Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

197. zk., 2022ko urriaren 14a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
4429

AGINDUA, 2022ko irailaren 28koa, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, Europar Batasunak Next Generation EU funtsen bidez finantzatutako Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan liburutegietako funtsak handitzeko eta/edo berritzeko dirulaguntzak emateko laguntzak arautzen eta deitzen dituena.

Euskadiko liburutegiei buruzko urriaren 26ko 11/2007 Legearen 20.4 artikuluan xedatutakoaren arabera, Eusko Jaurlaritzan kulturaren alorreko eskumena duen sailari dagokio urtez urte bere aurrekontuetan liburutegietako funtsak handitzeko laguntza-programak ezartzea.

Era berean, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailari dagozkio liburutegien alorreko eskumenak, horixe xedatzen baita Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatu eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuaren 14.1.d) artikuluan.

Horiez gain, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituen otsailaren 23ko 73/2021 Dekretuaren arabera, Liburutegi Zerbitzuaren eskumena da Euskadiko Liburutegien Sistema Nazionalari dagozkion egitekoak garatzea eta gauzatzea.

2021eko apirilaren 27an, Espainiako Gobernuak Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana onetsi zuen. Bertan, COVID-19aren krisia eta gero Espainiako ekonomia modernizatzera, hazkunde ekonomikoa suspertzera eta enplegua sortzera bideratutako inbertsio eta erreforma sorta bat bildu zen, herrialdea modernizatzeko inbertsio- eta erreforma-proiektu koherenteak ardazten dituzten hamar politika-palanka eta hogeita hamar osagaitan antolatuta.

9. politika-palankak kultura- eta kirol-industria sustatzeko helburua du, ulertzen baita kultura-industriak ezinbesteko balioa daukala gizarte libre eta aske bat garatzeko, eta gainera, aberastasuna eta enplegua sortzen dituela. Esparru horretan, 24. osagaiaren xedea da kultura-industriaren balioa handitzea, eta barne hartzen du, besteak beste, lurraldea indartzera eta lurralde- eta gizarte-kohesioa hobetzera bideratutako inbertsioen sorta bat, kulturarako sarbidea, jasangarritasuna eta sektorearen sendotzea ahalbidetze aldera.

Aldi berean, inbertsioen sorta hori hainbat proiektutara dago bideratuta, eta horietako bat da, hain zuzen, autonomia-erkidegoei beren liburutegi publikoetan dauzkaten paperezko liburuen kopurua handitzeko funtsak transferitzea. Liburutegiei ematen zaizkien funts horiek bermatu egiten dute herritarrek liburuak eskuratzeko aukera izango dutela, modu askean eta mugarik gabe, bizi diren tokia edo daukaten egoera pertsonala gorabehera, eta horrek lurralde- eta gizarte-kohesioa sustatzen laguntzen du.

Ildo horretan, Kulturako Konferentzia Sektorialaren 2021eko uztailaren 23ko saioan adostu ziren xede horretara bideratutako funtsak banatzeko eta exekutatzeko irizpideak, baita irizpide horiei jarraikiz autonomia-erkidegoen artean egingo den banaketa ere. Gauzak horrela, baldintza batzuk ezarri ziren, besteak beste, hauek: liburutegi publiko bakoitzak hizpide dugun xederako jaso behar duen gutxieneko diru kopurua; erosi beharreko liburuen kopurua, mota eta hizkuntza bakoitzari dagozkion gutxieneko edo gehieneko ehunekoak barne; liburuak erosteko lehenetsi beharreko sistema; funtsak exekutatzeko eta justifikatzeko epeak, eta funtsak jasotzetik eratorritako betebeharrak.

Kulturako Konferentzia Sektorialaren 2021eko uztailaren 23ko erabakian ezarritako baldintzei jarraikiz, liburutegiei ezingo zaie, inola ere, norgehiagoka-prozesuetan oinarritutako dirulaguntzarik eman hizpide dugun neurria gauzatzeko. Izan ere, bermatu egin behar da liburutegi guztiek jasoko dituztela, gutxienez, 1.500,00 euro, nahiz eta posible den kopuru hori gainditzen duten zenbatekoak banatzeko beste aldagai subjektibo batzuk ezartzea.

Ondorioz, agindu honetan xedatutako dirulaguntzak esleitzeko arau-oinarriek bi prozedura hauek jasotzen dituzte: batetik, liburutegi guztiei gutxienez 1.500,00 euro emango zaizkiela bermatuko duen laguntzak esleitzeko prozedura bat, eta bestetik, nahitaezko kopurua eman eta gero sobera geratzen dena banatzeko beste prozedura bat.

Erakunde eskatzaileak deialdiko eskakizunak betetzen dituela egiaztatu eta gero, izapide bakarrean emango da laguntza, lehiaketarik gabe. Funtsak banatzeko, irizpide bakarra erabiliko da: liburutegi bakoitzak, gutxienez, 1.500,00 euro jasotzea eta sobera geratzen den diru kopurua liburutegiak artatzen duen biztanleriaren arabera bakarrik banatzea.

Agindu hau bi plan hauetan dago jasota: 2021eko otsailaren 18an onetsi zen Sailaren Dirulaguntzen 2021-2024 Plan Estrategikoan eta 2022ko otsailaren 16ko Aginduaren bidez onetsi zen Sailaren Dirulaguntzen 2022. Urteko Planean. Biak daude Sailaren webgunean argitaratuta, hemen: https://www.euskadi.eus/gobierno-vasco/-/plan-departamental/plan-estrategico-de-subvenciones-del-departamento-2021-2024/

Horretarako aurrekontu-kreditua abenduaren 23ko 11/2021 Legean dago jasota, zeinaren bidez onartzen baitira Euskal Autonomia Erkidegoko 2022 ekitaldiko Aurrekontu Orokorrak.

Horregatik guztiagatik, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

1.– Agindu honen xedea da irakurketara bideratuko udal-liburutegiei dirulaguntzak emateko oinarri arautzaileak ezartzea eta dirulaguntzen deialdia egitea, 2022an paperezko liburuak eros ditzaten.

2.– Dirulaguntza C24.I2.P4 «Liburutegien zuzkidura» neurrian dago jasota, Europar Batasunaren Next Generation EU funtsen bidez finantzatutako Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren 24. osagaian.

3.– Oinarri hauen arabera emandako dirulaguntzak Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamenduak (aurrerantzean, Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoari buruzko Erregelamendua) xedatutako Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoaren bidez finantzatuko dira. Europako funtsekin finantza daitezkeen dirulaguntza horiek izapidetzeko eta emateko, Administrazio Publikoa modernizatzeko eta Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana egikaritzeko presako neurriak onartzeko abenduaren 30eko 36/2020 Errege Lege Dekretuan aurreikusitakoa aplikatuko da, aplikatzekoa den gainerako araudiari kalterik egin gabe.

2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak eta beste laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

1.– Deialdian aurreikusitako zuzkidura ekonomikoa 575.460,75 eurokoa da guztira.

Zuzkidura ekonomiko hori Europako Suspertze Tresnatik («Next Generation EU») eratorritako finantza-baliabideekin finantzatuko da, Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoaren bidez.

2.– Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak bateragarriak dira beste erakunde publiko edo pribaturen batek helburu bererako emandako dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideekin, baldin eta gainfinantzaketarik gertatzen ez bada. Halakorik gertatuz gero, emandako dirulaguntza dagokion gehienezko mugaraino murriztuko da. Bat etorriz Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoari buruzko Erregelamenduaren 9. artikuluan xedatutakoarekin, inbertsio-proiektuek EBren beste programa eta tresna batzuen laguntza jaso ahalko dute, betiere laguntza horrek kostu bera asetzen ez badu. Pertsona edo erakunde onuraduna behartuta dago kostu berberak finantzatzeko jaso duen bestelako funtsen berri ematera (funtsa Europakoa izan ala ez).

3.– Bat etorriz Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planean, eta zehazkiago, kultura-industriaren balioa handitzeari buruzko C24 osagaian jasotakoarekin, espero da kultura-industrien erresilientzia handitu egingo dela digitalizazioaren, gaikuntzaren, aukera-berdintasunaren eta lurralde- eta gizarte-kohesioaren ardatzetan. Horretarako, industria jasangarritasunaren alorreko exijentzietara egokituko da, berdeagoa izan dadin eta kliman duen eragina ahal den neurrian murritz dadin. Liburutegien zuzkidurari dagokionez, helburua da liburutegiei emandako zuzkidura horien bidez lurralde- eta gizarte-kohesioa sustatzea, modu horretan liburuetarako sarbide askea eta doakoa bermatzen baita. Gauzak horrela, eta horiek guztiak aintzat hartuta, honako koefiziente hauek ezarri zaizkie etiketatze berdeari eta digitalari Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planean: % 0 eta % 29,5, hurrenez hurren.

Inola ere ez dira diruz lagunduko Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planean ezarritako etiketatze berdea eta digitala betetzen ez duten proiektuak.

3. artikulua.– Izapidetzea.

1.– Erakunde interesdunek bitarteko elektronikoen bidez bakarrik egin ahal izango dituzte prozedura honetako eskaerak, kontsultak eta izapideak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren Egoitza Elektronikoaren bidez edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan adierazitako gainerako erregistro elektronikoen bidez.

2.– Izapidetzeko jarraibideak, ereduak eta eskaera-inprimakia eskuragarri jarriko dira administrazio-prozedurari buruzko informazio-fitxan, helbide honetan: www.euskadi.eus/servicios/1220601

3.– Eskaeraren osteko izapideak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren bidez egingo dira, helbide honetan: https://euskadi.eus/nirekarpeta.

4.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak helbide honetan eskuratu daitezke: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

5.– Eskaera eta eskaeraren osteko izapideak ordezkari baten bidez ere egin ahal izango dira, eta, horretarako, ordezkaritza hori Eusko Jaurlaritzaren Ahalordeen Erregistro Elektronikoan inskribatu ahalko da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak

4. artikulua.– Etika- eta jokabide-kodea.

1.– Etika- eta jokabide-kodea (I. eranskina) ezinbestean bete beharko dute bai deialdia egin duen Administrazioko langile publikoek, bai Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren kargura finantzatutako funtsak eskuratu dituzten erakundeetako langileek.

2.– Ildo horretan, egiaztatzen bada II. eranskinean zerrendatutako kasuren bat gertatu dela, inguruabar hori iruzur-zantzutzat har daiteke.

5. artikulua.– Erakunde onuradunen eskakizunak.

1.– Agindu honetan xedatutako laguntzak jaso ahal izango dituzte Espainiako Liburutegien Direktorioan liburutegi publikoei dagokien tipologiaren barruan sailkatuta agertzen diren liburutegi publikoetako titular diren toki-erakundeek. Direktoriora Kultura eta Kirol Ministerioaren webgunetik sartu behar da: http://directoriobibliotecas.mcu.es

Funtsak jasotzen dituzten liburutegiek nahitaez hartu beharko dute parte Espainiako liburutegi publikoei buruzko urteko datu-bilketan.

2.– Eskakizun hauek ere nahitaez bete behar dira:

a) Dirulaguntza jasoko duten liburutegiak Euskadiko Irakurketa Sare Publikoaren katalogo informatikoaren barruan sartuta egotea.

b) Erakunde eskatzaileak paperezko liburuak erostera bideratzea, gutxien-gutxienez, dirulaguntzaren bidez jasotako diru kopurua.

c) Erositako liburuen % 50, gutxienez, gaztelaniaz idatzita egotea. Gainerakoak euskaraz egon daitezke. Gainera, posible izango da dirulaguntzaren % 10 Euskal Autonomia Erkidegoan ofizialak ez diren atzerriko beste hizkuntza ofizial batzuetan idatzitako liburuak erostera bideratzea.

d) Erositako liburuen artean, nahitaez egon beharko dira irakurketa errazeko eta/edo letra handiko liburuak.

e) Erositako liburuak 2023ko abenduaren 31 baino lehen sartu beharko dira bildumako katalogo bibliografikoan, eta gutxienez 5 urtez mantendu beharko dira bertan. Halaber, ale bakoitzari alta ematen zaionean, nahitaezkoa izango da jatorriari buruzko etiketan «NEX» (Next Generation) jartzea, dirulaguntza horren bidez eskuratutako funtsak identifikatze aldera.

f) Laguntza honen xede diren materialen hornitzaileak hautatzeko, lehentasuna izango dute txikizkako merkataritzara dedikatzen diren udalerriko enpresek.

3.– Aurreko apartatuan aurreikusitakoaz gainera, erakunde eta pertsona onuradunek eskakizun hauek bete beharko dituzte:

a) Egunean izatea beren zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak.

Deialdi honen organo kudeatzaileak egiaztatuko du, automatikoki, dirulaguntza eskatu duten pertsonek edo erakundeek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituztela, eta horretarako ez du pertsona horien oniritzia beharko, halaxe xedatzen du-eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginak, zeina azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaz onartu baitzen. Hala ere, erakunde interesdunek beren-beregi uko egin ahal izango diote egiaztapen hori egiteari, eta, kasu horretan, dagokion egiaztagiri eguneratua aurkeztu beharko dute.

b) Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta edukitzea.

4.– Hauek ezin izango dituzte agindu honetan araututako dirulaguntzak jaso:

a) Dirulaguntzak edo laguntza publikoak eskuratzeko aukera ukatzen dien zehapen administratibo edo penalen bat edo dirulaguntzak jasotzeko legezko debekuren bat duten enpresa eskatzaileek, sexuaren bereizkeriaren ondoriozkoak barne, bat etorriz Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabeko bizitzak lortzeko otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetako seigarrenean xedatutakoarekin.

b) Estatuko araudiari jarraikiz, indarrean dagoen berdintasun-plan bat eduki beharko luketen baina ez daukaten enpresek; eta sexu-jazarpena edo sexuagatiko jazarpena prebenitzeko eta horri aurre egiteko neurriak emakumeen eta gizonen berdintasuna bermatzeko Estatuko legerian ezarritako moduan hartu dituztela egiaztatu ezin duten 50 langiletik gorako enpresek, bat etorriz azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onetsi zen Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.5 artikuluan xedatutakoarekin.

c) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan ezarritako gainerako inguruabarren batean dauden erakundeek.

6. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduketak eta gastuak.

1.– Diruz lagundu ahal izango da, soil-soilik, paperezko liburuak erostea, eta Euskadiko Irakurketa Publikoko Sareko liburutegietako liburu-funtsen katalogoan sartuko dira.

2.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluan ezarritakora egokituko dira. Zehazki, egindako gastutzat hartuko dira justifikatzeko epea amaitu aurretik egiazki ordaindu direnak.

3.– Erakunde onuradunak dirulaguntzaren xede den jarduera azpikontratatu dezake, betiere Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 29. artikuluan eta lege orokor hori garatzen duen Erregelamenduaren (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuak onartua) 68. artikuluan ezarritako baldintzak zorrotz betetzen badira. Dirulaguntza ematen duen organoak gorde egin behar ditu balizko kontratisten eta, hala badagokio, azpikontratisten datuak, baita funtsen azken onuradunenak ere, Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoari buruzko Erregelamenduaren 22.2.d) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Azpikontratazio-kontzeptutik kanpo gelditzen dira erakunde onuradunak dirulaguntza jaso duen jarduera bere kontura gauzatu ahal izateko egin behar dituen gastuak.

7. artikulua.– Eskaerak aurkezteko modua.

1.– Agindu honetan araututako eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

2.– Eskaerak bitarteko elektronikoen bidez aurkeztuko dira Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan. Eskaeraren inprimakira sartzeko esteka agindu honen 3.2 artikuluan aurki daiteke.

Erakunde eskatzaileek eskaera eta agiriak euskaraz edo gaztelaniaz aurkez ditzakete, nahi duten eran. Orobat, prozeduran zehar, erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezarritakoaren arabera.

8. artikulua.– Erakunde eskatzaileen eskakizunak egiaztatzea.

1.– Eskaera legez eratutako toki-erakundeek edo liburutegi publikoen alorrean eskumena dutenek egiten badute, beren helburuen artean liburutegi publikoaren zerbitzua edo eskumena elkarrekin kudeatzea dagoela egiaztatu beharko dute agirien bidez.

Eusko Jaurlaritzak lehendik baldin badauka agiri hori edo beste edozein administrazio publikok egin badu, eskatzaileak ez du zertan berriro aurkeztu, baina zer prozeduratan eta zer organori aurkeztu zion adierazi beharko du.

2.– Eskaera formatu elektronikoan egiteko inprimaki-ereduak barne hartuko ditu beharrezko erantzukizunpeko adierazpenak, honako alderdi hauei buruzkoak:

– Adierazi beharko da helburu bererako dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo beste baliabide batzuk eskatu, eta, hala badagokio, jaso direla beste administrazio edo erakunde publiko zein pribatu batzuetatik.

– Dirulaguntza publikoak eskuratu ahal izateko zigor penal edo administratiboren baten edo horretarako ezgaitzen duen lege-debekuren baten eraginpean ez egotea, ezta sexu-bazterkeriagatik zigortuta ere, Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabeko bizitzak lortzeko otsailaren 18ko 4/2005 Legean xedatutakoaren arabera.

– Erakunde eskatzailea ez sartuta egotea Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 artikuluan ezarritako gainerako debekuetako batean.

– Adierazi beharko da eskaeran eta dokumentazioan jasotako datuak egiazkoak direla eta laguntza hauen onuradun izateko indarrean den araudian ezarritako eskakizunak betetzen dituela.

– Adierazi beharko da betetzen direla Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartua) 50.5 artikuluan ezarritako eskakizunak, Emakume eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabeko bizitzak lortzeko otsailaren 18ko 4/2005 Legea bigarrenez aldatzen duen martxoaren 3ko 1/2022 Legearen azken xedapenetako laugarrenak emandako idazketan.

– Adierazi beharko da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo beren organismo autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan, itzulketa- edo zehapen-prozeduraren batean sartuta dagoen, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onetsi zen Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.4 artikuluan xedatutako ondoreetarako.

9. artikulua.– Europar Batasuneko Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoaren bidez finantzatutako dirulaguntza-eskaerarekin batera aurkeztu beharreko dokumentazio osagarria.

Eskaerarekin batera, dokumentazio orokorrari erantsiko zaion dokumentazio osagarri hau ere aurkeztu beharko da:

a) Onuradunaren eta, hala badagokio, azpikontratatzaileen titulartasun errealaren identifikazioa. Identifikatzeko, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2015eko maiatzaren 20ko 2015/849 (EB) Zuzentarauaren 3. artikuluko 6. puntuan xedatutakoa beteko da, irailaren 29ko HFP/1031/2021 Aginduaren 10. artikuluan ezartzen denari jarraikiz, Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoari buruzko Erregelamenduaren 22. artikuluari dagokionez.

b) «Kalte nabarmenik ez eragiteko» («do not significant harm – DNSH») printzipiora egokitu izanaren erantzukizunpeko adierazpena, Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoari buruzko Erregelamenduaren 2. artikuluko 6) apartatuan xedatzen den moduan. Erantzukizunpeko adierazpen hori formalizatzeko, agindu honen III. eranskineko konpromiso-adierazpena sinatu behar da.

c) Interes Gatazkarik Ez izatearen Adierazpena (IGEA), agindu honetako IV. eranskinean ezarritako baldintzetan.

d) Dirulaguntza eman duen administrazioak onartutako Iruzurraren aurkako Neurrien Plana baldintzarik gabe eta inolako erreserbarik gabe onartzeko adierazpena (2022ko apirilaren 13ko EHAA, 74. zk.), Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariaren apirilaren 6ko 40/2022 Ebazpenaren arabera (V. eranskina). Balizko onuradunak hautatzeko prozesuan edo baldintzak betetzen direla egiaztatzeko prozesuetan parte hartzen duten pertsonek adieraziko dute osorik eta inolako erreserbarik gabe ezagutzen eta onartzen dituztela 2022ko martxoaren 29ko Gobernu Kontseiluaren Erabaki bidez onetsitako «Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana egikaritzeko eskatzen diren iruzurraren aurkako borrokari, interes-gatazkei, finantzaketa bikoitzari eta estatu-laguntzei buruzko eskakizunak eta ingurumenari kalte nabarmenik ez egitekoak betetzeko neurrien planaren» baldintzak.

e) Auditoretza egiteko eta funtsen erabilera kontrolatzeko inplikatuta dauden administrazio publikoen artean datuak lagatzea eta tratatzea onartzeko adierazpena, indarrean dagoen araudiaren arabera. VI. eranskina.

f) Batzordearen, Iruzurraren aurka Borrokatzeko Europako Bulegoaren (aurrerantzean, OLAF), Europako Kontuen Auzitegiaren, Europako Fiskaltzaren eta Estatuko agintaritza eskudunen sarbiderako berariazko baimena, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2018ko uztailaren 18ko 2018/1046 (EB, Euratom) Erregelamenduaren (aurrerantzean, Finantza Erregelamendua) 129. artikuluko 1. apartatuan aitortutako eskubideak balia ditzaten, bat etorriz Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoari buruzko Erregelamenduan xedatutakoarekin (VII. eranskina).

Horren harira, ohartarazi behar da erakunde onuradunen datuak Benetako Titulartasunen Erregistroan sartuko direla. Alor horretan eskumena duten Administrazioak sar daitezke hor, eta bertan dagoen informazioa Europako Funtsen sistemari laga dakioke.

10. artikulua.– Laguntzen kudeaketa.

Kultura Ondarearen zuzendariari dagokio agindu honen bidez araututako dirulaguntzak kudeatzeko egin beharrekoak egitea.

11. artikulua.– Akatsak zuzentzea.

1.– Ikusiz gero eskaera izapidetzea onartzeko behar diren dokumentuak falta direla edo haietan akats formalak daudela edota balioesteko aurkeztutako dokumentuetan akatsak daudela, erakunde interesdunari hamar egun balioduneko epean akatsak zuzentzeko edo behar diren dokumentuak aurkezteko eskatuko zaio, eta adieraziko zaio horrela egiten ez badu eskaeran atzera egin duela edo izapiderako eskubidea galdu duela ulertuko dela, ebazpena eman ondoren.

2.– Erakunderen batek aurrez aurre aurkezten badu eskaera, bide elektronikoz aurkeztu beharra jakinaraziko zaio. Ondorio horietarako, eskaera benetan bide horren bitartez gauzatu den eguna joko da eskaeraren aurkezpen-datatzat.

12. artikulua.– Eskaerak ebaluatzea.

Kultura Ondarearen zuzendariari dagokio aurkeztutako eskaerak aztertu eta ebaluatzea, bai eta dagokion ebazpen-proposamena egitea eta Kulturako sailburuordeari helaraztea ere.

13. artikulua.– Dirulaguntzen zenbatekoak zehazteko prozedura.

1.– Dirulaguntzak lehiarik gabeko prozeduraren bidez esleituko dira, eta eskaerak xedatutako epean eta moduan egiteaz gain, ezarritako eskakizun subjektiboak eta objektiboak betetzen dituzten guztiek jaso ahalko dituzte deialdiaren xede diren laguntzak.

Agindu honen 2. artikuluan zehaztutako zuzkidura ekonomikoa laguntzak eskuratu ahal izateko ezarritako eskakizun eta baldintza guztiak betetzen dituzten eskatzaileen artean banatuko da.

2.– Laguntzaren zenbatekoak diruz lagundu daitezkeen gastuen % 100 har dezake, jarraian azalduko den kalkulu-erregelaren arabera.

Hasteko, 1.500,00 euro emango zaizkio liburutegi eskatzaile bakoitzari. Hori egin eta gero 575.460,75 eurora arte sobera geratzen den zenbatekoa 2.000 biztanle baino gehiago dituzten herriei zerbitzu ematen dieten toki-erakundeen artean banatuko da, honela:

Biztanleria homologatuaren P balio bat ezarriko zaie onuradunei, liburutegi bakoitzak artatzen duen biztanle kopuruaren arabera:

(Ikus .PDF)

Formula hau aplikatuta kalkulatuko da dirulaguntzarako:

– Dirulaguntza kalkulatzeko formula = DK * P / PB

– Formulan agertzen diren elementuak:

• DK: Erakunde onuradun bakoitzari 1.500,00 euro eman eta gero sobera geratzen diren baliabide ekonomikoak.

• P: Biztanleria homologatua.

• PB: Erakunde onuradun guztien P balioaren batura.

Formula aplikatzetik ateratzen den kopurua 1.500,00 euroei gehituko zaie, eta hori izango da emandako dirulaguntzaren guztirakoa.

3.– Dirulaguntza osoa erabili beharko da.

14. artikulua.– Prozedura kudeatzea eta ebaztea.

1.– Kulturako sailburuordeari dagokio, Kultura Ondarearen zuzendariak egindako proposamena ikusita, deialdi honetako esleipen-ebazpenak ematea. Ebazpen horietan, honako informazio hau adieraziko da: eskatutako dirulaguntza ematea, ukatzea eta, hala badagokio, ez onartzea; ematen bada, erakunde onuradunaren izen soziala eta emandako dirulaguntzaren zenbatekoa adieraziko dira. Ukatu eta onartu ez diren laguntzen kasuan, eskatzaileen izena edo izen soziala eta ukoa edo onartu ez izana arrazoitzen duten zergatiak azalduko dira.

2.– Hartutako ebazpenak bide elektronikoz jakinaraziko zaizkie erakunde interesdunei, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira. Errekurtsoak aurkezteko kontuan hartu beharreko data lehenik egiten den jakinarazpen edo argitalpenarena izango da.

Ebazpena bide elektronikoz jakinarazi eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeaz gainera, abisu bat bidaliko da interesdunak adierazitako gailu elektronikora edo posta elektronikoko helbidera, jakinarazpena egoitza elektronikoan eskuragarri duela aditzera emateko. Abisu hori ez emanagatik ere, jakinarazpena guztiz baliozkoa izango da.

3.– Aurreko paragrafoan aipatzen den ebazpenak ez dio administrazio-bideari amaiera ematen, eta, beraren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote interesdunek Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, hilabeteko epean jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik aurrera, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluekin.

4.– Prozedura ebazteko eta ebazpena pertsona interesdunei jakinarazteko gehieneko epea sei hilekoa izango da, deialdiaren agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; epea igaro eta ebazpenik jakinarazi ez bada, dirulaguntzen eskaera ezetsi egin dela ulertu beharko dute interesdunek, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onetsi zen Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 51.9 artikuluan xedatutako ondoreetarako.

5.– Aurreko paragrafoan esandakoa gorabehera, baldin eta agindu honen 11. artikuluan xedatutakoa aplikatu behar bada, ebazpena emateko epea eten egingo da izapide horrek eskatzen duen bezainbat denboraz, jakinarazpena jaso eta horri erantzuteko epearen arabera. Hori guztia ezertan eragotzi gabe Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluan xedatutakoa.

6.– Erakunde onuradunak izapidetzen ari den itzulketa-prozedura bat badu, prozedura hori amaitzearen mende egongo da dirulaguntza ordaintzea, eta, itzulketa-prozedura amaitutakoan, enpresak itzultzeko betebeharra badu, ordainketa soilik egin ahal izango da baldin eta erakunde horrek borondatezko aldian ordaintzen badu zorra, edo geroratu eta bermatzen badu, edo itzulketa-ebazpena aurkaratzean hura etetea erabakitzen bada. Kasu horietatik kanpo, erakundeak ezingo du onuradun izan, dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordaindu gabe izateagatik, bat etorriz Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Diru-bilketarako Erregelamendu Orokorra onartzen duen urtarrilaren 12ko 1/2021 Dekretuaren lehenengo xedapen gehigarriarekin.

15. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

Honako betebehar hauek izango dituzte agindu honen bidez deitzen diren dirulaguntzen erakunde onuradunek:

a) Esleitutako dirulaguntza onartzea. Alde horretatik, dirulaguntza eman zaiela aditzera ematen duen jakinarazpena jaso eta hamabost egun balioduneko epean ez badiote dirulaguntzari espresuki uko egiten, onartu egin dutela ulertuko da.

b) Dirulaguntza ematea eragin duen erosketa 2022ko abenduaren 31 baino lehen egitea.

c) Dirulaguntza eman duen erakundeari justifikatzea emate hori eragin duten edo laguntzaz baliatzea eragin duten baldintzak eta eskakizunak betetzen direla eta jarduera bera aurrera eraman dela. Eskakizun horien artean, erakundeak egunean izan behar ditu zergen alorreko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, eta ordainduta eduki behar ditu dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak.

d) Laguntza eman duen erakundeak egiten dituen egiaztapenen mende eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoak egiten duen ikuskaritzaren mende egotea, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura eskuratzen diren laguntza edo dirulaguntzei dagokienez, eta, gainera, Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren araudi bereziko neurrien mende ere egotea.

e) Beste edozein administraziok, erakunde publikok edo pribatuk helburu bererako emandako dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak eskuratuz gero, horren berri ematea dirulaguntza eman duen erakundeari. Beste erakunde publiko zein pribatu batzuei xede berarekin dirulaguntzarik eskatu bazaie eta, agindu honetan deitzen diren dirulaguntzen eskaera egiteko unean, erabakitzeke bazeuden edo haien egoeraren berririk ez bazen, laguntza horien egoera zein den adierazi behar da.

f) Dirulaguntza jasotzeko kontuan hartu zen egoera objektiboren edo subjektiboren aldaketa oro jakinaraztea dirulaguntza eman duen erakundeari.

g) Sexismorik gabeko hizkera erabiltzea, Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabeko bizitzak lortzeko otsailaren 18ko 4/2005 Legeak agintzen duenari jarraikiz. Gizon eta emakumeen rolei dagokienez, erabilera estereotipaturik ez dagoela bermatzea.

h) Dirulaguntza agindutako helburu zehatzerako erabiltzea.

i) Oro har, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.2 artikuluan (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartua) eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluetan jasotakoak.

j) Laguntza hauen onuradun izateak berekin dakar funtsak 2023ko abenduaren 31 baino lehen Euskadiko Irakurketa Publikoaren Sarearen Katalogoan sartzeko betebeharra.

k) Laguntzak eman dituen Administrazioak nahiz Estatuko eta Europako gainerako autoritateek finantzaketaren jatorriagatik ezartzen dituzten betebehar guztiak betetzea.

16. artikulua.– Onuradunen betebehar bereziak, Europar Batasunaren Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoa finantzatzeari dagokionez.

Onuradunek, gainera, Europar Batasunaren Suspertze eta Erresilientzia Mekanismotik eratorritako funtsen bidezko finantzaketari buruzko Europako eta Estatuko betebeharrak bete beharko dituzte. Horretarako, betebehar hauek izango dituzte, zehazki:

a) «DNSH – Do Not Significant Harm Printzipioa» (ingurumenari kalte nabarmenik ez eragiteko printzipioa) erabat betetzen dela bermatzea, honako hauek ezarritakoarekin bat: Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana; Kontseiluaren Exekuzio Erabakia, Espainiako Suspertze eta Erresilientzia Planaren ebaluazioa onartzeari buruzkoa (Council Implementing Decision – CID); Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoari buruzko Erregelamendua, eta irailaren 29ko HFP/1030/2021 Aginduaren 5. artikulua (aginduak Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren kudeaketa-sistema eta hura garatzeko araudia eratzen ditu, proiektuen diseinuaren eta exekuzioaren fase guztietan eta jarduera bakoitzerako banaka).

b) Interes-gatazkarik, iruzurrik eta ustelkeriarik ez dagoela bermatzea, eta baldintzarik eta erreserbarik gabe onartzea dirulaguntza eman duen administrazioak onartutako Iruzurraren aurkako Neurrien Plana (iruzurrak, ustelkeria eta interes-gatazkak prebenitzeari, aurkitzeari eta zuzentzeari dagokionez). Hala, horren xedapenen mende egongo da erabat, eta guztiz beteko ditu autonomia-erkidegoko, Estatuko eta Europako araudiak, bai eta Europar Batasuneko erakundeek beren finantza-interesak babesteari buruz hartzen dituzten erabakiak ere.

c) Onuradunak dirulaguntzak ematen dituen administrazioari jakinarazi beharko dio helburu bererako beste dirulaguntza edo laguntza batzuk jaso dituela Estatuko edo nazioarteko beste edozein administrazio edo erakunde publikotatik, baina kostu beraren gaineko finantzaketa bikoitzik izan gabe.

d) Europako Batzordeak, OLAFek, Europako Kontuen Auzitegiak eta Europako Fiskaltzak ezarritako kontrolak onartzea. Horretarako, dirulaguntzari buruz eskatutako informazio guztia emango zaie organo horiei, Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoari buruzko Erregelamenduaren 22.2.e) artikuluan ezarritakoa betetzeko.

e) Europako Batzordeari, OLAFi, Kontuen Auzitegiari eta, hala dagokionean, Europako Fiskaltzari, Finantza Erregelamenduaren 129. artikuluaren 1. apartatuak aitortzen dizkien eskubideak egikaritzeko baimena ematea; eta Suspertze eta Erresilientzia Planean sartutako erreformak eta inbertsio-proiektuak aplikatzeko neurrietarako ordaindu diren funtsen azken hartzaile guztiak behartzea, edo aplikazioan esku hartzen duten gainerako pertsona edo erakunde guztiak behartzea.

f) Jasotako funtsen aplikazioa justifikatzen duten dokumentuak, barne hartuta dokumentu elektroniko guztiak, bost urtez babestea eta gordetzea, posible izan dadin egiaztapen- eta kontrol-jarduerak egitea. Finantzaketa 60.000 eurokoa edo txikiagoa bada, hiru urtez gorde beharko dira, bat etorriz Finantza Erregelamenduaren 132. artikuluan eta Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoari buruzko Erregelamenduaren 22.2.f) artikuluan ezarritakoarekin.

g) Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren kudeaketa-sistema zehazten duen irailaren 29ko HFP/1030/2021 Aginduaren 9. artikuluak ezarritako komunikazio-betebeharrak betetzea. Bereziki, inbertsioen jarduerei buruzko informazio- eta komunikazio-neurrietan (informazio-kartelak, plakak, argitalpen inprimatuak zein elektronikoak, ikus-entzunezko materiala, web-orriak, prentsako iragarkiak eta txertaketak, ziurtagiriak, etab.), honako logoak sartu beharko dira:

a) Europar Batasunaren ikurra.

b) Batasunaren ikurrarekin batera, «Europar Batasunaren Next Generation EUk finantzatua» testua.

c) 821/2014 Exekuzio Erregelamenduaren II. eranskinean ezarritako arau grafiko eta kolore normalizatuak hartuko dira kontuan.

h) Identifikazio-datuak datu-base bakarrean sartzea, Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoari buruzko Erregelamenduaren 22.2.d) artikuluan eta Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana kudeatzeko sistema eratzen duen irailaren 29ko HFP/1030/2021 Aginduaren 8. artikuluan adierazitakoaren arabera.

17. artikulua.– Dirulaguntzaren jarraipena, kontrola eta ebaluazioa.

1.– Agindu honetan araututako laguntzak emateko ezarritako baldintzak bete direla eta aurreikusitako helburuak lortu direla justifikatzeko, Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorraren 30. artikuluan eta hura garatzen duen Erregelamenduaren 72. eta 75. artikuluetan ezarritako prozedurak erabiliko dira, eta abenduaren 30eko 36/2020 Errege Lege Dekretuaren 63. artikuluan aurreikusitako neurri bereziak aplikatuko dira, bai eta, hala badagokio, Europar Batasuneko araudi aplikagarria ere.

2.– Erakunde onuradunak zenbait egiaztatze-jardueraren mende egongo dira: dirulaguntza ematen duen administrazioak egindakoen, Kontu-hartzailetza Nagusiari dagozkion finantza-kontrolekoen, eta Kontuen Auzitegiaren legerian aurreikusitakoen mende, bai eta Batzordeak eta Europako Erkidegoetako Kontuen Auzitegiak, OLAFek, Estatuko Auditoretza Bulegoak eta, hala dagokionean, Europako Fiskaltzak egin ditzaketenen mende ere.

3.– Edonola ere, oinarriotan arautzen diren dirulaguntzak Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planerako ezarritako jarraipen eta kontrolaren mende egongo dira, eta barneko araudian eta Europar Batasunekoan EBren Suspertze eta Erresilientzia Mekanismorako informazio eta publizitateari, kontrolari, egiaztapenari, jarraipenari, ebaluazioari eta gainerakoari buruz ezarritako betebehar espezifikoak izango dituzte, nahitaez aplikatzekoak badira.

18. artikulua.– Ordainketa.

1.– Emandako dirulaguntzak ordainketa bakarrean helaraziko zaizkie erakunde onuradunei, esleipen-ebazpena eman eta gero, dirulaguntzaren gehieneko kopurura arte.

2.– Erakunde onuradunak izapidetzen ari den itzulketa-prozedura bat badu, prozedura hori amaitzearen mende egongo da dirulaguntza ordaintzea, eta, itzulketa-prozedura amaitutakoan, enpresak itzultzeko betebeharra badu, ordainketa soilik egin ahal izango da baldin eta erakunde horrek borondatezko aldian ordaintzen badu zorra, edo geroratu eta bermatzen badu, edo itzulketa-ebazpena aurkaratzean hura etetea erabakitzen bada. Kasu horietatik kanpo, erakundeak ezingo du onuradun izan, dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordaindu gabe izateagatik, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Diru-bilketarako Erregelamendu Orokorra onartzen duen urtarrilaren 12ko 1/2021 Dekretuaren lehenengo xedapen gehigarriaren arabera.

3.– Ez da inolako ordainketarik egingo onuradunak ez baditu egunean zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak.

4.– Ezinbestekoa da Ekonomia eta Ogasun Saileko Hirugarrenen Erregistroan erregistratuta egotea dirulaguntzaren ordainketa egin ahal izateko. Erregistratuta egon ezean, edo Ogasun eta Ekonomia Saileko Hirugarrenen Erregistroan dauden banku-datuak aldatu nahi izanez gero, helbide honetan egin behar da alta edo aldaketa: https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/

19. artikulua.– Justifikazioa eta likidazioa.

1.– Bide telematikoen bidez baino ez dira aurkeztuko dirulaguntza justifikatzeko agiriak, 2022ko abenduaren 31 baino lehen.

2.– Ezarritako justifikazio-epea bukatu eta justifikaziorik aurkeztu ez bada eskumena duen administrazio-organoaren aurrean, organo horrek onuradunari eskatuko dio hamabost egun balioduneko epean aurkezteko. Epe hori ezin izango da luzatu. Ezarritako epe berri horretan justifikaziorik aurkezten ez bada, ordaindutako zenbatekoak itzuli egin beharko dira, eta dirulaguntza jasotzeko eskubidea galdu dela adieraziko da, azaroaren 17ko 38/2003 Legea garatzen duen Erregelamenduaren 70.3 artikuluaren arabera. Horrez gain, bidezkoa bada, dagokion zehapen-prozedura irekiko da.

3.– Edonola ere, kasu guztietan izango da aplikagarria Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 30. artikuluan xedatutakoa, baita abenduaren 30eko 36/2020 Errege Lege Dekretuaren (Administrazio Publikoa modernizatzeko eta Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana egikaritzeko premiazko neurriak onartzen dituena) 63. artikuluan xedatutako berezitasunak ere, Europako Funtsen erabilerarekin zerikusia duten dirulaguntzak direlako.

4.– Laguntzak justifikatzeko, honako dokumentu hauek aurkeztu behar dira:

– Kontu-hartzailearen edo, hala badagokio, idazkari kontu-hartzailearen «Justifikazio-egiaztagiria». Administrazio-prozeduraren informazio-fitxan dago eskuragarri, helbide honetan: www.euskadi.eus/servicios/1220601. Honako datu hauek jaso beharko dira bertan: Hornitzailearen izena, faktura-zenbakia, jaulkitze-data eta fakturaren ordainketa-data, faktura horren bidez erositako liburuen kopurua eta guztirako zenbatekoa.

– Faktura bakoitzean erositako liburuen zerrenda egiaztatuta, liburutegiko arduradunak edo erakundeko idazkariak sinatua.

– Erositako liburuen tituluak jasotzen dituzten fakturak.

5.– Bereziki, administrazio emaileek datu-kategoria harmonizatuak bilduko dituzte funtsen erabilera ikuskatu eta kontrolatzeko, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan erreformak eta inbertsio-proiektuak gauzatzeko neurriei dagokienez, formatu elektronikoan, bat etorriz Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoari buruzko Erregelamenduaren 22.2 d) artikuluan zehaztutakoarekin.

6.– Erakunde onuradunek finantzaketari buruzko egiaztagiriak eta gainerako agiriak formatu elektronikoan gorde beharko dituzte operazioa egin eta bost urteko epean, edo hiru urtekoan dirulaguntzaren zenbatekoa 60.000 eurotik beherakoa bada, Finantza Erregelamenduaren 132. artikuluan aurreikusitako moduan.

7.– Aurkeztutako agiriak jasota eta aztertuta, Kultura Ondarearen Zuzendaritzak likidatzeko ebazpen-proposamena egingo dio Kulturako sailburuordeari, zeinari baitagokio ebazpena ematea bi hilabeteko epean, justifikazioak aurkezteko epea amaitu eta hurrengo egunetik aurrera.

20. artikulua.– Ez-betetzeak.

1.– Honako hauek izango dira ez-betetzeak:

a) Jasotako dirulaguntza osoa edo zati bat agindu honetan adierazitako jarduerez bestelakoetan erabiltzea.

b) Agindu honetan ezarritako betebeharrak edo, dagokion kasuan, dirulaguntza emateko ebazpenean ezarritakoak ez betetzea.

c) Dirulaguntzen alorrean aplikatu daitekeen beste xedapen batek orokorrean ezarritako beste edozein betebehar ez betetzea; batik bat, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan xedatutako ez-betetzeak.

2.– Ez-betetzeren bat gertatuz gero, Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaizkio jasotako zenbatekoak –osorik edo partez– eta berandutze-interesak, honako hauetan ezarritako moduan eta aurretik bertan xedatutakoa beteta: azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onetsi zen Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horien itzulketei buruzko erregimen orokorra arautzen duena eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituena, bat etorriz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37.1 artikuluan eta uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onetsitako azaroaren 17ko 38/2003 Legearen Erregelamenduaren 92.1 artikuluan xedatutakoarekin.

3.– DNSH printzipioa betetzen ez bada, onuradunak ordura arte jasotako zenbatekoak itzuli beharko ditu, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritako moduan. Dekretu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren laguntzen bermeen eta itzulketen araubide orokorra arautzen da, eta kudeaketan parte hartzen duten entitate laguntzaileen betebeharrak, araubidea eta obligazioak ezartzen dira.

21. artikulua.– Iruzurraren, ustelkeriaren eta interes-gatazken arriskua prebenitzea.

1.– Balizko onuradunak hautatzeko prozesuan edo baldintzak betetzen direla egiaztatzeko prozesuetan parte hartzen duten pertsonek adieraziko dute osorik eta inolako erreserbarik gabe ezagutzen eta onartzen dituztela 2022ko martxoaren 29ko Gobernu Kontseiluaren Erabaki bidez onetsitako «Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana egikaritzeko eskatzen diren iruzurraren aurkako borrokari, interes-gatazkei, finantzaketa bikoitzari eta estatu-laguntzei buruzko eskakizunak eta ingurumenari kalte nabarmenik ez egitekoak betetzeko neurrien planaren» baldintzak.

2.– Aurreko apartatuan xedatutakoaren ondoreetarako, dirulaguntza emateko eskumena duen organoaren arduradunak, dirulaguntzaren oinarriak eta/edo deialdia idazten dituzten langileek, eskaerak ebaluatzen dituzten aditu eta batzordekideek, baita jarduera horietan Administrazioari laguntza eta aholkularitza ematen dioten erakunde pribatuetako pertsona fisiko guztiek ere, iruzurraren aurkako neurrien plana ezagutu eta onartu beharko dute.

3.– Aurreko apartatuetan aipatutako pertsonek Interes gatazkarik Ez izatearen Adierazpena (IGEA) ere beteko dute, VIII. eranskinean jasotako ereduarekin bat etorriz, hala egin behar dela ezartzen baita Finantza Erregelamenduaren 61.3 artikuluan eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan.

4.– Interes-gatazka eragin dezakeen kausaren batean dauden agintariek eta langileek ez dute prozeduretan parte hartuko. Norbaitek uste badu interes-gatazkaren bat egon daitekeela, hierarkian gorago dagoenari jakinaraziko dio, idatziz; zerbitzu juridikoek txostena egingo dute, eta hartu beharreko erabakia hartuko da.

5.– Kontrol Ekonomikoko Bulegoak, bere kabuz edo Estatuko Administrazioko Kontu-hartzailetza Nagusiarekin lankidetzan (III. maila), interes-gatazkak prebenitzeko, antzemateko eta zuzentzeko neurri egokiei buruzko auditoretza espezifikoak egin ahal izango ditu.

6.– Interes-gatazka bat hautematen denean, kasuan kasuko legezko arau eta barne-erregelamendu aplikagarrien araberako neurriak hartuko dira. Era berean, interes-gatazkaren egoeraren berri eman beharko da gardentasun-printzipioa betetzeko.

22. artikulua.– Datuen babesari buruzko oinarrizko informazioa.

Datu pertsonalak tratatu egingo dira, eta izen hau duen tratamendu-jardueran sartuko: Kultura-ondarearen alorreko laguntzak eta dirulaguntzak.

– Arduraduna: Kultura Ondarearen Zuzendaritza, Kultura eta Hizkuntza Politika Saila.

Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz, Araba

Telefonoa: 945 01 80 00

Web-orria: https:/euskadi.eus

– Helburua: Kultura-ondarearen alorreko laguntzak eta dirulaguntzak kudeatzea.

– Legitimazioa: interes publikoan edo tratamenduaren arduradunari emandako ahalmen publikoak erabili bitartean eginkizun bat betetzeko behar den tratamendua.

– Hartzaileak: alor honetan eskumena duten administrazioak.

– Eskubideak: datuak kontsultatzeko, zuzentzeko eta deuseztatzeko eskubidea duzu, bai eta informazio gehigarrian jasotzen diren beste eskubide batzuk ere.

– Informazio gehigarria: Datuen babesari buruzko informazio gehigarri zehatza web-orri honetan kontsultatu dezakezu: https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/026100-capa2-eu.shtml

Araudia:

Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra (eur-lex.europa.eu/legal-content/ES/TXT/HTML/?uri=CELEX:32016R0679&from=ES)

– 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzkoa (www.boe.es/buscar/doc.php?id=BOE-A-2018-16673)

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Errekurtsoak.

Agindu honek administrazio-bideari amaiera ematen dio, eta, beraren aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete interesdunek Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, Administrazioarekiko Auzien Salan bi hileko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Argitalpena.

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko irailaren 28a.

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,

BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.

I. ERANSKINA
ETIKA- ETA JOKABIDE-KODEA

Euskal Autonomia Erkidegoko Sektore Publikoko enplegatu publikoek, onuradunak eta/edo dirulaguntzen programa honetan onuradun izan den enpresako langileek eta dirulaguntza exekutatzeko (eta betiere deialdiko oinarriek horretarako aukera ematen badute) azpikontratatu daitezkeen balizko langileek, denek, dute herritarrei zerbitzu emateko, interes orokorrak defendatzeko eta esleitu zaizkien zereginak modu arduratsuan betetzeko konpromisoa, Konstituzioan eta gainerako ordenamendu juridikoan ezarritakoaren menpean eta hura betez.

Honako hauek dira beren jardunean bete behar dituzten printzipioen oinarriak:

a) Konstituzioa eta ordenamendu juridikoa osatzen duten gainerako arauak errespetatzea.

b) Herritarren interes orokorrak betetzea, inpartzialtasuna eta guztiontzako interesa lortzera doazen jarraibide objektiboak oinarri hartuta, printzipio horren aurkakoak izan daitezkeen jokabide guztiak erabat alde batera utzita, pertsonalak, familiartekoak, korporaziokoak, bezeroei dagozkienak edo beste edozein izan.

c) Zerbitzu ematen duten Administrazioarekiko leialtasuna eta fede ona, enplegatu publikoen kasuan, edo hautatutako proiektuaren exekuzioa lagundu duen Administrazioarekikoa, onuradunaren kasuan; baita beren nagusiekikoa, lankideekikoa eta herritarrekikoa ere.

d) Oinarrizko eskubideak eta askatasun publikoak errespetatzea, era guztietako bereizkeriak saihestea, jaiotza, arraza edo etnia, generoa, sexua edo orientazio sexuala, erlijioa edo erlijio-sinesmenak, iritzia, desgaitasuna, adina edo bestelako egoera edo inguruabar pertsonal nahiz sozialak direla-eta, sor litezkeenak.

e) Interes pertsonala duten gaietan ez sartzea, ezta interes-gatazkak sor ditzaketen jarduera pribatu edo interes pribatuetan ere, enplegatu publikoen kasuan, beren lanpostu publikoarekiko interes-gatazkak sor baditzakete edo, onuradunaren kasuan, proiektuaren xede-prestazioarekikoak.

f) Ez hartzea beren gain ez obligazio ekonomikorik, ez ondare-obligaziorik, eta ez esku hartzea finantza-eragiketetan eta pertsona fisiko edo juridikoak tartean dituzten negozio juridikoetan, horrek interes-gatazkak sor ditzakeelako beren lanpostu publikoarekiko, enplegatu publikoen kasuan, edo proiektuaren exekuzioarekiko, onuradunaren kasuan.

g) Ez onartzea pertsona fisiko nahiz juridikoengandik mesede-traturik, ezta bidezko arrazoirik gabeko pribilegioa edo abantaila dakarren egoerarik ere.

h) Beren jarduketa guztietan efikazia, ekonomia eta efizientzia sustatzea, eta dagokion autoritate publikoaren helburuak betetzeko, interes orokorra bilatzea.

i) Saihestea administrazio-izapide edo -prozeduretan justifikatutako arrazoirik gabeko eragin negatiboa izatea, baita horrek interes partikularren aldeko pribilegioak dakartzanean ere, hirugarrenen interesak kaltetuta.

j) Berez dagozkien edo esleitzen zaizkien zereginak arduraz betetzea, ezarritako epeak beteta.

k) Zerbitzu publikoa ematea, enplegatu publikoen kasuan, eta interes orokorreko proiektuaren xedea betetzea, onuradunaren kasuan, interes publikoaren aurka doazen jokabideak eta zerbitzu publikoen neutraltasuna zalantzan jar dezaketen gainerako jokabide guztiak saihestuta.

l) Sailkatuta dauden gaiak edo legez zabalkundea debekatuta dutenak sekretupean gordetzeko betebeharra errespetatzea, eta behar besteko zuhurtasunez jokatzea beren kargua edo dirulaguntza honen xede den prestazioaren exekuzioa dela-eta ezagutzen dituzten gaiei buruz. Eskuratu duten informazio hori ezin izango dute erabili ez beren mesederako, ez hirugarren batzuenerako, ezta interes publikoaren kalterako ere.

Enplegatu publikoei dagokienez, printzipio horiek guztiak Administrazio Publikoen zerbitzura dauden funtzionarioen eta lan-kontratudunen estatutu-erregimena arautzen duten lege-testuetan daude jasota: Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren Legearen testu bategina, zeina urriaren 30eko 5/2015 Legegintzako Errege Dekretuaz onartu baitzen; eta 6/1989 Legea, uztailaren 6koa, Euskal Funtzio Publikoari buruzkoa.

Gainera, goi-karguen ekintzak –publikoak nahiz pribatuak– bat etorri behar dira gobernu onaren balio, printzipio eta estandarrekin. Horrek berekin dakar aurreko paragrafoetan xehe-xehe jasotako printzipio guztiak betetzeaz gain, ustelkeria, iruzur, arbitrariotasun, inkonpetentzia, xahuketa eta inefikazia eta inefizientzia mota oro saihestea, eta parte-hartze demokratikoan, gardentasunean, kontu-ematean eta legeen betetzean inspiratutako erabaki-hartze prozesuak eta politikak ezartzea.

Laburbilduz, xedea da goi-kargudunek jokabide eredugarria izatea beren jarduketa guztietan eta instituzioen irudi ona babestea, herritarrek instituzio horiengan duten konfiantza indartzeko. Horrez gain, etengabeko hobekuntzarako inplikazioak eta esfortzuak dakarren bikaintasuna ere bilatzen da, herritarrek hartzen diren erabaki publikoetan eta zerbitzu publikoak hornitu eta ematean dituzten exijentziak erabat asetze aldera. Efizientziaz jardun behar da, erakundean eta erakundearentzat lan egiten duten pertsonen helburuen bat-etortzea bilatuta.

Bada, instituzioen kalitatearen hobekuntza bilatu behar da politikaren eta kudeaketaren arteko lankidetza estuaren bidez. Horretarako, ezinbestekoa da goi-zuzendaritza exekutiboko, eta zuzendaritzetako eta tarteko mailetako politikarien artean estrategia, helburu eta baliabide egokiak ezartzea, baita Administrazioan edo Administrazioarentzat lan egiten duten pertsonen artean ere, adibidez, dirulaguntza honen xedearen exekuzioan. Modu horretan, beharrezkoa da proiektuak eta informazioa partekatzea, konfiantza eta taldean lan egiteko giroa sortzea, eta ideiak eta ekintza sustatzea, Gobernu-programa garatzeko eta, horrenbestez, interes orokorreko beharrizanak artatzeko.

II. ERANSKINA
IRUZURRA GERTATU DEN ZEHAZTEKO ADIERAZLEEN KATALOGOKO KONTROL-ZERRENDA (BANDERA GORRIAK)

Bandera gorriak balizko iruzurraren zantzuak dira; hau da, bandera gorri bat egoteak ez du nahitaez esan nahi iruzurra gertatu denik, baina aditzera ematen du jarduera-alor jakin batek arreta berezia behar duela balizko iruzurra baztertu edo konfirmatzeko.

1.– Iruzurra dirulaguntzetan

1.1.– Ustelkeria, eroskeria eta legez kontrako komisioak

Iruzur-adierazleak:

a) Harreman sozial estua egotea balorazio-batzordeko kide baten eta laguntzaren eskatzaile edo onuradun baten artean.

b) Administrazio-emaileko enplegatu baten ondarea arrazoirik gabe edo bat-batean handitzea.

c) Eskatzaileak edo onuradunak eroskeriak ordaintzen dituelako fama izatea sektorean.

d) Administrazio-emaileko enplegatu batek dirulaguntzak ematearekin zerikusirik ez duen lanpostu baterako promozioari uko egitea.

e) Administrazio-emaileko enplegatu batek Interes-gatazkarik Ez Izatearen Adierazpena aurkeztu edo bete ez izana.

1.2.– Interes-gatazka

Iruzur-adierazleak:

a) Eskatzaile edo onuradun batek azal ezin daitekeen edo apartekoa den faboritismo bat jasotzea.

b) Administrazio-emaileko enplegatu batek dirulaguntzak ematearekin zerikusirik ez duen lanpostu baterako promozioari uko egitea.

c) Administrazio-emaileko enplegatu batek Interes-gatazkarik Ez Izatearen Adierazpena aurkeztu edo bete ez izana.

d) Administrazio-emaileko enplegatu batek negozio bat zuzentzea edo pertsona horren senideak deialdian parte har dezakeen erakunde baten parte izatea.

e) Administrazio-emaileko enplegatu edo goi-kargu batek kanpoko erakunde batera jotzea deialdiko dokumentazioa idazteko, horretarako beharrik ez badago.

1.3.– Adostutako zehaztapenak

Iruzur-adierazleak:

a) Deialdian eskatzaile bakarra edo oso eskatzaile gutxi egotea.

b) Sektoreko pertsonek edo erakundeek erreklamazioak aurkeztea.

c) Zehaztapenak aurretik egindako antzeko deialdietakoak baino nahiko zorrotzagoak edo nabarmen orokorragoak izatea.

d) Ezohikoak edo zentzu gutxikoak diren zehaztapenak ezartzea.

e) Onuradun berak esleipen asko jasotzea.

f) Harreman edo kontaktu pertsonala egotea administrazio-emaileko enplegatuaren eta eskatzaile batzuen artean proiektuen ebaluazio-prozesuan.

1.4.– Datuen filtrazioa

Iruzur-adierazleak:

a) Emate-prozeduraren gainean kontrol gutxi egotea (epeak ez aplikatzea, adibidez).

b) Epez kanpo aurkeztutako eskaerak onartzea.

c) Harreman edo kontaktu pertsonala egotea Administrazio-emaileko enplegatuaren eta eskatzaile batzuen artean dirulaguntzaren eskaera-fasean.

d) Administrazio-emaileko enplegatu batek informazioa jasotzeko insistentzia handia erakustea, ez bada prozedura izapidetzeaz arduratzen.

1.5.– Aurkeztutako proiektuak manipulatzea

Iruzur-adierazleak:

a) Sektoreko pertsonek edo erakundeek erreklamazioak aurkeztea.

b) Emate-prozeduraren gainean kontrol gutxi egotea (epeak ez aplikatzea, adibidez).

c) Jasotako eskaeretan, dokumentu ofizialetan edo jasotze-egiaztagirietan aldaketen zantzuak egotea.

d) Eskaerak bidegabeki baliogabetzea, zuzenketa-errekerimendua jaso beharko zuketen akatsak dituztelako.

e) Eskatzaileak zalantzazko arrazoiengatik baztertzea.

f) Balorazio-batzordeko kideek behar besteko ezagutza ez izatea, eta ondorioz, pertsona bakarraren influentzia nagusitzeko arriskua egotea.

1.6.– Gainfinantzaketa eta osagarritasun-printzipioa ez betetzea

Iruzur-adierazleak:

a) Ez egotea behar beste definituta laguntzak beste finantzaketa mota batzuekiko daukan bateraezintasuna.

b) Hirugarren iturrietatik jasotako finantzaketa justifikatuko duen dokumentaziorik ez egotea.

c) Onuradunak ez izatea diruz lagundutako jarduerari egotzitako gastuak eta diru-sarrerak identifikatzea ahalbidetuko duen gastuen kontrolik.

d) Eragiketen artean gehiegizko kofinantzaketa egotea, eta ondorioz, gainfinantzaketa gertatzea.

e) Proiektu bera kofinantzatu duten pertsonak edo erakundeak egotea, eta horren berri ez ematea.

f) Hirugarren iturrietatik etorritako finantzaketak xederik ez izatea, eta ez egotea finantzaketa banatzeko irizpiderik.

g) Ez egotea kontrolik onuradunak proiektuan ezarritako mugaren eta/edo helburuen gainean.

1.7.– Kostuen eragin bidegabea

Iruzur-adierazleak:

a) Gehiegizko edo ezohiko lan-kargak sortzea, edo lan-karga horiek inkoherenteak izatea proiektuaren aurrerabidearekiko.

b) Aldaketa nabarmenak gertatzea lan-fitxetan edo lan-fitxak egiaztatzeko ezintasuna egotea.

c) Material-kostu berberek proiektu batean baino gehiagotan izatea eragina.

d) Zeharkako kostuek zuzeneko kostuen eragina izatea.

1.8.– Prezioen ezarpen desegokia

Iruzur-adierazleak:

a) Onuradunak kostuen justifikazio-dokumentuak ez aurkeztea, atzeratzea edo aurkezteari ezezkoa ematea.

b) Onuradunak dokumentazio desegokia edo ez osoa aurkeztea.

c) Prezioen ezarpenari lotutako informazioa zaharkituta egotea.

d) Prezio altuak eskatzea antzeko proiektuekin edo sektoreko batez besteko prezioekin alderatuta.

1.9.– Proiektuaren zehaztapenak ez betetzea

Iruzur-adierazleak:

a) Aldeak egotea proba eta ikuskaritzetako emaitzen eta proiektuaren zehaztapenen emaitzen artean.

b) Ez egotea probak eta ikuskaritzak egiaztatzeko dokumenturik.

c) Kalitatea eta emaitzak eskasak izatea, eta erreklamazio asko egotea.

d) Diruz lagundutako proiektua gauzatzeko beharrezkoa dena ez erosi izana.

1.10.– Faktura faltsuak, puztuak edo bikoiztuak

Iruzur-adierazleak:

a) Eskaeretan dokumentazio faltsua aurkeztea.

b) Zenbateko bera duten hainbat faktura egotea, zenbaki-faktura eta data berberekin.

c) Bata bestearen atzeko azpikontratazioak egitea, deialdiaren oinarrietan aurreikusitako ehunekoa gainditzen badute.

d) Ordainketak eskuz egitea edo paradisu fiskaletan inskribatuta dauden enpresei egitea.

e) Diruz lagundu daitezkeen gastu gisa sartutako ondasun edo zerbitzuen kontu emateko ezintasuna edo gastu horien sinestezintasuna.

1.11.– Lehia mugatzea

Iruzur-adierazleak:

a) Deialdiaren oinarriak ez zabaltzea, legez bete beharreko publizitate- eta gardentasun-printzipioak ez betetzea.

b) Onuradunek bete beharreko eskakizunetan argitasun falta edo anbiguotasuna egotea, horrek deialdira ez aurkeztea edo onuradun jakin bat hautatzea eragin dezakeelako.

c) Epe barruan aurkeztutako eskaerak ukatzea edo epez kanpo aurkeztutakoak onartzea.

d) Argitaratutako oinarri arautzaileetan ez jasotzea eskaerak baloratzeko baremoak.

1.12.– Auditoretza-pista galtzea

Iruzur-adierazleak:

a) Auditoretza-pista bermatzea ahalbidetzen duen eragiketari buruzko dokumentazioa okerra izatea.

b) Deialdiaren oinarrietan ez adieraztea nola dokumentatu behar diren diruz lagundu daitezkeen gastuak eta kostuen kalkulu-metodoa.

2.– Faltsifikatutako dokumentuak hautematea

2.1.– Dokumentuen formatua

Iruzur-adierazleak:

a) Enpresaren inongo logotiporik ez duten fakturak eta gutunak hautematea.

b) Fakturak inprimatzeko ezarritako inprimakiez bestelako paperak erabiltzea.

c) Dokumentuan begiratu hutsez hauteman daitezkeen aldeak ikustea, letra motari, tamainari, testuari edo koloreari dagokienez.

d) Ezabatutako edo marratutako zifrak agertzea, baimendutakoen sinadurarik gabeko baliogabetzeak hautematea.

e) Eskuz idatzitako zenbatekoak agertzea, baimendutakoen sinadurarik gabe, edo inprimatutako dokumentuetan behar beste justifikatuta ez dauden elementuak agertzea.

f) Letra gutxiegi edo gehiegi jartzea, jarraitutasun eza hautematea testu-lerroen artean.

g) Zigilu ofizialen ertzak biziegiak izatea edo ezohiko kolorea edukitzea, inprimagailu informatikoa erabili dela eman dezaketelako aditzera.

h) Sinadura berdin-berdinak (formatu eta tamainan) agertzea dokumentu ezberdinetan, ordenagailuz egindako faltsifikazioa izan daitekeela iradokitzen baitu.

2.2.– Dokumentuen edukia

Iruzur-adierazleak:

a) Ezohiko datak, zenbatekoak, oharrak, telefono-zenbakiak eta kalkuluak.

b) Kontrol sekuentzialen erregistro eza.

c) Akatsak egotea elektronikoki egindako faktura edo hartzekoen orrian (adibidez, guztirako zenbatekoak ez etortzea bat eragiketen baturekin).

d) Faktura batean nahitaezkoa den elementuren baten falta egotea: data, identifikazio fiskaleko zenbakia, faktura-zenbakia.

e) Dokumentu multzo batean, zigilu eta sinadura batek posizio berbera izatea (irudi bat erabili dela iradoki dezake).

f) Kontratistaren harremanetarako datuak ez agertzea.

g) Serie-zenbakirik ez agertzea fakturetan eta salgaien entrega-oharretan.

h) Ondasun edo zerbitzuen deskribapen lausoak.

i) Bat ez etortzeak eta anomaliak hautematea bankuko kontuko zenbakietan.

2.3.– Dokumentuen inguruabarrak

Iruzur-adierazleak:

a) Onuradunaren helbidea bat etortzea administrazio-emaileko enplegatuaren helbidearekin.

b) Enpresak helbideratzera dedikatzen den instituzio batean kokatuta egotea onuradunaren helbidea.

c) Enpresa-jardueren erregistroan erregistratuta ez dauden erakundeek jaulkitako fakturak eta salmenta-zerrendak egotea.

d) Informazioa emateko ezohiko atzerapenak egotea.

e) Onuradunak ez aurkeztea jatorrizko dokumentuak.

f) Dokumentu batean jasotako datuak ez etortzea bat begiratu hutsez onuradun berberak jaulkitako beste antzeko dokumentu bateko datuekin.

g) Eskuragarri dauden sozietateen erregistro publikoetan erregistratuta ez dagoen edo baliabide publikoetan ezin aurki daitekeen enpresa bati erreferentzia egitea.

h) Berriki sortutako sozietate batek jaulkitako fakturak egotea.

i) Sozietatearen helbide elektronikoek atzerriko Internet zerbitzari batetik jaulkitzea faktura.

2.4.– Dokumentazioaren eta eskuragarri dagoen informazioaren arteko inkoherentzia

Iruzur-adierazleak:

a) Inkoherentziak egotea erakunde berak jaulkitako fakturen daten eta beren zenbakien artean.

b) Kontabilitatean erregistratuta ez dauden fakturak egotea.

c) Aurrekontuekin bat ez datozen fakturak egotea, dela prezioagatik, kopuru eta kalitateagatik, produktu motagatik eta/edo egindako obraren deskribapenagatik.

d) Enpresaren ordezkari gisa jarduten duen baina erregistro nazionalean ordezkari izendatua izan ez den norbaitek sinatutako gutun/kontratu/dokumentu bat hautematea.

III. ERANSKINA
KONPROMISO-ADIERAZPENA, SUSPERTZE-, ERALDATZE- ETA ERRESILIENTZIA-PLANEKO JARDUKETAK BETETZEARI DAGOKIONEZ (ERAKUNDE ONURADUNAK)
(IRAILAREN 29KO HFP/1030 AGINDUAREN IV.C ERANSKINA)

................................................................................ jaunak/andreak (NAN zk.:.........................) .................................................................... erakundeko kontseilari delegatu/gerente gisa (IFZ-zk.: ............................... eta egoitza-fiskala: .........................................................), zeina C24.I2.P4 proiektuan definitutako helburuak lortzeko PRTRtik eratorritako baliabideen bidez finantzatutako laguntzen onuraduna den, adierazten du ordezkatzen duen pertsonak/erakundeak konpromisoa duela arau juridikoak, etikoak eta moralak betetzearekin lotutako estandar zorrotzenak betetzeko, eta beharrezkoak diren neurriak hartuko dituela iruzurra, ustelkeria eta interes-gatazkak hautemateko. Halaber, adierazten du, hala badagokio, hautemandako ez-betetze horiek dagozkion agintaritzei jakinaraziko dizkiela.

Gainera, PRTRaren edukia kontuan hartuta, ordezkatzen duen erakundeak konpromisoa hartzen du ekonomia zirkularraren printzipioak errespetatzeko eta ingurumenean kalte nabarmenak saihesteko («DNSH», ingelesezko «Do No Significant Harm» siglengatik) plan horren esparruan gauzatutako jarduketak gauzatzean. Horrez gain, adierazten du ez dutela finantzaketa bikoitza jasotzen, eta, hala badagokio, ez dela Estatuko laguntza-erregimenarekiko inongo bateraezintasun-arriskuren jakitun.

Ingurumenean kalte nabarmenak ez eragitearen printzipioari dagokionez, honako konpromiso hauek hartzen ditu:

1.– Ez eragitea kalte nabarmenik 2020/852 (EB) Erregelamenduaren 17. artikuluan jasotzen diren sei helburuei. Honako hauek dira:

a) Klima-aldaketa arintzea.

b) Klima-aldaketara egokitzea.

c) Baliabide hibridoak eta itsas baliabideak jasangarritasunez erabiltzea eta babestea.

d) Ekonomia zirkularra, hondakinen prebentzioa eta birziklapena barne.

e) Atmosferako, uretako edo lurzoruko kutsadura prebenitzea eta kontrolatzea.

f) Biodibertsitatea eta ekosistemak babestea eta leheneratzea:

2.– Ez gauzatzea «kalte nabarmenik ez eragitearen» printzipioa aplikatzeari buruzko gida teknikoan Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoari buruzko Erregelamenduan ezarritakoari jarraikiz baztertutako jarduerak.

3.– Jardueraren elkarren segidako faseetan ez da aurreikusten eragin zuzenik ingurumenean, ezta lehen mailako zeharkako eraginik ere, ulertuta eragin horiek diruz lagundutako jarduera amaitu ondoren gauzatzen direla.

Adierazpen honetan jasotako eskakizunen bat ez betetzeak berekin dakar, dagokion itzulketa-prozedura abiatu ondoren, jasotako laguntza eta berandutze-interesak ordaintzea.

xx(e)n, sinadura elektronikoaren egunean.

IV. ERANSKINA
INTERES-GATAZKARIK EZ DAGOELAKO ADIERAZPENA (IGEA)

Dirulaguntzen programaren izena:

Europar Batasunak Next Generation EU funtsen bidez finantzatutako Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan liburutegietako funtsak handitzea eta/edo berritzea

Espedientearen erreferentzia: xxx

xxxk, C24.I2.P4 proiektuan («Liburutegien zuzkidura») definitutako helburuak lortzeko PRTRtik eratorritako baliabideen bidez finantzatutako laguntzen onuradun gisa,

ADIERAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Ezagutzen ditudala hauek:

1.– Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren uztailaren 18ko 2018/1046 (EB, Euratom) Erregelamenduaren (EBko Finantza Erregelamendua) 61.3 artikuluak, «Interes-gatazkak» izenekoak, ezartzen duenez, «interes-gatazka egongo da funtzioak inpartzialki eta objektiboki betetzea kolokan badago familia, afektu, kidetasun politiko edo nazionalengatik, interes ekonomikoengatik edo interes pertsonaleko zuzeneko edo zeharkako edozein arrazoirengatik».

2.– Sektore Publikoko Kontratuei buruzko azaroaren 8ko 9/2017 Legearen 64. artikuluaren («Ustelkeriaren aurkako borroka eta interes-gatazken prebentzioa») helburua da lehiaren distortsio oro saihestea, prozedura gardena dela eta hautagai eta lizitatzaile guztientzat tratua berdina dela bermatzeko.

3.– Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluak («Abstenitzea») ezartzen du prozeduran esku hartzetik abstenituko direla «administrazioetako agintari edo langileak, hurrengo zenbakian aipaturiko egoeretakoren batean daudenean», zehazki, egoera hauetako batean:

a) Interes pertsonala izatea aztertuko den gaian edo gai horretako ebazpenak eragin diezaiokeen beste batean; sozietate edo erakunde interesdunen bateko administratzaile izatea, edo interesdunen batekin ebatzi gabeko auziren bat izatea.

b) Ezkontza-lotura edo antzeko egitatezko egoera izatea, eta ahaidetasuna izatea, laugarren gradurainoko odolkidetasunezkoa edo bigarren gradurainoko ezkontza-ahaidetasunezkoa, interesdunetako edozeinekin, entitate edo sozietate interesdunen bateko administratzaileekin, bai eta prozeduran esku hartzen duten aholkulari, legezko ordezkari edo mandatariekin ere, edo haien bulego berekoa izatea edo haiekin elkartuta egotea aholkularitza, ordezkaritza edo mandataritzarako.

c) Aurreko apartatuan aipaturiko lagunetakoren batekin adiskidetasun mina edo ikusiezin nabarmena izatea.

d) Dagokion prozeduran aditu edo lekuko gisa parte hartu izatea.

e) Gaian zerikusi zuzena duen pertsona fisiko edo juridikoren batekin zerbitzu-harremana izatea edo pertsona horri azken bi urteetan edozein era, baldintza eta tokitan lan-zerbitzuak eskaini izatea.

Bigarrena.– Ez nago sartuta dirulaguntza-prozeduran esku hartzen duen norbait EBko Finantza Erregelamenduaren 61.3 artikuluan jasotako kasuren batean egotea eragin dezakeen inongo egoeratan; halaber, ez daukat abstenitzeko kausarik prozeduran esku hartzen duen inor dela-eta, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23.2 artikuluan xedatutako kausei dagokienez, eragina eduki duenik edo eragina eduki ahal izan duenik dirulaguntza emateko prozeduran edo deialdiko oinarrietan aurreikusitako eskakizunak betetzen direla egiaztatzeko prozeduran.

Hirugarrena.– Konpromisoa hartzen dut luzamendurik gabe jakinarazteko organo eskudunari dirulaguntza emateko prozeduran esku hartzen duen norbait dela-eta interes-gatazka sortzen dela edo egoera horretara daraman edo eraman dezakeen abstenitzeko kausa bat dagoela.

Laugarrena.– Konfidentzialtasunez tratatuko ditut onuradun gisa eta dirulaguntza-prozedura honen baitan gauzatu behar ditudan jardueretatik eratorritako betebeharrak betetzeko ezagut ditzakedan gai eta dokumentuak, eta ez dut era desegokian erabiliko dirulaguntza-prozeduran parte hartzen duen onuradun gisa jaso dezakedan informazioa.

Bosgarrena.– Ezagutzen dut interes-gatazkarik ez dagoela dioen adierazpen bat faltsua dela frogatzen bada, aplikatzekoa den araudiak ezartzen dituen ondorio administratiboei eta judizialei aurre egin beharko diedala.

xxx(e)n, sinadura elektronikoaren egunean.

V. ERANSKINA
IRUZURRAREN AURKAKO PLANA ETA EUSKO JAURLARITZAREN ADIERAZPEN INSTITUZIONALA BALDINTZARIK ETA ERRESERBARIK GABE ONARTZEKO ADIERAZPENA

............................................................................. jaunak/andreak (NAN zk.: .........................) .................................................................... erakundeko kontseilari delegatu/gerente gisa (IFZ-zk.:............................, eta egoitza-fiskala:.........................................................), zeina C24.I2.P4 proiektuan definitutako helburuak lortzeko PRTRtik eratorritako baliabideen bidez finantzatutako laguntzen onuraduna den, adierazten du borondatea duela Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren exekuzioan eskatzen diren iruzurraren aurkako borrokari, interes-gatazkei, finantzaketa bikoitzari eta estatu-laguntzei buruzko eskakizunak eta ingurumenari kalte nabarmenik ez egitekoak betetzeko neurrien plana baldintzarik eta erreserbarik gabe onartzeko, baita Eusko Jaurlaritzaren iruzurraren aurka borrokatzeko adierazpen instituzionala ere. Bi-biak onetsi ziren Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluaren 2022ko martxoaren 29ko saioan, eta Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariaren apirilaren 6ko 40/2022 Ebazpenaren bidez argitaratu ziren (2022ko apirilaren 13ko Euskal Herriko Aldizkari Ofiziala, 74. zk.).

xxx(e)n, sinadura elektronikoaren egunean.

VI. ERANSKINA
DATUEN TRATAMENDURAKO ETA LAGAPENERAKO ADIERAZPENA, SUSPERTZE-, ERALDATZE- ETA ERRESILIENTZIA-PLANEKO JARDUKETAK BETETZEARI DAGOKIONEZ
(IRAILAREN 29KO HFP/1030 AGINDUAREN IV.B ERANSKINA)

............................................................................... jaunak/andreak (NAN zk.: .........................) .................................................................... erakundeko kontseilari delegatu/gerente gisa (IFZ-zk.: ............................... eta egoitza-fiskala: .........................................................), zeina C24.I2.P4 proiektuan definitutako helburuak lortzeko PRTRtik eratorritako baliabideen bidez finantzatutako laguntzen onuraduna den, adierazten du ezagutzen duela araudi aplikagarria, bereziki Suspertze eta Erresilientzia mekanismoa ezartzen duen Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamenduaren 22. artikuluaren apartatu hauek:

1.– 2. apartatuko d) letra: «Suspertze eta Erresilientzia Planaren esparruan inbertsio-proiektuak eta erreformak egitera bideratutako neurriei dagozkien funtsen erabilera kontrolatu eta auditoretza egiteko, bilaketak egitea ahalbidetzen duen euskarri elektroniko batean eta datu-base bakarrean biltzea datu-kategoria harmonizatu hauek:

i) Funtsen azken hartzailearen izena;

ii) Kontratistaren eta azpikontratistaren izena, funtsen azken hartzailea botere esleitzailea denean, bat etorriz kontratazio publikoaren alorreko Batasuneko edo nazioko zuzenbidearekin;

iii) Funtsen hartzailearen edo kontratistaren benetako titularren izen-abizenak eta jaiotza-datak, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2015/849 (EB) Zuzentarauaren (26) 3. artikuluko 6. puntuan zehaztutakoaren arabera;

iv) suspertze- eta erresilientzia-planaren esparruan erreformak eta inbertsio-proiektuak gauzatzeko neurrien zerrenda, neurri horien finantzaketa publikoaren zenbateko osoa zehaztuta eta hala Mekanismoaren esparruan, nola Batasuneko beste funts batzuen esparruan ordaindutako funtsen zenbatekoa ere adierazita».

2.– 3. apartatua: «Artikulu honetako 2. apartatuko d) letran aipatutako datu pertsonalak estatu kideek eta Batzordeak bakarrik tratatuko dituzte, 15. artikuluko 2. apartatuan eta 23. artikuluko 1. apartatuan aipatutako akordioak aplikatzearekin zerikusia duten funtsen erabilerarekin lotutako kontrol-prozeduren eta aurrekontu-kudeaketaren onarpenari buruzko auditoretzaren ondorioetarako eta iraupenerako. Batzordearen kudeaketa onartzeko prozeduraren esparruan, EBFTren 319. artikuluari jarraikiz, Mekanismoak txostenak aurkeztu beharko ditu Finantza Erregelamenduaren 247. artikuluan aipatutako finantza-informazioaren eta kontu-emate bateratuaren esparruan, eta, zehazki, kudeaketaren eta errendimenduaren urteko txostenean bereizita».

Azaldutako esparru juridikoari jarraikiz, datuak lagatzeko eta tratatzeko irispidea duela adierazten du, aipatutako artikuluetan berariaz zerrendatutako helburuetarako.

xxx(e)n, sinadura elektronikoaren egunean.

VII. ERANSKINA
EUROPAKO BATZORDEARI, IRUZURRAREN AURKA BORROKATZEKO EUROPAKO BULEGOARI, KONTUEN AUZITEGIARI ETA EUROPAKO FISKALTZARI FINANTZA ERREGELAMENDUAREN 129.1 ARTIKULUAK AITORTZEN DIZKIEN ESKUBIDEAK EGIKARITZEKO BERARIAZKO BAIMENA EMATEA

............................................................................... jaunak/andreak (NAN zk.: .........................) .................................................................... erakundeko kontseilari delegatu/gerente gisa (IFZ-zk.: ............................... eta egoitza-fiskala: .........................................................), zeina C24.I2.P4 proiektuan definitutako helburuak lortzeko PRTRtik eratorritako baliabideen bidez finantzatutako laguntzen onuraduna den, adierazten du ezagutzen duela araudi aplikagarria, bereziki Suspertze eta Erresilientzia mekanismoa ezartzen duen Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamenduaren 22. artikuluko apartatu hauek:

2. apartatuko e) letra: «Batzordeari, Iruzurraren aurka Borrokatzeko Europako Bulegoari, Kontuen Auzitegiari eta, hala dagokionean, Europako Fiskaltzari, Finantza Erregelamenduaren 129. artikuluaren 1. apartatuak aitortzen dizkien eskubideak egikaritzeko baimena ematea; eta Suspertze eta Erresilientzia Planean sartutako erreformak eta inbertsio-proiektuak aplikatzeko neurrietarako ordaindutako funtsen azken hartzaile guztiak behartzea, edo aplikazioan esku hartzen duten gainerako pertsona edo erakunde guztiak behartzea; eta berariaz baimena ematea Batzordeari, Iruzurraren aurka Borrokatzeko Europako Bulegoari, Kontuen Auzitegiari eta, hala dagokionean, Europako Fiskaltzari, Finantza Erregelamenduaren 129. artikuluko 1. apartatuak aitortzen dizkien eskubideak egikaritzeko eta antzeko betebeharrak ezartzeko funtsen azken hartzaile guztiei».

Bat etorriz arestian azaldutako esparru juridiko horrekin, beren-beregi ematen die baimena goian aipatutako organo eta erakundeei eskubide horiek egikaritzeko.

xxx(e)n, sinadura elektronikoaren egunean.

VIII. ERANSKINA
KONPROMISO-ADIERAZPENA, SUSPERTZE-, ERALDATZE- ETA ERRESILIENTZIA-PLANEKO JARDUKETAK BETETZEARI DAGOKIONEZ (DIRULAGUNTZA-PROZESUAN ESKU HARTZEN DUTEN PERTSONAK)

Dirulaguntzen programaren izena:

Europar Batasunak Next Generation EU funtsen bidez finantzatutako Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan liburutegietako funtsak handitzea eta/edo berritzea

Espedientearen erreferentzia: xxx

xxxk, xxx(e)n xxx gisa zerbitzu ematen dudanak,

ADIERAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Ezagutzen ditudala hauek:

1.– Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren uztailaren 18ko 2018/1046 (EB, Euratom) Erregelamenduaren (EBko Finantza Erregelamendua) 61.3 artikuluak, «Interes-gatazkak» izenekoak, ezartzen duenez, «interes-gatazka egongo da funtzioak inpartzialki eta objektiboki betetzea kolokan badago familia, afektu, kidetasun politiko edo nazionalengatik, interes ekonomikoengatik edo interes pertsonaleko zuzeneko edo zeharkako edozein arrazoirengatik».

2.– Sektore Publikoko Kontratuei buruzko azaroaren 8ko 9/2017 Legearen 64. artikuluaren («Ustelkeriaren aurkako borroka eta interes-gatazken prebentzioa») helburua da lehiaren distortsio oro saihestea, prozedura gardena dela eta hautagai eta lizitatzaile guztientzat tratua berdina dela bermatzeko.

3.– Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluak («Abstenitzea») ezartzen du prozeduran esku hartzetik abstenituko direla «administrazioetako agintari edo langileak, hurrengo zenbakian aipaturiko egoeretakoren batean daudenean», zehazki, egoera hauetako batean:

a) Interes pertsonala izatea aztertuko den gaian edo gai horretako ebazpenak eragin diezaiokeen beste batean; sozietate edo erakunde interesdunen bateko administratzaile izatea, edo interesdunen batekin ebatzi gabeko auziren bat izatea.

b) Ezkontza-lotura edo antzeko egitatezko egoera izatea, eta ahaidetasuna izatea, laugarren gradurainoko odolkidetasunezkoa edo bigarren gradurainoko ezkontza-ahaidetasunezkoa, interesdunetako edozeinekin, entitate edo sozietate interesdunen bateko administratzaileekin, bai eta prozeduran esku hartzen duten aholkulari, legezko ordezkari edo mandatariekin ere, edo haien bulego berekoa izatea edo haiekin elkartuta egotea aholkularitza, ordezkaritza edo mandataritzarako.

c) Aurreko apartatuan aipaturiko lagunetakoren batekin adiskidetasun mina edo ikusiezin nabarmena izatea.

d) Dagokion prozeduran aditu edo lekuko gisa parte hartu izatea.

e) Gaian zerikusi zuzena duen pertsona fisiko edo juridikoren batekin zerbitzu-harremana izatea edo pertsona horri azken bi urteetan edozein era, baldintza eta tokitan lan-zerbitzuak eskaini izatea.

Bigarrena.– Ez nagoela sartuta EBko Finantza Erregelamenduaren 61.3 artikuluan interes-gatazkatzat jotzen den inongo egoeratan, eta ez daukadala Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23.2 artikuluan jasotako abstenitzeko kausarik, dirulaguntzaren emate-prozeduran edo deialdiko oinarrietan aurreikusitako eskakizunak betetzen direla egiaztatzeko prozeduran eragina izan dezakeenik.

Hirugarrena.– Konpromisoa hartzen dut ebaluazio-batzordeari edo hierarkian gorago dagoenari jakinarazteko, luzamendurik gabe, egoera hori sortzen duen edo eragin lezakeen edozein interes-gatazka edo abstenitzeko kausa, eta ebaluazio-prozesuan eta prozedura honekin lotutako jarduera guztietan parte hartzeari utziko diot.

Laugarrena.– Konfidentzialtasunez tratatuko ditut dirulaguntza-prozedura honen esparruan garatzen diren gaiak eta dokumentazioa, eta ez dut era desegokian erabiliko prozedura horietan parte hartzeagatik ematen zaidan informazioa.

Bosgarrena.– Ezagutzen dut interes-gatazkarik ez dagoela dioen adierazpen bat faltsua dela frogatzen bada, aplikatzekoa den araudiak ezartzen dituen diziplina-ondorioei, ondorio administratiboei eta judizialei aurre egin beharko diedala.

xxx(e)n, sinadura elektronikoaren egunean.


Azterketa dokumentala