Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

199. zk., 2022ko urriaren 18a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
4473

AGINDUA, 2022ko urriaren 11koa, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, COVID-19aren pandemiak eragindako kalteak direla-eta eguneroko informazioa ematen duten komunikabideentzako 2022ko laguntzak arautu eta horietarako deialdia egiten duena.

2021eko ekainaren 2an, Europako Batzordeak «Europako komunikabideak hamarkada digitalean: haien berreskurapena eta eraldaketa bultzatzeko ekintza-plana» izeneko komunikazioa egin zuen. Dokumentu horretan, Europako Batzordeak azpimarratu eta goraipatu egiten du informazio- eta ikus-entzunezko komunikabideek COVID-19aren pandemian Europa osoan egin duten lan garrantzitsua, eta balioa ematen dio prentsaren sektoreak –paperezkoa eta digitala–, irratiak eta ikus-entzunezkoen sektoreak egoera pandemikoak eragindako une kritikoan egiazko eta egiaztatuko informazioa eskuratzeko herritarrek duten beharrari eman dioten erantzunari.

Hain zuzen ere, kazetaritza-lana eta komunikabideena bereziki beharrezkoa den egungo testuinguruan, herritarrek informaziorako eta kazetaritza-eskaintza plurala, askotarikoa eta independentea izateko duten eskubidea bermatzeko, batez ere tokiko eta eskualde-mailan, komunikabideen diru-sarrerak nabarmen jaitsi dira, bai publizitateagatik baita salmentengatik ere, ziurgabetasun ekonomikoaren eta pandemiaren ondorioz, eta, hori dela-eta, likidezia-arazo larriak izan dituzte.

Euskal Autonomia Erkidegoak, gaur egun, gizarte-hedabideen sektore mistoa –publikoa eta pribatua–, askotarikoa –prentsa (paperean eta digitalean), argitalpen espezializatuak, irratia, telebista eta Internet–, plurala eta elebiduna du, eta herritarren informaziorako eta adierazpen-askatasunerako eskubidea bermatzen duen gizarte demokratikoa garatzen laguntzen du. Testuinguru horretan, eskualdeko eta tokiko komunikabideen eginkizuna ezinbestekoa izan da (eta da) gizarteari egiazko eta kalitatezko informazioa eskaintzeko eta aniztasuna babesteko eta herritarrek informazio hori eskuratzeko duten eskubidea zaintzeko: herritarrek beren ingurune hurbilean gertatzen dena modu fidagarri, profesional eta kontrastatuan ezagutzeko aukera izan behar dute, bizitza pertsonala, soziala, kulturala, lanekoa edo enpresakoa edo betebeharrak eta eskubideak garatzeko, gizarte honen parte diren aldetik. Informaziorako eskubide hori komunikabideek bermatzen dute gurea bezalako gizarte demokratiko batean.

Dirulaguntza honen oinarrizko helburua da Euskadin irismen handiena duten eta eguneroko informazioa ematen duten komunikabideen jarduera bermatzea. Komunikabide horiek gaurkotasuneko informazioa eskaintzen dute, batez ere eskualdekoa eta tokikoa, eta pandemian zehar euskal herritarrek egiazkoa, profesionala eta egiaztatutakoa den informazioa izateko duten eskubidea bermatu dute eta gaur egun ere bermatzen dute, desinformazioaren arriskuari aurre eginez eta herritarren alfabetatze mediatikoan lagunduz.

Azaldutakoa ikusita, egokitzat jotzen da dirulaguntza-lerro bat deitzea, pandemiak eragindako sektoreek jaso dituzten beste laguntza batzuekin koherente izanik, prozedura arin baten bidez adierazitako helburua lortzeko.

Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuaren arabera, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailari dagozkio gizarte-komunikabideei buruzko egitekoak eta horien zabalkundea. Funtzio horiek Kabinetearen eta Gizarte Hedabideen Zuzendaritzari dagozkio, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 73/2021 Dekretuaren bidez.

Gainera, agindu hau txertatuta dago Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren 2021-2024 aldirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan (2021eko otsailaren 18ko Aginduaren bidez onartua) eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren 2022ko otsailaren 16ko Aginduaren bidez onartutako 2022ko dirulaguntzen urteko planean (sail horren webgunean argitaratua).

Deialdi hau hornitzeko kreditu nahikoa eta egokia dago, Euskal Autonomia Erkidegoko 2022ko ekitaldirako Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 11/2021 Legea aplikatuz.

Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen xedea da EAEn irismen handiena duten eta eguneroko informazioa ematen duten komunikabideei dirulaguntzak emateko oinarriak ezartzea eta deialdia egitea, bai COVID-19aren pandemian, bai gaur egun, gaurkotasuneko informazioa ematen dutenei, bereziki eskualdekoa eta tokikoa.

2. artikulua.– Aurrekontu-zuzkidura.

Dirulaguntza honetara, guztira, sei milioi (6.000.000) euro bideratuko dira.

3. artikulua.– Erakunde onuradun izateko betekizunak.

1.– Artikulu honetako baldintzak betetzen dituzten eta eguneroko informazioa ematen duten komunikabideek eskuratu ahal izango dituzte deialdiko laguntzak:

a) Eguneroko informazioa ematen duten komunikabide pribatu jeneralistak izan behar dira, gutxienez EAEko hiru lurralde historikoetako baten eremua hartzen dutenak.

b) 2021eko abenduaren 31n gutxienez 5 langile izan behar dituzte plantillan.

c) Gutxienez 5.000 pertsonako audientzia izan behar dute EAEn, CIESek 2021erako egindako txosten metatuaren arabera. Prentsa idatziaren eta eguneroko prentsaren kasuan, bi euskarrien audientzia metatua hartuko da kontuan: papera eta digitala. Irrati jeneralistaren kasuan, EAEn katean emititzen duten lurraldeko eta tokiko irrati guztien audientzien batura hartuko da kontuan.

d) 2021. urtean desinformazioaren aurkako borrokan eta/edo herritarren alfabetatze mediatikoan lagundu dutela egiaztatu behar dute, neurri espezifikoak hartuta.

2.– Hedabide-mota hauek izango dira hartzaileak:

a) Euskal Autonomia Erkidegoan egoitza duten edo ordezkaritza duten eguneroko prentsa idatziak eta haien digitalak eta komunikabide digital natiboak, programazioaren % 15 gutxienez EAErentzat dela.

b) Programazio jeneralista duten irratiak, egoitza Euskadin dutenak edo EAEn ordezkaritza dutenak eta programazio propioa dutenak. Dirulaguntza honen ondorioetarako, programazio propiotzat jotzen da, gutxienez, programazioaren % 15, astelehenetik ostiralera eta 07:00etatik 24:00etara izatea, deskonexioan egina eta Euskal Autonomia Erkidegoko entzuleei soilik zuzendua.

c) Egoitza Euskadin duten edo EAEn ordezkaritza duten eta programazio propioa duten telebista jeneralistak. Dirulaguntza honen ondorioetarako, programazio propiotzat jotzen da, gutxienez, programazioaren % 15, astelehenetik ostiralera eta 07:00etatik 24:00etara izatea, deskonexioan egina eta Euskal Autonomia Erkidegoko publikoari soilik zuzendua.

3.– Aurreko atalean aurreikusitakoaz gain, erakunde onuradunek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.

Deialdi honen organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du dirulaguntzak eskatzen dituzten erakundeek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela, eta, horretarako, ez du eskatzaileen baimenik beharko, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginari jarraikiz.

b) Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta izatea.

4.– Ezingo dituzte agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzak eskuratu honako hauek:

a) Dirulaguntza publikoak eskuratu ahal izateko zigor penal edo administratiboren baten edo horretarako ezgaitzen dituen lege-debekuren baten eraginpean dagoen erakunde eskatzailea, sexu-bereizkeriagatiko debekuak barne, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabeko bizitzei buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetako seigarrenean zehaztutakoarekin bat etorriz.

b) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluaren 2. eta 3. zenbakietan jasotako gainerako egoeretako batean dauden erakundeak.

c) Europar Batasuneko Batzordeak aurretiaz erabaki badu laguntza bat legez kanpokoa eta merkatu erkidearekin bateraezina dela, berreskuratzeko agindu baten zain daudenak.

d) Krisialdian dauden enpresak, krisialdian dauden enpresa ez-finantzarioak salbatzeko eta berregituratzeko estatu-laguntzei buruzko zuzentarauen definizioaren arabera (2014-07-31ko EBAO, C249).

e) Sexuan oinarrituta diskriminatzen duen jardueraren bat egiten duten erakunde eskatzaileak, edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik administrazio- edo zigor-zehapenen bat ezarri zaien pertsona juridikoak, dagokion zehapenean ezarritako denbora-tarte osoan. Halaber, laguntza eta dirulaguntzetatik kanpo geratuko dira estatu-araudiaren arabera berdintasun-plan bat indarrean izan behar duten arren halakorik ez duten enpresak, eta, estatu-legeriak emakumeen eta gizonen berdintasunaren esparruan finkatzen duen bezala, sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko edo haien aurka egiteko neurriak ezarri dituztela egiaztatzen ez duten 50 langiletik gorako enpresak.

5.– Nolanahi ere, kanpoan geratzen dira komunikabide publikoak eta irrati tematikoak, hala nola musika-, kirol- edo bestelako irrati-formulak –haien helburu nagusia, informazio orokorra baino gehiago, informazio espezializatua edo entretenimendua da–.

4. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.

1.– Eskabide bat aurkeztuko da komunikabide bakoitzeko.

2.– Eskabideak aurkezteko epea 15 egun naturalekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

3.– Pertsona juridikoak behartuta daude eskabideak bide elektronikotik izapidetzera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2 artikuluan xedatutakoaren arabera.

Erakunde eta pertsona interesdunek EAEko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren bidez eskatu, kontsultatu eta egin ahal izango dituzte eskabidearen izapide guztiak, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1220501

Eskabidea egin ondorengo izapideak, kanal elektronikoaren bidez, jakinarazpenak barne, «Nire karpeta» atalaren bidez egingo dira, EAEko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan, https://www.euskadi.eus/nirekarpeta helbidean

EAEko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak helbide honetan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

4.– Eskabidea eta ondorengo izapideak erakunde eskatzailearen ordezkari batek egin ahal izango ditu, modu elektronikoan; horretarako, ordezkaritza ahalordetzeen erregistro elektronikoan inskribatu beharko da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak Nolanahi ere, izapideak bitarteko elektronikoen bidez egin beharko dira, erakunde interesduna behartuta baitago administrazioarekiko harreman elektronikoa izatera.

5.– Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako ereduak izapidetzeko jarraibideak aurreko puntuan jasotako EAEko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren helbidean daude eskuragarri.

6.– Erakunde eskatzaileak Euskal Autonomia Erkidegoko edozein hizkuntza ofizialetan aurkeztu ahal izango ditu eskabidea eta horri erantsitako egiaztagiriak. Halaber, eskabidearen ondoriozko jarduketetan, eta prozedura osoan, erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2 a) eta 6.1 artikuluetan ezarritakoaren arabera.

7.– Eskabideak aurkezteak esan nahi du berariaz eta formalki onartzen direla deialdi honen oinarrietan zehaztutako baldintzak.

5. artikulua.– Eskabidean aurkeztu beharreko dokumentazioa eta erantzukizunpeko adierazpenak.

1.– Erakunde eskatzaileek prozeduraren eskabide-formularioa bete beharko dute.

2.– Administrazio honi dagozkion erregistroetan inskribatutako erakundeak:

– Eskabidean adieraziko dute zein erregistrotan dauden inskribatuta. Administrazio honetakoak ez diren erregistroetan inskribatutako erakundeek honako hauek egiaztatu beharko dituzte: erakundearen legezko eraketa, bere izaera juridikoaren arabera, legezko ordezkariaren identitatea, eta ordezkaritza-ahalorde nahikoa, honako hauen bitartez:

– Eratze-eskritura eta estatutuak, bai eta dagozkien erregistro publikoetan inskribatuta daudela egiaztatzen duten agiriak ere.

– Identifikazio fiskaleko zenbakia egiaztatzen duen txartela.

– Pertsona juridikoaren legezko ordezkariaren nortasuna, bai eta ordezkari horrek duen ordezkaritza-ahalmena ere.

Horri dagokionez, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.2 artikuluan ezarritakoaren arabera, erakunde interesdunek eskubidea dute jada administrazio jardulearen esku dauden edo beste edozein administraziok egin dituen dokumentuak ez aurkezteko, Administrazioak dokumentu horiek kontsultatu edo eskuratu ahal izango baititu, salbu eta interesdunak horren aurka egiten badu.

3.– Halaber, 2021eko abenduaren 31n plantillan 5 langile izatearen baldintzari dagokionez, erakunde eskatzaileek baldintza hori betetzen dutela egiaztatu ahal izango dute zuzenbidean onartutako baliozko edozein bitarteko erabiliz, betiere hori egiaztatzeko aukera ematen badu.

4.– Desinformazioaren aurka borrokatzeko neurri espezifikoak eta herritarren alfabetatze mediatikoa egiaztatzeko betekizunari dagokionez, erakunde eskatzaileak dokumentazioa gehitu beharko du eskaeran.

5.– Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginean ezarritakoa aplikatuz, eskabidearekin batera egindako erantzukizunpeko adierazpen baten bidez, honako betebehar hauek bete direla egiaztatuko da:

a) Xede bera duten eta bestelako administrazio edo erakunde publiko zein pribatuei eskatutako eta, hala badagokio, haietatik jasotako dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea.

b) Dirulaguntza publikoak eskuratu ahal izateko zigor penal edo administratiboren baten edo horretarako ezgaitzen dituen lege-debekuren baten eraginpean ez egotea, ezta sexu-bazterkeriagatik zigortuta ere, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabeko bizitzei buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetako seigarrenean xedatutakoaren arabera.

c) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasitako ezein itzultze- edo zigor-prozeduratan sartuta ez egotea.

d) Eskabidean jasotako datuak egiazkoak direla eta dirulaguntza hauen onuradun izateko indarrean den araudian ezarritako betekizunak betetzen dituela adieraztea.

e) Sexu-diskriminazioagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik administrazio- edo zigor-zehapenik jaso ez izana, dagokion zehapenean ezarritako aldian.

6. artikulua.– Akatsak zuzentzea.

Eskabideak eta aurkeztu beharreko dokumentazioak agindu honetan ezarritako baldintza guztiak betetzen ez badituzte, edo haien edukia osatu gabe dagoela ikusten bada, erakunde eskatzaileari eskatuko zaio 10 egun balioduneko epean dokumentazioa osatzeko edo akatsak zuzentzeko, eta adieraziko zaio, hala egin ezean, eskaeran atzera egin dela edo izapidetzeko eskubidea galdu duela ulertuko dela, aldez aurretik ebazpena emanda.

7. artikulua.– Dirulaguntzak emateko prozedura.

Lehiarik gabeko prozeduraren bidez esleituko dira laguntzak, eta epe barruan eta behar bezala aurkeztu diren eskabideek eskuratu ahal izango dituzte deialdiko laguntzak, baldin eta eskatzen diren baldintza objektibo eta subjektiboak betetzen badituzte.

8. artikulua.– Eman beharreko zenbatekoa zehaztea.

1.– Agindu honetan jasotako laguntzak itzuli beharrik gabeko dirulaguntzen bidez gauzatuko dira.

2.– Dirulaguntza kalkulatzeko, CIES enpresak 2021ean egindako azterlanaren audientzia metatua hartuko da erreferentziatzat, eta onuradun bakoitzari eman beharreko zenbatekoa azterlan horretan adierazitako audientziaren proportzioan zehaztuko da.

9. artikulua.– Beste laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak ez dira beste erakunde publiko edo pribatu batzuek helburu bererako emandako dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo bestelako baliabideekin bateragarriak.

10. artikulua.– Prozedura kudeatzea eta ebaztea.

1.– Kabinetearen eta Gizarte Hedabideen zuzendaria izango da prozedura izapidetzeko organo arduraduna, eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua izango da ebazteko organo eskuduna.

2.– Agindua banan-banan jakinaraziko zaie erakunde interesdunei, gehienez ere sei hilabeteko epean, agindu hau indarrean jartzen den egunetik aurrera. Agindua, gainera, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, denek horren berri izan dezaten.

Lehenik egindako jakinarazpenaren data hartuko da jakinarazpen-datatzat, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 41.7 artikuluan ezarritakoaren arabera.

3.– Epe hori igarota, ebazpenik jakinarazi ez bada, beren uziak ezetsi egin direla ulertu beharko dute erakunde interesdunek, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritakoaren ondorioetarako, hargatik eragotzi gabe Administrazioak espresuki ebazteko duen betebeharra.

4.– Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren Aginduak amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio organo horri, hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da, bi hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.

5.– Prozedura ebazteko eta ebazpena jakinarazteko gehieneko epea sei hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Epe hori igarota, ebazpenik argitaratu ez bada, dirulaguntzaren eskabidea ezetsi egin dela ulertu beharko dute interesdunek, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1.a) artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako.

6.– Erakundea izapidetzen ari den itzulketa-prozeduraren batean sartuta badago, dirulaguntza emateko baldintza izango da prozedura hori amaitzea, eta pertsona edo erakundea itzulketa-prozedura amaitu ondoren itzultzera behartuta badago, dirulaguntza emateko baldintza izango da betebeharra duen erakundeak zorra borondatezko aldian betetzea, geroratzea edo bermatzea, edo itzultze-ebazpena aurkaratu izanagatik etetea erabakitzea. Kasu horietatik kanpo, erakundeak ezingo du erakunde onuradun izan dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta ez baditu, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Diru-bilketako Erregelamendu Orokorra onartzen duen urtarrilaren 12ko 1/2021 Dekretuaren lehen xedapen gehigarrian xedatutakoaren arabera.

11. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

Deialdi honen xede diren laguntzen erakunde onuradunek honako betebehar hauek izango dituzte: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluetan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.2 artikuluan jasotakoak.

a) Emandako dirulaguntza onartzea. Alde horretatik, dirulaguntza eman zaiola jakinarazten zaion egunetik hasi eta hamar eguneko epean onuradunak dirulaguntzari berariaz eta idatziz uko egiten ez badio, onartu egin duela ulertuko da.

b) Dirulaguntza ematerakoan kontuan hartutako egoeraren bat, objektiboa zein subjektiboa, aldatu bada, Kabinetearen eta Gizarte Hedabideen Zuzendaritzari jakinaraztea.

c) Beste edozein administrazio, erakunde publiko edo pribatuk helburu bererako emandako dirulaguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak eskuratuz gero, horren berri ematea.

d) Kabinetearen eta Gizarte Hedabideen Zuzendaritzari, Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari beren eginkizunetan dihardutela eskatzen duten informazioa ematea, jasotako dirulaguntzei dagokienez, eta diruz lagundutako jardueren kontrol, egiaztapen, jarraipen eta ikuskaritzako funtzio edo ahalmenen mende jartzea, bai eta, hala badagokio, Europar Batasuneko organo eskudunen mende ere.

e) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek, zuzenbide pribatuko erakunde publikoek eta sozietate publikoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasi, eta oraindik izapidetzen ari den edo azkenean ebazten ari den edozein itzultze- edo zehapen-prozedura jakinaraztea.

f) Dirulaguntza honen kargura jasotako funtsak itzultzea, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 53. artikuluan ezarritako kasuetan, eta zehapena ordaintzea, halakorik balego.

g) Dirulaguntza jaso eta hurrengo bi urteetan jarduerari eustea, eta gaurkotasuneko informazioa eskaintzen jarraitzea, bereziki eskualdekoa eta tokikoa.

h) Oro har, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.2 artikuluan (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartua) eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean jasotako beste edozein betebehar, bereziki 14. artikuluan jasotakoak.

12. artikulua.– Dirulaguntza ordaintzea.

1.– Laguntza ordainketa bakarrean emango da.

2.– Ez da inolako ordainketarik egingo onuradunak egunean ez baditu zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak.

3.– Era berean, erakundea itzulketa-prozeduraren baten barruan baldin badago eta prozedura hori izapidetzen ari baldin bada, prozedura hori amaitu egin beharko da ordainketa egin ahal izateko. Itzultzeko prozedura amaitu ondoren erakundeak itzultzeko betebeharra baldin badu, ordainketa egin ahal izateko, erakundeak borondatezko aldian erantzun beharko dio zorrari, geroratu edo bermatu egin beharko du, edo itzulketa-ebazpena aurkaratu delako etetea erabaki beharko du. Kasu horietatik kanpo, erakundeak ezingo du erakunde onuradun izan dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta ez baditu, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Diru-bilketako Erregelamendu Orokorra onartzen duen urtarrilaren 12ko 1/2021 Dekretuaren lehen xedapen gehigarrian xedatutakoaren arabera.

4.– Dirulaguntza ordaindu ahal izateko, erakundeak erregistratuta egon beharko du Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun Sailaren Hirugarrenen Erregistroan. Erregistratu gabe badago edo bankuko datuak aldatu nahi baditu, https://www.euskadi.eus/hirugarrenak helbidean sartuta egingo da alta edo aldaketa.

13. artikulua.– Ez-betetzeak eta itzulketak.

1.– Hauek izango dira ez-betetzeak:

a) Agindu honetan ezarritako betebeharrak edo, hala badagokio, dirulaguntza emateko egintzan ezarritakoak ez betetzea.

b) Dirulaguntzen arloko beste edozein xedapenetan oro har ezarritako beste edozein kasu, bereziki, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan jasotako ez-betetzeak.

2.– Artikulu honen aurreko zenbakian aipatutako egoera horietako bat gertatu dela egiaztatuz gero, jasotako zenbatekoak eta dirulaguntza ordaintzen den unetik aurrera aplikatu beharreko legezko interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaizkio, betiere bi arau hauen arabera: azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina, eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorren pentzutan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duena eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituena.

3.– Itzulitako zenbatekoak diru-sarrera publikotzat hartuko dira dagozkien legezko ondorioetarako, eta erantzukizunen araubidea Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 64. artikuluan aurreikusitakoa izango da.

14. artikulua.– Datuen babesari buruzko oinarrizko informazioa.

Datu pertsonalak Kabinetearen eta Gizarte Hedabideen Zuzendaritzaren laguntzak eta dirulaguntzak izeneko tratamendu-jardueran sartu eta tratatuko dira.

Arduraduna: Kabinetearen eta Gizarte Hedabideen Zuzendaritza.

Helburua: gizarte hedabideei zuzendutako dirulaguntzak kudeatzea.

Legitimazioa: tratamendua beharrezkoa da interes publikoaren izenean edo tratamenduaren arduradunari emandako botere publikoen jardunean burututako eginkizun bat betetzeko.

Hartzaileak: ez da aurreikusten datuen komunikaziorik.

Eskubideak: eskuratzeko, zuzentzeko eta ezabatzeko eskubidea duzu, bai eta informazio gehigarrian jasotzen diren beste eskubide batzuk ere.

Informazio osagarria: gure webgunean kontsulta dezakezu datuen babesari buruzko informazio gehigarri zehatza: https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/154000-capa2-eu.shtml

Araudia: Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra eta 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, interesdunek aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez diezaiokete Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko urriaren 11.

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,

BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.


Azterketa dokumentala