Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

197. zk., 2022ko urriaren 14a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
4425

AGINDUA, 2022ko urriaren 5ekoa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuarena, zeinaren bidez argitara ematen baita handitu direla Azpitek 2022 laguntza-programaren deialdira bideratutako baliabide ekonomikoak.

Lehenengoa.– Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren 2021eko abenduaren 29ko Aginduaren bidez, azpiegitura zientifiko-teknologikoak eskuratzeko laguntzen programa arautu eta iragartzen da (2022ko urtarrilaren 14ko EHAA, 9. zk.).

Laguntza-programa hori oraindik ebazteko fasean dago, eta, kontuan hartuta haren deialdira zenbat proiektu aurkeztu diren, laguntza-eskaria askoz handiagoa izan da hasieran aurreikusita zegoena baino. Benetako beharrei erantzuteko, guztira 13.835.000,00 euro beharko direla kalkulatu da; dirulaguntza-deialdian, ordea, 6.812.500,00 euro ezarri ziren.

Bigarrena.– Bestalde, Berrikuntza Funtsak 518.000,00 euro gehiago transferitu dizkio Teknologia Zuzendaritzari, azpiegitura zientifiko-teknologikoen programaren ordainketa-kredituetarako, eta, era berean, Ogasunari 2023ko konpromiso-kredituak eskatu zaizkio, 129.500,00 eurokoak. Geroago, Berrikuntza Funtsak ordainketa-kredituko beste 300.000 euro transferitu ditu, eta konpromiso-kredituko 75.000 euro lortu dira kreditu-saldoetatik.

Bestalde, 2022-2024 aldiko Inbertsio Estrategikoen Planean, azpiegitura zientifiko-teknologikoen hiru proiektu onartu ziren, hiru arlo hauetan: pertsonen osasuna eta zaintza, mugikortasun jasangarria eta digitalizazio eta berrikuntza. Proiektu horietarako dirulaguntzen zenbatekoak Azpitek 2022 programara transferitu dira, eta 6.000.000 eurokoak dira.

Hirugarrena.– Laburbilduz, Azpitek programaren 2022ko deialdia handitzeko erabiliko den zenbatekoa, guztira, 7.022.500,00 eurokoa da: 5.618.000 euro, 2022ko ordainketa-kredituetakoak, eta 1.404.500 euro, 2023ko konpromiso-kredituetakoak.

Horrenbestez, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren 2021eko abenduaren 29ko Aginduaren 2. artikuluan adierazitakoarekin bat etorriz (azpiegitura zientifiko-teknologikoak eskuratzeko laguntzen programa arautu eta iragartzen du), honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Argitara ematea 7.022.500,00 euro handitu direla Azpitek laguntza-programaren 2022ko deialdirako aurreikusitako baliabide ekonomikoak. Programa horren deialdia aipatutako 2021eko abenduaren 29ko Aginduaren bidez egin zen.

Bigarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko urriaren 5a.

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.


Azterketa dokumentala