Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

202. zk., 2022ko urriaren 21a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
4541

AGINDUA, 2022ko urriaren 13koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuarena, zeinaren bidez ezohiko estatu-laguntzak ezartzen baitira animalien elikadurako operadoreen sektorearentzat, Errusiak Ukrainari egindako erasoaren ondoren ekonomia babesteko estatu-mailako laguntza-neurriei buruzko Aldi Baterako Esparruaren barruan.

Errusiak Ukraina inbaditu izana ondorio handiak izaten ari da arlo guztietan. Bereziki, modu kritikoan larriagotu da nekazaritza-sektore askok lehendik bizi zuten egoera, EBtik kanpoko baliabideen mendekotasun handia baitzuten. Ekoizpen-kostuen igoera etengabea da egoera horren ezaugarri nagusia, animaliak elikatzeko lehengaien eta energiaren eta erregaien prezioen igoeraren ondorioz.

Energiaren, ongarrien, zerealen eta olioen kostuen igoeraren eragin konbinatua bereziki larria da abeltzaintzarentzat. Izan ere, gerra otsailaren 24an hasi zenetik pentsuen prezioak % 20tik gora igo dira abeltzaintza-sektore ia guztietan, eta aurreko urtekoen aldean metatutako prezioen igoerei gehitu behar zaie hori; azken horiek % 50etik gorakoak ere badira, eta % 83ra ere iristen dira 2020ko prezioekin alderatuz gero. Artoaren prezioen igoerak kolokan jartzen du bai etxalde-animalien elikaduran diharduten enpresa operadoreen bideragarritasuna bai haiei lotutako abeltzaintza-sektoreena, egoera larrian baitzeuden gatazka hori hasi aurretik ere.

Egoera korapilatsua da, ez bakarrik kostuaren ikuspegitik, baizik eta, neurri handiagoan, merkatu berrietan –ezegonkor eta espekulatiboetan– hornitu beharragatik. Izan ere, merkatu horien eraginez garestitu dira aipatutako lehengaien prezioak, nazioarteko merkatuetan.

Testuinguru horretan, Europako Batzordeak, egoera horri aurre egiteko, zenbait tresna aktibatu ditu; besteak beste, Aldi Baterako Esparrua, Errusiak Ukrainaren aurka egindako erasoaren ondoren ekonomia babesteko estatu-mailako laguntza-neurriei buruzkoa. Esparru horrek aukera ematen du etxalde-animalien elikaduran diharduten enpresa operadoreei 400.000 eurora arteko laguntzak emateko, enpresa bakoitzeko. Aldi baterako esparru hori Batzordearen 2022ko uztailaren 20ko Jakinarazpenaren bidez aldatu da (C (2022) 5342 azkena).

EBren Aldi Baterako Esparruaren babesean, Errusiak Ukraina inbaditu ondoren ekonomia babesteko laguntza-neurriei buruzko Aldi Baterako Esparru Nazionala onartu da, Batzordearen 2022ko ekainaren 10eko Erabakiaren bidez onartua (SA.102771).

Halaber, Euskadin, Eusko Jaurlaritzak funts ekonomiko bat onartu zuen joan den apirilaren 12an, 142,9 milioikoa, Errusiak Ukraina inbaditu izanak sare ekonomikoan izan dituen ondorioei aurre egiteko. Horietatik, 60 milioi elikagaigintzaren balio-katea sendotzeko erabiliko dira, zenbait babes-mekanismoren bidez.

Deialdi hau honako hauetan xedatutakoari jarraikiz egiten da: Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen IV. eta VI. tituluak (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onetsitako testu bategina); azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra; lege hori garatu eta haren erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua, bai eta honako honetan xedatutakoaren arabera ere: Europako Batzordearen Jakinarazpena; Aldi Baterako Esparrua, Errusiak Ukrainari eraso egin izanaren ondoren ekonomia babestera bideratutako estatu-laguntzako neurriei buruzkoa (2022-03-24ko AO, C131).

Batzordeak, 2022ko ekainaren 10ean, Aldi Baterako Esparru Nazionala onartu zuen, Errusiak Ukraina inbaditu ondoren ekonomia babesteko laguntza-neurriei buruzkoa (SA.102771). Esparru hori eguneratu egin da, Europako Esparruaren aldaketetara egokitzeko, eta Batzordearen 2022ko abuztuaren 18ko Erabakiaren bidez onartu da (SA.103941).

Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 26.4 artikuluaren arabera, Jaurlaritzako sailburuek, kide gisa dagozkien eskumenei kalterik egin gabe, beren sailari dagozkion gaietan administrazio-xedapen orokorrak eta ebazpenak emateko eskudantzia izango dute.

Horregatik, Autonomia Estatutuaren 10.9 artikuluaren arabera Euskal Autonomia Erkidegoari emandako eskumenaren indarrez, eta Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuan ezarritakoarekin bat etorriz, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Deialdia.

Ezohiko aldi baterako laguntzen deialdia egitea, 2022. urterako, Errusiak Ukraina inbaditu izanak ekonomian izandako ondorioei aurre egiteko. Etxalde-animalien elikadurako enpresa operadoreei zuzentzen zaizkie laguntzak, hau da, agindu honen eranskineko oinarrietan aurreikusitako enpresei, eta Errusiak Ukrainaren aurka egindako erasoaren ondoren ekonomia babesteko estatu-mailako laguntza-neurriei buruzko Aldi Baterako Esparruaren aplikazio-eremura egokitzen dira, zeina araututa baitago Batzordearen 2022ko martxoaren 22ko Jakinarazpenaren bidez (2022/C 131 I/01; 2022ko martxoaren 24ko EBAO, 65. zk.).

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Errekurtsoak.

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa jarri ahal izango zaio Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuari, hilabeteko epean. Bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean. Kasu bietan, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko dira zenbatzen epeak.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Ondorioak.

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko urriaren 13a.

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.

ERANSKINA

1. oinarria.– Helburua, izaera eta esparrua.

1.– Eranskin honen xedea da oinarriak finkatzea, Errusiak Ukraina inbaditu izanaren ondorio ekonomikoei aurre egiteko ezohiko aldi baterako laguntzen 2022ko deialdia arautzeko. Abeltzaintza-erabilerarako animalia-elikaduran diharduten operadoreei zuzenduta daude laguntzak, helburu hartuta abeltzaintzaren sektoreari laguntzea, lehengaien hornidura bermatzea eta, hartara, etxalde-animalien elikaduraren sargai nagusien prezio-igoerak geldiaraztea, Errusiak Ukraina inbaditu izanak larriki eragin baitie.

2.– Errusiak Ukrainaren aurka egindako erasoaren ondoren ekonomia babesteko estatu-laguntzen neurriei buruzko Aldi Baterako Esparruan sartzen dira laguntza hauek. Esparru hori Batzordearen 2022ko martxoaren 22ko Jakinarazpenaren (2022/C 131 I/01) bidez arautzen da (2022ko martxoaren 24ko EBAO, 65. zk.).

2. oinarria.– Erakunde onuradunak.

Baldintza hauek bete beharko dira, agindu honetan araututako laguntzen erakunde onuradun izateko:

– Pentsuen fabrikatzailea eta merkaturatzailea izatea, eta hala erregistratuta egotea, 183/2005 (EE) Erregelamenduan eta 629/2019 Errege Dekretuan ezarritakoari jarraituz.

– Behar bezala inskribatuta egotea Animalien Elikaduraren Sektoreko Operadoreen Euskal Autonomia Erkidegoko Erregistroan.

– Nekazaritzako eta Elikagaigintzako Industrien Erregistroan inskribatuta egotea.

– 2021ean, 629/2019 Errege Dekretuaren 8.2 artikuluan jasotako adierazpena egin izana.

3. oinarria.– Erakunde onuraduna izateko betekizun orokorrak.

Erakunde onuraduna izateko, honako hauetan ezarritako betekizunak bete beharko dituzte: Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50. artikulua, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikulua eta hura garatzeko erregelamendua.

Betekizun horiek erantzukizunpeko adierazpen baten bidez egiaztatu beharko dituzte, eta, han, honako hauek adierazi, berariaz: onuradun izan daitezkeenek kalte ekonomikoak jasan dituztela Ukrainako inbasioaren ondorioz, nazioarteko komunitateak Errusiaren aurka ezarritako zehapenen ondorioz edo Errusiak zehapen horien aurka hartutako neurrien ondorioz. Gainera, adierazi beharko dute beste laguntzarik jaso duten, Aldi Baterako Esparru Nazionala edo Europako Aldi Baterako Esparrua aplikatzearen ondorioz.

Erantzukizunpeko adierazpen hori Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan dagoen administrazio-espediente bakoitzaren parte izan beharko da (https://www.euskadi.eus/nirekarpeta), eta aurkeztutzat joko da, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 7. artikuluko 6.a.1) apartatuan eta honako hauetan xedatutakoari jarraituz:

1.– Dirulaguntzei buruzko abenduaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan jasotakoak:

a) Egunean izatea zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak.

b) Jakinaraztea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak eta haren organismo autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasiera eman zaion itzulketa- edo zigor-prozeduraren batean sartuta dauden ala ez.

c) Egunean izatea dirulaguntzak itzultzeko edo zehatzeko prozeduretako zenbateko zehatzen ordainketak, EAEko Administrazioak eta haren menpeko erakundeek emandako laguntzen edo dirulaguntzen esparruan.

Obligazio horien ordainketak egunean dituela ulertuko da, baldin eta zorrak geroratuta eta zatituta badaude, eta, gainera, berme bat eratu bada, zorra osorik estaltzen duena, interes eta gastu guztiak barne direla.

d) Ez izatea dirulaguntza edo laguntza publikoak eskuratzea eragozten duen zigor- edo administrazio-arloko zehapenik edo epai irmorik, ezta horretarako ezgaitzen duen legezko inolako debekurik ere, sexu-bereizkeriagatik ezarritako debekuak barnean direla.

e) Borondatezko konkurtsoaren deklarazioa eskatu ez izana, edozein prozeduratan kaudimengabe deklaratuta ez egotea, konkurtso-deklarazioa jaso ez izana, salbu eta horretan eraginkortasuna hartu badu hitzarmen batek, esku-hartze judizialaren mende ez egotea edo desgaituta ez egotea Konkurtso Legearen testu bategina onartzen duen maiatzaren 5eko 1/2020 Legegintzako Errege Dekretuaren arabera, konkurtsoaren kalifikazio-epaian ezarritako desgaitze-aldia amaitu gabe dagoela.

f) Dirulaguntzak lortzeko aukera galduta ez izatea ebazpen irmo baten bidez ezarritako zehapena dela-eta, edo honako delitu hauetakoren bat egin izanagatik: prebarikazioa, funtzionario-eroskeria, ondasun publikoak bidegabe erabiltzea, influentzia-trafikoa, legez kanpoko iruzurrak eta ordainarazpenak, edo hirigintza-delituak.

g) Ez izatea ebatzita Administrazioarekin egindako kontraturen baten amaiera irmoa, kausaren batean errudun deklaratua izateagatik.

h) Pertsona fisikoa, merkataritza-sozietateen administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkaritza dutenak ez egotea Kargu publikodunen jokabide-kodea eta haien interes-gatazkak arautzen dituen ekainaren 26ko 1/2014 Legean ezarritako kasuren batean, edo Hauteskunde Araubide Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapen bidezko karguren bat ez izatea, lege horretan edo arlo hau arautzen duen araudi autonomikoan ezarritako baldintzetan.

i) Zerga-egoitza ez izatea erregelamenduz zerga-paradisu gisa kalifikatuta dagoen herrialde edo lurralde batean.

j) Ez egotea berreskuratze-agindu baten mende, Europako Batzordeak aurretiaz erabaki badu laguntza bat legez kanpokoa eta barne-merkatuarekin bateraezina dela.

4. oinarria.- Zenbatekoa eta mugak.

1.– Laguntzaren zenbatekoa, guztira, honela kalkulatuko da: 2021ean deklaratutako artoaren erosketa-bolumena bider tonako finkatutako laguntzaren zenbateko unitarioa, 30 euroan ezarri dena.

2.– Erakunde onuradun bakoitzari 400.000 euroko laguntza emango zaio, gehienez.

3.– Laguntza murriztu ahal izango da, etxalde-animalientzat ez diren animalientzako elikagaien salmenta-ehunekoaren arabera.

5. oinarria.– Finantzaketa.

Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren konturako aurrekontu-kredituak, deialdi honetarako, 1.850.000 eurokoak dira.

2.– Eman beharreko laguntzen guztizko bolumenak ez du gaindituko adierazitako zenbatekoa. Deialdi honetako oinarrietan jasotakoaren arabera zenbateko hori gainditzen bada, 4. oinarrian finkatutako zenbateko unitarioak proportzionalki murriztuko dira.

6. oinarria.– Laguntza kudeatzea eta ebaztea.

1.– Eusko Jaurlaritzako Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzak izango du agindu honetan araututako laguntzak kudeatzeko eta ebazteko eskumena.

2.– Laguntzak zuzendaritza horretatik bideratuko dira, Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako Sailburuordetzan eta haren erakunde instrumentaletan ageri diren 2. eta 4. oinarrietako datuen arabera, eta ofizioz emango dira, Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariaren ebazpen baten bidez, 4. oinarrian aurreikusitako zenbatekoen arabera egindako kalkuluak oinarri hartuta, urrats hauei jarraituz:

a) Eusko Jaurlaritzako Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzak, bere egoitza elektroniko lotuan (https://www.euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa/), argitara emango du, 20 egun balioduneko epean, agindu honek ondorioak sortzen dituenetik aurrera, 2. oinarrian aipatzen diren eta eskatutako baldintzak betetzen dituzten erakunde onuradunen behin-behineko zerrenda, bai eta erakunde horiek 2021eko ekitaldian erositako artoaren bolumenaren kalkulua eta jaso behar duten laguntzaren behin-behineko zenbatekoa ere.

b) Onuradunek 10 egun balioduneko epea izango dute, a) apartatuan aipatutako argitalpenaren egunetik hasita, laguntzari uko egiteko edo 3. oinarrian aurreikusitako datu-kontsultari aurka egiteko. Epe horretan interesdunak jakinarazpenik egiten ez badu, aurkeztutzat joko da Nire karpetan jasotako erantzukizunpeko adierazpena. Laguntzari uko egiteko edo datuen kontsultaren aurka egiteko, bitarteko elektronikoak soilik erabiliko dira (bitarteko horiek a) apartatuan aipatzen den zerrenda argitaratzeko ebazpenean zehaztuta daude), Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bitartez: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

c) Onuradun izan daitezkeen baina zerrendan ageri ez diren erakunde onuradunek epe bera izango dute alegazioak egiteko, dagokion dokumentazioa aurkeztuta edo egokitzat jotzen dituzten akatsak, omisioak edo bestelako inguruabarrak alegatuta. Alegazioak bitarteko elektronikoak soilik erabiliz egingo dira (bitarteko horiek a) apartatuan aipatzen den zerrenda argitaratzeko ebazpenean zehaztuta daude), Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bitartez: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

d) b) eta c) letretan aipatzen den epea igarota, eta 3. oinarrian ezarritako betekizunak ofizioz egiaztatu ondoren, berehala eta Eusko Jaurlaritzako Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariaren ebazpen baten bidez emango zaizkie laguntzak erakunde onuradunei, baldin eta ez badituzte baliatu haiei uko egiteko, datu-kontsultaren aurka egiteko eta akats edo omisioak alegatzeko ahalmenak, eta ordaindu ere egingo zaizkie, aipatutako sailburuordetzan eskuragarri dauden kontuetan. Laguntzei buruzko ebazpena egoitza elektroniko lotuan eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, herritarrak jakinaren gainean egoteko soilik, honako hauek zehaztuta: emandako dirulaguntzen eta laguntza jasoko duten erakunde onuradunen zerrenda, bai eta laguntzen zenbatekoak ere.

e) Apartatu honetako c) letran xedatutakoaren babesean aurkeztutako alegazioen ebazpena gehienez ere bi hilabeteko epean emango da, alegazioak aurkezteko aurreikusitako 10 eguneko epea amaitu eta hurrengo egunetik hasita. Ebazpenean, dagozkion laguntzen ordainketa jasoko da, hala badagokio. Data horretan ebazpenik eman eta argitaratu ez bada, interesdunek laguntza ezetsi dela ulertu ahal izango dute.

f) Eusko Jaurlaritzako Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzak beharrezkotzat jotzen dituen dokumentazio eta/edo informazio osagarriak eskatu ahal izango dizkie onuradun izan daitezkeenei, laguntza behar bezala ebazteko.

7. oinarria.– Onuradunen betebeharrak.

1.– Emandako laguntza onartzea. Ildo horretan, onuradunek laguntza onartu dutela ulertuko da, ez badiote espresuki uko egiten laguntza eman zaielako jakinarazpena jaso eta bost eguneko epean.

2.– Laguntza zertarako eman den, helburu horretarako erabiltzea.

3.– Laguntza emateko kontuan hartutako egoera subjektibo edo objektiboren bat aldatzen bada, aldaketaren berri ematea Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzari.

4.– Xede bera duten eta bestelako administrazio edo erakunde publiko zein pribatuetatik jasotako laguntza edo dirulaguntzen, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzari.

5.– Onuradunak laguntza bidegaberen bat badu, zeinaren gainean Europako Batzordeak kontrako erabakia hartu baitu dirulaguntza eman ondoren, eta, gainera hura berreskuratzeko agindu badu, eta onuradunak laguntza hori itzuli ez badu, horren berri eman beharko dio Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailari.

6.– Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari beren eginkizunak betetzen dihardutela eskatzen duten informazio guztia ematea, agindu honen kargura jasotako laguntzari buruz.

7.– Emandako laguntzarekin lotutako dokumentazioa gordetzea eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta/edo Batzordearen esku uztea, hamar urtez, laguntza ordaintzen denetik hasita.

8.– Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.2 artikuluan (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutakoa), Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan eta horiek garatzeko arauetan aurreikusitakoaren arabera eska daitekeen beste edozein betebehar.

8. oinarria.– Ebazpena aldatzea, ez-betetzeak eta dirulaguntza itzultzea.

1.– Laguntzak emateko kontuan hartutako funtsezko baldintzak eta agindu honetan laguntza horiek eskuratzeko adierazitako betekizunak aldatzen badira, laguntza emateko ebazpena aldatu ahal izango da.

Beste baldintza batzuk badaude, laguntza emateko ebazpena aldatu ahal izango da, aipatutako aldaketaren mailaren arabera hainbanatuta.

2.– Laguntza emateko eskatzen diren baldintzak betetzen ez badira, alde batera utzita erakunde onuradunak izan ditzakeen beste erantzukizun batzuk, emandako laguntzarako eskubidea galduko da, eta dagoeneko jasotako zenbatekoak itzuli beharko dira, legezko berandutze-interesak gehituta.

3.– Halaber, jasotako zenbatekoak ere itzuli beharko dira, eta laguntza ordaintzen denetik sortutako berandutza-interesak eskatuko dira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 37.1 artikuluan zehaztutako gainerako kasuetan.

9. oinarria.– Ordainketak.

1.– Emandako laguntzaren zenbatekoa erakunde onuradunei ordainduko zaie, 6. oinarriko 2. puntuaren d) apartatuan aurreikusitako ebazpena argitaratu ondoren, edo, hala badagokio, epigrafe horietako e) apartatuan aurreikusitakoa argitaratu ondoren.

2.– Administrazioak dirulaguntzak ordaindu ahal izateko, erakunde onuradunak hirugarren interesdun gisa alta emanda egon beharko du, Eusko Jaurlaritzaren datu-basean. Alta emateko edo erregistro horretan datuak aldatzeko, hirugarrenen erregistro elektronikora jo beharko da, honako helbide honetan: https://www.euskadi.eus/hirugarrenak

3.– Ordainketak 2022ko abenduaren 31 baino lehen egin beharko dira, hala xedatuta baitago Europako Batzordearen 2022ko martxoaren 23ko Jakinarazpenean (Errusiak Ukraina inbaditu izanaren testuinguruan ekonomia babesteko krisi-laguntzen Aldi Baterako Esparruari buruzkoa).

10. oinarria.– Bateragarritasunak.

1.– Agindu honen aplikazio-eremuan sartzen diren estatu-laguntzak esparru honi lotutako beste laguntza batzuekin metatu ahal izango dira, bai eta de «minimis» erregelamenduen arabera emandako laguntzekin edo kategorien araberako salbuespen-erregelamenduei jarraituz emandako laguntzekin ere. Halaber, agindu honen babesean onartutako estatu-mailako laguntza-neurriak COVID-19ari buruzko Aldi Baterako Esparruan emandako laguntzei ere meta dakizkieke, betiere dagozkien metatzeari buruzko arauak betetzen badira.

2.– Agindu honen bidez emandako laguntzari Administrazio honek edo beste batek emandako beste laguntza bateragarri bat gehitzen bazaio diruz lagundutako gastu berberetarako, betiere Europako Batzordearen 2022ko martxoaren 23ko Komunikazioaren babesean emandako laguntzen-esparruan, komunikazio horretan laguntzetarako ezarritako gehieneko zenbatekoak errespetatu beharko dira, hau da, 400.000 euro entitateko (aipatutako komunikazioa Errusiak Ukraina inbaditu izanaren testuinguruan ekonomia babesteko krisi-laguntzen Aldi Baterako Esparruari buruzkoa da).

11. oinarria.– Datuen babesa.

Datu Pertsonalak Babesteko eta eskubide digitalak bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan eta indarreko gainerako araudian xedatutakoarekin bat etorriz tratatuko dira datu pertsonalak.

Helbide honetan dago jasota datuak babesteari buruzko informazioa:

https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/001600-capa2-eu.shtml


Azterketa dokumentala