guneak, lan-txabolak, landare-lurra eta obrako material eta hondakinak aldi batean pilatzeko guneak, ingurumenari ahalik eta gutxien eragiteko irizpideei jarraikiz proiektatuko dira.

– Hondakinak sortu eta kudeatzea: Ekonomia Zirkularrerako Hondakin eta Lurzoru Kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legeak aurreikusitakoaren arabera eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek agindutakoaren arabera kudeatuko dira obretan sortutako hondakinak, hondeaketetatik eratorritakoak barne.

– Eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira –112/2012 Dekretua, ekainaren 26koa, Eraikuntza eta Eraispen Hondakinen Kudeaketa Arautzeko dena–.

Olio erabiliak Industrian erabilitako olioen kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.

Obretan sortutako indusketa-soberakinak baimendutako soberakin-biltegira eramango dira, eta indarrean dagoen legerian ezarritakoaren arabera kudeatuko.

Derioko Udalari eta Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari jakinarazi beharko zaizkie lur susmagarriak detektatzearen ondoriozko kutsadura-arrasto guztiak, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22.2 artikulua betetzeko.

– Kamioiek obrara sartzeko eta handik irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erraztatzeko makina mekanikoak erabiliko dira.

– Lurzoruak eta lurpeko urak babestea: prebentzio-neurriak eta neurri zuzentzaileak ezarriko dira dagokion obra-faserako, istripuzko isurien eragina saihesteko, bereziki makinen mantentze-lanetan (material xurgatzaileak erabiltzea, isuriekin kutsatutako lurzoruak kendu eta kudeatzea, etab.). Pilaketa-eremuak, instalazio osagarriak edo makinen parkea gainazal iragazgaitzetan kokatuko dira. Ahal dela, iragazgaiztu gabeko eremuetan ez da egingo makineria mantentzeko lanik.

– Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritakoa ezertan eragotzi gabe, jarduketak egiterakoan aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, lanak eten egingo dira badaezpada, eta berehala jakinaraziko zaio Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritzari; hark erabakiko du zer neurri hartu.

– Obretako zarata: Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustikoari, kalitate-helburuei eta soinu-igorpenei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen soinu-igorpenei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, egokitu beharko dira, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-isuriak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatua) eta arau osagarrietan ezarritakora.

Eguneko lan-ordutegian egingo dira obrak.

– Ustiatzeko zarata: kanpoko eta barneko inguruneetarako aplikatzekoak diren kalitate akustikoaren helburuak bete beharko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 31. artikuluan xedatutakoaren arabera.

– Obrengatik kaltetutako eremuak leheneratzea: proiektua gauzatzearen ondorioz kaltetutako eremu guztiak leheneratuko dira. Hala badagokio, espazio libreetako landareztatze-lanak ahalik eta lasterren egingo dira; horrela, ekidin egingo dira higadura-prozesuak, solidoak drainatze-sarera arrastatzea eta espezie aloktono inbaditzaileen kolonizazioa. Jasangarritasun-irizpideak lehenetsiko dira, espezie inbaditzaileak sartzeko arriskua gutxitzearren. Landareztatze- eta lorategi-lanetan ez dira inola ere erabiliko inbaditzaileak izan daitezkeen espezie aloktonoak; esaterako, Fallopia japonica, Robinia pseudoacacia eta Cortaderia selloana eta beste batzuk. Leheneratze-lanetan erabiliko den landare-lurrak flora inbaditzaileko propagulurik ez duela bermatuko da.

– Gune libreen tratamendua: hala badagokio, espazio libreak landareztatzeko, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak egindako «Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua» argitalpenean jasotakoari jarraituko zaio. Espezie autoktonoak erabiliko dira, hariztiaren eta baso mistoaren ezaugarriak lehenetsita.

– Eraikuntzaren jasangarritasuna: eraikuntza eta eraikingintza jasangarriagoak egiteko behar diren ezaugarriei dagokienez, eraikuntza jasangarrirako gidetan jasotako ingurumen-neurri eta -jardunbide egokiak erabiliko dira, eraikinen aurrezki eta efizientzia energetikoa sustatzeko eta energia berriztagarrien erabilera bultzatzeko. Neurri horiek gutxienez arlo hauetan izan beharko dute eragina:

• Materialak. Lehengai berriztaezinen kontsumoa murriztea.

• Energia. Energia-kontsumoa murriztea eta/edo energia gutxiago sortzea iturri berriztaezinen bidez.

• Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa murriztea.

• Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.

• Atmosfera. Gas-, hauts-, bero- eta argi-emisioak murriztea.

• Barnealdearen kalitatea. Barnealdeko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.

Bigarrena.– Zehaztea ezen, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoaren arabera, eta, betiere, ebazpen honetan ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak hartzen badira, bai eta sustatzaileak proposatutakoak ere –aurrekoen aurkakoak ez badira–, ez dela aurreikusten Derioko Zeroetxe plazako 5. zenbakiko lurzatiaren erabilera aldatzeko eta antolamendu xehatua egiteko Plan Bereziak ondorio kaltegarri nabarmenik izango duenik ingurumenean, eta, beraz, ez duela ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik behar.

Hirugarrena.– Ebazpen honen edukia Derioko Udalari jakinaraztea.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.

Bosgarrena.– Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.5 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-txosten estrategiko honek indarraldia galduko du, eta berezkoak dituen efektuak sortzeari utziko dio, baldin eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu ondoren ez bada Derioko Zeroetxe plazako 5. zenbakiko lurzatiaren erabilera aldatzeko eta antolamendu xehatua egiteko Plan Berezia onartzen gehienez ere lau urteko epean. Hala gertatuz gero, berriro hasi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazioaren prozedura, ingurumen-organoari indarraldia luzatzeko eskatu ezean. Horrelakoetan, ingurumen-organoak, hala badagokio, ingurumen-txosten estrategikoaren beste indarraldi bat xedatuko du, erregelamenduz ezarriko den moduan.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko irailaren 5a.

Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,

JAVIER AGIRRE ORCAJO.


Azterketa dokumentala