Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

197. zk., 2022ko urriaren 14a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

OSASUN SAILA
4428

EBAZPENA, 2022ko irailaren 30ekoa, Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendariarena, gripearen aurkako 2022-2023 denboraldiko txertaketa-kanpainaren hasiera ezartzen duena.

Gripearen aurkako txertaketaren helburua da gripearekin lotutako hilkortasuna eta gaixotze-tasa murriztea, bai eta gaixotasun horrek komunitatean duen inpaktua gutxitzea ere.

COVID-19aren pandemiak eragindako egoera dela-eta, zenbait aldaketa egin behar izan dira, gripearen aurkako aurreko txertaketa-kanpainekin alderatuta.

EAEn gripearen aurkako 2022-2023 denboraldirako txertoa jartzea gomendatzen zaien persona eta arrisku-taldeei zuzenduta dago txertaketa-kanpaina, Txertaketen Euskadiko Aholku Batzordeak 2022ko ekainaren 23ko bileran hartutako erabakiei eta Osasun Sistema Nazionaleko Lurraldearteko Kontseiluak 2022ko uztailaren 21ean onartutako eta 2022ko irailaren 22an eguneratutako gomendioei jarraikiz.

Honako hauek dira pertsona eta arrisku-taldeak:

1.– Adinekoak, batez ere 65 urtetik gorakoak; bereziki, erakunde itxietan bizi diren pertsonak.

2.– Gripearen ondoriozko konplikazioak izateko arrisku handia duten pertsonak, 65 urtetik beherakoak:

– Gaixotasun kroniko kardiobaskularrak, neurologikoak edo arnasekoak (besteak beste, bronkio eta biriketako displasia, fibrosi kistikoa eta asma) dituzten adingabeak (6 hilabetetik gorakoak) eta helduak.

– Honako hauek dituzten adingabeak (6 hilabetetik gorakoak) eta helduak:

– Diabetes mellitus.

– Obesitate morbidoa (gorputz-masaren indizea = 40 helduengan, = 35 nerabeengan edo = 3 DS haurrengan).

– Giltzurruneko gaixotasun kronikoa eta sindrome nefrotikoa.

– Hemoglobinopatiak eta anemiak.

– Hemofilia, beste koagulazio-nahasmendu batzuk eta nahasmendu hemorragiko kronikoak, bai eta hemoderibatuen hartzaileak eta transfusio anizkoitzenak ere.

– Asplenia edo disfuntzio espleniko larria.

– Gibeleko gaixotasun kronikoa eta alkoholismo kronikoa.

– Gaixotasun neuromuskular larriak.

– Immunoezabatzea (inmunoeskasia primarioak barne), eta GIBagatiko infekzioaren, farmakoen (aculizumabaren tratamendua barne), transplanteen eta konplementu-defizitaren ondoriozkoa.

– Minbizia eta hemopatia gaiztoak.

– Kokleako inplantea edukitzea edo horren zain egotea.

– Likido zefalorrakideoko fistula.

– Eritasun zeliakoa.

– Gaixotasun inflamatorio kronikoa.

– Disfuntzio kognitiboa dakarten nahasmenduak eta gaixotasunak: Down sindromea, dementziak eta bestelakoak.

Talde horretan, bereziki zaindu behar dira aldizkako mediku-jarraipena behar duten pertsonak eta aurreko urtean ospitaleratuak izan direnak.

– 6 hilabetetik 18 urtera bitarteko adingabeak, baldin eta azido azetilsalizilikoarekin tratamendu luzea jasotzen ari badira, gripearen ondoren Reye-ren sindromea garatzeko arriskua baitute.

– Erakunde itxietan luzaroan bizi diren pertsonak (6 hilabetetik gorako edozein adinetakoak).

– Haurdun dauden emakumeak, haurdunaldiko edozein hiruhilekotan eta erdiberriaroan (erditu eta 6 hilabetera arte, eta 2022-2023 denboraldian haurdunaldian txertorik hartu ez badute).

– 6 hilabetetik 2 urtera bitarteko adingabeak, haurdunaldiko 32 astetik beherako prematuritate-aurrekariak dituztenak.

3.– Konplikazioak izateko arrisku handia duten pertsonei gripea transmititu diezaioketen pertsonak:

– Osasun-zentro, -zerbitzu eta -establezimenduetako langileak, lehen arretakoak eta ospitale publiko zein pribatuetakoak, farmazia-bulegoetako eta zentro soziosanitarioetako langileak barne. Bereziki erreparatuko zaie adierazi diren arrisku handiko talde horietako pazienteak artatzen dituzten langileei.

– Geriatria-erakundeetan edo gaixo kronikoei arreta emateko zentroetan lan egiten duten pertsonak, eta, bereziki, egoera ahulean dauden pertsonekin etengabeko hartu-emana duten langileak.

– Osasun-zentroetan eta zentro soziosanitarioetan praktikak egiten ari diren ikasleak.

– Arrisku handiko pazienteei edo adineko pertsonei etxeko zainketa-zerbitzuak ematen dizkieten pertsonak (1. eta 2. puntuan adierazitakoak).

– Etxean arrisku handiko talderen bateko kidea den norbaitekin bizi diren pertsonak, 6 hilabetetik aurrerako adingabeak barne, baldin eta egoera kliniko berezia dutelako badaude talde horretan (2. puntuan adierazitakoak) edo 65 urtetik gorako pertsonak.

4.– Beste talde hauetako pertsonek ere txertoa har dezaten gomendatzen da:

– Funtsezko zerbitzu publikoetan lan egiten dutenak, bereziki honako talde hauetan:

– Estatuko Segurtasun Indar eta Kidegoko langileak, mendekotasun nazionala, autonomikoa edo tokikoa dutenak.

– Suhiltzaileak.

– Babes zibileko zerbitzuetako langileak.

– Larrialdi sanitarioetako zerbitzuetako langileak.

– Espetxeetan eta erabaki judizialek agindutako barneratze-zentroetan (atzerritarrak barneratzeko zentroak barne) lan egiten duten pertsonak.

– Beren okupazioa dela eta, hegazti- edo txerri-ustiategietako edo abeletxeetako etxe-hegaztiekin edo txerriekin kontaktuan egon daitezkeen pertsonak, baita hegazti basatiekin ere. Helburua da giza birusaren eta hegazti- edo txerri-birusaren infekzio konkomitante baten aukera murriztea, bi birusen arteko birkonbinazio edo truke genetikoaren aukera murriztuz.

Gomendio horiek Osasun Sistema Nazionalak adierazitako pertsonei emango dizkien txerto tetrabalente eta birkonbinatzaileen erabileran oinarritzen dira. Txertoak dagokien fitxa teknikoko jarraibideen arabera erabiliko dira.

2022-2023 denboraldiko txertoaren konposizioa bat dator Osasun Sistema Nazionaleko Lurraldearteko Kontseiluko Osasun Publikorako Batzordeak emandako gomendioekin.

Azaldutakoagatik, bat etorriz Euskal Autonomia Erkidegoko txertaketa-egutegi ofiziala onartzen duen Osasuneko sailburuaren 2017ko urriaren 18ko Aginduaren 8. artikuluan eta Osasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen martxoaren 23ko 116/2021 Dekretuaren 9.1.d) artikuluan xedatutakoarekin, zeinak Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzari esleitzen baitizkio eskumen hauek: «gaixotasunak prebenitzea eta osasunaren sustatzea, dela programa bertikalak diseinatuz edo gauzatuz, dela helburu horietara zuzenduriko asistentzia-zerbitzuetan hainbat jarduera sartuz»; horrenbestez, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– 2022ko urriaren 3an hasiko da gripearen aurkako txertoaren 2022-2023 denboraldiko kanpaina. Aldez aurretik, irailaren 26an, instituzionalizatutako pertsonen txertaketari ekingo zaio.

Bigarrena.– Kanpaina hau 2022ko abenduaren 31n amaituko da. Nolanahi ere, data hori alda daiteke, arrazoi epidemiologikoak tarteko.

Hirugarrena.– Ebazpen honen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Osasuneko sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko irailaren 30a.

Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendaria,

ITZIAR LARIZGOITIA JAUREGUI.


Azterketa dokumentala